69. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

39E/2022 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdia, merkataritza arloko planak landu ditzaten. DDBN identifikazioa: 614818.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren ustez funtsezkoa da aldez aurretik plangintza egokia egitea, merkataritzaren sektore ekonomikoa garatzeko Nafarroako toki erakundeek aurrera eramaten dituzten ekintzak efizienteagoak eta eraginkorragoak izan daitezen.

Dirulaguntzen deialdi honen bidez garatzen dira Nafarroako Hurbileko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko 2018-2020 Planean ezarritako hainbat neurri (une honetan eguneratzeko fasean dago). Plan horren arabera, komenigarria eta are beharrezkoa da txikizkako merkataritzan inplikatuta dauden eragile guztiak –izan toki erakundea, enpresen elkartea nahiz enpresa– aldez aurretik ezarritako plan batean txertaturik egotea, eta plan horiek egiteko, aurrez diagnostiko bat egin behar da, planifikatutako neurriek zehaztutako helburuak betetzeko baliagarriak izan daitezen.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdia banakako ebaluazioaren arabera ebatziko da, aurrekontuan behar adina diru dagoen bitartean. Dirulaguntzak emanen dira eskaerak aurkeztu diren hurrenkera berean.

Gobernuak 2022ko martxoaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiari, dirulaguntzen deialdi hau banakako ebaluazioaren araubidean tramitatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala),

EBAZTEN DUT:

1. Merkataritza arloko planak lantzeko toki entitateentzako dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 40.000 euroko gastua baimentzea, dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko; Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura finantzatuko da: 830001-83100-4609-432104. Merkataritzarako dirulaguntzak. Toki Erakundeak. Dinamizazio planak.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Adieraztea ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik.

Iruñean, 2022ko martxoaren 11n.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Merkataritza arloko planak lantzeko toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen helburua da Nafarroako toki erakundeentzako dirulaguntzak emateko araubidea arautzea, merkataritza arloko jarduketak egiteko planak landu ditzaten, bai antolamenduari dagokionez, bai merkataritza bizkortzeari dagokionez ere.

Deialdiaren xedea da bultzada ematea merkataritza arloko jarduketak egin aurretik gogoeta, diagnostikoak, analisiak eta planifikazioa egin daitezen, eta orobat, orain indarra duten merkataritza planetan aurreikusten diren neurriak eta jarduketa ildoak inplementatzeko, gauzatzeko eta aurrera eramateko erraztasunak eta laguntza ematea.

Era berean, sustatu nahi da merkataritza arloko Europako funtsak jasotzeko aukera duten proiektuak zehaztea eta prestatzea, merkataritza antolatzeko aurrez eginak diren planetatik sortutako proiektuak izan nahiz ez izan.

2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.

1. Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendutako kreditua 40.000 eurokoa da jarduketa diruz lagungarrien arabera banatuta:

JARDUKETA MOTA

JARDUKETAREN IZENA

ZENBATEKOA

A

Merkataritzaren arloko planak egitea

30.000

B

Merkataritza arloko Europako funtsak jasotzeko aukera duten proiektuak zehazteko eta prestatzeko aholkularitza teknikoa, merkataritza antolatzeko aurrez eginak diren planetatik sortutako proiektuak izan nahiz ez izan

10.000

GUZTIRA

40.000

2. Kreditu erabilgarririk geratu bada A) motako eskaera guztiei erantzun ondoren, B) motako eskaerei erantzuteko erabiliko da, behar izanez gero, eta alderantziz.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

Jarduketak 2021eko azaroaren 9tik 2022ko azaroaren 18ra bitartean, biak barne, gauzatu beharko dira. Ondorio horietarako, gauzatu direla ulertuko da baldin epe horretan egin, fakturatu eta ordaindu badira.

4. oinarria.–Erakunde onuradunak eta baldintzak.

1. Erakunde onuradunak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan aipatzen diren udalek eta gainerako toki erakundeek.

2. Baldintza orokorrak.

Baldintza orokor hauek betetzen dituzten toki entitateek jasotzen ahalko dituzte dirulaguntzak:

2.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.

Dirulaguntza eskatzen duenean, entitate eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, entitate eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzeko. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea, sexu edo genero diskriminaziotzat jotzen diren lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

2.3. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

5. oinarria.–Diruz lagungarriak diren jarduketak eta gastuak.

Diruz lagungarriak izanen dira merkataritza planifikatzeko edo neurri dinamizatzaileak gauzatzeko baliagarriak izanen diren planak prestatzea, idaztea eta diseinatzea.

