66. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

4/2022 FORU LEGEA, martxoaren 22koa, Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

KLIMA-ALDAKETARI ETA ENERGÍA-TRANTSIZIOARI BURUZKO FORU LEGEA.

HITZAURREA

I

Atmosfera eta ozeanoak berotzen ari dira eta, horren ondorioz, klima-aldaketa gertatzen ari da. Horrek ondorio larriak ditu gure ingurumenarentzat eta gure gizartearentzat. 2021eko abuztuaren 7an I. Lantaldeak eman eta Klima-aldaketari buruzko Adituen Gobernuarteko Taldearen 6. txostenean sartuko den txosten batean adierazten denez, munduaren azaleko tenperaturak igotzen jarraituko du mendearen erdialdera arte gutxienez ere, aztertu diren agertoki guztien arabera. XXI. mendean, munduko tenperaturaren batez besteko igoera 1,5 °C-tik 2 °C-ra bitartekoa izanen da, hurrengo hamarkadetan CO2-aren isurketak eta berotegi-efektuko bestelako gasenak nabarmen gutxitzen ez badira.

Klima-aldaketari aurre egitea premiazko erronka da, gero eta inpaktu larriagoa izaten ari baita ingurune eta sektore guztietan, dela ekosistemetan, dela biodibertsitatean, dela azpiegituretan, dela ekoizpen-sistemetan, bai eta gure osasun eta elikadura sistemetan ere.

Hori dela-eta, lan egiteko konpromisoari heldu behar zaio, haren ondorioak arintzeko eta energia-eredu berri baterako trantsizioa prestatzeko, karbono gutxiko ekonomia zirkularrean oinarritua, eskura dauden baliabideak efizientzia handiagoarekin baliatzeko gauza izanen dena, eta berotegi-efektuko gasen isurketak eragiten dituzten energia fosilen ordez energia berriztagarrien erabilera progresiboa proposatuko duena.

Testuinguru horretan kokaturik daude, batetik, moteltze-politikak; hau da, berotegi-efektuko gasen isurketak murriztea eta CO2-hustubiderako gaitasuna handitzea xede dituzten politikak; eta bestetik, egokitzapen-politikak, xede gisa dutenak klima-aldaketak ingurumenari nahiz ekonomia, osasungintza, azpiegiturak eta ekipamenduak bezalako gizarte-sistemei dakarzkien arriskuak murriztea.

Zenbait organismok klima-larrialdiko adierazpenak onetsi dituzte; haien artean, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak, 2019ko irailaren 23an eta 24an; Europako Parlamentuak, 2019ko azaroaren 28an; eta Espainiako Gobernuak, 2020ko urtarrilaren 21ean. Halatan, justifikaturik dago Klima-aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko Foru Lege hau izapidetzearen beharra eta urgentzia, zeinak zehaztuko baitu emanen diren urratsen esparru juridikoa.

Gaur egun gizateria atsekabetzen duten mehatxu handietako bik, klima-aldaketak eta COVID19-aren pandemiak, helburu amankomunak eskatzen dituzte: lidergo ausarta eta lankidetzazkoa. Koronabirusaren krisia agertu izanak eta geroko susperraldiak aukera eman behar dute mundua bide jasangarriago eta inklusiboago batetik eramateko. Bide horretan, klima-aldaketaren arazoari heldu, ingurumena babestu, biodibertsitatearen galerari aurre egin eta gizateriaren osasuna eta segurtasuna epe luzera bermatu beharko dira.

II

Parisko 2015eko akordioan mundu mailako konpromiso bat lortu zen klima-aldaketari buruz –COP21– Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru-konbentzioko aldeen 21. konferentzian, hain zuzen-, berotegi-efektuko gasen isurketak murrizteko, batez besteko tenperatura globalaren igoera 2 ºC-tik behera mantentzeko xedez, industria aroaren aurreko mailekin alderatuta; eta are, ahal bada, 1,5 ºC-tik behera mantentzeko ere, Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernuarteko Taldeak 2018ko urriko txosten berezian gomendatu zuen bezalaxe.

Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, 2019an munduko batez besteko tenperatura 1850-1900 epealdiko batez bestekoa baino 1,1°C gradu altuagoa izan zen. Estatuko Meteorologia Agentziaren arabera, Espainian tenperatura-igoera hori 1,7°C-koa izateraino iritsi da.

Estatuko Meteorologia Agentziak egindako eskualdekako proiekzioek erakutsi dute tenperaturek igoera orokortua izanen dutela mende honen bukaerarako. Zehazki, 5°C-rainoko igoera aurreikusi da tenperatura maximoan, eta 4°C-rainokoa tenperatura minimoan. Igoera horrek zerikusia dauka bai bero-boladen iraupen luzeagoarekin, bai egun eta gau beroen kopuruaren portzentajearekin, bai izoztedun egunen kopurua gutxitzearekin. Prezipitazioaren bilakaerak beheranzko joera agertzen du eta, mende bukaeran, beherakada % 20rainokoa izan daiteke.

Nafarroako Foru Komunitatean, LIFE IP NADAPTA proiektuaren baitan egin den “Klima-aldagarritasunaren azterketa. Nafarroako klima-eremuei eta Nafarroan aurreikusitako klimaren baldintza orokorrei buruzko txostena” izenekoan, 0,23ºC igo da tenperatura hamarkada bakoitzean 1991-2019 aldian, erreferentziako 1961-1990 epearekin alderaturik.

III

Parisko 2015eko Akordioaz landa, Nazio Batuen Erakundeak Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda onetsi zuen 2015eko irailean, mundu-mailako eta aplikazio unibertsaleko 17 helburu zehaztuta. Haien artean, berariaz jasotako helburua da neurri urgenteak hartzea klima-aldaketari eta haren ondorioei aurre egiteko (13. helburua).

Europako Batzordeak, 2019ko abenduaren 11n, “Europako Itun Berdea” onetsi eta hazkunde-estrategia berri bat ezarri zuen, klima-neutraltasuna 2050erako lortzeko helburuarekin, berotegi-efektuko gasen isurketa netorik gabea eta hazkunde ekonomikoa baliabide-erabileratik deslotuko denekoa, oinarri hartuta eraldakuntza teknologiko, ekonomiko eta sozial justuetan, zeinetan funtsezkoak baitira ikerketa eta berrikuntza. Itun Berdeko Inbertsio Plana asmo handikoa da, gutxienez bilioi bat euro mugiaraziko baitu inbertsio berdeetan, eta trantsizio justurako 100.000 milioiko funts bat ere bai, hurrengo hamarkadan klima-trantsizioa finantzatzen laguntzeko.

Joan zen ekainean onetsi zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/1119 (EB) Erregelamendua, 2021eko ekainaren 30ekoa, zeinaren bidez ezartzen baita klima-neutraltasuna lortzeko esparrua eta aldatzen baitira 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak.

EB erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, klima-neutraltasuna 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektu gasen isurketa netoak gutxienez % 55 jaistea, 1990eko isurketa-mailekiko. Horretarako, Europar Batasuneko instituzioak eta estatu kideak talde gisa derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.

Ildo horretan bertan, Europako Batzordeak “55 helburua” neurri-multzoa aurkeztu du (“Fit for 55”, ingelesez). Proposamen elkarlotuen multzo bat da, bideratua helburu bera lortzera, zeina baita hemendik 2030era arte eta harago trantsizio justua, lehiakorra eta ekologikoa bermatzea. Ahal den heinean, asmo handiagoko helburuak ezarri dira indarreko legeriarentzat, eta, beharrezkoa denean, proposamen berriak aurkezten dira. Orokorrean, neurri-multzoak indartu egiten ditu jada badauden zortzi legegintza-egintza, eta bost ekimen berri aurkezten ditu askotariko eremu politiko eta sektore ekonomikoetan: klima, energia, erregaiak, garraioa, eraikinak, lurraren erabilera eta basogintza.

Estatu-mailan, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legea onetsi da, besteak beste helburu duela Espainiako ekonomia osoaren berotegi-efektuko gasen isurketak 2030erako % 23 murriztea 1990ekoekin alderatuta, eta klima-neutraltasuna 2050 baino lehen iristea. Lege horrekin batera, Energia eta Klimari buruzko Plan Nazional Integratua, Trantsizio Justurako Estrategia, Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzarako Ekintza Plana eta gisako beste tresna batzuk Energia eta Klimaren Esparru Estrategikoaren parte izanen dira. Foru lege honen edukia koordinatuta dago eta bat dator lege horren ildo orokorrekin.

IV

Nafarroako Foru Komunitatea, klima-aldaketaren aurka eta energia-trantsizioaren alde Estatuak eta nazioarteak hartu duten konpromisoarekin bat, pausoak ematen ari da norabide horretan. Horrela, 2015eko abenduaren 6an -Parisko Konferentzia (COP21) egin zenean-, Nafarroako Gobernuak Under2Mou Sarea izeneko ekimena sinatu zuen, mundu zabaleko 100 eskualde baino gehiagorekin batera, eta bere gain hartu zuen isurketak murrizteko konpromisoa, halako moldez non 2050ean 1990eko mailen azpitik egonen baitira % 80tik % 95era bitarteko neurrian. Sareko kide den heinean, Nafarroak hainbat betebehar ditu; adibidez, urtero informazioa eman behar du berotegi-efektuko gasen isurketen politikei, neurriei eta zenbaketei buruz, betiere datu-gardentasuneko sarearen helburuarekin bat.

Nafarroako Gobernuak, 2018ko urtarrilaren 24ko Erabakiaren bidez, KLINa onetsi zuen, hau da, Nafarroako Klima-aldaketaren Ibilbide-orria, Gobernuaren beraren baitan eta gizarte-eragile interesatu guztiekin lan-, gogoeta- eta eztabaida-prozesua egin eta gero. KLINa ingurumen-estrategia integratua eta transbertsala da, politika sektorial guztiak bildu eta lerrokatzen dituena, nazioartean eta Europan klima-aldaketaz lortu diren konpromisoak jasotzen dituena, eta moteltze-helburu gisa finkatzen duena berotegi-efektuko gasen isurketen guztizkoa 2005. urteko isurketen aldean gutxienez % 45 murriztea 2030erako, eta %80, 2050erako; eta, moldatze-helburu gisa, Nafarroa lurralde jasangarria eta erresilientea izatea.

KLINarekin batera, data berean, Nafarroako Gobernuak Nafarroako 2030era begirako Energia Plana onetsi zuen, beharrezkoa den energia-trantsizioari buruzko helburuak eta ekintza-ildoak ezarrita. Energia Planak, energia-plangintza ezartzeaz gain, beste plangintza sektorial batzuekiko integrazioa eta koordinazioa ezartzen ditu, hala nola industria, garraio, etxebizitza, ingurumen edota lurralde plangintzarekikoak. Nafarroako 2030era arteko Energia Planak energia-eredu berri baterako trantsizioaren ildo nagusiak ezarri ditu, oinarri harturik energia berriztagarrien garapenean, energia-sorkuntza eta -kudeaketan, haren energia-azpiegituren kudeaketan eta sektore guztien energia-efizientzian; halaber, sustapen neurriak eta laguntza publikoak ezartzen ditu, eta ikerketa eta berrikuntza bultzatzea ere, prestakuntza eta sentsibilizazioarekin batera.

Nafarroan izaniko ekimen nabarmenen artean, hauek dira aipatzekoak: 14/2018 Foru Legea, 2018ko ekainaren 18koa, hondakinei eta haien fiskalitateari buruzkoa, eta Ekonomia Zirkularra garatzeko Agenda; LIFE IP-NAdapta-CC (2018-2025) proiektu integratua, klima-aldaketarako egokitzapenari buruzkoa; eta Sustainavility proiektua (2019-2023), energia-efizientziarako eta energia berriztagarrien ezarpenerako inbertsioak mugiaraztekoa. Tokiko konpromisoa sustatzen duten ekimen gisa aipatzekoak dira Egoki proiektua, Alkatetzen Itunarekiko atxikimendua eta Agenda 21ak ezartzea. Era berean, Nafarroako Gobernuaren ekimenak, hala nola “Emakumeok Klimaren alde” emakume sarea, Nafarroako Parlamentuan 2018ko urrian egindako Adierazpena jendearenganatzekoa, edota 2030 Agenda ekimenarekiko atxikimendua, 2019ko martxoan.

Aipatu beharrekoa da, halaber, Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzailea, Nafarroan hornidura, saneamendua eta arazketa zerbitzu bakarrean antolatzen dituena, eta klima-aldaketaren kontrako borrokaren printzipioak txertatzen dituena, zeinak eguneratu beharrekoak izanen baitira baliabide hidrikoen eskuragarritasunari buruzko etorkizunerako proiekzioak edukitakoan.

V

Nafarroako Foru Komunitateko instituzioek eta herritarrek badakite premiazkoa eta garrantzi handikoa dela klima-aldaketari elkarrekin aurre egitea mundu osoan, dela bizitzan, dela ekonomian, dela gizartean; egungoan nahiz etorkizunekoan. Hain munta handikoa izanik, ausardia politikoa eta soziala behar da neurririk eraginkorrenak eta justuenak hartzeko.

Herritarrak, enpresak eta erakundeak, ekoizle edo kontsumitzaile diren aldetik, berotegi-efektuko gasen isurketak murrizten laguntzera behartuta daude, nazioarteko konpromisoen nahiz foru lege honetan aurreikusitako bitartekoen joka-esparruan, dela energiaren erabileran ahalik eta efizientziarik handiena bilatuz, dela energia berriztagarrien kontsumorantz aldatuz edo ekonomia zirkularra sustatuz.

Ildo berean, Nafarroako Gobernuak, gainerako botere publikoek bezala, baliabide natural guztiak zentzuz erabiltzen direla begiratu behar du, bizi-kalitatea babestu eta hobetze aldera, eta ingurumena defenditu eta lehengoratze aldera, elkartasun kolektibo ezinbestekoan oinarri hartuta.

Politikaren eta jakintza zientifiko, teknologiko eta sozialaren artean elkarrizketa abiarazi beharko da, katalizatze aldera gizarte-eragileen lankidetzarako eta nahi diren helburuak lortzen laguntzeko konpromisoa. Era berean, aintzat hartzen dira eskualdeetan eta toki mailan sortzen diren ekintzen nahiz konpromisoen balioa eta garrantzia.

Klima-aldaketaren kontrako ekintzak izaera integrala dauka, eta beharrezko du Nafarroako Gobernua eragile izatea politika sektorial koherenteak eta proaktiboak aurrera eramateko, elkarlanean eta koordinazioan arituta bere departamentu guztien, toki administrazioen eta eragile zein talde publiko eta pribatuen artean.

Klima-aldaketaren izaera transbertsalak administrazio publikoen jarduna behartzen du Foru Komunitatearen beste eskumen batzuen bidez gauzatua izatera, ukituak suerta daitezkeen alorrei dagozkienak. Izan ere, modu batera edo bestera eragina izanen du, adibidez, nekazaritzan, abeltzaintzan, baliabide hidrikoetan, energian, etxebizitzan, hirigintzan, mugikortasunean, osasunean, turismoan, industria-sektoreetan, azpiegituretan, baso-kudeaketan edo babes zibilean. Era berean, esparru horietako bakoitzean garatzen diren politika sektorialek inpaktua dute klima-aldaketaren areagotzean edo moteltzean. Eta Nafarroak plangintza sektorialean eskumen esklusiboa du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 56. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Funtsezkoa da energiaren arloko politika, klima-aldaketaren ondorioak moteltzeko; eta haren elementu gakoetako bat da erregai fosilek sortutako energiatik trantsizioa egitea iturri berriztagarrietatik datorren energiara. Energiaren aferan, Nafarroako Foru Komunitateak eskumen esklusiboa dauka energia ekoiztu, banatu eta garraiatzeko instalazioei dagokienez, garraio hori ez denean Nafarroako lurraldeaz gaindikoa eta aprobetxamenduak ez dionean Estatuko beste lurralde bati eragiten; hori guztia, ezertan galarazi gabe Estatuak meatzaritza- eta energia-araubideari buruz onetsiriko oinarrizko legeria, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 44. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz. Halaber, Estatuko oinarrizko legeriaren mugartean, Nafarroak eskumena du energiaren eta meatzaritzaren araubideari dagokionez legegintzazko garapena egin eta betearazteko, Hobekuntzako 57. artikuluak xedatzen duenez.

Lurraldearen antolamenduak, hirigintzak eta etxebizitzak zerikusi zuzena dute bai klima-aldaketara moldatzearekin bai berotegi-efektuko gasen isurketak moteltzearekin. Hirigintza-garapenak klima-oharmenetik ezarri eta berritu beharrekoak dira, aintzat hartuz orientazioak, altuerak, azpiegitura berderik badagoen, eta abar. Eta eraikinek energetikoki efizienteagoak izan eta beren isurketak moteldu behar dituzte. Esparru horietan, Nafarroak eskumen esklusiboa du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokienez, neurri desberdinak har daitezke, lagungarri direnak klima-aldaketara moldatzeko, bai eta aldaketa hori moteltzeko ere. Neurri horien artean daude ekoizpen ekologikoa sustatzea, abeltzaintzako eta nekazaritzako hondakinen kudeaketa optimizatzea, ustiapenetan energia berriztagarriak instalatzea edo abeltzaintzako instalazioetan teknika eskuragarri onenak aplikatzea, horrela ekarpena eginda sektoreko berotegi-efektuko gasen isurketak gutxitzeko. Nekazaritzan eta abeltzaintzan ere Nafarroak eskumen esklusiboa du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hezkuntza ezinbesteko tresna da herritarrak prestatzeko, gizateriak aurre egin behar dion klima-aldaketaren arazo larriaz ohartuko direnak. Beharrezkoa da, horrenbestez, klima-aldaketa eta energia-trantsizioa aintzat hartuak izan daitezela hezkuntza-curriculumetan eta edozein mailatako irakasleen prestakuntzan eta gaikuntzan, bai eta hezkuntza-sistemaren kalitatea ebaluatzeko nahiz ebaluazio instituzionalerako prozesuetan ere. Irakaskuntzaren esparruan, Nafarroak eskumen osoa du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan xedatzen denarekin bat.

Toki erakundeek, ondasun eta zerbitzuen kontsumitzaile diren aldetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin batera, gidaritza hartu behar dute energia-ereduaren aldaketan, klima-aldaketaren moteltzean eta harekiko moldaketan. Toki erakundeekiko harremana Nafarroaren eskumen esklusiboa da, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 46. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Zoritxarrez, energia-pobrezia oso erreala da gure gizartean. Alde horretatik, administrazio publikoetan gizarte gaiez arduratzen diren unitateek zaurgarritasun ekonomikoan dauden pertsonak eta familia-unitateak babesteko bideak ezarri behar dituzte, energia-horniduraren iraunkortasuna bermaturik egon dadin edozein dela ere egoera. Eta gizarte laguntzari dagokionez, Nafarroak eskumen esklusiboa du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Klima-aldaketaren aurkako borrokan funtsezkoak dira garraio publikoaren erabilera sustatzen eta mugikortasun-ohiturak beste jasangarriago batzuen mesedetan aldatzen dituzten neurriak. Neurri horietako bat izan daiteke garraio publikoko zerbitzuak indartzea garraio pribatuaren alternatiba izateko, maiztasun handiagoak eskainiz eta hiri barneko nahiz hiri arteko zona-estaldura zabalagoa eginez. Eta hiri barneko espazioetan, disuasioa baliatzen ahal da ibilgailu motordun bitartezko garraio pribatuan, kaleak oinezkotuz edo zirkulazio murriztuko eremuak nahiz aparkaleku arautuak ezarriz, bestelako hautabide batzuekin batera, hala nola bizikleta publikoen zerbitzuak edo isurketa gutxiagoko ibilgailuentzako abantailak. Garraioen arloan Nafarroak eskumen esklusiboa du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 artikuluarekin bat.

Basogintza jasangarriak basoen kontserbazioa eta hazkundea sustatzen du, eta isurketak murriztearen emaitza garbia sortzen du, laguntzen duelako atmosferako karbonoa xurgatzen eta finkatzen, eta are isurketa handiagoak ekar ditzaketen beste arrisku batzuk ere (suteak) ekiditen ditu. Horrez gain, baliabide berriztagarri preziatua lortzen da isurketa gutxiko eraikuntzarako eta dendroenergiaren bitartezko energia-sorkuntzarako (baso-biomasaren bitartezkoa). Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.e) artikuluarekin bat, arlo horretan Nafarroak eskumen esklusiboa du, Nafarroako Foru Komunitatearen edo udalen, kontzejuen eta Nafarroako gainerako erakunde administratiboen titulartasunekoak diren mendiei dagokienez. Nafarroari dagokio, halaber, legegintza bidez garatzea partikularren jabetzako mendiei buruzko Estatuko oinarrizko legeria, eta hura betearaztea.

Abeltzaintza estentsiboa sustatzea klima-aldaketa moteltzeko eta horretara moldatzeko neurri garrantzitsua da; izan ere, baso-suteak prebenitzen eta habitatak kontserbatzen ditu. Horretarako, abelbideak kontserbatzea derrigorrezkoa da, azpiegitura berde garrantzitsuak baitira. Eta Nafarroak abelbideen eskumen esklusiboa du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.h) artikuluan ezarritakoarekin bat.

Industria eta merkataritzaren sektoreak berotegi-efektuko gasen isurketaren eragile nabarmenak dira, eta begi-bistakoak dira isurketa horiek murriztu edo konpentsatzeko moduak. Horren adibide argia da industria eta merkataritzako eraikinetako teilatuetan milaka metro koadro egotea plaka fotovoltaikoak jarri ahal izateko. Merkataritzaren eta industriaren arloetan, Nafarroak eskumen esklusiboa du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 56. artikuluarekin bat.

Klima-aldaketaren aurkako borrokan, beharrezkoa bihurtu da aipatzen den larrialdi hau kontuan hartuko duten baldintzak kontratazio publikoan sartzea. Horretarako, Kontratazio Publiko Berderako Plan bat bitarteko egokia izan daiteke, barne harturik foru lege honen xedearekin eta ekonomia zirkularrerako trantsizioarekin koherenteak diren energia- eta klima-arloko irizpideak jasotzen dituzten baldintza-agirien eredu berrien tankeratzea. Kontratu publikoen arloan Nafarroak eskumen esklusiboa du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 artikuluarekin bat.

Nafarroako I+G+b estrategian, lehentasuna behar dute izan klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko ikerketak eta ezagutzaren transferentziak. Bereziki energia berriztagarrien sorkuntzan, erabileran eta biltegiratzean, bai eta klima-aldaketarako egokitzapenean ere, hala maila teknikoan nola sozialean. I+G+b arloan Nafarroak eskumen esklusiboa du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.7 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Neurri fiskalak ere tresna eraginkorra izan daitezke klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta administrazio publikoek aztertu behar dute zein ezarri, isurketen murrizketa eta klima-aldaketarako moldaketa sustatuko dutenak, hain zuzen. Fiskalitatearen arloan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 45. artikuluan xedatutakoarekin bat, Hitzarmen Ekonomikoaren sistema tradizionalak arautuko du Nafarroako tributu- eta finantza-jarduera, foru araubidea dela eta.

Foru lege honetan proposatzen da klima-funts bat sortzea, bitarteko bat izan dadin klima-aldaketa moteltzeko eta horri moldatzeko politikak eta ekintzak gauzatzeko. Funts hori osatuko dute urte bakoitzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan atxikipen berariazkoa edukirik “Nafarroako Klima Funtsa” izena duten partidek. Eta, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 11. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Parlamentuak nafar herria ordezkatzen du, legegintzako ahalmena betetzen du eta Nafarroako kontuak eta aurrekontuak onesten ditu.

Klima-arloko ekintzan, emakumeak ezinbesteko aldaketa-eragile dira jasangarritasun-helburuak erdiesteko. Foru lege honek hala ulertzen du eta genero ikuspegia printzipio gidaritzat hartzen du, gobernantza-organoetan emakume eta gizonen presentzia eta ordezkaritza orekatua izatea bermatuz, eta sustatuz emakumeen parte-hartzea, sexuaren arabera xehakaturiko datu kualitatiboen erregistroen sorkuntza eta genero-ikuspegidun analisiak eta azterketak egitea. Ziurtatzen da komunikazioa inklusiboa eta ez-sexista izatea, eta genero ikuspegia txertaturik egotea foru lege honetan arautzen diren gai guztietan. Aipatutako guztia, betiere, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritako premisak betez.

Aintzat harturik Nafarroako lurraldean dauden sektore eta jarduera desberdinek nolako potentziala daukaten energia-kontsumoa eta -isurketak murrizteko, foru lege honek betebeharrak ezartzen ditu energia berriztagarriaren sorkuntza sustatu eta ingurumenaren gaineko eragina minimizatzeko, egungo sorkuntza-instalazioen kokalekuak optimizatuz, azalera urbanizatuak aprobetxatuz eta herritar, erakunde eta tokiko eragileen engaiamendua bultzatzeko lankidetzazko lanabesei heldurik: adibidez, autokontsumo partekatuaren bidez eta udalerri- edo eskualde-mailan energia-komunitateak garatuz egiten diren energia-proiektuen bidez (energia berriztagarrien komunitateak edo herritarren energia-komunitateak nahiz tokiko energia-komunitateak), zeren eta proiektu horiek onura sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak ekartzen baitituzte.

Foru lege honek energia-kooperatibak sustatu nahi ditu haiek tokiko energia-komunitateetan sartuz. Helburu nagusia da haien kideei edo jarduera egiten deneko herriari energia-onurak eskaintzea eta, horietatik eratorrita, ingurumenekoak, ekonomikoak edo sozialak ere bai, errentagarritasuna finantzarioa sortzearen gainetik. Gauzatu beharreko jarduerak izanen dira, besteak beste: energiaren sorkuntza, batez ere iturri berriztagarrietatik; energiaren banaketa, hornidura, kontsumoa, agregazioa eta biltegiratzea; energia-efizientziako zerbitzuak ematea; eta ibilgailu elektrikoen birkargarako zerbitzuak edo bestelako energia-zerbitzuak ematea. Energia-proiektuetan pertsona juridikoek kooperatiba horietako bazkide gisa parte hartzearen helburua da Nafarroan eginkizun den energia-trantsizioa erraztea.

VI

Agerikoa da, beraz, foru lege hau beharrezkoa dela, Nafarroako Foru Komunitatean klima-ekintzaren arau-, erakunde- eta lanabes-esparrua ezartzeko, bai eta ekonomian, energia-efizientzian eta energia berriztagarrietan oinarrituriko karbono gutxiko eredu baterako trantsizioa ere.

Esparru juridiko hori zehazteko, foru lege honek laurogeita hamalau artikulu ditu, egituratuak sei titulutan, hamalau xedapen gehigarritan, xedapen indargabetzaile batean eta zortzi azken xedapenetan.

“Xedapen orokorrak” biltzen dituen I. tituluak jasotzen ditu foru legearen xedea eta helburuak, eta Nafarroako Foru Komunitatearen klima-ekintza eta energia-trantsizioa gidatu behar dituzten printzipioak.

“Gobernantza eta Plangintza” izeneko II. tituluak halako moldez garatzen du gobernantza-sistema non bermatuko baitu estamentu publiko eta pribatu guztiek foru legearen eta bere printzipioen aplikazioan eta jarraipenean elkarlana egin dezaten.

Plangintza, ezarpen eta ebaluazio tresnak zehazten dira, eta horien artean nabarmentzekoak dira klima-aldaketaren eta energiaren arloko plangintza estrategikoa, zerikusia duten politika sektorialekin koordinaturik, Nafarroako Klima-aldaketaren Bulegoaren sorkuntza, bai eta Klima Funtsarena ere, plan eta ekimenak kofinantzatzeko tresna gisa, eta karbono-aurrekontuak.

II. tituluaren bukaeran, informazio publikoaren deskribapena dago jasoa, neurri sozialen efektu biderkatzailea nabarmenduta, arauketa hutserako neurriekin batera ageri baitira. Era berean, ingurumen hezkuntza eta ikerketa nahiz berrikuntza sustatzeko neurriak, ahalegina egin beharko baita ezagutza transferitzeko eta ikerketa egiteko, klimaren ezagutzan eta sistemen erantzunetan sakontze aldera.

III. titulua, “klima-aldaketa moteltzea eta energia-eredu berria” izenekoa, gakoa da berotegi-efektuko gasen isurketak murriztearen helburuak lortzeko. Energia berriztagarriak bultzatzeko neurriak ezartzen dira, identifikatuta zein diren foru intereseko inbertsioak, energia-banaketako enpresen betebeharrak, energia eolikoaren jardun-esparrua eta elektrizitate sorkuntzaren deskarbonizazioaren jardun-esparrua, energia berriztagarrien erabilera, eta energia-efizientzia bai eraikuntzan, bai kanpoko argiztapenean. Aurrerago, mugikortasun jasangarria sustatzeko neurriak ezartzen dira, hala nola mugikortasun jasangarrirako planak, enpresa eta erakundeen lan-garraiorako planak, edo zero isurketako mugikortasun elektrikoaren sustapena, eta zehazki deskribatzen dira moteltze-helburuak lehen sektorean eta hondakinenean eta gainerako sektoreetan.

III. tituluaren bukaeran moteltze tresnak daude identifikatuta, hala nola karbono aztarnaren kalkulua eta karbono aztarna hori murrizteko planak egitea.

IV. tituluan, “klima-aldaketara moldatzea” izenekoan, neurriak eta irizpideak jasotzen dira, klima-aldaketarako moldatze-jarduera arlo guztietan transbertsalki txertatzeko; bereziki, Nafarroako Gobernuko plan sektorialetan.

Egokitzapen ekintzen helburua izanen da minimizatzea klima-aldaketaren ondorioei lotutako arrisku aurreikusgarriak Nafarroako Foru Komunitateko natura, landa eta hiri inguruneetan, eta aipatu arriskuetatik eratorrita, pertsonen osasunean, biodibertsitatean, baso sistemetan, nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpenean, azpiegituretan eta jarduera ekonomiko orokorrean izan daitezkeen ukipenak.

Halaber, foru legeak eta haren erregelamendu-garapenak energia-pobreziari aurre egin eta bermatu behar dute haren aplikazioak konpentsazio mekanismoak ezarriko dituela biztanleria sektore zaurgarrienentzat.

V. tituluak, “Administrazio jasangarria” izenekoak, jarraibideak nahiz betebeharrak ezartzen ditu administrazio publikoen ekintza eredugarria izateko, konpromisoak finkatuta eraikuntzan, mugikortasunean, erosketa publikoan, energia-efizientzian eta energia berriztagarrietan, efektu bultzagarria eraginen dutenak nafar gizarteak klima zaindu dezan.

VI. titulua “Ikuskaritza, jarraipena eta zehapen araubidea” da eta foru lege honen eta haren printzipioen aplikazio zuzena bermatzen duten neurriak arautzen ditu. Hasteko, eskumenak, elkarlanean aritu beharra eta kautelazko neurriak arautzen dira ikuskaritza eta jarraipenaren arloan. Zehapen-araubidea eta zehatze-ahalmenaren egikaritzea ere garatzen ditu, arau-hausteak eta zehapenak tipifikatuz eta zehapenak jartzeko eskumena duten organoak arautuz.

Foru Lege hau biribiltzen da bere garapen eta ebaluazioaren nondik norakoak ezartzen dituzten xedapen gehigarriekin, lege honen aplikatze eraginkorra eragozten duten arauak indargabetzen dituen xedapen batekin, eta azken xedapen batzuekin, zeinen bitartez aldatu egiten baitira indarreko foru legeak, ordezko aplikaziokoak diren arauak ezartzen baitira, eta baimena ematen baita legearen erregelamenduzko garapenerako, bai eta aurreikusten dituen atalaseak aldatzeko ere.

Azkenik, eranskinean terminoen eta definizioen glosario bat jasotzen da.

