76. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1261E/2022 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari-kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2022rako deialdia eta haren oinarriak onesten baitira diruz laguntzeko pertsonarengan zentratutako arreta-eredura bideratutako prestakuntza programak, lanean ari direnei zuzenduak. DDBN identifikazioa: 615582.

COVID-19ak eragindako osasun publikoko larrialdiak aurrekaririk gabeko osasun krisia ekarri du, eta testuinguru horretan, are agerikoagoa egin da pertsonen zaintzaren arloari beste ikuspegi batez heldu beharra, pertsonarengan zentratutako arreta-eredu bat bermatuko bada. Kualifikatutako profesionalak behar dira goraka doan eskari sozialari erantzun ahal izateko Nafarroan, non gizateria zahartuta baitago.

Behin ikuspegi berria aplikatzeak eskatzen dituen lanbide gaitasunak identifikatu eta behar diren prestakuntza ekintzak diseinatu direla, premiazkoa da prestakuntza eskaintza garatzea, horrek bidea emanen baitu laguntza sistema pertsonalagoa eta pertsonalizatuagoa abiatzeko.

Gakoa da prestakuntza ematea, esparru profesionalean eguneratu daitezen, batetik, hirugarren adinekoen egoitza eta zentroetako langileei, eta, bestetik, udalen etxeko laguntza zerbitzuetan lan egiten dutenei, beren etxeetan bizitzen segi nahi duten mendekotasunik gabeko adinekoekin jarduten baitira. Bada, deialdi honen babespean 40 ikastaro egin nahi dira, gutxienez, 600etik gora pertsonari prestakuntza eman asmoz.

Horrez gain, deialdiak Eskubide Sozialen Europako Zutabea aplikatzen laguntzen du, eta Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren barreneko politika eragile honen aplikazioa sustatu: “Zaintza-lanen eta enplegu-politiken ekonomia berria”.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak, Lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duenak, eta lege hori garatzeko uztailaren 3an emandako 694/2017 Errege Dekretuak sistemaren erreforma integralari ekin diote, esparru juridiko berria ezarriz prestakuntza arloko ekimenentzat.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/ 2019 Aginduaren bidez, oinarriak ezarri ziren administrazio eskudunek prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak nola eman arautzeko. Agindu horrek araututako prestakuntza eskaintzaren ekimenen artean dago lanean ari direnentzako ekimena, prestakuntza programen bidez garatua.

Deialdi honetako dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren araberakoak dira; Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea, eta osoki zein partzialki kudeatzea, berriz, beste administrazio publiko batzuei. Halaber, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua betetzen dute. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

COVIDaren pandemiari aurre egiteko Europar Batasunak eman duen erantzunetako bat da aukera ematea oinarri arautzaile hauetako dirulaguntzak EBko REACT baliabideez %100ean kofinantzatzeko aukera, Nafarroako EGIF programa operatiboaren berariazko helburu honen bidez: BH REACT-EB-1-Laguntza ematea lan-merkatuan sartu eta kalitateko enplegua eskuratzeko, enplegua mantentzeko (gazteen enplegua barne harturik ), eta norberaren konturako langileei eta ekintzaileei ere laguntzea.

Deialdi honek zuzeneko eragina dauka “Prestakuntza eta trebakuntza sistema osoa egokitu eta hobetzea” neurriarengan, zeina sartuta baitago 2021-2024 aldirako Nafarroako Enplegu Planaren 2.2.1 helburu estrategiko honetan: Enplegagarritasuna hobetzea, prestakuntza zabalduta langile guztiei, langabeei zein landunei, eta bultzada emanez hala etengabeko ikaskuntzari nola langileen parte-hartzeari, arreta berezia jarrita prestakuntza maila eskasa dutenengan, gizarte bazterkeriako arriskuan daudenengan, migratzaileengan eta iraupen luzeko langabeengan.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak, bai eta gainerako eranskin guztiak ere.

2. Dirulaguntza publikoen deialdia onestea, haren bidez finantzatu daitezen, 2022an, Nafarroako Foru Komunitatean, pertsonarengan zentratutako arreta-eredura bideratutako prestakuntza programak, lanean ari direnei zuzenduak.

3. 825.000 euroko gastua baimentzea, 2022rako gastu aurrekontuen honako partida honen kargura: 950002 96200 4709 242111, REACT Sektore soziosanitarioko langileen trebakuntzarako laguntzak EGIF PO FSE 14-20; PEP E-21-000413-03 dute elementu zenbakia.

4. 2022ko ekitaldian, 150.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, baimena beharko da, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen delako emandakoa. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berri bat hastea ere. Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuko a) letrako 2. puntuan xedatutakoa aplikatuz, hau da, erabilgarri dagoen aurrekontu-kredituaren zenbatekoa handitu bada kreditua sortu, gehitu edo eranstearen ondorioz.

5. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta ebazpena aipatu aldizkarian argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko martxoaren 11n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da prozedura arautzea dirulaguntzak emateko prestakuntza programak gauzatu daitezen 2022an, Nafarroako Foru Komunitatean, pertsonarengan zentratutako arreta-eredura bideratuta, lanean ari direnei zuzenduak.

