74. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

245E/2022 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, “Enpresa pribatuetan hondakinak kudeatzeko dirulaguntza, MITERD funtsen bidezkoa “ izeneko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 617692.

Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak, 2021eko apirilaren 14an, gehiengo osoz hartutako akordioaren bidez, Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Planari, Ekonomia Zirkularraren Programari eta PIMA Residuos-Ingurumena Bultzatzeko Planari dagozkien kredituen banaketarako irizpideak eta lurralde banaketa onetsi ziren.

Akordio sektorial horri esker, Nafarroak 5.223.575,69 euro jaso ditu Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana abiarazteko. Plan hori osatzen duten jarduketak sartuta daude Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) 12. Osagaiaren barruan.

Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana laguntzen multzo bat da, eta laguntza horiek jaso ahal izateko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean ezarritako helburuak bete, exekutatu eta gauzatu beharra dago. Horrexegatik, laguntza horiei osotara aplikatuko zaizkie EBren Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismorako ezartzen diren kudeaketa- eta kontrol-mekanismoak, bai eta, batetik, Europar Batasunaren araudia ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa, jarraipen eta kontrolerako ezartzen dena, eta, bestetik, Europar Batasunaren araudiak informazio, publizitate eta egiaztapenaren arloan eta gainerakoetan ezartzen dituen agindu espezifikoak ere, horiek aplikatzea nahitaez bete beharrekoa izanen baita.

Jasotako funtsekin, bultzada emanen zaie hondakinen eta ekonomia zirkularraren esparruan abiarazi beharreko neurriei eta, horrela, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren helburuak lortuko dira. Helburua da ekonomia zirkularreranzko trantsizioa garatzea, hondakinen sektorean inbertsioak eginez eta baliabideak efizientziaz erabiliz. Horrela, bada, aurrera eramanen diren ekintzen artean, “Enpresa pribatuetan hondakinak kudeatzeko dirulaguntza, MITERD funtsen bidezkoa” izenekoa dago, 500.000 euroko zenbatekoa duena. Laguntza horren bidez, bultzada eman nahi zaie hondakinen eta ekonomia zirkularraren esparruan abiarazi beharreko neurriei, horrela lortuko baitira Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren helburuak.

Horrez gain, laguntza horiei esker, bermatuta geratzen da betetzen dela etiketatze berde eta digitalaren koefizientea, hots, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean C12.I3 kodea duen neurrirako emana (“Hondakinen araudia ezartzen laguntzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko plana”). Neurri hori sartuta dago “Etxeko hondakinen kudeaketa: prebenitzeko, minimizatzeko, bereizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko neurriak” izeneko 042 esku-hartze eremuan. Hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan dago jasota (Erregelamendu horren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa).

Bestalde, eta Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoak finantzatutako proiektuak kudeatzeko eta kontrolatzeko foru arauen arabera, Kudeaketa Plan bat prestatu eta onartu da. Plan horretan, kudeaketa-esparru bat definitzen duten elementu guztiak biltzen dira, eta esparru horretan garatuko diren jarduketak Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Planari esleitutako helburuak lortzera bideratuko dira. Era berean, urte anitzeko gastuak onartzeari dagokionez, aintzat hartuta ekintza horiek 2021etik 2026ra bitarte garatuko direla, Nafarroako Gobernuaren nahitaezko onespena jaso da: Nafarroako Gobernuak 2022ko martxoaren 9an hartutako Erabakiaren bidez, Ingurumeneko zuzendari nagusiari baimena ematen zaio gastu-konpromisoak hartzeko, urte anitzekoak eta 2022-2026 ekitaldiei egoztekoak, Next Generation funtsak exekutatzeko (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana).

Adierazitakoaren arabera, eta kontuan hartuta abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legea, Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzkoa, kredituen banaketa hau proposatzen da:

AURREKONTUKO PARTIDA

PARTIDAREN DESKRIBAPENA

AURREIKUSITAKO GASTUA 2022

AURREIKUSITAKO GASTUA 2023

AURREIKUSITAKO GASTUA 2024

AURREIKUSITAKO GASTUA 2025

AURREIKUSITAKO GASTUA 2026

GUZTIRA

740001-74100-7701-456200 [PEP: E-21-000457-01 ]

MRR Dirulaguntza, Entitate pribatuetan Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana gauzatzeko

100.000,00

100.000,00

100.000,00

100.000,00

100.000,00

500.000,00

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. “Enpresa pribatuetan hondakinak kudeatzeko dirulaguntza, MITERD funtsen bidezkoa “izeneko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

740001-74100-7701-456200 [PEP: E-21/000457-01]: MRR Dirulaguntza, entitate pribatuetan Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana gauzatzeko

2022

100.000,00

740001-74100-7701-456200 [PEP: E-21/000457-01]: MRR Dirulaguntza, entitate pribatuetan Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana gauzatzeko

2023

100.000,00

740001-74100-7701-456200 [PEP: E-21/000457-01]: MRR Dirulaguntza, entitate pribatuetan Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana gauzatzeko

2024

100.000,00

740001-74100-7701-456200 [PEP: E-21/000457-01]: MRR Dirulaguntza, entitate pribatuetan Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana gauzatzeko

2025

100.000,00

740001-74100-7701-456200 [PEP: E-21/000457-01]: MRR Dirulaguntza, entitate pribatuetan Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana gauzatzeko

2026

100.000,00

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Finantzaketaren xedea eta helburua.

Dirulaguntza honen xedea da behar diren inbertsioak bizkortzea Espainian hondakinen kudeaketa hobetzeko, batetik, eta, udal hondakinen eta ontzi-hondakinen kudeaketari dagokionez, EBko helburu berriak beteko direla bermatzeko, bestetik. Enpresa pribatuak arduratuko dira inbertsio horiek egiteaz.

Deialdi honetako dirulaguntzen helburua da Ekonomia Zirkularraren Espainiako Estrategia-Espainia 2030 delakoaren helburuak lortzeko prozesua bizkortzea (2020ko ekainean onetsi zen estrategia hori), eta gure herrialdean trantsizio ekologiko baterantz aurrera egitea, non ekonomia zirkularrak funtsezko zeregina duen.