Foru legearen aurreproiektua Nafarroako Kontseilari igorri zitzaion kontsultarako, eta hark uztailaren 28ko 25/2021 Irizpena jaulki zuen.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Foru lege honen xedea da arau-, erakunde- eta tresna-esparru bat ezartzea, zehaztekoa zer ekarpen eginen dion Nafarroako Foru Komunitateak jasangarritasunaren aldeko eta klima-aldaketaren aurkako konpromisoari, trantsizioa egiten lagunduz karbono gutxiko eredu sozioekonomiko eta energia-arloko berri baterantz, oinarritzat efizientzia eta energia berriztagarriak izanen dituena, halako moldez non bermatu eginen baita baliabide naturalen erabilera arrazoizkoa eta solidarioa, klimaren alorreko efektuetara moldatua.

2. Klima-neutraltasuna 2050ean erdiestearren, Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartzen ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduan ezarritako helburuak, eta horiek lortzeko lan eginen du. Erregelamendu horrek helburu lotesle gisa ezartzen du berotegi-efektuko gasen isurketa garbiak 2030ean gutxienez ere % 55 murriztea 1990eko mailekin alderatuta.

3. Foru lege honen helburuak lortzeko erantzukizuna partekatzen dute gobernuak, toki erakundeek, ekoizpen sektoreek, eragile politiko, sozial eta ekonomikoek eta oro har herritarrek.

4. Foru lege honen helburuak dira:

a) Klima-ekintzarekin eta energia-trantsizioarekin zerikusia duten politika sektorialak koordinatzea, bere plangintzan zehaztutako helburuak lortze aldera, politika publikoetan txertatuz energia-jasangarritasunaren baldintzak eta klima-aldaketarako moldaketa.

b) Berotegi-efektuko gasak moteltze eta murriztearen helburuetan laguntzea eta, era berean, Nafarroako Foru Komunitatean klima-aldaketarako moldaketa erraztea, bertako herritarren eta lurraldearen zaurgarritasuna murriztuz.

c) Nafarroako Foru Komunitatea erreferentzia bihurtzea lurralde jasangarri gisa, arduratsua ingurumenarekiko, efizientea baliabideen erabileran, eta erresilientea klima-aldaketara moldatzearen arloan.

d) Ekoizpen sektoreak egokitzea eta lurralde plangintzan, jardueretan, azpiegituretan eta eraikinetan klima-aldaketarekiko erresilientziaren analisia gehitzea.

e) Hezkuntza, ikerketa, garapena eta teknologia-transferentzia sustatzea eta klima-aldaketarekiko moldatze eta moteltzearen arloko ezagutza hedatzea.

f) Informazio objektibo eta ebaluagarrirako lorbideak ezartzea, klima-aldaketarekin, horren denboran zeharreko bilakaerarekin eta horren inpaktuekin zerikusia duten alderdi guztiei dagokienez.

g) Sustatzea herritarrek eta eragile ekonomiko eta sozialek parte har dezaten klima-politiken prestatze- eta ebaluatze-lanetan.

h) Energiaren demokratizazioa honela ulerturik sustatzea:

–Herritarrek kontsumitzaile eta ekoizle gisa energiarako irispidea izateko daukaten eskubidea, eta herritarrek sistemaren parte aktibo gisa duten erantzukizuna.

–Energiaren alorrean erabiltzaileek informazioa eta prestakuntza jasotzeko duten eskubidea, kontsumoa eta ekoizpena energia-politika jasangarri eta efizienteetara moldatze aldera.

–Energia-sistemak herritarrengan inpaktu positiboa izatea ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik.

i) Nafarroako gizartea eta ingurunea klima-baldintza berrien aurrean prestatzea, nazioartean gai horri buruz emaniko jarraibideekin eta konpromisoekin bat; eta, era berean, Nafarroako Foru Komunitateko pertsonen osasuna eta ekosistemak babestu daitezen lortzea, arreta berezia jarriz gizarte-sektore zaurgarrienengan.

j) Sustatzea herritarren, ekoizpen-sektoreen eta ekosistemen plangintza, erresilientzia eta moldaketa, klima-aldaketaren efektuen aurrean.

2. artikulua. Klima-ekintzaren eta energia-trantsizioaren printzipio gidariak.

Nafarroako administrazio publikoek foru lege honen helburuak lortzeko jardute-printzipio hauek izanen dituzte:

a) Klima-aldaketaren prebentziorako jarduna.

b) Genero-ikuspegia. Horren arabera, foru lege honetan jasotako planen eta neurrien inplementazioan ikuspegi horrekin jokatu behar da.

c) Ekitatea; pertsona orok izan beharko du bere etxean bizi-baldintza duinak edukitzeko behar den energiarako irispidea. Halaber, moldatze-neurriek jomugan hartu behar dute klima-aldaketak eragindako edo areagotutako gizarte-desberdinkeriak murriztea. Era berean, erakundeek modu ekitatiboan jardun behar dute eskudun diren lurralde osoan.

d) Gardentasuna. Behar bezala jokatzeko, herritarrek informazio egiazkoa eta eskuraerraza jaso behar dute jasan ditzaketen ondorioen gainean.

e) Aurrea hartzea, horretarako sustatuz klima-agertokietan oinarrituriko ikerketa eta ezagutza.

f) Habitatak leheneratzea; batez ere, basoetakoak.

g) Agertoki eta horizonteetara moldatzea; jarduera sektore desberdinetan praktika berrien analisia, ebaluazioa, definizioa eta zabalkundea egitea, kliman aurreikusten diren aldaketekin bat.

h) Kontuz jokatzea, aintzat harturik fenomenoen, produktuen edo prozesuen ondorio potentzialki arriskutsuak eta gure habitatean eta ingurune naturaletan eragina duten arrisku potentzial ezezagunak.

i) Berrikuntza teknologikoa eta soziala. Izan ere, hala klima- eta energia-problemen diagnosiak, nola haientzat proposatzen diren konponbideek, funtsaturik dauden ebidentzia zientifikorik onenak eta berrienak hartu behar dituzte kontuan, betiere behar bezalako ebaluazioan, kalkulu objektiboetan eta neurri eraginkorretan oinarrituta.

j) Subsidiariotasuna, foru lege honetatik eratortzen diren urratsen aplikazioan.

3. artikulua. Definizioak.

Foru lege honen ondorioetarako, bere eranskinean bilduta dauden definizioei helduko zaie.

4. artikulua. Genero-ikuspegia klima-aldaketan eta energia-trantsizioan.

1. Nafarroako administrazio publikoek bermatuko dute emakumeek erabaki-hartze, planifikatze eta aplikazio-prozesuetan parte hartzen dutela, eta genero-ikuspegia txertatzen dela klima-aldaketaren aurka borrokatzeko politiketan eta horrekiko zerikusia duen garapenerako lankidetzakoetan.

2. Pizgarriak emanen dira emakumeek ekarpen intelektual eta aktiboa egin dezaten klima-politiken taxuketan, horiek zuzeneko eragina dutenez gero genero-berdintasunean eta ahalduntzean, eta kontuan izanik klima-aldaketa samurtzeko soluzioetan betetzen duten zeregin behinena.

3. Horregatik, Nafarroako administrazio publikoek genero-ikuspegia txertatuko dute ingurumen-politiken taxuketan, egikaritzean, segimenduan, ebaluazioan eta horiei buruzko txostenetan. Gainera, bermatuko dute emakumeek erabateko eta ekitatezko parte-hartzea daukatela erabaki-hartzearen maila guztietan; batez ere, klima-aldaketari dagokionez.

4. Bereziki sustatuko dira landa-eremuetako emakumeen zaurgarritasunaren aurkako jarduketak, azpimarra jarririk generoen arabera ezberdindutako inbertsioak nekazaritza jasangarriarentzat dituen arriskuetan eta bultzada emanez emakumeek jabe izateko eta lurra erabiltzeko dituzten eskubideei.

5. Guraso bakarreko familiek pairatzen dituzten energia-pobreziako egoerei lehenespenezko erantzuna emanen zaie, deitzen diren laguntza-planetan lehentasunek ezarriz.

6. Genero-ikuspegia kontuan hartzen duten politikak taxutuko dira, bermatze aldera emakumeak energia-teknologia garbietako ekintzaile gisa eta ezagutza-iturri gisa aintzat hartuak izan ahal izatea; eta, horretarako, berritzailetasuna, enpresaritasuna eta ikerketa sustatuko dituzten jarduerak eginen dira.

II. TITULUA

Gobernantza eta plangintza

I. KAPITULUA

Gobernantza

5. artikulua. Gobernantzaren helburuak.

Klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloan administrazio publikoen eta Nafarroako gizartearen jarduna eraginkorra izan dadila bermatzeko, gobernantza-sistema bat ezartzen da, helburu hauek dituena:

a) Nafarroako administrazio publikoen ardurakidetza sustatzea klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren politiken aplikazioan, zein bere eskaletan, eta beharrezkoak diren bitarteko eta tresnak erabiliz, Nafarroako Gobernuaren politika sektorialetan eta toki erakundeen plangintzan txertatuz.

b) Herritarrek eta eragile sozial eta ekonomikoek klima-aldaketaren, energiaren eta energia-trantsizioaren arloko plangintza-tresnen ezarpenean eta jarraipenean parte har dezaten sustatzea.

c) Espainiako, nazioarteko eta Europako estrategiekiko baterakuntza koordinatzea, eta partaidetza bultzatzea Europar Batasuneko edo nazioarteko sare eta ekimenetan, eta, era berean, nafar entitateek Europar Batasuneko aukeretan parte har dezaten sustatzea.

6. artikulua. Gobernantza, klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloan.

1. Klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloan, hauek dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoak:

a) Klima-aldaketaren eta energiaren arloan eskumena duen departamentua edo duten departamentuak.

b) Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordea.

c) Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua.

2. Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentzia eratzen da. Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentzia Nafarroako Gobernuaren zer energia-eskumendun departamenturi dagoen atxikita, bete beharko ditu departamentu horrek plangintzaren eta politika globalaren arloetan ematen dituen jarraibideak.

7. artikulua. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordea.

1. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordeari esleitzen zaio klima-aldaketaren eta energiaren alorreko plangintza aplikatzearen ardura, eta eginkizun hauek ezartzen zaizkio:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen eta bere erakunde instrumentalen jarduna koordinatzea klima-aldaketaren aurkako eta energia-trantsizioaren aldeko ekintzan.

b) Klima-aldaketari eta energiari dagokienez foru lege honetan ezartzen diren helburuak lortzeko garrantzitsuak diren alderdiez Nafarroan ezarritako helburuen, neurrien eta plan sektorialen jarraipena egitea eta horiek guztiak ebaluatzea.

c) Nafarroako Gobernuari igortzea klima-aldaketaren eta energiaren arloko jarraipen-oroitidazkiak, ebaluazio-txostenak eta plangintza-proposamenak.

d) Nafarroako Klima Funtsaren baliabideak esleitzeko lehentasunen proposamena egitea, erregelamendu bidez ezarritako irizpideekin bat.

e) Informazioaren transferentzia sustatzea, ezagutzaren ekoizpen zentroetatik kudeaketa arduradunetaraino komunikazio bideak ezarriz.

f) Klima-politikak eta sektore planak ebaluatzea, horiek foru lege honen helburu eta printzipioetara egokitzeko.

2. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordeak lantalde edo lan-batzorde izaera izanen du, eta haren osaera, antolaera, beste organismo batzuekiko koordinazioa eta funtzionamendua Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez ezarriko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari jarraituz, eta irizpide hauek aintzat hartuz:

a) Batzordeburu izanen da Nafarroako Gobernuko lehendakaria edo hark eskuordetzen duen pertsona.

b) Batzordeburuorde izanen da ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuko titularra edo hark eskuordetutako pertsona.

c) Batzordeko kideak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa osatzen duten departamentu guztietako ordezkariak, departamentu bakoitzeko titularrak zuzendari nagusien artean izendatuta.

d) Batzordean emakumeek eta gizonek presentzia eta ordezkaritza orekatua dutela bermatu beharko da.

8. artikulua. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua.

1. Energia-trantsizioaren eta klima-aldaketaren arloko parte-hartze soziala ordezkaritasun zabaleko gizarte kontseilu baten bidez antolatuko da, ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuak sustatua eta hari atxikia. Kontseilu hori foru lege hau onesten denetik urtebete igaro aurretik eratu behar da.

2. Jarduera-sektore inplikatu guztiak ordezkatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuetako kideek osatuko dute gizarte kontseilua, barne direla administrazio publikoak, enpresak, gizarte erakundeak eta lanbide-elkargoak. Ordezkaritza parekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea betez.

3. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluak eginkizun hauek ditu:

a) Klima-aldaketaren kontrako borrokan dauden helburuen betekizunaren bilakaera eta klima-aldaketaren eta energiaren arloan hartu den plangintzaren aplikazioa aztertzea.

b) Energiaren eta klima-aldaketaren arloko politikak Nafarroako Gobernuko plan sektorial guztietan nola txertatu diren aztertzea.

c) Ekimenak prestatzea eta Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordeari aurkeztea, berotegi-efektuko gasen isurketak murrizte aldera eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean egokitzapen arduratsua sustatze aldera.

4. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluak lantalde edo lan batzordearen izaera izanen du, eta haren osaera, antolaketa, Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordearekiko koordinazioa eta funtzionamendua ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuko titularrak emandako foru agindu baten bidez ezarriko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

II. KAPITULUA

Plangintza

9. artikulua. Plangintza, ezarpen eta ebaluaziorako tresnak.

Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak behar diren plangintza, ezarpen eta ebaluazio tresnak izanen dituzte foru lege honen 1. artikuluan adierazitako xedea eta helburuak betetze aldera, eta genero ikuspegia txertatuko dute horietan. Honako hauek dira tresna horiek:

a) Plangintza estrategikoa klima-aldaketaren eta energiaren arloan, lotura duten plangintza sektorial guztiekin koordinaturik.

b) Nafarroako Klima-aldaketaren Bulegoa, klima-aldaketaren arloko planak betearazteko trepeta gisa.

c) Karbono aurrekontuak, bai klima-aldaketa bai energia eredu berria plan sektorialetan txertatzeko tresna gisa.

d) Klima Funtsa, bai planak bai ekimenak kofinantzatzeko trepeta gisa.

10. artikulua. Klima-aldaketaren eta energiaren arloko plangintza estrategikoa.

1. Klima-aldaketaren eta energiaren arloan nazioartean ezarri diren konpromisoak betetzen laguntzeko, Nafarroako Gobernuak helburu zenbakarriak ezarriko ditu klima-aldaketaren eta energiaren plangintza estrategikoan, berotegi-efektuko gasen isurketen murrizketari eta energia berriztagarrien bidezko energia hornidurari buruzkoak.

2. Ingurumen eta energia gaietan eskumena duten departamentuei dagokie Nafarroako klima-aldaketaren eta energiaren plan estrategikoak egitea, koordinatzea eta Nafarroako Gobernuari igortzea, onets ditzan.

3. Klima-aldaketaren eta energiaren planak eguneratu edo berrikusten ahalko dira, dela hartutako neurrien eta emaitzen eraginkortasunaren arabera, dela gaiari buruzko helburu nazionalak eta nazioartekoak berrikusten direnean.

4. Nafarroako Gobernuak onesten dituen plan sektorialek edo haien berrikuspenek bat etorri beharko dute klima-aldaketaren eta energiaren arloko planetan zehazten diren printzipio, helburu eta jarduketa-ildoekin. Ingurumen ebaluazio estrategikoa behar duten plan eta programetan, bai eta horiekin lotuta Nafarroako Gobernuak onesten dituen arau proiektuetan ere, klima-txosten bat jaso beharko da, bai moteltzeaz bai moldatzeaz arduratuko dena.

5. Energia, industria, garraio, etxebizitza, nekazaritza eta abeltzaintza, ingurumen, hezkuntza eta osasun politikez arduratzen diren departamentuek informazio-sistemak izanen dituzte, Nafarroan klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloan dauden helburuen eta neurri sektorialen jarraipena eta ebaluazioa egiteko beharrezkoak diren datuen berri emateko.

11. artikulua. Nafarroako Klima-aldaketaren Bulegoa.

1. Nafarroako Klima-aldaketaren Bulegoa sortuko da, ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuari atxikia, unitate organikoaren izaerarekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

2. Nafarroako Klima-aldaketaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu, kasuko foru dekretuaren bidez esleituko zaizkionez gain:

a) Klima-aldaketari buruzko arau garapena, estrategiak, planak eta helburuak Nafarroan bultzatu eta koordinatzea, Estatuan eta Europar Batasunaren baitan hartutako konpromisoak oinarri harturik.

b) Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Batzordeko idazkaritza tekniko eta administratibo gisa aritzea.

c) Aldian-aldian aztertzea berotegi-efektuko gasen isurketen bilakaera eta baliabide naturalek eta sistemek, sektore ekonomikoek eta lurraldeek klima-aldaketaren inpaktuekiko duten zaurgarritasuna, eta klima-aldaketaren arloko politikak Nafarroan zenbatean ezarri diren ebaluatzea.

d) Txostena egitea klima-aldaketari eragiten ahal dioten plan eta programetako ingurumen ebaluazio estrategikoetarako prozeduretan.

e) Gizarte osoa kontzientziatu eta informatzeko jarduerak sustatu eta egitea, bai eta zabalkundekoak ere, klima-aldaketari lotutako aspektu guztiez.

f) Komunitate zientifikoaren ikerketa-jarduerak sustatzea klima-aldaketaz, klima-sistemaren behaketaz eta eskualde-ereduak sortzeaz.

g) Jarduketak eta proiektuak bultzatzea, klima-aldaketak Nafarroan dituen inpaktuen aurrean, egokitzeko gaitasuna hobetzeko eta politika sektorialetan egokitzapena txertatzeko.

h) Berotegi-efektuko gas isurketen inbentarioaren garapena koordinatzea, hustubideak barne, bai eta isurketa proiekzioen sistemena ere, nazioartean onetsi diren metodologiak oinarri harturik.

i) Berotegi-efektuko gas isurketak kalkulatzeko metodologiak garatzea, erakundeetarako, bai eta haien produktu eta zerbitzuetarako ere.

j) Enpresek, administrazioek eta beste instituzio nahiz erakunde batzuek arintze eta egokitzapen arloko borondatezko programa eta proiektuetan parte har dezaten sustatzea.

k) Berotegi-efektuko gas isurketen gaineko eskubideen Europar Batasuneko merkataritza araubidearen arloko eskumenak erabiltzea.

l) Parte-hartzea sustatzea klimaren arloko Espainiako, Europar Batasuneko eta nazioarteko batzorde eta sareetan, bai eta beste ordezkaritza-, lankidetza- nahiz erabakitze-organo batzuetan ere.

m) Jarduketa eta inbertsio publikoak eta pribatuak sustatzea, karbono-hustubideak babestu eta hobetzeko, eta klima-aldaketara egokitzeko.

n) Udalerriei laguntza teknikoa ematea, klimaren aldeko ekintza-planak idatzi, exekutatu eta berrikusteko.

ñ) Jarduketa eta inbertsio publikoak eta pribatuak sustatzea I+G+b arloko proiektuetan, klima-aldaketaren aurkako borrokaren arloan.

o) Klima-aldaketaren arloko berrikuntza sozialeko proiektuen eta negozio eredu berrien alde egitea.

p) Foru lege honen 13. artikuluan aurreikusten den Nafarroako Klima Funtsa kudeatzea.

q) Aldian behin Ebroko Konfederazio Hidrografikoekin lankidetzan plubiometriaren bilakaera, inguruko emariak eta nekazaritza, hiri eta industria kontsumoak analizatzea.

r) Herritarrak etengabe informatzea, horrela sentsibiliza daitezen eta egokitzapen eta arintze neurriak susta daitezen.

s) Klima aldaketari buruzko desinformazioaren aurka egiteko ekintzak gauzatzea.

12. artikulua. Karbono aurrekontuak.

1. Karbono aurrekontuen helburua da zehaztea, berotegi-efektu gasen isurketen inbentariotik eta etorkizunerako proiekzioetatik abiatuta, Nafarroa osorako isurketak murrizteko helburuaren banaketa jarduera ekonomikoaren sektore guztien artean, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek hura modu koherentean txertatzea politika sektorialetan.

2. Aurrekontu horiek, gainera, adierazi behar dute zein zati dagokien isurketa eskubideen merkataritza-sistema batek estalitako sektoreei, oro har, eta zein zati dagokien sistema horrek estaltzen ez dituen sektoreei, atmosferara egiten diren isurien eta CO2-aren ebakuatzaileen inbentarioen kontabilitatearekin bat.

3. Parlamentuak bost urtean behin karbono aurrekontuak onetsiko ditu Nafarroako Gobernuak proposamena egin ondoren, oinarri harturik Klima-aldaketaren Bulegoaren gomendioetan, eta aldez aurretik Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Politikarako Gizarte Kontseiluan aurkezturik.

4. Bost urteko epealdiaren erdian, Nafarroako Gobernuak indarrean diren aurrekontuen betetzeari buruzko jarraipen txostenak argitaratuko ditu.

5. Karbono aurrekontu bakoitza ezartzeko, besteak beste hartu beharko dira kontuan ezagutza zientifikoa, sektoreen gaineko inpaktuak eta murrizketarako bakoitzak dituen potentzialak, inguruabar ekonomikoak eta sozialak, lehiakortasuna, energia politika, isurketen agertokiak eta nazioarteko itunak.

13. artikulua. Nafarroako Klima Funtsa.

1. Nafarroako Klima Funtsa izaeraz publikoa eta nortasun juridikorik gabekoa da, eta helburu du beharrezko tresna bihurtzea klima-aldaketa moteldu eta hartara moldatzeko politikak eta ekintzak egiteko.

2. Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez ezarriko ditu Nafarroako Klima Funtsa kudeatu, antolatu eta banatzeko irizpideak, kontuan hartuta energia eredu berri baterako trantsizioaren eta klima-aldaketa moteltzea eta hartara moldatzearen arloan proposatutako jarduketak, ekosistemen monitorizatze eta lehengoratzea barne.

3. Nafarroako Klima Funtsak honako baliabide hauek eskuratzen ditu:

a) Foru lege honetan aurreikusitako arau-hausteak egiteagatik ezartzen diren zehapenetatik biltzen den diru-zenbatekoa.

b) Partikularrek, enpresek edo instituzioek berariaz Funtsera bideratzen dituzten dohaintzak, jaraunspenak, ekarpenak eta laguntzak.

c) CO2 isurketen borondatezko konpentsazioa.

d) Nafarroako Baso Ondareko finketako baso aprobetxamenduetatik heldu diren diru-sarrerak.

e) Funtzionamenduan diharduten haize-parkeek eraginda fauna hiltzeagatik eman beharreko kalte-ordainen zenbatekoa, une bakoitzean indarra duen baremoaren arabera. Era berean, energia berriztagarrietako eta linea elektrikoetako proiektuen ingurumen ebaluazioaren arloan arau-hausteak egiteagatik ezartzen diren zehapenetatik biltzen den zenbatekoa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. tituluko II. kapituluan eta Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen VI. tituluan ezarritakoarekin bat.

f) Energia eolikoa ekoizten duten instalazioen ekarpenaren zenbatekoa, faunaren hilkortasunaren jarraipenari eta ingurumen arriskuko egoeren analisiari buruzko nahitaezko txostena egitera bideratua, 31.2. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Aurreko apartatuan identifikatutako baliabideak aplikatzearen ondoriozko zenbatekoak urte bakoitzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sartuko dira, atxikipen espezifikoa duten eta “Nafarroako Klima Funtsa” izena duten partidetan.

Artikulu honetako bigarren apartatuko e) eta f) letrei dagozkien zenbatekoak erabiliko dira energia berriztagarriak ezartzeak biodibertsitatean eragindako ingurumen eraginak konpentsatzeko eta haien jarraipena egiteko. Bestalde, d) letrari dagokion zenbatekoa baso kudeaketa jasangarriari dagozkion jarduketetara bideratuko da.

5. Zilegi izanen da Nafarroako Klima Funtsetik baliabide ekonomikoak bideratzea Funtsaren beraren kudeaketarako behar diren bitarteko teknikoak eta giza baliabideak paratzeko.

6. Nafarroako Aurrekontu Orokorretan Klima Funtsari dagokion gastua, kasuan kasuko ekitaldian exekutatzen ez den zatian, diruzaintzako soberakin atxikitzat joko da, eta hurrengo aurrekontu-ekitaldiei gehitzen ahalko zaie.

7. Ekonomia eta ogasunaren arloko eskumena duen departamentuak eta Nafarroako gainerako administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumeneko arloetan eta foru lege honen helburuak eraginkortasunez bete daitezen, aztertuko dute zer neurri fiskal ezar daitezkeen isurketen murrizketa eta klima-aldaketarako egokitzapena sustatzeko, eta aintzat hartuko dute sektore desberdinetan asmo horrekin ahaleginak egiteko neurri pizgarriak eta sustapenekoak hartzea, bai eta egindako ahaleginak aitortzekoak ere.

14. artikulua. Analisirako eta ezarpenerako lanabesak.

1. Ingurumenaren eta energiaren arloko eskumenak dituzten departamentuek zehaztuko dute zer lanabes estatistiko eta plataforma teknologiko behar diren Nafarroan klima-aldaketari eta energiari dagokionez izaten ari den bilakaeraren diagnostikoa, jarraipena, ebaluazioa eta kontrola ongi egiteko eta –foru lege hau betetzen dela bermatzearren– planak ongi eta Europako lanabesekin bat gauzatzen ari direla ziurtatzeko. Datu kualitatiboen erregistroak sortuko dira sexuen araberako bereizketa eginez, eta analisia eta azterketak genero ikuspegiarekin gauzatuko dira.

2. Planen garapenean lanabes berriak behar izatea baztertu gabe, aipatu departamentuek berariazko trepeta hauek prestatuko dituzte:

a) Energiaren arloko eskumena duen departamentuak:

Lehena. Nafarroako urteroko energia-balantzea.

Bigarrena. Energia eta klima kudeatzeko plataforma.

b) Ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuak:

Lehena.–Berotegi-efektuko gasen isurketen urteroko inbentarioa.

Bigarrena.–Eskualdekako klima-agertokiak.

Hirugarrena.–Lurralde- eta sektore-zaurgarritasunaren azterketa.

Laugarrena.–Ekosistemen egoeraren eta bilakaeraren segimendua.

Bosgarrena.–Karbono hustulekuen egoeraren eta bilakaeraren segimendua.

Seigarrena.–Ur emarien eta kontsumoen segimendua.

3. Halaber, klima-aldaketan inplikazioak dituzten plan sektorialek adierazleen aginte taulak ezarriko dituzte haiekin lotuta, betiere energiarekin, isurketen bilakaerarekin, klima-aldaketaren inpaktuekin eta haien denborazko bilakaerarekin lotutako aspektu guztiei buruzko informazioa lortzea ahalbidetzeko, eta, era berean, horri buruzko politika publikoen segimendua, hedapena eta ebaluazioa errazteko. Adierazle horiek sexuaren, adinaren, okupazioaren, ikasketa mailaren eta lekuaren arabera bereiziko dira, bidezkoa denean, eta horrela, datu bereizietan oinarriturik, planei, hainbat ikuspegirekin bat, beste norabide bat ematea ahalbidetuko da.

4. Ingurumenaren eta energiaren arloko eskumena duten departamentuek beste departamentu, toki erakunde eta gizarte eragile batzuk orientatuko dituzte gidak, komunikazio moduak eta informazioa eskuratzeko erak zehazteko, betiere klima-aldaketarekin eta energia-trantsizioarekin lotutako edukietan.

15. artikulua. Klima-aldaketaren Nafar Herritar-batzarra.

1. Aurreko artikuluetan zehazturiko planifikazioa formula irekien bitartez eta bide irisgarriak erabiliz eginen da, horrela bermatuz eragile sozial eta ekonomiko interesdunek eta oro har herritarrek parte hartu ahal izatea, ezertan galarazi gabe foru lege honetan eta aplikatu beharreko estatu-legerian jasotako beste partaidetza- eta hausnartze-formula batzuk. Aipatu plangintza egiteko, Nafarroako Gobernuak lehenagotik dauden partaidetza-mekanismoak indartuko ditu, eta estrukturalki bermatuko du herritarrek parte hartuko dutela klima-aldaketaren arloan erabakiak hartzeko prozesuan, Klima-aldaketaren Nafar Herritar-batzar baten bidez.

2. Klima-aldaketaren Nafar Herritar-batzarra herritarrek parte hartzeko foro gisa taxutua da, oldozpen-gune parte-hartzaile gisa, hausnarketa egin eta jakintza kolektiboa sortzekoa, eta herritarrei modua ematen diena informazioa jasotzeko eta oldozteko, bai eta adosteko ere zer soluzio behar diren 2050. urtea baino lehenago klima-neutraltasuna erdietsi eta klima-aldaketaren inpaktuen aurrean Nafarroa erresilienteagoa izate aldera jorratu beharreko eraldaketa handiei begira. Hori guztia, justiziaz eta solidaritatez jokatuz.

3. Klima-aldaketaren Nafar Herritar-batzarraren osaera, antolaketa eta funtzionamendua ingurumen arloan eskudun den departamentuko titularraren foru agindu bidez onetsiko dira.

Foru agindu horretan honako hauek ezarriko dira:

a) Osaera. Berdintasun-printzipioari jarraituko dio, zeina bermatuko baita aldagai soziodemografiko gako batzuen (adina, sexua, errenta, prestakuntza profesionala...) araberako zozketa estratifikatua eginez.

b) Funtzionamendua: ordezkagarritasun, inpartzialtasun, independentzia, gardentasun eta klima aldaketaren ingurumen informazioaren eskuragarritasun printzipioek arautuko dute, eta hori guztia parte-hartzearen aurretik eta informazio aniztasunarekin.

c) Galdera baten inguruan eztabaidatzeko agintzen den agintaldi zehatza.

d) Batzarraren gobernantza tresnak: gutxienez aditu independenteen kontsulta taldea eta koordinazio eta laguntza tekniko-logistikoko taldea egonen dira. Bermatzaileak ere izendatuko dira; horiek gainbegiratzaile independente gisa jardunen dute eta bermatuko dute prozesua independentzia eta deontologia arauekin bat etorriz betetzen dela.

e) Lan metodologia, erabakiaren iraupena eta lanak bukatzeko epea.

III. KAPITULUA

Klima-ikuspegia eta bestelako plangintza neurriak

16. artikulua. Klima-ikuspegia.

1. Foru legeak eta xedapen orokorrak egiteko prozeduretan eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek sustatu edo onesten dituzten plangintzetan klima-ikuspegia jaso beharko da, foru lege honetan eta klima-aldaketaren eta energiaren arloko plangintza estrategikoan adierazitako estandarrekin edo helburuekin bat.

2. Aginduzkoa izanen da edozein arau- edo plangintza-ekimen izapidetzeko ardura daukan organoak klima-inpaktuaren ebaluazio bat jaso dezan. Horren xedea izanen da proiektuak klima-aldaketaren moteltzean eta harekiko moldatzean izandako eragina aztertzea.

17. artikulua. Klima-ikuspegia aurrekontuetan.

1. Klima-ikuspegia jaso beharko da Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko foru legearen proiektuan eta 5.000 biztanle baino gehiagoko toki erakundeen aurrekontu-proiektuetan. Horretarako, organo eskudunek kasuko oroitidazkietan baloratuko dute aurrekontu-programek klima-aldaketaren eta energiaren plangintza estrategikoaren helburuetan duten inpaktua.

