72. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

29E/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 17koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita 2022. urtean dirulaguntzak emateko arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateei, hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitatean garrantzitsuak izan eta estatuan proiekzioa dutenei. DDBN identifikazioa: 615880.

Kulturaren hirugarren sektorea eta haren inguruko egiturak –irabazi asmorik gabe eta interes orokorreko helburuekin osatzen direnak– funtsezkoak dira kultur jardueraren garapenerako eta, azken batean, baita herritarrek kultura berdintasunez eskuratzeko ere. Horrek munta handia du; izan ere, Espainiako Konstituzioak berak garrantzi handia ematen dio kulturari: aitzinsolaseko bosgarren paragrafoan haren aipamena egiten du, aurrerapenaren dimentsio kulturalaz ari dela, eta 44. artikuluan ezartzen du botere publikoek bermatu behar dutela kultura herritarren eskueran egotea, eta, orobat, kultura bultzatu beharra dutela, espainiar guztien eskubide besterezina baita; garrantzi hori Nafarroako legedian ere jasota dago, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen 2. artikuluan.

Kultur egitura horiek funtsezkoak dira kulturaren jarduna egiteko eta, azken batean, herritarrek kultura parekotasunez eskuratzeko. Egitura horiek desagertu edo ahulduko balira kanpoko arrazoi ezohikoengatik edo larrialdiengatik, herritarrek Konstituzioan ezarritako eskubide bat galduko lukete, eta, hortaz, botere publikoek ez lituzkete arau konstituzional eta foru arauetako betebeharrak konplituko.

COVID-19ak eragindako osasun krisia bat-batean agertzeak eta, horren ondorioz, agintariek herritarren jardun arrunta mugatzeko salbuespeneko neurriak hartzeak oso eragin negatiboa izan dute kultur egitura horien funtzionamenduan eta jardueran.

Egoera horren aurrean, deialdi honetan jasotako laguntza ekonomikoek eta laguntza neurriek helburu dute, funtsean, Nafarroako kulturaren hirugarren sektoreko egiturei eta haren sormen jardunari eustea, bestela ezinezkoa bailitzateke kulturaren jardun arruntera itzultzea.

Kultur Ekintza Zerbitzuak egin duen txostenean proposatu du deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onestea 2021. urtean dirulaguntzak emateko Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateei, hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitatean garrantzitsuak izan eta estatuan proiekzioa dutenei, horretarako 480.000 euroko gastua baimentzea eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, kontuan harturik hala helburua nola baldintzak betetzen direla, baita gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak ere, eta ikusirik kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdi bat onestea 2022. urtean dirulaguntzak emateko arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateei, hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitatean garrantzitsuak izan eta estatuan proiekzioa dutenei.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4816-334106: Dirulaguntzak Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzat

2022

480.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko martxoaren 17an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO ARTE ESZENIKO ETA MUSIKALEN HIRUGARREN SEKTOREKO ENTITATEEI, HAIN ZUZEN, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN GARRANTZITSUAK IZAN ETA ESTATUAN PROIEKZIOA DUTENEI, DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2022KO DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da laguntza ekonomikoak eta babes neurriak arautzea sostengua emateko arte eszeniko eta musikalen arloan Nafarroako hirugarren sektore kulturalean aritzen diren entitate garrantzitsuen kultur egiturei, bai eta entitate horiek etenik gabe egiten duten jarduera eta proiektu kulturalen programa osoari ere.

Deialdi honen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko hirugarren sektore kulturaleko entitate garrantzitsua da ezaugarri hauek dituena:

–Irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuak izatea, helburu dutenak programazio kultural bat egitea urte osoan etenik gabe arte eszeniko eta musikalen arloan. Deialdi honen ondorioetarako, urte osoan etenik gabe egiten den programazio kultural eta publikoa da etenik gabe 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra arte egiten dena.

–Laurogei mila (80.000) eurotik gorako aurrekontu onartua aurkeztea.

–Nafarroako Foru Komunitateaz haragoko jarduketa eremua izatea. Hori behar bezala jasota egonen da estatutuetan edo eraketa eskrituran.

