77. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

10/2022 FORU LEGEA, apirilaren 7koa, zeinaren bidez aldatzen baitira Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea eta Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legea.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITIRA FUNDAZIOEN ETA BABES JARDUEREN TRIBUTU ARAUBIDEA ERREGULATZEN DUEN UZTAILAREN 2KO 10/1996 FORU LEGEA ETA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN KULTUR MEZENASGOA ETA HAREN ZERGA PIZGARRIAK ARAUTZEN DITUEN MAIATZAREN 16KO 8/2014 FORU LEGEA.

HITZAURREA

Nafarroan mezenasgoaren araubide fiskala Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean dago jasota, eta lege horrek, irabazi-asmorik gabeko entitateen araubide fiskal propioa erregulatzeaz gain, pizgarri fiskalen sorta bat ezartzen du zenbait proiektu sozialetarako. Ez dago mezenasgo jarduerari aplikatzeko berariazko araudirik, ordea, partikularrek mezenasgoan jarduten dutenean ahalegin pribatuak interes orokorreko jardueretara bideratzen laguntzeko, ingurumenaren babesa xede duten irabazi-asmorik gabeko entitateek finantzaketa iturri pribatuetatik baliabideak lor ditzaten sustatze aldera.

Konpromiso sozialeko proiektuei aplikatzekoak zaizkien pizgarri fiskalak arautzen dituen maiatzaren 29ko 18/2013 Foru Legeak hamargarren xedapen gehigarria erantsi zion Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legeari. Xedapen gehigarri horren testu indarduna Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legeak onetsi zuen.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da mezenasgoaren araubidea erreformatzea, kasu honetan hura ingurumen mezenasgora zabaltzeko, sektore horretako irabazi-asmorik gabeko entitateei behar duten indarra ematen laguntze aldera, garapen ekonomikorako eta kohesio sozialerako ardatz nagusietakoa baita sektore hori, eta behar adinako protagonismoa emateko gizarte zibilari. Entitate horien egitekoa funtsezkoa da, gizarte ekintza bezalako arloetan ez ezik, baita ingurumenekoetan ere, batez ere klima aldaketaren eta energia-trantsizioaren testuinguruan. Pizgarri fiskalak ingurumen mezenasgora zabaltze hori, ordea, ez da ulertu behar baliabide publikoak murriztuko dituen elementu gisa. Izan ere, pizgarri gehiago jartzea eta ondorioz ingurumena babestu eta defendatzeko jardueretan gizarteak ekarpen handiagoa egitea onuragarria izanen da inondik ere BPGari eta enpleguari begira, eta baliabide fiskal berriak sorraraziko ditu.

Lehen artikulua.–Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea Erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea aldatzen da.

Bat.–39. artikuluko 1. apartatuko a) letra aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“a) Kenkari hauen aurreko zerga-oinarriaren ehuneko 30 eta, hala behar denean, foru lege honen 42. eta 47. artikuluetan eta hamargarren eta hamabigarren xedapen gehigarrietan eta Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 17. artikuluan aipatzen direnena”.

Bi.–39. artikuluko 2. apartatuko a) letra aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“a) Kenkari hauen aurreko zerga-oinarriaren ehuneko 10 eta, hala behar denean, foru lege honen 42. eta 47. artikuluetan eta hamargarren eta hamabigarren xedapen gehigarrietan eta Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 17. artikuluan aipatzen direnena”.

Hiru.–39. artikuluko 4. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“4. Artikulu honetan jasotako kenkarien mugak bateragarriak izanen dira foru lege honen 42. eta 47. artikuluetan eta hamargarren eta hamabigarren xedapen gehigarrietan eta Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoekin”.

Lau.–42. artikuluko 1. apartatuko a) letra aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“a) Kenkari honen aurreko zerga-oinarriaren ehuneko 5 eta, hala behar denean, foru lege honen 37. eta 47. artikuluetan eta hamargarren eta hamabigarren xedapen gehigarrietan eta Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 17. artikuluan aipatzen direnena”.

Bost.–42. artikuluko 3. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“3. Kenkariaren muga bateragarria izanen da foru lege honen 37. eta 47. artikuluetan eta hamargarren eta hamabigarren xedapen gehigarrietan eta Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoekin”.

Sei.–47. artikuluko 2. apartatuko a) letra aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“a) Kenkari honen aurreko zerga-oinarriaren ehuneko 5 eta, hala behar denean, foru lege honen 37. eta 42. artikuluetan eta hamargarren eta hamabigarren xedapen gehigarrietan eta Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 17. artikuluan aipatzen direnena”.