Era berean, diruz lagungarria da merkataritzaren arloan Europako funtsen laguntzak eskuratzeko baliagarriak izan daitezkeen proiektuak prestatzeko eta garatzeko aholkularitza teknikoa hartzea, barne dela laguntza eskaeren kudeaketa.

Bi kasu horietan, aholkularitza teknikoa entitate eskatzailearekin loturarik ez duten kanpoko bulego, profesional edo entitate espezializatuen bidez egiteak eragindako gastuak onartzen dira, eta ez da onartzen entitate eskatzaileko langileen gasturik.

Zehazki, honako hauek prestatzea da diruz lagungarria:

5.1. Merkataritzako erakartze eta antolamendu udal planak (MEAP).

Merkataritzako erakartze eta antolamendu plan batek bere baitan bildu behar ditu merkataritza sektorea antolatzeko eta dinamizatzeko behar diren neurriak, lortze aldera orekatua eta efizientea izanen den merkataritza eredu bat, kontsumitzaileen eta tokiko garapenaren zerbitzurako; udal plan orokorretan sartzen da, eta Nafarroako merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 18.2.c) artikuluan ezarritakoari erantzuten dio.

Hirigintza antolamenduaren esparruan, plan horiek aztertu behar dituzte, alde batetik, merkataritza jarduera gauzatzen den espazio fisikoa, eta bestetik, udalerriaren alderdi sozialak eta ekonomiko-komertzialak, txikizkako merkataritzaren egoera zein den diagnostikatzeko, eta lortu nahi diren helburuetara iristeko jarduketa ildo eta neurri zehatzak bilduko dituen programa bat finkatu ahal izateko.

Plan horiek egiteko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak gida bat eskaintzen du, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, zerbitzuen katalogoan, dagokion fitxan (hemendik aurrera, laguntzaren fitxa), web helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/web/guest/merkataritza-eta-artisautza.

5.2. Udalez gaindiko merkataritzako erakartze eta antolamendu planak.

Toki erakunde bakoitzak egin behar du merkataritzako erakartze eta antolamendu plana, baina nahitaezkoak diren azterketa batzuk (merkataritzako eskaintza eta eskaera, merkataritzako diagnostikoa, etab.) batera egin ditzakete zenbait toki erakundek.

Gerta daiteke halako planak idazteko deialdi honetan aurreikusten dena baino denbora gehiago behar izatea; horregatik, deialdi honetan onar daiteke proiektuaren zati baten fase bat egitea, baldin fase hori osorik egiten bada.

5.3. Merkataritza dinamizatzeko planak.

Merkataritza dinamizatzeko plana da epe laburreko neurriak biltzen dituen tresna bat; helburua da herritarrak sentsibilizatzea tokiko kontsumoarekiko eta hurbileko merkataritzarekiko; Horiez gain, merkataritza sustatzeko, marketinerako, merkataritza bizkortzeko, komunikaziorako eta publizitaterako, hiriko merkataritzako kontsumoa sustatzeko eta pizteko neurriak ere jasotzen ditu.

5.4. Industria, Turismoa eta Merkataritza Ministerioaren ondoko Agindu hauetan 2022rako araututako laguntzen deialdietara aurkezteko aukera izanen duten proiektuak zehazteko eta prestatzeko aholkularitza teknikoa.

–ICT/949/2021 Agindua, irailaren 10ekoa; horren bidez ezartzen dira azokak, hiriko merkataritza guneak, merkataritza ez sedentarioa eta merkaturatzeko bide laburrak sustatzeko laguntza lerroen oinarri arautzaileak.

–ICT/950/2021 Agindua, irailaren 10ekoa; horren bidez ezartzen dira landa eremuetako merkataritza jarduera sustatzeko laguntza lerroen oinarri arautzaileak.

–ICT/951/2021 Agindua, irailaren 10ekoa; horren bidez ezartzen dira merkataritza jarduera turismo guneetan indartzeko laguntza lerroen oinarri arautzaileak.

Gastu horien barnean sartzen da laguntza eskaerak aurkezteko behar den dokumentazioaren eta bestelako edozein tramitazioren kudeaketa.

Gastu horiek diruz lagungarriak izan daitezen bete beharreko baldintza da arestian aipatutako laguntzen eskaerak deialdi horietan ezarritako epeen barnean aurkeztea.