–Urteko programazio kultural bat aurkeztea, biltzen dituena batik bat modu iraunkorrean entitateari lotutako pertsonek egin dituzten jarduera publikoak.

–Gutxienez 4 jarduketa programatzea Nafarroako Foru Komunitatean 40.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan.

–Elkarteen kasuan, frogatzea bazkideen kopurua 100 edo hortik gorakoa dela. Federazioen kasuan, entitate federatuen bazkide kopurua baino ez da kontuan hartuko.

1.2. Jarduerak 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitarte egiten ahalko dira.

1.3. Entitate bakoitzak programazio bakar bat aurkez dezake.

1.4. Arte eszeniko eta musikaletako jardueren programazioaren asmoa da eragin positiboa sortzea Nafarroako kulturgintzako eragileetan, COVID-19aren pandemiak ekarri duen krisiaren aurrean laguntzeko.

2. Entitate onuradunen betebeharrak.

2.1. Laguntza hauen onuradun izan nahi duten entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi asmorik gabeko elkarte edo fundazio bat izatea, estatutuetan ezarria daukana bere xede eta helburuen artean dagoela arte eszeniko eta musikalekin lotutako jarduerak egitea.

b) Legez 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

2.3. Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

1. Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza nagusia duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

2. Sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

3. Nafarroako 2022ko aurrekontu orokorretan partida izenduna duten entitateak.

2.4. Ezin dira onuradun izan honako deialdi honetan laguntza jasotzen duten entitateak: Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateei dirulaguntzak emateko 2022ko deialdia, jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak finantzatzekoa.

3. Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Deialdi honen aurrekontu-zuzkidura 480.000 eurokoa da, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko aurrekontuen kargura.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70etik gorakoa, ez eta 80.000 eurotik gorakoa ere.

Kasu guztietan, eskatzen den zenbatekoa izanen da muga.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkezten duen aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien zenbatekoak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Dirulaguntzaren zenbatekoa entitateak eskatzen duena adinakoa izanen da, betiere goian adierazitako mugak betetzen badira eta, hala badagokio, kasuan kasuko murrizketa aplikatuta.

3.3. Proiektuak aurkeztu eta bakoitzaren aurrekontuak onartu ondoren, unitate kudeatzaileak proiektuen artean banatuko du dirulaguntza, lehentasun hurrenkerari jarraikiz, dirulaguntzaren zenbatekoa agortu arte.

Gerakinik badago, baina puntuazio hurrenkeran hurrengoa den proiektuarentzat eskatutako aurrekontua baino txikiagoa bada, eskatzaileari eska dakioke berregin dezala hasiera batez aurkeztutako proiektua.

Nolanahi ere, proiektua berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Ezin izanen da murriztu hasierako aurrekontuan sartuta dagoen eta entitatearen beraren baliabideekin (jarduera diruz lagungarriak sortzen ez dituztenekin) finantzatzen den kopurua.

b) Proiektua berregin ondoren banatzen den azken dirulaguntzak errespetatu beharko ditu ezarrita dauden gehieneko ehunekoak.

Edozein kasutan, eskatzaileak onar dezake, ala ez, proiektua berregitea.

Berregindako proiektua onartuz gero, Ebaluazio Batzordeak oniritzia eman beharko dio, laguntza eman aurretik.

Berregitea onartu ezean, unitate kudeatzaileari jakinarazi beharko dio, hark berregiteko aukera eskain diezaien hurrengo proiektuei, puntuazio hurrenkeraren arabera.

Laguntzak esleitzeko ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko 8. oinarriko 1. atalean 15 puntu baino gutxiago lortzen duten proiektuak.

4. Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Entitate bakoitzak proiektu bat aurkez dezake. Proiektutzat hartuko da entitateak, proposatutako helburuak lortzeko, epe jakin batean eta ezarritako aurrekontuarekin garatzen dituen jardueren multzoa.

Proiektuetan honako hauek jasoko dira:

–Izena.