Prestakuntzako bi modalitate daude:

a) Hirugarren adinekoen egoitza eta zentroetako langileentzako prestakuntza, arretarako ikuspegi berria abiatzeari begira: kontzeptuak, ereduak eta prozesuak.

b) Udalen etxeko laguntza zerbitzuetako langileentzako prestakuntza, mendekotasunik ez duten adinekoak etxean artatzeari begira: Langileek beren etxeetan bizi direnei laguntzen diete eguneroko eginkizun dezentetan: garbitu, txukundu, janaria prestatu, erosketak egin, medikuarengana, farmaziara eta banketxera joan, jarduera fisikoa egin...

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Prestakuntza entitateak izaten ahalko dira, publikoak edo pribatuak izan, oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun, barnean sartuta titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak, kasuan kasuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan inskribaturik daudenak dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak emateko, dela aurrez aurre, dela modalitate mistoan. Prestakuntza ekintza zabaltzeko jarduerak egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala inskribatutako instalazioak eduki beharko dituzte eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko.

Halaber, inskribatuak dauden prestakuntza entitateen elkarteek ere parte hartzen ahalko dute deialdian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Elkarte horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Entitate batek prestakuntza eman nahi baldin badu inskribatutakoez bestelako instalazioetan, dibulgazio-jarduerak egin aurretik adierazi beharko du zer instalazio edo lokal erabiliko dituen prestakuntza emateko, Nafarroako Foru Komunitatean betiere, eta hura eskura duela dioen akordioa edo kontratua aurkeztu beharko du. Kasu guztietan, eskatutako prestakuntza ekintzetarako inskribaturik egon beharko dute instalazio horiek, entitate eskatzaileen instalazioentzat ezarritako epe beretan.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.

2.1 oinarrian sartutako elkarteak ezin izanen dira onuradun izan baldin eta hura osatzen duten entitateren batek debeku horietakoren bat badu.

3.–Prestakuntza programak eta prestakuntza ekintzak.

3.1. Deialdi honen babesean, dirulaguntzak ematen ahalko dira lanean ari direnei zuzendutako prestakuntza programak gauzatzeko; honako zerrenda honetan agertzen diren prestakuntza ekintzak osatuko dituzte programak:

ESPEZIALITATEAREN KODEA

ESPEZIALITATEAREN IZENA

MODALITATEA

ORDUAK, GUZTIRA

Aurrez aurrekoa

Mistoa

SSCG16

Pertsonarengan zentratutako arreta integrala, gizarte zerbitzuetako zentroetako profesionalentzat

AURREZ AURREKOA EDO MISTOA

140

Aurrez aurre: 86

Teleprestakuntzan: 54

SSCG17

Pertsonarengan zentratutako arreta integrala, oinarrizko gizarte zerbitzuetako zentroetako eta etxeko laguntzako profesionalentzat

AURREZ AURREKOA EDO MISTOA

140

Aurrez aurre: 86

Teleprestakuntzan: 54

SSCG18

Pertsonarengan zentratutako arreta integrala, zentroetan eta etxeetan etengabeko arretan jarduten diren profesionalentzat

AURREZ AURREKOA EDO MISTOA

150

Aurrez aurre: 107

Teleprestakuntzan: 43

SSCG19

Pertsonarengan zentratutako arreta integrala, gizarte zerbitzuetako zentroetako zerbitzu orokorretako profesionalentzat

AURREZ AURREKOA EDO MISTOA

40

Aurrez aurre: 30

Teleprestakuntzan: 10

3.2. 2022rako diruz lagundutako prestakuntza programak egiten ahalko dira dirulaguntza ematen den egunetik 2022ko abenduaren 31ra bitarte.

3.3. Prestakuntza ekintza guztien erreferentzia izanen da irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta horien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira.

3.4. Prestakuntza ekintzak aurrez aurreko modalitatean ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak eguneko gehienez.

3.5. Aurrez aurreko modalitatean antolatzen diren prestakuntza ekintzak gehienez 30 ikasleko taldetan egiteko programatuko dira.

Teleprestakuntzaren modalitatean, gutxienez tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko. Tutore-irakasleek prestakuntza edo esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.

Ekintza mistoetan muga horiek errespetatu eginen dira, prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

3.6. Teleprestakuntzako plataformak online ikasteko sistema bat izan beharko du, ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta segurtatzeko behar besteko ahalmenekoa. Baldintza hauek bete beharko ditu, gutxienez:

–Aplikatzekoa den arau teknikoan adierazitako fidagarritasun, segurtasun, irisgarritasun eta elkarreragin mailak izatea.

–Ikasle guztiak aldi berean sartzea ahalbidetzea, segurtatuta plataformaren banda-zabalera uniformea dela kurtsoaren etapa guztietan.

–Plataforma erabiltzeko behar diren lizentziak izatea.

–24 × 7 eskuragarri egotea.

–Backupa, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratzen ahalko direla bermatzeko behar den aldizkakotasuna duena.

–Ikasleen eta egiten diren jarduera guztien erregistroak, eta txostenen edizioa.

Entitate onuradunak plataformarako sarbidea emanen die Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langile teknikoei; horretarako, gako bat emanen die, prestakuntza ekintza guztien kontrola eta jarraipena egin ahal ditzaten.

Teleprestakuntza plataformari dagokionez, oinarri arautzaile hauetan jaso ez den orotarako, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2014ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren I. eranskina beteko da (Teleprestakuntza plataformaren eta ikaskuntza-eduki birtualaren baldintza teknikoak profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez dauden eta teleprestakuntzako modalitatekoak diren prestakuntza espezialitateetarako). Aipatu ebazpenaren bidez, teleprestakuntzako modalitatean eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren kudeaketa esparruan enplegurako lanbide heziketa ematen duten prestakuntza zentro eta entitateen akreditazioa eta inskripzioa arautzen da.