Zehazki, honako jarduketa-ildo hauek finantzatuko dira:

–Bereiz bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzea.

–Bereiz bildutako beste hondakin batzuen fluxuak berrerabiltzeko eta birziklatzeko instalazio berriak eraikitzea.

–Bereizketa eta sailkapenerako inbertsioak (ontziak, papera, etab.).

Horrez gain, laguntza hauei esker, bermatuta geratzen da betetzen dela etiketatze berde eta digitalaren koefizientea, hots, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean C12.I3 kodea duen neurrirako emana (“Hondakinen araudia ezartzen laguntzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko plana”). Neurri hori sartuta dago “Etxeko hondakinen kudeaketa: prebenitzeko, minimizatzeko, bereizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko neurriak” izeneko 042 esku-hartze eremuan. Hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan dago jasota (Erregelamendu horren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa).

Jarduketa-ildo horiek Ekonomiaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik datozen funtsekin kofinantzatzen direnez, aplikatzekoak izanen dira abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako neurriak. Errege lege-dekretu horren bidez onetsi ziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak. Halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua aplikatuko da (Erregelamendu horren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa), bai eta aplika daitezkeen gainerako xedapenak ere.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 500.000 eurokoa da, guztira, eta hurrengo apartatuan zehazten diren jarduketa-ildoen artean banatuko da.

2. oinarria.–Proiektuen betebehar teknikoak.

Honako jarduketa-ildo hauek finantzatuko dira:

1. ildoa.–Instalazio espezifiko berriak eraikitzea bereiz bildutako udal biohondakinak tratatzeko. Gehienez ere 100.000 euro izanen dira, konpostatze instalazioak, digestio anaerobikoko instalazioak edo bi tratamenduen konbinazio baterako instalazioak eraikitzeko proiektuetarako, bereiz bildutako biohondakinak bertan tratatzeko.

Ez dira hautagarriak izanen bereiz bildutako biohondakinak tratatzen dituzten konpostatze instalazioen edo digestio anaerobikoko instalazioen proiektuak, baldin eta aldez aurreko tratamendu mekaniko zehatz bat badute hondakin desegokiak bereizteko (horiek bilketa nahasiei dagozkie); hau da, ez dira hautatuko Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Planak eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legeak hondakin desegokietarako ezarritako balioak gainditzen dituztenak.

Proiektuetan deskribapen zehatza eta proiektuaren irismena jaso beharko dira, honako hauek adierazita: tratatuko diren hondakinak, tratamendu mota, ekipoak, lortutako materialekin zer eginen den, biogasaren erabilerak, baldin badago, etab.

Finantzatzeko moduko kontzeptuak izanen dira:

–Obra zibila, barnean hartuta lur-eremua egokitzeko lana, bereiz bildutako biohondakinen tratamendu biologikorako erabiltzen den instalazio edo tratamendu-lerroarena, bai eta hondakinak eta tratamenduaren ondoriozkoak biltegiratzeko eremuak ere (siloak, edukiontziak, etab.). Ez dira sartzen instalazio osagarriak (bulegoak, makinetarako biltegiak, itxiturak, etab.).

–Biohondakinen tratamendu-prozesurako behar-beharrezkoak diren makineria eta bestelako elementuak.

Ez dira finantzagarriak izanen hondakin desegokiak bereizteko aldez aurreko tratamendu mekanikorako makinak eta elementuak.

2. ildoa.–Bereiz bildutako udal hondakinen beste fluxu batzuk berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatzeko instalazio berriak eraikitzea. Gehienez ere, 300.000 euro izanen dira, proiektu hauetarako:

2.1. Bereiz bildutako hondakinen fluxuak berrerabilpenerako prestatzeko instalazioak eraikitzea.

Laguntza hauen bidez, bereiz bildutako hondakinetatik, besteak beste, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinetatik edo ehun-hondakinetatik, berrerabiltzeko prestatutako hondakinen kopurua hobetu nahi da. Horretarako, instalazio berriak finantzatuko dira, bai eta lehendik daudenak handitzeko lanak ere, hondakinak berrerabilpenerako prestatze lanak gehitzeko.

Proiektu bat aurkeztu beharko da, eta bertan, honako hauek jasoko dira: berrerabilpenerako prestatuko diren hondakin motak, hondakin horietako bakoitzaren tratamenduak eta salmentarako baldintzak, baita saldu ondoko bermea ere, eta, beharrezkoa den kasuetan, produktu berriaren deklarazioa.

Proiektuak hondakin-sortzailearen erantzukizun zabalduak estalitako hondakinen fluxuei eragiten badie, ez da finantzagarria izanen hondakin-sortzailearen erantzukizun zabalduari egotz dakiokeen zatia.

Finantzatzeko moduko kontzeptuak hauek izanen dira:

–Hondakinak berrerabilpenerako prestatzeko instalazioa eraikitzea, barnean direla gaiak biltegiratzeko zona eta berreskuratutako produktuak saltzeko azalera. Finantzaketa mugatuko da instalazioak behar bezala funtzionatzeko gutxieneko kontzeptuetara, eta proiektuak araudi sektorialak instalazio horiei ezartzen ahal dizkien baldintza guztiak beteko ditu. Ez dira sartzen instalazio osagarriak (bulegoak, esaterako).

–Gaiak, izan jasotako hondakinak, izan berreskuratutako produktuak, behar bezala biltegiratzeko elementuak, hala nola kaiolak edo apalak.

–Hondakinak berrerabilpenerako prestatzeko lanak garatzeko beharrezkoak diren makineria eta erremintak. Kontzeptu honetan ez dira sartzen material suntsikorra edo jarduera garatzeko beharrezkoak ez diren bestelako makineria eta tresnak.

–Instalazioko langileentzako prestakuntza.

