65. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1316E/2022 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira “Landa eta hiri eremuetako emakumeei laguntzeko programa” dirulaguntza publikoen bidez finantzatzeko deialdia eta oinarri arautzaileak. Programa hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitan dago. DDBN identifikazioa: 611539.

Osasunaren Mundu Erakundeak joan den 2020ko martxoaren 11n deklaratu zuen COVID-19ak eragindako nazioarteko pandemia. Gaixotasuna arin zabaldu zen bai nazioko esparruan, baita nazioartean ere. Horiek horrela, Europar Batasuneko estatuek berehala hartu zituzten premiazko neurri koordinatuak herritarren osasuna babesteko eta ekonomiaren kolapsoa galarazteko.

Kontseilu Europarrak, 2020ko uztailaren 21ean, irismen handiko neurri-sorta bat hartzea erabaki zuen, jakitun baitzen une horretan aurrekaririk gabeko ahalegina egin behar zela, eta beharrezkoa zela, halaber, planteamendu berritzaile bat, Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatzeko.

Neurri horiek bateratzen dituzte, batetik 2021-2027rako indartutako urte anitzeko finantza-esparrua eta, bestetik, Suspertzerako Europako Tresna bat abian jartzea (“Next Generation EU”). Tresna horren elementu nagusia Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritakoa. Europako Suspertze Funtsaren finantza baliabideak gauzatzeko bitartekoa Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana izanen da, Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onetsia eta Europako Batzordearen aldeko ebaluazioa jaso zuena 2021eko ekainaren 16an. Plan hori osatzen duten proiektuei esker, hurrengo urteetan egiturazko erreformak eginen dira, arau aldaketak eta inbertsioak baliatuz, horrela posible izan dadin ekoizpen eredua aldatzea, ekonomia suspertzeko COVID-19ak eragin duen pandemiaren ondoren, eta egitura erresilienteago batera eraldatzeko, gure ereduak jakin dezan aurre egiten etorkizunean izan ditzakegun beste krisi edo desafio batzuei.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan Nazionalaren esparruan, Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak parte-hartze esanguratsua izan dute “Lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak” delako 23. osagaian, “Zaintza-lanen eta enplegu-politiken ekonomia berria” izeneko VIII. politika-esparruaren barruan. Izan ere, esparru horren erronka eta helburua da Espainiako lan-merkatua eraldatzea, gizartearekin solasean, bat etor dadin egungo errealitatearekin eta premiekin, horrek aukera emanen baitu egiturazko ahulguneak zuzentzeko, eta, horrenbestez, egiturazko zein gazteen langabezia gutxitzeko, bikoiztasuna zuzentzeko, giza kapitala hobetzeko, negoziazio kolektiboa modernizatzeko eta enplegu-politika publikoen eraginkortasuna areagotzeko. Orobat, bultzada emanen zaie enplegu-politika aktiboei, zeinen jomuga izan beharko baitu langileak trebatzea halako esparruetan non gure ekonomiak aldaketak beharrezko baititu.

Osagai horren barruan proposatu diren aldaketa eta inbertsioetako bat “Enplegua, Emakumeak eta genero-zeharkakotasuna enplegua aktibatzeko laguntza-politika publikoetan” delakoa da (2. inbertsioa), eta horren barruan dago “Landa eta hiri eremuetako emakumeei laguntzeko programa” jarduketa.

“Landa eta hiri eremuetako emakumeei laguntzeko programa” da arau honen xedea, helburu duena landa zein hiri eremuetan bizi diren emakumeen trebakuntza hobetzeko plan espezifikoak abiatzea, eta horretarako, lehenbizi, sentsibilizazio-lana egin behar da, haien esparruko ekonomia-jardunean parte-hartze handiagoa izan dezaten. Horrek berekin dakar prestakuntzarako aukerak eskaintzea, eta aholku ematea arlo digitalean nahiz teknologikoan, ekintzailetzan eta ekonomia sozialean, lotura eginez produktu endogenoekin (tokiko dimentsio berdea), baso eta nekazaritza aprobetxamenduarekin, online merkataritza jardunarekin eta mendekotasunari laguntza ematearekin. Horrez gain, beharrezkoa da hiri eremuetako bizimodua onbideratzea, kalitateko bizitza aldarrikatzen duten herritarren eskariei erantzuteko, bereziki ekonomia berde eta zirkularraz eta hiri mugikortasunaz bezainbatean. Halaber, funtsezkoa da landa eremua biziberritzea, aurre egiteko bai erronka demografikoari bai pertsonen bizi- eta lan-kalitatearen berreskurapenari; horretarako, erronka berriei heldu behar zaie hirian, norbanakoen premiak ardatz harturik, haien bizitzaren, lanaren eta denboraren kalitatea bermatze aldera.

Landa eremuko emakumeen laneratze datuak ez dira oraindik ere Europako batez bestekora iristen, emakumeak ekoizpen-ehunetik aldentzen dituzten egiturazko kausa soziodemografikoak direla medio, hau da, neurri handi batean familiako zaintza-lanez arduratzen direlako, ordaindu gabeko jardueretan edo familia esparruan aritzen direlako, bai eta prestakuntza espezifikorik ezagatik ere, besteak beste.

Horiek horrela, ebazpen honen bidez ekarpena egin nahi da helburu hau bete dadin: gutxienez 22.240 emakumek gauzatzea “Landa eta hiri eremuetako emakumeei laguntzeko programa”. Helburu hori jasota dago presaz hartutako Kontseiluaren Betearazpen Erabakian (Council Implementing Decision - CID), Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesteari buruzkoan; zehazki, 343. helburua da, kontuan hartu duena 27.800 emakumek matrikula egin eta dagoeneko hasiak direla programa gauzatzen.

