72. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

28E/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 17koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, dirulaguntza deialdi hau onesten duena: “Nafarroako udalentzako dirulaguntzak Foru Komunitateko udal agertokietan arte eszeniko eta musikal profesionalen programazioa bultzatzeko (Udal Platea Local 2022)”. DDBN identifikazioa: 615986.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatzen da Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onestea Foru Komunitateko udal agertokietan arte eszeniko eta musikalen programazioa bultzatzeko 2022. urtean (Udal Platea Local), horretarako 708.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta, kontuan harturik betetzen direla gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen helburua, baldintzak eta betebeharrak, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea Foru Komunitateko udal agertokietan arte eszeniko eta musikal profesionalen programazioa bultzatzeko (Udal Platea Local 2022).

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4609-334100: Udaletako kultur ekintzetarako laguntzak

2022

708.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko martxoaren 17an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO UDALEI UDAL PLATEA LOCAL IZENEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2022KO DEIALDIA, FORU KOMUNITATEKO UDAL AGERTOKIETAN ARTE ESZENIKO ETA MUSIKAL PROFESIONALEN PROGRAMAZIOA BULTZATZEKOA. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea eta helburua.

1.1. Dirulaguntzen xedea da sostengua ematea udalek egiten duten arte eszenikoen eta musikalen programazioari, publikoekin bitartekaritza egiteko jarduerei eta, orobat, artista elkartuen egoitza eta beste ekintza batzuei, arte eszenikoen eta musikalen arloko profesionalak kontratatuz Nafarroako Foru Komunitateko udalen titulartasunekoak diren barruko agertokietarako.

1.2. 2021eko azaroaren 8tik 2022ko azaroaren 6ra, biak barne, egiten diren arte eszenikoen eta musikalen arloko ikuskizun profesionalen programazioa du xede deialdi honek.

1.3. Deialdi honen ondorioetarako, hauek dira arte eszenikoen eta musikalen arloko profesionalak: Ekonomia jardueren gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legean jarduera artistikoen epigrafeetan sartzen diren jardueretako batean aritzen diren enpresak eta profesionalak.

Ez dira talde profesionaltzat hartuko irabazi asmorik gabeko elkarteak eta fundazioak.

1.4. Jardueren programazioaren asmoa da eragin positiboa izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean. Eragin hori, hain zuzen, 11.1.d) oinarrian adierazitako generoari buruzko memorian jaso beharko da.

1.5. Jardueren programazioaren bidez eragin positiboa sortu nahi da Nafarroako kulturgintzako eragileetan, eta horiei laguntzea Covid-19aren eraginari aurre egiteko.

2. Entitate onuradunen betebeharrak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2.2. Bi baldintza hauetako bat betetzen duen udalerri bat izatea:

a) Nafarroako Antzoki Sarea elkarteko agertoki baten titularra izatea.

b) 8. puntuan jasotako baldintzak betetzen dituen agertoki baten titularra izatea. Baldintza horiek udaleko idazkariaren ziurtagiriaren bidez frogatu behar dira, ziurtagirian alkatearen oniritzia jasota.

2.3. Aurrekoez gain, onuradun izan daitezke, orobat, udalek beren agertokiak zuzenean kudeatzeko dituzten erakunde edo entitateak.

2.4. Kategoria bakoitzean honako baldintza hauek betetzea:

a) A kategoria.

–Baldintza hauek bete beharko dira:

1.–Populazioa: 20.001 biztanletik 40.000 biztanlera bitarte izatea (biak barne) 2022ko urtarrilaren 1ean.

2.–143.000 eurotik gorako inbertsioa.

b) B kategoria.

–Bi baldintza hauetako bat bete beharko da:

1.–Populazioa: 10.000 biztanletik 20.000 biztanlera bitarte izatea (biak barne) 2022ko urtarrilaren 1ean.

2.–Gutxieneko inbertsioa: 40.001 eurotik aurrera.

c) C kategoria.

–Bi baldintza hauetako bat bete beharko da:

1.–Populazioa: 9.999 biztanle bitarte 2022ko urtarrilaren 1ean.

2.–Inbertsioa: 40.000 euro arte.

3. Aurrekontuko egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (708.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, eta honela banatuko dira:

a) A kategoria: 100.000 euro.

b) B kategoria: 468.000 euro.

c) C kategoria: 140.000 euro.

3.2. Dirulaguntzaren portzentajea, gehienez, onartutako aurrekontuan jasotzen diren gastu diruz lagungarrien %70 izanen da.