4.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

4.1. Prestakuntza programa bakoitzeko ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa ez da 10.1 oinarrian adierazitakoa baino handiagoa izanen.

Aurrez aurreko modalitatean egiten den prestakuntza ekintza bakoitzeko ematen den dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izanen du 8,58 euroko modulu ekonomiko espezifikoa gainditu parte-hartzaile eta prestakuntza ordu bakoitzeko, 2018ko maiatzaren 28an Batzordearen 2018/1127 (EB) Erregelamendu Delegatuak onetsitako baremo estandarraren arabera.

4.2. Teleprestakuntzako modalitatean egiten den prestakuntza ekintza bakoitzeko ematen den dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izanen du 4,50 euroko modulu ekonomiko espezifikoa gainditu parte-hartzaile eta prestakuntza ordu bakoitzeko, 2018ko maiatzaren 28an Batzordearen 2018/1127 (EB) Erregelamendu Delegatuak onetsitako baremo estandarraren arabera.

4.3. Modalitate mistoan prestakuntza modalitate mota bakoitzaren ordu kopuruaren arabera aplikatuko dira moduluak.

4.4. Prestakuntza programa bakarra finantzatuko zaio entitate eskatzaile bakoitzari; muga hori ezarri da, eta entitate eskatzaile bakoitzari aplikatuko zaio, kontuan hartu gabe banaka edo beste entitate batzuekin elkartuta aurkezten den.

Salbuespen gisa, eta prestakuntza gehienak Iruñean eta Iruñerrian ez egiteko, entitate bakoitzari finantzatzen ahalko zaio eskualdekoa ez den prestakuntza programa bat eta eskualdeko prestakuntza programa bat baino gehiago, baldin eta eremu desberdinetan egiten badira.

Eskualdeko prestakuntza programen kasuan, dirulaguntzak emanen dira, soilik, aurrez aurreko modalitatean egiten diren prestakuntza ekintzez osatutako prestakuntza programak egiteko.

Eskualdeko programak dira enplegu agentziei esleitutako herrietan ematen direnak hasieratik bukaerara. Eskualdeko programa hauek ezarri dira:

–Agoizko, Altsasuko eta Doneztebeko eskualdekoa.

–Lizarrako, Lodosako eta Tafallako eskualdekoa.

–Tuterako eskualdekoa.

5.–Prestakuntza programetako parte-hartzaileak.

5.1. Honako hauek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan aurreikusten diren prestakuntza programetan:

a) Zerbitzu ordainduak administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan ematen dituztenak, baldin eta Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntza gisa kotizatzen badute.

b) Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.

c) Besteren kontura ari diren nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuak daudenak; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.

d) Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren bestelako enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.

e) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean aurreikusitakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

Pertsona horiek deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan izanen duten parte-hartzea, gehienez ere, %30ekoa izanen da prestakuntza programa osoan, hartan prestakuntza hasten duten pertsonen kopuru osoarekin alderatuta.

Langabetzat hartzeko, prestakuntzaren hasierako lan egoera hartuko da kontuan.

f) Administrazio publikoetako langileei dagokienez, prestakuntza programetan parte hartzen ahalko dute, baina gehienez ere programa bakoitzean parte hartzen dutenen %10 izanen dira.

g) Prestakuntza entitatearen plantillako pertsonek entitateak kudeatzen dituen prestakuntza ekintzetan parte hartzen ahal dute, betiere gainditu gabe programaren parte-hartzaile guztien %10eko muga eta plantilla guztiaren %10eko muga.

5.2. Eskatzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

5.3. Entitate onuradunak hautaketaren ardura izanen du –berdintasun eta objektibotasun irizpideei jarraikiz eginen duena–, baita parte-hartzaileek prestakuntza ekintzan sartzeko baldintzak edo hura egiteko oinarrizko gaitasunak dituztela segurtatzeko ardura ere, kasuan kasuko ekintzaren errekerimenduen arabera.

5.4. Prestakuntzan sartzeko, honako hauek lehentasuna izanen dute:

a) Hirugarren adinekoen egoitza eta zentroetako langileak.

b) Udalen etxeko laguntza zerbitzuetako langileak, mendekotasunik ez duten adinekoak etxean artatzen dituztenak.

5.5. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek kanporatzeko arrazoiak dira:

a) Hilabetean justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea.

b) Prestakuntza ekintza probetxuz ez segitzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekin.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza ematen duen zentro edo entitateko funtzionamendu araudian jasotzen den beste edozein.

5.6. Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute izena eman ez eta parte hartu ere Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako beste prestakuntza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

5.7. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza normaltasunez emateko eragin nabarmena duten irregulartasunak antzematen direnean.

6.–Bekak eta laguntzak.

6.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TME/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradun izaten ahalko dira, baldin betetzen badituzte arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak.

Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran langabezian eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka eta/edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Bekak eta laguntzak zuzeneko kontzesioko araubidearen arabera emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, bai eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduei buruz ere. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskabide ereduak.