Bestalde, Nafarroako Enplegu Planaren barruan dagoen Enplegu Politika Aktiboen Planak, 5. helburu estrategikoan, enplegagarritasunaren hobekuntza jasotzen du; zehazki, 2.1.1 helburu espezifikoan prozesuen eta “erantzunen” indibidualizazioa sustatzea ezartzen du, pertsonen autonomia bultzatzeko banakako ibilbideen bidez, zailtasun gehien dituzten taldeetan arreta berezia jarrita.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuetan ageri da zerbitzu horren eginkizun nagusietako bat laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko orientazioa eta prestakuntza bultzatzea dela.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, eskatzen baita deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea.

Foru lege horrek xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimentzen duenean.

2022ko otsailaren 23an egindako bilkuran, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen dirulaguntza hauen banakako ebaluazioaren araubidea baimentzea: dirulaguntza publikoak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruko “Enplegua, Emakumeak eta genero-zeharkakotasuna enplegua aktibatzeko laguntza-politika publikoetan. Landa eta hiri eremuetako emakumeei laguntza” ataleko inbertsioak finantzatzera bideratuak.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea “Landa eta hiri eremuetako emakumeei laguntzeko programa” finantzatzeko dirulaguntza publikoen deialdia, banakako ebaluazioaren araubidekoa, eta haren oinarri arautzaileak. Programa hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitan dago.

2. Baimentzea 1.766.301 euroko gastua, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko 2022rako gastu-aurrekontuaren “SEM Emakumeendako programa integralak” izeneko 950003 96400 4819 241104 [PEP: E-21-000419-01] aurrekontuko partidaren edo horretarako gaitzen denaren kargura. Zenbateko hori honela banatuko da:

  • 618.205 euro, gaitasun eta enplegu digitalak garatzera bideratutako programak gauzatzeko, deialdiaren 3. oinarrian aurreikusitakoarekin bat, etiketatze digitalaren ondoriozko betebeharrak betetzeko (108-Gaitasun digitalak garatzeko laguntza).
  • 618.205 euro, gaitasun eta enplegu berdeak garatzera bideratutako programak gauzatzeko, deialdiaren 3. oinarrian aurreikusitakoarekin bat, klima arloko etiketatzearen ondoriozko betebeharrak betetzeko (01-Gaitasun eta enplegu berdeetarako ekarpena).
  • 529.891 euro programa horiek 5.000 biztanletik beherako udalerrietan gauzatzeko.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57.1 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2022ko martxoaren 11n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

ERANSKINA

1.–Xedea.

1. Dirulaguntzaren xedea da landa eta hiri eremuetako emakumeendako arreta pertsonalizatua sustatzen duten programak garatzea; programa horiek banakako ibilbideen bidez baina askotariko ekintzak uztartuta garatuko dira –informazioa, lan-arloko orientazioa, laguntza, aholkularitza, prestakuntza, lan praktika eta, kasua bada, mugikortasun geografikoa–, enplegu-bilaketari eta zeharkako gaitasun eta trebetasunak sendotzeari begira.

2. Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako laguntzek betetzen dituzte dirulaguntzatzat jotzeko baldintzak; hortaz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen menpe daude, eta hori garatzen duten eta aplikagarri diren gainerako arauen menpe. Laguntza horiek ez dira estatu-laguntza bat, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107. eta 108. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, horiek emateak ez dakarrelako ez lehia-faltsukeria, ez lehia faltsutzeko mehatxua enpresa edo produkzio jakin batzuei mesedea egiteagatik; izan ere, dirulaguntzen onuradunak administrazio publikoak eta prestakuntza nahiz aholkularitza zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateak dira, 6. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2.–Dirulaguntzen onuradunak.

1. Honako entitate hauek jasotzen ahalko dituzte dirulaguntzak:

a) Nafarroako toki-erakundeak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

b) Berezko nortasun juridikoa duten irabazi-asmorik gabeko entitateak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a. Egoitza Nafarroako Foru Komunitatean izatea edo jarduerak bertan egitea deialdi hau argitaratu baino urtebete lehenagotik, gutxienez.

b. Legez eratuak izatea, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.

2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden entitateak.

3.–Diruz lagundutako programak.

1. Diruz lagundutako programek honako ildo hauetakoren batekin bat etorri beharko dute:

a) Gaitasun eta enplegu digitalak garatzera bideratutako programak.

Programa hauek zerikusia daukate teknologia digital berriekin, zeinek aukera ematen baitute lan-prozesuak automatizatzeko, lanpostuak eraldatu eta haietan berrikuntzak txertatzeko, etab.

Asmoa izanen da programen hartzaileak trebatzea lanpostuko tresna informatiko eta teknologikoetan, eta baliabideak ematea merkataritza jardunean, bezeroak kudeatzeko ereduetan, komunikazio prozesuetan eta abarretan izaten ari den bilakaera teknologikora moldatzeko.

Programa bakoitzean 80 parte-hartzaile izanen dira.

b) Honako arlo hauetara bideratutako programak: gaitasun eta enplegu berdeen garapena, ekonomia zirkularra, hondakinen tratamendua, energia aurrezpena edo efizientzia, energia berriztagarriak, garraioa eta mugikortasun jasangarria, uraren kudeaketa, birgaitzeak eta eraikuntza jasangarria eta baso zein nekazaritza aprobetxamenduak.

Programa bakoitzean 80 parte-hartzaile izanen dira.

c) 5.000 biztanletik beherako udalerrietan garatutako programak.

Erroldan 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan garatutako programak dira, 2020ko abenduaren 31ko datuen arabera. Programa hauek zerikusia izanen dute honako arlo hauekin: iraupen luzeko zaintza-lanak, ekintzailetza eta ekonomia soziala, eta tokiko landa-garapen jasangarria (lurralde kohesioa indartzen duena; esaterako, ondarearen kudeaketa, jarduera turistikoa, mendekotasunari arreta eta kolektibo kalteberekin esku-hartzeak).

Programa bakoitzean 30 parte-hartzaile izanen dira.