2. Bereziki, urte bakoitzeko Nafarroako Foru Komunitatearen Aurrekontu Orokorren Foru Legeak Nafarroan klima-aldaketa moteltzeko eta horretarako moldaketarako eta energia trantsiziorako partidak jasoko ditu, transbertsalki, departamentu eta menpeko erakunde publiko guztietan, horrela foru lege honen helburuak betetzera bideratutako politika publikoak gauzatu ahal izateko.

3. Halaber, urteko aurrekontu horien oroitidazki atxikian aztertuko da klima-aldaketaren ondoriozko jasanarazpenek sortutakoak diren kalte eta zaurgarritasunei dagokienez aurrekontu horiek duten inpaktua.

4. Nafarroako Gobernuak, urte bakoitzeko Kontu Orokorrei buruzko Foru Legearen gaineko txostenean, Parlamentuan justifikatu beharko ditu partida horien egikaritze ezak, horrelakorik egonez gero.

5. Nafarroako administrazio publikoek eta sektore publikoko erakundeek beren aurrekontuetan klima ekintza gauzatzeko programak bideratuko dituzte. Foru Komunitateko BPGaren urteko inbertsioen % 2,5eko adierazlea ezarri da, Nafarroako ekonomian klima-ekintzaren neurri publikoak ezartzeko.

18. artikulua. Klima-ikuspegia plangintza-tresnetan.

1. Sektoreko plan zuzentzaileak, lurralde planak, udal plangintzako tresnak eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren esanetara jarri behar den beste edozein plan berritik egitean, egokitzean edo berrikustean, klima-aldaketaren ikuspegia txertatuko da ingurumen ebaluazioaren prozesuan. Horretarako, honako hauek gehituko dituzte:

a) Berotegi-efektuko gas zuzenen edo induzituen inpaktuari buruzko analisia eta inpaktua saihestezina denean, hura murrizteko edo konpentsatzeko neurriak.

b) Egungo zaurgarritasunaren eta klima-aldaketaren ondorioak kontuan hartuta aurreikusitakoaren analisia eta zaurgarritasun hori gutxitzeko neurriak.

c) Bere jarduketa eremuaren energia beharren ebaluazioa eta horiek gutxitzeko eta energia berriztagarriak sortzen direla bermatzeko neurriak zehaztea.

2. Aurreko apartatuan jasotako tresnek aurreikusten dituzten hirigintza-garapen berrietan lurzoru-zati bat gordeko da energia berriztagarria sortzeko, eta horren azalera nahikoa izanen da garapen horren energia-beharren baliokidea, urtealdikoa, sortzeko.

19. artikulua. Klimarako eta energia jasangarrirako udal ekintza-planak.

1. 5.000 biztanle baino gehiagoko Foru Komunitateko udalerriek klimarako eta energia jasangarrirako ekintza-planak onetsiko dituzte, Europar Batasunaren esparruan ezarritako metodologiarekin bat.

2. Plan horiek koherenteak izanen dira klima-aldaketaren eta energiaren plangintza estrategikoarekin.

3. 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek mankomunitatean, eskualdean edo indibidualki onesten ahalko dituzte planak.

4. Planek gutxienez eduki hau izanen dute:

a) Berotegi-efektuko gasen isurketen analisia eta ebaluazioa.

b) Elementu zaurgarriak identifikatzea eta ezaugarritzea.

c) Klima-aldaketa moteltzeko eta horretara moldatzeko helburuak eta estrategiak: horietan gehitu beharko dira hirigintza-plangintzaren balizko aldaketa egokiak eta udal ordenantzak.

d) Sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak.

e) Planaren ebaluazioa eta segimendua egiteko arauak.

Klimarako eta energia jasangarrirako udal ekintza-planetan jasotako moldatze-neurrietan eta moteltze-ekintzetan herritarrek parte hartuko dute, bai horiek prestatzen, bai martxan jartzen, bai ekintza-planak ebaluatzen.

IV. KAPITULUA

Informazioa, herritarren parte-hartzea, ingurumen hezkuntza, prestakuntza eta ikerketa, garapena eta berrikuntza

20. artikulua. Informazioaren publizitatea.

1. Nafarroako Gobernuak, ingurumenaren eta energiaren arloan eskudun diren departamentuen bitartez, klima-aldaketari eta energiari buruzko planen segimenduaren eta garapenaren gaineko informazioa eskueran ipiniko die eragile ekonomiko eta sozial inplikatuei, lanbide-elkargoei, herritarrei eta administrazio publikoei beraiei, eta haien parte-hartzea eta ardurakidetza sustatuko ditu.

2. Bide egokiak erabiliz, herritarrei honako informazio hau eman beharko diete toki erakundeek: tokiko isurketen bilakaera, klima-adierazleen bilakaera, beren lurraldearen zaurgarritasunaz, eta hartan moteltze eta moldatze arloan egindako jarduketak. Halaber, jada sortuta dauden edo sortzen ahalko diren estamentuen bidez, besteak beste udal batzarren bitartez, herritarren parte-hartze aktiboa sustatuko dute.

3. Komunikazioa inklusiboa eta ez sexista dela bermatu beharko da. Horrez gain, kontuan hartu beharko da emakumeen eta gizonen artean dagoen eten digitala, informazioa emakumeengana ere iristen dela ziurtatzeko, komunikaziorako bide desberdinak erabiliz, eta bermatzeko, halaber, informazioa eskuragarri dutela desgaitasuna dutenen pertsonek.

4. Nafarroako administrazio publikoek herritarrak klima-aldaketaren arloan sentsibilizatzeko ekintzak eginen dituzte. Horri lotuta, herritarrei informazioa eman eta herritarrak sentsibilizatuko dituzte klima-aldaketaren efektuen inguruan eta inpaktu horri buruzko eta inpaktua prebenitzeko, zuzentzeko eta inpaktura egokitzeko komunikazio kanpainak eginen dituzte.

21. artikulua. Klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloko jarduera estatistikoak.

1. Ingurumen eta energia arloko departamentu eskudunei dagokie foru lege hau betetzeko beharrezkoa den informazioaren tratamendu estatistikoa.

2. Horretarako, toki erakundeek, enpresa publikoek eta foru sektore publikoko gainerako erakundeek klima-aldaketaren arloan esanguratsuak diren datuak jaso, bildu eta sistematikoki ordenatuko dituzte, eta aipatu departamentuei horri buruz daukaten informazioa emanen diete.

3. Klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloko informazio esanguratsu horrek honako datu hauek barne hartuko ditu, besteak beste:

a) Zerbitzu publikoa ematen duten ibilgailu-motei buruzkoak.

b) Nafarroan egiten diren ibilgailu-azterketa teknikoei buruzkoak.

c) Eraikuntza eta etxebizitza arloetako energia-efizientziari buruzkoak.

d) Emisio eskubideen merkataritzaren araubidean araututa ez dagoen industria-sektoreko energia-kontsumoari buruzkoak.

e) Nekazaritza eta abeltzaintza arloan isurketak eta klima-aldaketaren efektuak ebaluatzeko beharrezkoak direnak.

f) Nafarroako Foru Komunitatean onesten diren mugikortasun jasangarriko planei buruzkoak.

g) Erregaien eta energia elektrikoaren kontsumoei buruzkoak.

h) Erregelamenduz ezartzen diren gainerakoak.

4. Erregelamenduz ezarriko dira informazio horren irismena, prozedurak eta kalitate betekizunak, biltegiratzea, tratamendua eta hedapena.

22. artikulua. Herritarren informazioa eta parte-hartzea klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren gaineko politika publikoen taxuketan.

1. Informazioa eskuratzeari, herritarrek erabaki-prozesuetan parte hartzeari eta ingurumen-justiziarako irispideari buruzko Aarhus-eko Hitzarmenari jarraikiz, klima-aldaketaren arloko informazioaren eskuragarritasun publikoa bermatuko da, eta hori gauzatuko da Nafarroako administrazio publikoengandik eta haien mendeko erakundeengandik arlo horretako informazioa eskuratu eta jasotzeko eskubidearen bitartez; horrenbestez, informazio hori jaso eta dibulgatzeko neurriak ezarriko dituzte.

2. Nafarroako herritarrek eskubidea izanen dute klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren alorretako gaiei buruzko araudia prestatzeko prozesuan indibidualki edo kolektiboki parte hartzeko.

3. Nafarroako herritarrek eskubidea izanen dute modu indibidual edo kolektiboan Nafarroako administrazio publikoei jardute-proposamenak egiteko, isurketak gutxitzearen eta klima-aldaketara moldatzearen arlokoak, afera honetan beharrezkoa den ardurakidetza publiko-pribatua eraginkor egiteko.

4. Administrazio publikoek, herritarren proposamenak helarazteko bideak ezartzeaz gain, Tokiko 2030 Agendekin zerikusia duten udalerrietako parte-hartze sareak indartuko dituzte. Halaber, jada sortuta dauden edo sortzen ahalko diren estamentuen bidez, besteak beste udal batzarren bitartez, herritarren parte-hartze aktiboa sustatuko dute.

23. artikulua. Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko hezkuntza.

1. Irakaskuntzaren arloko eskumena duen departamentuak behar diren lorbideak eta baliabideak ezarriko ditu, klima-aldaketa eta energia-trantsizioa hezkuntza-curriculumetan eta edozein mailatako irakasleen prestakuntzan eta gaikuntzan aurreikusiak izateko, bai eta hezkuntza-sistemaren kalitate-ebaluaziorako nahiz ebaluazio instituzionalerako prozesuetan ere. Curriculum horiek klima-larrialdia transbertsalki eta ikuspegi ekosozial batetik jorratuko dute, eta jasoak izanen dira batxilergoko ikasketen curriculuma, derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasketen curriculuma eta lehen hezkuntzako ikasketena Nafarroako Foru Komunitatean ezartzen dituzten foru dekretuetan, onesten direnak Estatuaren hezkuntza-arloko oinarrizko legeria garatzeko.

2. Hezkuntza-alorrean eskudun den departamentuak, klima-aldaketaren eta energiaren alorrean eskudun diren departamentuekin elkarlanean, ingurumen-hezkuntzarako plan bat prestatuko du, bi ikasturteko epean, esparru formal nahiz ez-formaleko hezitzaileei energiaren eta klima-aldaketaren alorreko oinarrizko ezagutzak eta beharrezkoak diren metodologia-baliabideak emateko, xede horrekin ikastetxeetan gehienez ere bi ikasturteko epean abiaraziz jasangarritasun-koordinatzailearen figura, zeina ikastetxe bakoitzeko irakastaldeko pertsonen artetik hautatua izanen baita.

3. Finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek bi ikasturteko epean jasangarritasun-plan bat prestatu beharko dute, honakoak jasoko dituena: energia, garraioa (mugikortasun jasangarria, eskola-inguruneak baretzea), hondakinak murrizteko hondakin-kudeaketa, jangeletako elikagaiak hurbilekoak eta sasoikoak izateko eta haietan elikagai ultra prozesatuak murrizteko eroste-politika, airearen kalitatea, CO2 aztarna, ikastetxeetako ekoauditoretzak, eta ikastetxeetan energia-efizientzia lortzeko beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak eta jarduketak ezartzea. Plan horretan bitartekoak zehaztuko dira, ikastetxeen kudeaketa jasangarria errealitate bihurtzekoak eta jardute-alor guztietan neurri zehatzak aplikatzekoak.

4. Orobat sustatuko da klimaren eta energia-trantsizioaren alorreko hezkuntza-proiektu espezializatu eta berritzaileak gara daitezen, klima-aldaketaren eta energiaren arloko eskumena duten departamentuek kasuan kasuko hezkuntza-erakundeekin eginiko elkarlanaren bidez.

5. Ingurumenaren eta energiaren arloetako eskumena duten departamentuek biztanleria-sektore guztientzako gidak argitaratuko eta informazio-, komunikazio- eta prestakuntza-kanpainak eginen dituzte energia-efizientzia sustatzeko eta klima errespetatzen duten bizitza-ohiturak bultzatzeko. Horrez gain, gai horietan ingurumen arloko boluntariotza-ekintzak sustatuko dira.

6. Ingurumenaren eta energiaren arloetako eskumenak dauzkaten departamentuek benetako konpromisoa erakutsi beharko dute, beharrezko finantza- eta giza baliabideen bitartez ekintza horiek sustatu, erraztu eta koordinatzekoa.

7. Diseinuetan eta edukietan genero-ikuspegia txertatu beharko da. Halaber, emakumeen artean sustatuko da klima-aldaketarekin eta energia-trantsizioarekin lotutako gaiei buruzko prestakuntza akademikorako interesa, ingurumenaren arloko lanbideetara emakume gehiago erakartzeko ahalegina eginez, lanbide horietan gizonezkoak nagusitzen baitira.

24. artikulua. Lanbide Heziketa, unibertsitateak eta ikerketa.

1. Unibertsitate-autonomiaren printzipioaren errespetua ezertan kaltetu gabe, unibertsitate eta ikerketaren arloan ezarritako neurrien xedea izanen da klima-aldaketaren ezagutza sustatzea eta arlo horretako praktikak sendotzea. Zehazki, hauek izanen dira helburuak:

a) Foru lege honek babestutako arloetan unibertsitate-ikasketa espezializatuak sustatzea.

b) Bultzada ematea unibertsitate-praktikak egiteari zentro nazional eta internazionaletan, zeinetan azterketa-, ikerketa- edo analisi-langintza jorratzen baita klimari, klima-aldaketak lurreko eta itsasoko ekosistemetan dituen efektuei, energia-efizientziari, energia berriztagarriei, klima-aldaketaren moteltzeari, klima-aldaketara moldatzeari eta klima-aldaketan eragin zuzena nahiz zeharkakoa duten trepeta ekonomikoei buruz.

c) Hezkuntza-eragina duten profesional guztientzako etengabeko prestakuntza presentziala nahiz ez-presentziala eskaintzea foru lege honek babesten dituen arlo guztietan.

2. Zentro bakoitzaren autonomiaren kalterik gabe, unibertsitate-ikerketaren arloan hartzen diren neurrien xedea izanen da lagungarri gertatzea klima-aldaketaren ezagutza sustatzeko eta arlo horretako praktika onak sendotzeko. Horretarako, honakoetara bideratuko dira:

a) Zuzenean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko diren urteko deialdietan ikerketa-proiektuak sortzera, klima-aldaketaren eta horren moteltzearen arloan ezagutza eta teknologia hobetzeko, Nafarroako gizartearen eta haren ekoizpen-sektoreen moldakortasuna ere hobetzeko, eta ikertaldeak, goi-mailako zentroak eta ezagutzaren aurrerapausoetatik eratorritako spin-off enpresak sortu eta sendotzera.

b) Mezenasgo-ekintzak indartzera, bai eta kapital pribatu nazional eta internazionala eta ikerketa, garapen eta berrikuntzako aingeru inbertitzaileak (I+G+b) erakartzeko ekintzak ere, finantzaketa publikoa ziurtatuz.

c) Departamentuarteko ikerketa-programa bat ezartzera, Nafarroan egindako ikerketa publikoaren koordinazioa zaintzen duena eta punta-puntako nazioarteko zentro eta institutuekin dauden loturen indartzea sustatzen duena.

d) Ekimen eta patente publiko eta pribatuak sortzera eta ikerketaren emaitzak ustiatzera.

3. Unibertsitate eta ikerketa arloan eskudun den departamentuak eta Nafarroako ikerketa-zentroek eta unibertsitateek sustatu eta indartu behar dituzte unibertsitateen, aipatu zentroen eta enpresen arteko harremanak.

25. artikulua. Ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzea.

1. Ingurumenari eta energia-trantsizioari buruzko ikerketa eta ezagutzaren transferentzia lehentasunezkotzat joko da Nafarroako I+G+b arloko estrategiaren barnean.

2. Kontuan hartuko da emakumeen eta gizonen egoera eta posizioa desberdina dela arlo honetan, eta bultzatu eginen da, ekintza positiboen bidez, emakumezko ikertzaileen lana eta parte-hartzea ikerketa-taldeetan, bai eta ikertzaile nagusiaren ardura eduki dezaten ere.

3. I+G+b arloa sustatuko da energia berriztagarrien sorkuntzan, erabileran eta biltegiratzean, bai eta klima-aldaketarako egokitzapenean ere, hala maila teknikoan nola sozialean.

4. I+G+b arloa sustatuko da ordezko erregaiak sortzeko eta xede ezberdinetarako erabiltzeko, hala nola hidrogeno berdea.

5. Era berean, sustatzen ahalko dira CO2a eta berotegi-efektuko beste gas batzuk xurgatu eta horiek industriako eta eraikuntzako beste prozesu batzuetan erabiltzea ahalbidetzen duten teknologiak.

6. Klima Aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordeari zaintza-lana egitea dagokio, koordinatuta egon daitezen ikerketa, garapen eta berrikuntza jarduketak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek klima-aldaketaren kontra eta energia-trantsizioaren alorrean egiten dituzten gainerako urratsak.

III. TITULUA

Klima-aldaketa moteltzea eta energia-eredu berria

I. KAPITULUA

Energia berriztagarriak bultzatzea

26. artikulua. Energia berriztagarrien sustapena eta kudeaketa.

Nafarroako Gobernuak, energia-ereduaren aldaketa bultzatzeko, energia-sistema demokratiko, sozial eta justua sustatuko du, une oro lurraldearen kudeaketa integrala eginez, energia-iturri berriztagarrien dibertsifikazioarekin, Nafarroako energia beharrei erantzutera bideratuta.

Energiaren arloan eskumena duen departamentuak sustatuko ditu instalazio eolikoak, eguzki instalazioak, termikoak, geotermikoak, gas berriztagarrikoak eta teknologia berriztagarrien gainerako instalazioak, bai eta energia biltegiratzeko sistemak ere, kasuko laguntzen eta kenkari fiskalak aplikatuz. Horrekin batera, administrazio-sinplifikatzea sustatuko du, energia berriztagarriko instalazioen tramitaziorako.

27. artikulua. Kontsumo-kooperatiba edo -taldeak eta hurbileko ekoizpena sustatzea.

Nafarroako administrazio publikoek kontsumo-kooperatiba edo-taldeen eta hurbileko ekoizleen bitartezko jarduera ekonomikoa sustatzeko baldintzak ahalbidetu beharko dituzte, karbono gutxiko ekonomia eta zero kilometroko kontsumoa bultzatzeko. Arreta berezia jarriko zaie despopulatze handieneko eskualdeei, gizarte- eta lurralde-kohesioaren printzipioak aplikatzeko.

28. artikulua. Foru intereseko inbertsioak.

Energia berriztagarrietan inbertitzeko proiektu hauek foru intereseko inbertsiotzat joko dira, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako:

a) Energiaren erregulazioa edo biltegiratzea aurreikusten duten proiektuak.

b) Izaera esperimentala duten proiektuak.

c) Haize-parkeei bultzada berria ematea aurreikusten duten proiektuak.

d) Energia berriztagarrien instalazioak hibridatzekoak.

e) Jabetza publikoan gauzatuak diren energia-sorkuntzako proiektuak, baldin haietako partaidetza ekonomikoa ukituriko toki erakundeen, irabazi-asmorik gabeko erakundeen edo instalazioa kokatu nahi den udalerriko edo udalerri mugakideetako bizilagunen % 20arena bada, gutxienez.

f) Energia berriztagarrien komunitateenak, herritarren energia-komunitateenak eta tokiko partaidetza duten sorkuntza berriztagarrirako proiektuak, foru lege honen 36. artikuluan ezarritakoarekin bat.

g) Gas berriztagarria sortu eta hori gas-sisteman sartzekoak.

h) Basoko biomasa eta nekazaritzako azpiproduktuak erabilera termikoetarako aprobetxatzen dituzten enpresa txikien edo kooperatiben proiektuak.

i) Tokiko energia-komunitateen proiektuak eta herritarren energia-komunitateen proiektuak. Toki-erakundeek Klima Funtsaren finantzaketa biguna lortu ahal izanen dute energia berriztagarriei buruzko beren proiektuetarako.

j) Nekazaritza-ekoizpenaren desintentsifikaziorako lagungarri diren proiektuak. Kalkulua eginen da energia-kontsumoaren guztizko murrizketan oinarrituz.

k) Basoko biomasa eta nekazaritzako azpiproduktuak erabilera termikoetarako aprobetxatzen dituzten enpresa txikien edo kooperatiben proiektuak.

l) Lehentasunez erakunde publikoek erregai fosilen ordez energia-iturri alternatibo eta jasangarriak erabiltzea sustatzeko edo karbono-hustubideak gehitzeko bultzatzen dituzten proiektuak.

m) Ekonomia zirkularreko proiektuak eta ekoizpen- eta banaketa-ziklo laburrezko jarduera ekonomikoko proiektuak.

n) Hondakinak sorburuan gaika bereizteko, beirazko ontziak berrerabiltzeko eta materialak berreskuratzeko proiektuak.

ñ) Minizentral hidraulikoak leheneratzea, hobetzea edo birpotentziatzea aurreikusten duten proiektuak.

o) Sorkuntzarako instalazio esperimentalak edo berritzaileak, eraikinetan edo hiri egituretan txertatuak.

29. artikulua. Energia-banatzaileen betebeharrak.

1. Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan lan egiten duten enpresa energia-banatzaileek energiaren arloko eskumena duen departamentuaren esku jarriko dute, urte bakoitzeko ekainaren 1a baino lehen, energia-produktuen kontsumoei buruzko informazioa, datu agregatuekin.

2. Nafarroako Gobernuak elektrizitatea banatzen duten enpresei jakinaraziko dizkie haien egiturak energia berriztagarrien instalazioen eskakizunen arabera egokitzeko bete behar dituzten betebeharrak, haien inbertsio-planetan kontuan izan ditzaten, erabilgarri dauden aurrekontuen barrenean.

30. artikulua. Energia hidroelektrikoa.

1. Energiaren arloko eskumena duen departamentuak sustatu eginen du ureztatzeko, edateko eta industriarako uraren horniketa-zerbitzua ematen duten urtegiei lotuak diren zentral hidroelektrikoen jarduerak jarrai dezala emakida-epea amaitzean. Halaber, aipatu erabileretarako lehenagotik dauden nahiz berritik eraikitzen diren ubide eta urtegietan zentral berriak instalatzea sustatuko du.

2. Nafarroako Energia Planaren bidez zehaztuko da arestiko planteamendu hori aplikatzea bideragarria ote den lehenagotik dauden gainerako zentral hidroelektrikoetan, nahiz sustatu beharrekoak diren zentral berrietan, kontuan hartuta energia-aprobetxamendurako potentziala eta hainbat mugatze-faktore, azken horien artean daudela ingurumenari, paisaiari eta kultur ondarearen kontserbazioari dagozkionak, hirigintza-antolamendua, lurzoruaren sailkapena, natur arriskuak eta lehendik dauden edo egitasmoan dauden azpiegituren zortasuna.

3. Nafarroako Gobernuak sustatuko du jauzi hidroelektriko leheneragarriak ezar daitezela lehendik dauden urtegiratze-azpiegituretan.

31. artikulua. Energia eolikoa.

1. Lurraldean modu antolatuan ezartzen direla ziurtatzeko eta balio natural nabarmenen kontserbazioa bermatzeko, Nafarroako Gobernuak erregelamenduz zehaztuko ditu, gehienez ere urtebeteko epean, energia eolikoko instalazio bat paratzeko modukoak diren edo ez diren lurzoru baimengarriak nahiz debekatuak. Instalazioa ezin baimenduzkoa den lurzoruetan, bakarrik baimenduko dira, salbuespen gisa eta behar bezala justifikaturik, ez Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko I. Eranskinean ez eta II. Eranskinean ere jasorik ez daudenak. Ezarritako lurzoru-kategoria desberdinak azalduko dituen mapa bat erantsiko da.

2. Energia eolikoko instalazioetarako baimengarriak diren lurzoruak zehazterakoan, zenbait mugatze-faktore hartuko dira kontuan; besteak beste, ingurumenari eta paisaiari dagozkionak, nekazaritza-ekoizpenekoak, kultur ondarearen kontserbaziokoak, lurralde-antolamendu eta hirigintza-plangintzakoak, natur arriskuak eta lehendik dauden nahiz egitasmoetan jasota dauden azpiegituren zortasunak.

3. Parke eolikoen jabe diren enpresek sostengua eman beharko dute ingurumen eskumena duen departamentuak faunaren hilkortasunari buruz eta ingurumen arloko arrisku-egoerei buruz haien instalazioen gainean eginen duen jarraipenerako. Nafarroako Gobernuak erregelamenduz garatuko ditu lankidetza-formula horiek.

32. artikulua. Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan erregai fosilak erabiltzeko debekua.

1. 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien eskaera termiko osoa iturri berriztagarrietatik edo beste instalazio batzuen bero-soberakinak erabilita ase beharko da, honako kasu hauetan:

a) 500 AzLU baino gehiagoko abeltzaintza-ustiategiak.

b) 3.000 metro koadrotik goitiko berotegiak.

2. Instalazio bat baino gehiago udalerri desberdinetan dituzten abeltzaintzako ustiategien kasuan, aurreko apartatuko betebeharra instalazioetako bakoitzari aplikatuko zaio.

33. artikulua. Energia fotovoltaikoa.

1. Eguzki-energiako instalazioak lurraldean modu antolatuan ezartzen direla ziurtatzeko eta balio natural garrantzitsuenen kontserbazioa bermatzeko, Nafarroako Gobernuak, gehienez ere urtebeteko epean eta erregelamendu bidez, ingurumenaren, hirigintzaren eta nekazaritza-ekoizpenaren alorreko eta beste edozeinetako irizpide objektiboak ezarriko ditu, non zehaztuko baitira energia fotovoltaikoko instalazioak ezartzeko baimengarriak diren nahiz debekua duten lurzoruak. Instalazioa ezin baimenduzkoa den lurzoruetan, bakarrik baimenduko dira ez Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko I. Eranskinean ez eta II. Eranskinean ere jasorik ez daudenak. Ezarritako lurzoru kategoriak azalduko dituen mapa bat erantsiko da.

2. Eraikitzen diren etxebizitza babestu berrietan iturri berriztagarriko energia-instalazioak ipini beharko dira nahitaez. Baldintzak eta ehunekoak erregelamendu bidez zehaztuko dira, eta honen salbuespenak ere bai.

34. artikulua. Dendroenergia.

1. Nafarroako Gobernuak bultzatuko du energia termiko berriztagarria sortzeko, erregulatzeko eta biltegiratzeko instalazioak, erabilera partekatutakoak etxebizitza blokeetan, tokiko basogintzako biomasa baliatuko dutenak, ezarri eta ustiatzea, landa-inguruneko tokiko erakundeen eta enpresen partaidetza ekonomikoaren eta biomasaren autokontsumoaren alde eginez.

2. Biomasa baliatzen duten instalazio termikoak aurrera eramateko eta baso biomasaren hornidura egiteko baimenak erraztuko dira erregelamenduz garatu ahala.

3. Eraikinetan, dendroenergiaren instalazioa jasoko da hirigintzako ordenantzetan ezartzen diren eraikuntza-baldintzen erregulazioan.

4. Bizitegi eta zerbitzu erabilerako eraikinen biomasaren hornidurak ziurtagiri bat izan behar du, hartan bermatzeko kontsumitzen duten lehengai guztia kontsumo-puntutik 150 km baino hurbilagotik lortu eta egin dela edo, bestela, lehengai horren garraioaren energia-kontsumoa ez dela iristen lehengaiaren energia-balioaren %20ra. Energiaren arloko eskumena duen departamentuak garatuko du Nafarroako jatorriko biomasaren ziurtagiria emateko prozedura.

5. Energia-erabilerarako edo baso-hondakinetarako onartuko dira baso-kudeaketa jasangarritik, baso-suteen prebentziorako kudeaketatik eta basoak klima-aldaketara egokitzeko kudeaketatik heldutako hondakinak, barne harturik mendietako erregai-kargaren eta baso-masen oin-dentsitatearen murrizketa.

35. artikulua. Gas berriztagarriak eta erregai alternatiboak.

1. Nafarroako Gobernuak foru komunitatean gas berriztagarriak eta erregai alternatiboak sortzea sustatzeko tresnak prestatuko ditu. Gas berriztagarrien artean interes berezikoak izanen dira hidrogeno berdea, biogasa eta biometanoa, eta erregai alternatiboen artean sorburu sintetikoa dutenak. Sustapen-tresna horiek agenda eta bide-orri egokietan gauzatuko dira.

2. Nafarroako Gobernua lankidetzan ariko da zentro teknologikoekin, unibertsitateekin eta interesa duten gainerako eragileekin gas berriztagarriak eta erregai alternatiboak garatzen eta aurreratzen.

3. Nafarroako Gobernuak gas berriztagarriak sortzeko eta erregai alternatiboak hornitzeko instalazioak sustatuko ditu.

36. artikulua. Sorkuntza berriztagarrirako proiektuak tokiko partaidetzarekin.

1. Nafarroako administrazio publikoek pizgarriak emanen dituzte eta sustatuko dute energia berriztagarriko instalazioetan tokiko partaidetza egon dadin eta bultzatuko dute herritarren, energia berriztagarrirako tokiko komunitateen eta gizarte zibileko beste erakunde batzuen komunitateen gaikuntza, energia berriztagarriko sistemen garapenean eta kudeaketan parte har dezaten sustatzeko.

2. Foru lege honen ondorioetarako, sorkuntza berriztagarrirako proiektuak, tokiko partaidetza dutenak, izanen dira egiaztatzen dutenak zalantzarik gabe parte hartzeko aukera eman dietela instalazioa kokatu nahi den udalerriko edo udalerri mugakideetako pertsona fisikoei edo juridikoei, publiko edo pribatuei, proiektuaren jabetzaren % 51n gutxienez eta gutxienez % 20ko partaidetza eraginkorra lortu beharko dute.

3. Proiektua merkataritza sozietate baten bidez bideratzen bada, proiektuaren jabetzaren % 40 bideratze-sozietatearen % 51 dela ulertuko da. Proiektu bakar bat sozietate batean baino gehiagotan bideratzen bada, tokiko inbertsioa irekitzen den zatia ez da inoiz izanen proiektua osatzen duten bideratze-sozietateen akzio edo partaidetza guztien balio nominal osoaren % 51 baino txikiagoa.

4. Tokiko partaidetza duten sorkuntza berriztagarrirako proiektutzat hartuko dira, orobat, herritarren energia-komunitatearen edo energia berriztagarrien komunitatearen izaera duten erakundeek sustatutakoak, ordenamendu juridikoarekin bat.

5. Artikuluko honetako 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako tokiko partaidetzarako eskaintza nahitaezkoa izanen da sorkuntza berriztagarrirako proiektua lurzoru publikoan dagoenean. Interesa duten pertsona fisiko edo juridikoen kopurua ez bada % 40ra iristen, eskaintza zabalduko da udalerri mugakideetako pertsona fisiko eta juridiko publiko edo pribatuentzat. Horrela ere ez bada iristen % 40ra, eskaintza eginen zaie Nafarroako pertsona fisiko edo juridiko publiko eta pribatuei.

6. Nafarroako Gobernuak, urtebeteko epean, ekintza-plan bat sustatuko du herritarren energia-komunitateak edo energia berriztagarrien komunitateak ezar daitezen bultzatzeko, toki erakundeekin elkarlanean, energiaren sorkuntza hurbilekoa garatzearren, sorkuntza banatua eta nafarrak prosumitzaile bihurtzea sustatuz.

7. Nafarroako Gobernuak bere kontura edo toki erakundeekin elkarlanean lursailen poltsa bat sortuko du eta lursailen jabeek eskuragarri jartzen ahalko dituzte artikulu honetan araututako energia berriztagarrien proiektuak garatzeko. Foru lege honen erregelamenduzko garapenak horren irizpideak arautuko ditu, bai eta hori osatu eta bertan sartzeko betekizunak ere.

37. artikulua. Azalera-eskubidea ezartzea.