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko dirulaguntza eta gutxieneko gastua.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ondotik zehazten diren portzentajeak aplikatu behar dira gastu diruz lagungarriaren gainean:

JARDUKETA MOTA

KONTZEPTU DIRUZ LAGUNGARRIAK

GUTXIENEKO
GASTU
DIRUZ
LAGUNGARRIA

DIRULAGUNTZA

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA

A

Merkataritza antolatzeko planak prestatzea

C1) Merkataritzako erakartze eta antolamendurako udal planak

6.000

%80

10.000

C2) Udalez gaindiko merkataritzako erakartze eta antolamendu planak

10.000

%80

20.000

C3) Merkataritza dinamizatzeko planak

2.000

%60

4.000

B

Europako funtsen laguntzak lortzeko aukera duten proiektuak zehazteko eta prestatzeko aholkularitza teknikoa

Entitateak badu merkataritza plan bat, C1), C2) edo C3) apartatuetan aipatuen erakoa

1.000

%60

2.000

Entitateak ez du lehen aipatutakoen erako merkataritza planik

1.000

%30

1.000

Balio erantsiaren gaineko zerga diruz lagungarria izanen da soilik entitate eskatzaileak ezin duenean berreskuratu, kenkari gisa erabili edo konpentsatu.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2022ko urriaren 28an bukatuko da.

7.2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira ezinbestean, administrazio publikoaren arloko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez (http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/subtemas/109/Entidades-locales) (aurrerantzean, laguntzaren fitxa); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da.

b) Laguntza hauekin loturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematikoki eginen dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala eta gaitutako helbide elektroniko (GHE-DEH) bat izatea.

c) Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera-data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen (hemendik aurrera, APAPEL) 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

d) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira izapidetze telematikoa egiten denean, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.

e) Toki erakunde bakoitzak eskaera bakar bat aurkeztuko du diruz laguntzeko eskatzen dituen jarduketa guztietarako.

f) Merkataritza arloko planak prestatzeko dirulaguntza eskatzen bada, eskaera banaka eska daiteke, edo toki erakunde batzuek elkarrekin eska dezakete, eskaera bateratuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluarekin bat.

Proiektua zenbait toki erakundek batera gauzatu behar dutenean, aukera hauek izanen dira:

–Proiektu guztiaren egikaritza bere gain hartzen duen toki erakundeak aurkeztea eskaera; kasu horretan, sortzen diren gastuak eta ordainketak egikaritza bere gain hartzen duen erakundeak eginen ditu. Hitzarmena erantsiko da, edo antzeko agiri bat, adierazten duena zer baldintzatan eratu den alderdien arteko elkarlana; horien legezko ordezkariek sinatu beharko dute.

–Eskaera aurkeztea proiektua gauzatuko duten entitate guztien taldearen ordezkari rola hartzen duen toki entitateak. Hitzarmena erantsiko da, edo antzeko agiri bat, adierazten duena zer baldintzatan eratu den alderdien arteko elkarlana eta gastuen zer zenbateko hartzen duen bere gain entitate bakoitzak; horien legezko ordezkariek sinatu beharko dute. Kasu horretan, taldeko entitate bakoitzari onartuko zaio dirulaguntza, eta ordainketak ere horietako bakoitzari eginen zaizkio, horietako bakoitzak bere gain hartutako gastuen arabera.

7.3. Eskaerak ez baditu adierazitako betebeharrak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Eskaturiko dokumentazioa.

Laguntzak eskatzeko, honako agiri hauek aurkeztu behar dira, eta, eskaera telematikoa bada, eskaneatua, agiri bereizietan eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko da.

8.1. Erakunde eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskaera ereduan honako adierazpen hauek daude:

a) 4.2. oinarrian eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.

b) Jarduketa bererako jasotako beste dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

c) Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 28.8 artikuluan ezartzen dituen ondorioetarako. Adierazpen honetan zehaztu behar da kontzeptuak berreskuragarriak edo konpentsagarriak diren edo zati bat berreskuratzen ahal den; hala bada, hainbanaketa-ehunekoa zehaztu behar da (ez da diruz lagungarria izanen).

d) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Ekonomia eta Ogasun Departamentura zuzendua (Diruzaintza Atala), soilik bete behar dena entitate eskatzaileak lehenbizikoz kobratzen dituenean laguntzak, edo abonatzeko kontua aldatu nahi izanez gero.