Laguntzak, kategoria bakoitzean, proportzionalki eta ekitatez banatuko dira onuradunen artean, eskaeren baremazioan lortzen duten puntuazioaren arabera, 7. puntuan ezarritako irizpideei jarraituz.

Horretarako, udal bakoitzari dagokion dirulaguntza zehazteko, baremoan lortzen diren puntu guztiak batuko dira eta puntu bakoitzari ematen zaion balioaz biderkatuko dira.

Puntu baten balioa lortzen da kategoria bakoitzean baimendutako gastua zati barematutako udal guztien puntu kopurua eginda.

B eta C kategorietan, deialdian esleitutako diru zuzkidura agortu ez bada, kategoria bakoitzeko onuradunen arteko banatuko da, irizpide berbera aplikatuz, betiere dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa gainditu gabe.

4. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.navarra.es).

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, entitate interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, zuzenketa benetan egin den eguna joko da aurkezpen-datatzat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren 4. apartatuan ezarritakoaren arabera.

4.3. Laguntza-eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren arabera aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

4.4. Eskabide eredua eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

4.5. Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo erakunde eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako, honako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Talde profesionalen ikuskizunak kontratatzeagatik egindako gastuak, BEZa barne, erakundeak konpentsatu ezin badu.

b) Publikoarekin bitartekaritza-jarduerak egiteko profesionalak kontratatzearen ondoriozko gastuak, BEZa barne, erakundeak konpentsatu ezin badu.

c) Egoitza proiektuak, artisten elkarteetakoak eta sorkuntza laborategi edo habietakoak egiteko profesionalak kontratatzearen ondoriozko gastuak, BEZa barne, erakundeak konpentsatu ezin badu.

d) Diruz lagungarria den programazioaren sustapenak eta/edo publizitateak eragindako gastuak, BEZa barne, erakundeak konpentsatu ezin badu.

e) Egile-eskubideak kudeatzen dituzten entitateek sortutako gastuak, BEZa barne, erakundeak ezin badu konpentsatu.

5.2. Dirulaguntzen deialdi honen xedetik kanpo daude, berariaz, honako hauek:

a) Irabazi asmorik gabeko fundazio eta elkarteen eta talde ez-profesionalen ikuskizunak kontratatzeak ekarritako gastuak.

b) Produkzio gastuak (egikaritze teknikoa) eta laguntza-langileak kontratatzekoak, bai eta espazioak eta materialak alokatzekoak ere.

c) Bidaia, garraio, otordu eta ostatu gastuak.

d) Herriko arte eta/edo kultur entitateen parte-hartzea duten jarduerak.

e) Herriko jaiei edo zaindariaren omenezko jaiei loturiko jarduerak.

f) Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

BEZa duten gastuen kasuan, erakundeak ezin badu konpentsatu, gastuaren barruan zenbateko hori adieraziko da.

Erakundeak konpentsatzen ahal badu, gastuaren barruan ez da BEZaren zenbatekoa adieraziko.

Erakundeak BEZaren hainbanaketa aplikatzen badu, hainbanaketa horren arabera dagokion BEZaren zenbatekoa sartuko da.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Lorenzo García Echegoyen, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria. Batzordeko burua izanen da.

Ordezkoa: Joaquín Llanso San Juan jauna, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

–Patrick Ullate García, Kultur Ekintza Zerbitzuko goi mailako teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: Jesús Arana Palacios.

–Amalia Jiménez Atienza, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: María José Redín Armañanzas.

–Estefanía Munárriz Nuin, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua. Batzordeko idazkaria izanen da, hitza eta botoa dituela.

Ordezkoa: María Soledad Martínez Caspe, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua.

Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eta akta eginen ditu.

Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusi ondoren, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak.

7.1. Batzordeak jarraian jasotzen diren balorazio irizpideak hartuko ditu kontuan.

Baremoak hiru atal ditu:

–A atala: Balorazio osoaren %40 da, eta toki erakunde bakoitzak barruko aretoetan aritzen diren talde profesionalen arte eszeniko eta musikalei ematen dien laguntzaren aurrekontu-eginahalari dagokio.

–B atala: Balorazio osoaren %50 da, eta barruko aretoetan aritzen diren talde profesionalen arte eszeniko eta musikalen programazio berariazkoari buruzkoa da; arreta berezia jarriko zaie dantzari eta Nafarroako sektore profesionalari.