Langabeek aipatutako prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura 10 eguneko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Bi hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskabidearekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

6.2. Bekak eta laguntzak:

a) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko entitateak egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskudunek edo harrera zentroko gizarte zerbitzuek emandako ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

c) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleek zer enplegu agentziatan emana duten izena, horko datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi den benetan, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiazta badezake.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen lukete. Hiriarteko joan-etorrietan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen helbidetik zentrorako joan-etorrirako garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek ordutegi erregular bat ez badu prestakuntza ekintzarako egokia, norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntzarako eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketarako eskumena duen organoak aztertu beharko du. Garraiorako norberaren ibilgailua erabiliz gero, laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

d) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez garatzen diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

e) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta, joan-etorriak klaseak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aztertu beharko du. Gehienez ere 60 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu honengatik. Gainera, langabeak hasierako eta bukaerako joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 30 euro, biak baturik.

Ostaturako, mantenurako eta, kasua bada, garraiorako gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez, txartelaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

f) Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen 2. gradurainoko ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, horiekin bizi badira, eta prestakuntza ekintza hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana.

–Lan igoera, prestakuntza edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-subsidioa edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.

Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren (OAEAP) %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, OAEAParen %75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

6.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ez da eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertzen ez den egunei dagozkien garraio eta mantenurako laguntzak jasotzeko, ezta justifikatu gabeko hutsegiteei dagozkien bekak eta kontziliaziorako laguntzak jasotzeko ere.

Teleprestakuntzako modalitateko prestakuntza ekintzak direnean, garraiorako, mantenurako eta ostaturako laguntzak soilik jasoko dira langabeek aurrez aurreko prestakuntza ekintzetara agertu behar duten egunen kontura.

7.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

7.1. Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

7.2. Aurkezten den eskaera bakoitzak prestakuntza programa bakar bat izan beharko du.

Entitate berak ezin izanen du finantzaketarik eskatu, deialdi honen kargura, prestakuntza programa bat baino gehiago gauzatzeko. Salbuespena da eskualdeko programa baterako finantzazioa eskatzea, beste programa bat eskatzen ahalko baita, 4.4 oinarrian ezarritakoarekin bat. Muga hori entitate eskatzaile bakoitzari aplikatuko zaio, kontuan hartu gabe banaka edo beste entitate batzuekin elkartuta aurkezten den.

7.3. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskabidea sinatzean:

a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Adierazpena, dioena badituela behar adina instalazio eta giza baliabide Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza espezialitateen katalogoko edozein espezialitate irakasteko, profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez daudenean.

c) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen gaineko aitorpena.

d) Europar Batasunaren betebeharrak, 12.1 oinarriaren k), l) eta m) apartatuetan zehaztutakoak, ezagutzen direla jakinarazten duen adierazpena.

e) Adierazpena, eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ageri diren informazioa eta datu guztiak egiazkoak direla dioena, eta eskatutako agiriak aurkeztu direla dioena.

7.4. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Entitateak eskatutako prestakuntza programaren laburpen-memoria, Nafarroako Atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

c) Entitateek prestakuntza eman nahi badute inskribatutako instalazioak ez diren beste batzuetan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztuko dute.

d) 9.2 oinarriko berdintasunaren irizpidea frogatzea, hala badagokio.

e) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beste zeinahi dokumentu edo informazio eskatzen ahalko du, baldin eta espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen badu.

Beste edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

7.5. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

8.1. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitateei errekerimendua eginen zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

8.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

9.–Balorazio irizpideak.

9.1. Balorazio irizpideak aplikatzeko, 2020ko ekitaldiko datu kontsolidatuak hartuko dira kontuan.

9.2. Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikorako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

A) Entitate eskatzaileak programa garatzeko duen gaitasun frogatua: 35 puntu gehienez, honela banatuta:

2.1. oinarrian aurreikusitako elkarteen kasuan, prestakuntza emanen duen entitateak eskaera egiteko unean duen gaitasuna baloratuko da.

A.1.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren inkestetan lortutako puntuazioa.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da zer puntuazio lortu duen entitate eskatzaileak 2020an amaitutako prestakuntza programen barneko ekintzetan parte hartu zutenei egindako inkestetan (programa horiek, lehentasunez lanean ari direnei zuzenduak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutakoak izanen dira, barne daudela Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoak eta COVID-19aren eraginpeko sektoreetakoak).

Kalkulua inkestetako 3 baliotik 4 baliora arteko tartea kontuan hartuta eginen da. Ezarritako tartearen gutxieneko balioari (3) ez zaio punturik emanen, eta gehieneko balioari (4), berriz, 15 puntu. Hainbanaketa proportzionala eginen da 3tik 4ra doan tarte horretan.

Entitate bat ez bada izan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako eta lehentasunez lanean ari direnei zuzenduta 2020an emandako ezein prestakuntza programaren onuradun, urte horretan kontzeptu horrengatik lortutako batez besteko puntuazioa emanen zaie (programa horien barnean daude Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoak eta COVID-19aren eraginpeko sektoreetako pertsona landunei zuzendutakoak).

A.2.–Finantza-kaudimena.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: entitate eskatzaileak prestakuntzaren arloan edozein administrazio publikotatik lortu dituen dirulaguntzen bolumena zati entitatearen negozio bolumen osoa (bi kasuetan 2020ko ekitaldia hartuko da aintzat). Portzentajea %50 eta%10 bitartean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Entitate baten 2020ko ekitaldiko negozio bolumena 0 bada, batez besteko puntuazioa emanen zaio.

