75. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1653E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 24koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen deialdia (REACT). DDBN identifikazioa: 615492.

Laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegua sustatzea Nafarroako Gobernuaren lehentasunetako bat da. “Bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoirako programa-akordioa (2019-2023)” delakoan finkatutako helburuetako bat da berariazko neurriak sustatzea lan-eremuan kolektibo kalteberek aukera-berdintasuna izan dezaten. Koronabirusaren krisiak pertsona kalteberenen lan-egoera okertu du, lan-merkatuan berriz sartzeko zailtasunak areagotu egin zaizkielako. Langabeziaren areagotzeak, lan-merkatuaren ziurgabetasunak eta enpresen ezegonkortasunak lana lortzeko aukerak murrizten dizkiete zenbait kolektibori. Horregatik, pertsona horiendako lan-aukerak sustatzea, beren kontratazioa finantzatuz, oinarrizkoa da lan munduan berriz sar daitezen, bereziki egungo testuinguru ekonomiko eta sozialean.

Hala, programa honen bidez sustatu nahi da luzaroko langabeen, Errenta Bermatuaren hartzaileen, 45 urtetik gorako pertsonen eta Gazte Bermean izena emanda dauden gazteen kontratazio mugagabea, bultzatuz Nafarroako Foru Komunitatean lantokiak dituzten enpresek enplegua sortzea, erraztasunak emanez lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituen gizatalde bati lanean hasteko eta sustatuz txandakako prestakuntza-kontratu bidezko kontratazioa.

Oinarri arautzaile hauetan jasotzen diren laguntzak EBko REACT baliabideekin kofinantzatzen ahalko dira % 100eko tasarekin, Nafarroako 2014-2020 EGIF programa operatiboaren berariazko helburu honen bidez: “BH REACT-EB 1-Lan-merkatuan sartzeari, lanpostuak eta kalitateko enplegua sortzeari eta enplegua mantentzeari (gazteen enplegua barne) laguntza ematea, eta norberaren konturako langileei eta ekintzaileei laguntzea”.

Nafarroako Gobernuak 2022ko martxoaren 9an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari dirulaguntzen deialdi bat tramita zezan, banakako ebaluazioaren araubidean, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegua sustatzeko.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen deialdia (REACT).

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 1.500.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastu aurrekontuaren partida honen kargura: “REACT. Kolektibo espezifikoak kontratatzeko pizgarriak PO FSE 14-20” izeneko 950001 96100 4709 241117 partida.

4. Era berean, 500.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berri bat hastea ere.

5. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta ebazpena aipatu aldizkarian argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 24an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Oinarri hauen xedea da enpresei dirulaguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea, pertsonen kontratazioa sustatzeko, bereziki laneratzeko zailtasunak dituztenenak. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.–Enpresa, pertsona eta entitate onuradunak.

2.1. Entitate hauek izan daitezke dirulaguntzen onuradun:

a) Enpresak.

b) Langile autonomoak.

c) Irabazi-asmorik gabeko erakundea izatea.

2.2. Dirulaguntzen onuradun diren pertsonek eta entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Lantoki bat izatea Nafarroan.

b) Legez eratuak izatea, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.

c) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.

2.3. Betebehar horiek guztiak dirulaguntza eskaera aurkezteko egunean bete beharko dituzte entitate onuradunek, baita diruz laguntzen den kontratuak irauten duen bitarte osoan ere.

2.4. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira entitate hauek:

a) Estatuko Administrazio Orokorra eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak araututako erakunde publikoak.

b) Administrazio autonomikoak, toki entitateak eta haien erakunde publikoak.

c) Enpresa publikoak eta fundazio publikoak.

3.–Jarduketa diruz lagungarriak.

3.1. Dirulaguntzaren xede izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan egiten diren kontratuak, baldin eta atal hauetako baten barnean sartzen badira:

A) Kontratu mugagabeak eta aldi baterako edo iraupen mugatuko kontratu bat kontratu mugagabe bihurtzea. Kontratuak gutxienez lanaldiaren % 50ekoak izanen dira.

B) Txandakako prestakuntza-kontratuak. Enpresan aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan ezarritako gehieneko lanaldiaren edo, halakorik izan ezean, legezko gehieneko lanaldiaren gutxienez % 30 izan beharko da kontratu horietan ezarritako benetako lan-denbora.

