74. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

168/2022 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Osasun Departamentuak ikerketa proiektuak sustatzeko diru-laguntzen 2022ko deialdia. DDBN identifikazioa: 615622.

Osasun Departamentuak beharrezkotzat jotzen du Nafarroan osasun zientzietako ikerketa sustatzea, zenbait legek ezarritakoarekin bat (Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legea; Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legea; Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legea eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legea), eta, orobat, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen hamargarren tituluan, “Osasunaren irakaskuntza eta ikerketa” izenekoan, aurreikusitakoa betetzeko. Era berean, Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuan Ikerketa Sustatzeko Programaren helburua da ikerkuntza eraginkortasunez txertatzea osasun zerbitzuen agendan eta lan kolektiboan. Programa hori Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 22ko 87/2014 Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

Bestalde, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategian (2021-2027) ezarritako lehentasunezko arloen artean osasuna ageri da, osasun arloko ekosistema berritzailearen zientzia sustatzea helburu duena, ezagutza zientifikoa sortzea, aintzat hartzea eta aplikatzea bultzatuz.

Horiek horrela, Osasun Departamentuak ikerketa proiektuak sustatzeko diru-laguntzen deialdiaren helburua da 2022. urtean ikerketa proiektuak sustatzea osasunean zein Nafarroako Osasun Sisteman eraginik eta oihartzunik handiena duten arloetan, zentro eta jakintza-arlo ezberdinetako profesionalen arteko lankidetza sustatzeko. Proiektu horiek diziplina biomedikoen eta soziosanitarioen eta osasun zientzien arlokoak eta urte anitzekoak izanen dira.

Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretuaren bidez, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuaren esku utzi zen Osasun Departamentuaren finantzaketaren bitartez egiten den ikerketa biomedikoaren deialdiaren kudeaketa.

Espedienteko txosten teknikoak eta juridikoak adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta oinarri arautzaileak, legezkoak.

Azaldutakoaz baliatuta, ikusirik Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako txostena, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Osasun Departamentuak ikerketa proiektuak sustatzeko dirulaguntzen 2022ko deialdia, ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan ezarritako oinarriek arautuko dutena.

2. Deialdi hau finantzatzeko, guztira, 1.383.537 euroko gastua baimentzea, honela banatuta:

–A modalitatea: 816.289 euro Nafarroako sare publikoko osasun zentroei, Nafarroan kokaturiko unibertsitateei edo irabazi-asmorik gabeko Nafarroako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei atxikitako ikertzaileek edo ikertzaile nagusiek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako. Modalitate honetara 544.193 euro bideratuko dira 2022an, 163.258 euro 2023an, eta 108.838 euro 2024an.

–B modalitatea: 401.226 euro Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua) ikertzaileek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako, baldin eta ikerketa taldeko langileen %50 gutxienez Osasun Departamentukoak eta aipatutako erakunde autonomoetakoak badira. Modalitate honetara 267.484 euro bideratuko dira 2022an, 80.245 euro 2023an, eta 53.497 euro 2024an.

–C modalitatea: 83.011 euro Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako erizainek edo gizarte-langileek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako, baldin eta ikerketa taldeko langileen %50 gutxienez Osasun Departamentukoak eta aipatutako erakunde autonomoetakoak badira. Modalitate honetara 55.341 euro bideratuko dira 2022an, 16.602 euro 2023an, eta 11.068 euro 2024an.

–D modalitatea: 83.011 euro Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetako langileek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako, baldin eta ikerlarien %50 gutxienez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetakoak badira. Modalitate honetara 55.341 euro bideratuko dira 2022an, 16.602 euro 2023an, eta 11.068 euro 2024an.

Aipatutako gastua baimentzea, 922.359 euro, 2022ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Osasun Zientzietako ikerketa-proiektuak” izeneko 512002 51300 7819 465102 partidaren kargura egotziko da: 276.707 euro, 2023. urteko aurrekontu ekitaldiari dagokion partidaren kargura, eta 184.471 euro, 2024. urteko aurrekontu ekitaldiari dagokion partidaren kargura.

Hiru aurrekontu-ekitaldi horietan, urte bakoitzeko gastuen aurrekontuan kreditua nahikoa eta egokia izatearen menpe egonen da aurreikusitako zuzkidura hori aplikatzea.

Halaber, 2022ko, 2023ko edo 2024ko ekitaldietan partida horietako edozeinetan diru erabilgarri gehiago izanez gero, deialdi honetan hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio; gehienez ere 982.359 euro 2022an, 366.707 euro 2023an eta 274.471 euro 2024an.

3. Ebazpen hau igortzea Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, Ogasuneko kontu-hartzaile delegatuari, Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegoari eta Ebaluaziorako Batzorde Teknikoko kideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atariaren tramiteen katalogoan argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko martxoaren 9an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, Osasun Departamentuak ikerketa proiektuak sustatzeko diru-laguntzen 2022ko deialdiarenak

1.–Xedea eta helburu publikoa.

Deialdi honen xedea da 2022an zehar ikerketa proiektuak sustatzea osasun zientzien arloan, biztanleriaren osasuna hobetzen laguntzeko. Sustatuko diren ikerketa proiektuetan ikerketa klinikoaren, osasun publikoaren edo osasun zerbitzuen eta zerbitzu soziosanitarioen inguruko arloak landu beharko dira. Osasuna hobetzera edo ikerketa biomedikoko prozesuak eta teknologiak hobetzera ere bideratzen ahalko dira.

Lau modalitate daude:

–A modalitatea, Nafarroako sare publikoko osasun zentroei, Nafarroan kokaturiko unibertsitateei edo irabazi-asmorik gabeko Nafarroako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei atxikitako ikertzaileek edo ikertzaile nagusiek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako.

–B modalitatea, Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua) ikertzaileek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako, baldin eta ikerketa taldeko langileen %50 gutxienez Osasun Departamentukoak edo aipatutako erakunde autonomoetakoak badira.

–C modalitatea, erizainek edo gizarte-langileek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako, baldin eta ikerketa taldeko langileen %50 gutxienez Osasun Departamentukoak edo haren erakunde autonomoetakoak badira.

–D modalitatea, Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetako langileek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako, baldin eta ikerketa taldeko langileen %50 gutxienez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetakoak badira.

Osasun Departamentukoak edo haren erakunde autonomoetako ikertzaileek gidatutako osasun zientzietako proiektuek zilegi izanen dute A eta B modalitateetan aurkeztea.

C edo D modalitateetan aurkezten diren proiektuak soilik aurkezten ahalko dira bi modalitateetako batean, nahiz eta bi modalitateetan bete oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak.