A.3.–Berdintasuna.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: 5 puntu emanen dira, baldin eta eskaera aurkezteko egunean entitate eskatzaileak egiaztatzen badu baduela berdintasun plan bat indarrean, Nafarroako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratuta, edo, bestela, adierazten badu gauzatu dituela genero-berdintasunaren arloko hiru neurri gutxienez, honako esparru hauetakoren batean: 1. Hautapen eta kontratazio prozesua; 2. Lanbide-sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena. 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoretza barne; 6. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

A.4.–Irakasleak.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: 5 puntu emanen dira baldin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako “Pertsonarengan zentratutako arreta integraleko eredua” ikastaroa egin badute prestakuntza emateaz arduratzen diren entitate eskatzaileko irakasle guztiek.

B) Prestakuntza ekintzen alderdi teknikoak: 40 puntu gehienez ere, honela banatuta:

B.1.–Lehentasunezko pertsonak.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: lehentasunezko pertsonen portzentajea %30 eta %90 bitartean dagoenean, 0-15 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

5.4 oinarrian adierazitakoak hartuko dira lehentasunezko pertsonatzat. Programan lehentasunezko pertsonatzat hartutako parte-hartzaileen kopurua zehazteko, parte-hartzaile bat kolektibo batekin baino gehiagorekin identifikatzen ahal bada, behin baino ez da zenbatuko.

B.2.–Parte-hartzaileen lurralde-eremua.

Irizpide honetan 20 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkion parte-hartzaileen portzentajea %50 eta %90 bitartean dagoenean, 1-20 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Pertsona horiek Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkiola ulertuko da komunitate horretan bizi badira.

B.3.–Efizientzia ekonomikoa.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da:

Prezioa merkatzen bada, aurrez aurreko modalitaterako parte-hartzaile eta prestakuntza ordu bakoitzeko 8,58 euroko modulu ekonomiko espezifikoaren aldean, jaisten den ehuneko puntu bakoitzeko. Ehunekoak osoak ez badira, zati proportzionala emanen da.

9.3. Ondotik zehazten diren penalizazioak ezarriko dira baldin eta gauzatzen ez bada Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitarte lehentasunez lanean ari direnei zuzendutako prestakuntza programak gauzatzeko emandako dirulaguntza (programa horien barnean daude Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoak eta COVID-19aren eraginpeko sektoreetako landunei zuzendutakoak):

–Emandako dirulaguntzaren %10era arteko ez-gauzatzeak: ez dago penalizaziorik.

–Emandako dirulaguntzaren %10 baino gehiagoko ez-gauzatzeak: 0-10 tarteari dagokion puntuazioa kenduko da, proportzioan.

Kalkulua honela eginen da: ordaindutako dirulaguntza zati emandako dirulaguntza.

9.4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak segimendu eta kontrol jardueretan atzematen badu zerbait ez dela bete 2020an batik bat lanean ari direnei zuzendutako prestakuntza programetan (barne daudela Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoetan eta COVID-19aren eraginpeko sektoreetako landunei zuzendutakoetan), kontuan hartuko da eskaera bakoitzaren azken balorazioa zehazteko orduan, dirulaguntzen deialdien kasuan kasuko II. eranskinean adierazten den moduan.

9.5. Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako programetan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

10.–Adjudikaziorako irizpideak.

10.1. Dirulaguntzak nori eman erabakitzeko, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzearren, 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Programa mota bakoitzerako finkatu den kreditu erabilgarria gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei:

Lehenik, eskualdeko programak esleituko dira, muga hauekin:

–Agoizko, Altsasuko eta Doneztebeko eskualdea: 15.000 euro.

–Lizarrako, Lodosako eta Tafallako eskualdea: 35.000 euro.

–Tuterako eskualdea: 50.000 euro.

Eskualdeko programak esleitzean, lehendabizi eskualdeko programa bakarra eta eskualdekorik ez eskatu duten entitateei emanen zaie, gero eskualdeko programa bat baino gehiago eta eskualdekorik ez eskatu dutenei, eta, bukatzeko, eskualdekoa ez den programa bat eskatu dutenei.

Baldin eta, eskualdeko lehen esleipen hori egin eta gero, aurrekontu erabilgarria gelditzen bada eskualderen batean, diru-kopuru hori erabiliko da dirulaguntzarik jaso ez duten gainerako eskualdeetako programak diruz laguntzeko. Ordena honi jarraikiz eginen da esleipena, eskualdeko aurrekontu muga eta eskualdeko eskaerak agortu arte: Tutera; Lizarra, Lodosa eta Tafalla; eta Agoitz, Altsasu eta Doneztebe.

Esleipen hori eginda, aurrekontu erabilgarririk badago, eskualdekoak ez diren zeharkako programetarako (3.1.e) oinarrian zehaztuak) eskura daitekeen zenbatekoa handituko da aurrekontu horrekin.

Azkenik, eskualdekoak ez diren zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugaz programa bakoitzeko.

Baldin, esleipen hori eginik, aurrekontu erabilgarrik badago, onuradun izan ez diren eta eskualdekoak ez diren programak esleituko dira, ordena honetan: Tutera; Lizarra, Lodosa eta Tafalla; eta Agoitz, Altsasu eta Doneztebe.

10.2. Onuradunak izanen dira soilik eskatutako programan balorazio handiena lortu duen entitatearen puntuazioaren %50 gutxienez lortu duten eskaerak. Kasua bada, eskualdeko programak eta eskualdekoak ez direnak bereiziko dira.