–C atala: Balorazio osoaren %10 da, eta bestelako alderdi osagarriei buruzkoa da.

A atala.–Toki erakunde bakoitzak, 2021eko azaroaren 8tik 2022ko azaroaren 6ra arte, biak barne, barruko areto eszenikoetan aritzen diren talde profesionalen arte eszenikoei eta musikalei laguntzeko egiten duen aurrekontu-eginahala.

40 puntu gehienez.

A.1. Udalak egiten duen aurrekontu-eginahalari dagokionez. (30 puntu gehienez).

Barruko aretoetan egindako arte eszenikoetarako aurreikusitako aurrekontua, honela neurtua: deialdi honen arabera diruz lagungarriak diren gastuak, 2021eko azaroaren 8tik 2022ko azaroaren 6ra arte eginak, biak barne.

Atal honetan, ez da aurreikusten dezimalik erabiltzea (zenbatekaa hurbilen dagoen zenbaki osora biribilduko da).

  • A kategoria.–Gutxieneko gastua 143.000 euro: 3 puntu 10.000 euroko, 143.000 eurotik aurrera.
  • B kategoria.–Gutxieneko gastua 40.001 euro: 3 puntu 4.000 euroko, 40.001 eurotik aurrera.
  • C kategoria.–40.000 eurora arteko gastua: 3 puntu 3.000 euroko, 4.000 eurotik aurrera.

A.2. Aurrekontu-eginahala, populazioarekin alderatuta (10 puntu gehienez).

Hau ulertzen da aurrekontu eginahaltzat: Udal Platea Local 2022ko deialdi honetan onartutako aurrekontua zati udalerriko biztanleen kopurua.

EUROTAN

PUNTUAK

0-2

0

2,01-4

1

4,01-6

2

6,01-8

4

8,01-10

6

10,01-12

8

12,01-14

9

14 baino gehiago

10

B atala.–% 50 da, eta 2021eko azaroaren 8tik 2022ko azaroaren 6ra arte, biak barne, barruko areto eszenikoetan aritzen diren talde profesionalen arte eszenikoen eta musikalen berariazko programazioaren aurreikuspenei dagokie.

“Txarteldegiaren kontura” egindako programazioak salbuesten dira.

50 puntu gehienez.

B.1. Helbidea Foru Komunitatean duten arte eszenikoetako profesionalentzako laguntzari dagokionez. (25 puntu gehienez).

KONPAINIAK

PUNTUAK

Kontratatutako emanaldia

Emanaldia euskaraz

B.1.A.–ANTZERKIA ETA MUSIKA

1,5 puntu emanaldi bakoitzeko

0,5 puntu estra emanaldi bakoitzeko

B.1.B.–DANTZA ETA ZIRKUA

2,5 puntu emanaldi bakoitzeko

-

B.2. Helbidea Foru Komunitatean ez duten arte eszenikoetako profesionalen kontratazioari dagokionez. (20 puntu gehienez).

KONPAINIAK

PUNTUAK

Kontratatutako emanaldia

Emanaldia euskaraz

B.2.A.–ANTZERKIA ETA MUSIKA

1 puntu emanaldi bakoitzeko

0,5 puntu estra emanaldi bakoitzeko

B.2.B.–DANTZA ETA ZIRKUA

2 puntu emanaldi bakoitzeko

-

B.3. Arte eszenikoak kontratazio formula desberdinekin (finkoa + txarteldegia) sustatzeari dagokionez. (2,5 puntu gehienez).

ALOR HAUETAKO PROFESIONALEI GUNEAK LAGATZEN DIZKIETEN UDALERRIAK:

PUNTUAK

Kontratatutako emanaldia

Emanaldia euskaraz

B.3.A.–ANTZERKIA ETA MUSIKA (1,25 puntu gehienez)

1 puntu emanaldi bakoitzeko

0,25 puntu estra emanaldi bakoitzeko

B.3.B.–DANTZA (1,25 puntu gehienez)

1,25 puntu emanaldi bakoitzeko

-

B.4. Programazioa landu eta sustatzeko molde desberdinei dagokienez. (2,5 puntu gehienez).

PUNTUAK

Dirulaguntza honen onuradun ateratzen diren agertokietan beste udal batzuekin batera egindako programetan parte hartzea, edo beste toki erakunde batzuekin elkarlanean aritzea ordainsariak eta kontratazio baldintzak batera negoziatzeko

1,25 puntu ekintza bakoitzeko

C atala.–%10 da, eta bestelako alderdi osagarriei buruzkoa da.