3.2. Urteko gutxieneko lansari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta ez da izanen lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa.

3.3. Kontratuak lan arloko legeriak aurreikusitakoa beteko du.

3.4. Ez dira inoiz diruz lagunduko kontratu mugagabeak edo mugagabe bilakatutakoak, baldin eta zehapen prozedurak irekitzearen ondoriozkoak badira.

4.–Kontratatzen diren pertsonek bete beharreko baldintzak.

4.1. Kontratatutako pertsonek langabezian egon beharko dute eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda, aldi baterako edo iraupen mugatuko kontratu bat mugagabe bihurtzeko kasuetan izan ezik.

4.2. A) apartatuko pertsonak honako kolektibo hauetakoren batekoak izan beharko dira:

–45 urtetik gorako pertsonak.

–Gazteen erregistroan izena emanda dauden 30 urtetik beherakoak.

–Iraupen luzeko langabeak.

–Errenta bermatuaren hartzaileak.

Deialdi honen ondorioetarako, luzaroko langabeak izanen dira kontratatu aurreko 540 egunetatik gutxienez 360 egunetan lanik gabe eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik egon direnak.

5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Diruz lagunduko diren zenbatekoak hauek dira:

A) Kontratu mugagabeak edo mugagabe bihurtzea:

a) 7.000 euro, 45 urtetik gorako pertsonekin edo Gazte Bermearen Erregistroan izena emanda dauden 30 urtetik beherako gazteekin sinatutako kontratuei dagokienez. 7.700 euro, sinatzailea emakumea bada.

b) 9.000 euro, iraupen luzeko langabeekin edo errenta bermatua jasotzen dutenekin sinatutako kontratuen kasuan. 9.900 euro, sinatzailea emakumea bada.

Zenbateko horiek lanaldi osoko kontratu mugagabeetarako dira. Kontratuari dagokion lanaldia laburragoa bada, zenbatekoa proportzionala izanen da.

B) 4.000 euro, lanaldi osoko txandakako prestakuntza-kontratuetarako. Enpresan aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan ezarritako gehieneko lanaldiaren edo, halakorik izan ezean, legezko gehieneko lanaldiaren gutxienez % 30 izan beharko da kontratu horietan ezarritako benetako lan-denbora.

Ez dira diruz lagunduko txandakako prestakuntzako kontratuak, baldin eta prestakuntza-denboraren eta benetako lan-denboraren batura lanaldi osoaren % 100 baino gutxiago bada.

Kasu horretan, finkatutako zenbatekoa gutxienez urtebeteko iraupena duten kontratuei dagokie. Kontratuaren iraupena laburragoa izanen balitz, hil osoei dagokien zenbateko proportzionala emanen da. Hil osoak izanen dira bi daten bitartekoak, aintzat hartu gabe hilek dauzkaten egun kopurua. Hau da, hil osoetatik soberan gelditzen diren egunak ez dira diruz lagunduko.

5.2. Oinarri honetan adierazitako zenbatekoak unitate-kostuen baremo estandar bat aplikatuz kalkulatu dira, unitate-kostuen baremo estandarrei eta oharreko zenbatekoei buruzko orientazioen dokumentuaren 4. apartatua aplikatuz, Europako Gizarte Funtsaren 1307/2013 Erregelamenduaren (EB) 14. artikuluaren 1. apartaturi jarraikiz eta 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 67. eta 68. artikuluen arabera. Unitateko kostuen baremoak diruz laguntzen ditu kontratatutako pertsonen soldatak eta lansariak.

6.–Aurkeztu beharreko agiriak.

6.1. Pertsona edo entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Dirulaguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahal da.

b) Pertsona edo entitate onuradunak eta langabeak izenpetutako lan-kontratua.

c) Enpresaren erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazten duena (I. eranskina).

d) Helburu bererako lortu edo eskatutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen adierazpena edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpen espresa. Halaber, enpresa eskatzaileak idatziz jakinarazi beharko du laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman zaizkiola edo berriz eskatu dituela, edo horren gainean sortzen ahal diren egoera berriak jakinarazi beharko ditu. Era berean, adieraziko du ekitaldi fiskal honetako eta aurreko bietako minimis erregimenari atxikitako bestelako laguntzarik jaso duen (II. eranskina).

e) Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, ordainketa transferentzia bidez egiteko eskabidea.

f) Gardentasun betebeharrei buruzko adierazpena (III. eranskina).