Zazpi.–47. artikuluko 4. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“4. Kenkariaren muga bateragarria izanen da foru lege honen 37. eta 42. artikuluetan eta hamargarren eta hamabigarren xedapen gehigarrietan eta Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoekin”.

Zortzi.–Hamargarren xedapen gehigarriko 7. apartatuko b) letrako hirugarren paragrafoa aldatzen da.

“–Kenkari honen aurreko zerga-oinarriaren ehuneko 30 eta, hala behar denean, foru lege honen 37., 42. eta 47. artikuluetan eta hamabigarren xedapen gehigarrian eta Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 17. artikuluan aipatzen direnena”.

Bederatzi.–Hamabigarren xedapen gehigarria gehitzea.

“Hamabigarren xedapen gehigarria.–Ingurumen mezenasgorako pizgarri fiskalak.

1. Dohaintzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek xedapen gehigarri honetan aurreikusitako araubidearen aintzatespena jaso badute ingurumen arloan eskuduna den departamentuarengandik, dohaintza horiek xedapen gehigarri honetan ezarritako zerga onurak izanen dituzte.

2. Horri dagokionez, entitate onuraduntzat joko dira honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitateak izatea. Halakotzat joko dira, betiere, fundazioak, onura publikokoak deklaratutako elkarteak, arloan eskuduna den ministerioaren gobernuz kanpoko erakundeen erregistroan inskribaturik dauden ingurumen arloko gobernuz kanpoko erakundeak, Nafarroako Kooperatiben Erregistroan inskribaturik dauden energiarekin lotutako kontsumo kooperatibak eta aurreko guztien federazioak eta elkarteak.

b) Beren xedeen artean jasota edukitzea naturaren kontserbazioa eta ingurumenaren babesa edo/eta ingurumen hezkuntza, ingurumen arloko boluntariotza, klima aldaketaren aurkako borroka eta energia-trantsizioa.

c) Nafarroan jardun izana b) letran aipatutako arloetakoren batean, 3. apartatuan aipatzen den eskaeraren aurreko azken 4 urteetan. Beti uste izanen da entitate batek Nafarroan azken lau urteetan jardun duela baldin eta ekitaldi horietan guztietan Nafarroako administrazio publikoetatik dirulaguntzaren bat jaso badu.

d) Gutxienez errenta eta diru-sarreren ehuneko 70 (horiek lortzeko gastuak kendu ondoren) interes orokorreko helburuetara bideratzea eta gainerakoa ondare-zuzkidura edo erreserbak handitzera bideratzea, eskuratu eta gehienez 4 urteko epean.

e) Dirulaguntza publikoak hartzen dituzten entitateei ezarritako gardentasun betebeharrak betetzea.

3. Erakunde interesdunek ingurumen arloan eskuduna den departamentuari xedapen gehigarri honetan aurreikusitako araubiderako sarbidea eskatuko diote, departamentu horretako titularrak onetsitako ereduaren arabera. Hala dagokionean, eskariarekin batera 2. apartatuan aurreikusitako betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute.

Ez da baldintza horiek betetzen direla frogatzeko agiririk aurkeztu beharko haietako edozein betetzen dela ondorioztatzen bada administrazio publiko baten menpeko erregistro bateko inskripziotik, Nafarroako administrazio publikoek emandako dirulaguntzetatik edo lehenagoko prozedura edo izapideren batean administrazio publiko bati aurkeztutako dokumentaziotik; horrelakoetan nahikoa izanen da zer prozedura edo erregistro den adieraztea.

4. Xedapen gehigarri honetan ezarritako araubidea aplikatu ondoren, dohaintzen erakunde onuradunek ingurumen arloan eskuduna den departamentuari hurrengo ekitaldiko lehenengo zortzi hilabeteetan araubide horren mantentzea eskatu beharko diote, departamentu horren titularrak onetsitako ereduarekin bat. Gainera, epe horretan, erakunde horien ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute esanez 2. apartatuko betekizunak betetzen jarraitzen dutela. Adierazpen horrekin batera erakundearen kontuak aurkeztuko dituzte, salbuetsiz zerga araudia betez horiek jada zerga arloan eskuduna den departamentuan aurkeztu izana.

Ingurumen arloan eskumena duen departamentuari dagokio egiaztatzea ezarritako betekizunak betetzen direla.

5. Ingurumen arloan eskumena duen departamentuaren zuzendaritza nagusiko titularrak ebatziko ditu 3. eta 4. apartatuetan aipatutako eskaerak.

Pertsona horrexeri dagokio xedapen gehigarri honetan ezarritako araubidea erreboka dadila ebaztea, baldintzaren bat betetzen ez dela egiaztatuz gero.

