8. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

81/2021 FORU AGINDUA, abenduaren 30ekoa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana. Honen bidez onesten da 2021eko abenduan Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda, eta zehazten dira kalte horiek ukitutako pertsona fisiko eta juridikoek izan ditzaketen zerga salbuespenak eta horiek aplikatu dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak.

Barra depresioari lotutako gertakari meteorologikoak eragin hidrologiko handia izan du, Nafarroako ibai nagusietako arroen kontzentrazio-denborarekin bat datozen denbora-tarteetan ezohiko prezipitazio-metaketak gertatu direlako. Horretarako, ez da nahikoa prezipitazio jarraituak izatea, ezta prezipitazio handi puntualak ere; aitzitik, zenbait faktore gertatu behar dira aldi berean: euria aurreko egunetan (2-3 egun), arroetako lurzoruen hezetasun-baldintzak ezartzeko; prezipitazio orokortuak Nafarroako arro guztietan; eta euriaren intentsitate handia arro guztien kontzentrazio-denboretan.

Fronte gisako egoera meteorologiko horiek, depresioei loturik egonda, Kantauri aldetik datozen hodei-masak sartzea eragiten dute. Neguko berezko egoera da, aire hezeko eta hotzeko masa handien sarrerari lotua (abendutik martxora), eta gerta liteke elur osagaia izatea, kasu honetan bezala. Masa horiek eskala sinoptikoko behe-presioekin eta fronteekin lotuta daude, eta eurien eremua oso handia izaten da, Nafarroa osoa hartzen baitu, edo, gutxienez, Mendialdea eta Erdialdea; horrek Ebro ibaia eta Ebroren ezker aldeko ibaiadar guztiak aldi berean haztea eragiten du. Horixe gertatu zen Ebro ibaiaren XX. mendeko ur goraldirik okerrenean, 1960ko abendutik 1961eko urtarrilera bitartean, eta horixe gertatu da egungo ur goraldian ere, zeina XXI. mendeko goraldirik txarrena baita, orain arte.

Normalean, ibaian behera ibilguak gainezka egitea eragiten duten uraldiak gertatzen direnean, gertakari “ohiz kanpokoa” edo “historikoa” dela esaten da. Ildo horretan, ohiko uraldien izaera gainditzen duen edozein uraldi ohiz kanpokotzat har daiteke (ohiko uraldiak, normalean, 2-3 urteko errepikatze-denbora dutenak izaten dira, are gehiago prezipitazio irregulartasun handia duten arroetan).

–Muturreko gertaerak edo uholdeak gertatzeko probabilitate txikia: 500 urteko errepikatze-denbora.

–Uholdeak gertatzeko probabilitate ertaina: 100 urteko errepikatze-denbora.

–Uholdeak gertatzeko probabilitate handia: 10 urteko errepikatze-denbora.

Aurrekariak arinagoak izanda ere, 2021eko azaroaren 29tik abenduaren 2ra arte, Barra depresioak ahalbidetu du hodei-masak sartzea eta prezipitazio ugari botatzea (elur eta guzti), eta horrek berebiziko uraldiak eragin ditu 2021eko abenduaren 10etik 13ra bitarte Kantauri arroan, Ebroko ardatzean eta Ebro ibaiaren ezkerraldeko Nafarroako ibaiadar handietan; izan ere, azken 40 urteetan ez da halako uraldirik erregistratu.

2021eko abenduaren 17an, Ministroen Kontseiluak erabaki bat hartu zuen, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitatea babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremutzat jotzeko, uholdeen, suteen eta bestelako gertakarien ondorioz.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak uholdeek, haizete indartsuek eta beste fenomeno natural batzuek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoentzako laguntza eta onurak ezartzen ditu, eta, 2. artikuluan zehazten duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izan ditzaketen laguntzekin batera. Orobat, 3. artikuluan ezartzen du foru agindu horretan zehaztuko direla foru legean aurreikusitako laguntza edo/eta konpentsazio eskaerak aurkezteko epeak, betebeharrak eta baldintzak. Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du foru agindu hori, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

Gai honetan eskumena duen departamentua Lurralde Kohesiorako Departamentua da, kontuan hartuz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa (besteak beste, 15 b), 17 f), 18 i), 20 o), eta 23 f) artikuluak).

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak izenpetuak dauden aseguru polizetako konpentsazioak osatzeko eta ordezteko izanen dira beti, ordena horretan, baita Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako izan daitezkeen beste laguntza batzuk osatzeko eta ordezteko ere.

Ondorio horretarako, urriaren 30eko 11/2009 Foru Legea garatzen duten foru aginduek osagarritasun eta subsidiariotasun hori izanen dute kontuan, eta, hortaz, onuradunek, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, polizen titular diren aseguru konpainietan tramitatu beharko dituzte konpentsazioak, eta, bidezkoa bada, Estatuko zein Europar Batasuneko administrazioei eskatu dagozkien laguntzak.