Ez bada ezarritako zenbatekoa agortzen modalitateren batean, sobera geratzen den zenbatekoa beste modalitateei aplikatzen ahalko zaie, ordena honi jarraikiz: lehenik eta behin, edozein modalitatetako soberakina B modalitateari esleituko zaio, bigarrenik C modalitateari, hirugarrenik D modalitateari eta laugarrenik A modalitateari.

2.–Erakunde onuradunak. Entitateek bete beharreko baldintzak.

2.1. Honako hauek izan daitezke dirulaguntza hauen onuradun:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitate publiko eta pribatuak, I+G+b arloko jarduerak egiten eta/edo kudeatzen dituztenak, ezagutza zientifikoa edo teknologikoa sortzen dutenak edo ezagutza hori biomedikuntzaren arloan edo osasun zientzien edo teknologien arloan aplikatzen eta helarazten laguntzen dutenak.

b) Unibertsitate publikoak, unibertsitate institutuak eta unibertsitate pribatuak, I+G+b arloko gaitasuna eta jarduna frogaturik dutenak Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz.

2.2. Entitate horiek, deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jaso ahal izateko, osasun zientzien arloko ikerketa proiektuak aurkeztu behar dituzte, zeinak ikertzaile nagusi batek gidatutako ikerketa talde batek egin beharko baititu.

2.3. Bete beharko dituzte, orobat, deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak.

3.–Proiektuen betebeharrak.

Entitate onuradunek aurkeztutako ikerketa proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Xede berdinerako finantziaziorik edo dirulaguntzarik ez jaso izana, ezta ebatzi gabeko deialdi batean eskatu izana ere.

b) Deialdi honen 1. oinarrian ezarritako arloren batekoak izatea.

c) Bi edo hiru urteko iraupena izatea. Ez da onartzen tarteko iraupenik.

d) Ikertzaile nagusi bakarra izendatzea, proiektuaren exekuzio zientifiko-teknikoaz arduratuko dena.

e) Eskatutako kopurua ezin da izan proiektuaren iraupenaren arabera finantzatu beharreko zenbatekoa baino handiagoa (%15eko kudeaketa-gastuak barne).

4.–Ikerketa taldeak bete beharrekoak.

4.1. Ikerketa taldea ikertzaile nagusi batek eta ikertzaile laguntzaile batek edo zenbaitek osatuta egonen da.

4.2. Ikertzaile nagusiak baldintza hauek beteko ditu:

a) Ez egotea, deialdi honetan eskaerak aurkezteko azken egunean, Osasun Departamentuak finantzatzen duen eta aktibo dagoen inongo proiektutako taldean, ez ikerlari nagusi gisa, ez laguntzaile gisa. Proiektuek aktibo egoteari uzten diote Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak, dagokion txostenaren bidez, azken justifikazioarekin ados dagoela adierazten duenean.

b) Deialdi honetan proiektu bakarrarekin parte hartzea; edonola ere, proiektu bera A eta B modalitateetara aurkez daiteke 1. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

c) Zentro hauetako bati atxikita egotea dirulaguntza emateko ebazpenaren datara bitarte:

–A modalitaterako: Nafarroako sare publikoko osasun zentro bati edo Nafarroan kokaturiko unibertsitate bati atxikita egotea, edo irabazi-asmorik gabeko Nafarroako beste erakunde publiko edo pribatu bati.

–B modalitaterako: Osasun Departamentuari edo haren erakunde autonomoetako bati (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua) atxikita egotea.

–C modalitaterako: Osasun Departamentuari edo haren erakunde autonomoetako bati atxikita egotea erizain edo gizarte-langile gisa.

–D modalitaterako: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Oinarrizko Laguntza zentro/talde bati atxikita egotea.

d) Aurreko puntuan adierazitako zentro publiko edo pribatuekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako lotura izatea, gutxienez ere deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontzesioaren ebazpena eman arte.

Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren ikerlari nagusiak lotura galtzen badu, entitate onuradunak eskatu beharko du ikertzaile nagusia edo zentroa aldatzeko. Ikertzaile nagusia aldatzen badu, pertsona hori ez da ikertzaile nagusi edo laguntzaile gisa aritzen ahalko Osasun Departamentuak finantzatuta abian dagoen beste ezein proiektutan. Zentroa aldatzen badu, zentro berriak 2. oinarrian ezarritako baldintzak bete beharko ditu dirulaguntzari eusteko.

e) Osasun prestakuntza espezializatuko programa bat egiten ez aritzea goiko d) letran adierazitako epe berean.

4.3. Ikertzaile laguntzaileek baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ez egotea, deialdi honetan eskaerak aurkezteko azken egunean, Osasun Departamentuak finantzatzen duen eta aktibo dagoen inongo proiektutako taldean.

b) Deialdi honetan proiektu bakarraren eskaeran parte hartzea; edonola ere, proiektu bera A eta B modalitateetara aurkezten ahal da 1. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

5.–Zenbatekoa zehaztea.

Entitate bakoitzari emanen zaion dirulaguntza %100ekoa izanen da, oinarri hartuta III. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz hautatutako proiektuen kostua. Hala ere, ez dira gaindituko 80.000 euroak proiektuko, haren iraupena 3 urtekoa bada, eta 50.000 euroak, 2 urteko iraupena badu. Aipatutako kopuruan kudeaketa-kostuek egon beharko dute (kopuru osoaren %15).

Azkeneko proiektuarentzat gelditzen den finantzaketa ez bada iristen eskatutakoaren %100era, soberako gerakinari dagokion ehunekoa eman diezaiotela proposatuko da, baldin eta portzentaje hori eskatutakoaren %60 baino gehiago bada, baina behin betiko kontzesioaren proposamena egin baino lehen, entitate onuradunari hamar egun naturaleko epea eskainiko zaio aukera dezan ea dirulaguntza hori onartzen duen (kasu horretan, diruz laguntzen ez den zatia kofinantzatu egin beharko du) edo uko egiten dion. Baldin eta aukeratzen badu dirulaguntza onartzea, proiektua osorik exekutatu beharko da, eskaeran adierazitakoarekin bat. Diruz laguntzen ez den zatia kofinantzatzeko asmoz, kanpoko finantzaketa osagarria eskatzen ahalko da, eta 18. oinarriko d) apartatuan ezarri bezala jakinarazi beharko da.

Gertatzen bada berdinketa dagoela %100eko finantzaketa lortzen ez duten proiektuen artean eta aski kreditu ez badago bakoitzari gutxienez %60 emateko, finantzaketa lortzeko lehentasuna izanen du/dute, kasua bada, puntuazio handiena lortu duen/duten proiektuak/proiektuek 10. oinarrian aipatzen den Ikerketarako Estatuko Agentziak egindako kalifikazioa kontuan hartuta, eta hari emanen zaio geratzen den kreditu guztia, baldin eta proiektuaren kostuaren %60 baino gehiago bada.