2. Entitateek gehienez bi programa eskatzen ahalko dituzte, baldin eta dirulaguntza ildo desberdinetakoak badira.

3. Programek 12 hilabete iraunen dute, gehienez ere. Nolanahi ere, diruz lagundutako jarduerak ezin izanen dira luzatu 2023ko abuztuaren 31tik haratago.

4.–Programen hartzaileak.

1. Programan parte hartzen ahalko dute lanbide edo prestakuntzazko kualifikazioa nahiz eguneratzea behar duten emakume langabeek, baldin eta enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik badaude Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (NL-NEZ) agentzietan programan hasten diren egunean.

Programa honi dagokionez, ulertuko da emakume batek kualifikazioa behar duela ez duenean inolako profesionaltasun ziurtagiririk, erdi edo goi mailako lanbide hezitako titulurik edo unibertsitateko titulurik lan-sektore jakin batean profesionalki aritzeko bidea ematen dionik.

Programa honi dagokionez, ulertuko da emakume batek prestakuntzako eguneratze profesionala behar duela profesionaltasun ziurtagiri bat, erdi edo goi mailako lanbide hezitako titulu bat edo unibertsitateko titulu bat izanda ere 4 urte iragan badira titulazio hori lortu zenetik (betiere hautapen-datarekiko),eta haren lan bizitzan ez badago, programan sartu aurreko urtean, egindako ikasketen arloarekin zuzeneko lotura daukan kontraturik (zuzeneko lotura dagoela joko da jarduera egiteko ikasketa horiek beharrezkoak badira).

2. 5.000 biztanletik beherako udalerrietan garatzen diren programen kasuan –3.1 c) oinarria– emakumeek parte hartzen ahalko dute soilik baldin eta bizi badira gehienez ezarritako biztanle kopuru hori duen udalerri batean.

3. Entitate onuradunek beraiek biltzen ahalko dituzte hartzaileak. Horretaz gain, Nafarroako Orientazio Sarea osatzen duten erakundeek bideratuak ere izan daitezke (NL-NEZ zerbitzuko teknikariak, lanbide orientazioko zerbitzuak ematen dituzten erakundeak, Oinarriko Gizarte Zerbitzuak/Auzo Unitateak, Gizarteratze eta Laneratze Taldeak). Nolanahi ere, erabateko lehentasuna izanen dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bideratutako pertsonek.

4. Entitate onuradunek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari proposatzen ahalko diote programan baja hartu duten pertsonak ordezkatzea. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak erabakiko du kasu bakoitzean ordezkapena egiten ahal den edo ez, eta zer baldintzatan, gauzatzeari eta ordaintzeari dagokienez, eta entitate onuradunak ordezkapena esandako baldintzetan onartzen ahalko du, edo ez.

5.–Programaren edukia.

1. Programa hauetan laneratzeari begirako banakako ibilbide pertsonalizatuak diseinatu eta abiatuko dira, izaera ezberdinetako ekintzak uztartuta: lan-arloko orientazioa, aholkularitza, informazioa, zeharkako gaitasun eta trebetasunak lortzea, laneratzea errazteko jarduketak eta lan bilaketan laguntza ematekoak. Horrela sendotuko dira, aldi berean, berdintasun eragingarria eta diskriminaziorik eza enplegurako sarbidean. Horrez gain, parte hartzen duten emakumeen %20k laneratzea lortu beharko dute, dela norberaren kontura dela besteren kontura.

2. Lan-arloko orientazio ekintzak. Ibilbide pertsonalizatua.

Orientazioko ekintzak gauzatzerakoan, men egin beharko zaie Enplegu Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa onesten duen urtarrilaren 16ko 7/2015 Errege Dekretuaren 8. artikuluan emandako jarraibideei; horrez gain, aurrez aurre egin beharko dira oro har, non ez den kontrakorik zehazten, eta honako jarduketak hartuko dituzte barne, gutxienez:

a) Banakako diagnostikoa egitea eta profila prestatzea: arreta espezifikoa emanen zaio emakumeari, identifika ditzan bere abileziak, gaitasunak, prestakuntza eta esperientzia, interesak, familia egoera eta izan ditzakeen lanbide aukerak, bai eta jarduera garatzen duen protokoloan garrantzitsutzat jotzen diren beste aldagai batzuk ere. Informazio hori emakumeen profila egiteko eta ondoren ibilbidea diseinatzeko erabiliko da.

b) Enplegurako ibilbide pertsonalizatua diseinatuko da; 3.1 artikuluaren a) eta b) letretako programen kasuan, gaitasun eta enplegu berdeak garatzera edo gaitasun eta enplegu digitalak garatzera bideratuko dira, eta horren arabera egokituko, hurrenez hurren, zein den gauzatzen ari den programa: Laneratzeko egokien ikusten den prozesua prestatu eta hori modu fede-emailean jakinaraziko zaio emakumeari, bere profil, premia eta espektatiben arabera, irizpide tekniko eta estatistikoen bidez, proposatzen diren jarduketa nagusiak, horiek gauzatzeko egutegia eta egiaztapen zein jarraipen elementuak barne. Ibilbide hori egiteko, emakumeak eta enplegu zerbitzu publikoak enplegurako akordio pertsonala izenpetu beharko dute.

Ibilbide horrek, gutxienez, honako hauek izan beharko ditu:

1. Lanbide aukerak identifikatzea. Horretarako, emakumeek Espainian, Europar Batasunean eta munduan dituzten enplegu aukerak ikertuko dira, azterlan arrazoitua eginez haien lanbide profilaren arabera.

2. Emakumearen profilaren arabera beharrezkoa bada, prestakuntza ibilbide bat identifikatzea, eta emakumearen gaitasunak eta lanbide kualifikazioa hobetze aldera, egokiak diren prestakuntza ekintzak proposatzea eta/edo lan esperientzia edo prestakuntza ez-formala egiaztatzea.