Toki Azpiegituren Zerbitzuak, 2021eko abenduaren 27ko txostenean, honako hau ondorioztatu zuen: “Txosten honetan deskribatutako fenomenoen ondorioz, kalteak Nafarroako udalerri askotan izan dira, ez bakarrik 2 urtetik gorako errepikatze-denbora izan duten uraldiak jasan dituzten ibilguetan gertatutako zuzeneko uholdeengatik, baita euriengatik ere. Ezagutzen diren datuen arabera tokiko azpiegituretan kalteak izan dituzten udalerrien zerrenda sartuta dago Babes Zibilak duen ukitutako udalerrien zerrendan, eta 2021eko abenduaren 27ko txostenean jaso da.”

Era berean, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak txosten bat egin du 2021eko abenduaren 27an, ohiz kanpoko uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda jasotzen duena.

Ondorioz, bidezko da 2021eko abenduan Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda onestea, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak aplika daitezen, goian deskribatutako fenomenoek egun horietan eragindako kalteen ondorioak arintzearren.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legea aplikatuz, bidezko da ezartzea zer zerga salbuespen eta konpentsazio izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean 2021eko abenduan gertaturiko euri erauntsiek eta uholdeek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoek.

11/2009 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitako udal zergen hobariak indarreko araudiarekin bat emanen direnez, hobari horien konpentsazioa, behin eta berriz aipatutako foru legearen 6. artikuluan ezarritako moduan, 2021eko eta hurrengo aurrekontu ekitaldietan gauzatuko da, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin.

Toki Araubidearen Foru Batzordeak foru agindu honen proiektuaren aldeko txostena egin du, 2021eko abenduaren 28an egindako bilkuran.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak ematen dizkidan eskudantziak aplikatuz, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuari dagokionez,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean 2021eko abenduan gertatutako ohiz kanpoko euriteek eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda onartzea:

Abaigar, Allin, Altsasu, Antzin, Andosilla, Anue, Araitz, Arakil, Arantza, Arbizu, Areso, Arguedas, Aribe, Arruazu, Atetz, Auritz, Azagra, Bakaiku, Basaburua, Baztan, Belaskoain, Bera, Berbintzana, Berriobeiti, Berriozar, Bertizarana, Betelu, Buñuel, Burgi, Burlata, Cabanillas, Cadreita, Caparroso, Cárcar, Zarrakaztelu, Kaseda, Castejón, Oltza Zendea, Ziritza, Cortes, Donamaria, Doneztebe, Etxarri, Elgorriaga, Eratsun, Ergoiena, Erro, Espartza Zaraitzu, Lizarra, Esteribar, Etxalar, Etxarri Aranatz, Etxauri, Ezkabarte, Ezkaroze, Ezkurra, Faltzes, Fontellas, Funes, Fustiñana, Galoze, Garde, Goizueta, Uharte, Igantzi, Imotz, Irañeta, Irurtzun, Izaba, Ituren, Iturmendi, Izaltzu, Jaurrieta, Lakuntza, Lantz, Larraga, Larraun, Legaria, Leitza, Lerín, Lesaka, Ledea, Lodosa, Longida, Irunberri, Luzaide, Martzilla, Mélida, Mendabia, Mendaza, Mendigorria, Milagro, Miranda Arga, Murieta, Nabaskoze, Otsagabia, Odieta, Oitz, Olaibar, Olazti, Orbaizeta, Orbara, Orontze, Orotz-Betelu, Iruña, Azkoien, Gares, Ribaforada, Erronkari, San Adrián, Santakara, Sartze, Sartaguda, Sunbilla, Tutera, Uharte Arakil, Ultzama, Urdazubi, Urdiain, Urrotz-Hiria, Urzainki, Uztarroze, Eguesibar, Ollaran, Deierri, Valtierra, Viana, Bidankoze, Alesbes, Atarrabia, Zabaltza, Ziordia, Zubieta.

2. Ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko egoerak aintzat hartzeko ondorioetarako, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan ezarritako araudiaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 72/2021 Foru Aginduaren arabera jokatuko da, foru agindu honetan identifikatzen diren udalerrietan kaltetutako eremuak atenditzeko. Errege dekretu horrek nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenak eta laguntzeko beste araubide batzuk erregulatzen ditu, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

3. Foru agindu honen 1. atalean jasotako udalerrietan kokatutako ondasun higiezinen titular diren pertsona fisiko edo juridikoak eta, orobat, haietan adierazitako inguruabarrek ukitutako higiezinak salbuetsiak geratuko dira egoera hori gertatu den ekitaldiari dagokion lurralde-kontribuzioa ordaintzetik. Salbuespen horretarako eskubidea duten subjektu pasiboek, baldin eta hondamendia gertatu zen ekitaldiko ordainagiriren bat ordainduta badute, zilegi izanen dute ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatzea.