6.–Gastu finantzagarriak.

6.1. Onartzen den finantzaketa ondoren aipatzen diren gastuak estaltzeko erabiliko da, baldin eta proiektuaren exekuzioarekin zuzeneko lotura badute eta eskaerarekin batera aurkeztutako memorian jaso baldin badira:

a) Langile teknikoak kontratatzeko gastuak. Proiektua gauzatzeko, parte hartzen duten erakundeekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako loturarik ez duten langile teknikoak kontratatzen ahalko dira, proiektua gauzatzeko aurreikusitako denbora osoan edo zati batean aritzeko. Kontzeptu horren barrenean gehienez ere 49.000,00 euro finantzatuko dira proiektuko, Gizarte Segurantzako kuotak barne.

b) Proiektua gauzatzeko gastuak, honakoak barne:

–Material inbentariagarria (18.000 euro, gehienez), proiektua gauzatzeko ezinbestekotzat jotzen bada, zentroan eskura ez dagoena edo, eskura egon arren, gutxienez %80an behar dena proiektua gauzatzeko. Berariaz salbuesten dira altzariak eta instalazioak, baita ekipo informatikoen erosketa ere.

Bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

  • Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko dirulaguntzarik jaso ez dutela adierazteko.
  • Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasazio independente batek egiaztatuko du hori.

–Material suntsikorra.

–Zerbitzu profesionalak, ordukako kalkulua adierazita, edo egindako lan unitateka (inkestak, aholkularitzak, etab.). Jarduera hirugarrenekin azpikontratatzen bada, ez da gainditzen ahalko proiektu osorako eskatutako kopuruaren zenbatekoaren %50.

–Bestelako gastu osagarriak, diren bezalakoak izateagatik aurreko ataletan sar ez daitezkeenak. Biltzar eta bilera zientifikoetara joateko gastuak ez dira finantzatuko.

Ekipamenduko ondasunen horniduraren edo emandako zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada, hori azken memorian justifikatuko da, espresuki.

c) Kudeaketa-kostuak. Proiektuari ematen zaion zenbatekoaren barruan %15 sartuko da, proiektuaren kudeaketarekin lotutako gastuetarako.

6.2. Aurkezten diren gastuak, betiere, proiektuaren helburuak lortzeko beharrezkoak izanen dira, eta behar bezala justifikatu beharko dira.

6.3. Ikerketa taldeko kideek, osasun prestakuntza espezializatua egiten ari diren profesionalak barne, ez dute inolako ordainsaririk jasotzen ahalko proiektuaren kargura.

6.4. Oinarri hauen babesean lortzen den finantzaketa bateraezina izanen da helburu bera izanik lor daitekeen beste edozein laguntzarekin edo dirulaguntzarekin, salbu eta 5. oinarrian xedatutakoa.

7.–Eskabideak.

7.1. 2. oinarrian ezarritako entitateek eskaera bat aurkeztuko dute dirulaguntza jasotzea nahi duten proiektu bakoitzeko, agiri hauekin batera:

–1. agiria. Eskaera, entitateko zuzendari kudeatzaileak sinatua. Agiri horretan dagokion proiektuaren ikerketa arloa zehaztuko da, II. eranskinaren arabera.

–2. agiria. Entitateko zuzendari kudeatzaileak, ikertzaile nagusiak eta ikerketa taldeko kide guztiek sinatutako lankidetza hitzarmena, zeinetan ikerketa taldeak eta ikertzaile nagusiak beren onespena adierazten baitute proiektua entitatearen barruan egin dadin. Hitzarmen horrekin batera proiektuaren ikertzaile nagusiaren zentroko zuzendaritzaren adierazpena aurkeztuko da, non adieraziko baita proiektua bat datorrela erakundeak ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloetan dituen lan ildoekin, eta proiektua eta eskatutako ordu guztiak baimentzen direla, eta, hala, ordu horiek ikertzailearen lanaldiaren barrenean konputatuko direla. Kontzeptuz kontzeptuko eta urtez urteko aurrekontu xehakatua erantsiko da.

–3. agiria. Ikerketa proiektuaren memoria, eta haren atalen artean sartu beharko da ikerketa proiektuaren emaitzak aplikatuz gero aurreikusten den eragina.

–4. agiria. Ikerketa-taldeko kide guztien curriculum vitaea, proiekturako interes handieneko alderdiak zein diren adierazita. Horretarako, oinarri honetako 2. atalean xedatutakoari jarraikiz eskura dagoen eredu normalizatua erabiliko da, edo Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT), https://cvn.fecyt.es/, erakundearen curriculum vitae normalizatua (CVN) baldin eta azken horrek bere baitan biltzen badu Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoko eredu normalizatuan zehazten den informazio berbera (eragin faktorea, etab.).

Ez dira ikerketa-taldeko kidetzat hartuko aholkularitza zereginak besterik egiten ez dituzten parte-hartzaileak, ezta 6.1.a) atalaren arabera kontratatu diren pertsonak ere.

–5. agiria. Ikertzailea edo ikertzaile nagusia zein zentrotan ari den, bertako Ikerketaren Etika Batzordeak egindako txostena, deialdian aurkeztutako proiektuaren balorazio positiboa egiten duena. Zentroan Ikerketaren Etika Batzorderik ez badago, Nafarroako Foru Komunitateko Botikekiko Ikerketaren Batzorde Etikoak eginen du ebaluazioa. Saio kliniko bat izanez gero, txosten bana egin beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Botikekiko Ikerketaren Etika Batzordeak eta Osasun Ministerioko Botiken eta Osasun Produktuen Agentzia Espainiarrak. Proiektuarekin batera, Batzordearen hartu-agiria edo sarrera-erregistroa besterik ez da aurkeztu beharko; txostena, betiere, laguntza ematearen gaineko behin betiko ebazpenaren aurretik aurkeztu beharko da.

–6. agiria. Ikerlari nagusiak xede berdinerako finantziaziorik edo dirulaguntzarik ez duela jaso eta ebatzi gabeko deialdi batean eskaerarik ez duela egin ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

–7. agiria. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak luzatua, entitateak, haren administratzaileek eta/edo ordezkariek “dirulaguntzen onuradun” izateko debekurik urratzen ez dutela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

–8. agiria. Entitate eskatzailearen adierazpena, non adostasuna emanen baitu Osasun Departamentuak Nafarroako Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko ea eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Baldin deklarazio hori izenpetu nahi ez badu, aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

7.2. Dokumentazio normalizatua Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura daiteke: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/

8.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/

8.2. Eskaerak akats konpongarriren bat baldin badu, instrukzio organoak mezu elektroniko baten bidez eskatuko dio entitateari 10 egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta jakinaraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela eta eskaera artxibatuko dela, behar den ebazpena emanda.