Gardentasun betebeharrak:

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira, betiere 5.000tik gorako kopurua bada.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu behar dirulaguntza bakoitzerako, hasieran eman zituen datuak aldatzen ez badira behintzat. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

g) Europar Batasuneko betebeharrak ezagutzen dituelako aitorpena (IV. eranskina).

h) NL-NEZek eskatzen ahal duen dokumentazio oro.

6.2. Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

7.–Aurkezteko epea.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratu harremana hasi eta biharamunetik hasita, baldin eta dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Diruz lagunduko dira soilik deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eta 2023ko abuztuaren 31ra hasten diren kontratuak.

2022ko azaroaren 1etik aurrera egindako kontratazioei dagozkien eskaerak hurrengo urtean aurkeztuko dira, hilabeteko epean, gastuaren baimena ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.

7.3. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

8.–Instrukzioa eta tramitazioa.

8.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

8.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

8.3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz eginen da.

9.–Ebazpena eta dirulaguntza ordaintzea.

9.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, ebazpena emanen du, eskatutako dirulaguntza eman edo ukatzeko, eskaera aurkeztu ondoko 70 egun naturaleko epean, gehienez ere.

9.2. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkeztutako eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

9.3. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, dirulaguntza eman eta ordainduko da.

9.4. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

10.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

11.–Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

Pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Pertsona onuradunarekin lan-kontratua sinatzea, legez ezarritako araudiaren arabera.

b) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.

c) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.

d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

Oinarri arautzaile hauetan jasotzen diren laguntzak EBko REACT baliabideekin kofinantzatuko dira % 100eko tasarekin, Nafarroako 2014-2020 EGIF programa operatiboaren berariazko helburu honen bidez: “BH REACT-EB 1-Lan-merkatuan sartzeari, lanpostuak eta kalitateko enplegua sortzeari eta enplegua mantentzeari (gazteen enplegua barne) laguntza ematea, eta norberaren konturako langileei eta ekintzaileei laguntzea”. Kasu horretan, entitate onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

1) 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140. artikuluan ezarritakoarekin bat, eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dira, data honetatik hasita: eragiketako gastuen kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Horretarako, IV. eranskinean adierazten da noiz arte gorde behar den justifikazio-dokumentazioa.

2) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, diruz lagundutako proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

2) EGIFen ekarpena jendaurrean paratzea, web-orrian ondoko esaldia ikusgai jarriz, diruz lagundutako proiektuak irauten duen bitartean gutxienez:

“Enpresa honek laguntza jaso du, EBko REACT baliabideek % 100ean kofinantzatua, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Operatiboaren bidez, COVID-19aren pandemiaren aurrean Europako Batasunak izandako erantzunaren zati gisa”. Esaldi hau ondoko logotipo honekin batera agertuko da:

F2204535_0.pdf

Era berean, DIN A3 neurriko kartel bat ikusgai jarri beharko du, proiektuak irauten duen bitartean gutxienez.

4) Kudeaketaren arloan eraginkorrak diren neurri proportzionalak aplikatzea iruzurrari aurre egiteko: kalitate kontrola eta gardentasuna kontratazioaren arloan, gerta litezkeen interes-gatazken kontrola, faltsutzeak kontrolatzea, etab.

12.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

Dirulaguntza emateko eta ordaintzeko kontratazio-aldia amaitu ondoren, organo kudeatzaileak beharrezko egiaztapenak eginen ditu emakidaren baldintzak bere horretan mantendu direla ziurtatzeko.

Entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Kontuen Ganberaren legedian aurreikusitakoak eta legez bidezko diren gainerakoak.

Halaber, Europar Batasuneko aurrekontuarekin kofinantzatutako laguntza bat jasotzeagatik egin daitezkeen kontrolak onartu beharko dituzte. Nafarroako Gobernuak, Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak, Europako Batzordeak edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko edozein kontrol eta fiskalizazio organok egiten ahalko dituzte kontrol horiek, kasua bada.

13.–Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin. Halere, lortutako pizgarrien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

14.–Ez-betetzeak, dirulaguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.