–Garatu beharreko jardueren deskribapen zehatza: atal honetan, proiektuaren helburuak, horiek lortzeko eginen diren ekintzak eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak zehaztuko dira.

II. eranskinera egokituko da.

–Proiektu osoaren aurrekontua; zehazki, aurreikusitako jarduerei esleitutako aurrekontuak.

Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

Proiektuaren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da entitateak proiektuari aurre egiteko dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratudunak) eta baliabide materialak (azpiegiturak) koherenteak direla.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

5.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.navarra.es).

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta Tramiteen Katalogoko fitxan egonen dira eskuragarri:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/2022ko-deialdia-dirulaguntzak-ematearren-nafarroako-arte-eszeniko-eta-musikalen-hirugarren-sektorean-nafarroako-foru-komunitatean-garrantzitsuak-izan-eta-estatuan-emanaldiak-izaten-dituztenei

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea modu elektronikoan. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

5.3. Eskaeraren berariazko inprimakiari nahitaez erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da.

Dokumentazio guztia eskaneatua aurkeztuko da, ongi bereizitako eta behar bezala identifikatutako agirietan:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Legez 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, gehienez ere 30 foliotan idatzia, DIN A-4 formatuan, alde batetik idatziak, ohiko tipografian, gutxienez 11 puntuko letra mota erabilita, II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

Ez da baloratuko tamaina hori gainditzen duen informazioa.

e) Proiektuaren datu ekonomikoak laguntza-fitxan eskuragarri dagoen III. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza izanen da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten taldeek eta entitate artistikoek ez dituzte aurreko puntuko a, b eta c ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non agiri horietan ez den aldaketaren bat izan.

5.5. Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun naturaleko epean akatsa zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

5.6. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak badira eta deialdi honetan ezarritako epean egiten badira.

Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira, orobat, dirulaguntzaren xedeko proiektua edo jarduera aurrera eramateko izandako gastuak, berreskuratu ezin direnak, baldin eta proiektua ezin izan bada osorik edo zati batean egin agintaritza eskudunek COVID-19aren osasun krisiari aurre egiteko harturiko neurrien ondorioz, eta, betiere, gastu horiek behar bezala frogatuz gero.

Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzeneko kostuak.

1. Entitate onuradunak izaera tekniko-administratiboko eta zuzendaritza tekniko-artistikoko eginkizunetarako kontratatutako langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, betiere proiektuan jasotako ekintzak egiteko beharrezkoak diren langileenak, kontratazioa lan araubidean egiten den kasuetan; edo ordainsariak edo zerbitzua ematearen kostuak, kontratazioa merkataritza-araubidean egiten den kasuetan.

Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira izaera tekniko-administratiboko eta zuzendaritza tekniko-artistikoko eginkizunetan diharduten langiletzat: administrazio eginkizunak, eginkizun teknikoak, gerentzia eta koordinazioa, zuzendaritza teknikoa, zuzendaritza artistikoa, zuzendaritza exekutiboa eta prestakuntza-lanak betetzen dituztenak.

Gehieneko portzentaje bat ezartzen da: onartutako aurrekontuaren %50, eta 40.000 euroko muga entitate bakoitzeko.

Langile horiek entitatearekin lotura badute, baldintza hauek ere bete beharko dira kontratatu ahal izateko:

I.–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzekin bat egin beharko da.

II.–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuak baimena eman ondoren eginen da kontratazioa.

Kontzeptu honengatik lortzen den zenbatekoa berariaz agertuko da II. eta III. eranskinetan.

2. Entitate onuradunak kontratatutako artisten soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, betiere proiektuan jasotako ekintzak egiteko beharrezkoak direnenak, kontratazioa lan araubidean egiten den kasuetan; edo ordainsariak edo zerbitzua ematearen kostuak, kontratazioa merkataritza-araubidean egiten den kasuetan.

6.1.1 puntuan aipatutako eginkizun tekniko-administratiboak eta zuzendaritza tekniko-artistikoari loturiko eginkizunak betetzeko kontratatutako langileek ezin izanen dute artista gisako gasturik aurkeztu.