10 puntu gehienez.

PUNTUAK

C.1. Kultur teknikarien etengabeko prestakuntzarako konpromisoari dagokionez (puntu bat gehienez)

0,25 puntu kultur kudeaketako gaiei buruzko prestakuntzako 10 ordu bakoitzeko, agertokiaren arduradun diren kultura teknikariek egin beharrekoa (0,5 puntu gehienez)

0,25 puntu azoka eta biltzar batera joateagatik (0,5 puntu gehienez)

C.2. 2021eko deialdian onartutako gastu guztiaren justifikazioa (puntu bat)

1 puntu 2021eko deialdian onetsitako gastu guztia (%100) justifikatzeagatik

C.3. Jarduerak baliabide telematikoen bidez programatzea (puntu bat gehienez)

C.4. Gizarte-inklusiorako ekintzei, askotariko gaitasunak babesteko ekintzei eta genero berdintasunerako ekintzei dagokionez (2 puntu gehienez)

0,25 puntu programatutako jarduera bakoitzeko

0,25 puntu, egokitutako eserleku kopuru bat izanez gero, eserleku guztien %2 gutxienez

0,25 puntu, baldin sistema bat badago entzumen edo ikusmen dibertsitatea duen publikoari egokitua

0,50 puntu, zailtasun fisikoak eta psikosozialak dituzten publikoen inklusioa sustatzeko, kultura aniztasunari arreta emateko eta/edo genero estereotipoak hausteko eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak murrizten laguntzeko programak edo ekintzak izateagatik (1,5 puntu gehienez)

C.5. Egoitza proiektuetan profesionalak kontratatzea. (puntu bat gehienez)

1 puntu egoitza, artisten edo taldeen elkarte eta sorkuntza laborategi bat osatzeko proiektu bakoitzeko, edo antzeko proiektu bakoitzeko, helburu baldin badute deialdiaren aldian Nafarroako talde edo artista profesionalen sorkuntza bultzatzea

C.6. Profesionalak kontratatzea publikoarekin bitartekaritza jarduerak egiteko (4 puntu gehienez)

2 puntu, publikoarekin bitartekaritza egiteko proiektu bakoitzeko

8. Baldintzak.

8.1. Agertokien baldintzak.

1. Agertokiaren baldintzak:

a) 140 eserleku edo gehiago sartzeko tokia izatea.

b) Agertoki edo eremu eszeniko bat izatea, gutxieneko neurri hauekin:

1) Zabalera: 7 metro. Hondoa: 5 metro. Altuera: 4,5 metro, 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen eraiki eta martxan dauden agertokientzat.

2) Zabalera: 8 metro. Hondoa: 6 metro. Altuera: 4,5 metro, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikitako agertokientzat.

c) Trust-ari dagokionez:

1) 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikitako agertokietan, eremu eszenikoaren sabaian trust edo metalezko euskarri bat izatea, proportziozko banaketa duena, ekoizpen lan baten elementuen euskarri izateko modukoa. Elementu horiek dira, besteak beste: eszenografiak, ehunak eta argi eta soinu aparatuak. Trustak haga independenteen bitartez eraikita egon behar du, batzuk elektrifikatuak eta beste batzuk ez, eta ez egitura guztia batera jaistera behartzen duen armazoi baten bitartez. Gainera, eszenatokitik kanpora dagoen haga bat izan beharko da, besaulki-patioaren gainean, eta elektrifikatua, ikuskizunari aurretiko argiztapena eman ahal izateko.

2) 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen eraiki bada, agertokiak trusta izan behar du, edo, bestela, metalezko euskarri bat edo argiztapen pantaila bat. Agertokiak eszenatokitik kanpora dagoen haga bat izan behar du, besaulki-patioaren gainean, eta elektrifikatua, ikuskizunari aurretiko argiztapena eman ahal izateko.

d) Zamalanetarako sarbide bat izatea, ezaugarri hauekin:

1) 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen eraikitako agertokietan, eszenatokitik ahalik eta hurbilen egotea, betiere instalazioak igogailua edo karga-jasogailua izanez gero, areto eszenikoa kalearen mailan ez badago.

