71. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1291E/2022 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzaren 2022rako gastua baimentzen duena eta deialdiaren oinarriak aldatzen dituena. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 4ko 1365/2016 Ebazpenak arautu zituen oinarri horiek. DDBN identifikazioa: 612616.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, baita arlo hauetan ezartzen diren programak ere: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko. Dirulaguntza horien oinarri arautzaileak 2022. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Halaber, bidezkoa da enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen deialdiaren oinarriak aldatzea, landa eremuetan enplegu autonomoa bereziki sustatzeko eta deialdia REACT EB funtsen bidezko finantzaketara egokitzeko. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 4ko 1365/2016 Ebazpenak ezarri zituen oinarri horiek. Oinarri arautzaile hauetan jasotzen diren laguntzak EBko REACT baliabideekin kofinantzatuko dira, %100eko tasarekin, Nafarroako 2014-2020 EGIF programa operatiboaren berariazko helburu honen bidez: “BH REACT-EB 1-Lan-merkatuan sartzeari, lanpostuak eta kalitateko enplegua sortzeari eta enplegua mantentzeari (gazteen enplegua barne) laguntza ematea, eta norberaren konturako langileei eta ekintzaileei laguntzea”.

Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onetsi zituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 3.500.000 euroko gastua baimentzea 2022ko Gastuen Aurrekontuen kargura, autoenplegua sustatzeko dirulaguntzak emateko, 2022ko Gastuen Aurrekontuko partida honen kargura: “REACT Autoenplegua sustatzeko laguntzak, 14-20 EGIF PO (PEP elementua: E-21/-000413-06)” izeneko 95001 96100 4809 241108 partida. Dirulaguntza horien oinarri arautzaileak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 4ko 1365/2016 Ebazpenaren bidez onetsi ziren (DDBN zenbakia: 612616).

Era berean, 1.000.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 31. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kasu honetan, 31.3.a) 1. puntuan deskribatutako inguruabarra gertatzen da, kontuan hartuta aurreko ekitaldietan enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzen deialdietan gertatutakoa.

Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berri bat hastea ere.

2. 2021eko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2022ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

3. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak uztailaren 4an emandako 1365/2016 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarriak aldatzea, honela:

3.1. Deialdiaren 4.3 oinarria aldatzea, eta honela idatzita geldituko da:

“3. Dirulaguntzaren onuradunek Nafarroako Gobernuaren lankidetzari buruzko publizitatea egin beharko dute urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritako moduan. Betebehar horri lehen aipatutako 18 hilabeteko epean eutsi beharko zaio.

Era berean, eragiketaren publizitatean Nafarroako Foru Komunitateko EGIF 2014-2020 Programa Operatiboaren bidez kofinantzatzen dela adierazi beharko dute.

EGIFen ekarpena jendaurrean paratzea, web-orrian esaldi hau ikusgai jarriz, diruz lagundutako proiektuak irauten duen bitartean gutxienez:

“Enpresa honek laguntza jaso du, EBko REACT baliabideek %100ean konfinantzatua, Nafarroako EGIF 2014-2020 Programa Operatiboaren bidez, COVID-19aren pandemiaren aurrean Europako Batasunak izandako erantzunaren zati gisa”. Esaldi hori logotipo honekin batera agertuko da:

F2203956_0.pdf

Era berean, DIN A3 neurriko kartel bat ikusgai jarri beharko du, proiektuak irauten duen bitartean gutxienez.

Halaber, EB 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140. artikuluan ezarritakoarekin bat, eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: eragiketako gastuen kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera.

Horrez gainera, kontabilitate sistema bereizi bat izan beharko dute, edo kontabilitate kode egoki bat, diruz lagundutako proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez. Halaber, iruzurrari aurre egiteko neurri eraginkorrak eta proportzionatuak aplikatu beharko dituzte kudeaketaren eremuan: kalitate kontrola eta gardentasuna kontratazioan, egon daitezkeen interes-gatazken kontrola, egon daitezkeen faltsifikazioen kontrola, etab.”.

3.2. 8. oinarriari hau gehitzea:

“Bere konturako langileak edo langile autonomoak lan egiten duen udalerrian, jardueraren hasieran, eguneratutako udal erroldan 5.000 biztanle baino gutxiago badaude, langile horrek 1.000 euro gehiago jasoko ditu.