8.3. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

8.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

9.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

9.1. Arau hauetan ezarritakoaren ondorioetarako, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari esleitzen zaizkio prozedura antolatzeko eta tramitatzeko eginkizunak. Instrukzio organoak Batzorde Teknikoaren irizpenari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen denean, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala dela ulertu behar da.

9.2. Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

10.–Ebaluaziorako Batzorde Teknikoa.

Ebaluaziorako Batzorde Tekniko batek eta Ikerketarako Estatuko Agentziak ebaluatuko ditu eskaerak, proiektuei dirulaguntza emateko proposamena jaso duen irizpena ematearren. Batzordea Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen hogeigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera hautatuko da. Ondoko hauek egonen dira Ebaluaziorako Batzorde Teknikoan:

Batzordeko burua: Don Rafael Sádaba Sagredo jauna, kirurgia kardiobaskularreko espezialista. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa.

Ordezkoa: Laura María Barriuso Lapresa andrea, prebentzio-medikuntzako eta osasun publikoko espezialista. Osasun Zuzendaritza Nagusia.

Epaimahaikideak:

Javier Baquedano Arriazu jauna, Prestakuntza Ataleko burua. Osasun Zuzendaritza Nagusia.

Nerea Egües Olazabal andrea, prebentzio-medikuntzako eta osasun publikoko espezialista. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua.

Antonio García Iriarte jauna, erizaintzako diplomaduna. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.

Francisco Javier Garjón Parra jauna, Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzuko burua. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.

Itziar Casado Buesa andrea, prebentzio-medikuntzako eta osasun publikoko espezialista. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua.

Carmen Beorlegui Arteta andrea, Ezagutza Kudeatzeko Bulegoko burua. Osasun Zuzendaritza Nagusia.

Idazkaria:

María José Lasanta Sáez andrea, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua. Osasun Zuzendaritza Nagusia.

Ordezkoa: Idoia Gaminde Inda andrea, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria. Osasun Zuzendaritza Nagusia.

11.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazioko arau orokorrak.

11.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, III. eranskinean ezarritako balorazio-irizpideen arabera.

11.2. Prozedura honen arabera ebaluatuko dira instrukzio organoak tramitera onartutako eskaerak:

Proiektuak Ikerketarako Estatuko Agentziara (10. oinarrian aipatua) igorriko dira, hark ebalua ditzan III. eranskineko 1., 2. eta 3. ataletan ezarritako irizpideak aplikatuz, eta proiektu bakoitzaren txosten bat eginen du haren kalitateaz, lortutako emaitzek epe labur eta ertainera izanen duten eraginaz eta ikerketa taldearen gaitasunaz.

Ikerketarako Estatuko Agentziak 100 puntu ematen ahal ditu gehienez ere. Dirulaguntza jaso ahal izateko, A eta B modalitateko proiektuei 70 puntu edo gehiago eman beharko dio Agentziak; C eta D modalitateko proiektuen kasuan, aldiz, gutxieneko puntuazioa 50 izanen da.

10. oinarrian aurreikusitako Ebaluaziorako Batzorde Teknikoak III. eranskineko 4. atala ebaluatuko du (egokitasun estrategikoa).

Ebaluaziorako Batzorde Teknikoak, lehenbizi, deialdiaren A modalitatean aurkeztutako eskaerak baloratuko ditu, eta zein proiekturi lagundu proposatuko du. Gero, B modalitatean aurkeztutako eskaerak baloratuko ditu. Ezinezkoa izanen da proiektu bera bi modalitateetan onartzea.

A eta B modalitateen balorazioak ez du baldintzatzen C eta D modalitateen balorazioa.

11.3. Instrukzio organoari egokituko zaio aukeratutako proiektuei dirulaguntza emateko proposamen arrazoitua ematea, Ebaluaziorako Batzorde Teknikoak irizpena eman ondoren. Dirulaguntza emateko proposamena lortzen den guztizko puntuazioaren arabera eginen da, ebaluazioan emaitza onenak lortzen dituzten proiektuetatik hasita, aurreikusitako baliabide ekonomikoak agortu arte.

12.–Prozeduraren ebazpena.

12.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak eman edo ukatzea, instrukzio organoaren proposamenarekin bat.

12.2. Kontzesio ebazpenean jasoko da entitate onuradunen zerrenda, entitate bakoitzari diruz lagundutako proiektuen identifikazio zenbakia, ikertzaile nagusia, laguntzaren zenbatekoa proiektuka xehakatuta, ordainketa modua eta epea eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea, bai eta entitate bakoitzari diruz lagundu ez zaizkion proiektuen identifikazioa, arrazoiak emanda.

12.3. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta 6 hilabeteko epean ebazpen espresik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da, deusetan galarazi gabe Administrazioak ebazteko duen beharkizuna.

13.–Jakinarazpena eta publizitatea.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da.

14.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Proiektua gauzatzeko epea bi edo hiru urtekoa da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik hasita.

Diruz lagundutako proiektuak exekutatzea entitate onuradunen ardura izanen da, eta eskaeran eta entitate onuradunek ikerketa taldeekin izenpetutako lankidetza hitzarmenean jasotako terminoetan exekutatu beharko dira.

15.–Ordaintzeko prozedura.

15.1. Proiektuari emandako dirulaguntza entitate onuradunaren kontabilitate edo banku kontuan ordainduko da, proiektua eta ikertzailearen edo ikertzaile nagusiaren izena identifikatuta. Hori helburu, laguntza emateko ebazpenean 2022. urtean proiektu bakoitzari esleitutako zenbatekoak ordaintzeko aginduko da, bat etorriz ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 29.c) artikuluarekin.

15.2. Hurrengo aurrekontu-ekitaldietarako onetsitako finantzaketa urteko ordainketa batean gauzatuko da (hori ere 15/2018 Foru Legearen 29.c) artikuluan ezarri bezala), behin Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak urteko memoria (16.6 oinarrian aipatua) aztertu ondoren. Atal horrek ordaintzeko proposamena eginen du, dirulaguntzaren xedeak bete direla egiaztatuta. Gehienez 6 hilabete izanen dira ordainketa egiteko, aipatu urteko memoria osorik aurkezten denetik.

15.3. Proiektuari egozten ahal zaizkion gastuak proiektua bukatutakoan erregularizatuko dira, azken memoria aurkeztuta, eta, behar den fiskalizazioa eginda, espedientea itxi eginen da.

16.–Proiektuak aldatzea.