–Komunikazio kanpaina; instalazioa amaitu ondoren eginen da, eta xedetzat izanen du hurbileko biztanleak kontzientziatzea hondakinak entrega ditzaten, gero horiek berrerabilpenerako prestatzeko.

–Softwarea eta hardwarea eskuratzea, jasotako eta sortutako hondakinen zein berreskuratutako produktuen kontrola eta trazabilitatea egiteko.

2.2. Ehun-hondakinak birziklatzeko instalazioak eraikitzea.

Laguntza hauen xedea da bereiz bildutako ehun-hondakinak (arropa, oinetakoak, jantzi-osagarriak, etxeko arropa eta antzekoak) beste modu batera tratatzea ahalbidetzen duten instalazioak eraikitzea, hondakinen fluxu horrek lagun dezan hondakinak berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatzearen arloan Europar Batasunak ezarri dituen helburuak lortzen.

Ez da finantzatuko xedetzat ehun-hondakinak birziklatzeaz bestelako tratamenduak dituzten instalazioen eraikuntza.

Finantzatzeko moduko kontzeptuak hauek izanen dira:

–Ehun-hondakinak birziklatzeko instalazioa eta gaiak biltegiratzeko zonak eraikitzea (lur-eremua egokitzea ere sartuko da). Ez dira sartzen instalazio osagarriak (esaterako, bulegoak, makinetarako biltegiak, etab.).

–Birziklatze-prozesurako behar-beharrezkoak diren makineria eta tresnak, ehun-hondakinak sailkatzeko, horien tratamendu mekanikoa egiteko (harilketa, ebaketa, etab.) edo tratamendu fisiko-kimikorako (prozesu termikoak barne) beharrezkoak direnak barne. Kontzeptu honetan ez dira sartzen material suntsikorra edo ehun-hondakinak birziklatzeko beharrezkoak ez diren bestelako makineria eta tresnak.

–Gaiak, izan tratatu beharreko ehun-hondakinak, izan birziklatze-prozesuaren ondoren lortutako materialak, biltegiratzeko instalazioak edo elementuak.

2.3. Plastiko hondakinak birziklatzeko instalazioak eraikitzea.

Laguntza hauen xedea da plastiko hondakinak modu bereizian tratatzea ahalbidetzen duten instalazioak eraikitzea, hondakinen fluxu horrek lagun dezan EBk, 2008/98/EE Zuzentarauaren bidez, hiri-hondakinak berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatzeko ezarritako helburuak lortzen, bai eta 2018/852 (EB) Zuzentarauan eta 2019/904 (EB) Zuzentarauan ezarritakoak ere: ontzien hondakinak birziklatzea eta edarien botiletan plastiko birziklatua erabiltzea, hurrenez hurren.

Birziklatzeko instalazio berriak eraikitzeaz gain, lehendik dauden instalazioen hobekuntza finantzatzen ahalko da, baldin eta hobekuntza horien helburua bada gai birziklatuen kalitatea hobetzea, gai horiek elikagaiekin erabiltzeko modukoak izan daitezen.

Finantzatzeko moduko kontzeptuak hauek izanen dira:

–Plastiko hondakinak birziklatzeko instalazioa eta gaiak biltegiratzeko zonak eraikitzea (lur-eremua egokitzea ere sartuko da). Ez dira sartzen instalazio osagarriak (esaterako, bulegoak, makinetarako biltegiak, etab.).

–Birziklatze-prozesurako behar-beharrezkoak diren makineria eta tresnak. Erabilitako prozesuek nahitaez izan beharko dituzte tratatutako plastikoak deskontaminatzeko etapak. Kontzeptu honetan ez dira sartzen material suntsikorra edo plastiko hondakinak birziklatzeko beharrezkoak ez diren bestelako makineria eta tresnak.

–Plastiko hondakinak birziklatzeko lehendik dauden instalazioetan erabiltzen diren tratamenduak aldatzea, helburua bada elikagaiekin kontaktuan jartzeko moduko kalitatea duen materiala lortzea.

3. ildoa.–Udal hondakinak (ontziak, papera, etab.) bereizteko eta sailkatzeko instalazioak eraikitzeko eta hobetzeko proiektuak; gehienez ere 100.000 euro izanen dira.

Laguntza hauen xedea da ahalik eta gehien aprobetxatzea bereiz bildutako hondakinetan (ontziak, papera eta kartoia, beira, besteak beste), bereizketa mekanikoa egiten duten instalazioetan (publiko edo pribatuetan) tratatzen direnetan, dauden materialak; horrek lagunduko du hondakinak berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatzearen arloan Europar Batasunak ezarri dituen helburuak lortzen, bai eta zabortegira bideratzen diren hondakinen kopurua murrizten ere.

Finantzatzeko moduko kontzeptuak hauek izanen dira:

–Bereizgailu optikoak.

–Bereizgailu balistikoak.

–Metal ferrikoen eta ez-ferrikoen bereizgailuak (adibidez, bereizgailu magnetikoak, Foucault korronteen bereizgailuak, etab.).

–Aurretik aipatutakoez bestelako edozein bereizketa-metodo, nabarmen laguntzen badu birziklatzen ahal diren materialak berreskuratzeko eraginkortasuna areagotzen.

Proiektuak hondakin-sortzailearen erantzukizun zabalduak estalitako hondakinen fluxuei eragiten badie, ez da finantzagarria izanen hondakin-sortzailearen erantzukizun zabalduari egotz dakiokeen zatia.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe dagozkionak, baldin eta horretarako behar-beharrezkoak badira, deialdi honetan eta aplikatzekoa den araudian aurreikusitako epe eta baldintzetan egiten badira, eta emandako dirulaguntza justifikatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu badira.

Era berean, kontuan hartuko dira 2. oinarrian gastu finantzagarri gisa zehaztutakoak.

2. Oinarri hauetan araututako jarduketetarako emandako gehieneko finantzaketak ez du gaindituko gastu finantzagarritzat jo denaren % 90 (BEZa kanpo).