8.2. Dirulaguntzaren eskaeraren xede diren jarduketei buruzko dokumentazioa.

a) Dirulaguntzaren eskaeraren xede diren jarduketak azaltzen dituen deskripzio-memoria; gutxienez jaso behar du honako alderdi hauen gaineko informazio zehatz eta xehatua:

–Jarduketa horrekin lortu nahi diren helburuak.

–Jarduketaren interesaren justifikazioa.

b) Aurrekontua kontzeptuen arabera zehaztua, edo gastuak zenbatesteko bidea ematen duten proformako fakturak; ez dira inola ere onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

c) Jarduketak gauzatzeko kronograma, jarduketa gauzatzeko faseak eta jarduketaren egikaritzaren egoera, dirulaguntza eskatzeko unean.

d) Udalez gaindiko merkataritzako erakartze eta antolamendu planak prestatzeko dirulaguntzak:

–Hitzarmena, parte hartzen duten toki entitateek sinatua, bakoitzak beren gain hartzen dituzten konpromisoak eta betebeharrak zehazten dituena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena zer toki entitate den solaskide bakarra laguntza eskaera aurkezteko, egindako jarduketen justifikazioa aurkezteko, edo beste edozein izapide administratibotarako edo komunikaziotarako, dirulaguntzaren espedientearen kudeaketarekin loturik baldin badago.

e) Europako funtsen laguntzak lortzeko aukera duten proiektuak zehazteko eta prestatzeko aholkularitza teknikorako dirulaguntzak:

–Toki entitatearen ziurtagiria, erakusteko laguntza eskatzeko xede den proiektua edo jarduketa jasoa eta aurreikusia ote dagoen orain indarra duen merkataritza planen batean, edo, bestela, indarra duen inongo merkataritza planik ez ote duten.

–Kasua bada, gauzatzen ari den merkataritza planaren kopia, salbu eta dagoeneko plan hori administrazioaren esku badago; hala bada, dokumentua aurkeztu den administrazio prozedura eta unitate organikoa azaldu behar dira.

9. oinarria.–Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.

9.1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko kudeaketa organo eskuduna.

9.2. Dirulaguntza emateko prozedura banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz gauzatuko da.

Eskaerak tramitatu eta ebatziko dira aurkeztu diren hurrenkera berean, aurrekontu kreditu egokia eta nahikoa dagoen bitartean, 2. oinarri arautzailean kontsignatutako kredituekin bat.

9.3. 5. oinarri arautzailearen 5.4. zenbakian aipatutako laguntzen eskaerak aurkezteko epeak itxi ondoren, eta B) motako eskaerei dagozkien dirulaguntza guztiak esleitu ondoren, kreditu erabilgarririk geratzen bada, A) motako eskaerei erantzuteko erabiliko da kreditu hondar hori.

9.4. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari.

Ez da inoiz 300 eurotik beherako dirulaguntzarik emanen.

Dirulaguntzak lehen adierazitakoari jarraituz esleitu ondoren, baldin aurrekontuan aurreikusitako baliabideak agortzen badira jarduketa motaren baten eskaerari erantzuteko, mota bereko gainerako eskaerak espresuki ezetsiko dira.

9.5. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Dirulaguntza emateko ebazpena gehienez ere hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta, epe hori iraganik ebazpen espresurik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria.–Aurrera eramandako jarduketak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.

10.1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Edozein unetan aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2022ko azaroaren 18an, egun hori barne.

10.2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 7.2. oinarrian aurreikusitako moduan aurkeztuko da, laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

Justifikazioko dokumentazioa aurkezteko, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora joateko.

10.3. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Dirulaguntzaren xede izan diren jarduketen memoria. Bertan adieraziko da aurreikusitako jarduketen betetze maila, eta, betiere, bertan bilduko dira prestatutako planaren araberako jarduketak, neurriak edo inbertsioak jasotzen dituzten planak.

b) Diruz lagundutako jarduketa guztiei dagozkien fakturen kopia; fakturak izanen dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen indarreko fakturazio erregelamenduaren araberakoak, eta, betiere, dirulaguntzaren entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira.

c) Egindako ordainketak justifikatzeko banku-agiriak.

d) Adierazpena, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: adierazi behar dira dirulaguntza honetaz aparte jarduketak finantzatu dituzten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Aitorpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

e) Udaleko Idazkaritzaren ziurtagiria, Kontratu Publikoei buruz indarrean dagoen Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla egiaztatzen duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1 ñ) eta 28.3 artikuluetan aurreikusten diren ondorioetarako.

f) Udaleko Idazkaritzaren ziurtagiria, dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko behar diren jarduketa guztien kontratazioan Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla egiaztatzen duena.

g) Dirulaguntzaren xede den jarduketaren arabera:

–Merkataritzako erakartze eta antolamendurako udal planen kasuan, planaren kopia.