2) Agertokira zuzenean iristeko modukoa izatea, eta gutxienez 2,15 metroko zabalera eta 2,15 metroko altuera izatea, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikitako agertokietan.

e) Agertokian zurezko zorua izatea, beltzez pintatua, iltzatutako ainguraketak onartu ahal izateko nahikoa den lodierakoa.

f) Emanaldiaren egunean, jantzi eszeniko bat izatea, ganbera beltz bat sortuko duena, eremu eszenikoa aforatzeko nahikoa, horren barnean izanik foro-oihala, hankak (ehunezkoak edo zur beltzezko bastidoreak) eta banbalinak.

2. Azpiegitura teknikoaren ezaugarriak:

a) Argiztapenari dagokionez:

1.–Areto osoan potentzia-igorpenen banaketa proportzionatua, agertokiaren ondoan egonen den toki batean biltzen ahal dena, hargune elektrikoa kokatzen den puntuan.

2.–DMX 512 seinalea igortzea kabinaren eta agertokiaren artean.

3.–Korronte hargunea, gutxienez ere 40 kilowatioko potentziarako.

b) Soinuari dagokionez:

1.–Soinu patch bat kabinaren eta agertokiaren artean, 8 kanalekoa eta 2 itzuleraduna, kableatu finkoarekin, agerian egonen ez dena eta ikusle bakar batek ere uki ez dezakeena.

2.–Oindunak diren bi mikrofono.

c) Laneko tokiei dagokienez:

1.–Kontrolerako puntu edo kabina bat (konpartimentu iragazgaitz bat izanen duena edo agertokiko berariazko eremu bat, eszenatokia ikusteko aukera emanen duena; ikusleak ezin izanen dira bertara iritsi edo eremu hori gurutzatu). Toki hori ikuskizuneko langile teknikoen lantokia izanen da, eta argiztapeneko eta ikuskizuneko aparatuen kontrolerako izanen da (eszenatokiarekin komunikatuta egonen da). Aretoko argien kontrola ere izan behar du.

2.–Agertokian laneko eskailera bat, bi orrikoa, egonen da, araudiaren araberakoa, eremu eszenikoaren altuerarekin bat etorriko den altuerakoa.

d) Bermatuko da kontratatutako talde artistikoak argi eta soinuko behar besteko ekipamendu teknikoa izanen duela emanaldiaren egunean, antzerki, dantza edo musikako ikuskizun estandar baterako nahikoa. Ekipamendua emanaldirako kontratatzen ahalko da, edo areto eszenikoaren jabetzakoa izan.

8.2. Arte eszenikoen programazioa bultzatzeko deialdian parte hartzeko beharrezkoak diren baldintzak, Nafarroako Antzoki Sarea elkartekoak ez diren udalentzat:

a. 8.1. puntuan ezarritako baldintzetarako egokia den agertoki bat izatea.

b. Kultur kudeaketako langile profesionalak izatea, agertokirako.

c. Aretoari laguntza teknikoa emateko zerbitzua izatea, bertako langileen bitartez edo enpresa espezializatu baten bitartez.

d. Dirulaguntza honen bidez programatzen diren arte eszenikoetako ikuskizun guztietan gutxieneko sarrera bat kobratzeko konpromisoaren bermea.

9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruko ebazpenen jakinarazpen guztiak Kultura eta Kirol Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko dira (Navarrería kalea 39, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio eskabidean adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; presuntziozko ezespenaren aurka, berriz, epea sei hilabetekoa izanen da laguntza eskaera ezetsitzat jo eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

10. Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean ezarritako baldintza eta betebeharrak bete beharko dituzte, baita Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritakoak ere, foru agindu horren bidez onetsi baitzen kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua.

11. Entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Kultur jardueren kudeaketa toki erakundeak berak zuzenean egiten ez badu, kudeaketa egiten duten erakunde autonomoek, patronatuek, fundazioek, enpresa entitate publikoek edo merkataritza sozietateek, dirulaguntza eman dela posta elektronikoaz jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin, non arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

Onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du, horrek galarazi gabe zehapenak.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jardueretarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

11.3. Diruz lagundutako jarduerak egin direla eta egindako gastuak justifikatu beharko dira Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean.

11.4. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinarazi beharko zaio jarduerak gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako jardueretan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du ofizioz, baldin eta aldaketak diruz lagundutako jarduerak funtsean aldatzen ez baditu, ebaluazio batzordearen ustean.

11.5. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea programan, kartelean edo edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da (publicaciones@navarra.es), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.

11.6. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak jarduerak bete direla ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

11.7. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.8. Ez erabiltzea inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan, hizkera edo irudi sexistarik.

Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da; horretarako, onuradunek kontsulta dezakete “Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad” gida, helbide honetan eskuragarri dagoena:

https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

12. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Onuradunak jarduerak gauzatu dituela frogatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, %25, %50, %75 eta %100 egindakoan, hurrenez hurren.

Justifikazio partzialetan edo bukaerako justifikazioan, erakundeak dokumentazio hau aurkeztuko du, 2022ko azaroaren 14an beranduenez:

12.1.1. Diruz lagundutako jardueragatik ordaindutako gastu guztien fakturen zerrenda zenbakitu eta zehatza, honakoak barne:

a) Gastuaren kontabilizazio agiriaren zenbakia.

b) Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia.

c) Ordainketaren data.

d) Kontratatutako talde artistikoa eta/edo entitatea.

e) Kontratatutako talde artistikoaren eta/edo entitatearen IFK.

f) Kontzeptua/jarduera/ikuskizunaren izena.

g) Emanaldiaren data.

h) Faktura zenbakia eta data (toki erakundeei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira; izan ere, foru dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).

i) Zenbatekoa (BEZa barne).

Datu horiek betetzeko, V. eranskineko eredua erabili beharko da.

Informazio hori Excel formatuan aurkeztu beharko da, ez PDF formatuan.

12.1.2. Udaleko idazkariaren ziurtagiri bat, alkateak ontzat emana (IV. eranskina); bestela, erakundeko idazkariaren ziurtagiria, erakundeko kudeatzaileak edo presidenteak ontzat emana, datu hauek egiaztatzen dituena:

a) Dirulaguntzaren xede den programazioa bat datorrela emakida-baremoa egiteko igorritako aurreikuspenarekin, VI. eranskineko ereduaren arabera.

b) Programatutako jarduera bakoitzaren datuak Nafarroako Kultur Informazioaren Sisteman (SICNA) sartu direla.

c) V. eranskinean sartutako datuak egiazkoak direla ziurtatzea.

12.1.3. Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

12.1.4. Generoari buruzko memoria (VII. eranskina), honako hauek zehazten dituena:

a) Programatutako jarduera bakoitzean izandako parte-hartzea, sexuaren arabera bereizita:

–Obraren egilea (gizonezkoa edo emakumezkoa den). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.

–Jardueraren zuzendaria/koordinatzailea (gizonezkoa edo emakumezkoa den). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.

–Jarduera edo programaren hartzaile den publikoaren partaidetza erregistratua edo estimatua, sexuaren arabera bereizita.

b) Genero-berdintasunean eragina duten gaiak dituzten jarduerak: justifikazio laburra.

c) Diruz lagundutako proiektuaren eta erakundearen autobalorazioa, genero-dimentsioari dagokionez.

Mezenasgo eta babesletzarako dauden modalitateen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira, halakorik bada, eta horiek diruz lagundutako proiektuaren garapenean izandako eragina ebaluatuko da.

Halaber, babesletza kontratuen kopia igorri beharko da.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Dirulaguntzaren xedeko programarako onartu den gastu guztia justifikatu beharko da.

12.3. Eskatzaileak egindako programazioa bat ez badator barematzeari begira Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeari igorritako programazioaren aurreikuspenarekin, hau da, egindako programazioak VI. eranskinean jasotzen duen puntuazioa programaziorako aurreikuspenak III. eranskinean jasotakoa baino txikiagoa baldin bada, puntuazio berriari dagokion behin betiko laguntza kalkulatuko da.

12.4. Onartutako aurrekontuaren zenbateko osoa justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako dirulaguntzaren arteko portzentaje bera.

13. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo jarduera horretarako beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14. Laguntza itzultzea.

Erakunde onuradunak programazio eszenikoa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

16. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

18. Eredu edo txantiloien zerrenda.

Honako dokumentu hauek eskuragarri egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-atarian, Tramiteen Katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak):

I. eranskina.–Eskabidea.

II. eranskina.–Ziurtagiriaren eredua / Dirulaguntzaren eskabidea.

III. eranskina.–Dirulaguntza banatzeko baremoaren fitxa.

IV. eranskina.–Ziurtagiriaren eredua / Dirulaguntzaren justifikazioa.

V. eranskina.–Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko taula.

VI. eranskina.–Behin betiko programazioa justifikatzeko fitxa.

VII. eranskina.–Genero-memoria.

Iragarkiaren kodea: F2204134