3. Justifikatzen diren eta diruz lagungarriak diren gastuen zenbatekoari dagokionez, entitate onuradun bakoitzak gehieneko laguntza hau jasoko du: 1. ildorako 30.000 euro, 2. ildorako 40.000 euro eta 3. ildorako 50.000 euro. Gainera, 7. oinarrian ezarritakoa kontuan hartu beharko da.

4. Hainbat zatiki hartzen dituzten jarduketetan, hala nola komunikazio kanpainetan, hautagarriak izanen dira soilik diruz lagundutako zatikiekin lotutako ehunekoei dagozkien kostuak.

5. Komunikazio kanpainetan aritzen diren langileen gastua finantzatzen ahalko da frogatzen bada, ahaldun nahiko baten ziurtagiriarekin, diruz lagundutako proiektuan jardun dutela. Ziurtagiri horretan honako hauek adierazi beharko dira, justifikatu nahi den langile bakoitzeko: haren eginkizunak, horien hasiera eta amaiera, proiektuari eskainitako orduen kopurua, eta orduko kostua.

6. Auditoretza-txostena ere diruz lagungarria izanen da; urtean 1.000 euro emanen dira gehienez ere.

7. Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueren ehuneko ehun azpikontratatzen ahalko da.

8. Jarduketa-ildo bakoitzean jasotakoez gain, honako hauek ere ez dira diruz lagunduko:

a) 2020ko martxoaren 1a baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko nahitaezko arau indardunetara egokitzeko jarduketak.

c) Ingurumen kalitatea hobetzen ez duten produktu edo zerbitzuen aldizkako aldaketa arruntak.

d) BEZa edo beste zerga batzuk.

e) Finantza-gastuak.

f) Zehaztu gabeko gastuak edo dirulaguntzaren xedea ez dutenak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

g) Lurrak erosteko gastuak.

h) Azpiegituren alokairua.

i) Erabilera bakarreko elementuak.

j) Beharrezkoak ez diren sariak.

k) Hondakinak kudeatzeko ekintza arruntek eragindako gastu guztiak –hala nola hondakinak biltzeko tasak, edo baimendutako kudeatzaileei arrazoi beragatik egindako ordainketak– edo kasuan kasuko jarduera ekonomikoa garatzeko aplikatu beharreko araudia betez egindako beste edozein gastu.

l) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.

m) 3. oinarri honen bosgarren apartatuan zehazten ez diren langileak.

n) Dietak eta mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak, 2. oinarriko 2.1 apartatuan jasotako prestakuntza izan ezik.

o) Ez dira diruz lagunduko gastu arrunten % 30 baino gehiago, gastu diruz lagungarri osoaren gainean kalkulatuta.

4. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Onuradunak izanen dira instalazioa Nafarroako Foru Komunitatean duten hondakin-kudeatzaile pribatuak.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskaera-inprimakian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo apartatuan (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuta frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

3. Era berean, bete beharko dira abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuan, dirulaguntzen arloan, ezarritako xedapenak (errege lege-dekretu horren bidez onetsi ziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak), bai eta oinarri arautzaile hauetan eta dirulaguntza emateko banakako ebazpenean ezarritakoak ere.

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko azken eguna 2022ko maiatzaren 13a izanen da.

Eskatzaileek proiektu bakarra aurkeztu beharko dute ildo bakoitzerako; beraz, onuradun batek zenbat ildotan parte hartu nahi duen, horrenbeste proiektu aurkeztu beharko ditu.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, tramiteen katalogoko fitxan behar bezala iragarriko direnak. Gune horietan aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko nahitaezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskaera-inprimakia (I. eranskina).

b) Eskatzaileak BAIMENIK EMATEN EZ BADIO laguntzak ematen dituen organoari zuzenean egiazta dezan betetzen dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, egiaztagiri hau aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera. Errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.

c) Memoria, proiektuaren azalpen zehatza eta norainokoa adierazten dituena eta egin beharreko ekintzak jasotzen dituena; ekintza horiek jarduketa-ildoen eta horien zenbatekoen arabera taldekatuta agertuko dira, 2. oinarriarekin bat. Eta, bereziki, gutxieneko datu hauek jasoko ditu:

EMAN BEHARREKO DATUA

DESKRIBAPENA

Instalazioak eraikitzeko edo handitzeko proiektuak bakarrik:

Instalazioaren tratamendu-ahalmen berria edo zabaldua (t/urtean)

Instalazioak eraikitzeko edo handitzeko proiektuetan bakarrik beteko da: Kantitatea tonatan adieraziko da, dezimalik gabe.

d) Memoria bat; bertan kalkulatuko da zenbaterainokoa izan den saihestutako berotegi-efektuko gasen emisioa eta arlo horretako helburuak betetzen lagunduko luketen hondakin-tonak.

e) Proiektuaren aurrekontu xehatua, proiektua gauzatzeko urte bakoitzari esleitutako aurrekontua adierazita.

f) Erantzukizunpeko adierazpena (oinarri arautzaile hauen II. eranskineko ereduaren araberakoa), ahaldun nahiko batek sinatua, adierazten duena ez zaiela kalte nabarmenik eraginen sei ingurumen-helburuei, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, esparru bat ezarri zen inbertsio jasangarriak errazteko eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatu zen.

Proiektuak ez badu DNSH (Do No Significant Harm) printzipio hori beteko, ezin izanen da diruz lagundu.

g) Interes-gatazkarik ezaren adierazpen sinatua, IV. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa.

h) Konpromisoaren adierazpen sinatua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari buruzkoa (V. eranskina).

Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak dirulaguntzaren eskatzaileari eskatuko dio gehienez hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren bidez. Jasotako eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuko ditu atal horrek. Gainera, neurriak hartuko ditu iruzurra eta ustelkeria prebenitu, detektatu, jakinarazi eta zuzentzeko, eta interes-gatazkari eta finantzaketa bikoitzari aurrea hartzeko.

2. Eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta besterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskaerak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten administrazio espedienteak eta beharrezko dokumentazioa baloratu eginen dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badira edo behar den dokumentazioa ez badago, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria.–Norgehiagoka.