14.1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

14.2. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

14.3. Kontratu mugagabea amaitzen bada formalizatzen denetik urtebete igaro baino lehen, zati bat itzuli beharko da, dagokion zenbatekoa eta berandutze-interesak gehituta, urtea betetzeko falta diren hilabeteekiko proportzioan. Era berean, txandakako prestakuntza-kontratua aldez aurretik amaitzen bada, zati bat itzuli beharko da, dagokion zenbatekoa gehi berandutze-interesak gehituta. Zenbateko hori proportzionala izanen da diruz lagundutako kontratu-hilabeteak betetzeko falta den denborarekiko.

Kontratuaren iraupena kalkulatzeko urtea betetzeko falta diren hilei dagozkien zenbatekoaren itzulketa eskatze aldera, datatik datara bitarteko hil osoak hartuko dira kontuan, hil bakoitzaren egun kopurua edozein dela ere. Hil osoetatik soberan gelditzen diren egunak ez dira aintzat hartuko kontratuaren iraunaldia kalkulatzeko.

Langileak bidegabeko kaleratze batengatik lana galtzen badu, onuradunak emandako dirulaguntza osoa itzuliko du, gehi dagozkion berandutze-interesak.

14.4. Kontratu mugagabeetan lanaldiaren portzentajea gutxitzen bada diruz lagundutako aldia bukatu aurretik, dirulaguntzaren zenbatekoa berriz kalkulatuko da eta aldeari dagokion zatia itzultzeko eskatuko da, gehi berandutze-interesak, lanaldi-murrizketaren portzentajearen arabera eta urtea betetzeko falta den denborarekiko proportzioan.

Txandakako prestakuntza-kontratuen kasuan, lanaldi osoko kontratuak soilik lagunduko direnez, diruz lagundutako kontratu-hilak betetzeko falta den denborarekiko proportzionala den zatia gehi berandutze-interesak itzuli beharko dira.

Kontratuaren iraupena kalkulatzeko urtea betetzeko falta diren hilei dagozkien zenbatekoaren itzulketa eskatze aldera, datatik datara bitarteko hil osoak hartuko dira kontuan, hil bakoitzaren egun kopurua edozein dela ere. Hil osoetatik soberan gelditzen diren egunak ez dira aintzat hartuko kontratuaren iraunaldia kalkulatzeko.

14.5. Dirulaguntza hartzen duten entitateek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.

14.6. Oinarri honetan adierazitako itzuli beharreko zenbatekoak unitate-kostuen baremo estandar bat aplikatuz kalkulatu dira, unitate-kostuen baremo estandarrei eta oharreko zenbatekoei buruzko orientazioen dokumentuaren 4. apartatua aplikatuz, Europako Gizarte Funtsaren 1307/2013 Erregelamenduaren (EB) 14. artikuluaren 1. apartaturi jarraikiz eta 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 67. eta 68. artikuluen arabera.

15.–Dirulaguntzen jakinarazpena eta publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

Entitate onuradunek sustapen eta zabalkunde jarduketa guztietan agerrarazi beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela. Kontratuan berean jasoko da dirulaguntzaren xedea.

Dirulaguntza jasotzeak berarekin ekarriko du inplizituki onartzea enpresa sartuko dela Europako Gizarte Funtsa Administratzeko Unitatearen web-orrian argitaratuko den zerrenda batean (http://www.empleo.gob.es/uafse/), programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua da gardentasunez jokatzea EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 115.2 artikuluan xedatu bezala.

16.–Minimis laguntzak.

16.1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

16.2. Horretarako, enpresek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan harturiko bestelako de minimis laguntzak aitortuko dituzte (II. eranskina).

17.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

18.–Aplikatu beharreko araudia.

Laguntza hau Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu denez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua aplikatuko zaie. Haren bidez, xedapen komunak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta xedapen orokorrak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EB) Erregelamendua.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko abenduaren 23ko (EB) 2020/2221 Erregelamendua, 1303/2013 Erregelamendua (EB) aldatzen duena, baliabide gehigarriei eta betearazteko xedapenei dagokienez, COVID-19aren pandemiaren eta haren ondorio sozialen testuinguruan krisia onbideratzen laguntzeko eta ekonomiaren suspertze berdea, digitala eta erresilientea prestatzeko (REACT-EB).

19.–Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2204535