3. Proiektua gauzatzeko kontratatzen diren artisten ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak.

Gastu horiek jarraian azaltzen diren mugak izanen dituzte, eta zerbitzua egiten duen enpresak emandako faktura aurkeztu beharko da, salbu eta norberaren ibilgailua erabiltzen bada, kasu horretan behean azaltzen den irizpidea aplikatuko baita:

a) Ostatu gastuak: bakarrik Nafarroaz kanpotik etortzen badira; gau bakoitzeko, 60 euro ordainduko dira gehienez.

b) Mantenu gastuak: otordu bakoitzeko (bazkaria eta afaria) 20 euro ordainduko dira. Ez dira onartzen gosariak, kafeak, pintxoak...

c) Joan-etorriak: joan-etorrien gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko da, jarduera bati lotuta egindako kilometroekin.

–Norberaren ibilgailua erabiliz gero, 0,33 euro kilometro bakoitzeko.

–Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, 0,43 euro kilometro bakoitzeko.

–Ibilgailua alokairukoa denean, alokairuaren kostua.

–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.

4. Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola, espazioen, ekipamenduen eta bitarteko materialen alokairua, eszenografia, jantziak eta material kontsumigarri oro, baita proiektuko ekintzak gauzatzeko behar diren beste batzuk ere.

5. Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako, digitalizaziorako eta merkaturatzeko gastuak.

6. Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (114/2017 Foru Dekretua, abenduaren 20koa).

7. Diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren finantza gastuek dirulaguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

8. Covid-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz, jendaurreko kultur emanaldiak prestatzeko edo egiteko nahitaezkoak diren edo osasun agintaritzak gomendatzen dituen materialak erosteko edo zerbitzuak emateko egindako gastuak.

9. Arte eszenikoen eta musikalen proiektuen parte diren jarduerek sortutako gastuak, baldin eta proiektu horiek erabat edo partzialki gauzatu ezin izan badira agintari eskudunek COVID-19aren intzidentziari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz.

b) Zeharkako kostuak.

1. Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu aldakorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Langileriaren gastu finkoak ez dira zeharkako gastu gisa onartuko.

Hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

2. Proiektu bakoitzerako zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuak egon beharko dute, eta ez dira izanen proiektuaren kostu osoaren %15 baino handiagoak.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

Azken kasu horretan, salbuetsita dago 6.1 puntuan ezarri dena dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskura edo konpentsa dezakeena, bai eta antzeko zergak eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

d) Deialdi honetako 6.1.a)1 oinarriko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) 6.1.a) 1 atalean sartzen ez diren pertsonen mantenu gastuak (bazkaria/afaria) eta joan-etorrien gastuak.

f) Ordezkaritza, senidetze, omenaldi, protokolo, sari edo antzekoetarako gastuak, bai eta elikagaiak, edariak edo antzekoak erostekoak ere.

g) Autobide gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak.

7. Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxan (www.nafarroa.eus). Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat, eta, hori izan ezean, Kultura Zuzendaritza Nagusiko teknikari bat, ahotsarekin baina botorik gabe.

c) Batzordekideak: Kultur Ekintza Zerbitzuko burua eta bi aditu, deialdiaren xede diren arloetakoak, bai alde artistikoari bai ekonomikoari dagokienez. Aditu horietako bat Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kide izanen da.

7.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. Batzordekideek proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte baloratzeko.

2. Balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak informazioa eska diezaieke entitateei edozein bidetatik, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko (ez da aurrez aurreko agerraldirik izanen).

3. Onetsitako aurrekontuak ezarrita daudela, ebaluazio batzordeak proiektuen puntuazioa zehaztuko du, 8. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.

Batzordeak irizpen lotesle bat emanen du, eskatzaileek lortutako emaitzak bilduko dituena.

4. Proiektuei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, kontuan harturik 3. oinarrian finkatutako mugak:

–Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

–Organo kudeatzaileak lehentasun hurrenkerari jarraikiz banatuko ditu laguntzak proiektuen artean, bakoitzak lortzen duen puntuazioaren arabera, dirulaguntzetarako finkatutako zenbatekoa agortu arte.