Dirulaguntza hauek norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira, honela:

I. Lehenik eta behin, jasotako eskaera guztiak bi talde handitan sailkatuko dira:

a) Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak eta Europar Batasunak ezarritako mugarria eta helburuak betetzen laguntzen dutenak (ikus III. eranskina), eta

b) Laguntzen ez dutenak.

II. Eskaera guztiak (taldea edozein dela ere) 9. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera puntuatuko dira, eta puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira. Zerrenda bat lortuko da talde bakoitzerako (laguntzen duten ala ez) eta ildoen arabera.

III. Eskaeren sailkapen hori egin ondoren, zenbateko diruz lagungarria lortuko da, honela:

a) 3. oinarriko irizpideak aplikatuko dira eta finantzatzeko moduko kopurua zehaztuko da.

b) Finantzatzeko moduko kopuru hori 3. apartatuko (3.3 oinarria) aplikazioaren arabera doituko da, zenbateko diruz lagungarria lortzeko. Hau da, talde bakoitzaren barnean eta ildo bakoitzerako egindako sailkapenaren arabera, zenbateko diruz lagungarria zehaztuko da, ildo bakoitzerako erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

c) Aurreko esleipena egin ondoren, kreditu erabilgarririk geratzen bada ildoren batean, ildo horretako onuradunen artean banatuko da, eskaera bakoitzean finantzatzen ahal den gehieneko zenbatekora iritsi arte.

d) Oraindik ere soberazko krediturik badago, gainerako ildoetarako erabiliko da, irizpide hauen arabera:

–Hurrenkera honetan lehenetsiko da kredituaren erabilera: 1. ildoa, 2. ildoa eta 3. ildoa. Baina kontuan hartu beharko da ildo bakoitzeko zenbatekoa % 30 handitzen ahalko dela gehienez, hasiera batean emaniko aurrekontu-zuzkidurarekiko (2. oinarria).

–Kreditu erabilgarri berria lortutako puntuazioak ezarritako ordenaren arabera esleituko da, eskaera bakoitzean finantzatzen ahal den gehieneko zenbatekora iritsi arte.

Mugarria eta helburua lortzen laguntzen duten taldeko proiektuak lehenesten dira.

8. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio-organoak egiaztatuko du toki erakunde onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio-organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitateko Administrazioan edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio-irizpide, modu eta lehentasunekin.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da entitate onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

9. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Hauek dira dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Jarduketa-ildo guztietan aplikatzen ahal da:

a.1) Proiektuaren memoriaren koherentzia, kalitatea eta argitasuna (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 25 puntu, honela banatuta:

1. Proiektuaren kalitatea memoriaren xehetasun tekniko eta deskriptiboaren arabera baloratuko da (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 10 puntu.

2. Proiektuaren koherentzia baloratzeko, kontuan hartuko dira ekonomia- eta ingurumen-bideragarritasuna, norainokoa eta jarraipena, eta ezarritako helburuen planifikazioa: gehienez ere 10 puntu.

3. Proiektuaren argitasuna baloratzeko, kontuan hartuko da espero diren ingurumen onurak lortzeko proiektatutako jarduketen ezagutza, azalpena eta justifikazioa: gehienez ere 5 puntu.

a.2) 2023ko azaroaren 30a baino lehen amaitzen diren proiektuak: 10 puntu.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

b) 2. oinarriko 1. jarduketa-ildoari aplikatzen ahal zaio: gehienez ere 30 puntu, bereiz bildutako biohondakinen tratamendurako instalazio espezifikoak eraikitzeko aurkeztutako proiektuak finantzatzeko:

1. Bereiz bildutako etxeko biohondakinak soilik tratatzen dituzten instalazioak edo tratamendu-lerroak: 20 puntu.

2. Biohondakinak soilik tratatzen dituzten instalazioak edo tratamendu-lerroak, hots, konposta (CMC 3) edo digestatoa (CMC 5) egiteko lehengai gisa baimendutako hondakinak tratatzen dituztenak, lortutako material horiek produktu gisa merkaturatu ahal izateko (lehengai gisa baimendutako hondakin horiek jasota daude 2019/1009 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean; erregelamendu horren bidez, EBko ongarriak merkatuan eskuragarri jartzeari buruzko xedapenak ezarri ziren): 10 puntu.

3. Hondakina sortzen den gunetik 20 km baino gutxiagora dauden instalazioak: 10 puntu.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

c) 2. oinarriko 2. jarduketa-ildoari aplikatzen ahal zaio: gehienez ere 30 puntu, bereiz bildutako hondakinen beste fluxu batzuk berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatzeko instalazio berriak eraikitzeko:

2.1. Bereiz bildutako hondakinen fluxuak berrerabilpenerako prestatzeko instalazioak eraikitzea:

1. Hondakina berrerabilpenerako prestatzeko instalazio batetik 20 km baino gehiagora kokatzen diren proiektuak: 20 puntu.

2. Gizarte entitateek garatutako proiektuak, halako moldez non arrisku sozialean daudenen kolektiboentzako enplegua sortzeko eta pertsona horiek lan-merkatuan sartzeko edo berriz sartzeko aukera ematen duen jarduera bat den: 10 puntu.

2.2. Ehun-hondakinak birziklatzeko instalazioak eraikitzea:

1. Bereiz bildutako ehun-hondakinak soilik tratatzen dituzten instalazioetarako proiektuak: 20 puntu.

2. Gizarte entitateek garatutako proiektuak, halako moldez non arrisku sozialean daudenen kolektiboentzako enplegua sortzeko eta pertsona horiek lan-merkatuan sartzeko edo berriz sartzeko aukera ematen duen jarduera bat den: 10 puntu.

2.3. Plastiko hondakinak birziklatzeko instalazioak eraikitzea:

1. Proiektuaren xedeko instalazioan lortzen diren materialen kalitatea elikagaiekin kontaktuan jartzeko modukoa bada, kalitate apalagoa lortzen dutenen aldean: 20 puntu.

