65. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARASOAIN

Ordenantza, hilerriaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Barasoaingo Udalak, 2021eko ekainaren 19an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Barasoaingo hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2021eko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 27an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onesten da Barasoaingo hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantza, eta argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin, zeina aldatu baita urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen bidez.

Barasoainen, 2022ko martxoaren 8an.–Alkatea, Rita Delia Roldán Murillo.

ORDENANTZA FISKALA, BARASOAINGO UDALAREN HILERRIA ERABILTZEKO ETA HILERRIKO ZERBITZUAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Arau honen xedea da Barasoaingo Udalaren hilerriaren udal zerbitzu publikoa arautzea.

Ordenantza honek, halaber, hilerria eta hileta-zerbitzuak erabiltzeari dagozkion tasen ordainarazpena arautzen du, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean dagoen baimena du oinarri.

1.1. artikulua. Barasoaingo udal hilerria 1. poligonoko 171. katastro-lurzatian dago.

2. artikulua. Barasoaingo Udalari dagozkio instalazioaren zuzendaritza, gobernua eta administrazioa, hori guztia ukatu gabe legez dagokion agintari judizialaren, gobernukoaren edo osasunekoaren esku-hartze administratiboa.

Aurreko apartatuan definitu diren eskumenak honela zehazten dira:

a) Zerbitzuen kudeaketa, administrazioa eta antolaketa.

b) Hilobiak edo beste lurperatze-unitate batzuk banatzea eta ematea, eta eraikitzea, hala badagokio.

c) Hilerriko instalazioak zaindu, garbitu eta egokitzea.

d) Hilerrian jarduketak egiteko edozein motatako lizentziak ematea.

e) Dirua jasotzea ehorzketa unitateen gainean ehorzketa eskubideak emateagatik eta ordenantza honetan arautzen diren nolanahiko lizentziak emateagatik, edo beste edozein arrazoirengatik komenigarri ikusten bada eta Barasoaingo Udalak arautzen badu.

f) Hilerriko zaintza eta mantentze zerbitzuak, baita zerbitzu horien funtzionamendu egokirako behar den beste edozein ere.

g) Ordenantza honek arautzen dituen eskumenak baliatzean, ehorzketetan edo erraustegietan ez da inolako bereizkeriarik eginen jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

e) Hilerriko erlijio zerbitzuak eta egintza zibilak ideologia, erlijio edo kultu askatasunaren printzipio konstituzionalaren arabera eginen dira, dauden konfesioen errituekin bat etorriz, eta muga bakarra izanen da pentsamendu, kontzientzia, erlijio edo sinesmen askatasunari zor zaion errespetua eta ordena publikoari eustea.

f) Hilobi bakoitza zaintzea, garbitzea eta mantentzea hildakoaren senideen edo hurbilekoen erantzukizuna izanen da, eta beren kabuz arduratu beharko dira hobiak behar bezala gaitzeaz, ehorzketa egin ahal izateko. Udala ez da inola ere ehorzketa lanez arduratuko.

3. artikulua. Hilerria koadro eta ataletan zatituko da, eta horietan oinarrituz banatuko da lurra.

II. KAPITULUA

Lurreko hilobien, kolunbarioen eta panteoien kontzesioak

4. artikulua. Ehorzketarako kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak, dohainik edo kostu bidez, eta hura Udalak emanen du ordenantza honi jarraikiz.

Udalak hilerriaren planoan edo haren aldaketetan zehazten diren lurrak erabiliko ditu kontzesio mota bakoitzerako.

Badira kolunbarioak ere, eta horien kontzesioa eginen da ordenantza honetan, dagokion apartatuan, ezartzen den bezala.

Badira panteoiak Barasoaingo hilerrian, eta dagokien ordenantzaren apartatuan xedatuko dira.

5. artikulua. Lurreko hilobien nahiz kolunbarioen kontzesioak egokituko dira hura emateko unean indarrean dauden tasetara, eta ordenantza honetako salbuespenak baino ez dira onartuko.

Honakoek dute lurperatuak izateko eskubidea:

A) Barasoainen erroldatutako bizilagunak.

B) Barasoainen jaiotakoak.