4. Foru agindu honen 1. atalean aipatutako udalerrietan jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan adierazitako gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira, gertaera horiek izan diren ekitaldian eta kaltetutako jarduerari dagokionez, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.

5. Foru agindu honen 1. atalean adierazitako herrietan kokatuta dauden jarduerak eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga ordaintzetik salbuesten ahalko dira, hondamendiak zergaren xede den instalazio, eraikuntza eta obrari eragin dion ehunekoan, foru agindu honek ezartzen dituen baldintzetan. Salbuetsitako jardueretan, kaltetutakoa berriz ezartzea edo berriz eraikitzea sartuko da, eta, hala, kontzeptu horrengatik ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatzen ahalko da.

6. Foru agindu honen 2., 3., 4. eta 5. ataletan aurreikusitakoaren arabera zerga-salbuespenak aplikatzearen eta dirua itzultzearen ondorioz toki entitateek jasotzen ez dituzten tributu arloko diru-sarrerak Nafarroako Gobernuak konpentsatuko ditu, 2021eko gastuen aurrekontuko “Toki entitateentzako konpentsazioak toki tributuetako hobariengatik” izeneko 210001 21100 4609 942300 partidaren kargura, eta 2022ko, 2023ko, 2024ko eta 2025eko ekitaldietako aurrekontuetan horretarako gaitzen diren partida baliokideen kargura. Izan ere, partida horiek handituko dira aitortzen diren edo aitortu asmo diren obligazioen muga berdindu arte, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 47.1.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

7. Laguntza hauek izenpetuak dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta ordezkoak dira, ordena horretan, baita Estatuaren edo Europar Batasunaren esparruan egon daitezkeen beste laguntza batzuen osagarri eta ordezkoak ere.

Kontzeptu horiengatik jasotakoa ez da inoiz izanen eragindako kalteen guztirako zenbatekoa baino handiagoa.

8. Foru agindu honetan aurreikusitako zerga-salbuespenak baliatu nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek eskaera bat aurkeztu beharko dute dagokien udalean, gehienez ere bi hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Horretarako, eta kaltea izan zen egunean ukitutako ondasunak aseguratuak ez bazeuden, honako aitorpen hau erantsi beharko zaio eskaerari:

Kaltea izan zen egunean ukitutako ondasuna aseguratu gabe zegoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

–Teknikari kualifikatu baten txostena, izandako kaltea identifikatu eta zenbatesten duena. Txosten horren ordez, kaltetutako ondasun higiezinetan eragindako gastuen fakturen kopia eta hori ordaindu izana frogatzen duen dokumentua aurkez daitezke.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden hiri-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Baimen espresa, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.

–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
  • Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokion kalte-ordainari buruzkoa.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden landa-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Baimen espresa, Agrosegurok dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.

–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
  • Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokion kalte-ordainari buruzkoa.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

9. Foru agindu honetan aurreikusitako zerga onurak aplikatzen dituzten udalek Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko dute konpentsazio eskaera, azaroaren 9ko 325/1998 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako epean eta baldintzetan (dekretu horren bidez, toki tributuetan zerga-onurak onestearen ondorioz toki entitateek eskatzen dituzten konpentsazio ekonomikoen eskaerak tramitatzeko prozedura onetsi zen). Eskaeran honako hauek jasoko dira:

a) Dagokion zerga-onura aplikatzeagatik tokiko tributuen diru-bilketan murriztutako zenbatekoa ordaintzeko eskatzea.

b) Organo eskudunaren erabakiaren ziurtagiria, zerga-onura onesten duena, honako hauek adierazita: onespenaren data, onura jasotzen duen tributua, dagokion aldia eta subjektu pasibo onuraduna. Horrez gain, tributuari dagokion kuota osoa adieraziko da ziurtagirian, baita emandako zerga-onurak aplikatzegatik sortzen den zenbatekoa ere.

c) Teknikari eskudun batek egindako tostena, foru agindu honetan aipatutako gorabehera meteorologikoen eta eragindako kalteen arteko erlazioa agertzen duena.

d) Ziurtagiriak, honako hauek frogatzen dituztenak: eskaerak foru agindu honetan ezarritako epe barnean aurkeztu direla, eta egin beharreko zerga-salbuespena eta jasotako laguntzak eta kalte-ordainak ez direla kalteen balioa baino handiagoak.

10. Foru agindu hau Nafarroako Gobernuak egiten duen lehenengo bilkuran aurkeztuko da, berretsia izan dadin.

11. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko abenduaren 30ean.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2118472