2. Bereiz bildutako plastiko hondakinak soilik tratatzen dituzten instalazioak izatea (barne direla “ontzi arinak” edo “ontziak” eta “materialak” izeneko selekzio-frakzioetatik sortutako plastiko hondakinak): 10 puntu.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

10. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

2. Dirulaguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, dirulaguntza ematen ahalko zaie aurrekontu-kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskaera batzuei, aurrekontuan behar adina diru egonez gero. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

11. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Finantzatzen diren proiektuak 2020ko martxoaren 1etik aurrera hasiko dira, eta gauzatzeko epea 2026ko martxoaren 31n amaituko da. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.

12. oinarria.–Egindako gastu eta ordainketen justifikazioa.

Onuradunek jarraian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, telematikoki, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz:

a) Justifikazio partziala: 2022ko abenduaren 31n gauzatzen ari diren proiektuen kasuan, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 2023ko martxoaren 31 baino lehen:

i. Jarduketa-memoria, dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak eta xedea betetzen direla justifikatzeko.

Orain arte egindako ekintza guztiak xehetasunez deskribatuko dira, eta egindako gastua, lortutako emaitzak eta betetze-maila egiaztatzeko bitartekoak adieraziko dira. Gainera, honako datu hauen egungo bilakaera adieraziko da (eskaeran adierazitakoen arabera):

EMAN BEHARREKO DATUA

DESKRIBAPENA

Instalazioak eraikitzeko edo handitzeko proiektuak bakarrik:

Instalazioaren tratamendu-ahalmen berria edo zabaldua (t/urtean)

Instalazioak eraikitzeko edo handitzeko proiektuetan bakarrik beteko da: Kantitatea tonatan adieraziko da, dezimalik gabe.

ii. Ahaldunak emandako ziurtagiria, honako hauek jasotzen dituena:

–Emandako dirulaguntzaren helburua eta xedea bete dela.

–Beste dirulaguntzarik jaso duten ala ez. Hala badagokio, laguntza eman duen organoa, emandako dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa eta jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa adierazi beharko ditu.

–Saihestutako berotegi-efektuko gasen emisioari buruzko xehetasunak eta arlo horretako helburuak betetzen lagunduko luketen hondakin-tonei buruzkoenak.

–Gauzatutako ekintzek Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa betetzen dutela.

a) Erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa), ahaldun nahiko batek sinatua, adierazten duena ez zaiela kalte nabarmenik eraginen sei ingurumen-helburuei, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, esparru bat ezarri zen inbertsio jasangarriak errazteko eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatu zen.

b) Interes-gatazkarik ezaren adierazpen sinatua, IV. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa.

c) Konpromisoaren adierazpen sinatua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari buruzkoa (V. eranskina).

Onuradunak ez badu informazio hori aurkezten, dirulaguntzaren eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta besterik gabe, artxibatu eginen da, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

Gainera, onuradunak aukera izanen du orain arte egindako gastuen zati bat ordain dakion eskatzeko. Horretarako, aurreko dokumentazioaz gain, finantzatutako jarduerak egin dituela egiaztatzen duten agiri hauek aurkeztu beharko ditu.

Justifikazioko kontuaren modalitatearen arabera eginen da justifikazioa, auditorearen txostena aurkeztuta, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 74. artikuluan ezarritakoarekin (errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua). Era berean, Europar Batasunak eta Espainiak Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoari buruz emandako araudiaren eskakizunak beteko ditu. Agiri hauek izan beharko ditu:

I.1. Fakturak edo ziurtagiriak, behar bezala adostuak eta organo eskudunak onetsiak, egiaztatzen dutenak inbertsio diruz lagungarria behar den epean eta moduan egin dela. Fakturak proiektua gauzatzeko epearen barrenean egin beharko dira, eta beharrezkoa izanen da haien adostasuna eta organo eskudunaren onespena.

I.2. Egindako gastuak benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak; horretarako, ahaldun nahiko baten ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, honako hauek adieraziko dira: hartzekodunaren identifikazioa, gastuaren likidazio-data, faktura-zenbakia eta zenbatekoa edo funts-irteeren bankuko frogagiriak, hori guztia fakturekin batera.

I.3 Azpikontratazioaren kasuan, arduradunaren txosten teknikoa, hautatutako eskaintza justifikatzen duena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, entitate onuradunak frogatzen ahalko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 3 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

I.4. Ahaldunaren ziurtagiria, 3. oinarrian adierazitako langileen arloko kostua zehazten duena, eta langile horiek alta emanik daudela egiaztatzen duen Gizarte Segurantzaren agiria.

I.5. Argazki-erreportajea, egiaztatzen duena egindako publizitatea bat datorrela Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik datozen funtsek araututako publizitate-arauekin.

Hala ere, egindako gastua justifikatzeko dokumentazio osagarria eskatzen ahalko da, bai eta Suspertze Planaren kudeaketa- eta jarraipen-sistema egokia betetzeko ere, sistema hori elikatzeko beharrezkoa denaren berri emanez; horren gain, Estatuko edo Europako araudiak finantzaketaren eta helburuen kudeaketarako, jarraipenerako eta kontrolerako aurreikusten dituen aplikazio informatikoak edo datu-baseak ere eskatzen ahalko dira.

b) Azken justifikazioa: Entitate onuradunek, jarduketa diruz lagungarriak amaitu eta 2 hilabetera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, aurkezteko azken eguna 2026ko maiatzaren 31 izanik:

1.–Jarduketa-memoria, dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak eta xedea betetzen direla justifikatzeko.

Orain arte egindako ekintza guztiak xehetasunez deskribatuko dira, eta egindako gastua, lortutako emaitzak eta betetze-maila egiaztatzeko bitartekoak adieraziko dira. Gainera, honako datu hauen egungo bilakaera adieraziko da (eskaeran adierazitakoen arabera):

EMAN BEHARREKO DATUA

DESKRIBAPENA

Instalazioak eraikitzeko edo handitzeko proiektuak bakarrik:

Instalazioaren tratamendu-ahalmen berria edo zabaldua (t/urtean)

Instalazioak eraikitzeko edo handitzeko proiektuetan bakarrik beteko da: Kantitatea tonatan adieraziko da, dezimalik gabe.