–Gerakinik badago, baina puntuazio hurrenkeran hurrengoa den proiektuarentzat eskatutako aurrekontua baino txikiagoa bada, entitate eskatzaileari eska dakioke berregin dezala hasiera batez aurkeztutako proiektua.

Nolanahi ere, proiektua berregitean, 3. oinarrian zehazturiko dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere. Edonola ere, proiektu berreginaren aurrekontua ezin izanen da, inola ere, hasieran aurkeztutakoa baino %20 txikiagoa izan.

7.4. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8. Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoaren berri III. eranskineko inprimakiaren bidez emanen da (informazio ekonomikoari buruzko inprimakia da).

Oinarri honetan ezarritako irizpideak aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari. Dirulaguntza jasotzeko, eskaerek gutxienez 15 puntu lortu behar dituzte 8.1.a) azpiatalean. Proposamenaren interesa eta kalitatea.

Oker betetzen diren datuak edo funsgabeak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

8.1. Proposamenaren kalitate artistikoa. (50 puntu gehienez)

a) Proposamenaren interesa eta kalitatea (25 puntu gehienez).

Irizpide honen bidez, proposatzen den programazioaren interesa eta kalitate artistikoa baloratuko dira.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

25

Ongi

20

Nahikoa

15

Hala-holakoa

10

Eskasa

5

Urria

0

b) Proposamenak nolako ekarpena egiten dion Nafarroako kultur eskaintzari.

Nafarroako kultur eskaintzaren orekari egiten dion ekarpena baloratuko da, eta, bereziki, Iruñeko Topaketen 50. urteurrenaren (1972) ospakizunekin duen lotura. (5 puntu gehienez).

Horretarako, kontuan hartuko da antzeko proposamenik dagoen Nafarroan, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Ez dago antzeko proposamenik

5

Antzeko proposamenak, 5 baino gutxiago

3

Antzeko proposamenak, 5etik 10era

1

Antzeko proposamenak, 10 baino gehiago

0

c) Proposamenaren esperimentazio eta berrikuntza maila (teknologiaz kanpo), Nafarroan lehendik zegoen kultur eskaintzaren aldean (5 puntu gehienez).

Baloratuko da noraino den berritzailea Nafarroako oraingo panoramaren aldean, kontuan izanik ikuspegi berriak eta originalak dituen (gaiak, formatuak, metodologiak, jardueraren eragina gisa horretako ekimenak ohikoak ez diren eremu batean, etab.).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

2,5

Urria

1,0

d) Entitate eskatzailearen ibilbidea eta esperientzia (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan, entitatearen ibilbidea baloratuko da, baita haren jarraitutasuna eta egonkortasuna ere, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

20 urtetik gorako ibilbidea

5,0

10 urte baino gehiago eta 20 urte arte

4,5

5 urte baino gehiago eta 10 urte arte

3,5

3 urtetik 5era bitarte

2,5

3 urtetik behera

1,0

e) Gaitasuna partaidetzarako bideak irekitzeko eta mantentzeko eta lankidetza eta koprodukzio sareak osatzeko beste eragile batzuekin (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan baloratuko dira beste eragile batzuekin parte hartzeari edo lankidetzan aritzeari lotuta dauden ekimenak, proposatutako jardueran jasota daudenak, proposatutako programa diseinatu, kudeatu eta egiteko orduan.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

2,5

Urria

1,0

f) Marketin eta komunikazioa (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan baloratuko da nolako koherentzia duen proposamenaren komunikazio planak.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

2,5

Urria

1,0

8.2. Proposamenaren kudeaketa (bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa) (25 puntu gehienez).

a) Bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez).