16.1. Behin kontzesio ebazpena emandakoan, baldin eta exekuzio baldintzetan aldaketak badaude diruz lagundutako jardueraren garapenean zehar, entitate onuradunak proiektuaren edukia aldatzeko eskatuko du Osasun Zuzendaritza Nagusian, behar bezala arrazoituta eta dokumentatuta. Edonola ere, ez da aukera eta egokitasun arrazoietan oinarritzen ahalko, ez eta erruagatik edo arduragabekeriagatik onuradunari egozten ahal zaizkion kausetan ere. Eskaera berehala aurkeztu behar da, eta gehienez hilabeteko epean, ebazpena aldatzeko eskaera justifikatzen duen inguruabarra gertatu zenetik, betiere jarduera egiteko epea amaitu aurretik. Baimena ematen ahalko du dirulaguntza ematen duen organoak, baldin eta hirugarrenen eskubideak urratzen ez baditu.

16.2. Baldin eta eskatutako aldaketak berekin badakar jardueraren helburuak edo izaera aldatzea, ez da halakorik baimentzen ahalko.

16.3. Eskatutako aldaketak jardueraren izaera edo helburuak errespetatu bai baina aldaketa baldin badakar laguntza emateko ebaluatutako baldintzetan, edota funtsezko aldaketaren bat proiektuaren edo jardueraren gastuetan edo baldintza teknikoetan, instrukzio organoari bidaliko zaizkio bai eskaera bai dagokion dokumentazioa, azter ditzan eta txostena egin dezan, gero dirulaguntza ematen duen organoari bidali eta hark erabakia har dezan.

16.4. Aldaketa eskaerak norgehiagokako prozedurari eragiten badio, ez da baimentzen ahalko. Baldin eta aldaketa eskaerak berekin badakar ematen den puntuazio berria ez iristea 11.2 atalean ezarritako gutxienezko mugara, ez da baimentzen ahalko.

16.5. Proiektuak gauzatzean, beharrezkotzat jotzen bada gastu mota bakoitzari esleitutako zenbatekoetan aldaketak egitea, betiere proiektuari emandako zenbateko osoa eta 6. oinarrian jasotako kontzeptu bakoitzari esleitutako zenbatekoak gainditu gabe, entitate onuradunak Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari egin beharko dio eskaera, idatziz eta behar bezala arrazoituz, eta atal horrek aldaketa baimenduko du, kasua bada.

16.6. Urtero, azaroaren 15a baino lehen, entitate onuradunak urteko memoria tekniko laburtua aurkeztu beharko dio Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari aldi horretan egindako jarduerari buruz eta emaitzei buruz, eta aurrekontuaren exekuzio memoria bat ere bai, zeinetan adieraziko baita jarduera horrek sortutako gastuen zerrenda eta diruz lagundutako jardueran jada exekutatu den zatiari dagokion gastu arrunta eta langileria gastua, eta gastuen justifikazioa.

Justifikazioa eginen da ikertzaile nagusiak eta entitate kudeatzailearen zuzendariak sinatutako fakturen eta gastuen zerrenda bat aurkeztuz (halakoetan, bidezkoa bada, fakturak eta ordainagiriak eskatzen ahalko dira).

17.–Azken justifikazioa.

Proiektua onartzeko ebazpenean ikerketa bukatzeko finkatzen den egunetik edo, kasuaren arabera, emandako luzapenaren amaiera-egunetik hilabeteko epean, entitate onuradunak azken memoria igorriko du Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalera, honako hauekin:

a) Memoria teknikoa, hauek zehazten dituena: parte hartu duten ikertzaileen zerrenda eta lortutako emaitzen azalpena aurkeztutako helburu bakoitzarekin alderatuta. Gainera, ikerketaren eragina deskribatzeko atal bat eduki beharko du, jardunbide klinikoan, osasun zerbitzuetan, osasun politikan, osasunaren inpaktuan, pazienteen kudeaketan, produktuen merkaturatzean edo spin-off erakundeen sorreran izanen duen eragin bibliometrikoa azaltzeko.

Egoki irudituz gero, informazio osagarria eskatzen ahalko da.

b) Proiektuak irauten duen urteei dagokien memoria ekonomiko osoa, zeinetan justifikatuko baitira izandako gastuak emandako finantzaketari dagokionez.

Justifikazioa fakturen edo froga balioa duten bestelako agirien bidez eginen da (fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari egokitua), eta ordaindu izanaren frogagiriak erantsiko zaizkie horiei.

Agiri horiekin batera zerrenda xehakatua eta zenbakitua aurkeztuko da, fakturen edo froga balioa duten bestelako agirien kontzeptuen arabera. Ikertzaile nagusiak eta erakunde kudeatzailearen zuzendariak sinatu behar dute zerrenda hori, eta adieraziko da agiriak zer proiekturi egozten zaizkion, proiektuaren zenbakia jarrita.

Interesdunen ardura izanen da aurkeztutako agiriak egiazkoak izatea.

Fakturen edo froga balioa duten bestelako agirien data bat etorriko da dirulaguntza gauzatzeko datarekin, eta justifikazio epea amaitu aurretik ordaindu direla ziurtatu beharko da.

Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak agiri horiek aztertuko ditu, eta egoki iruditzen zaizkion ikuskapenak egiten ahalko ditu, baita bidezko erregulazioak proposatu ere. Ondoren, dagokion txostena emanen du.

18.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehazturiko moduan gauzatzea jarduera.

b) Oinarri hauetan eskatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Organo emaileari jakinaraztea ea lortu dituzten diruz lagundutako jarduera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, finantzaketa hori baimentzen duen ohiz kanpoko kasuan, 5. oinarrian ezarritakoarekin bat. Hori jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.

e) Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan eta, oro har, ikerketa proiektuaren emaitzak zabaltzeko edozein bitartekotan, ohar bat erantsi beharko da proiektuak Nafarroako Gobernuaren finantzaketa izan duela adierazteko. Produkzio horien berri Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari emanen zaio, proiektuaren espediente zenbakia eta sortzen diren argitalpenak zehaztuta, kontuan izan gabe azken memoria noiz igorri zen.

f) Proiektua gauzatuko duen zentroak edo erakundeak aseguru bat izan beharko du hirugarrenak eta zentroa bera estaltzeko proiektua gauzatzearen ondoriozko arriskuen aurrean.

g) Ikerketa proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Helsinkiko Adierazpenean, Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean eta Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsalean ezarritako oinarrizko printzipioak, bai eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta ikerketa biomedikoaren arloan aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzak ere.

h) Animaliekin saiakuntzak egiten dituzten proiektuek indarra duen lege araudian ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan xedatutakoa. Errege dekretu horren bidez, oinarrizko arau batzuk ezarri ziren saiakuntzak egiteko eta beste helburu zientifiko batzuetarako, irakaskuntza barne, erabiltzen diren animaliak babesteko.