2.–Ahaldunak emandako ziurtagiria, honako hauek jasotzen dituena:

–Emandako dirulaguntzaren helburua eta xedea bete dela.

–Beste dirulaguntzarik jaso duten ala ez. Hala badagokio, laguntza eman duen organoa, emandako dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa eta jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa adierazi beharko ditu.

–Proiektuarekin saihestutako berotegi-efektuko gasen emisioari buruzko xehetasunak eta arlo horretako helburuak betetzen lagunduko luketen hondakin-tonei buruzkoenak.

–Gauzatutako ekintzek Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa betetzen dutela.

3.–Erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina), ahaldun nahiko batek sinatua, adierazten duena ez zaiela kalte nabarmenik eraginen sei ingurumen-helburuei, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, esparru bat ezarri zen inbertsio jasangarriak errazteko eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatu zen.

4.–Interes-gatazkarik ezaren adierazpen sinatua, IV. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

5.–Konpromisoen adierazpen sinatua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari buruzkoa (V. eranskina).

6.–Proiektuaren azken aurrekontua; bertan, bereizi eginen dira, hala badagokio, justifikazio partzialean ordaindutako fakturak eta gainerakoak.

Justifikazioko kontuaren modalitatearen arabera eginen da justifikazioa, auditorearen txostena aurkeztuta, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 74. artikuluan ezarritakoarekin (errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua). Era berean, Europar Batasunak eta Espainiak Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoari buruz emandako araudiaren eskakizunak beteko ditu. Agiri hauek izan beharko ditu:

6.1. Fakturak edo ziurtagiriak, behar bezala adostuak eta organo eskudunak onetsiak, egiaztatzen dutenak inbertsio diruz lagungarria behar den epean eta moduan egin dela. Fakturak proiektua gauzatzeko epearen barrenean egin beharko dira, eta beharrezkoa izanen da haien adostasuna eta organo eskudunaren onespena.

6.2. Egindako gastuak benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak; horretarako, ahaldun nahiko baten ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, honako hauek adieraziko dira: hartzekodunaren identifikazioa, gastuaren likidazio-data, faktura-zenbakia eta zenbatekoa edo funts-irteeren bankuko frogagiriak, hori guztia fakturekin batera.

6.3. Azpikontratazioaren kasuan, arduradunaren txosten teknikoa, hautatutako eskaintza justifikatzen duena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, entitate onuradunak frogatzen ahalko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 3 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

6.4. Ahaldunaren ziurtagiria, 3. oinarrian adierazitako langileen arloko kostua zehazten duena, eta langile horiek alta emanik daudela egiaztatzen duen Gizarte Segurantzaren agiria.

6.5. Argazki-erreportajea, egiaztatzen duena egindako publizitatea bat datorrela Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik datozen funtsek araututako publizitate-arauekin.

Hala ere, egindako gastua justifikatzeko dokumentazio osagarria eskatzen ahalko da, bai eta Suspertze Planaren kudeaketa- eta jarraipen-sistema egokia betetzeko ere, sistema hori elikatzeko beharrezkoa denaren berri emanez; horren gain, Estatuko edo Europako araudiak finantzaketaren eta helburuen kudeaketarako, jarraipenerako eta kontrolerako aurreikusten dituen aplikazio informatikoak edo datu-baseak ere eskatzen ahalko dira.

Bat etorriz abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuaren 37. eta 67. artikuluetan aurreikusitakoarekin, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira baldin eta: dirulaguntza justifikatzen ez bada ezarritako baldintza guztiak betez; edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada; edo saihestutako berotegi-efektuko gasen emisioari buruzko eta arlo horretako helburuak betetzen lagunduko luketen hondakin-tonei buruzko informazioa aurkezten ez bada; edo ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa betetzen ez bada (DNSH ingelesez), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean aurreikusitako ingurumen-helburuei dagokienez; edo oinarri arautzaile hauetan ezarritako gainerako betebeharrak betetzen ez badira. Hala badagokio, jasotako zenbatekoengatik sortutako interesak ere itzuli beharko dira, bai eta dagokion berandutze-interesak ere, dirulaguntzak ordaintzen direnetik itzultzea erabakitzen den arte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. eta 37. artikuluetan jasotako kasuetan.

13. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainduko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 12. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero. Zerbitzu horrek ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko du Ingurumen Zuzendaritza Nagusira. Horrekin batera, entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

14. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga onartzea.

c) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez. Eta dokumentuak formatu elektronikoan gordetzea bost urteko epean, eragiketa egiten denetik zenbatzen hasita, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluarekin. Erregelamendu hori Europar Batasuneko aurrekontu orokorrari aplikatzekoak zaizkion finantza-arauei buruzkoa da, eta haren bidez aldatzen dira 1296/2013 (EB) Erregelamendua, 1301/2013 (EB) Erregelamendua, 1303/2013 (EB) Erregelamendua, 1304/2013 (EB) Erregelamendua, 1309/2013 (EB) Erregelamendua, 1316/2013 (EB) Erregelamendua, 223/2014 (EB) Erregelamendua eta 283/2014 (EB) Erregelamendua eta 541/2014/EB Erabakia, eta indarrik gabe uzten da 966/2012 (EB, Euratom) Erregelamendua.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 38/2003 Foru Legearen 14. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

e) Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.4 eta 5. artikuluekin, ondasun inbentariagarriak eskuratzen, eraikitzen, birgaitzen eta hobetzen badira, onuradunak ondasun horiek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzeko izanen duen epea ez da bost urtetik beherakoa izanen erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, ezta bi urtetik beherakoa ere gainerako ondasunen kasuan.

f) Zabalkunderako neurriak hartzea, dirulaguntzaren xedeko jarduketen finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko. Zabalkunderako neurri horiek diruz lagundutako xedera egokitu behar dira, bai formari dagokionez, bai iraupenari dagokionez.