3. Identifikatzea emakumeak, bere profilaren arabera, zer jarduketa egin beharko dituen enplegua modu aktiboan bilatzeko.

c) Laguntza pertsonalizatua ibilbidea garatzeko eta jarduera-konpromisoa betetzeko. Gutxienez, jarduketa bat eginen da 15 egunean behin. Tutore edo orientatzaile batek banakako jarraipen pertsonalizatua eginen du emakumeak bere ibilbidea gauzatzeko egiten dituen jarduketen gainean; ibilbidea berrikusi eta eguneratuko du, jomugak, etapak, betekizunak eta, prestazioak jasotzen dituzten emakumeen kasuan, jarduera-konpromisoa finkatuko ditu eta betetzen direla begiratuko du, eta aholkularitza, informazio eta laguntzako bestelako eginkizunak ere eginen ditu, emakumea aktibatzeko eta haren enplegagarritasuna hobetzeko beharrezkoak badira.

d) Aholkularitza eta laguntza tekniko gehigarria. Ibilbidea garatu bitartean, emakume bakoitzak mota honetako bi jarduketa ezberdin jaso beharko ditu, honako hauetara bideratuak:

1. Curriculuma definitzera, haren lanbide profila nolakoa den adierazteko, lanbide gaitasunak kontuan harturik: informazioa eta aholkularitza (banaka, taldeka edo modu orokorrean), tresnak eta laguntza-teknikak emanen zaizkie emakumeei beren curriculum pertsonalizatua egin dezaten.

2. Enplegu bilaketa aktiborako teknikak aplikatzera: informazioa emanen zaie, eta besteren konturako lana bilatzeko eskura dauden bitarteko, teknika eta tresnen oinarrizko erabilera irakatsiko zaie, bide telematikoak eta sare sozialak barne. Bidezko denean, autoenplegurako eta ekintzailetzarako aholkularitza zerbitzura bideratuko dira.

e) Informazio eta aholkularitza gehigarria. Emakume bakoitzak 2 jarduketa jasoko ditu, gutxienez, ibilbidea egin bitartean. Gai hauei buruzkoak izanen dira:

1. Lan-merkatuaren egoera, enplegu-politika aktiboak eta zorroko zerbitzu komun eta osagarrien eskaintza: emakumeen enplegu-aukerak areagotzeko baliagarriak izan daitezkeen datuak edo egoerak azalduko dira, lan merkatuari eta enplegu politika aktiboei buruzkoak, zorroko zerbitzu komun eta osagarriei buruzko informazioa barne. Banaka, taldeka edo modu orokorrean egiten ahalko da, aurrez aurre edo bitarteko telematikoen bidez.

2. Prestakuntza eskaintza eta mugikortasunerako aukera ematen duten programak, prestakuntza Europan egin eta kualifikazioak bertan lortzeari begira: emakumeei prestakuntza eskaintzari buruzko aholkularitza espezializatua emateko jarduketak hartuko ditu barnean. Aurrez aurre edo informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez emanen da, banaka edo taldeka, produkzio-sektoreen eta pertsonen premiak eta Europan dauden aukerak kontuan hartuta.

f) Lan mugikortasuna kudeatzen laguntzea, emakumeak hala behar duenean: informazioa, aholkularitza eta laguntza izanen dute emakumeen mugikortasun geografiko eta funtzionalari buruz (Espainian, Europan eta nazioartean), eskuratzen ahal dituzten enplegu eskaintza egokiak aprobetxa ditzaten.

Horren barnean, informazio orokorra emanen da Europar Batasunaren lurralde-eremuko lan inguruabar nabarmenei buruz, EURES sarean eskuratzen ahal den informazioa barne. Banaka, taldeka edo modu orokorrean egiten ahalko da, aurrez aurre edo bitarteko telematikoen bidez.

3. Prestakuntza ekintzak.

Ibilbideak barne hartzen ahalko ditu prestakuntzazko ekintzak, hala lanbide kualifikaziokoak nola eguneratze profesionalekoak, batez ere Nafarroako Foru Komunitateko lurralde merkatuak eskatzen dituen esparru eta jarduera profesionalekin lotutako edukiei buruzkoak, lan bat egiteko ezagutza teknikoak eta trebetasun egokiak eta nahikoak eskuratzea ahalbidetzen dutenak, ahal dela lan esparru horietan, edo ezagutzak, prozedurak, teknologiak edo joera berriak birziklatzea eta eguneratzea ahalbidetzen dutenak, adierazitako eremuak lehenetsita, betiere.

4. Prestakuntza ekintza osagarriak:

Ibilbideko prestakuntza ekintzak zeharkako gaitasunei eta gaitasun digitalei buruzkoak izaten ahalko dira:

a) 1. Zeharkako gaitasunei buruzko lantegiak: Banakako jarduketetan edo talde-jarduketetan (gehienez ere 20 pertsona jarduketa bakoitzeko) gauzatzen ahalko dira, eta honako gaitasun hauek eskuratzea edo hobetzea izanen dute helburu: autokonfiantza, komunikazioa, zereginak betetzea, arrazoitze matematikoa, ikasteko interesa, lorpenera bideratzea, denbora kudeatzea, trebetasun sozialak, sormena eta berrikuntza, ekimena eta talde-lana, arazoak konpontzea, malgutasuna, frustrazioarekiko tolerantzia. Gutxienez 25 ordu.

b) 2. Oinarrizko alfabetatze digitala. Banakako jarduketetan edo talde-jarduketetan (gehienez ere 20 pertsona jarduketa bakoitzeko) gauzatzen ahalko dira, eta helburua izanen da oinarrizko gaitasun digitalak eskuratzea enplegua modu aktiboan bilatzeko eta oinarrizko administrazio-izapideak egiteko: 26 ordu, honako prestakuntza espezialitate baten arabera:

–Kodea: FCOI06: Izena: Oinarrizko gaitasun digitalen hastapenak.

–Kodea: FCOI07: Izena: Enplegurako oinarrizko gaitasun digitalak.

6.–Ibilbideak garatzeko baldintzak.