1. Administrazio publikoek beren titularitateko ondarearen gaineko azalera edo espazio eskubide bat eratzen ahalko dute, herritarren energia-komunitateen edo tokiko energia-komunitateen alde, horiek legez eratu badira energia berriztagarria sortzeko edo energia biltegiratzeko proiektuak aurrera eramateko edo komunitate horien definizioan azaltzen den xedea duten beste ekimen batzuk garatzeko.

2. Helburu horretarako eratutako azalera-eskubidea emateko, erabili ahalko da erakunde mota horretarako erreserbatuta dagoen lehiaketa publikoa edo doako eta zuzeneko lagapena, eta oinarrietan nahitaez ezarri beharko dira zertzelada hauek:

a) Azalera-eskubidea zein ondasunen gainean eratzen den adierazten duen zehaztapena.

b) Emakidaren eta, kasua bada, luzapenen gehieneko iraupena, ondare publikoari buruzko araudi indardunean aurreikusten den gehieneko eperainokoa.

c) Ordaindu beharreko urtealdi-kanona, edo sortutako energiaren aprobetxamendurako lankidetza-bidea, kasua bada.

d) Instalazioan sortu edo biltegiratuko den energia berriztagarriaren gutxieneko potentzia eta haren oinarrizko ezaugarriak.

e) Instalazio horiek lanean jartzeko gehieneko epea.

f) Emakida esleitzen duen administrazio publikoak elkarlanean eta fiskalizazioan jarduteko bideak zein diren.

g) Emakida esleitu duen administrazio publikoaren aldeko itzulketa nola gauzatuko den, emakidaren epealdia amaitu ondoren edo emakida suntsiarazi ondoren.

h) Emakida hutsaltzeko eta haren itzulketarako eskubidea, instalazioen mantentze-lanetan edo segurtasunean ez-betetze larriak daudenerako edo haien azpierabileraren kasurako.

II. KAPITULUA

Energia-efizientzia eraikuntzan eta kanpoko argiterian

38. artikulua. Sistema termikoak bizitegi-erabilerako eta hirugarren sektoreko eraikinetan.

1. Nafarroako Gobernuak behar diren bitartekoak ezarriko ditu, bizitegi-erabilerako eta hirugarren sektoreko eraikin berrietan 2027ko ekainaren 30etik aurrera ez dadin ezar erregai fosilaren bitartezko sistema termikorik.

2. 2027ko ekainaren 30etik aurrera debekatuta egonen da gas naturala hodi bidez banatzeko azpiegitura duten herrietan kokatuta dauden bizitegi-erabilerako eta hirugarren sektoreko eraikinak gasolioz hornitzea. Nafarroako Gobernuak beharrezkoa den laguntza-sistema ezarriko du jabeek klimatizaziorako energia-iturria aldatu ahal izan dezaten.

3. 2027ko ekainaren 30etik aurrera, eraikin berri guztiek, osoko eraberritzea egiten zaienek edo erabilera aldatzen dutenek energia berriztagarrietan oinarritutako berokuntzako edo ur bero sanitarioko sistemak instalatu beharko dituzte, beren eskari bateratuaren gutxienez % 50 asetzekoak.

4. Bizitegi kolektiboko erabilera duten eraikinetako galdara guztien gutxieneko errendimenduak, karga osoan, % 80koa izan beharko du 2025ean, eta % 85ekoa 2030ean, goiko berotze-ahalmena dela erreferentzia.

5. Debekaturik dago sarrera-ateak etengabe zabalik edukitzea aire-girotze artifiziala duten hirugarren sektoreko erabilerako lokaletan.

6. Espazio irekietan, aire-girotzea baimenduta egonen da bakarrik jarduera orokorraren parte izan eta horretan dagoen energia kontsumo guztia egiten bada autokontsumoaren bidez edo energia berriztagarri ziurtatua kontratatuz.

7. 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, berokuntzako, ur bero sanitarioko edo hozkuntzako instalazio zentralizatua duten bizitegi-erabilerako eraikinetan honako hauek egon beharko dira:

a) Kaloria-kontagailua galdara-gelaren irteeran.

b) Eguzki-instalazio termikoa badago, eguzki-kolektore termikoen ekarpenak erregistratzen dituen kaloria-kontagailua.

39. artikulua. Sistema fotoboltaikoak.

1. Bizitegi-, industria-, merkataritza- eta dotazio-erabilerakoak izanik 500 m² baino gehiagoko estalkia, eraikuntza berriko proiekzio horizontalean neurtua, daukaten eraikinek, edo osoko eraberritzea edo erabilera-aldaketa egiten zaien eraikinek, edo beren estalkia konpontzen dutenek, sistema fotovoltaiko indibidualak edo erabiltze partekatukoak instalatu beharko dituzte oinplano-okupazioko beren azaleraren % 35ean gutxienez, hegoalde, hego-ekialde eta hego-mendebalderanzko orientazioetan.

2. Eraikinetako ondare arkitektonikoa edo kulturala gorde beharrak aurreko apartatuan xedatuta dagoena oztopatzen badu, aipatu betebeharrak betetzat joko dira artikulu honetako bosgarren apartatuan xedatutakoa betez gero.

3. Eraikitzen diren zuzkidura-eraikinekin, merkataritzako eraikinekin, hirugarren sektoreko eraikinekin eta eraikin industrialekin lotutako lurgaineko aparkaleku-plazen % 20an gutxienez eguzki-energia sortzeko plaka fotovoltaikoak ipini beharko dira.

4. Eraikitako oinplano-okupazioko azaleraren % 50 gutxienez zuzkidura, merkataritza edo industria erabileretarako duten eraikinetan:

a) Eraikitako edo teilatupeko guztirako azalera 4.000 m² baino gehiago, toki bereko eraikin eta instalazio guztiak kontuan hartuta; honelakoetan 2030. urterako plaka fotovoltaikoak jarri beharko dira hegoaldean, hego-ekialdean eta hego-mendebaldean, hain zuzen ere urteko elektrizitate-kontsumoaren % 35ari aurre egiteko beste eta oinplano-okupazioko azaleraren % 35 okupatuta, estalkiek edo fatxadek horretarako aukera ematen badute.

b) Eraikitako edo teilatupeko guztirako azalera 2.000 m² baino gehiago, toki bereko eraikin eta instalazio guztiak kontuan hartuta; honelakoetan 2040. urterako plaka fotovoltaikoak jarri beharko dira hegoaldean, hego-ekialdean eta hego-mendebaldean, hain zuzen ere urteko elektrizitate-kontsumoaren % 40ari aurre egiteko beste eta oinplano-okupazioko azaleraren % 35 okupatuta, estalkiek edo fatxadek horretarako aukera ematen badute.

5. Artikulu honetan ezartzen diren betebeharrak betetzat joko dira eraikinaren jabeak edo horren energia-zerbitzuaren hornitzaileek honako hauek egiten dituztenean:

a) Energia berriztagarria ekoizteko halako proiektuetan parte hartzen dutenean zeinak artikulu honetan zehazten den estalduraren baliokide baitira energia-ekoizpenaren eta emisio-murrizketaren terminoetan, haien sustatzaile eta kudeatzaile izanik Nafarroako administrazio publikoak, Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentzia edo tokiko energia-komunitateak.

b) Urteko elektrizitate kontsumoaren % 35 bere instalazioei lotutako bestelako teknologia berriztagarriekin sortzea.

6. Eraikinetako eguzki energiaren instalazioa nahitaez sartuko da hirigintzako ordenantzetan ezartzen diren eraikuntza-baldintzen erregulazioan.

40. artikulua. Energia-efizientzia eraikuntzan.

1. 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen, bizitegi erabilerako eta hirugarren sektoreko Nafarroako eraikin guztiek izan behar dute energia-kalifikazioaren ziurtagiria, Nafarroako ziurtagirien Erregistro publikoan erregistratua. Horretarako, energia-ziurtapenaren gaian eskumena duen departamentuak laguntza-ildo bat zabalduko du, ziurtagiriak egiteko 2022an, 2023an eta 2024an.

2. Nafarroako Gobernuak erregelamenduz ezarriko du eraikuntza berrien eta egungoen energia-efizientziaren ziurtagiriek jaso beharreko informazio osagarria, estatuko oinarrizko legeriarekin bat, horiek eskatzen ahal direnean.

3. 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen Nafarroako Gobernuak bitartekoak ezarriko ditu 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera Nafarroako bizitegi kolektiboko eraikinek B mailako edo goragoko energia-kalifikazioa izan dezaten.

4. 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen, Nafarroako Gobernuak Nafarroako etxebizitzak birgaitzeko plan bat onetsiko du, aurreko apartatuan aurreikusten den helburua erdiesteko. Plan hori bat etorriko da Eraikuntzaren Sektorerako Energia-birgaikuntzaren epe luzeko Espainiako 2020ko Estrategiarekin eta Energia eta Klimarako Plan Nazional Bateratuarekin (2021-2030).

5. Nafarroako Gobernuak pizgarriak ezarriko ditu energia-efizientzia hobetzeko eta iturri berriztagarriko energia-sistemak ipintzeko Nafarroako eraikin guztietan, bai birgaitzen direnetan, bai eraikitzen diren berrietan.

6. 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera eraikin berri guztiek autokontsumo elektrikoa izan beharko dute, estalkiaren azaleraren, orientazioaren eta aurreikusten den kontsumoaren proportzionala. Helburua da ahalik eta estaldura handiena lortzea energia berriztagarrien autokontsumoaren bitartez. Iturri berriztagarrietatik sortutako energia instalazioen baldintzak eta ehunekoak Eraikingintzaren Kode Teknikoan ezarritakoekiko koherenteak eta osagarriak izanen dira eta erregelamenduz zehaztuko ditu energiaren arloan eskuduna den departamentuak bi urteko epean.

41. artikulua. Lizentziak ematea.

1. Ez da eraikin berrietarako lehen okupazioko lizentziarik emanen aurreko artikuluan adierazitako energia-efizientziaren ziurtagiria egokiro inskribaturik eduki gabe aurretiaz.

2. Horrez gain, ez da teknikariaren obra bukaerako ziurtagiririk emanen birgaitze, erreforma edo erabilera aldaketa obretarako aurretiaz zuzen inskribatutako energia-efizientziaren ziurtagiririk izan gabe.

3. Aurreko puntuetan ezarritakoa aplikatuko da Estatuko oinarrizko legeriaren arabera energia-efizientziaren ziurtagiria nahitaezkoa denean.

4. Araudi honek ez die eraginen obren udal lizentziei, lehen okupazioko lizentziei, eraberritze, erreforma edo erabilera aldaketa lizentziei eta foru lege hau indarrean jarri aurretik eskatutako energia-efizientziaren ziurtagirien inskripzioari.

42. artikulua. Gainazalean aparkaleku handiak aprobetxatzea.

1. 500 metro karratu baino gehiagoko eremua okupatzen duten, eraikuntza berrikoak diren eta zuzkidura, merkataritza, hirugarren sektore edo industria erabilerei lotutako titulartasun pribatuko aparkaleku guztien plazak eguzki xafla fotovoltaikoekin estali beharko dira, albo batera utzi gabe azalera txikiagokoak ere estaltzeko aukera.

2. Eraikita dauden titulartasun pribatuko aparkalekuen kasuan, 1.500 metro karratu edo gehiagoko eremua okupatzen badute eta, gainera, instalazio guztietan kontratatutako potentzia elektrikoa 50 kW-ekoa edo gehiagokoa izanez gero, gutxienez energia kontsumoaren % 50 estaltzeko energia berriztagarria sortzeko instalazioak gehitu beharko dira, bai aparkalekuan, bai instalazioen estalkian.

3. Elektrizitate fotovoltaikoa sortzeko eguzki xaflekin estaliko dira hiri lurzoruko titulartasun publikoko aparkaleku guztien plazak, gainazalean kokatuta daudenak eta 1.000 metro karratu baino gehiagoko eremua okupatzen dutenak.

4. Babestu gabeko landa lurzoruan kokatutako aparkalekuetan energia berriztagarria sortzeko instalazioak gehitzeko betebeharrak ezartzen ahalko dituzte.

5. Hiri lurzoruko aparkalekuetan kokatutako energia berriztagarria ekoizteko instalazioak eta euskarriak eta elementu osagarriak ez dira hirigintzako okupazioan, eraikigarritasunean, mugekiko distantzian ezta altueran zenbatuko.

6. Betebehar horien eraginpeko titularrek edo, hala dagokionean, ustiatzaileek hirugarrenen bitartez eraikitzen eta kudeatzen ahalko dituzte instalazio horiek.

7. Udalerriek, txosten egokiaren bidez, artikulu honetan jasotako betebeharrei salbuespenak edo aldaketak ezartzen ahalko dizkiete teknikoki bideragarriak ez direlako, ez dagoelako nahikoa baliabide berriztagarririk edo paisaia edo ondarea babesteko. Salbuespen horiek hirigintzako udal planeamenduetan ere ezartzen ahalko dira, baina artikulu honetan jasotakora egokitu beharko dira.

8. Artikulu honetako baldintza, betebeharrak eta salbuespenak erregelamenduz zehaztu eta garatuko dira, baina artikulu honetan araututako betebeharrak zuzenean aplikatu beharko dira.

43. artikulua. Energia-efizientzia kanpoko argiztapenean.

1. Nafarroako administrazio publikoek, dagozkien eskumenak egikarituz, energia kontsumoa gutxitzen duen argiteria publikoa izanen dute.

2. Kanpoko argiteriako instalazio berriak, publikoak zein pribatuak, honako helburu hauekin diseinatu eta instalatuko dira:

a) Gaueko orduen baldintza naturalak mantentzea ekosistemen onurarako, bereziki balio astronomiko eta natural handiagoa duten eremuetan.

b) Kanpoko argiteriaren energia-efizientzia sustatzea energia aurreztuz eta argiteria kudeatzeko sistema adimendunak garatuz eta instalazio berriztagarrietan sortutako energia hornitzea, lehentasunez titulartasun publikokoak.

c) Etxe inguruetan argiteria intrusioa saihestea, herritarrentzako enbarazuak eta kalteak gutxituz eta osasun publikorako arrisku posibleak murriztuz.

d) Argi-kutsadurak zerua ikusteko sortzen dituen ondorioak prebenitzea eta zuzentzea.

3. Aurreko apartatuko ondorioetarako, Nafarroako administrazio publikoek, beren eskumenak egikarituz eta kanpoko argiteriaren energia-efizientziaren araudiak ezarritakoarekin bat, honako hauek bermatzeko jarduketak gauzatuko dituzte:

a) Araudian ezarritako betekizun teknikoak eta indarreko erregelamenduetako jarraibide teknikoak betetzea, kanpo-argiteriako instalazioen diseinuari, egikaritzeari, zerbitzuan jartzeari eta mantentzeari dagokienez.

b) Energia-efizientzia eta -aurrezpena kanpo-argiteriako instalazioetan. Horretarako, argiteria publikoko sareak modu arrazional eta arduratsuan diseinatzeko laguntza eta sustapena emanen dira, baita ezarpenerako edo sare horietako ekipo eta instalazio zaharkituak ordezkatzeko ere.

c) Erregelamenduzko betebeharrak betetzea kanpo argiteriako instalazioen energia-kalifikazioarekin lotuta, gutxienez A energia-kalifikazioa izateko sektorearen araudi espezifikoaren arabera.

d) Erregelamenduzko mugak betetzea gaueko argi-distirari eta kanpoko argiteria-instalazioetatik datorren argi sarkor edo gogaikarriari dagokienez.

e) Erregelamenduzko gehieneko argiztapen eta iluminantzia mailak eta kanpoko argiteria moten arabera baimendutako gutxieneko uniformetasuna betetzea.

f) Ezartzen diren kanpoko argiteria instalazioen funtzionamenduko araubideak betetzea.

g) Kanpoko argiteriaren instalazioak hasieran eta aldian-aldian ikuskatzea eta egiaztatzea eta mantentzea egokia dela ikuskatzea.

h) Zehapen araubidea ezartzea administrazio publikoei edota betebeharrak betetzen ez dituzten arduradunei, indarreko legerian jasota daudenak eta horretarako justifikaziorik izan gabe.

4. Nafarroako udalek argi kutsaduraren aurkako babeserako maila zorrotzagoak ezartzen ahalko dituzte, bakoitzaren udalerrian balio astronomiko edo natural berezikoak diren eremuetan. Bestalde, lau urteko epean plan bat onetsi beharko dute, foru lege honen xedapenekiko eta bertatik abiatuta erregelamenduz ezarriko direnekiko egokitzapena egitekoa, beren udalerrian dagoen kanpo-argiteria publikoari dagokionez.

5. Aurreko apartatuan aipatutako egokitzapen planak, beste batzuen artean, alderdi hauek izanen ditu:

a) Udalerriko kanpoko argiteria publikoaren analisia.

b) Argiteria publikoko sareen egokitzapena eta modernizazioa errazteko jarduketa zehatzak.

c) Aipatu sareak egokitzeko jarduketen aurreikusitako egutegia, argi kutsaduraren intzidentzia eta energia kontsumoa murriztea lehenetsiz.

6. Aurreko apartatuak betetzea errazteko, organismo eta administrazio eskudunek prestaturik, kasuko zehaztapen teknikoen laburpen bat argitaratuko da.

7. Kanpoko argiteria instalazio berriek eta jada instalatuta dauden eta handitzen edo aldatzen diren instalazioek beti erabiliko dute merkatuan eskuragarri dagoen teknologia efizienteena energia elektrikoa argi energia bihurtzeko. Modu horretan, aldaketa horiek bermatuko dute argi errendimendua aldatzen denarekin alderatuta berdina edo handiagoa dela.

8. Apainketarako, publizitaterako edo merkataritzako argiztapen guztiek itzalita egon beharko dute gauez, jarduera gutxitzen den garaian. Salbuespenak eta ezinbesteko egoerak salbu, ordutegi murriztu hori gauerdia baino lehen hasi beharko da. Salbuespenak erregelamenduz ezarriko ditu energiaren arloko eskumenak dituen departamentuak.

9. 2030eko urtarrilaren 1a baino lehen, instalazio berezi guztietan, esaterako segurtasun-instalazioetan, oinezkoen pasabideen errefortzurako instalazioetan, eta, beharrezkoa denean, hiri arteko bideetako bidegurutzeetako eta autobide nahiz autobietako sarbideetako instalazioetan, horietan guztietan, presentzia detektatzeko gailuak ezarri beharko dira, merkatuan diren sistemarik fidagarrienak erabiliz (eskuzko eragingailuak barne). Instalazio horiek, berez une puntualetan bakarrik erabiltzen direnak, itzalita egon beharko dute, haien erabilera beharrezkoa ez denean. Argiztapeneko arau hauek Nafarroako Errepide Sarean baizik ez dira nahitaez bete beharko.

10. Erregelamenduz ezarriko dira foru lege honek ezartzen dituen betebeharrak betetzeko salbuespenak eta gaueko ordutegia.

11. Artikulu honetan aipatutako helburuak Nafarroa osoan betetzeko, Nafarroako Gobernuko departamentuek argiteria publikoko sistemak ordeztu edo egokitzea errazteko laguntzen deialdiak, azterketak, kanpainak eta plan publikoak onetsiko dituzte, eta bereziki baliabide gutxiago edo energia-efizientziako edo argi kutsadura arazoak dituzten udalerrientzat.

III. KAPITULUA

Mugikortasun iraunkorra

44. artikulua. Mugikortasun jasangarria bultzatzea.

1. Nafarroako administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, mugikortasun jasangarria sustatzeko neurriak hartuko dituzte, horien bidez erdietsi ahal izateko zenbait helburu, mugikortasunaren eta garraioaren sektorean, berotegi-efektuko gasen isurketen murrizketari dagokionez, foru lege honetan jasotzen diren helburuekin bat datozenak.

2. Nafarroako administrazio publikoek mugikortasun eta garraioaren arloan beteko dituzten politiken oinarrizko printzipioak hauek dira:

a) Desplazamenduen banaketa modalean mugikortasun pribatu eta motordunaren pisua gutxitzea.

b) Motorrik gabeko mugikortasuna, bereziki hiriguneetan.

c) Hiriko eta hiri arteko garraio publiko kolektiboa eta partikularren artean partekatutako ibilgailuak eta intermodalitatea sustatzea, arreta berezia jarriz landa eremuko herriei.

d) Oinezkoen eta bizikleten mugikortasun aktiboa sustatzea.

e) Bidaiarien eta salgaien errepidetik trenbiderako aldaketa modala sustatzea.

f) Irisgarritasuna hobetzea.

g) Segurtasuna hobetzea.

h) Energiaren kontsumoa murriztea eta zero isurketako ibilgailuetarako trantsizioa.

3. Administrazio publikoek koordinatuta jardunen dute. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio jarduteko lerro estrategikoak ezartzea eta koordinatzea. Horretarako, Nafarroako Mugikortasun Jasangarriko Plan Zuzentzailea onetsi eta egikarituko du. Plan horretan gehituko dira foru lege honetan ezarritako printzipioak eta isurketak gutxitzeko eta itxaroten diren helburuak betetzeko neurri espezifikoak zehaztuko dira. 10.000 biztanle baino gehiagoko biztanleguneak bidegorrien bitartez konektatuta egon beharko dira 10 kilometrorainoko distantziara dauden hurbileko biztanleguneekin.

4. Garraio arloan eskuduna den departamentuak bi urtean behin mugikortasun jasangarriko helburuen jarraipen txostena eginen du.

5. Mugikortasun jasangarriari bultzada eman beharko zaio genero ikuspegia kontuan hartuz, hau da, emakumeen eta gizonen mugikortasun pauta desberdinak.

45. artikulua. Mugikortasun jasangarrirako planak.

1. 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriek, banaka nahiz beste udalerri mugakide batzuekin batera, mugikortasun jasangarrirako planak egin edo orain dituztenak eguneratuko dituzte foru lege hau indarrean jarri eta bi urteko epean gehienez. Plan horietan edonola ere kutsadura atmosferikoko eta berotegi-efektuko gasen emisioen adierazleak, azpiegituren zaurgarritasuna, horiek gutxitzeko helburuak eta helburuok betetzeko neurri espezifikoak sartuko dira.

2. Iruñerriko bidaiarien garraio publiko erregularraren zerbitzuan sartuta dauden udalerriek, ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legean xedatutakoaren arabera, eta Iruñerriko Mankomunitateak, batera eta koordinatuta, mugikortasun jasangarrirako plan bat eginen dute, gutxienik ere zerbitzu horren lurralde esparrua hartzen duena, edo orain dutena eguneratuko dute, bi urteko epean foru lege honek indarra hartzen duenetik.

Betiere, plan hori egin eta onetsiko da inplikatutako administrazioek dituzten eskumenak errespetatuz, eta administrazio bakoitzak aurreikusten dituen neurriak bultzatu eta betetzea kontrolatzeko bideak ezarri beharko dira.

3. Eskualdeek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 361. artikuluak ematen dizkien eskumenen mugartean, zilegi izanen dute eskualde-mailako mugikortasun-planak egitea, beren eskumenen esparruan, eskualdearen parte diren udalerriekin, baina plan horiek koherente izan beharko dute mugikortasun jasangarrirako udal planekin, artikulu honetako lehen apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

4. Mugikortasun jasangarrirako planetan jaso beharko dira mugikortasunaren ondoriozko isurketen murrizketarako moteltze-neurriak, gutxienik ere honako hauek bilduko dituztenak:

a) Isurketa gutxiko eremuak ezartzea 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan.

b) Oinez eta bizikletaz egiten den mugikortasun aktiboa sustatzeko neurriak.

c) Erabilera orokorreko bidaiari-garraio publikoaren zerbitzuak sustatu eta hobetzeko neurriak, eta intermodalitatea sustatzekoak.

d) Garraio publikoaren zerbitzuak elektrifikatzeko neurriak, bai eta berotegi-efektuko gasen isurketa txikiko erregaiak erabiltzekoak ere, biometanoa barne.

e) Mugikortasun elektrikoa bultzatzeko neurriak.

f) Salgaien banaketan isurketak murrizteko moteltze-neurriak 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan.

g) Lanerako mugikortasun jasangarria bultzatzeko neurriak.

5. Mugikortasun jasangarrirako planen indarraldia sei urtekoa izanen da eta bi urtean behin betetzearen jarraipena eginen da. Izapidetze prozesua erregelamenduz garatuko dute mugikortasun eta garraio arloan eskudunak diren departamentuek.

Mugikortasun jasangarrirako planaren esparrua udalerri batena baino handiagoa denean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko garraio eta mugikortasun arloko kontsulta organoek txosten ez-loteslea egin beharko dute hura onetsi aurretik.

6. Udalek bermatu eginen dute hirigintzako udal plangintzaren eta mugikortasun jasangarrirako planen arteko koordinazioa.

46. artikulua. Salgaien hiri barneko banaketan isurketak murrizteko plana.

Bi urte igaro aurretik 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan salgaien hiri barneko banaketaren isurketak murrizteko plana prestatu beharko da garraio-enpresen elkarteekin eta gainerako eragile interesdunekin lankidetzan. Plan horretan lehentasunez bultzatuko dira ibilgailu elektrikoen edo isurketarik gabeko ibilgailuen bidezko banaketa xede duten jarduketak.

47. artikulua. Enpresa eta instituzioen garraio jasangarrirako planak.

1. Hiru urteko epean, garraio jasangarrirako planak nahitaez egin beharko dituzte enpresa eta instituzio hauek:

a) Lantoki batean 200 langile baino gehiago dituzten enpresa nahiz erakundeek.

b) Azalera handiko saltokiek, Nafarroako merkataritza arautzen duen legediaren definizioaren arabera.

c) 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan kokatuta dauden eta 200 langile baino gehiago biltzen dituzten industrialdeek. Haien kasuan, dagozkien udalek eginen dituzte planak, industrialdean kokaturik dauden enpresekin elkarlanean.

2. Enpresa eta instituzio horien garraio jasangarrirako planek zehaztu beharko dituzte lantokira joateko pertsona horien mugikortasun jasangarria sustatzeko behar diren neurriak, joan-etorriak murriztea lortzeko neurriak, eta orobat, erabiltzaileen oinezko joan-etorriak, zero isurketako ibilgailu autonomoen bidez eta garraio publiko kolektiboan egindakoak ahalbidetu eta lehenesteko neurriak. Era berean, neurri eta helburuen jarraipenerako funtsezko adierazleak jaso beharko dituzte.

3. Gehienez ere bi urteko epean garraioaren arloko eskumena duen departamentuak erregelamendu bidez garatuko ditu enpresen eta instituzioen mugikortasun jasangarrirako planen edukia eta izapidetzea.

48. artikulua. Ibilgailu elektrikorako edo zero isurketako ibilgailurako trantsizioa bidaiarien errepide-garraio publikoan.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, bere eskumenak egikarituz eta bereziki kontratazio publikoari dagozkionak, hiriko eta hiri arteko errepide bidezko bidaiarien erabilera orokorreko garraio publiko ohikoan erabiltzen diren ibilgailuak ordezkatzea sustatuko du eta egungoen ordez ibilgailu garbiak eta emisiorik sortzen ez dutenak erabiltzea. Trantsizio prozesuan erreferentziazko helburuak izanen dira kasu bakoitzean aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian zehaztutakoak.

2. Taxien kasuan, kasuko lizentziei ordezpen bitartez 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera atxikitzen zaizkien ibilgailuek, 20.000 bizilagun baino gehiago dituzten udalerrietan edo Prestazio Elkartuko Lurralde Eremuetan, zero isurketako edo ECO katalogazioa izan beharko dute, Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren unean uneko sailkapen indardunari jarraikiz, salbu eta eurotaxi ibilgailuen kasuan, hala ezartzen denez Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean. 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera, lizentziei ordezpen bitartez atxikitzen zaizkien ibilgailuek zero isurketako katalogazioa edo horren baliokidea izan beharko dute udalerri edo Prestazio Elkartuko Lurralde Eremu guztietan. Zilegi izanen da baldintza honen indar-hartze eguna aurreratzea ibilgailu guztientzat edo batzuentzat, kasuan kasuko ordenantzek xedatuaren arabera.

3. Gidaridun ibilgailuak alokatzeko baimenetara atxikitako ibilgailuen kasuan, ibilgailu historiko gisa matrikulatuak direnen kasuan izan ezik, Nafarroan helbideratutako baimenetara 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera ordezpen bitartez atxikitako ibilgailuek zero isurketako edo ECO katalogazioa izan beharko dute, unean-unean indarra duen Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren sailkapenaren arabera. 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera, baimen horietara ordezpen bitartez atxikitako ibilgailuek zero isurketako katalogazioa edo horren baliokidea izan beharko dute.

4. Artikulu honetako 1. apartatuan aurreikusitako trantsizio-prozesua ibilgailuen ordezte progresiboa jasoko duen plangintza operatibo bati jarraituz egin beharko da. Trantsizio-prozesu horretan, gainera, kontuan hartuko da, gehien kutsatzen duten ibilgailuen ordez, era progresiboan, tradizionalak baino garbiagoak diren bulkada-teknologiak erabiltzen dituzten ibilgailuak jartzea. Ondorio horietarako, bidaiarien hiri barneko eta hiri arteko errepide-garraio publikoaren kudeaketaren arloan eskumena duten administrazio publikoek eta bidaiarien errepide-garraio publikoan aritzen diren enpresen elkarteek eratu beharko dute, bi urteko epean gehienez, energia-trantsiziorako plan bat, ibilgailuak pixkanaka ordezteko, isurketak murrizte aldera, 2050ean zero isurketen helburura iritsi arte.

49. artikulua. Energia-trantsizioa errepideko salgai-garraio publikoan.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, bere eskumenak egikarituz, hiriko eta hiri arteko errepideko salgai-garraioan erabiltzen diren ibilgailuak ordezkatzea sustatuko du, horien ordez ibilgailu garbiak eta emisiorik sortzen ez dutenak erabil daitezen. Trantsizio prozesuan erreferentziazko helburuak izanen dira kasu bakoitzean aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian zehaztutakoak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak laguntza emanen du errepideko salgai-garraio publikoko flota berritzeko ekimenetarako, haien helburuak direlarik flota-zahartasuna murriztea, energia-efizientzia hobetzea eta isurketak gutxitzea.

50. artikulua. Mugikortasun elektrikoaren eta zero isurketen sustapena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak mugikortasunaren arloko energia-trantsizioa sustatuko du, besteak beste, karga-instalazioen estaldura bermatuz lurraldean, eta ibilgailu elektrikoak eta zero isurketakoak erosteko eta erabiltzeko kanpainak eginez eta dirulaguntzak eta hobari fiskalak eskainiz, partikularrentzat eta enpresentzat. Bereziki sustatuko da taxien, garraio eta zerbitzu publikoaren eta enpresetako ibilgailuen aldaketa eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak eskuratu eta erabiltzea.

51. artikulua. Tokiko produktuak kontsumitzea sustatzeko kanpainak.

Nafarroako administrazio publikoek kanpainen eta askotariko sektore ekonomikoekin egindako akordioen bidez toki produktuen kontsumoa sustatuko dute, distantzia luzeko salgaien garraioa murrizteko.

52. artikulua. Aparkalekuak erreserbatzea.

1. Nafarroako administrazio publikoek beren titulartasuneko bide publiko eta aparkaleku publikoetan, kudeaketa modua edozein izanda ere, emisiorik gabeko ibilgailuek soilik erabiltzeko plazak gordeko dituzte.

2. Aparkatzeko zerbitzu publikoaren administrazio titularrek, hala dagokionean, neurri egokiak hertsatuko dituzte enpresa emakidadunak aurreko apartatuan ezarritako betebeharra bete dezan.

3. Jarduera ekonomiko bati lotutako aparkaleku pribatuek 40 plaza baino gehiago dituztenean, % 5 baino gutxiagokoa ez den plazen ehunekoa gordeko dute soilik emisiorik gabeko ibilgailuentzat, eta ehuneko hori modu progresiboan gehituko da erregelamenduz ezarritako terminoetan.