Laguntza gehigarri hori jaso ahal izateko, bere konturako langileak edo langile autonomoak betekizun hauek bete beharko ditu:

1) Alta emanda egon behar du ekonomia-jardueren gaineko zergan, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udal errolda duen udalerri batean.

2) Negoziorako lokalik ez duten eskatzaileen kasuan, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udal errolda duen udalerri batean erroldatuta egon beharko dute eta gutxienez urte bateko antzinatasuna izan beharko dute jardueran.

Jarduera 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri batean garatzen duten langile autonomoek, 4. oinarrian ezarritako betebehar orokorrak betetzeaz gainera, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri horretan inskribatuta egon beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergan, 18 hilabetez, etenik gabe, Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion mutualitatean alta ematen dutenetik zenbatuta. Betekizun hori betetzen ez bada, bere konturako langileak edo langile autonomoak itzuli egin beharko du 1.000 euroko dirulaguntza hori, osorik, udalerri horretan EJZn alta eman zuenetik 9 hilabete edo gutxiago igaro badira. Bestalde, zati bat itzuli beharko du 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri horretan EJZn 9 hilabetez edo gehiagoz egon bada alta emanda, etenik gabe. Itzuli beharreko kopurua 18 hilabeteko epea bete arte falta den denboraren arabera zehaztuko da, modu proportzionalean. Kasu bietan, berandutze-interesak ere ordaindu beharko dira.

Oinarri honetan adierazitako kopuruak kostu unitarioen baremo estandar bat aplikatuta kalkulatu dira, Europako Gizarte Funtsaren 1304/2013 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluaren 1. apartatuaren arabera ezarritako kostu unitarioen baremo estandarrei eta oroharreko zenbatekoei buruzko jarraibideen dokumentuaren 4. apartatua aplikatuta, eta 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 67. eta 68. artikuluekin bat etorrita”.

3.3. 9. oinarria aldatzea, eta hau gehitzea: “Soilik emanen zaie dirulaguntza jarduera 2023ko abuztuaren 31 baino lehen hasi duten langile autonomoei”

3.4. Deialdiaren 10.3. oinarria aldatzea, eta honela geldituko da idatzita:

“3. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere ez duela agertzeko.

b) Helburu bererako lortu edo eskatutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emateko erantzukizunpeko adierazpena edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpen espresua. Orobat, “de minimis” araubidearen barnean dauden adieraziko da.

c) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanik dagoela frogatzen duen agiria.

d) Hala badagokio, jarduera profesionala lokal batean egiten dela frogatzen duten agiriak (alokairuaren kontratua, eskriturak...).

e) Kasua bada, dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanik dagoela frogatzen duen agiria.

f) Enpresa proiektuari buruzko memoria laburra.

g) Bidezko bada, desgaitasunak dituen pertsona dela frogatzen duen agiria, 3.2 oinarrian xedatutakoaren arabera.

h) Kasua bada, genero indarkeriaren biktima dela frogatzen duen agiria, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

i) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

j) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen duen beste edozein agiri.

a), b) eta f) letretan aipatzen diren aitorpenen eta memoriaren ereduak www.navarra.es web-orrian eskuratzen ahal dira”.

3.5. 13. oinarriari honako paragrafo hau gehitzea:

Dirulaguntza jasotzeak berekin ekarriko du inplizituki onartzea enpresa sartuko dela Europako Gizarte Funtsa Administratzeko Unitatearen web-orrian (http://www.empleo.gob.es/uafse/) argitaratuko den zerrenda batean, programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua gardentasunez jokatzea da EGIF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115.2 artikuluan xedatu bezala.

3.6. 17. oinarriari honako paragrafo hau gehitzea:

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko abenduaren 23ko 2020/2221 (EB) Erregelamendua, 1303/2013 (EB) Erregelamendua aldatzen duena honako hau xede duten baliabide gehigarriei eta betearazteko xedapenei dagokienez, COVID-19aren pandemiaren eta gizartean izan dituen ondorioen testuinguruan krisia konpontzen errazteko laguntza emateko eta ekonomiaren suspertze berdea, digitala eta erresilientea prestatzeko (REACT-EB).

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko martxoaren 11n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2203956