1. Ibilbide baten gutxieneko iraupena sei hilabetekoa izanen da, ibilbidearen hasiera-datatik zenbatzen hasita, eta gehieneko iraupena, zortzi hilabetekoa.

Une oro emanen zaie parte-hartzaileei ibilbidean parte hartzeak dakartzan bertaratze eta aprobetxamendu-betebeharren berri.

3. Ahal dela, apirilaren 10eko ESS/381/2018 Aginduaren eranskinean aurreikusitako protokoloen arabera garatuko dira 5. artikuluan adierazitako ibilbide pertsonalizatuak osatzen dituzten ekintzak, banakakoak zein kolektiboak. Agindu horren bidez, Enplegu Sistema Nazionalaren zerbitzu komunen zorroan protokoloak garatzeko erreferentziazko gida teknikoa onartzen da.

7.–Parte-hartzaile artatua eta laneratua.

1. Artatutako parte-hartzailetzat hartuko da bere enplegagarritasuna hobetzeko eta enplegua eskuratzeko ibilbide pertsonalizatua burutzen duen emakumea. Ibilbidea burututzat joko da, hura osatzen duten ekintza guztiak gauzatu ez arren, honako egoera hauetan: emakumeak egin baditu entitateak aurkeztutako programan aurreikusitako orduen %75, enplegu bat eskuratu badu eta hori behar bezala egiaztatzen badu, edo programa alde batera utzi behar izan badu, behar bezala arrazoitutako kausengatik eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren baimenarekin, betiere.

Artatutako parte-hartzaileak programaren xede den banakako ibilbidea burutu edo gauzatu duten emakume parte-hartzailetzat hartuko dira.

2. Laneratutako parte-hartzailetzat hartuko da lan merkatuan sartzen dena (norberaren kontura edo besteren kontura, Gizarte Segurantzako dagokion araubidean kotizatuz) enplegagarritasun-diagnostikoa eta enplegua lortzeko dagokion ibilbidea eskuratzen dituen egunetik aurrera.

Emakume parte-hartzaile bat laneratutakotzat hartzeko, kotizazio aldia gutxienez 90 egunekoa izanen da, egunak jarraituak izan ala ez. Kontratua lanaldi partzialekoa bada, dirulaguntza proportzioan murriztuko da daukan lanaldiaren arabera, zeina ezin izanen baita izan maila bereko langile baten lanaldi osoaren %50 baino txikiagoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak zehaztuko ditu egiaztapen-mekanismoak.

3. Laneratze hori justifikatzeko gehieneko epea 6 hilabetekoa izanen da, programa amaitzen denetik aurrera.

8.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Honako hau izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa:

a) Artatutako emakume bakoitzeko jaso beharreko zenbatekoak 1.200 euroko erreferentzia-zenbatekoa izanen du gehienez ere, eta zenbateko horri 515 euro gehitzen ahalko zaizkio, gehienez, artatutako pertsona bakoitzeko, behar bezala justifikatutako beste gastu batzuetarako, honela banatuta:

–400 euro, bertaratze-bekak. Entitate onuradunek 400 euro ordainduko dituzte onuradun bakoitzeko programa amaitutakoan, laguntza-beka kontzeptupean, baldin eta onuradunak ibilbide pertsonalizatuan bildutako jarduera guztiak bete baditu.

–115 euro, behar bezala justifikatutako gastuetarako; esaterako:

  • Materialak, teknikoak, publizitatekoak.
  • Parte- hartzen duten emakumeei arreta ematen dieten langileen prestakuntza.
  • Sentsibilizazio-kanpaina.
  • Programaren ondoriozko beste batzuk.

Orientazio, akonpainamendu, aholkularitza eta abarreko jardueretarako, 25 euro/orduko modulua hartuko da kontuan.

Apartatu honen lehen paragrafoan adierazitako zenbatekoaren kargura finantzatzen diren prestakuntza jardueretarako, ezin izanen da gainditu 960 euroko zenbatekoa pertsona bakoitzeko, 12 euro/orduko modulua kontuan hartuta.

b) 7. oinarrian aurreikusitakoarekin bat, laneratutako emakume bakoitzeko 2.500 euroko zenbatekoa gehitzen ahalko da lan merkatuan besteren konturako lanean sartzen bada, eta 6.000 euro arteko zenbatekoa jarduera ekintzailea aldi mugagaberako abiatu badu bere kontura edo besteren kontura. Lanean hasten bada bai bere kontura bai besteren konturako, mesedegarrien zaion laneratzea hartuko da kontuan dirulaguntza ordaintzeko. Entitate onuradunei ordainduko zaie, gehienez ere, parte-hartzaileen %20ren laneratzeei dagokien zenbatekoa. Dirulaguntzaren guztizko zenbatekoak ez du inola ere gaindituko 2.565 euroko kostu unitarioa parte-hartzaile bakoitzeko.

Zenbateko horiek modulutzat hartzen dira dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko eta justifikatzeko.

Abuztuaren 19ko TES/897/2021 Aginduaren III. eranskinean ezarritako kostu unitarioa kontuan hartuta konfiguratu da modulua.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztuko da guztizko dirulaguntzaren zenbatekoa, kontuan harturik programako parte-hartzaileen kopurua, aurreikusitako moduluak eta entitate onuradun bakoitzak laneratzeei buruz egiten duen aurreikuspena.

9.–Eskaerak eta aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkez daitezke oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

2. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira, Nafarroako Atariko tramiteen atalean, deialdi honen fitxako “Tramitatu” aukeraren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-para-la-realizacion-del-programa-de-apoyo-a-mujeres-en-los-ambitos-rural-y-urbano).

3. Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Halaber, eskaera aurkeztean baimena ematen zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko. Horri berariaz aurka egin nahi izanez gero, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4. Interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, baita administrazioak berak eginak direnak ere, ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikotik jaso ditzan, salbu eta interesdunak berariaz egin badu horren aurka. Kasu horretan, berak aurkeztu beharko ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzan eskatzen ahalko dio interesdunari.