IV. KAPITULUA

Klima-aldaketa moteltzea lehen sektorean eta hondakinen sektorean

53. artikulua. Energia-trantsiziorako eta klima-aldaketa moteltzeko jardute-ildoak lehen sektorerako.

1. Lehen sektoreko nekazaritza-politikek segitu behar dute lagungarri izaten klima-aldaketa moteltzeko eta haren ondorioetara egokitzeko. Halaber, oinarrizko baliabide naturalen kudeaketa efizientea bultzatu beharko da, besteak beste ura, lurzorua eta airea. Era berean, biodibertsitatea babesteko, zerbitzu ekosistemikoak sustatzeko eta habitatak eta paisaiak kontserbatzeko nekazaritza praktikak bultzatuko dira.

2. Horretarako, honako jarduketa ildo hauek ezartzen dira:

a) Nekazaritzan minda eta gainerako ongarri organikoetatik eratortzen diren metano gasaren eta berotegi-efektua duten beste gasen isurketak murriztea, ekonomia zirkularra bultzatuz.

b) Azienden kopurua egokitzea lurraldearen ingurumen-kargak duen gaitasunaren arabera, eta azienden gorozkietatik sortzen diren isurketak minimizatzea teknika erabilgarri onenak aplikatuz, energia sortzea barne, eta ongarritarako emanez lurrean.

c) Jatorri organikoko ongarrien erabilera progresiboa sustatzea, sintesi kimikoko ongarrien ordez.

d) Uraren kalitatea hobetzea, nekazaritzatik heldu diren nutrienteen galerak minimizatuz, kudeaketa jasangarrirako planen bidez, eta baliabide hidrikoen gaineko presioa arinduz, ureztatze-sistemak modernizatuz, uraren aprobetxamendu hobea eta arrazionalagoa lortzeko, energia-efizientziarik handienarekin eta iragazki berdeen gisara funtzionatuko duten laboreak ezarriz.

e) Lurzoruaren higadura gutxitzea nekazaritza-jardunbide egokien bidez, eta Nafarroako lurzoruen mapa lantzea, nekazaritza-lurretan higadura-maila arina edo larria duten eremuak identifikatzeko.

f) Lurzoruen degradazioa saihesten eta karbonoa lurzoruan atxikitzen laguntzen duten neurriak ezartzea, hobeki kudeatuz materia organikoa, landare-estalkiak eta kontserbazio-laborea. Neurri horien emaitza karbono-hustubide gisa sartuko da karbono-aztarnaren kalkuluetan.

g) Biodibertsitatearen babesa hobetzea, haren eta paisaiaren kontserbazioa edo leheneratzea faboratzen duten kudeaketa-konpromisoei atxikitako nekazaritza-eremuen gehikuntza sustatuz.

h) Laguntzea eta sustatzea baldintza hauek betetzen dituzten nekazaritza ekologikoko ekoizpeneko sistemak: baliabide naturalak zaintzea (ura, lurzorua, biodibertsitatea), zikloak ixtea, isurketak murriztea eta ekoizpen osasungarriak, kalitatekoak eta jasangarriak bermatzea.

i) Berariaz sustatzea nekazaritza eta abeltzaintzako produktu ekologikoak eta hurbilekoak.

j) Lurraldeari lotutako nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizpen-sistema estentsiboak sustatzea.

k) Elikadura osasungarria sustatzea, garaian garaiko produktu kalitatekoak eta hurbilekoak baliatuz.

l) Energia-efizientzia eta energia berriztagarriak sustatzea nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan, ekoizpen-zikloa osatzen lagunduz, hau da, ekoizpenetik banaketaraino.

m) Nekazaritzako makineriaren berrikuntza sustatzea, teknologia berriak baliatzen has daitezen, energia aurreztu eta berotegi-efektua duten gasen isurketak gutxitzen dituztenak eta kutsadura gutxiago sortzen dutenak.

n) Nekazaritzako lur-estalkietan %100 biodegradagarria den plastikoa erabiltzeko neurriak sustatzea, konpostatzeko bilketa egiteko azpiegiturarekin, bai eta ontzi eta garraio-kutxa berrerabilgarrien erabilera ere.

ñ) Basoko biomasa eta nekazaritzako azpiproduktuak erabilera termikoetarako aprobetxatzea sustatzea, baldin eta horrekin karbono aztarna murrizten bada, baliabidearen kudeaketa jasangarria eginez.

o) Eraikin, etxebizitza eta altzari publikoetan zuraren erabilera sustatzea, eta basoko biomasarena, energia iturri gisa.

p) Basoen kudeaketa jasangarria sustatzea, suteen arriskua murrizten eta karbonoa atzitzen laguntzeko, eta orobat, enplegua sortzen landa-inguruetan, basoek iragazki berdearen lana betetzen, eta ekonomia zirkularra bultzatzeko.

q) Genero ikuspegia txertatzea nekazaritza-proiektuetan, kontuan hartuz emakumeek eta gizonek esparru honetan dituzten eginkizun, erantzukizun eta inguruabar desberdinak.

3. Nafarroako Gobernuak, bi urteko epean, gehienez, laguntza-lerro bat ezarriko du, lehen sektorean hartzen diren klima-konpromisoetarako, orain dauden programa komunitarioen osagarriak izanen direnak. Laguntza horien helburua izanen da hartzen diren konpromisoetan harago joatea, eta nekazaritza eta ingurumenaren aldetik nahitaezkoak diren baldintza egokien araudiak eta kudeaketaren legezko baldintzak gainditzea; laguntzak banatzeko aintzat hartuko da nekazaritza-abeltzaintzako ustiategi bakoitzaren tamaina, ustiategi txikiek ere aukera izan dezaten klima-konpromisoei aurre egiteko, bitarteko faltak kaltetu gabe.

54. artikulua. Basoetako zuraren eta biomasaren erabilera sustatzeko plana. Karbono hustubideak.

1. Ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuak bi urteko epean Baso kudeaketa jasangarriko plan bat landuko du basoetako zuraren, biomasaren eta gainerako produktuen erabilera sustatzeko, eta bertan jasoko ditu planaren ezarpenak berotegi-efektuko gasen murrizketan lortu nahi dituen helburu zenbakarriak. Planean jasoko da, halaber, baliabidearen aprobetxamendurako eta oinarrizko eraldaketarako enpresa txiki eta ertainen sarea sortzea, batez ere despopulazioak zuzenean jo dituen eskualdeetan eta langile teknikoen prestakuntza sustatzea, lanbide heziketa bereziki bultzatuz.

2. Gainera, planean karbono hustubideak kudeatzeari lotutako jarduketak jaso beharko dira hauek lortzeko:

a) Karbonoaren finkatze gaitasuna sustatzen duten landarediari lotutako ekintzak gauzatzea.

b) Basoen kudeaketa jasangarria sustatzea, hustubide-efektua moldatzeko eta hobetzeko, eta bertako espeziak erabiltzea basotzeetan.

c) Narriatutako lurzoruak berreskuratzea basoberritzeko edo tokiko abeltzaintza larreetan erabiltzeko.

d) Lurzoruan dagoen karbonoaren bilakaeraren kontrola, atzipena handitzeko neurriak sustatuz, esaterako nekazaritzako jardunbide jasangarriak ezarriz.

e) Suteak prebenitzeko eta basoak garbitzeko programak hobetzea.

f) Plangintza tresnetan txertatzea klima-aldaketa kontuan hartzen duten ekosistema naturalen kontserbazio eta lehengoratze irizpideak.

g) Higaduraren, lixibiazioaren eta lurzoru galeraren aurka lan egitea, estalki eta hesi begetalak erabiliz gune maldatsuetan, edo lurzoruaren gai organikoa kontserbatzeko aukera ematen duen beste edozein estrategia.

3. Nafarroako Gobernuak baso eta baso kudeaketari buruzko neurriak ezarriko ditu Nafarroako baso kudeaketaren zaurgarritasuna gutxitzeko eta hustubide gisa duen egungo gaitasuna hobetzeko, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Baso masen klima-aldaketaren inpaktuen aurreko erresistentzia eta erresilientzia gehitzeko baso kudeaketa definitzea eta sustatzea.

b) Klima-aldaketaren arriskuak eta bere kudeaketa ebaluatzea.

c) Sute arriskua gutxitzea eta nekazaritza eta baso mosaikoak eta larreak berreskuratzea ahalbidetzen duen baso kudeaketa erraztea.

d) Baso kudeaketa aktiboko neurriak egikaritzea hauek lortzeko: biodibertsitatea kontserbatzea eta baso ekosistemen bizitasuna, eskuragarri dauden baliabide hidrikoetara egokitzeko duten gaitasuna eta ziklo hidrologikoa erregulatzeko eta higaduraren aurka eta euri jasa handien gainerako ondorio kaltegarrien aurrean babesteko duten funtzioa hobetzea.

55. artikulua. Energia berriztagarriak nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan txertatzea.

1. Foru lege hau onetsi eta bost urteko epean, urtean 1.000 kWh-tik gorako kontsumoa duten nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi guztiek energia berriztagarriak ezarri beharko dituzte beren instalazioetan edo eraikinetan, gutxienez haien kontsumo elektrikoaren % 15 autokontsumoa dela bermatzeko moduan.

Titularraren ohiko etxebizitza barne hartzen duten instalazioetan edo eraikinetan urteko kontsumoa 4.000 kWh baino gehiagokoa izan beharko da auto-kontsumoko iturrietatik sortutakoa dela bermatu behar izateko.

2. Artikulu honetan ezartzen diren betebeharrak betetzen direla ulertuko da baldin nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien jabeek edo, kasua bada, haien energia-zerbitzuen hornitzaileek, energia berriztagarriak ekoizteko proiektuetan parte hartzen badute, proiektu horiek artikulu honetan eskatzen den estalduraren baliokide izanda energia-sorkuntzaren eta isurketa-murrizketaren aldetik, eta haien sustatzaile eta kudeatzaile Nafarroako administrazio publikoak edo, kasua bada, Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentzia edo ekimen pribatua izanda.

3. Foru lege honek indarra izanen duen lehenbiziko bost urteetan, Nafarroako Gobernuak laguntza-lerro bat ezarriko du, energia berriztagarriak nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan integratzeko.

56. artikulua. Lurzoruaren nutrizioa.

1. Lurzoruari ongarriak eta nutrienteak edo onuragarriak zaizkion beste ezaugarri batzuk zuzenean nahiz zeharka ematen dizkioten bestelako materialak erabiltzean, laborearen beharrei zorrotz egokitzen zaizkien kantitateak erabili beharko dira, haien jardueran eragin dezaketen berotegi-efektuko gasen isurketak eta, eguratsean bezala, lurpeko uretan eragin dezaketen kutsadura murrizteko.

2. Bi urteko epealdian, nekazaritza eta abeltzaintzaren gaineko eskumena daukan departamentuak honako hauek arautzen dituen erregelamendua garatuko du: lurzoruaren ongarritzea, abereen gorozkiak eta lurzoruari ematen zaizkion gainerako materialak kudeatzeko baldintzak, kudeaketa hori optimizatzeko eta izan ditzakeen ondorio kaltegarriak minimizatzeko; neurriak garatuko dira bereziki babesteko ur-ibilguak eta hezeguneak, eta neurri bereziak hartuko dira nitratoen pilaketak kutsatutako alubioi-lurrak leheneratzeko.

57. artikulua. Hondakinen sektoreko moteltzea.

1. Nafarroako Gobernuak Ekonomia Zirkularrerako Agenda bat izanen du, ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuak egina, funtsezko tresna izanen dena arlo honetako plangintzarako eta bat etorriko dena Europar Batasunak ezarritako printzipio eta helburuekin.

Ekonomia Zirkularrerako Agendak abian jarri beharko du bertan jasotzen dituen neurrien ezarpena, bereziki kontuan hartuz zenbait arlo, besteak beste, baliabideen kudeaketa efizientea, ekoizpena, kontsumoa, hondakinak, ekoberrikuntza eta ekodiseinua, berrikuntza sustatzeko ekimenak eta ezarritako helburuak lortzeko aplikatu beharreko mekanismoak.

Jardun esparrua ezagutzeko edo sentsibilizazio kanpainak diseinatzeko egiten diren azterketetan genero ikuspegia txertatuko da analisiaren kategoria gisa, ondoren presentzia izan dezan hondakinak gutxitu eta kudeatzeko ekintzetan, batez ere etxean, hondakinen sorburu nagusietako bat baita.

2. Ekonomia zirkularraren agendan hondakinen arloan jasotako neurrien xedea izan behar da herritarren zaurgarritasuna eta berotegi-efektuko gasen isurketak gutxitzea, zero hondakinen estrategia lehenetsiz materiala aurrezteko eta prozesamendua gutxitzeko, eta bereziki, erregai fosil asko erabilita ontziratutako produktuak murriztea eta zigortzea; zehazki, xedea izan behar da honakoak lortzea:

a) Hondakinen kudeaketako berotegi-efektuko gasen isurketak ebaluatzea. Urtean behin hondakinen kudeaketa hobetzearen ondorioz sortutako berotegi-efektuko gasen emisioen gutxitzeen jarraipena eginen da.

b) Europako hierarkia aplikatzea hondakinak kudeatzeko aukerei dagokienez.

c) Jatorrian gaikako bilketa ezartzea, materia organikoa aprobetxatzea eta horren balorizazio materiala digestio anaerobikoaren eta konpostajearen bitartez egitea, horrela saihesteko zabortegietan uztea.

d) Zabortegietako berotegi-efektuko gasen isurketak gutxitzeko eta hondakinetatik sortutako erregaia erabiltzeko neurriak aplikatzea.

e) Eraikuntzaren arloan neurriak ezartzea jarduera horretako hondakinak gutxitzeko, eta bereziki agregakinen eskaria gutxitzea sustatzeko eta eraikuntza materialak berrerabili eta birziklatzea bultzatzeko.

3. Ekintza gako gisa, lehentasuna emanen zaio ekonomia zirkularreko berrikuntza proiektuen sustapenari, era berezian bultzatuz produktuen ekodiseinua, teknologien erakuspena, ekoizpen-prozesuen ekoberrikuntza eta osagai eta materialen berrerabilpena. Horretarako, berrikuntzarako laguntza ekonomikorako zehaztuko diren programetan, garapenaren eta heldutasun teknologikoaren askotariko mailak kontuan hartuko dira.

4. Berotegi-efektuko gasen isurketen murrizketak gidatuko ditu Foru Komunitateko legerian aurreikusitako Hondakinen Plana eta hondakinen arloan hartzen diren neurriak, ekonomia zirkularraren garapena oinarri hartuta.

V. KAPITULUA

Klima-aldaketa moteltzeko tresnak

58. artikulua. Karbono-aztarnaren kalkulua eta energia eta karbono-aztarna murrizteko planak.

1. Foru lege honek indarra hartzen duenetik hemezortzi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak ezarriko du Foru Komunitatean diharduten nolako enpresek, nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiak barne, eta oinarrizko araudian xedatzen denaz gain, kalkulatu eta argitara eman beharko duten beren karbono-aztarna, eta hasierako zer terminotatik aurrera eskatu ahalko den betebehar hori, zer maiztasunekin, eta betebeharra tankeratzeko beharrezkoa den beste edozein elementu. Erregelamenduzko garapen horretan aintzat hartuko da genero ikuspegia, eta aztertuko dira emakumeen eta gizonen kontsumo ohiturek atxikiak dituzten karbono aztarna desberdinak, maila sozioekonomikoa, bizilekua eta talde demografikoa.

2. Orobat, aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera, karbono aztarna kalkulatu behar duten subjektuek berotegi-efektuko gasen isurketak murrizteko plan bat prestatu eta eman beharko dute argitara.

3. Berotegi-efektuko gasen isurketak murrizteko planean horretarako helburu kuantifikatu bat jaso beharko dute bost urteko epeari begira, bai eta hori lortzeko neurriak ere. Enpresek beren karbono aztarna konpentsatzen ahalko dute hala nahi badute.

4. Murrizketa plan horietan, oinarrizko araudian ezartzen denaz gain, honakoak ere zenbatzen ahalko dira isurketen murrizketa gisa:

a) Energia berriztagarriak ekoizteko proiektuetan egindako inbertsioei atxikitako murrizketak, proiektu horiek Nafarroako administrazio publikoek edo, kasua bada, Nafarroako Energiaren Bulegoak edo foru lege honetan jasotako tokiko energia komunitate batek edo ekimen pribatuak sustatu eta kudeatutakoak badira.

b) Martxoaren 14ko 163/2014 Errege Dekretuaren bidez sortutako karbono aztarnaren erregistroan erregistratu eta ziurtatu diren konpentsazioak.

59. artikulua. Produktu eta zerbitzuen karbono-aztarnaren erregistroa.

1. Nafarroako produktu eta zerbitzuen karbono aztarnaren erregistroa sortu da. Ingurumen arloan eskuduna den departamentuari atxikita dago eta bere xedea modu boluntarioan produktu eta zerbitzuen karbono aztarna inskribatzea izanen da. Erregistroa produktu edo zerbitzu bati lotutako berotegi-efektuko gasen emisio guztiak kalkulatu eta jakinarazteko tresna izanen da. Karbono aztarnaren kalkulua arautuko dute nazioartean onartutako estandarrek.

2. Erregistroan inskribatzen ahalko dira Nafarroako Foru Komunitatean produktu edo zerbitzuren bat ekoizten, banatzen edo merkaturatzen duten pertsona fisiko edo juridiko publikoak eta pribatuak.

Enpresak erregistroan inskribatuko dira eta gutxienez honako datuak jasoko dituzte bertan, erregelamenduz zehaztuko diren terminoetan:

a) Nafarroan gauzatzen dituzten jardueren karbono aztarnaren urteko kalkuluak.

b) Nafarroan egikaritu beharreko emisio murrizketa planei buruzko datuak.

c) Isurketak konpentsatzeko mekanismo boluntarioari lotutako karbono dioxidoa xurgatzeko proiektuak.

3. Erregelamenduz zehaztuko dira erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua. Inskribatze prozedura eta produktu eta zerbitzuen kategoriaren arabera erregistroko altak eta bajak ebazteko departamentu eskudunak ere arautuko dira.

4. Erregelamenduz arautuko dira logotipoa eta erabilera baldintzak, erabilerari lotutako betebeharrak, ziurtagirirako betekizunak, produktuaren kategoria araurako betekizunak, karbono aztarna kalkulatzeko metodologia eta berritze edo kentze prozedura.

5. Erregistroan inskribatzean, establezimenduan edo produktuaren etiketan karbono aztarnaren logotipoa erabiltzeko eskubidea jasoko da.

6. Produktuen etiketetan eta bilgarrietan karbono aztarnaren ebaluazioa jaso beharko da. Aztarnaren emaitzak irakurgarriak eta erraz ikusteko modukoak izanen dira. Erregelamenduz zehaztuko dira zerbitzuaren edo erakundearen etiketek edo merkataritza publizitateak produktua fabrikatzeko edo zerbitzu prestazioa egiteko sortu den karbono aztarna erakusteko bete beharreko baldintzak.

7. Erregistroko inskribatzeak gutxienez bi urteko baliozkotasuna izanen du eta erregelamenduz ezarritakoaren arabera luzatzen ahalko da.

8. Ingurumen arloan eskuduna den departamentuak bi urte igaro aurretik Nafarroako karbono aztarna sortu beharko du berotegi-efektuko gasen emisioen inbentarioan oinarrituta.

60. artikulua. Produktuen, zerbitzuen eta horniduren karbono aztarna kontratazio publikoan.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta foru sektore publikoaren gainerako erakundeek egindako lizitazioetan, administrazio-klausula partikularren agirietan gehitzen ahalko da lizitazioen xede diren produktu, zerbitzu eta horniduretan karbono-aztarna izatearen beharra, kontratazio publikoaren araudian adierazitako zentzuan. Ondorio horietarako, lizitatzaileek karbono aztarna justifikatzen ahalko dute Nafarroako produktu, zerbitzu eta erakundeen karbono aztarnaren erregistroan inskribatu izanaren indarraldia ziurtatuz edo ingurumen kudeaketako neurri baliokideen gainerako frogabideak erabiliz.

Administrazio-klausula partikularren agiriek zehaztuko dute karbono-aztarna kalkulatzeko zer tresna izanen diren onargarri, edo zein jo litezkeen horiei homologaturikotzat.

2. Aurreko apartatuan xedatutakoa nahitaez bete beharrekoa izanen da foru lege hau indarrean sartu eta bi urte igarotakoan.

IV. TITULUA

Klima-aldaketara moldatzea

61. artikulua. Klima-aldaketara moldatzea.

Nafarroako Gobernuak, Klima-aldaketara Moldatzeko 2021-2030 Plan Nazionalaren baitan, nafar gizartea eta haren ingurunea prestatuko ditu klima-baldintza berrietara egokitzeko, eta horretarako:

a) Aldaketen jarraipena egiteko eta, ahal den neurrian, haien aurretik joateko eta izan dezaketen inpaktua gutxitzeko mekanismoak ezarriko ditu.

b) I+G+b jarduera sustatuko du, klima-aldaketak ingurumenean, azpiegituretan, jarduera ekonomikoan, osasunean eta ongizatean dituen inpaktuak hobeki ezagutzeko eta jarduketa efizienteagoak eta berdintasun handiagokoak diseinatu ahal izateko.

c) Administrazioen arteko koordinazioa ezarriko du, klima-aldaketaren ondorioen aurkako borrokan.

d) Inpaktuak minimizatzeko neurriak aplikatuko ditu.

e) Gizarte eragileei informazioa, sentsibilizazioa eta laguntza emanen die haien eraldaketarako, Nafarroako Komunitatea lurralde erresilienteagoa izan dadin.

f) Jarduera-sektoreen planen berrikuspena ezarriko du, klima-aldaketara egokitzeko neurriak jaso ditzaten.

g) Uraren kontsumoa gutxitzeko neurriak sustatuko ditu.

62. artikulua. Klima-aldaketara egokitzea ingurune naturalean.

1. Nafarroako Gobernuak eta, oro har, Nafarroako administrazio publiko guztiek koherentziaz jokatuko dute, aintzat hartuz prebentzio eta zuhurtasun irizpideak, eta lehenetsiz Nafarroako biodibertsitatearen eta baliabide naturalen kontserbazioa klima aldaketaren inpaktuaren ondorioak minimizatzeko eta hori guztia ingurune naturala eta biodibertsitatea ingurumen politikaren egiturazko elementu gisa babestea erraztuz.

2. Nafarroako Gobernuak koordinatu eta bermatuko ditu bere lurralde plangintzaren finantzazioa, babes zibilerako planak, naturaguneak eta espezie mehatxatuak kudeatu, babestu eta leheneratzeko planak, suteen eta beste hainbat arriskuren prebentzio planak, eta laguntza eta ikerketa lerroak, klima-aldaketara egokitzeko irizpideak jasotzen dituztela bermatuz, eta hauek faboratuz:

a) Klima-aldaketarako prestatzea eta aurreratzea, ekosistema zaurgarrienak, espezie inbaditzaileak, klima-aldaketara hobekien egokitutako espezieak eta sentikorrenak monitorizatzeko eta haien jarraipena eta identifikazioa egiteko sistemak erabiliz, espezie edo ekosistema horietako bakoitzean izan dezakeen inpaktua saihesteko eta ahalik eta gehien gutxitzeko neurriak sustatuz.

b) Ekosistemak kontserbatzeko eta leheneratzeko ahaleginak areagotzea, barne direla baso-sistemak eta baso-nekazaritza sistemak, lurzoruen eta hezeguneen kontserbazioa aintzat hartuz, karbonoaren bahiketarako funtsezko portaera den aldetik.

c) Uretako ekosistemen kontserbazioa eta leheneratzea, ibai-gune, ibaiertzen eta ibaien uholde-lautadak leheneratzeko lanak bultzatuko ditu, nekazaritzaren sektorearekin ahalik adostasun zabalena lortuta, laboreen aldaketak eta ureztatzeko azpiegituren egokitzapena sustatuz, uholdeek nekazaritzan eragiten dituzten kalteak minimizatzeko.

d) Emari ekologikoen diseinu egokia egitea, prozesu biologiko naturalei ongi eustea bermatu dezaten, arroko erakundeekin lankidetzan.

e) Hezeguneen erregimen hidrikoa mantentzea haien ziklo espazial eta denbora-ziklo osoan, beharrezkoa bada arriskuan jartzen ahal dituzten beste erabilera batzuk murriztuz, biodibertsitatean eta migrazioan nola karbonoa atzitzean duten garrantzi estrategikoagatik.

f) Klima-larrialdien aurrean prebentzioa hobetzea, hala nola lehorteak, udako idorraldi luzeagoak, uholdeak, bero-boladak edo suteak, horretarako lehenetsiz naturan oinarritutako konponbideak.

g) Lurraldeko osagai desberdinen arteko interakzioa ahalbidetzen duen lurralde-eredua, konektibitate ekologikoa errazten duena, azpiegitura berdea eta korridore ekologikoak ezarriz, sare ekologiko integral eta koherente bat osatzea sustatzeko helburuarekin, iragazkortasun ekologikoa zainduz eta habitatak eta sistema naturalak zatikatu gabe eta lurralde intzidentzia duen plangintzan habitaten eta sistema naturalen arteko konektibitatea bermatuz.

h) Basoen kudeaketa jasangarria sustatzea eta dinamizatzea, lagundu dezan baliabide berriztagarriak identifikatzen eta eskuratzen, lurzoruaren kudeaketa moldakorrean eta karbonoaren bahitze-potentziala handitzen, ahal den neurrian.

i) Basogintzako ziurtagiriak sustatzea eta, horrekin batera, basogintzako espezie toleranteagoen eta iraunkorragoen ikerketa, klima-aldaketari, izurriei eta gaitzei aurre egiteko; basogintzako jarduketen hobekuntza eta ikerketa, zaintza, detekzioa eta ikerketa, basoko izurriei eta gaitzei aurre egiteko tratamenduetan.

j) Inpaktua minimizatzeko neurriak espezie bakoitzari, bere babes kategoriaren eta onetsitako ekintza-planen arabera, dagokion plangintzan oinarrituta, ex situ kontserbazioa barne, posible denean.

k) Nafarroako biodibertsitate aberatsarentzat eta toki ekosistemen funtzionamenduarentzat arriskutsuak izaten ahal diren espezie exotiko inbaditzaileak ingurune naturalean ugaritzea saihesteko beharra.

l) Naturagune babestuen eta Natura 2000 Sareko guneen plangintza eta kudeaketarako neurrietan klima-aldaketaren inpaktuen ebaluazioa sartzea, biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzeko.

3. Bermatze aldera ezen energia berriztagarriko iturrietatik abiatuz energia ekoizteko instalazio berriek ez dutela biodibertsitatean eta beste balio natural batzuetan inpaktu gogorrik eragiten, ingurumen-alorrean eskudun den departamentuak, foru lege honen indarraldia hasten denetik urtebeteko epean, sentsibilitate- eta esklusio-lurraldeen mugak zehaztuko ditu, haiek biodibertsitaterako konektibitaterako eta zerbitzu-emate ekosistemikorako daukaten garrantziaren arabera, bai eta beste ingurumen-balio batzuen arabera ere. Horretarako, departamentuak aldian behin zonifikazio hori azaltzen duen tresna kartografikoa sortu eta eguneratuko du eta zainduko du energia berriztagarrien proiektuen hedapena eremu horretatik kanpoko lekuetan egiten dela.

63. artikulua. Klima-aldaketara moldatzea landa ingurunean.

1. Landa ingurunearen arloko eskumena duen departamentuak klima-aldaketak lehen sektorean duen eraginaren monitorizazio eta jarraipenerako sistemak ezartzea faboratuko du, planak eta estrategiak berbideratzeko aukera izateko, klimaren bilakaeraren arabera eta esposizio eta zaurgarritasun azterketen arabera, eta inpaktua apaltzeko neurriak ezartzeko, kasua bada.

2. Nafarroako Gobernuak, bere plangintza estrategikoaren bidez, baliabide hidrikoen erabilera efizientea bultzatuko du, honako hauek barnean hartuta: doitasunezko nekazaritza sustatzea, tenperatura aldaketak eta lehortea hobeki jasaten dituzten laboreak ikertzea lehorreko laborantzan, nekazaritzako jardunbideak hobetzea lurzoruei dagokienez, ongarrien erabilera arautzea, aurrea hartzea lurzoruaren degradazioari (higadura, gazitzea...), lurzoruko mikrobiotaren kontserbazio egokia, abereen elikadura arauak, barietate eta arraza autoktonoak kontserbatzea eta nekazaritzako dibertsitatea hobetzea etorkizuneko klima baldintzei ongi egokitutako espeziekin, eta, orobat, azaltzen diren izurri edo gaitzen jarraipena egitea.

3. Nafarroako Gobernuak, bere eskumenen esparruan, administrazio eta sustapen neurriak ezarriko ditu 2030ean Europako Hitzarmen Berdean finkatutako helburuak lortzeko “Baserritik mahaira” estrategiaren esparruan, hau da, Nafarroako nekazaritza lurren % 25 nekazaritza ekologikoaren bitartez lantzea. Abeltzaintza ekologikoa eta hurbileko merkatuak ere sustatuko dira.

4. Nafarroako Gobernuak, urtebeteko epean, gehienez, nekazaritzako jardunbide egokien gida bat eginen du, doakoa eta etengabe eguneratua, bertan biltzeko berotegi-efektuko gasen murrizketan laguntzen duten nekazaritzako jardunbideak, eta horrekin batera adierazteko zein diren gutxitu edo desagertu behar direnak.

64. artikulua. Klima-aldaketara moldatzea hiri ingurunean.

1. Nafarroako Gobernuaren jarduketak, hiri ingurunean, hauetara bideratuko dira:

a) Zaintzako eta alerta goiztiarreko sistemak hobetzea, bai eta muturreko gertakarietan jarduteko protokoloak, hala nola uholde edo bero-boladetarakoak, bai eta klima-aldaketatik eratorritako beste hainbat arrisku egoeratarakoak ere, aurreikusirik gaixotasun inbaditzaileen bektoreak, polinizazioa, airearen kalitatea edo patogeno agertu berriak. Protokolo horiek aintzat hartuko dituzte desgaitasuna duten pertsonen behar bereziak.

b) Klima-aldaketarekiko esposizioa murriztea, klima-agertoki berrietara egokitutako hirigintza eta hiri plangintza bultzatuz.

c) Lurralde eta hirigintza plangintzarako tresnek, haien esparruaren arabera, zedarritu beharko dituzte hiri periferiako nekazaritza-lurzoruaren eremuak, nekazaritza paisaiaren kalifikazioa duten zonak eta hirietako mugetan dauden baratze eta ibar eremuak, babestu behar direnak, non lurzoru artifiziala handitzeko mugak egonen baitira.

d) Zerbitzu publikoen eta azpiegituren zaurgarritasuna gutxitzea, batez ere garraio, eraikin eta, oro har, hiri-sistemari dagozkionak, adibidez, diseinu bioklimatikoko konponbideak eta naturan oinarritutakoak bilatuz, esate baterako orientazioak, itzalpean jartzea, azpiegitura berdea eta drainatze jasangarriak, espero diren klima-baldintza berrietara egokituz.

e) Bermatzea urbanizazio berriek eta berrurbanizazio proiektuek hiri espazioa birnaturalizatzeko neurriak eta drainatze sistema jasangarriak sartu beharko dituztela erregelamenduz ezarritako terminoetan.

f) Sustatzea 5.000 biztanle baino gehiagoko toki erakundeek (horretarako komunitate konpostajeko tokiak lotuz) hirian edo hiri inguruan alokairu erregimenean baratza publikoen sistema bat izatea.

g) Hiri ingurune handietan bero-uharte efektua murrizteko ekimenak sustatzea. Horretarako, laguntza lerro bat ezarriko da, eraikin berrietan edo zaharberritzen diren eraikinetan estalki laua, berdea eta ibiltzeko modukoa jartzeko.

h) Neurriak ezartzea bero-uhartearen efektua txikitzeko Nafarroako esparru handietan, hiriaren berokuntza murrizten duten zoladuren eta gainazalen bidez, esate baterako.