i) Saiakuntza klinikoak diren proiektuek indarra duen lege araudian ezarritakoa bete beharko dute, abenduaren 4ko 1090/2015 Errege Dekretuaren arabera. Errege dekretu horrek arautzen ditu botikekin egiten diren saiakuntza klinikoak, botikekiko ikerketaren etika batzordeak eta Azterlan Klinikoen Espainiako Erregistroa.

j) 19. oinarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, hori egiteko betebeharra badute.

k) Diruz lagundutako proiektu bakoitzean, sarreren eta gastuen kontuak bereiz eramatea.

l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

19.–Gardentasun betebeharrak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kargura dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateak behartuta daude ondoren aipatzen diren arauetan jasotako dokumentazioa aurkeztera, baldin eta, entitate pribatuak izanik, jasotako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa bada urte batean (hots, aurrekontu ekitaldiari lotutako urte natural batean) edo jasotako dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 badira gutxienez, betiere 5.000 eurora iristen badira. Hauek dira aipatu arauak: Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikulua, eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituena. Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan duen dedikazio mota.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitate onuradunak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du. Emateko ebazpenarekin batera aitorpen eredu bat bilduko da, eta hilabeteko epean igorri beharko da, ebazpena jasotzen denetik hasita.

Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo onartutako aurrekontua.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu behar dirulaguntza bakoitzerako, hasieran eman zituen datuak aldatzen ez badira behintzat.

Entitate publikoen kasuan, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak eskatzen duen informazio osoa argitaratu ezean, informazio hori igorri beharko dio organo kudeatzaileari, entitate pribatuek egiten duten bezala.

Onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko betebeharra, horrek ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ordaindu gabe utziko da onartutako dirulaguntza, eta, ezer kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

20.–Emaitzetan parte hartzea.

Ikerketaren emaitzaren jabe intelektuala proiektua gauzatzen duen taldea izanen da.

21.–Datuen babesa.

Bai eskaeran, bai aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Osasun Departamentuaren dirulaguntzen kudeaketari dagozkion datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuko Atarian ikus daiteke, honako helbide honetan: http://www.gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datu-pertsonalen-tratamendua

22.–Laguntza itzultzea.

22.1. Proiektuaren finantzaketa eten daiteke, eta hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

22.2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

22.3. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

Gertatuko balitz laguntza itzultzea ez-betetze bat gertatu delako, dirulaguntza jaso duen entitate onuraduna izanen da erantzule Osasun Departamentuaren aurrean.

23.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen den dirulaguntzaren onuradun diren entitateak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak ezartzeko, honako hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea.

24.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

25.–Oinarri arautzaileen aurka bidezko diren errekurtso administratiboak.

Oinarri arautzaile hauen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

II. ERANSKINA

Ikerketarako Estatuko Agentziaren ikerketa arlo tematikoak

1. arloa.–CSO / Gizarte zientziak.

2. arloa.–DER / Zuzenbidea.

3. arloa.–ECO / Ekonomia.

4. arloa.–MLP / Gogamena, lengoaia eta pentsamendua.

5. arloa.–FLA / Kultura: Filologia, literatura eta artea.

6. arloa.–PHA / Iraganeko ikasketak: Historia eta arkeologia.

7. arloa.–EDU / Hezkuntza zientziak.

8. arloa.–PSI / Psikologia.

9. arloa.–MTM / Matematika zientziak.

10. arloa.–FIS / Zientzia fisikoak.

11. arloa.–PIN / Ekoizpen industriala, ingeniaritza zibila eta gizartearentzako ingeniaritzak.

12. arloa.–TIC / Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.

13. arloa.–EYT / Energia eta garraioa.

14. arloa.–CTQ / Zientzia eta teknologia kimikoak.

15. arloa.–MAT / Materialen zientziak eta teknologiak.

16. arloa.–CTM / Ingurumenaren zientziak eta teknologiak.

17. arloa.–CAA / Nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien zientziak.

18. arloa.–BIO / Biozientziak eta bioteknologia.

19. arloa.–BME / Biomedikuntza.

III. ERANSKINA

Ikerketa proiektuak ebaluatzeko baremoa

Eskaerak irizpide hauek aplikatuz ebaluatuko dira:

Lehenbiziko 3 atalak Ikerketarako Estatuko Agentziak izendatutako adituek ebaluatuko dituzte, berdinen arteko berrikuspen prozesuaren bidez.

1. Kalitatearen eta interes zientifikoaren balorazioa (50 puntu gehienez). Honako hauek baloratuko dira:

a) Hipotesia eta helburuak (25 puntu gehienez), honako azpi-irizpide hauekin bat:

–Hipotesiaren eta helburuen argitasuna, zehaztasuna eta egokitasuna (12 puntu gehienez): argitasuna, zehaztasuna eta proiektuarekiko egokitasuna baloratuko dira.

–Proiektuaren gai berariazkoaren ezagutza zientifiko-teknikoen aurrekariak eta egungo egoera (13 puntu gehienez): baloratzeko, kontuan hartuko dira ikerketaren testuingurua, marko teoriko kontzeptuala garatzea, proposatutako ikerketa aferari buruzko deskribapen integrala egitea, gaiari buruz dauden ezagutzen berrikuspena eta horiek jasotzea bibliografia eguneratu eta osatu batean.

b) Metodologia: proiektuaren metodologiaren alderdi azpimarragarrienak eta mugapen nagusiak baloratuko dira, eta batez ere metodoa egokia ote den proposatutako helburuetarako (diseinua, xedeko biztanleria, aldagaiak, kalitatea neurtzeko mekanismoak, datuen analisia, azterketaren mugak) (25 puntu gehienez).

Metodoaren ebaluazioan, oso alde handia dago bizitzaren zientzien arloko proiektuetan, gizakiekin egindako azterketak izan edo ez izan. Oro har, proiektu guztiek honako hauek frogatu beharko dituzte:

–Aztertuko den lagina balekoa dela planteatzen diren helburuetarako.

–Erabiliko diren metodoak eskuratzeko modukoak direla taldearentzat.

–Kontuan hartu direla gerta litezkeen ezusteko eta bazterketak, lortutako emaitzen baliozkotasuna mugatuko dutenak.

Gizakiak erabili behar dituzten azterketen proiektuak izanez gero, puntuazioa irizpide hauen arabera emanen da:

–Ezin hobea (20 eta 25 puntu bitarte): diseinua zuzena bada, hautatutako biztanleria aipatzen bada eta zuzena bada, laginketa aipatzen bada eta zuzena bada, laginaren tamaina aipatzen bada eta egoki kalkulatzen, aldagaiak aipatzen eta azaltzen badira, datuen analisia aipatzen eta azaltzen bada, eta proposatutako helburuekin bat badator.