Programak diruz lagunduko dira baldin eta aurrekontu erabilgarria behar adinakoa baldin bada eskatutako dirulaguntzaren %30 gutxienez finantzatzeko.

Hurrengo esleipen prozesuetan, zegokiena baino zenbateko gutxiagoko esleipena jaso duten prestakuntza programek izanen dute lehentasuna, dirulaguntza teorikoa bete arte.

10.3. Puntuazio berdina badago, eskaera erregistroan sartu den ordena kronologikoa aplikatuko da berdinketa hausteko irizpide gisa.

11.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

11.1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da laguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

11.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

11.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

11.4. Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

a) Batzordeko burua: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio Batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio handienetik puntuazio txikienera ordenatuta.

11.5. Ebaluazio Batzordearen txostenean aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, 10 eguneko epea emanen da alegazioak aurkez ditzaten edo eskaera alda dezaten, konpromisoak eta baldintzak emanen zaien dirulaguntzara egokitzeko. Epe horretan alegaziorik aurkezten ez bada edo programa berriz formulatzen ez bada, aurreikusitako dirulaguntza eta hasierako eskaera mantenduko dira. Edonola ere, formulazio berria eginen da balorazio-aldian lortutako puntuazioa mantenduz.

11.6. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

11.7. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

12.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak galarazi gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonei bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla.

b) Ikasleei honako hauen berri ematea: prestakuntzaren norainokoa; prestakuntzak profesionaltasun ziurtagiri osoa edo haren egiaztapen partziala lortzea dakarren ala ez; eta eskubideak eta betebeharrak.

c) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza jarduera egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

d) Deialdi honetan jasotako edozein jardueretara joateak dakarren arriskua estaltzea; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren orduetan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean, bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (joan-etorria edozein garraiobidetan izaten ahal da). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, irteeretan eta in itinere joan-etorrietan sortzen badira.

e) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.

f) Entitate onuradunak emanen dio parte-hartzaile bakoitzari ebaluazio positiboarekin gainditutako prestakuntzaren diploma. Agiri hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen du, IRIS aplikazioaren bidez.

g) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozedura instruitzeko fasean, prestakuntza ekintzak gauzatzean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak, eta haien ikaskuntzaren ebaluazio kontrolak eta egindako prestakuntza jardueraren erregistroak, prestakuntza teleprestakuntza modalitatean eman bada.

h) Aurreko deialdietan emandako eta ordaindutako kopuruen itzulketak egin edo, hala badagokio, bermatu izana, baldin eta itzulketa hori bide exekutibora jo aurreko erreklamazioaren bitartez edo itzulketa bidezko ebazpenaren bitartez eskatu bazaio, eta ebazpen irmo bat baldin badago, salbu eta egintza eten bada.

i) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu diren, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da.

j) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak egunean izatea.

k) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

l) 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140. artikuluan ezarritakoarekin bat, eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dira, eragiketako gastuen kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera kontatzen hasita. Entitate kudeatzaileak jakinaraziko du epearen hasiera, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren informazioa jasotakoan.

m) Argi eta garbi iragarri behar da enpresak/entitateak laguntza bat jaso duela, %100ean kofinantzatu dena REACT EB baliabideekin, Nafarroako 2014-2020 EGIF eta EGEF programa eragilearen bidez, 01. helburu espezifikoaren bitartez, COVID-19aren pandemiari Batasunak emandako erantzunaren zati gisa, honako logotipo honekin batera:

F2204039_0.pdf

Era berean, DIN A3 neurriko kartel bat ikusgai jarri beharko du, informazio bera emanez, proiektuak irauten duen bitartean gutxienez.

n) Kudeaketaren arloan eraginkorrak diren neurri proportzionalak aplikatzea iruzurrari aurre egiteko: kalitate kontrola eta gardentasuna kontratazioaren arloan, gerta litezkeen interes-gatazken kontrola, faltsutzeak kontrolatzea, etab.

ñ) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, beteko dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, enplegurako lanbide prestakuntzaren gaineko araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak.

Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

12.2. Gardentasun betebeharrak:

12.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren entitate publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

12.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko apartatuko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

12.2.3. Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat dago eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean (www.nafarroa.eus).

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

13.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

13.1. Prestakuntza ekintzak garatu eta ematerakoan, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17. artikuluan araututakoa beteko da.

13.2. IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da prestakuntza ekintzen hasieraren berri, ekintza bakoitza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Prestakuntza ekintzaren hasiera ezarritako epeetan jakinarazi ezik, ez egintzat joko da dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

13.3. Prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrendaren berri emateko, IRIS aplikazio informatikoaren bidez eginen da, prestakuntza ekintzaren orduen %25 eman baino lehen.

Dokumentazioaren bidalketa ontzat emanen da baldin eta bidaltzen bada ikastaroaren iraupenaren %25 gainditzen den eskola egunera arte, egun hori barne.

13.4. Prestakuntza ekintza hasi ondoren plaza hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira joandakoen ordez, betiere prestakuntza ekintzak irauten duen denboraren %25 igaro baino lehen.

13.5. Entitateak ukoa aurkezten badu 2022ko abuztuaren 31ra arte, eta hurrengo deialdietan kontuan hartzen bada emandako dirulaguntza ez dela gauzatu, uko egitearen ondoriozko dirulaguntza hartuko da erreferentziatzat.