Publizitatea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan eta hura garatzeko arauetan eta eskuliburuetan ezarritakoaren arabera eginen da. Erregelamendu horrek Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen du.

Horretarako, Europar Batasunaren ikurra erabiliko da eta finantzaketaren deklarazio egoki bat, adierazten duena «Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU» (https://ec.europa.eu/regional_policy/en/information/logos_downloadcenter/); era berean, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari erreferentzia egiten dion logotipoa gehituko da karteletan, material inprimatuetan, bitarteko elektronikoetan edo ikus-entzunezko baliabideetan, edo ikus-entzunezko komunikabideetan egiten diren aipamenetan.

F2204565_0.pdf

–Beharrezkoa denean, bertsio monokromatikoak, positibo BELTZA eta negatibo ZURIA erabiltzen ahal dira.

Kartel edo plakek jarduketaren izena eta helburu nagusia adieraziko dituzte. Horiek prestatzeko jarraikiko zaie Batzordeak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritako publizitate-neurriak garatzeko, hartutako ezaugarri teknikoei eta horiek garatzen dituzten arau eta gidaliburuei. Goian aipatutako erregelamenduaren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa.

g) Bermatzea errespetatuko dela ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa, bai eta klima arloko etiketatzea ere, honakoetan aurreikusitakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua eta hura garatzeko araudia. Aipatu erregelamenduaren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa.

Zehazki, aintzat hartuko da Batzordearen Komunikazioa, hau da, “Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” aplikatzeari buruzko gida teknikoa, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=uriserv:OJ.C_.2021.058.01.0001.01.SPA), eta, horrekin batera, Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesten duen Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren Proposamena (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=CELEX:52021PC0322) eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak prestatutako orientazio gida (https://www.miteco.gob.es/es/ministerio/recuperacion-transformacion-resiliencia/transicion-verde/guiadnshmitecov20_tcm30-528436.pdf).

2. Emandako laguntzak errebokatzen ahalko dira, baldin eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, funtsen xedeari eta justifikazioari dagokienez.

Dirulaguntza errebokatzen bada, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du, dauden inguruabarrak kontuan hartuta, jasotako zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak osorik edo zati batean itzuli behar diren edo, besterik gabe, ordaintzeke dauden ordainketak baliogabetu behar diren.

Nolanahi ere, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-irizpideei jarraituko zaie, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3 n) artikuluan aurreikusitakoarekin, eta lege horren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru-kopuru horiek askatzen badira, jarduketa-ildo bereko entitate onuradunei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, beren proiektuen zenbatekoa oso-osorik jaso ezin izan badute.

4. Entitate onuradunak behartuta daude Kontuen Auzitegiak eta Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak eskatzen dieten informazio guztia ematera, hala ezartzen baita Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1c) eta 46. artikuluetan.

Bai dirulaguntzak emateko fasean, bai horiek ordaintzekoan edo ondoren, dirulaguntza ematen duen organoak, bai eta kontrolerako organo eskudunek ere, barnean direla 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Finantza Erregelamendua delakoaren [2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua] 129. artikuluan jasotakoak, egokitzat jotzen dituzten kontrol eta ikuskapen guztiak egiten ahalko dituzte, emandako laguntza behar bezala gauzatu dela ziurtatzeko. Horrela, bada, eskatzaileak behartuta daude laguntza ematera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein dokumentazio eta informazio ematera.

5. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

15. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak nahiz atzerrikoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Hala ere, laguntza hauek ez dira bateragarriak Ekonomia Jasangarrirako Karbono Funtsaren (EJF-CO2) bidez sustatutako Klima Proiektuekin, ez eta Europar Batasuneko beste egitura-funts batzuekin ere.

2. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera –Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori (EBAO, 352, 2013/24/12)–. Enpresa bakar bati emandako de minimis laguntza, guztira, ez da 200.000 eurotik gorakoa izanen hiru ekitaldi fiskaletan. Errepideko garraioaren sektorean diharduten enpresen kasuan, de minimis laguntza ez da 100.000 eurotik gorakoa izanen hiru zerga ekitalditan.

De minimis laguntzak kontabilizatzeko, kontuan hartu behar dira bai enpresa eskatzaileak jasotako laguntzak, bai eskatzailearekin aipatutako Erregelamenduaren 2. artikuluko 2. apartatuan definitutako lotura duten enpresek jasotakoak (“enpresa bakarraren” kontzeptua edo enpresa talde bateko kide diren enpresak). Era berean, kontuan hartu behar da erregelamendu bereko 3. artikuluaren 8. eta 9. apartatuetan ezarritakoa, enpresak bat egiteko, eskuratzeko edo banantzeko prozesuan dauden enpresei dagokienez.

Kopuru horiek termino gordinetan adierazita daude, hau da, fiskalitate kontzeptuan edozein kenkari egin aurretik.

De minimis laguntzaren forma edo lortu nahi den helburua edozein dela ere aplikatzen dira muga horiek, emandako laguntza osorik edo zati batean Europar Batasunaren baliabideen bidez finantzatuta dagoen kontuan hartu gabe.

Ondorio horietarako, interesdunak eskaera-inprimakian aurreko hiru zergaldietan jasotako bestelako de minimis laguntzak adieraziko ditu.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.

17. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.2 artikuluan xedatutakoarekin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), emandako dirulaguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Gainera, laguntza horien gaineko informazioaren eta kontrolaren ondorioetarako, informazioa lagako da Europako Funtsen Sistemekin dirulaguntza horiek kudeatzeko eta kontrolatzeko ezarritako sistemen artean.

I. eranskina.–Dirulaguntza eskaera.

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, adierazten duena ez zaiela kalte nabarmenik eraginen (DNSH) sei ingurumen-helburuei, bat etorriz 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluarekin.

III. eranskina.–Mugarria eta helburua.

IV. eranskina.–Interes-gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA)

V. eranskina.–Planeko jarduketak gauzatzeko konpromisoaren adierazpena.

Deskargatu I. eranskinetik V. eranskinera bitarte (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2204565