Ebazpen hori hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da. Berariazko ebazpenik jakinarazi gabe gehieneko epea igarotzen bada, eskaria aurkeztu duten erakunde eskudunek eskaria administrazio isiltasunarengatik onetsi dela ulertuko dute.

Hiru hilabeteko epea izanen da, gehienez, araubidea onartu duen ebazpenaren errebokaziorako prozedura ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko. Gehieneko epea igarotzen bada berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, prozedura iraungi eginen da.

6. Erakunde onuradunei dohaintzak egiten dizkieten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboek eskubidea izanen dute zergaren kuotatik dohaintzan emandako lehenengo 150 euroen % 80 kentzeko, ezeztaezinak, garbiak eta sinpleak diren “inter vivos” dohaintzetan. Gainera, 2. apartatuan aipatzen diren erakundeekin egindako lankidetza hitzarmenekin bat horiek finantzatzeko edo, hala dagokionean, horien jarduerak finantzatzeko ordaindutako zenbatekoekin gauza bera egiten ahalko dute. 150 euro baino gehiagoko zenbatekoei ehuneko 35eko kenkaria aplikatzen ahalko zaie. Subjektu pasibo bakoitzeko eta zergaldi bakoitzeko aplikatuko da 150 euroko muga.

Zerbitzu emateak doan egiten direnean, kenkariaren oinarria gastuen kostua izanen da, mozkinen tartea kontuan hartu gabe.

Kenkariaren oinarria konputatu eginen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 64.1 artikuluan aipatzen den mugaren ondorioetarako.

7. Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek, entitate onuradunei dohaintzak egin edo diru kopuruak ordaintzen dizkietenean aurreko apartatuan ezarritako baldintza eta helburuekin, zerga onura hauek izanen dituzte:

a) Dohaintzan emandako zenbatekoak partida kengarritzat joko dituzte zerga oinarriaren kalkuluan.

b) Gainera, dohaintzan emandako zenbatekoen ehuneko 20ko kenkaria aplikatu ahalko dute zergaren kuota likidoan.

Zerga oinarrian aplikatutako kenkariaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu honako hauetatik handiena:

1. Kenkari honen aurreko zerga-oinarriaren ehuneko 30 eta, hala behar denean, foru lege honen 37., 42. eta 47. artikuluetan eta hamargarren xedapen gehigarrian eta Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 17. artikuluan aipatzen direnena.

2. Negozio zifraren zenbateko garbiaren milako 3.

Bestalde, kuotaren murriztapena sozietateen gaineko zergaren araudian ezarritakoarekin bat aplikatuko da eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko 26/2016 Foru Legearen 67.4 artikuluan ezarritako mugaren ondorioetarako zenbatuko da.

8. Bateraezina izanen da xedapen gehigarri honetan ezarritako onura fiskalak eta foru lege honetan ezarritako gainerakoak zenbateko berberetarako jasotzea.

9. Zerga onurak aplikatu ahal izateko, entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ziurtagirien bidez frogatzea lankidetza-hitzarmenen itzalpean ordaindutako diru kopuruak edo egindako dohaintzak egiazkoak direla eta babesera bildutako entitateak edo, hala denean, jarduerak finantzatzea dutela helburu.

b) Emandako ziurtagirien edukia Zerga Administrazioari jakinaraztea, zerga araudian ezarritako ereduetan eta epeetan.

10. Urte bakoitza amaitu baino lehen, ingurumen arloan eskumena duen departamentuak xedapen gehigarri honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitate onuradunen zerrenda bidaliko dio Zerga Administrazioari”.

Hamar.–Hamahirugarren xedapen gehigarria gehitzea.

“Hamahirugarren xedapen gehigarria.–Gizarte mezenasgoaren eta ingurumen mezenasgoaren lehentasunezko jarduerak.

Foru lege bidez ezarri ahalko da gizarte mezenasgoaren eta ingurumen mezenasgoaren zenbait jardueraren lehentasuna, bai eta haien onuradun izanen diren entitateena ere. Jarduera eta entitate horiei dagokienez, foru legeak bost ehuneko-puntu igo ahalko ditu, gehienez, hamargarren eta hamabigarren xedapen gehigarrietan ezarritako kenkarien ehunekoak eta mugak”.

Bigarren artikulua.–Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legea aldatzen da.

17. artikuluko b) letrako hirugarren paragrafoa honela geratuko da idatzita:

“–Kenkari honen aurreko zerga-oinarriaren ehuneko 30 eta, hala behar denean, Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen 37., 42. eta 47. artikuluetan eta hamargarren eta hamabigarren xedapen gehigarrietan aipatzen direnena”.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, baina 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako sortuko ditu ondorioak.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko apirilaren 7an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2205204