14.–Gastu diruz lagungarriak.

14.1. Prestakuntza entitateak bete beharko du martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan gastu diruz lagungarrei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

15.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

15.1. Dirulaguntzaren justifikazioa moduluen bidezko egiaztapen modalitatean eginen da.

15.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hori eskatzen duen beste edozein legezko betebeharri erantzuteko ere.

15.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu eta/edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Prestakuntza jarduera hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 gehiago ere ordaintzea aurreikus daiteke, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60koa gehienez, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren.

Prestakuntza jardueraren hasieratzat hartuko da onetsitako prestakuntza programaren lehen taldeak prestakuntza abiatzea.

b) Ordainketa egitea justifikazio partzialarekin. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

15.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Halaber, emaitzak eta kalitatearen ebaluazioaren balorazioa jasoko ditu, 16.1 oinarrian ezarri bezala.

2. Justifikazio-memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

a) Entitate onuradunaren akreditazioa edo, hori ez bada, adierazpen bat modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko ditu ikasleen bertaratze-orduak, memoria ekonomikoan aurkeztutako informazioa kontrastatuz IRIS aplikazio informatikoan jasotako informazioarekin eta prestakuntza ekintzara joan diren ikasleek sinatutako bertaratze-orriekin.

15.5. Dirulaguntza justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da gehienez ere, prestakuntza programa bukatu eta biharamunetik hasita.

Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea iragan bada aurreko apartatuetan adierazitako agiriak aurkeztu gabe, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitate onuradunari eskatuko dio agiri horiek aurkez ditzala, 15 eguneko epean. Epe hori luzaezina izanen da. Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 18. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura hastea.

15.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbateko osora, bidezkoa izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

15.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

15.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta aurrez aurreko ekintzen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen %75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

Norbaitek prestakuntza uzten badu enplegua aurkitu duelako, likidazioaren ondorioetarako, soilik hartuko dira kontuan parte-hartzaile bakoitzaren benetako partaidetza-orduak.

Ezin izanen dira 15 egun natural baino gehiago igaro langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua hasten duen egunera arte.

Dirulaguntzak justifikatzeari begira prestakuntza ekintza bukatu duten pertsonak nortzuk diren zehazteko atal honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioetarako, bat etorriz abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

16.–Prestakuntzaren ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

16.1. Eskaintzako prestakuntza programa gauzatzeko ardura duten entitateek beren prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola eginen dituzte.

Horretarako, lagin adierazgarri bat hartu beharko da, prestakuntza jaso duten taldeen %5ekoa, gutxienez. Lagin horrek prestakuntza programako ekintzak bilduko ditu, kasuan kasuko eremuan lehentasuna dutenak nahiz zeharkakoak, bai eta programan agertzen diren ikaskuntzaren modalitate guztiak ere.

Entitateak 15.4.1 oinarrian aipatzen den ebaluazio memorian bilduko ditu emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak, oinarri honetan aipatzen diren kontrol eta ebaluazio jarduketei buruz.

16.2. Entitate onuradunek onartu beharko dituzte Europar Batasunaren aurrekontuarekin kofinantzatutako laguntza bat jasotzeagatik egin daitezkeen kontrolak. Nafarroako Gobernuak, Ogasuneko, Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak, Europako Batzordeak edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko edozein kontrol eta fiskalizazio organok egiten ahalko dituzte kontrol horiek, kasua bada.

16.3. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

a) “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, horrek iraun bitartean eta egiten den tokian bertan, eta horretarako froga fisikoak eta testigantzak erabiltzea, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz: prestakuntza ekintzak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

b) “Ex post” jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egin ahal izanen dira, entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta/edo irakasleei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko, besteak beste:

–Prestakuntza ekintzak egin direla.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen dela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak antzematen badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

16.4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Nafarroako 2014-2020 EGIF/EGEF programa eragilearen adierazleak lortuko ditu, eta, horretarako, egiaztatuko du zer lan-egoera duten parte-hartzaileek prestakuntza ekintzatik ateratzen diren egunean, hurrengo lau asteetan eta handik sei hilabetera, Gizarte Segurantzari kontsulta telematikoak eginez.

16.5. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako, “Kalitatea ebaluatzeko galde-sorta” erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Entitate onuradunek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko. Galde-sortan jasotako galdera bakoitzaren tabulazioa bi modutara aurkeztuko da: batetik, programako prestakuntza ekintzetan eratzen den talde bakoitzeko, eta bestetik, programa osoari buruzkoa.

Era berean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza guztiaren kanpoko ebaluazioa egiten ahalko du, enplegurako lanbide-prestakuntzako azpisistema hobetzeko asmoz lan arloan.

16.6. Programa hasi ondoren, entitate onuradunek prestakuntzaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, “Agirien taula. PZAI (Pertsonarengan Zentratutako Arreta Integrala)” agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Agiri hori Nafarroako Atariko tramiteen atarian (www.nafarroa.eus) dago eskuragarri, deialdiaren fitxan.

17.–Azpikontratazioa.

17.1. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza ekintza gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen kontratazioa baizik ez da ulertu behar.

Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.

Ez da azpikontrataziotzat hartuko entitate onuradunak berak diruz lagundutako prestakuntza programa egiteko egin behar dituen bestelako gastuak.