Proposamen batek bideragarritasun ekonomiko handiagoa du baldin behar adinako finantzaketa badu; eskatutako diru kopurua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta puntu gehiago emanen zaizkio, horrek frogatzen duelako behar adinako finantzaketa duela proposatutako kultur jarduera aurrera eramateko.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

%0tik %30era arte

15

%30 baino gehiago, %40 arte

10

%40 baino gehiago, %50 arte

8

%50 baino gehiago, %60 arte

6

%60 baino gehiago, %65 arte

4

%65 baino gehiago, %70 arte

2

b) Aurrekontu-zorroztasuna (10 puntu gehienez).

Aurrekontuetan jasotako partidak egokiak eta zehatzak izatea baloratuko da, eta aurrekontua prestatua izatea ekonomia eta efizientzia irizpideei jarraikiz; horrez gainera, baloratuko da jarduera gauzatzeko behar diren partida guztiak ekonomikoki ongi mugatuak izatea.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso handia

10

Handia

7

Nahikoa

5

Eskasa

2

Urria

0

8.3. Proposamenaren eragina (zeharkako irizpideak). 25 puntu gehienez.

a) Proposamenean euskara erabiltzea (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan baloratuko da ea euskara erabiliko den proposatutako programazioan.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Handia

5,0

Ertaina

2,5

Urria

0,0

b) Genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzea, bai entitatearen antolamenduan (rol profesionalen banaketa sexuaren eta barne-ekintzen arabera), bai programaren helburu eta ekintzetan:

–2 puntu: desberdintasunaren gaiari modu espezifikoan eta kritikoan heltzen dioten proiektuak, edo genero-rolak eta -estereotipoak haustearekin eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorrari ekarpena egitearekin zuzenean lotutako ekintza positiboak garatzen dituztenak.

–2 puntu: sorkuntzako, zuzendaritzako eta kudeaketako rolen banaketa paritarioa aurreikusten duten proiektuak.

–1 puntu: desberdintasun egoerak detektatzen eta zuzentzen laguntzen duten barne ekintzak egiten dituzten entitateak (prestakuntza, berdintasun planak, jazarpenari aurre egiteko protokoloak, familia-kontziliaziorako erantzunkidetasuna sustatzea eta antzekoak).

c) Neurririk hartu den bermatzearren proposamena iristen zaiela bazterketa arriskuan daudenei eta/edo dibertsitate funtzionala dutenei (5 puntu gehienez).

Irizpide hau baloratzeko, oinarri hartuko dira eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuak. Baloratuko da aurkeztutako programazioan neurriak txertatzea dibertsitate funtzionala dutenengana iristeko eta haien parte-hartzea bultzatzeko.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

1,5

Urria

0,0

d) Entitateak egindako ahaleginak publiko berriak erakartzeko bitartekaritza eta hezkuntza ekintzen bidez, batez ere 0-11 urte bitarteko haurrak, 12-35 bitarteko gazteak eta talde eta pertsonarik kalteberenak (5 puntu gehienez).

Irizpide hau baloratzeko, oinarri hartuko dira eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuak.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

1,5

Urria

0,0

e) Adierazleak erabiltzea proposatutako programaren interes soziala eta kulturala baloratzeko (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan, eskaerako txostenean jasotako datuak baloratuko dira: erabili diren adierazleak eta haien eragina (kulturan eta tokiko kultur eragileengan, lurraldean eta herritarrengan, ingurumen jasangarritasunean, desberdintasunean...), haztapen taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Handia

5,0

Nahikoa

2,5

Urria

0,0

9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuz jakinaraziko dira:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/2022ko-deialdia-dirulaguntzak-ematearren-nafarroako-arte-eszeniko-eta-musikalen-hirugarren-sektorean-nafarroako-foru-komunitatean-garrantzitsuak-izan-eta-estatuan-emanaldiak-izaten-dituztenei

Gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio eskabidean adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

Deialdiaren ebazpena Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da (Navarrería kalea 39, Iruña).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, deialdia kudeatzen duen organora jo dezakete interesdunek, posta elektronikoko helbide honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira.

Ondorio horretarako, eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

11. Entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharraren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritakoarekin bat, foru lege horrek Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf Edo Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalaren bidez, deialdi hau kudeatzen baitu.

Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

11.3. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Onuradunak laguntza jasotzen duen proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektuak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela.