10.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

1. Dirulaguntzaren eskaera, eredu ofizialarekin bat, zeina eskuragarri egonen baita Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-para-la-realizacion-del-programa-de-apoyo-a-mujeres-en-los-ambitos-rural-y-urbano).

2. Eskaerarekin batera programaren deskripzio-memoria aurkeztu beharko da; honako hauek hartuko ditu barne:

a) Eskatzen den dirulaguntza ildoa.

b) Garatu beharreko ekintzen aurreikuspena, ibilbide pertsonalizatuen zati gisa.

c) Parte-hartzaileen kopurua.

d) Programaren guztizko iraupena, hasiera eta amaierako data aurreikusiak zehaztuta.

e) Programa zein udalerritan garatuko den.

f) Programari atxikitako teknikarien profil profesionala.

g) Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.

h) Laneratzeari lotutako konpromisoak.

i) Programaren kostuaren aurrekontu zenbatetsia, kontuan hartuta koste unitarioak, parte-hartzaile kopurua eta laneratzeari lotutako konpromisoak.

3. Adierazpen bat, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeko konpromisoari buruzkoa. Adierazpenaren eredu ofiziala (III. eranskina) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean egonen da eskuragarri (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-para-la-realizacion-del-programa-de-apoyo-a-mujeres-en-los-ambitos-rural-y-urbano).

4. Datuen lagapenari eta tratamenduari buruzko adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari loturik. Adierazpenaren eredu ofiziala (IV. eranskina) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean egonen da eskuragarri (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-para-la-realizacion-del-programa-de-apoyo-a-mujeres-en-los-ambitos-rural-y-urbano).

5. Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

11.–Instrukzioa eta tramitazioa.

1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lana Aktibatzeko eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuari dagozkio.

2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

3. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

4. Onuradunak hautatzeko prozesuan edo baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozesuetan esku hartzen duten pertsonek berariaz adieraziko dute ez dagoela interes-gatazkarik edo abstentzio-kausarik, kontuan hartuta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 61.3 artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori Europar Batasuneko aurrekontu orokorrari aplikatzekoak zaizkion finantza-arauei buruzkoa da, “finantza erregelamendua”) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikulua; interes-gatazkarik edo abstentzio-kausarik izanez gero, eragindako pertsonak ez du jardun horietan esku hartu beharko.

12.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du dirulaguntza eman edo ukatzen den.

Ebazpena gehienez ere bi hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

3. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

4. Eskaeraren gaineko presuntziozko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

13.–Entitate onuradunaren betebeharrak.

1. Dirulaguntza hauen entitate onuradunek azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluak oro har ezartzen dituen betebeharrak izanen dituzte, baita aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezartzen direnak ere, bereziki Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzearekin loturikoak, eta zehatzago esanda, 36/2020 Errege Lege-dekretua eta 1030/2021 eta 1031/2021 ministro-aginduak.

2. Entitate onuradunek honako hauek bidali beharko dizkiote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, jarduera hasten den egunean, beranduenez:

a) Programaren xedea den jardueraren hasiera jakinarazteko komunikazioa. Ezarritako epean ez jakinarazteak penalizazio bat ekarriko du berekin: emandako zenbatekoa murriztea, hasiera jakinarazi behar zen egunetik jakinarazi gabe iragan diren egunen zati proportzionalaren baliokidea.

b) Programa hastean, programan zehar egin beharreko jarduera osoaren plangintza eta egutegi zehatza.

3. Aldez aurreko betebehar horiez gain, entitate onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epean egitea.

b) Programa gauzatzeko baliabide material eta giza baliabide egokiak eta nahikoak izatea.

c) Jarduketak Orientasare eta/edo IRIS aplikazioetan grabatzea, bidezko denean.

d) Ahalik eta lasterren jakinaraztea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari programako parte-hartzaileen artean izan diren altak eta bajak. Programari atxikitako parte-hartzaileen zerrendarako eredu ofiziala Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean egonen da eskuragarri (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-para-la-realizacion-del-programa-de-apoyo-a-mujeres-en-los-ambitos-rural-y-urbano).

e) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak edo beste kontrol erakunde batzuek egin beharreko egiaztapen, jarraipen eta kontrol lanak onartzea.

f) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, estatukoek nahiz nazioartekoek, xede bererako emandako bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta dirulaguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere.

g) Gordetzea, formatu elektronikoan eta bost urtez, jasotako dirua zertan erabili den justifikatzeko agiriak, finantzazioari buruzko frogagiriak, datu estatistikoak eta bestelako agiriak, bai eta erregistroak eta dokumentuak ere.

4. Entitate pribatuek urtebeteko epean 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko diru-sarrera guztien %20 badira gutxienez, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatzen den moduan, aipatutako foru lege horren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduta.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

14.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beharrezko zeregin guztiak eginen ditu programak ebaluatu eta haiei jarraipena egiteko. Entitate onuradunek beharrezkoak diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko. Zehazki, Gizarte Segurantzan kontsultaren bitartez, programetan parte hartu dutenak laneratu direla egiaztatuko da.

2. Dirulaguntza hauek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezarritako jarraipen, kontrol eta ebaluazio prozedurak bete beharko dituzte, bai eta barne araudiak eta Europar Batasunak EBko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen dituen eta nahitaez aplikatu beharko diren betebehar espezifikoak ere, hain zuzen ere informazioari eta publizitateari, kontrolari, egiaztapenari, jarraipenari, ebaluazioari eta gainerako betebeharrei buruzkoak.