65. artikulua. Sektore-plangintza eta klima-aldaketa.

Nekazaritza, abeltzaintza, baso-kudeaketa, arrantza, energia, garraioa, hondakinen kudeaketa, baliabide hidrikoen kudeaketa, turismoa, hiri- eta landa-lurraldearen antolamendua, edo lurzoruaren erabileren sektore arloetako plangintzaren sustatzaileek eta Nafarroan garatzen diren azpiegitura berrien, lurreko eta trenbideko garraioaren, energiaren, hondakinen eta uraren eraikuntza-proiektuen sustatzaileek, planen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren esparruan eta proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren esparruan honakoak gehitzea:

a) Egungo ezagutza zientifikoarekin bat, klima-aldaketaren inpaktuen aurrean duten zaurgarritasunaren analisia. Zaurgarritasunaren analisiak hala zehazten duenean, planen ingurumen azterketa estrategikoek eta proiektuen ingurumen inpaktuaren azterketek klima-aldaketaren inpaktuei egokitzeko neurriak eta jarraipen eta monitorizaziorako neurriak aurreikusi beharko dituzte. Azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuen kasuan, analisi horrek ebaluatu behar du, gutxienez ere, muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasun-areagotzeak azpiegitura berrian eragindako inpaktua, bai eta, azpiegituraren tipologiaren arabera pertinentea denean, hornidurarik ezaren inpaktua ere.

b) Berotegi-efektuko gasen emisioari egiten dion ekarpenaren ebaluazioa, karbono stock-ean duen inpaktua eta eraginpeko lurraldearen ebakuazio gaitasuna barne. Ebaluazio horrek kontuan hartutako irtenbide bakoitzerako berotegi-efektuko gas emisioen estimazio bat jaso beharko du. Azpiegitura berrien eraikuntza proiektuei dagokienez, ebaluazio horrek kontuan hartu behar ditu eraikuntza eta ustiapen faseak.

c) Nafarroako lurraldearen barneko irismena duten planen kasuan, planetan erreferentziazko oinarri-urtearekin alderatutako berotegi-efektuko gas emisioen murriztapen helburua ere jaso beharko da. Betebehar hori lurralde irismen txikiagoa duten, baina aldi berean Nafarroa osoko emisioetan ekarpen handia egiten duten planetan ere aplikatu behar da.

66. artikulua. Klima-aldaketara moldatzea uraren ziklo integralaren plangintza eta kudeaketaren arloan.

1. Nafarroako Gobernuak baliabide hidrikoen arloan hartzen diren neurrien gidari izanen da klima-aldaketa txertatzea planifikazio hidrologikoan, horien zaurgarritasuna gutxitzeko. Aintzat hartu beharreko alderdiak, gutxienez, hauek izanen dira:

a) Klima-aldaketak baliabide hidrikoetan dituen ondorioek sortutako inpaktu eta arrisku ekologikoak eta sozialak ebaluatzea.

b) Klima-aldaketa kudeaketa eta plangintza hidrologikoan txertatzeko lana areagotzea, bereziki lehenetsiz muturreko gertaeren kudeaketa, hala nola lehorteena edo uholdeena.

c) Egokitzeko jardunbide jasangarriak identifikatu eta sustatzea, uraren erabileraren eta kudeaketaren arloan helburu askotarikoak dituztenak, bai eta muturreko gertaeretan ere.

d) Klima-aldaketak ziklo hidrologikoan eta uraren erabileran dituen inpaktuen jarraipenerako funtsezkoak diren parametroen bilketa indartzea.

e) Uraren zikloa kudeatzeko eta ekosistemen eraberritze progresibo eta osorako neurri ekonomikoak aplikatzea.

f) Aurrezpen eta efizientzia neurriak hobetzearen bitartez lortutako baliabide hidrikoak lehentasunez deribatzea ur ekosistemetako kalitate helburuak lortzeko, eta muturreko lehorte kasuetan, hiri hornidurarako.

g) Nitratoz kutsatutako alubialen hiri uren iturriak berreskuratzea lehenestea ongarrien erabilera kontrolatzearen bitartez eta industria helburuetarako erabiltzea sustatzea.

h) Azterlanak eta ikerlanak eginen dira klima-aldaketak uraren kudeaketan eta herritarrengan edukiko dituen ondorioei buruz.

2. Nafarroako Gobernuak, toki erakundeekin elkarlanean, sustatu beharko du hiriko ur-zikloak lagundu dezan garapen ekonomiko eta sozialean, zaindu dezan giza osasuna eta ekosistemen gaineko inpaktua txikiena izan dadin murriztu dezan, klima-aldaketa kontuan hartzen duten konponbide sendo eta dibertsifikatuak emanez, eta bereziki lehenetsiz hornidura eskariaren kudeaketa, bere murrizketan oinarrituta.

3. Plangintza hidrologikoaren eta hiriko erabilerarako uraren ziklo integralaren kudeaketaren arloko eskumena duen departamentua arduratuko da Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea prestatu, haren jarraipena egin eta eguneratzeko lanaz, helburu nagusi batekin, alegia, hornidura eta saneamenduko oinarrizko zerbitzu egokia izatea, Nafarroako bizilagun guztien eskubide unibertsala delako. Plan horretan kontuan hartuko da Itoizko urtegitik hasten den 60 hektometro kubikoko erreserba (bere titulartasuna Herri horniduraren erabiltzaileen partzuergoak du Nafarroako ubidearen bitartez) estrategikoa dela, eta ezin izanen da lehentasun gutxiagoko bestelako erabileretarako bideratu.

Oinarrizko beharrak betetzeko giza kontsumorako ur bolumen jakin baten prestazio eta eskuratze eskubidearen (eskuratzea unibertsala da, etxekoa eta prezio onargarri eta unitarioan) baldintzak eta saneamendua izateko baldintzak erregelamenduz garatuko dira. Administrazio xedapen horretan jasoko dira hiri erabilerarako uraren ziklo osoa osatzen duten zerbitzuak ematen dituzten erakundeen eta erabiltzaileen arteko harremanak.

4. Nafarroako Gobernuak jarraipen eta monitorizazio sistema bat ezarriko du toki erakundeekin elkarlanean, bertan jasotzeko, batetik, Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailearen inguruan, estatistika nagusiak eta jarraipen adierazleak, gauzatutako ekintzak eta haren betetze-maila, eta, bestetik, plan zuzentzaile hori gauzatzeko zailtasunak, jatorrizko jarduketa planean aldaketa edo doitze teknikoak egitea proposatzeko, batez ere klima-aldaketara egokitzeari dagokionez.

67. artikulua. Baliabide hidrikoak.

1. Uraren arloko neurrien xedea izanen da Nafarroako sistema hidrikoaren zaurgarritasuna gutxitzea, eta bereziki kontuan hartuko dira honako hauek:

a) Nafarroako barne arroetako ibai ibilguetan emari ekologikoak ezartzea eta horiek berrikustea klima-aldagaien bilakaeraren arabera. Erkidego barneko arroetan, neurriak dagozkien arro organoekin erabakitako terminoetan garatuko dira.

b) Uraren zikloa kudeatzeko ekosistemen eraberritze progresibo osorako neurri ekonomikoak aplikatzea.

c) Hornidura sareak elkarrekin konektatzea; neurri horrek hornidura sistemari segurtasuna, malgutasuna eta sendotasuna ematen dio.

d) Aurrezpen eta efizientzia neurrien bitartez lortutako baliabide hidrikoak lehentasunez deribatzea ur ekosistemetako kalitate helburuak lortzeko, eta muturreko lehorte kasuetan, hiri hornidurarako.

e) Askotariko ur masa kontinentalen eta lur azpikoen zaurgarritasuna ebaluatzea kudeaketa hidrologikoko planen inpaktuen eta presioen agiriaren diagnostikoan oinarrituz eta behar diren egokitzapen neurriak ezartzea.

2. Administrazio publiko eskudunak Nafarroako lurzoruen askotariko erabilerak eta ziklo hidrologikoa osatzen duten prozesuekin dituzten loturak aztertzea sustatuko du, azterketa horien emaitzak etorkizuneko planetan, proiektuetan, programetan, inpaktu azterketetan eta lurraldeari lotutako antzeko plangintza tresnetan kontuan har daitezen.

3. Klima-aldaketaren ondorioz baliabide hidrikoak gutxitzetik eratorritako ondorioak murriztu eta moteltzeko, Nafarroako administrazio publikoek, dagozkien eskumen-mailetan, lehorte planak eginen dituzte, hiru urtean behin berrikusiko direnak.

4. Nafarroako lurralde osoko giza kontsumorako goi-presioko hornidura giza eta herritar eskubidetzat joko da, eta publikoa eta lehentasunezkoa izan beharko da bestelako erabilera alternatibo batzuen aldean.

5. Nafarroako araudia halako moduz berrikusi eta eguneratuko da non haren helburuek barne hartuko baitituzte ibai erregulazioko, hornidurako eta arazketako politikak, testu berriak prestatze aldera, Nafarroako proiekzio klimatologikoak eta Nafarroako klima-agertoki posibleekin bat datozen eskariak jasoko dituztenak.

68. artikulua. Energia-pobrezia.

1. Administrazio publikoek zaurgarritasun ekonomikoan dauden pertsonak eta familia unitateak babesteko prozedurak ezarri behar dituzte edateko ura, elektrizitatea eta gasa hornitzen duten enpresekin, hornidura horien jarraipena bermaturik egon dadin edozein dela ere egoera. Bitarteko horiek hornidura enpresen beraien ekimenez ezartzen ahalko dira, eta, halakoetan, administrazio publiko eskudunak baliozkotu beharko ditu. Ulertuko da pertsonak eta familia unitateak zaurgarritasun ekonomikoan daudela erregelamendu bidez ezarriko denaren arabera errenta eta ondare ekonomiko nahikorik ez dutenean.

2. Nafarroako Gobernuak foru lege hau onetsi eta urtebeteko epean onetsiko du gizarte gaien eta energiaren arloko eskumena duten departamentuek proposatuta eta toki erakundeekin elkarlanean, erregelamenduzko garapen bat, zeinean ezarriko baitira populazioaren sektore zaurgarrienen energia-pobreziari aurre egiteko beharrezkoak diren konpentsazio eta berme bitartekoak. Energia-pobreziaren ezaugarriak zehazterakoan aintzat hartu beharko dira bai haien egoera ekonomikoa dela-eta kontsumoa ordaindu ezin dezaketenak bai energia-gastu neurrigabearen kasuak, eraikuntzako akatsen ondoriozkoak.

3. Energia elektrikoa, edateko ura eta gasa banatzen eta merkaturatzen dituzten enpresek ezin izanen diete hornidura eten zaurgarritasun ekonomikoan dauden familiei, aurretik erreferentziazko gizarte zerbitzuen aldeko txostena eduki ezean, aurreko apartatuan aurreikusitako erregelamenduzko garapenean ezarritako baldintzetan.

4. Energia elektrikoa merkaturatzen duten enpresek, autokontsumoko kontratuen konpentsazio sinplifikatua aplikatu ondoren, soberako energia erabiliko dute klima-funtsean, energia-pobreziako egoeran dauden pertsonen energia beharrei erantzuteko.

69. artikulua. Moldatzea osasunaren eta gizarte-sektore zaurgarrien arloan.

1. Nafarroako Gobernuak beste plan eta estrategia batzuekiko sinergiak ezarriko ditu, esaterako zahartze aktiboko eta gizarte eta genero arloetako politikekiko, hau da, zaurgarrienak izan daitezkeen populazio sektoreei eragiten dietenekin, neurriak bideratuz hauetara:

a) Klima-aldaketak pertsonen osasunean eragiten dituen ondorioak identifikatzea, ebaluatzea eta prebenitzea.

b) Klima-aldaketak osasunean dituen eraginen prebentziorako behar diren neurriak hartzea, espezifikoki, tenperatura altuek bizilagun guztiengan duten eraginarena, eta modu berezian, haien lana dela-eta ingurunearen eragina gehien jasotzen duten pertsonen kasuan.

c) Patogenoen agerpena dela eta, gaixotasun bektore bihurtzen ahal diren espeziei buruzko ezagutza sustatzea, haien jarraipen espezifikoa egiteko eta inpaktu hori saihestu edo apaltzeko behar diren neurriak aurreikusteko. Espezie exotikoak direnean, arloari buruzko legeriarekin bat, haien egoeraren monitorizazioa eginen da eta behar diren neurriak ezarriko dira desagerrarazteko edo, hori ezinezkoa bada, murrizteko.

d) Populazioari informazioa ematea arriskuez eta prebentzio neurriez, desgaitasuna dutenentzat eskuragarriak diren bideak bermatuz.

e) Ingurumen baldintza txarrek eta klima aldaketak osasunean dituzten ondorioei buruzko azterketak eta ikerketak bultzatzea. Bien aurka borrokatzeko neurri efizienteagoak ezarri ahal izateko, azterketa horiek emakumeen eta gizonen ezaugarri eta beharrei buruzko analisi bereiziak eginen dituzte.

2. Nafarroako Gobernuak urtebeteko epean prestatuko du trantsizio justurako eta klima-justiziarako estrategia bat, energia-trantsizioak ukitzen dituen sektore ekonomikoen eta sozialen diagnostikoa egin eta haren ondorio kaltegarriak arintzeko neurriak ezar ditzan.

Estrategia hori izanen da trantsizio ekologikotik sortutako eredu ekonomikoaren aldaketaren ondoriozko Nafarroaren egokitzapen sozioekonomikorako tresna, eta xede izanen du zaurgarritasun egoeretan nabarmenki kaltetutako arloak, sektoreak, kolektiboak edo lurraldeak identifikatzea, une oro kontuan hartuta klima-justiziaren printzipioa eta energia-pobreziaren egoerak. Gainera, behar den plangintza izanen du trantsizio ekologikoak gizarte eta enpleguaren ikuspegitik izaten ahalko dituen inpaktu negatiboei aurre egiteko neurriak jorratu eta ezartzeko.

70. artikulua. Turismoaren arloan egokitzea.

Nafarroako Gobernuak eta toki erakundeek, beren eskumenak egikarituz eta turismoaren sektorean garatzen diren politikekin eta jarduketekin lotuta, eredu jasangarriagoa, baliabide gutxiago erabiltzen dituena, lurraldea gehiago errespetatzen duena eta klimaren aldaketaren efektuekiko hain zaurgarria ez dena sustatuko dute, beste batzuen artean hauek gehituz:

a) Jasangarritasun irizpideak sartzea turismoa promozionatzeko estrategian.

b) Klima-aldaketak sektorean eragiten ahal dituen arriskuak ebaluatzea.

c) Turismoaren sektorean lan egiten duten langileen eta turisten sentsibilizazioa eta informazioa klima-aldaketaren inpaktuari eta baliabideen erabilera jasangarriari buruz.

d) Ingurumen ziurtagiriak sustatzea turismoko jarduera eta establezimenduetarako.

e) Energia-birgaikuntza, energia eta uraren kontsumoa murriztea eta turismo instalazio eta jardueretan energia berriztagarrien ekarpena gehitzea sustatzen duten neurriak bultzatzea.

V. TITULUA

Administrazio jasangarria

I. KAPITULUA

Jarduketa orokorrak

71. artikulua. Administrazio publiko eredugarria.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, toki erakundeak eta haien organismo publikoak, ondasun- eta zerbitzu-kontsumitzaile izaki, lider izanen dira energia-ereduaren aldaketan, bai eta klima-aldaketara moldatzeko eta haren eraginak moteltzeko ekimenetan ere. Horretarako, karbono aztarna txikiagoko ondasun- eta produktu-kontsumoa egiteko neurriak hartuko dituzte.

2. Foru lege aurreproiektuen, foru dekretu proiektuen eta lurralde- nahiz sektore-plangintzarako tresnen prestaketarako prozeduretan aginduzkoa izanen da klima-ikuspegia txertatzea, foru lege honetan eta onetsiriko plangintzan adierazitako helburuei jarraituz.

3. Foru legeen aurreproiektuak eta foru dekretuen proiektuak prestatzeko prozeduran, proposatzen diren arau-ekimenen klima-inpaktua ebaluatzeko txostena ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuak eginen du.

72. artikulua. Administrazio publikoen betebeharrak eta baliabide-mobilizazioa.

1. Karbonoan neutroa den ekonomia baterako trantsizioa eta klima-aldaketara egokitzea aintzat hartu beharko dira politika publiko guztien diseinuan eta aplikazioan. Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, toki erakundeek eta haien organismo publikoek, beren eskumenak eta eginkizunak betetzean, kontuan hartuko dute klima-aldaketari egiten dioten ekarpena, eta halaber, klima-aldaketak haien jardueran izan dezakeen inpaktua, eta, kasua bada, isurketen murrizketarako eta klima-aldaketara egokitzeko behar diren neurriak hartu beharko dituzte nahitaez.

2. Zeresana duten administrazio publiko guztiek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, foru lege honek ezarritakoekin bat datozen helburuak proposatuko dituzte, bai eta horiek lortzeko beharrezkoak diren jarduketak ere. Era berean, klima-aldaketari aurre egiteko ekintza-planen jarraipenerako, beren helburuen betetze maila, ezarritako jarduketak eta dagozkien adierazleak azaltzen dituen informazioa emanen dute.

3. Nafarroako Gobernuak eta haren menpeko erakundeek, bai eta toki erakundeek eta haien menpeko erakundeek ere, ezarri eta onetsi beharko dute dagokion organoaren bidez, bi urteko epean, isurketak murriztu eta konpentsatzeko konpromisoaren bide-orria, haien jardueraren esparruan karbono neutraltasuna 2040ko abenduaren 31rako lortzeko, beranduenez.

4. Toki erakundeek klima-aldaketaren aurkako borrokan duten garrantzia dela eta, klima ekintza txertatu beharko dute beren eskumeneko plangintzan eta jarduketetan. 5.000 bizilagun baino gehiagoko udalerriak behartuta egonen dira zeinek bere klima-aldaketarako ekintza-plana izatera bi urteko epean, foru lege honen xede eta edukiarekin bat, beren jardueraren esparruan karbono neutraltasuna 2040ko abenduaren 31rako lortzeko, beranduenez.

73. artikulua. Karbono-hustubideak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, toki erakundeek eta haiei lotutako organismo publikoek honako ekintza hauek eramanen dituzte aurrera, karbono-hustubideen kudeaketari dagokionez:

a) Landarediari eta lurzoruari lotutako ekintzak, karbonoa atxikitzeko gaitasuna areagotzeko.

b) Basoen kudeaketa jasangarria, hustubide-efektua moldatzeko eta hobetzeko, eta bertako espeziak erabiltzea basotzeetan.

c) Lurzoru degradatuak berreskuratzea berriz basotzeko.

d) Lurzoruan dagoen karbonoaren bilakaeraren kontrola, atzipena handitzeko neurriak sustatuz, esaterako nekazaritzako eta basogintzako jardunbide jasangarriak ezarriz.

e) Suteen prebentziorako programak hobetzea.

f) Plangintza tresnetan txertatzea klima-aldaketa kontuan hartzen duten ekosistema naturalen kontserbazio eta leheneratze irizpideak.

g) Berdeguneak handitzea hiri eremuetan eta hiri inguruetan, eta haien kudeaketa bideratzea bateragarriak egitera erabilera publikoa eta biodibertsitatearen kontserbazioa, gune hauen eta gainerako azpiegitura berdeen arteko konektagarritasun ekologikoa bermatuz.

h) Higaduraren aurka lan egitea, estalki eta hesi begetalak erabiliz gune maldatsuetan, edo lurzoruaren gai organikoa atxikitzeko aukera ematen duen beste edozein estrategia, ekosistema naturalen leheneratzearekin bateragarria bada.

i) Klima-aldaketa jasotzea Natura 2000 Sarearen kudeaketarako tresnetan.

j) Naturagune babestuen eta altxonbideen kudeaketa moldatzailea ezartzea.

k) Klima-aterpeak ezartzea, biodibertsitatearen egokitzapena eta migrazioa ahalbidetzeko.

l) Dauden hezeguneak babestea eta hondatu direnak berreskuratzea, uraren ekarpena bermatuz kalitate eta kantitate egokietan, haien isurialde-arroak babestuz eta haien gainean eragina duten erabilerak arautuz.

m) I+G+b arloa sustatzea karbono-hustubideen azterketan.

2. Ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuak foru agindu bidez ezarriko ditu isurketen salerosketaren araubideari loturik ez dauden isurketen konpentsaziorako borondatezko mekanismoak, ekarpena egiteko naturaguneen plangintzarako edo ekosistemen berreskurapenerako proiektuei, edo CO2 xurgatzeko bestelako proiektuei.

74. artikulua. Nafarroako emisioen eta hustubideen inbentarioa.

1. Ingurumen arloan eskuduna den departamentuak urtean behin Nafarroako atmosferako emisioen eta CO2 hustubideen inbentarioa sortuko du. Bere irismena, edukia eta aplikatu beharreko kalitate irizpideak erregelamenduz arautuko dira. Inbentario horretan jasoko dira gizakien osasunean, materialen degradazioan, izaki biziengan eta ekosistemen funtzionamenduan eragiten ahal duten eta iturri natural eta antropogenikoetatik sortzen diren substantzien atmosferarako isurketak.

2. Nafarroako atmosferako emisioen eta CO2 hustubideen inbentarioan jasotako berotegi-efektuko gasen emisioek eta hustubideek karbono dioxidoa jasotzeko duten gaitasunaren bilakaerak osatuko dute Nafarroako berotegi-efektuko Gasen Emisioen Inbentarioa. Inbentario hori Europar Batasunak eta Klima aldaketaren adituen gobernu arteko taldeak definitutako irizpideekin bat sortuko da.

3. Inbentarioa publikoa izanen da eta ingurumen arloan eskuduna den departamentuaren webgunean eta Nafarroako Gobernuaren gardentasun atarian eskuratzen ahalko da.

75. artikulua. Garapenerako lankidetza eta nazioarteko proiekzioa.

Garapenerako lankidetzarako eta nazioarteko proiekziorako Nafarroako Gobernuak dituen planek eta programek, beren lehentasunen artean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren tresna desberdinen bitartez, hauek jasoko dituzte:

a) Garapenerako lankidetzari dagokionez: garapenerako lankidetzako jarduketa guztiek ingurumen jasangarritasuna jasoko dute, transbertsaltasunez, klima-aldaketaren ondorioak minimizatzeko bitartekoak erantsiz, ekiditearren aurrerapen eta garapenaren ondorioz berotegi-efektuko gasen isurketak areagotzea, ingurumena endekatzea eta populazioaren pobrezia-indizeak handitzea.

b) Nazioarteko proiekzioari dagokionez: energia-trantsiziorako eta klima-aldaketaren aurrean ekiteko nazioarteko sare eta proiektuetan parte hartzea, eta nazioarteko lankidetzarako eta inbertsiorako aukerak.

c) Lankidetza ekintzen bidez laguntzea migrazio seguru, antolatu eta erregularrerako mundu mailako itunari, klima-justizia babesteko helburuarekin, klima-aldaketa migrazioaren eragile gisa aitortuz, giza eskubideetan oinarritutako ekarpenak eginez eta genero berdintasuna txertatuz, arrazoi horrengatik lekualdatu behar izan diren pertsonen beharrekin bat.

76. artikulua. Inbentarioa eta karbono aztarna.

1. Administrazio publikoek eta haien organismo publikoek, bakoitza bere jardun esparruan eta urtebeteko epean, beren titulartasuneko eraikin, ibilgailu eta azpiegitura publikoen inbentarioa eginen dute, eta orobat, beren energia-kontsumoaren eta hari atxikitako berotegi-efektuko gasen isurketen erregistro bat, energiaren arloko eskumena duen departamentuak ezartzen duen formatuaren arabera, ondoren biztanleria guztiaren eskura egon dadin.

2. Inbentario-prestaketa errazteko, energiaren arloko eskumena duen departamentuak energia- eta klima-kudeaketako plataforma bat jarriko du Nafarroako administrazio publikoen eskura.

3. Urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak eta haren menpeko erakundeek karbono aztarnaren ebaluazioa egin beharko dute, bakoitzak bere jardueraren esparruan, gutxienik ere 1. eta 2. mailakoak. Karbono-aztarnaren kalkulua eta egiaztapena estandar nazionalei edo nazioartekoei jarraikiz eginen dira, edo Nafarroako Gobernuak, kasua bada, zehaztu duen metodologiari jarraikiz.

77. artikulua. Energia-auditoretzak administrazio publikoetan.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek eta haien organismo publikoek beren energia-auditoretzak aurkeztu beharko dizkiote energiaren arloko eskumena duen departamentuari, hark ezartzen duen maiztasunez eta moduan, ondasun hauei dagokienez:

a) 400 kW baino gehiagoko potentzia termikoko instalazioa duten eraikinak, energian edo CO2 emisioetan C katalogazioa baino apalagoko energia-ziurtagiria dutenean.

b) 400 kW baino gehiagoko potentzia termikoko instalazioa duten eraikinak, energian edo CO2 emisioetan B katalogazioa baino apalagoko energia-ziurtagiria dutenean.

c) Udalerrietako argiteria publikoak, zeintzuen potentzia agregatuek kontratatutako potentzia elektrikoaren 50 kW gainditzen dutenak.

d) Kontratatutako potentzia elektrikoa 50 kW-etik gorakoa duten azpiegiturak. Auditoretzak aurkezteko bi urteko epea izanen dute, gehienez.

a), c) eta d) hizkietan aurreikusitako lehenengo auditoretzak bi urteko epean aurkeztu beharko dira eta b) hizkian aurreikusitakoa lau urteko epean, foru lege hau indarrean sartzen denetik aurrera.

2. Orokorrean, energia-auditoretzek zortzi urteko indarraldia izanen dute ematen diren egunetik, 10.000 biztanle baino gehiagoko toki erakundeentzat salbu. Horien kasuan, lau urteko epea izanen dute.

Erakunde publikoen jabetza edo okupazioko eraikinen sarreretan modu ikusgarrian jarriko da energia ziurtagiria foru lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean. Ziurtagirien eguneraketek energia ratioa eta CO2 isurketak hobetu beharko dituzte.

3. Energia-auditoretzek kontuan hartu beharko dituzte, halaber, eraikinetako funtzionamenduko barne baldintza errealei dagozkien alderdiak eta haien haztapen errealista egin proposatzen dituzten hobekuntza neurrietan.

4. Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publiko bakoitzean ezarriko da energia-kudeatzailearen figura, energiaren kontsumoaren jarraipena egin eta hobekuntzak proposa ditzan, eraikinetan energia-efizientzia eta energia berriztagarrien ekoizpena lortzeko. Era berean, energia-kudeatzaileari dagokio energia-auditoretzetatik eratorritako neurriak ezar daitezen proposatzea eta haien jarraipena egitea, eta laguntzea kontratazio ekologikoaren printzipioak kontratazio publikoan txertatzen.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan, gutxienez kudeatzaile bat egonen da departamentu bakoitzean eta haren organismo publikoetan. Horretarako, elkarlanean aritzen ahalko dira baliabide nahikorik ez dutenean.

6. Kontsumoa, azalera, eredugarritasuna edo bertaratzen diren pertsonen kopurua dela-eta gomendagarria denean, administrazio publikoaren eraikinetan kartel bat paratuko da, sarreratik gertu eta ongi ikusteko moduan, energia aurrezte, energia-efizientzia lortze eta energia berriztagarriak ekoizte aldera eraikinean aplikatu diren neurriak azalduko dituena, energiaren arloko eskumena duen departamentuak xedatzen dituen zertzeladekin.

Gainera, eraikinetan esku hartuz gero, kontuan eduki beharko da dagoen Eraikinaren Liburuaren aplikazioa.

7. Foru lege hau onetsi ondoren gehienez ere hiru urtean onetsiko den erregelamenduzko garapenaren bitartez ezarriko da zer prozedura erabiliko den Toki Administrazioaren arloko eskumena duen departamentuak, energiaren arloko eskumena duen departamentuaren laguntzarekin, bere gain har dezan energia-auditoretza egin eta energia-kudeatzailea izendatzeko eginkizuna zuzenbidezko 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan, udalak eskatu ondoren eta eginkizun horiek mankomunatuta betetzen ez badituzte.

78. artikulua. Erregai fosilekiko menpekotasuna murrizteko energia-jarduketako planak.

1. Bi urteko epean, administrazio publikoek eta haiei lotutako organismo publikoek diseinatu eta gauzatu beharko dituzte energia-jarduketarako urte anitzeko planak. Haietan, egoeraren diagnostikoa egin eta jarduteko estrategiak finkatu beharko dituzte, erregai fosilekiko menpekotasuna murrizteko, foru lege honen helburuei jarraikiz eta Espainiako Eraikuntzaren Sektoreko Energia-birgaikuntzarako epe luzeko 2020 Estrategiarekin eta Energia eta Klimarako 2021-2030 Plan Bateratuarekin bat etorriz. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kasuan, betebehar horiek departamentu bakoitzari eta haiei lotutako organismo publikoei egotziko zaizkie.

2. Plan horiek jaso beharko dituzte:

a) Energia kontsumoaren murrizketa zehaztuko den eraikin, ibilgailu eta argiteria publikoen multzoa.

b) Haien titularitateko eraikin eta azpiegituren kontsumoa %25 murrizteko helburua, 2027rako, foru lege hau onartzen den urteko kontsumoaren aldean; bestela, “A” energia-kalifikazioko ziurtagiria lortu beharko dute beren eraikin guztietarako; edo bestela, dagokion tipologian “A” kalifikazioa lortzeko behar diren energia-kontsumoaren ratioak baino baxuagoko kontsumoak lortzeko ezintasuna justifikatzen duen aldeko auditoretza aurkeztu beharko dute.

c) Beren eraikinetan energia berriztagarrien aprobetxamendurako sistemak instalatzeko egutegi bat, helburua izanik 2030a baino lehen administrazio bakoitzaren eraikinen energia-kontsumo guztiaren % 35 izatea, 2035 baino lehen % 65era iristea, eta % 100 izatea 2040 baino lehen. Horretarako ezarriko dituzte energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioak, administrazio bakoitzaren eraikinen estalkien azaleraren % 40an, 2030 baino lehen, % 65 estaliz 2035 baino lehen, eta % 100era iritsiz 2040erako.

d) Energia berriztagarriak aprobetxatzeko ezartzen diren sistemek, aurreko apartatuan eskatzen den energia-kontsumoaren aurrezpena lortzen ez badute, helburu hori konpentsa dezakete energia berriztagarriak ekoizteko proiektuetan parte hartuz, baldin eta Nafarroako administrazio publikoek sustatu eta kudeatuak badira eta, eraikin bakoitzeko, 10 kW-ko puntadun sistema fotovoltaiko baten pareko energia-ekoizpena ematen badute.

e) Behar diren neurriak sustatzea gutxitzearen, aurrezpenaren eta energia-efizientziaren arloan, 2030eko energiaren azken kontsumoa joerazkoa baino % 39,5 txikiagoa izateko gutxienez, hori guztia energiaren arloko estatuko oinarrizko araudiaren esparruan.

3. Birgaitzen diren eraikin publikoek, Etxegintzaren Kode Teknikoak zehazten duenaren arabera, gutxienez, ‘B’ energia-kalifikazioa lortzeko behar diren lanak egin beharko dituzte, salbu eta ondare-eraikinek, ezin badute kalifikazio hori lortu beren ondare-balioari kalterik egin gabe.