11.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko, organo kudeatzailearen adostasuna beharko da aurretik; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela.

Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta hori deskribatzen duen testu bat erakutsi (Diruz laguntzen du:..., Honako honek diruz laguntzen du...).

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak).

Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

Gainera, musika arloan dirulaguntza jasotzen duten proiektuek marka hau erantsi beharko dute beren komunikazio guztietan: Navarra Live Music (https://navarralivemusic.com/).

11.7. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

11.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

11.11. Entitateak egiten dituen jarduerei buruzko informazioa emanen dio Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari, behar den aurrerapenarekin, Nafarroako Gobernuaren webgunean eta beste baliabide batzuetan aldizka zabal dadin.

11.12. Entitateak aurreko 11.11 oinarrian aipatzen den ebaluazio txostenean jasotako proiektuari buruzko informazioa osatu beharko du genero berdintasunari buruzko memoria batekin. Memoria horren helburua izanen da Nafarroako kultur sektoreak genero ikuspegiari dagokionez duen errealitatea ezagutzen laguntzea eta autoebaluazioa egitea. Horretarako, honako gidoi honi jarraituko zaio eta VI. eranskineko ereduaren arabera beteko da:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetako karguetan, lan plantillako postuetan eta masa sozialean.

–Egindako jardueren edukiari buruzko gogoeta: genero-rolaren edo -estereotipoaren hausturan nola eta noraino eragiten duen ezartzea (zehaztu eta justifikatu labur-labur).

–Jardueretan izan den parte-hartzea, sexuaren arabera bereizita:

• Egindako jardueren egileak (egileak emakumezkoak diren, gizonezkoak edo anonimoak). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.

• Proiektuaren edo hura osatzen duten jardueren zuzendariak edo kudeatzaileak (gizonezkoak edo emakumezkoak diren). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.

• Programatutako jardueretan izan den parte-hartzea, sexuaren arabera bereizita.

–Diruz lagundutako proiektuaren eta entitatearen autobalorazioa, genero-dimentsioari dagokionez.

11.13. Deialdi honen dirulaguntzaren xedeko jarduerek, bai eta horien zabalkundeak ere, aintzat hartu beharko dituzte Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren aldetik baztertzailea ez den hizkerari buruz argitaratutako gomendioak:

http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

12. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har:

Oro har, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo, bestela, partzialki, proiektuaren %25, %50 eta %75 gauzatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Eskabidea, honako hauek adierazita: ordainketa mota (orokorra) eta eskatutako zenbatekoa.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

c) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

d) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira.

Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

e) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

f) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

g) Proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Konturako ordainketen eskaerak 2022ko urriaren 13ra arte bakarrik aurkezten ahalko dira, egun hori barne.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioan:

a) Konturako ordainketaren eskaera eta eskatutako zenbatekoa.

b) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

c) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, zer nolako ordainketa den adieraziz (aurrerakina), eta dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik jaso behar dituela frogatzeko dokumentazio egokia aurkeztu (egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, eta egiteko dauden kobrantzen eta ordainketen zerrenda, hilabeteka banakatua).

Aurrerakina eskatzeko epea bi hilabetekoa izanen da, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik hasita.

13. Justifikatzeko epea eta modua.

13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean edozein aukeratzen dela ere, dirulaguntzaren likidaziorako, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2022ko azaroaren 11 baino lehen, egun hori barne:

a) Azken likidazioaren eskaera eta eskatutako kopurua.

b) 12.1 oinarrian (b, c, d) eskatutako dokumentazioa.

c) Proiektuaren bukaerako memoria.

d) Proiektuan egindako jarduerei buruzko ebaluazio txostena.

e) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Ekitaldiko urteko kontuak.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Hala ere, konturako ordainketaren bat egin bada, onuradunek hilabeteko epean aurkezten ahalko dituzte frogagiriak, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea bukatzen denetik hasita (2022ko abenduaren 1a), betiere horietan agertzen bada gauzatze epe horren barnean dauden gastuei dagokien ordainketa dela (fakturak eta merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten agiriak).