–Hala-holakoa (10 eta 19 puntu bitarte): diseinua, hautatutako biztanleria, laginketa eta datuen analisia nahiko argi ondorioztatzen ahal badira, laginaren tamaina aipatzen bada eta aurretiazko zentzuzko esperientzian oinarritzen bada.

–Gutxienekoa (0 eta 9 puntu bitarte): diseinua, hautatutako biztanleria eta laginketa ez badira aipatzen eta/edo ez badira argi ondorioztatzen, laginaren tamaina ez bada aipatzen, aldagaiak ez badira aipatzen eta datuen analisia ez bada jasotzen.

Baldin eta, proiektu batean, metodoak deskribatzerakoan teknika sail bat aipatu besterik egiten ez bada, helburuekin lotura zuzenik izan gabe, horrek agerian uzten du proposatzen den ikerketaren gaineko ezagutza eza, eta, beraz, puntuazioa 0 izanen da horrelakoetan.

Antzeko irizpideak erabiliko dira beste azterketa mota batzuen puntuazioa emateko orduan.

2. Ikerketa proiektuaren emaitzen eraginaren aurreikuspena epe laburrean eta epe ertainean (25 puntu gehienez). Honako hauek baloratuko dira:

a) Proiektuaren eragina, bai osasunean dituen emaitzen ikuspegitik (heriotza-tasa, gaixotze-tasa, pazientearen autonomia eta bere buruaz baliatzeko gaitasuna) (5 puntu gehienez), bai ekitatea aintzat hartuz (gizatalde kalteberekin jardutea, osasunari lotutako alderdi sozialak, etikoak edo lege arlokoak ebaluatzeko gaitasuna) (5 puntu gehienez).

b) Osasun zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa hobetzeko gaitasuna (segurtasun klinikoa, zerbitzuen koordinazioa eta informazio sistemak hobetzea, eta/edo jardun klinikoaren aldakortasuna murriztea) (10 puntu gehienez).

c) Aukera izatea proiektuaren emaitzek patenteak sortzeko, produktuak merkaturatzeko edo spin-off konpainiak eratzeko (5 puntu gehienez).

3. Egingarritasuna: baloratuko da zer gaitasun duen ikerketa taldeak proiektua aurrera ateratzeko proposatutako terminoetan, kontuan hartuz, bereziki, taldearen aurretiazko esperientzia, ikerketa taldeak duen gaitasuna proiektuan programatutako jarduerak egiteko, eta lan planaren eta proiektua kudeaketaren egokitasuna (25 puntu gehienez). Honako hauek baloratuko dira:

a) Ikertzaile nagusiaren eta ikerketa taldeko gainerako kideen gaitasun zientifiko-teknikoa: jakintza arloa, eragin faktorea eta beste ikerketa proiektu batzuetan izandako parte-hartzea (15 puntu gehienez). 2015etik aurrerako produkzioa eta parte-hartzea soilik hartuko dira kontuan, edo 2014etik aurrerakoa, baldin eta ikertzaileak frogatzen badu 2015etik eskaerak aurkezteko azken egunera arteko aldian amatasuneko, aitatasuneko, bularra emateko edo senideak zaintzeko baimenak eduki dituela.

“Argitalpenak” atalak %70eko pisua izanen du, eta “Proiektuak” atalak, berriz, %30ekoa.

–Argitalpenen atalean (10,5 puntu gehienez), gehieneko puntuazioa emanen da ikertzaile nagusiak artikuluak erregulartasunez argitaratzen dituenean Journal Citation Report-en dauden aldizkarietan, egile nagusi gisa agertzen bada (lehen egilea, azken egilea edo korrespondentziako egilea) lehenengo kuartileko argitalpenetan (batez beste 1-2 argitalpen urtean), argitalpen horietako bat, gutxienez, lehenengo dezilean egonik.

Puntuazio ertaina emanen da (5 puntu) proiektuko ikertzaile batek artikuluak erregulartasunez argitaratzen dituenean Journal Citation Report-en dauden aldizkarietan (batez beste 1-2 argitalpen urtean), egile nagusi gisa agertzen bada (lehen egilea, azken egilea edo korrespondentziako egilea) lehenengo kuartileko bi argitalpenetan.

–Proiektuen atalean, lehiaketa-deialdietan finantzatutakoak bakarrik hartuko dira kontuan (4,5 puntu gehienez), gehieneko puntuazioa emanen da ikerketa taldeko kideetako bat gutxienez (ikertzaile nagusia nahiz kolaboratzaileak) ikertzaile nagusi izan denean modu erregularrean proiektu nazionaletan edo europarretan (batez beste 1 proiektu 3-4 urtez behin). Puntuazio ertaina emanen da (2 puntu) ikerketa taldeko kide bat, behintzat, ikertzaile nagusi izan denean beste proiektu batzuetan, autonomia erkidegoetakoak barne.

b) Lan plana (10 puntu gehienez). Baloratuko da kronograma bat aurkeztea, zeinetan deskribatuko baitira fase nagusiak, proiektuaren fase bakoitzean egin beharreko lanak, mugarriak eta arduradunak zehaztuta (5 puntu gehienez); organigrama soil bat, hierarkiak eta lan fluxuak azaltzen dituena proiektuari lotutako pertsonen eta taldeen artean (2 puntu gehienez); eta baliabideak kudeatzeko plan bat, zehazten duena zein diren beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak.

4. Egokitzapen estrategikoa (10 puntu gehienez). Nafarroako 2014-2020 Osasun Planean lehenetsitako arlo eta ildoetara, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 51. artikulura eta gaixotasun transmitigarrien inguruko ebidentzia zientifikoetara proiektua zenbateraino egokitzen den ebaluatuko da, baremo honen arabera:

–Osasunaren prebentzioa eta sustapena (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu, baldin eta tabakoa, nutrizioa, obesitatea eta ariketa fisikoa lantzen baditu.
  • Beste puntu 1, baldin eta haurtzaroa eta nerabezaroa lantzen baditu.
  • Beste 2 puntu, baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea, desgaitasuna murriztea eta autonomia pertsonala sustatzea, edo hilkortasun goiztiarra eta saihesteko modukoa gutxitzea.
  • Beste puntu 1, baldin eta emakumeen eta gizonen gaixotze-tasa diferentziala aztertzen bada.

–Minbizia (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: prostatako minbizia, koloneko, ondesteko eta uzkiko minbizia, bronkioetako edo biriketako minbizia, bularreko minbizia, edo gaixotasunaren/tratamenduaren sekuela fisikoak: linfedema, ostomia, ahotsa berreskuratzea, etab.
  • Beste puntu 1, baldin eta hau lortu nahi bada: oinarrizko ikerketa, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen ebaluazioa edo gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
  • Beste 2 puntu, baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, edo norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea.
  • Beste puntu 1, baldin eta emakumeen eta gizonen gaixotze-tasa eta/edo heriotza-tasa diferentziala aztertzen bada.