4. 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera, eta hiri errentamenduen gaian indarra duen legedian ezartzen dena ezertan galarazi gabe, administrazio publikoek eta haiei lotutako organismo publikoek beren erabilerarako alokatzen dituzten higiezinek egon beharko dute energia-kontsumo ia nulua duten eraikinetan, Etxegintzaren Kode Teknikoaren 2030eko bertsio indardunaren arabera. Kalifikazio hori ez duten eraikinetan dauden higiezinen indarreko alokairu-kontratuak ezin izanen dira luzatu 2030etik harat. Betebehar horretatik salbuetsita geratzen dira: Betebehar horretatik salbuetsita geratzen dira:

a) Energia-kontsumo ia nuluko higiezinik alokairuan hartzeko modurik ez dagoen herrietako higiezinen alokairuak.

b) Azalera 60 m² baino txikiagoa duten lokalen alokairuak.

c) Behin-behineko alokairuak, esate baterako, eraikin bat birgaitu edo eraiki bitarteko birkokapenak, edo bestelako arrazoiren batek eragindakoak, gehienez bi urtez.

5. 2025etik aurrera, Foru Komunitateko Administrazioak, toki erakundeek eta haien organismo publikoek kontsumitzen duten energia elektrikoaren erdiak izan beharko du A sailkapeneko ziurtagiria, jatorria, osotara berriztagarrietan duela dioena, eta 2030etik aurrera, berriz, kontsumitutako energia elektriko guztiak berriztagarria izan beharko du osotara (A sailkapena). Energia elektriko horretatik % 25 autoekoiztua izanen da, eta modu horretan herritarrek eta energia komunitateek ekoizpenean parte hartzeko aukera izanen dute, gutxienez urteko ekoizpenaren % 51n.

79. artikulua. Erabilera orokorreko ibilgailu elektrikoetarako kargaguneak.

1. Nafarroako administrazio publikoek ibilgailu elektrikoetarako kargaguneen sare bat planifikatu eta ezarriko dute, lurralde osoan egokia eta nahikoa izanen dena foru lege honetan jasotako helburuak betetzeko.

Horretarako, bi urteko epean, gai honetako departamentu eskudunak antolatuko ditu premiak asetzeko behar adina kargagune Nafarroako errepide-sarean.

500 biztanle baino gehiagoko toki entitate guztiek gutxienez ere 22 kW edo gehiagoko kargagune bat izan beharko dute beren udalerrian bi urteko epean, automobil eta ibilgailu komertzialetarako, eta 7,4 kW edo gehiagoko beste kargagune bat ziklomotor, bizikleta elektriko eta mugikortasun pertsonaleko beste ibilgailu batzuetarako.

Prozedura publiko baten bidez instalatuko dira, norgehiagoka librea eta eskaintzen arteko lehia bermatuta. Irisgarritasun unibertsal eta librea egonen da haiek erabiltzeko. Eta operadore adjudikaziodunak bermatuko du haien mantentzea.

Nafarroako toki-entitateek lehentasunez bermatuko dituzte artikulu honetako aginduak betetzeko beharrezkoak diren instalazioak paratzeko lurzoru publikoak.

Nafarroako Gobernuak urtero aurrekontu partida bat gaituko du, egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik artikulu honetako betebeharrak bete ezin dituzten herrietan instalazio hori finantzatzeko.

2. Bi urteko epean, administrazio publikoek eta haiei lotutako organismo publikoek erabilera orokorreko kargagune bat izan beharko dute gutxienez, 10 ibilgailu baino gehiago dituzten zerbitzu publikoen azpiegituretan.

3. 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen, erabilera publikoko aparkaleku guztiek, publikoak nahiz pribatuak izan, ibilgailu elektrikoetarako kargagunea duen aparkaplaza bat izan beharko dute, gutxienez, 40 aparkaplazako, eta zilegi izanen da erabilera bakar horretarako erreserbatzea, eskaera errealaren arabera.

4. 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen, erabilera publikoko 100 aparkaplaza baino gehiagoko kamioi-aparkaleku guztiek, publikoak nahiz pribatuak izan, kargagune elektrikodun aparkaplaza bat, gutxienez, izan beharko dute 10 aparkaplazako, hozkailu-erdiatoia funtzionatzen mantendu ahal izateko, eta zilegi izanen da erabilera bakar horretarako erreserbatzea, eskaera errealaren arabera.

5. Nafarroako Gobernuak abian jarriko ditu laguntza eta sustapen neurriak, erakunde publiko eta pribatuek erabilera orokorreko karga puntuen azpiegiturak ezar ditzaten. Horietako bat izanen da publiko orokorrari iragarri eta ikusgai jartzea hornidura elektrikoaren energia-sailkapena ibilgailu elektrikoetarako Nafarroako kargagune guztietan.

6. Nafarroako edozein administrazio publikok sustatutako kargaguneak direnean, azpiegitura horren energia elektrikoaren hornidurak A sailkapena izan beharko du eta jatorria, osotara, energia berriztagarrietan izatearen ziurtagiria.

II. KAPITULUA

Mugikortasun jasangarria Administrazioan

80. artikulua. Modu jasangarrien eta erregai alternatiboen erabilera administrazioaren ibilgailuetan.

1. Foru lege honek indarra hartu eta urtebeteko epean Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoko erakundeek erosten dituzten ibilgailu arin guztiek (M1, M2, N1 eta N2) edo erakunde horiekin izenpetutako kontratu publikoetan erabiltzen direnek zero isurketakoak edo karbono isurketa neutralekoak izan beharko dute, baldin eta eskakizun teknikoak edo erabilerakoak betetzen ahal badira teknologia erabilgarriarekin.

2. Administrazio publikoen eta haiei lotutako organismo publikoen titularitateko eraikin berriek, aparkalekuko plaza bat gutxienez atxikia badute, ibilgailu elektrikoetarako kargaguneak izan beharko dituzte, eta orobat, bizikletak eta antzekoak erabiltzeko eta aparkatzeko erraztasunak emateko tokiak beharko dituzte.

3. Urtebeteko epean, garajea edo aparkatzeko guneak dituzten administrazioaren eraikinek aparkaleku seguruak izan beharko dituzte bizikletentzat eta antzekoentzat.

4. Foru lege honek indarra hartu eta bi urteko epean, 25 langile edo gehiagoko administrazio publikoek eta haiei lotutako organismo publikoek lanera joateko eta lanak eragindako joan-etorrietarako mugikortasun-planak prestatu beharko dituzte. Haietan sustatuko dituzte langileen artean oinezko joan-etorriak, bizikleta eta antzekoen erabilera, garraio partekatua eta garraio kolektiboa autobusean edo garraio publikorako bonuak, eta minimizatuko ibilgailu motordunetan egiten diren joan-etorriak.

5. Urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek telelanerako plan bat prestatu behar dute administrazio publikoetarako, eta behar diren legeria-aldaketak proposatuko dituzte lanpostuan etengabe nahitaez egon behar ez duten langileek etxetik lan egin ahal izan dezaten.

VI. TITULUA

Ikuskapena, jarraipena eta zehapen araubidea

I. KAPITULUA

Ikuskapena eta jarraipena

81. artikulua. Kontrola eta ikuskapena.

1. Nafarroako administrazio publikoek, bakoitzari dagozkion eskumenen esparruan, foru lege honetan ezarritakoa betetzen dela zainduko dute, aplikatzen den lurralde, jarduera, eraikin, ibilgailu eta instalazioetan.

2. Ingurumenaren eta energiaren arloko eskumenak dituzten departamentuek beteko dituzte ikuskapenaren eginkizunak foru lege honetan ezartzen den moduan.

3. Ikuskaritza zereginak hauek izanen dira, besteak beste: in situ bisitak, isurketak neurtzea, barne txostenak eta jarraipen agiriak egiaztatzea, autokontrolak egiaztatzea, erabilitako teknikak frogatzea, eta neurriak araudira egokitzen diren edo ez zehaztea.

82. artikulua. Ikuskapen-jarduketaren helburuak.

1. Ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuaren ikuskaritza zerbitzuei dagokie honakoak egitea:

a) Administrazio publikoen, enpresen eta herritarren jarduketa bideratzea klima-politiken helburuak lortzera.

b) Aholkularitza ematea lege honetan eta berau garatzen duen araudian ezarritako betebehar juridikoak betetzeko.

c) Ingurumen arloan indarrean dagoen legeria betetzen dela kontrolatu eta egiaztatzea.

d) Kautelazko neurriak ezartzea eta zehapen prozedurak hastea ahalbidetzen duten jarduketak formalizatzea.

2. Baimena duten kontrol erakundeei dagokie b) eta c) letretan aipatutako eskudantziak egikaritzea indarreko legeriaren terminoetan.

3. Ikuskapen batean ondorioztatzen bada posible dela beste organo edo administrazio publiko batzuen zehapen eskumenei eragiten ahal dieten arau-hausteak egotea, ingurumen arloko departamentu eskudunak egindako aktak jakinaraziko dizkie, eta, hala dagokionean, baita eskuragarri dituen txosten osagarriak ere.

83. artikulua. Ikuskapen-zerbitzu publikoak.

1. Ingurumen alorreko departamentu eskudunaren ikuskapen-zerbitzuetako langile dira funtzio publikoari buruzko araudiari jarraikiz horretarako behar bezala gaituta dauden langileak. Ikuskaritza funtzioa gauzatzen duten langileek agintaritzaren izaera izanen dute.

2. Ikuskaritza lanak gauzatzen dituztenek, besteak beste honako ahalak egikaritzen ahalko dituzte:

a) Etxebizitzak ez diren eta energia kontsumitzaile edo sortzaile diren higiezin, establezimendu edo instalazioetara sartzea.

b) Arrazoituz eskatzea establezimenduaren edo instalazioaren titularra, arduraduna edo ordezkaria eta ekipoen eta gailuen instalazioan, mantentzean edo kontrolean parte hartu duten langile teknikoak Administrazioaren bulegoetan agertu beharra.

c) Ikuskaritza funtzioak betetzeko beharrezkoa den dokumentazioa eta informazioa aurkezteko eskatzea.

d) Aplikatu beharreko araudia betetzen dela egiaztatzeko ikerketa eginbideak, funtzionamendu kontrolak edo probak egitea.

3. Artikulu honetako lehenbiziko apartatuan aipatzen diren langileak behar bezala identifikatuko dira, sekretu profesionala gordeko dute eta ikuskaritza-jarduketaren konfidentzialtasuna errespetatuko dute.

84. artikulua. Energia-efizientziako ikuskapenak.

1. Energia-efizientziaren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, energia arloan eskuduna den departamentuak energia kontsumitzen edo sortzen duten instalazioen hasierako eta aldizkako ikuskapenak planifikatuko ditu estatu erregelamenduan edo foru erregelamendu espezifikoan ezarritako terminoetan.

2. Ikuskapenetan idatziz jasoko dira instalazioaren sailkapen eta kalifikazioarekin lotuta indarrean dagoen araudiaren betetze maila.

85. artikulua. Laguntza eman beharra.

Foru lege honetan xedatzen denak ukitzen dituen erakunde eta pertsonek, behar duten laguntza eman behar diete ikuskapena egiten duten langileei, eta erraztu behar diete zeinahi azterketa, kontrol, eta beharrezko informazio-bilketa egitea, haien eginkizuna bete dezaten; eta horretarako:

a) Ikuskapena egiten duten langileei kontrolatu beharreko finka, instalazio, areto eta ibilgailu guztietarako sarbide egoki eta segurua erraztu behar diete.

b) Ingurumenaren eta energia-trantsizioaren arloko legedia betetzen dela egiaztatzeko beharrezkoa den informazio eta dokumentazio guztia eman behar diete.

II. KAPITULUA

Zehapen araubidea

86. artikulua. Zehatzeko ahalmena egikaritzea.

1. Artikulu hau aplikagarria izanen da, soilik, portaera arau-hausleak, kasu bakoitzari, dagokion gaiaren arabera, aplikatu beharreko legedia sektorialaren bidez ezin direnean zigortu.

2. Ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuko organoei dagokie zehapen ahalmena, foru lege honekin bat, foru lege honetan ezarritako betebehar juridikoen arau-haustea dakarten ekintzak edo ez-egiteen gainean.

87. artikulua. Pertsona erantzuleak.

1. Foru lege honetan aurreikusitako arau-hausteen erantzuleak izanen dira horiek egiten dituztenak, ekintzaz nahiz ez-egiteaz.

2. Prozeduraren ikuskapen edo instrukzio organoak eskatzen ahalko die arau-haustea ekarri duten jokabideen erantzuleei, zehapen espedientea hasi aurretik edo bitartean, urratutako araudia betetzeko neurri zuzentzaile egokiak har ditzatela behar bestekoa izanen den epean, hilabetekoan gutxienez.

3. Aurreko apartatuan aipatzen den epea iragaten bada eskaera egin zaionak zuzendu gabe irregulartasuna edo modu egokian justifikatu gabe ezinezkoa duela foru lege honek ezarritako betebeharrak betetzea, zehapen espedienteari hasiera edo jarraipena ematen ahalko zaio.

88. artikulua. Arau-hausteak.

Foru lege honen ondorioetarako, eta legedi sektorialak xedatzen duena galarazi gabe, honakoak arau-hauste administratiboak izanen dira:

1. Oso astunak:

a) Ez betetzea energia eta karbono aztarna murrizteko planetan ezarritako helburuak, berotegi-efektuko gasen isurketen murrizketakoak, isurketa horiek baimendutako adierazlea baino % 100 handiagoak badira.

b) Baimendutako kontrol erakundeek egindako ikuskapenek, probek edo entseguek nahita osatu gabe edo emaitza faltsu eta okerrekin adierazten badituzte klima-aldaketaren arloko beren funtzioak betetzean egiaztatutako egitateak.

c) Subjektu pribatuek, foru lege honen arabera, egin edo aurkeztu behar dituzten ziurtagiri, txosten, akta, oroitidazki, proiektu tekniko edo beste edozein dokumentu ematea, haien edukiak, nahitara, errealitatea islatzen ez duenean, edo datu faltsuak jasotzen dituenean.

d) Arau-hauste astunak behin eta berriz egitea, horiek egin aurreko bost urteetan zigortuak izan direnean.

2. Astunak:

a) Ez betetzea energia eta karbono aztarna murrizteko planetan ezarritako helburuak, energia kontsumoak eta berotegi-efektuko gasen isurketen murrizketakoak, isurketa horiek baimendutako adierazlea baino % 50 handiagoak badira.

b) Sistema elektrikoaren edo erregai fosilen operadoreek energia kontsumoei buruzko informaziorik ez ematea edo informazioa eskuratzea oztopatzea eta banaketa sareen konexioari eta ebakuazio gaitasunari buruzko informazioa falta izatea (horien trazadura, kokapena eta eraldaketa eta tratamendu zentroen ezaugarriak barne), foru lege honen eskakizunen arabera.

c) Instalazioetara sartzea edo informazio eta zaintza zereginak egitea ukatzea ikuskapen-zerbitzu publikoei edo baimendutako kontrol-organismoei, foru lege honek edo honen erregelamendu bidezko garapenak ematen dizkieten eginkizunak galarazten edo eragozten direnean eta datuak ematea ukatzea.

d) Arau-hauste astuna izanen da mugikortasuna sortzen duten zentro handiek foru lege honen 47. artikuluan beren langile, bezero eta erabiltzaileentzat ezarritako mugikortasun plan jasangarrien betebeharrak ez betetzea.

e) Foru lege honek eta berau garatzen duten erregelamenduzko arauek zehaztutako betebeharrak ez betetzea energia berriztagarrien eta energia efizientziaren arloetan eraikinak eraiki eta birgaitzeari dagokionez.

f) Energia zaurgarritasun egoeran dauden kontsumitzaileei oinarrizko energia hornidurak moztea, foru lege honen 68.3 artikuluan ezarritakoa urratuz.

g) Arau-hauste arinak behin eta berriz egitea, horiek egin aurreko bost urteetan zigortuak izan direnean.

3. Arinak:

a) Ez betetzea energia eta karbono aztarna murrizteko planetan ezarritako helburuak, energia kontsumoak eta berotegi-efektuko gasen isurketen murrizketakoak, isurketa horiek baimendutako adierazlea baino % 50 handiagoak ez badira eta erantzuleak jaso baldin badu aurretik ikuskapeneko zerbitzu publikoen ohartarazpena.

b) Ez betetzea karbono aztarnaren kalkuluak, energia eta karbono aztarna murrizteko planak eta haien jarraipena, agintaritza eskudunek zehaztu bezala, aurkezteko betebeharra.

c) Apainketa, publizitate edo merkataritzako argiteria piztuta izatea fluxu murriztuko ordutegian.

d) Energia-auditoretzak eta energia-jarduketako planak ez aurkeztea, foru lege honetan ezartzen diren moduan eta epeetan.

e) Laguntza ez ematea funtsezko datuak aurkezterakoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan estatistikaren eginkizuna betetzeko eskumena duten erakundeei.

f) Ikuskapen zerbitzu publikoei laguntza ez ematea eta administrazio publikoek eskatutako informazioa emateari uko egitea, arau-hauste astuna ez denean.

g) Administrazio publikoek ez betetzea 78.4 artikuluan ezarritako betebeharra, hau da, ia kontsumo hutsalik ez duten higiezinak alokatzea foru lege honetan ezarritako epean.

h) Foru lege honetan edo haren garapenerako arauetan ezarritako beste edozein eskakizun, betebehar edo debeku ez betetzea, arau-hauste astuna edo oso astuna ez denean.

89. artikulua. Zehapenak.

1. Foru lege honetan aurreikusten diren arau-hausteak egiteagatik, honako zehapen hauetako bat ezarriko da:

a) Arau-hauste oso astunak, 250.001etik 2.500.000 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunak: 25.001etik 250000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste arinak: 600etik 25.000 eurora bitarteko isuna.

2. Halaber, egintzen ezaugarrien arabera, edo energia-trantsiziorako eta klima-aldaketaren aurkako borrokarako jarduketak gauzatzean izan dezaketen eraginagatik, isunaz gain, honako zehapen hauetako bat ezartzen ahalko da:

a) Energia ekoizten duen edo berotegi-efektuko gasen isurketak eragiten dituen jardueraren edo instalazioaren behin betiko itxiera, hiru urtez gehienez, arau-hauste oso astunen kasuan, eta urte bat gehienez, gainerako kasuetan.

b) Ibilgailuak edo makineria geldiaraztea, gehienez urte betez.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntza edo laguntza publikoak hartzeko eskubidea kentzea urte bat eta hiru urte bitarteko epe batez.

d) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea arau-hauslearen identitatea eta ezarritako zehapena.

3. Zehapenen mailaketa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 29. artikuluan xedatutakoarekin bat eginen da.

4. Artikulu honetan aurreikusitako isunak jartzeak berez zehapenari dagokion helburu prebentiborako bide ematen ez badu, arrazoi aski badago, eta arau-hauslearen gaitasun ekonomikoa kontuan hartuta, honako zehapen hauek ezartzen ahalko dira:

a) Arau-hauste oso astunetan, subjektuaren azken ekitaldi ekonomikoan izandako negozio-bolumenaren %10erainoko isuna.

b) Arau-hauste astunetan, subjektuaren azken ekitaldi ekonomikoan izandako negozio-bolumenaren % 5erainoko isuna.

5. Foru lege honetan aurreikusitako arau-hausteengatik ezartzen diren zehapenek murrizketa izaten ahalko dute, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

6. 88.1 a), 88.2 a) eta 88.3 a) artikuluetako arau-hausteen kasuan, zehapena ordaintzeak ez du salbuesten isurketak murrizteko betebeharretik.

90. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

1. Arau-hauste oso astunek bost urtera preskribatuko dute, astunek hiru urtera eta arinek urtebetera; arau-hauste oso astunengatik ezarritako zehapenek bost urtera preskribatuko dute, arau-hauste astunengatik ezarritakoek hiru urtera eta arau-hauste arinengatik ezarritakoek urtebetera.

2. Arau-hausteen preskribatze-epea zenbatzen hasiko da arau-haustea egin den egunetik aurrera.

3. Arau-hauste jarraituak egiten direnean, preskripzio-epea jarduera bukatzen denetik edo arau-haustearen azken egitetik aurrera zenbatzen hasiko da. Arau-hausteak iraunkorrak direnean, epea legez kontrako egoera ezabatzen den egunean zenbatzen hasiko da. Arau-haustearen egitate edo jarduerak ezezagunak direnean kanpoko zeinurik ez dutelako, epe hori zeinuok azaltzen direnetik aurrera zenbatzen hasiko da.

4. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioari dagozkion gainerako gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoari helduko zaio.

91. artikulua. Ordezko ingurumen-prestazioa.

Behin zehapen prozedura hasita, ustezko erantzuleak diren pertsona juridikoek aukera izanen dute, isun gisako zehapenaren ordez, ingurumenari onura ekarriko dien ingurumen arloko lehengoratze, kontserbazio edo hobekuntza zerbitzu bat egitea eskatzeko, zehapena jartzeko eskumena duen organoak ezartzen dituen baldintza eta moduekin. Zehapenaren ebazpena jakinarazi ondoren ere, bidezko izanen da isun gisako zehapenaren ordez ingurumen-prestazio bat eskatzea hilabeteko epean.

92. artikulua. Zehapenen atxikipena klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloan.

Foru lege hau aplikatzearen ondorioz egiten diren arau-hausteengatiko isun-zehapenak Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Nafarroako Klima Funtsa. Klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloko zehapenak” izeneko partidan edo horren baliokide batean sartuko dira. Ondorio horietarako zenbatuko dira bai ingurumenaren arloko eskumena duten organoek borondatezko epean jasotako diru-kopuruak bai ezarritako zehapenen ondorioz diru-bilketarako organoek epe exekutiboan jasotakoak.

93. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Ingurumenaren eta energia-trantsizioaren arloko arau-hausteak egiteagatik zehapenak ezarriko dira dagokien prozedura instruitu ondoren eta bat etorrita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin.

2. Zehapen prozeduran ebazpen espresa eman eta jakinarazteko epea, gehienez, sei hilabetekoa izanen da espedientea irekitzeko ebazpen administratiboa ematen den egunetik hasita.

3. Ebazteko eskumena duen organoak erabakitzen ahalko du, ebazpen administratibo arrazoituaren bidez eta behar bezala justifikatutako arrazoi batengatik, aplikatzekoa den gehieneko epearen luzapena, gehienez ere sei hilabetekoa.

94. artikulua. Organo eskudunak.

Ingurumen arloko eskumenak dituen zuzendaritza nagusiaren titularrak ebatziko ditu zehapen prozedurak arau-hauste arinak edo astunak direnean, eta ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrak, berriz, arau-hauste oso astunen kasuan. Nolanahi ere, 200.000 eurotik gorako isuna atxikia duten arau-hauste oso astunak direnean, ebazteko eskumena Nafarroako Gobernuarena izanen da.

Lehen xedapen gehigarria.–Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentziaren arauketa.

Foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak foru lege proiektu bat igorriko dio Nafarroako Parlamentuari, Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentzia, foru sektore publiko instituzionalean sartua, arautzekoa. Bertan zehaztuko dira, besteak beste, haren nortasun juridikoa, entitate hori eratuz erdietsi nahi diren helburuak, eta esleitzen zaizkion eginkizunak.

Bigarren xedapen gehigarria.–Fiskalitate ekologiko edo ingurumenekoa.

1. Ingurumen-fiskalitatea oinarrizko tresna izaki ingurumenaren aldeko ekintzak eta jarrerak sustatzeko eta klima-inpaktu larridun jarduketak pizgarrigabetzeko, Nafarroako Gobernuak, foru lege hau onesten denetik bi urteko epean, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren bitartez foru lege proiektu bat edo batzuk igorriko dizkio Nafarroako Parlamentuari, foru lege honen helburuak hobekien betetzeko egokien deritzen ingurumen-fiskalitateko neurriak jasoko dituztenak.

2. Epe horretan bertan, eta proiektua prestatze aldera, Nafarroako Gobernuak azterlan analitiko bat egin beharko du ekidin edo pizgarrigabetu nahi diren jokabide eta ekintzei buruz edo, aitzitik, isurketen murrizketa sustatzeko eta klima-aldaketara moldatzeko balio duten beste batzuei buruz. Zilegi izanen da pizgarri nahiz sustagarri gisako neurri fiskalak hartzea, bai eta foru lege honetan jasotako urratsei dagokienez sektore desberdinek eginiko esfortzuak aitortzekoak ere.

3. Nafarroako Gobernuak egin beharreko aurretiazko azterketetan kontuan hartuko dira lortu nahi diren ingurumen-helburuak, bai eta honakoa ere: moteldu nahi diren ingurumen kanpo-efektuen eta kalteen estimazioa; aurrekoak ezartzearen eraginpeko ekonomia-sektoreetan sortzen ahal diren efektuak; merkatuan distortsiorik gerta daitekeen ala ez; zerga berriaren zerga-egitateak jada ezarritako beste zerga baten egitatearekin kointziditzeagatik gertatzen ahal den zergapetze bikoitza; tributatu beharreko zerga-oinarrien ikuspegia jokabide kaltegarriari zuzenduta egotea, ekoizpenaren azken fasea, kontsumoa edo errentak zergapetzen saiatuz, eta ez bitarteko faseak; eta horren diru-bilketa posiblearen nahiz balizko eraginaren kalkulu bat.

4. Zerga-, ingurumen- eta energia-alorretan eskudun diren departamentuek laguntza-talde tekniko bat sortuko dute xedapen honen lehen apartatuan aipaturiko foru lege proiektua prestatzeko. Talde hori eratuko da foru lege honek indarra hartzen duenetik hiru hilabete baino gehiago igaro baino lehen, eta kide gisa izanen ditu zerga-, ingurumen- eta energia-alorretan aditu diren pertsonak.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Mugikortasun jasangarriari buruzko foru lege proiektua.

Foru lege honetan ezartzen diren mugikortasun jasangarriaren, mugikortasun elektrikoaren eta zero isurketen sustapenerako neurriak betetzeko indargarri eta osagarri gisa, Nafarroako Gobernuak mugikortasun jasangarriari buruzko foru lege proiektu bat aurkeztuko dio Nafarroako Parlamentuari.

Laugarren xedapen gehigarria.–Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua eratzea.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak onetsiko du Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua eratzen duen Foru Dekretua, zeina foru lege honen 8. artikuluan aurreikusita baitago, parte-hartze sozialeko organo hori era dadin foru lege honek indarra hartu eta hamabost hilabeteko epearen barrenean.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Ebaluazioa.

Lau urtean behin, Nafarroako Gobernuak foru lege honen garapenari buruzko ebaluazio-txosten bat eginen du, zeina hausnarketarako eta baloraziorako aurkeztu beharko zaie Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Batzordeari eta Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluari, ondoren Nafarroako Parlamentuari igortzeko.

Seigarren xedapen gehigarria.–Baliabideak jartzea.

Nafarroako Gobernuak toki erakundeen eta herritarren eskura jarriko du foru lege honetan aurreikusitako helburuak behar bezala betetzen direla bermatzeko aholkularitza zerbitzu bat eta behar adinako bitarteko ekonomikoak.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Nafarroan diren zentral termikoen trantsizioa, itxiera edo ordezkapena.

Nazioarteko itunetan eta estatuko oinarrizko araudian isurketak murrizteko ezarri diren helburuekin bat, Nafarroako Gobernuak, bere eskumenen baitan, Nafarroako Foru Komunitatean dauden zentral termikoen trantsizio, itxiera edo ordezkapenerako irizpideak, prozedurak eta epeak ezarriko ditu.

Zortzigarren xedapen gehigarria.–Oinarrizko baliabideak diren energia eta ura eskuragarri izateko bermea.

1. Nafarroako Gobernuak eta, hala badagokie, tokiko erakunde eskudunek, beren eskumenen eremuan eta biztanleria osoak zenbait oinarrizko baliabideren gutxieneko nahitaezko kontsumoa eskuragarri duela bermatzeko, behar diren prestazio mekanismoak sustatuko dituzte energia elektrikoaren, motorrentzat ez diren erregaien eta uraren hornidurari dagokionez.

2. Lehenengo apartatuari jarraikiz, pobrezia-egoeran eta gizarte-bazterketako arriskuan dagoen biztanleriaren kasuan elektrizitatearen, motorrentzat ez diren erregaien eta uraren hornidurei dagokien bizi-minimoa ziurtatzeko beharrezkoak diren prestazio-bideak taxutu behar dira.

3. Gizarte eskubideen, energiaren eta uraren arloetan eskudunak diren departamentuek eta, hala badagokio, toki erakundeek pobrezia eta gizarte bazterketa egoeran dauden biztanleen gutxieneko ezinbesteko hornidura bermatzeko energia eta ur kontsumo minimoak ezartzeko baldintzak eta metodologia definitu beharko dituzte.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.–Baliabide zuzkidura.

Nafarroako administrazio publikoek, beren eskumenen arabera, behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak lortuko dituzte foru lege honen helburuak betetzen direla bermatzeko.

Hamargarren xedapen gehigarria.–Lurralde- eta sektore-plangintzak eta udal hirigintza-plangintza.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrerako zortzi urteko epea ezartzen da, foru lege honetan aipatzen diren lurralde-plan, sektore-plan zuzentzaile eta antolamendu-plan orokor guztiak berrikusiak izan daitezen klima-arriskuak murriztearen eta karbonoan neutroa den lurralde baterantz iragatearen ikuspegitik.

Hamaikagarren xedapen gehigarria.–Administrazio kontratazioari buruzko xedapenak.

1. Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat, kontratazio publiko guztietan ingurumenari eta energia-jasangarritasunari buruzko irizpide transbertsal eta nahitaezkoak jasoko dira, kontratuaren xedearekin zerikusia daukatenean. Irizpide horiek objektiboak izanen dira, kontratazio publikoa oinarritzen duten printzipioak errespetatuko dituzte, eta, esleitzen zaien haztapenarekin batera, dagokion baldintza-agirian jaso beharko dira.

Horretarako, Nafarroako administrazio publikoen eta foru sektore publikoko organismo eta erakundeen multzoaren kontratazioak, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 60. eta 61. artikuluekin bat, kontratazioetako baldintza-agirietako betekizun tekniko berezi gisa jasoko ditu isurketen eta karbono aztarnaren murrizketarako irizpideak, berariaz direnak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko. Ondorio horretarako, foru lege hau indarrean jartzen denetik urtebeteko epean, ogasunaren arloan eskuduna den departamentuak ingurumen arloan eskuduna den departamentuarekin prestazio katalogo bat sortuko du. Kontratazioan kontuan hartuko dira apartatu honetan aipatutako klima-aldaketaren aurkako irizpideak eta isurketak eta karbono aztarna murrizteko irizpideak identifikatuko dira, elikadura jasangarri eta osasuntsuarekin lotutakoak barne. Edonola ere, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 66. artikuluan ezarritakoarekin bat, kontratazio organoek behar diren neurriak ezarriko dituzte bermatzeko kontratuak egikaritzean kontratistek ingurumen arloko betebeharrak betetzen dituztela.

2. Nafarroako administrazio publikoek eta haien menpekoak diren sektore publikoko organismoen eta erakundeen multzoak, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 64. artikuluan xedatutakoa betez, proiektuak, obra-kontratuak edo obra-emakidak idazteko lizitazioetan, honako batzuk sartuko dituzte adjudikazio-irizpideen artean:

a) Lizitatzen diren eraikinen energia kalifikazioa handienaren betekizunak.

b) Energia aurrezpena eta efizientzia, eraikinetan isolamendu termiko handia, energia berriztagarriak eta instalazioen emisio baxuak ahalbidetzen dituztenak.

c) Eraikuntza jasangarriko materialak erabiltzea, horien bizi erabilgarria kontuan hartuta.

d) Berotegi-efektuko gasen isurketak eta bestelako atmosfera kutsatzaileak gutxitzeko neurriak obra publikoen eraikuntza prozesuaren askotariko faseetan.

e) Klima-aldaketara moldatzeko neurriak.

f) Hondakinen sorkuntza gutxitzea.