Ordainketa partzialen bat edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Dirulaguntza eman izanaren justifikazioa ere justifikazio kontuaren bidez egiten ahalko da, auditoretza-txostena aurkeztuta.

Justifikazio kontu horren gaineko auditoretza-txostena onuradunak eginen du, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatua dagoen jarduneko kontu-auditore baten bidez.

Txosten horiek baldintza hauek betez eginen dira:

–Txostena maiatzaren 17ko EHA/1417/2007 Aginduan ezarritakoarekin bat eginen da. Agindu horren bidez, kontu-auditoreek dirulaguntzen justifikazio kontuak berrikusteko lanetan bete beharreko jarduketa-araua onetsi zen.

–Auditoretza-txostena justifikazio kontuaren gainean eginen da, eta bertan jarduera bakoitzaren gastu eta diru-sarreren zerrenda sailkatu bat agertuko da, honako hauek adierazita: agiri zenbakia, jarduera, jaulkipen data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren data.

Azkeneko justifikazio kontu hori bakarra izanen da, eta onuradunak deialdiaren epean zehar aurkeztutako tarteko justifikazio kontu guztiak hartuko ditu bere baitan.

–Gainera, justifikazio kontuak jarduketen memoria bat izan behar du.

–Txosten horien kontratazioa onuradunek eginen dute.

–Onuraduna behartuta dagoenean auditore batek urteko kontuak ikuskatu diezazkion, auditore berak berrikusten ahal du justifikazio kontua.

13.3. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

13.4. Laguntza ematea onartzen denerako jarduera egina duten proiektuen kasuan, laguntza eman zaiela jakinarazi eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazio hori.

13.5. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da.

Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

Onartutako aurrekontuaren zenbateko osoa justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako dirulaguntzaren arteko portzentaje bera.

Prozeduraren fase hau ebazteko, dirulaguntza hartzen duen entitateak erregistro ofizialaren bidez epearen barruan aurkeztutako dokumentazioa bakarrik hartuko da kontuan.

Justifikazioaren edukia egoki haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

Dirulaguntzaren espedientea kudeatzen duen unitateak argibideak eskatzeko jarduketaren bat egiten badu, jarduketa horrek ezin du ekarri dokumentu batzuk beste batzuekin ordezkatzea, ez eta, oro har, gerora sortutako dokumentuak aurkeztea ere.

13.6. Dokumentazio hori jaso eta aztertu ondoren, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du. Kasua bada, gaizki kobratutako zenbatekoak itzultzeko espedientea irekiko da.

14. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

14.2. Kasu guztietan, bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura eta Kirol Departamentuak proiektu bererako ematen duen beste edozein dirulaguntzarekin.

14.3. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14.4. Dirulaguntza hauek, norgehiagokako araubidean emanen direnak, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne merkatuarekin, bat etorriz Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.d) artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

15. Laguntza itzultzea.

Entitate onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun printzipioari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

16. Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzat joko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu badira eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hornidura hori egiten edo zerbitzu hori ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

17. Arau-hausteak eta zehapenak.

17.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

17.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa izanen da.

18. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

19. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

20. Eredu edo txantiloien zerrenda.

Honako dokumentu hauek eskuragarri egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-atarian, Tramiteen Katalogoan:

I. eranskina.–Eskabidea.

II. eranskina.–Proiektuaren memoria.

III. eranskina.–Eskaeraren datu ekonomikoak.

IV. eranskina.–Mezenasgoa.

V. eranskina.–Gardentasunari buruzko adierazpena.

VI. eranskina. –Genero-memoria.

VII. eranskina.–Gastuen justifikazioaren datu ekonomikoak.

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/2022ko-deialdia-dirulaguntzak-ematearren-nafarroako-arte-eszeniko-eta-musikalen-hirugarren-sektorean-nafarroako-foru-komunitatean-garrantzitsuak-izan-eta-estatuan-emanaldiak-izaten-dituztenei

Iragarkiaren kodea: F2204132