17.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntza programaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

18.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

18.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea, eta, kasuan kasuko itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

18.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Prestakuntza programa ez betetzea.

Emandako dirulaguntzaren %25 gutxienez ez gauzatzea erabateko ez-betetzetzat joko da, eta, horren ondorioz, dirulaguntza ezeztatuko da, eta, hala badagokio, aurretik jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Emandako dirulaguntza partez gauzatzen bada (%25etik gora), emandako dirulaguntza hein berean murriztuko da.

b) Irakasleen ez-betetzeak.

Prestakuntza ematen duten entitate eskatzaileko irakasle guztiek egin behar dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako “Pertsonarengan zentratutako arreta integraleko eredua” ikastaroa; irizpide hori bete ezean, programa horren amaierako likidazioan murrizketa eginen da, zehazki, lortu baina gauzatu gabeko 5 puntu horiei dagokien zenbatekoa gutxituko da. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek entitatearen azken balorazioan, eta ehuneko hori kenduko da azken likidaziotik.

c) Lehentasunezkotzat jotako pertsonen portzentajea ez betetzea.

Programa diruz laguntzeko balorazioan lehentasunezkotzat jotako pertsonen portzentajea betetzen ez bada, programa horri dagokion azken likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortutako eta egin gabeko puntuen proportzioan. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek entitatearen azken balorazioan, eta ehuneko hori kenduko da azken likidaziotik.

d) Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkion pertsonen portzentajea ez betetzea.

Programa diruz laguntzeko baloratu diren Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkion pertsonen portzentajea betetzen ez bada, programa horri dagokion azken likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortutako eta egin gabeko puntuen proportzioan. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek entitatearen azken balorazioan, eta ehuneko hori kenduko da azken likidaziotik.

e) Ikasle langabeen portzentajea ez betetzea.

Likidazio ondorioetarako, parte hartzen duten langabeak %30 baino gehiago badira, portzentaje horretatik goiti parte hartzen duten langabeak kenduko dira, parte hartzea ezarritako mugaraino iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

f) Administrazio publikoetako langileen ehunekoa ez betetzea.

Likidazioaren ondorioetarako, 3.1.a) eta e) oinarrietan aurreikusitako prestakuntza programetan parte hartzen duten guztietatik, %10 baino gehiago administrazio publikoetakoak baldin badira, ehuneko hori gainditzen duten parte-hartzaileak baliogabetuko dira, haien partaidetza muga horretara iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

f) Prestakuntza entitateko plantillako langileen ehunekoa ez betetzea.

Likidazioaren ondorioetarako, programako parte-hartzaile guztien %10eko muga gainditzen bada, inola ere gainditu gabe prestakuntza entitateko plantillako langile guztien %10eko muga, ehuneko hori gainditzen duten parte-hartzaileak baliogabetuko dira, haien partaidetza muga horretara iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

g) Ebaluazio eta kontrol jarduketak ez betetzea.

Baldin 16.1 oinarrian ezarritako ebaluazio eta kontrol jarduketa horiek egiten ez badira, honako murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Ebaluazio eta kontrol jarduketak gutxienez prestakuntza taldeen %2,5ean egin ez badira, azken likidazioan %3ko murrizketa aplikatuko da.

–Ebaluazio eta kontrol jarduketak prestakuntza taldeen %2,5etik %5era egin badira, azken likidazioan %1,5eko murrizketa aplikatuko da. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

18.3. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

18.4. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik liberatutako kopuruak erabiltzen ahalko dira hasiera batean ezetza jaso zuten entitateei dirulaguntza emateko, puntuazioaren araberako lehentasun-hurrenkeran eta beste deialdi baten beharrik gabe.

19.–Datuen babesa.

19.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

19.2. Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen eta programetan parte hartzen dutenen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EB) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira. Aipatu erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

20.–Aplikatu beharreko araudia.

20.1. Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua (agindu horren bidez, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen da, eta horren bidez garatzen da irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzarekin eta horren finantzaketarekin lotuta, eta ezartzen dituena horiek finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak); azaroaren 25eko TES/1109/2020 Agindua (agindu horren bidez martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua aldatzen da, eta horren bidez uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen da, eta haren bidez garatzen da irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzarekin eta horren finantzaketarekin lotuta, eta ezartzen dituena horiek finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak); irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena; eta uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena. Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein arauzko xedapen.

20.2. Laguntza hau Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu denez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua aplikatuko zaie. Haren bidez, xedapen komunak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta xedapen orokorrak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EB) Erregelamendua.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko abenduaren 23ko (EB) 2020/2221 Erregelamendua, 1303/2013 Erregelamendua (EB) aldatzen duena, baliabide gehigarriei eta betearazteko xedapenei dagokienez, COVID-19aren pandemiaren eta haren ondorio sozialen testuinguruan krisia onbideratzen laguntzeko eta ekonomiaren suspertze berdea, digitala eta erresilientea prestatzeko (REACT-EB).

21.–Dirulaguntzen publikotasuna.

21.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Europako Gizarte Funtsaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

Dirulaguntza jasotzeak berarekin ekarriko du inplizituki onartzea enpresa sartuko dela Europako Gizarte Funtsa Administratzeko Unitatearen web-orrian argitaratuko den zerrenda batean (http://www.empleo.gob.es/uafse/), programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua da gardentasunez jokatzea EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 115.2 artikuluan xedatu bezala.

21.2. Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

22.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2204039