3. Halaber, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 60. eta 61. artikuluetan xedatutakoa betez, proiektuak edo obra kontratuak idazteko edo obra emakidak egiteko lizitazioetan baldintza tekniko gisa honako hauetako batzuk gehitzen ahalko dira:

a) Eraikuntzetan erabiltzen den zura modu jasangarrian kudeatutako basoetatik etortzea, haren aztarna ekologikoa kontuan hartuta.

b) Toki espezieekin basoberritzeak egiteko jarduketak, obraren edo lizitazioaren xede den zerbitzua egikaritzearen ondorioz sortutako karbono aztarna arintzeko neurri osagarri gisa.

Hamabigarren xedapen gehigarria.–Energia kudeatzaileen prestakuntza.

Energia arloan eskuduna den departamentuak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin bat sustatuko ditu foru lege honen 77 artikuluan araututako energia kudeatzaileen zeregin propioak egikaritzeko prestakuntza neurri espezifikoak.

Hamahirugarren xedapen gehigarria.–Ibilgailu elektrikoetarako kargaguneak instalatzeko baimena eskatzea eta gune horietarako irispide publikoa.

1. Ibilgailu elektrikoetarako kargaguneak instalatzea eta ezartzea erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari dago loturik.

2. Udal lizentzia jadanik baduen jarduera baten barrenean ibilgailu elektrikoetarako kargagune bat instalatzen baldin bada, ez da beharrezkoa inolako lizentzia berririk eskuratzea, baina aldaketa ez-funtsezkoaren nahitaezko jakinarazpena egin beharko zaio dagokion udalari.

Hamalaugarren xedapen gehigarria.–Gobernuaren maila estatuan eta Europan.

Nafarroako Gobernuak parte hartzen duen estatuko, Europako edo nazioarteko partaidetza edo kontsulta organo edo prozesuetan duen mailak kontuan hartuko ditu foru lege honen printzipioak eta Nafarroak klima-aldaketarekiko duen zaurgarritasuna.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

1. Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan xedatutakoari kontrajartzen zaizkion edo haren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arau guztiak.

2. Honako xedapen hauek utzi dira indarrik gabe espresuki:

–10/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, gaueko ingurumena babestearren argiteria antolatzeari buruzkoa.

–199/2007 Foru Dekretua, irailaren 17koa, azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena. Aipatu legea gaueko ingurumena babestearren argiteria antolatzeari buruzkoa da.

Azken xedapenetako lehena.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzeko epea, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko udal zergari dagokionez.

Foru lege hau onetsi eta urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko IV. kapituluaren aldaketa sustatuko du, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga ibilgailu horiek eragindako isurketak kontuan harturik zehaztu dadin.

Azken xedapenetako bigarrena. Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea aldatzea.

Bat. 19. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

“19. artikulua. Erosketa publiko ekologikoa.

1. 2023ko ekainaren 30aren aurretik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontratu publikoen erregulazioan eskumena duen departamentuak Nafarroako administrazio publikoen kontratazio publiko ekologikorako plan bat onetsiko du. Aipatu planean jasoko da kontratuetarako baldintza-agirien ereduen prestaketa, non txertatuko baitira foru lege honen xedearekin eta ekonomia zirkularrerako trantsizioarekin koherenteak diren energia- eta klima-irizpideak. Kontratazio berderako plan hori Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen aplikazio esparruan sartuta dauden erakunde guztietan aplikatu beharko da. Kontuan hartu beharko da, halaber, genero-klausulak gehitzea, kontratuak betetzean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatuko dutenak.

2. Nafarroako administrazio publikoen kontratazio publiko ekologikorako planak Europar Batasunaren kontratazio ekologikorako irizpideei jarraituko die, bukaerako COM (2008) 400 komunikazioan (“Kontratazio publikoa ingurumen hobe baterako”) eta huraxe garatzen duten gidetan ezarritakoarekin bat. Planak, gutxienez, gai hauetako kontratuak aurreikusiko ditu: eraikinak jaso eta kudeatzea, errepideen eraikuntza eta mantentze-lanak, elektrizitate hornidura, inprimaketa-tresnak eta ordenagailuak, garbiketa produktuak eta zerbitzuak, klimatizazio sistemak eta garraioa, elikadura eta jatetxe zerbitzuak.

3. Nafarroako administrazio publikoen kontratazio publiko ekologikorako planak helburu progresiboak ezarri eta behar diren neurriak aurreikusiko ditu kontratu publikoetan bete daitezen, baldin eta kontratuen xedean, gutxienez, honako hauen erabilera sartuta badago:

a) Nekazaritzako elikagaiak, elikagai ekologikoak edo hurbilekoak erosteko helburu progresiboak ezarrita. Kontratuak betetzeko kontratazioaren baldintza orokorretan adierazi beharko dira elikagai ekologikoen eta hurbilekoen erosketen ehunekoak.

b) Zuraren erabilera herri-lanetako kontratuetan, Nafarroako Baso Ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 63 bis artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoarekin bat.

4. Obra publikoen kontratazioan eta egikaritzean zehaztuko dira bakoitzarentzat erabili beharreko material ziurtatu eta birziklatuen ezaugarriak eta ehunekoak, obra motaren arabera. Aurkeztutako proiektuetan erabiliko diren materialen jatorriaren justifikazio agiriak atxikiko dira eta ahal den heinean karbono aztarnaren kalkuluan eta bizi zikloaren analisian oinarrituko dira.

5. Administrazioek eta haiei lotutako organismo publikoek energia kontratatzeko egiten dituzten lizitazioetan exijituko da energia horrek, lehentasunez, % 100 jatorri berriztagarrikoa izatearen ziurtapena izan dezala 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera. Energia elektrikoaren kasuan, exijituko da, lehentasunez, merkaturatzaileak A etiketa izatea edo hurrengoak, enpresa elektrikoek merkaturatzaile bakoitzaren ingurumen inpaktua neurtzeko duten etiketa sistemaren araberakoak (A-G). Aipatutako lizitazioetan lehenetsiko da energia PPA kontratuen bidez kontratatzea instalaziotik 150 km baino gutxiagora dauden enpresekin, eta autokontsumoa duten hornidura kontratuak izatea”.

Bi. 27. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

“27. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Ingurumenaren arloko eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuak ekitaldi publikoei eta jasangarritasunari buruzko erregelamendu bat onetsiko du, eta hondakinak kudeatzeko plan bat ere exijituko da.

2. Administrazio publikoek babestutako, antolatutako edo diruz lagundutako ekitaldi publikoetan, foru eta toki administrazioek, beren eskumenen mugartean, bermatu beharko dute edari ontziratuen salmentari eta banaketari alternatibak jartzen zaizkiela; eta, betiere, bermatu beharko da badagoela iturriko ura edateko aukera, edalontzi edo botila berrerabilgarriak baliatuz. Gainera, gordailu- edo itzulketa-sistema bat ezarriko da (SDDR eta beste batzuk), ontziak edonon botata geldi ez daitezen edo egokiro kudeatuak izan daitezen.

3. Egin behar diren ekitaldi publikoetan honakoak gehitu beharko dira:

a) Berotegi-efektuko gasen isurketa murrizteko ezarriko diren ekintzak edo neurriak.

b) Gune mugatuetan egiten diren ekimen publikoko edo pribatuko ekitaldien karbono aztarnaren kalkulua, 2.000 lagunetik gorako edukiera badute edo egun batez 2.000tik gora lagun biltzen badituzte”.

Hiru. 32.2 artikuluari c) apartatua gehitzen zaio. Hona testua:

“c) Biomasatzat hartzen diren hondakinak energia sortzeko erabiltzea, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen esparruan zehazten den bezala”.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Nafarroako kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legea aldatzea.

69. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

“69. artikulua. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kooperatibak.

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kooperatibak dira helburutzat dutenak ondasunak edo zerbitzuak ematea bazkideen eta haien bizikideen erabilerarako eta kontsumorako. Azken hartzailearen izaera duten pertsona fisikoak eta erakunde eta antolakundeak izan daitezke kooperatiba horietako bazkideak. Kooperatiba horiek bazkideei eskaintzen edo banatzen dizkieten ondasunak edo zerbitzuak ekoitzi ahalko dituzte, haien izaera espezifikoa galdu gabe. Kooperatibak bazkideei ondasunak eta zerbitzuak ematea ez da izanen ondare-eskualdatzea.

Halaber, kontsumitzaile eta erabiltzaile kooperatiba gisa eratu ahal izango dira pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak zein pribatuak (ETEak barne), biltzen diren entitate juridikoak, energia (berriztagarria barne) sortzen, banatzen, hornitzen, kontsumitzen, agregatzen edo biltzen parte hartzen duten udalerriak eta beste toki agintaritza batzuk, energia-efizientziarako zerbitzuak ematen dituztenak edo energia-komunitatearen antzeko jarduerak edo haien osagarriak direnak egiten dituztenak, baldin eta beren helburu nagusia bazkideei edo ari diren herriari edo toki zein eskualde eremuari ingurumen-onurak eskaintzea bada”.

Azken xedapenetako laugarrena.–Nafarroako Baso Ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea aldatzea.

Bat. Artikulu berri bat gehitzen da, 55 bis artikulua, eduki honekin:

“55 bis artikulua.

Zur edo egurretako aprobetxamenduak baimentzen ahalko dira, aldez aurretik haien berri emanda, haien bolumena ez bada 100 metro kubiko zur edo egur baino handiagoa. Ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuko zuzendaritza nagusiak emandako ebazpenaren bidez ezarriko dira gai honetako baldintza tekniko espezifikoak”.

Bi. Artikulu berri bat gehitzen da, 55 ter artikulua, eduki honekin:

“55 ter artikulua.

Dendroenergia sortzeko produktuen mobilizazioan laguntzeko, Nafarroako Baso Ondarean sartutako mendietako zur eta egurretako baso aprobetxamenduak honako prozedura hauetako baten bidez besterenduko dira:

a) Oro har, enkante publikoaren sistema erabiliko da. Nolanahi ere, besterendu aurretik zura edo egurra tasatu beharko da, eta tasazio hori espedientean sartuko da. Enkantea hutsik geldituz gero, zilegi izanen da lotea zuzenean adjudikatzea, ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuan Ekonomia eta Ogasun Departamentuak duen Kontu-hartzailetza Delegatuak adostasuna eman ondoren.

b) Era berean, egurrezko eta zurezko produktuak lehiaketa bidez saltzen ahalko dira, kalitate-prezio eskaintzarik onena oinarri harturik, baldin eta prezioa ez bada besterentzea egiteko irizpide erabakigarri bakarra. Horrelakoetan, puntuazioaren % 50 gutxienez formula objektiboak aplikatuz kalkulatu beharko da, salmentaren baldintza-agiri arautzaileetan ezarriko direnak, eta haietan, irizpide bakoitzaren haztapen erlatiboa zehaztuko da. Era berean, irizpide sozialak eta ingurumenekoak ezartzen ahalko dira. Lehiaketa hutsik geldituz gero, zilegi izanen da lotea zuzenean adjudikatzea, ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuan Ekonomia eta Ogasun Departamentuak duen Kontu-hartzailetza Delegatuak adostasuna eman ondoren.

c) Orobat, zur eta egurretako aprobetxamenduak zuzenean besterentzea erabakitzen ahalko da, aipatutako produktuen eroslea, baso-biomasa barne, beste administrazio publiko edo organismo publiko bat denean edo administrazio publikoen mendeko beste erakunde bat denean.

d) Salbuespenez, 15.000 eurora bitarteko balorazioa duten zur eta egurretako aprobetxamenduen zuzeneko besterentzea ere erabakitzen ahalko da, edo kasu hauetan:

–Presakotzat jotzen diren eta interes publikoari eragiten dioten herri-lanak edo lan pribatuak direla-eta egiten badira, eta era berean, Gobernu zentralak edo Nafarroako Gobernuak presako egoeratzat jo dituzten kasuetan.

–Basoko suteak, izurriteak eta gaitzak edo zuhaiztiaren egonkortasunerako arriskuak direla-eta mendiko produktuak premiaz erauzi behar badira.

e) Doan lagatzen ahalko dira Nafarroako Baso Ondareko eremuen erabilera edo kudeaketa, hala onura publikoko nola interes sozialeko xedeetarako”.

Azken xedapenetako bosgarrena. Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legea aldatzea.

Artikulu berri bat gehitzen da, 7 bis artikulua, eduki honekin:

“7. bis artikulua. Herri-lurren desafektazioa.

Abelbideen trazaduren sailkapena, mugaketa edo aldaketa onesten dituzten administrazio egintzek aldi berean ekarriko dute herri-lurraren desafektazioa, herri-lurrak ukitzen badituzte”.

Azken xedapenetako seigarrena.–Ingurumen eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen aplikazio osagarria.

Foru lege honen 81. artikuluan eta hurrengoetan ikuskaritza jarduerarekin lotuta aurreikusi ez den guztirako Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen “Ingurumen arloko esku-hartzea duten proiektuen, jardueren eta instalazioen ikuskaritza eta jarraipena” izeneko II. tituluan jasotako erregelamendu osagarria aplikatuko da.

Azken xedapenetako zazpigarrena.–Nafarroako Gobernuari gaikuntza ematea.

1. Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau aplikatu eta garatzeko behar diren erregelamendu-mailako xedapenak eman ditzan.

2. Horrekin batera, baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege honetan aurreikusitako atalaseak aldatzeko, indarreko araudira, zientzia eta teknikaren bilakaerara eta nazioarteko arauetan eta Europar Batasunaren Zuzenbideak xedatzen denera egokitzeko xedeaz.

Azken xedapenetako zortzigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Halere, foru lege honen VI. tituluko II. kapituluan ezartzen den zehapen-araubideari dagozkion xedapenek efektuak sortuko dituzte foru lege honek indarra hartu eta bi urte iragan ondoren.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko martxoaren 22an.–Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaria, María Chivite Navascués.

ERANSKINA

Definizioak

Karbono aztarnaren 1. maila: zuzeneko isurketak, honakoek eragindakoak:

–Eraikinetako erregai kontsumoa (gas naturaleko eta gasolioko galdarak).

–Girotze/hozteko ekipoetako gas hoztaile floratuen ihesak (gas karga ekipo horietan egina).

–Ibilgailuen erregai kontsumoa.

Karbono aztarnaren 2. maila: zeharkako isurketak, elektrizitatearen kontsumoak eragindakoak.

Autokontsumo partekatua: energia berriztagarriko instalazio baten ekoizpena inguruko erabiltzaile-komunitate batek kontsumitzen duenean sortzen den egoera da; linea zuzen batez edo hurbileko sare batez egiten da konexioa.

Karbonoaren balantze neutroa: karbono isurketak eta finkapenak parekoak direnean sortzen den orekari ematen zaion izena da.

Klima-aldaketa: Lurreko klimaren aldaketa globala. Kausa naturalek eta gizakiaren jardunak eragindako aldaketa da, eta klimaren parametro guztietan gertatzen da: tenperatura, prezipitazioak, hodeiak eta abar, denbora-eskala oso desberdinetan.

Erregai alternatiboak: garraioan erregai fosil klasikoen ordezko energia iturri gisa erabiltzen diren erregaiak edo energia iturriak, lagungarri izan daitezkeenak horien deskarbonizaziorako eta garraioaren sektorearen ingurumen-portaera hobetzeko. Besteak beste, hauek daude talde honetan: elektrizitatea; hidrogenoa; bioerregaiak (2009/28/EE Zuzentarauaren 2. artikuluko i) letran definitzen diren bezala); gas naturala, biometanoa barne, gas moduan (gas natural konprimitua, GNK) nahiz likidotua (gas natural likidotua, GNL).

CO2 Isurketen Borondatezko Konpentsazioa: erakundeek eta pertsonek beren borondatez egiten duten ekarpen ekonomikoa da, isurketen zenbatespen batean oinarritua. Ekitaldi batek, mugikortasunak, energia-kontsumoek edo produktu edo zerbitzuen beste edozein erabilerak dakartzan isurketak karbonoak merkatuan duen prezioarekin biderkatuta kalkulatzen da.

Herritarren energia-komunitatea: borondatezko partaidetza irekirako aukera ematen duen erakunde juridiko bat da, energia eskala txikiak ekoizten aritzen dena eta energia berriztagarrien proiektutik hurbil dagoena. Erakunde horretako kide izan daitezke pertsona fisikoak eta juridikoak, publikoak nahiz pribatuak (enpresa txiki eta ertainen elkarteak eta bestelako erakundeak, haien jarduera ekonomikoa merkatu elektrikoan betetzen ez badute), erakundearen gaineko benetako kontrola izanen dutenak. Komunitate hauen helburu nagusia da ingurumen, ekonomia edo gizartearen arloko onurak lortzea beren kideei edo jarduten duten herriari, finantza errentagarritasunaren gainetik. Herritarren energia-komunitate batek partaidetza izaten ahal du energiaren sorkuntzan, barne dela iturri berriztagarrietatik heldu den energiaren sorkuntza, hala nola banaketan, horniduran, kontsumoan, agregazioan, energiaren biltegiratzean, energia-efizientziako zerbitzuak ematen, ibilgailu elektrikoen karga-zerbitzuak ematen edo bestelako energia-zerbitzuak ematen, komunitateko kideentzat edo herriarentzat.

Argi-kutsadura: Gaueko iturri artifizialetatik isurtzen den argi-fluxua, luminaria horiek instalatu diren inguruan aurreikusten diren jardueretarako beharrezkoak ez diren norantza edo hedadura-tarteetara zabaltzen denean, nahi ez diren ondorioak eragiten ditu, besteak beste zerurantz hedatzea, pertsonak eta animaliak itsutzea edo haien eremuetan bidegabe sartzea.

PPA kontratua (Power Purchase Agreement): energiaren salerosketarako epe luzeko akordio edo kontratu bat da, energia berriztagarriak garatzen dituen eragile baten eta erakunde kontsumitzaile baten artekoa.

Adierazleen aginte-taulak: klima-aldaketarekin lotutako funtsezko parametroen eboluzioaren berri ematen duen tresna bat da.

Dendroenergia: basoetatik, zuhaitzetatik eta baso-eremuetako beste landareditik eratortzen diren bioerregai solido, likido edo gaseoso primario edo sekundarioetatik lortzen den energia da.

Ekonomia zirkularra: Jasangarritasun maila handia lortzeko baliabideen erabileran efizientzia sustatzen duen ekonomia. Horretarako, ekodiseinua, hondakinen sorkuntzako prebentzioa eta material eta produktuen berrerabilpena, konponketa, birmanufakturazioa eta birziklapena erabiltzen ditu, eta, horrenbestez, horien balioa ahalik eta denbora luzeenean mantentzen da eta hondakinen ekoizpena eta baliabide naturalen erabilera gutxitzen dira. Modu horretan, produktu edo material baten bizi erabilgarria bukatzen denean, berriz erabiltzen ahal da eta ekonomian eta gizartean balioa sortzen jarraitzen ahal da, hondakinak sortzea eta baliabide natural birjinak kontsumitzea saihestuz.

Ekonomia hipokarbonikoa: CO2 isurketak nabarmen txikiagoak dituen ekonomia mota bat da, erregai fosilen erabileran oinarritutako ekonomiaren aldean.

Energia neto edo ia nuluko eraikinak: eraikin oso efizienteak dira, eta energia-eskaera oso apala dute, energia-iturri berriztagarriekin asetzen dena. Eraikin hauek kontsumitutako adina energia ekoizten dute. Zero energiako helburu garbiak lortzeko, eraikin hauek, lehenengo eta behin, zorrotz jaitsi behar dute energia eskaera, energia-efizientziako teknologiak erabiliz, eta, ondoren, energia iturri berriztagarriak erabili behar dituzte hondarreko eskaerari erantzuteko.

Isurketa lausoak: izen hori ematen zaie berotegi-efektuko gasen zenbait isurketari, hain zuzen ere, Berotegi-efektuko gasen isurketen eskubideen merkataritza araubidea arautzen duen martxoaren 9ko 1/2005 Legearen aplikazioaren esparrutik kanpo geratzen direnei.

Klima-agertokiak: klima-aldagaien bilakaeraren XXI. menderako proiekzioak dira, berotegi-efektuko gasen isurketen aurreikuspen desberdinen gainean egiten direnak. Aurreikuspen horiek zehazten dira isurketa-agertokietan, hau da, egiantzeko deskribapenak proposatuz etorkizuneko bilakaera irudikatzeko, oinarritzat hartuta hipotesi multzo koherente eta barrutik sendo bat, demografia, ekonomia, teknologia, gizarte eta ingurumen arloetako bilakaerari buruzkoa.

Gune mugatuak: ekitaldi publikoak egiteko esparru itxiak edo aire zabalean daudenak, fisikoki mugatuak obra elementuekin, hesiekin, elementu naturalekin edo beste batzuekin, sarrera bat edo gehiago dituztenak eta bertan sartzeko kontrolak.

Elektrizitatearen etiketak: amaierako bezeroei kontsumitzen duten elektrizitateaz informazio fidagarria eta homogeneoa emateko helburuarekin diseinatutako tresna bat da, formatu bateratu batean emana, edozein izanik ere energia saldu dion merkaturatzailea edo banatzailea; informazio zehatza ematen du hauei buruz:

–Kontsumitu duten elektrizitatea sortzeko erabili diren energia iturriak, xehakatuta.

–Ekoizpen horrek eragin duen ingurumen-inpaktua.

Tresna horri esker, azken bezeroak informazio osagarria lortuko du bere merkaturatzaile edo banatzaileaz, dagokionaz, gai hauei buruz: erabilitako erregai nahasketa, aurreko urtean merkaturatutako elektrizitateak sortutako ingurumen inpaktua eta, sektoreko batez bestekoarekin alderatuta, duen posizio erlatiboa; azken batean, merkatu elektrikoaren gardentasuna areagotuko da horrela.

Jatorri berriztagarriko gasen bermea: akreditazio honek ziurtatzen du gas naturalaren edo hidrogenoaren zati bat, denbora tarte zehatz batean, iturri berriztagarrietatik lortu dela.

Elektrizitatearen jatorri bermea: akreditazio honek ziurtatzen du energia elektrikoaren hainbateko kopuru bat, denbora tarte zehatz batez, iturri berriztagarrietatik eta efizientzia handiko sorkuntza partekatutik abiatuta lortu dela. Jatorri Bermeko Sistemaren funtzionamenduaren ezaugarriak Europako eta Espainiako araudian jasota daude.

Berotegi-efektuko gasak (BEG): atmosferan dauden gasak dira, jatorria naturan dutenak edo giza jardueran, eta berotegi-efektua eragiten dutenak, eguzki-izpi infragorrien xurgapenagatik. Berotegi-efektuko gasak dira Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioaren testuinguruan halakotzat hartzen direnak: karbono dioxidoa, metanoa, oxido nitrosoa, hidrofluorokarbonoak, perfluorokarbonoak eta sufre hexafluoruroa.

Berotegi-efektuko gas fluoratuak: hidrofluorokarbonoak (HFC), perfluorokarbonoak (PFC) eta sufre hexafluoruroa (SF6) dira; definizio horretan sartzen dira, baita ere, Berotegi-efektuko zenbait gas fluoraturi buruz, 2006ko maiatzaren 17an, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 842/2006 (EE) Erregelamenduan araututakoak, eta orobat, Ozono-geruza ahitzen duten substantziei buruz, 2009ko irailaren 16an, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 1005/2009 (EE) Erregelamenduan arautzen diren substantziak.

Jatorri berriztagarriko gasak: osagai organikoko gasak dira, biomasatik abiatuta lortzen direnak, edo hidrogenoa, prozedura elektrokimikoen bitartez, betiere fabrikatzeko prozesuan energia elektriko berriztagarria erabiltzen bada.

Karbono aztarna: erakunde, ekitaldi edo jarduerei, edo produktu nahiz zerbitzu baten bizi-zikloari lotuta sortzen diren berotegi-efektuko gasen isurketa guztien batura da. Haien neurria adierazteko CO2 tona baliokideak erabiltzen dira.

Klima-aldaketaren inpaktuak: klima-aldaketak naturaren sistemen eta giza sistemen gainean dituen efektuak.

Azpiegitura berdea: kalitate handiko naturaguneen eta ingurune erdi-naturalen sare bat da, ingurumenari dagozkion beste hainbat osagai biltzen dituena; estrategikoki planifikatua da, eta berariaz diseinatua eta kudeatua, zerbitzu ekosistemikoen eskaintza zabal bat osatzeko eta landaguneen nahiz hiriguneen biodibertsitatea babesteko.

Mugikortasun jasangarria: ezaugarri hauek ditu: 1) Norbanakoen, enpresen eta gizartearen irispide eta garapen beharrak asetzeko aukera ematen du, segurtasunez eta giza osasunarekin eta ekosistemarekin bat eginda, eta belaunaldiekiko eta haien arteko parekidetasuna sustatzen du; 2) Eskuragarria da, efizientziaz jarduten du, garraiorako aukera desberdinak eskaintzen ditu, eta ekonomia lehiakor baten eta eskualdeko garapen orekatu baten oinarriak jartzen ditu; 3) Isurketak eta hondakinak mugatzen ditu, planetak horiek xurgatzeko duen gaitasuna aintzat hartuta; baliabide berriztagarrien kontsumoa mugatzen du haien ekoizpenaren mailara edo hortik beheiti; baliabide ez-berriztagarriak erabiltzen ditu ordezko berriztagarrien garapenaren maila berean edo hortik beheiti; eta espazioaren erabilera eta zaratak minimizatzen ditu.

Energia-pobrezia: etxe baten gaitasun falta energiaren arloko etxeko zerbitzuetan behar den maila soziala eta materiala lortzeko.

Karbono aurrekontua: isurketak murrizteko helburuak antolatzeko tresna bat da. Horren helburua da, berotegi-efektuko gasen isurketen inbentariotik abiatuta, eta etorkizunerako proiekzioak aintzat hartuta, isurketen murrizketa lortzeko helburuak banatzea, Nafarroako jarduera ekonomikoaren sektore guztiak kontuan hartuta, eta aurrekontu orokorrekin lotzea, departamentuen eskumenen arabera.

Zuhurtasun printzipioa: printzipio hori aintzat har daiteke fenomeno, produktu edo prozesu batek ondorio ustez arriskugarriak izan ditzakeenean, ebaluazio zientifiko eta objektibo baten arabera, delako ebaluazio horrek arriskua behar den ziurtasunez zehazteko aukerarik ematen ez badu, betiere Europar Batasunak emandako Komunikazioetan edo bestelako egintza juridikoetan ezarritako printzipioak aplikatuz (Zuhurtasun printzipioa baliatzeari buruz Batzordeak emandako Komunikazioa/* COM/2000/0001 azkena */ eta ondorengoak).

Energia-zerbitzuen hornitzailea: energia-zerbitzuak ematen dituen pertsona fisikoa edo juridikoa da, edo azken bezeroaren instalazioan edo lokaletan energia-efizientzia hobetzeko bestelako neurriak aplikatzen dituena, indarreko araudiaren arabera.

Haize-parkearen berreraikuntza: jarduketa honetan, lehendik jardunean ari den haize-parke eoliko baten potentzia instalatua handitu gabe, instalazioen zati bat aldatzeko edo berritzeko zenbait eragiketa egiten dira, haize-parkearen segurtasun-baldintzak eta efizientzia bermatuz eta areagotuz.

Birgaikuntza: eraikinak eta instalazioak birgaitu edo berritzea, haien energia-efizientzia hobetzeko eta energia berriztagarriz hornitzeko, berotegi-efektuko gasen isurketak moteltzeko asmoz.

Haize-parke bat berrindartzea: lehendik lanean ari den haize-parke baten potentzia instalatua handitzea da; horretarako, instalatutako haize-sorgailu guztiak edo haietako batzuk kentzen dira, eta haien ordez jartzen dira banakako potentzia handiagoa duten sorgailuak.

Erresilientzia (lurralde erresilientea): giza sistemek inguruko aldaketen aurrean egokitzeko duten gaitasuna da. Gizarteari, haren jarduerei, haren azpiegiturei eta haren kulturei dagokie, eta klima aldaketaren kasuan, hain zuzen ere, gizakiaren jarduerak berak eragindako aldaketak dira.

Garraio Sistema Publiko Integratua (GSPI): gizarteak dituen erronkei aurre egiteko konponbideak, naturaren inspirazioa eta babesa bilatzen dutenak; errentagarriak dira, eta aldi berean onuragarriak ingurumen, gizarte eta ekonomiaren ikuspegitik, eta erresilientzia areagotzen laguntzen dute.

Naturan oinarritutako konponbideak (NoK): kontzeptu honen baitan jasotzen dira gizartearen hainbat erronkari konponbidea emateko, ekosistemen eta haiek eskaintzen dituzten zerbitzuen gainean oinarrituta proposatzen diren ekintza guztiak, besteak beste, klima-aldaketaren, elikadura-segurtasunaren eta hondamendi-arriskuen aurrean.

Karbono-hustubideak: karbono dioxidoa atmosferatik erauzi eta lurzoruan, basoetan edo itsasoan atxikitzen duten sistemak edo prozesuak dira. Kiotoko Protokoloan karbono-hustubidetzat jotzen dira lurra erabiltzeko hainbat jarduera, lurraren erabilera-aldaketa eta basogintza (LULUCF ingelesezko siglak).

Garraio publikoa: garraio publikoa dela ulertzen da uztailaren 30eko 16/1987 Legean definitutakoa. 2009-12-27an finkatu zen definizioa, Lurreko Garraioen Ordenamendua onartu zenean, 62. artikuluan esaten baitzuen: garraio publikoak dira hirugarrenen kontura egiten direnak, ordainsari ekonomikoa ordainduta.

Zero isurketako ibilgailua: ibilgailu motordunen isurketa kutsagarriak ia erabat deuseztatzeko helburuz aplikagarria den araudian ezarritako estandarrak betetzen dituen ibilgailua da.

Ibilgailu partekatua: lurreko ibilgailu motorduna, gidari batek eta bidaiari batek edo gehiago batera erabiltzen dutena kosturik gabe, kenduta ibilgailu pribatu batean egindako bidaia batek atxikiak dituen gastuak partekatzea, gidariak bere kontura egiten duen lekualdatze batean. Helburu horrekin bitartekaritza lanak egiten dituzten enpresek kostu bidez egin dezakete.

Ibilgailu elektrikoa: ibilgailu motorduna, bulkada-unitatean gutxienez mekanismo elektriko ez-periferiko bat duena, energia-bihurgailu gisa funtzionatzen duena eta energia biltegiratzeko sistema kargagarri batez hornitua, kanpotik kargatu daitekeena.

Ibilgailu garbia: ibilgailu motordunen isurketa kutsagarriak nabarmen murrizteko helburuz aplikagarria den araudian ezarritako estandarrak betetzen dituen ibilgailua da (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/1161 (EB) Zuzentaraua, 2019ko ekainaren 20koa, eta ondorengoak).

Isurketa neutraltasuna duen ibilgailu astuna: ibilgailu garbia, aplikagarria den araudian ezarritako estandarrak betetzen dituena eta zirkulatu daitekeena jatorri berriztagarriaren berme ziurtagiriak dituzten erregaiekin.

Zaurgarritasuna: klima-aldaketaren inpaktu kaltegarriei eta, batez ere, klimaren aldakortasunari eta klimaren muturreko gertakizunei aurre egiteko sistema batek duen gaitasun falta da.

Iragarkiaren kodea: F2204505