––Udalez gaindiko merkataritzako erakartze eta antolamendurako planen kasuan, plan osoaren kopia, edo deialdi honen dirulaguntzaren xede izan den fasearen agirien kopiak.

–Merkataritza dinamizatzeko planen kasuan, planaren kopia bat.

–Industria, Turismo eta Merkataritzako Ministerioaren laguntzak eskatzeko proiektuak prestatzeko aholkularitza teknikoaren kasuan, dirulaguntza eskaera aurkeztu izanaren ordezkagiriaren kopia.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Justifikazio agiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta horri txosten bat gehituko zaio, entitate onuradunak dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak betetzen dituela frogatzen duena.

Laguntza ordaintzeko ebazpena 2022ko abenduaren 31 baino lehen emanen da.

12. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta ez-betetze mailak.

12.1. Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Jarduketak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.

b) Laguntzen organo kudeatzaileari komunikatzea, 15 egun balioduneko epean, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera, uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin diruz lagundutako jarduketak ez badira egin behar, edo horietakoren bat ez bada egin behar ezarritako epean.

Komunikazio hori kontuan hartuko da oinarri honen 12.2. zenbakian ezarritako murrizketak aplikatzeko orduan.

c) Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu behar du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu, behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak, bai eta deialdian ezarritako gainerako baldintzak ere.

d) Behar bezala jakinaraztea dirulaguntza honen xede diren jardueren finantzaketa publikoa dela. Gainera, laguntza eskuratzen duen jardueraren gaineko informazio eta iragarki guztietan Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen duela adieraztea, barnean hartuta irratiko iragarki laburrak eta aurkezpenak.

Era berean, promoziorako euskarri guztietan eta plan, azterketa, diagnostiko eta dokumentu guztietan agertu behar da testu hau: “Jarduketa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza eskuratu du, merkataritzaren arloko planak egiteko 2022ko dirulaguntzen deialdiaren barnean”.

e) 2023ko azaroaren 1a baino lehen egitea eta aurkeztea Udalez gaindiko merkataritzako erakartze eta antolamendu planak bukatzeko behar diren azterlanak edo analisiak, baldin plan horiek ez badira guztiz bukatzen deialdi honetan aurreikusitako epean.

f) Kasua bada, Industria, Turismo eta Merkataritzako Ministerioaren deialdietako laguntzen eskaerak aurkeztea, deialdi horietan ezarritako epeetan.

g) Dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko espedienteak Kontratu Publikoei buruz indarrean dagoen Foru Legean ezarritakoarekin bat tramitatu direla justifikatzea.

12.2. Ez-betetzeen mailaketak.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat partzialki betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriz doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioa aplikatuta, edo, kasua bada, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Laburbilduz, betebehar hauek:

a) Baldin eta justifikazio agiriak ezarritako epealdia iraganda aurkezten badira, baina 2022ko abenduaren 1a baino lehen, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa %10 murriztuko da. Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

b) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira (ezarritako epean gauzatu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50.

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik beherako prezioan egiten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat ez dela eginen jakinarazteko komunikazioa aurkezten bada epearen barnean, oinarri arautzaile honen 12.1.c) apartatuan adierazi bezala, jarduketa hori ez da kontuan hartuko exekuzio maila zehaztearen ondorioetarako.

Era berean, gastu justifikatuak ezin dira izan baxuagoak ezarritako gutxieneko gastu diruz lagungarriak baino. Eta, hala izanez gero, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

c) Toki erakundeen kasuan, baldin ez badira 2023ko azaroaren 1a baino lehen egiten eta aurkezten udalez gaindiko merkataritzako erakartze eta antolamendu planak osatzeko behar diren azterlanak edo analisiak, ez badira bukatzen deialdi honetan aurreikusitako epean, jasotako zenbateko guztiak itzultzeko eskatuko da, egoki diren berandutze-interesekin batera.

d) Industria, Turismo eta Merkataritzako Ministerioaren deialdietara aurkeztu izana egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko betebeharra betetzen ez bada, deialdi horietan aurreikusten diren epeetan, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzak jakitera ematea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzaren fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

15. oinarria.–Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2203755