3. Entitate onuradunak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharreko egiaztapen-jarduketen mende jarriko dira, bai eta, hala badagokio, Estatuko Administrazio Orokorraren Kontu-hartzailetza Nagusiari dagozkion finantza-kontrolen eta Kontuen Auzitegiaren legerian aurreikusitakoen mende ere, eta Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak, Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak, Europako Auditoretza Bulegoak eta, bidezkoa denean, Europako Fiskaltzak ere egin ditzaketenen mende.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak, halaber, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezartzen diren jarraipen, kontrol eta ebaluazioaren mende egonen dira, bai eta barne araudiak eta Europar Batasuneko araudiak ezarritako informazio eta publizitate, kontrol, egiaztapen, jarraipen, ebaluazio betebehar espezifikoen eta gainerako betebeharren mende ere, baldin eta Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen badira eta horien aplikazioa nahitaez bete beharrekoa bada, “ingurumenari kalte nabarmenik ez egiteko printzipioa” barne (“do no significant harm-DNSH” printzipioa).

Egiaztatze-jarduketak betetze aldera, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.f) artikuluan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren (“finantza-erregelamendua”) 132. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, dirulaguntzen onuradun diren entitateek, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsen azken hartzaileak diren aldetik, honako hauek gorde beharko dituzte: finantzaketari dagozkion frogagiriak, datu estatistikoak eta gainerako dokumentuak, baita erregistroak eta dokumentuak ere, formatu elektronikoan, bost urtez.

Era berean, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak datuen kategoria bateratuak bilduko ditu, funtsen erabileraren auditoretza eta kontrola egiteko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan erreformak eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurriei dagokienez, formatu elektronikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, eta aplikatzekoa den araudiak zehazten duen moduan.

4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak laguntzaren xedeko jarduketak ikuskatzen ahalko ditu, dirulaguntzak ematean aintzat hartutako eta ezarritako baldintza eta zehaztapenetara egokitzen ote diren egiaztatzeko. Horretarako, beharrezkoak diren bisitak eginen ditu, baita dirulaguntza jaso duten jarduerak egiten diren tokietara ere beharrezkoa bada, horien betetze maila ebaluatze aldera.

5. Jarraipen-batzorde bat sortuko da, organo kudeatzaileko eta entitate onuraduneko profesionalek osatua. Hiru hilean behin bilduko da normalean, eta ezohiko bilera eginen du alderdietako batek eskatzen badu.

Hauek izanen dira batzorde horri esleitutako zeregin nagusiak:

–Jomugak, helburuak eta jarduerak berrikustea.

–Entitateak egindako jardueren jarraipen txostenak berrikustea.

–Egokiak diren aurreikuspenak egitea.

–Lanbide orientazioaren eta prestakuntzaren arloan egindako lana Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin koordinatzea.

–Programa gauzatzean sortzen ahal diren zailtasunak ebaztea.

Saio horiek egin aurretik, entitate onuradunak garatutako jardueren jarraipen txostenak emanen ditu, bai eta eskatzen zaion beste edozein dokumentazio ere.

15.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Programaren %40 gauzatu eta gero, entitateak konturako ordainketa bat eskatzen ahalko du, gauzatze-memoria tekniko bat aurkeztuta. Konturako bi ordainketa eskatzen ahalko dira gehienez, eta guztira ezin izanen dute emandako zenbatekoaren %80 gainditu. Konturako ordainketa hori eskatzeko azken eguna 2023ko ekainaren 30a da.

2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak, bi hilabeteko epean programa amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta, betiere, 2023ko irailaren 30a baino lehen, dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jarduketa-memoria bat aurkeztu beharko du, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita. Memorian sartu beharrekoak:

1. Parte-hartzaile bakoitzari egindako banakako ibilbidearen ziurtagiria, honako hauek adierazita: ibilbidea osatu duten jarduerak, emandako ekintzen identifikazioa, edukia zein izan den adieraziz, non eta noiz eman diren, ordutegia, eman dituen tutorea edo irakaslea, eta haietako bakoitzera joan diren pertsonen zerrenda. Halaber, parte-hartzaileen sinaduren orria aurkeztu beharko da, egindako jarduketa bakoitzean parte hartu dutela egiaztatu ahal izateko.

2. Laneratutako parte-hartzaileen izaera lortu duten emakumeei egin zaizkien kontratuen egiaztagiria eta langile autonomo nahiz beren konturako langile gisa kokatu izanaren ziurtagiria; laneratuaren izaera lortu duten parte-hartzaileen kopurua eta ehunekoa adierazi beharko da. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak parte-hartzaileen lan bizitzak kontsultatuta egiaztatuko du entitate onuradunak aitortutako benetako laneratze-maila.

3. Programari esleitutako baliabide materialen eta giza baliabideen zerrenda, programari atxikitako langileen kontratuekin batera.

4. Dirulaguntzaren zenbateko justifikatua, aurkeztutako jarduketa-memorian kuantifikatutako jardueretan eta 8. oinarrian jasotako moduluetan oinarrituta kalkulatua. Dirulaguntzaren likidazioa eginen da parte-hartzaile artatu eta laneratuen arabera, 7. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Likidazioaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko hasieran emandako dirulaguntzaren kopurua.

5. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

16.–Azpikontratazioa.

1. Entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte, osorik edo zati batean, 5. oinarriko 3. eta 4. puntuetan aurreikusi diren jarduera diruz lagungarriak, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin.

5. oinarriko 2. puntuan aurreikusitako jarduera diruz lagungarriak, ordea, ezin izanen dira inola ere azpikontratatu.

2. Irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat joko.

3. Entitate onuradunak azken memorian eman beharko dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari azpikontratatutako entitateei buruzko beharrezko informazioa, zehazki:

a) Azpikontratistaren IFZa.

b) Izena edo sozietatearen izena.

c) Azpikontratistaren egoitza fiskala.

d) Inplikatutako administrazio publikoen arteko datuen komunikazioaren onarpena, aplikatzekoa den Europako araudian aurreikusitakoa betetzeko eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat etorriz, horretarako prestatutako ereduaren arabera.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak ezartzen dituen zeharkako printzipioak betetzeko konpromisoari buruzkoa, kudeatu beharreko eremuari eraginen lioketenak, horretarako prestatutako ereduaren arabera.