–Osasun mentala (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu, baldin eta suizidioak eta autolesioak lantzen baditu.
  • Beste puntu 1, baldin eta honako hauek lantzen baditu: gaixotasunaren etiologia, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta/edo ebaluazioa edo gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
  • Beste 2 puntu, baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: morbilitatea jaistea eta patologien larritasuna murriztea, edo norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea.
  • Beste puntu 1, baldin eta genero-desparekotasunak emakumeengan duen eragina aztertzen bada, osasun mentalari, gaixotze-tasari eta heriotza-tasari dagokionez.

–Gaixotasun neurologikoak eta neurodegeneratiboak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: Parkinson-en gaixotasuna, esklerosi anizkoitza edo Alzheimer-en gaixotasuna.
  • Beste puntu 1, baldin eta hauek lantzen baditu: hautematea eta baheketa, oinarrizko ikerketa, gaixotasunaren etiologia, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
  • Beste 2 puntu, baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea, edo desgaitasuna murriztea eta autonomia sustatzea.
  • Beste puntu 1, baldin eta emakumeen eta gizonen morbimortalitate diferentziala aztertzen bada.

–Denboraren menpeko larrialdiei arreta ematea (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: infekzioak, sepsiak eta shock septikoak, trauma kranialak eta politraumatismoak, erreanimazio maniobra kardiakoak, gaixotasun zerebro-baskularra eta min toraziko akutua.
  • Beste puntu 1, baldin eta hauek aztertzen baditu: osasunean izanen diren emaitzen arrisku faktore iragarleak, edo pazienteen arretaren denbora-sekuentzia.
  • Beste 2 puntu, baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, edo norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea.
  • Beste puntu 1, baldin eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak neurtzen badira.

–Gaixotasun baskularrak eta endokrinoak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu, baldin eta honako hauek lantzen baditu: balbuletako alterazioak, miokardioko infartu akutua, ateroesklerosis koronarioa, gaixotasun zerebro-baskular akutua, diabetes mellitusa eta horren konplikazioak (erretinopatia, nefropatia, etab.).
  • Beste puntu 1, baldin eta honako hauek lantzen baditu: osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen ebaluazioa edo gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
  • Beste 2 puntu, baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea, hilkortasun goiztiarra eta saihesteko modukoa gutxitzea, edo jasangarritasuna sustatzea.
  • Beste puntu 1, baldin eta emakumeen eta gizonen morbimortalitate diferentziala aztertzen bada.

–Arnasbideetako gaixotasunak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: asma, gripea, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa eta bronkiektasiak, edo pneumonia.
  • Beste 1 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: etiologia, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, edo tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta/edo ebaluazioa.
  • Beste 2 puntu, baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, edo norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea.
  • Beste puntu 1, baldin eta emakumeen eta gizonen morbimortalitate diferentziala aztertzen bada.

–Paziente pluripatologikoak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu, baldin eta osasun laguntzako mailen eta diziplina anitzeko mailen arteko harremana lantzen badu.
  • Beste puntu 1, baldin eta tratamendu eta esku-hartze terapeutikoak garatzen edo ebaluatzen baditu.
  • Beste 2 puntu, baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea, desgaitasuna murriztea eta autonomia pertsonala sustatzea, edo jasangarritasuna sustatzea.
  • Beste puntu 1, baldin eta emakumeen eta gizonen morbimortalitate diferentziala aztertzen bada.

–Zainketa aringarriak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: nekea, linfedema, delirioa, goragalea, kakexia, etab., laguntza soziala, familiarena, erlijiosoa, alderdi komunikatiboak, galdera zailak, kontraesanak dituen informazioa, pazientearen inplikazioa, laguntza psikologikoa: depresioa, desmoralizazioa, antsietatea, etab.
  • Beste puntu 1, baldin eta hauek lantzen baditu: zainketen koordinazioa eta integrazioa, familia medikuaren rola zainketa aringarrietan, edo tratamendu farmakologikoa eta ez-farmakologikoa.
  • Beste 2 puntu, baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea edo desgaitasuna murriztea eta autonomia pertsonala sustatzea.
  • Beste puntu 1, baldin eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak aztertzen badira.

–Mina (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: min neuropatikoa, artrosiari lotua, osteoporosiari lotua, bizitzaren amaieran, zefaleak, metastasia, gaixotze-tasa altua eta min muskuloeskeletikoa duten adinekoen kasuan.
  • Beste puntu 1, baldin eta hauek lantzen baditu: minaren ebaluazioa, arreta integrala, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta/edo ebaluazioa.
  • Beste 2 puntu, baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea, desgaitasuna murriztea eta autonomia pertsonala sustatzea edo jasangarritasuna sustatzea.
  • Beste puntu 1, baldin eta emakumeen minan eragina duten desberdintasun biomedikoak eta genero-baldintzapenak (gizartea, kulturala eta hezkuntzarekin lotutakoak) aztertzen badira.

–Pazienteen segurtasuna (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu, medikazio akatsak lantzen baditu.
  • Beste puntu bat, baldin eta hauek lantzen baditu: taldeko lana, segurtasun tresnak (hala nola check-list-a, pazienteen transferentzia txantiloiak, etab.), jakinarazpen sistemak, komunikazio eta informazio prozesua, gertaera kaltegarrien epidemiologia eta arrisku faktoreak, eskumenak, profesionalen entrenamendua eta abileziak, edo pazienteen segurtasun adierazleak garatzea.
  • Beste 2 puntu, baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea edo hilkortasun goiztiarra edo saihesteko modukoa gutxitzea.
  • Beste puntu 1, baldin eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak aztertzen badira.

–Osasuna eta generoa (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu, baldin eta ikerketa genero-indarkerian edo sexu- eta ugalketa-osasunean ardazten bada.
  • Beste 2 puntu, baldin eta genero-arrakala txikitzeko proposamenak hautematen ardazten bada.
  • Beste puntu 1, baldin eta osasun sistemetan ematen den arretan dauden desberdintasunak aztertzen badira.
  • Beste puntu 1, baldin eta gizatalde kalteberak ikertzen badira.

–Gaixotasun transmitigarriak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu, baldin eta osasun publikoan eta osasun sistemen antolakuntza hobetzean ardaztuta badago.
  • Beste 2 puntu, baldin eta SARS-CoV-2 edo COVID-19aren gaixotasunari buruzko ikerketa bat bada.
  • Beste puntu 1, baldin eta gizatalde kalteberak ikertzen badira.
  • Beste puntu 1, baldin eta emakumeen eta gizonen gaixotze-tasa diferentziala aztertzen bada.

Iragarkiaren kodea: F2204050