17.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea. Hala ere, dirulaguntza hauek bateraezinak dira inbertsio-proiektu berberak gauzatzeko Europar Batasunaren beste funts batzuk jasotzearekin, eta ezin izanen dute finantzaketa bikoitza izan. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako inbertsio-proiektuek Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jaso dezakete, baldin eta laguntza horrek ez badu estaltzen programa honen dirulaguntzak artikulu honetan zehaztutakoaren arabera finantzatzen duenaren kostu bera. Entitate onuradunak dirulaguntzak ematen dituen administrazioari jakinarazi beharko dio beste dirulaguntza edo laguntza batzuk lortu dituela helburu bererako, kostu beraren gainean finantzaketa bikoitzik izan gabe, beste edozein administrazio edo erakunde publikotatik, nazionaletik edo nazioartekotik.

2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

18.–Ingurumenari kalte nabarmenik ez egiteko konpromisoa.

1. Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun diren entitateek bermatu beharko dute, programen diseinu eta exekuzio fase guztietan eta banaka jarduketa bakoitzerako, osotara betetzen dela “kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (“do no significant harm, DNSH” printzipioa), bai eta klima arloko etiketatzea eta etiketatze digitala ere, honakoetan aurreikusitakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia planaren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakia (Council Implementing Decision-CID), eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua eta hura garatzeko araudia.

2. Eskaerekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, zeinaren bidez adieraziko baita “kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioarekin” bat etortzea (“do no significant harm printzipioa,” DNSH), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6. apartatuan ezarritakoari jarraikiz; adierazpena deialdian jasoko da eta entitate eskatzaileak behar bezala bete beharko du.

3. “Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (“do no significant harm” printzipioa, DNSH) jasotzen duten erantzukizunpeko adierazpenek nahitaez bete behar dute Europako Batzordearen Komunikazioa (2021/C 58/01), hau da, “Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (“do no significant harm” printzipioa, DNSH) aplikatzeari buruzko gida teknikoa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera.

4. Nolanahi ere, entitate onuradunek aurreikusiko dituzte, alde batetik, “kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (“do no significant harm printzipioa”, DNSH) betetzen dela egiaztatzeko tresnak, eta, bestetik, printzipio hori ezartzen dela bermatzeko neurri zuzentzaileak, eta horren berri jasota utziko dute dirulaguntzaren justifikazio-memorian.

19.–Dirulaguntzen publizitatea.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Nafarroako Enplegu Atarian argitaratuko ditu emandako dirulaguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzetan, eta, orobat, egiturazko funtsei buruzko xedapenak ezartzen dituen 1303/2013 EB Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoa betez (Informazioa eta komunikazioa).

2. Entitate onuradunek sustapen eta zabalkunde jarduketa guztietan agerrarazi beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela.

3. Entitate onuradunek ikusgaitasuna eman beharko diote jasotako funtsen jatorriari, eta beraz, dokumentazioan eta hedabideetan jarri beharko dute “Europar Batasunak-Next Generation EUk finantzatua”, dirulaguntza horiekin finantzatzen diren jarduketen kasuan. Ikusgaitasun hori agertuko da bereziki ekintzak eta haien emaitzak sustatzen direnean, informazio koherentea, eraginkorra eta proportzionatua emanez, askotariko hartzaileei zuzendua, hedabideak eta jendea, oro har, barne.

4. Horri dagokionez, hauxe izanen da sartu behar den gutxieneko publizitatea, edozein euskarri fisiko edo digitaletan agertuko dena, zuzen eta nabarmen idatzita:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren sinboloa, lehentasunezko tokian, inoiz ez entitate onuradunarena baino txikiagoa, jatorrizkoaren proportzioak eta gama kromatikoa errespetatuz.

b) Europar Batasunaren ikurra, finantzaketari buruzko deklarazio egokiarekin (tokiko hizkuntzetara itzulita, beharrezkoa denean), hauxe esanen duena: “Europar Batasuna-NextGeneration EUk finantzatua”, esteka honetan dagoena: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es.

c) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren logoa, esteka honetan eskuragarri: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual

20.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermatzekoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

21.–Onetsiriko programen aldaketak.

1. Programak edo dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatu badira, aitzinetik horren berri eman beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, haietarako baimena eman dezan.

2. Aldaketa egiteko eskaeretan behar bezain ongi azaldu beharko da aldaketarako arrazoia, edo zer arazo sortu den programa hasieran pentsatu bezala ez egiteko. Horrelako eskaerak proposatu nahi den aldaketa hasi baino gutxienez 5 egun natural lehenago aurkeztu beharko dira.

3. Aldaketa horiek funtsezkotzat jotzen badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzteko, sartutako aldaketen garrantziaren arabera.

22.–Betebeharrak ez betetzea eta dirulaguntzak itzultzea.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin eta programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo oinarri hauetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Ezarritako epean justifikatzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne.

3. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, entitate onuradunak dirulaguntza osoa itzuli beharko du, berandutze-interesak barne, horren ondorioz ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.

4. Entitate onuradunak dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzen edo programen aldaketa jakinarazi eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartu badu, dirua itzultzea beharrezkoa bada, ez da berandutze-interesik eskatuko.

5. Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatzen ahalko dio dirulaguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko. Entitateak bere borondatez itzultzen badu dirua eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa bada berandutze-interesak aplikatzea, horiek kalkulatuko dira dirua itzultzen duen arte.

23.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan aurreikusten ez den guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean, eta aplikatzekoa den beste araudi batean xedatutakoa beteko da, zehazki, Estatuko edo Europar Batasuneko edozein araudi, besteak beste, irailaren 29ko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari aplikatzekoa den edozein araudi: Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa sistema egituratzen duena, eta HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateek eman beharreko informazioaren prozedura eta formatua ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien neurrien aurrekontu eta kontabilitate betearazpenaren eta mugarrien betetzearen jarraipena egiteko.

24.–Zehapen araubidea.

Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

25.–Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2203743