C) Bizilagun izan gabe, gutxienez 15 urtez erroldaturik egon direnak, baldin eta erroldan baja eman zutenetik ez badira igaro 5 urte edo gehiago.

D) Barasoainekin lotura izan dutenak, familia edo kidetasun arrazoiak direla-eta edo etxebizitza edo etxe bat edukitzeagatik, Barasoaingo Udalaren iritziaren arabera.

6. artikulua. Kontzesio horiengatik ordaindu beharreko zenbatekoak Udaleko bulegoetan pagatuko dira, eman eta hurrengo 30 eguneko epean. Hala egin ezean, kontzesioa ezeztatuko da.

7. artikulua. Kontzesioaren tituluak Udaleko Idazkaritzan emanen dira, benetako kontzesiodunaren alde, horretarako onesten den ereduaren arabera.

8. artikulua. Kontzesio bat beste pertsona batendako eskatzen denean, horren izena jaso beharko da eskabidean. Baldintza hori betetzen ez bada, eskaera ez da bideratuko eta ez da titulurik emanen.

9. artikulua. Kontzesio guztiak egiten dira dagokien hilobi mota zehatzerako, eta ezin zaio beste erabilera bat eman lurrari edo kolunbarioari.

10. artikulua. Ordenantza honen kontzesioek ez dute salmentarik ekartzen, zuzenbide erkidearen zentzuan, eta horiek erostea ez dago lotuta inolako eskubide errealekin.

11. artikulua. Ez da lurrik ez kolunbariorik betiereko emanen, hilerri horretan ezartzen diren koadro edo atalen barrenean.

Ez da lurzati gehiagorik emanen panteoiak eraikitzeko. Gaur egungoei eutsiko zaie, indarrean dagoen araudiaren barruan badaude.

12. artikulua. Ehorzketa eskubidea iraungi eginen da honako kasu hauetan:

a) Eraikuntzaren aurri egoeragatik. Iraungipena erabakiko da aldez aurreko txosten teknikoan egoera hori deklaratu ondoren eta eskubidearen titularrak beharrezko obrak egiteko errekerimendua bete gabe utzi ondoren.

b) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak arreta ez jartzea, nabarmen, egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan, ez aditu eginik horretarako aurretik egindako errekerimenduari.

c) Eskubidearen kontzesio epea iragateagatik luzapena eskatu gabe, edo luzapenaren epea iragateagatik beste bat eskatu gabe.

d) Kontzesioa amaitu baino lehen, hobitik ateratzeagatik edo kolunbarioak edo lurreko hilobiak nahita husteagatik.

e) Titularrak berariaz uko egiteagatik.

f) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dion lagapenagatik.

g) Ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

h) Hilerria desagertzeagatik.

i) Interes publikoagatik.

j) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

III. KAPITULUA

Lurrean ehorztea

13. artikulua. Udalak lurrean ehorzteko eskubidea ematen du 20 urteko eperako, eta beste behin bakarrik luzatu ahal izanen da 10 urterako, aldez aurretik eskatuta eta eskaeraren egunean indarrean dauden tasak ordainduta.

Ehorzteko aurkezten diren hilotz guztiak ehortziko dira, betetzen badituzte lege zibilek, administratiboek eta osasun arlokoek eskatzen dituzten baldintzak.

14. artikulua. Kontzesio horiei aplikatuko zaizkie ordenantza honetako eranskinean zehazten diren tasak.

15. artikulua. Lurreko ehorzketak aldi baterako kontzesioa du, eta 20 urterako lagako dira, 10 urteko aldietan luzatzeko aukerarekin, aldez aurretik ordainduta eskaeraren unean indarrean diren tasak.

16. artikulua. Lurrean ehorzteko erabiliko dira hilerriaren planoan edo haren aldaketetan horretarako zehaztutako lurrak.

17. artikulua. Lurrean ehorzteko hilobi orok bi metro eta erdiko altuera eta metro bat eta erdiko zabalera izanen du zazpi urtetik gorakoendako, eta horren erdia adin horretatik beherakoendako; metro bateko sakonera izanen du bi kasuetarako.

18. artikulua. Lurreko hilobiak irekiko dira errenkadaka, zuzen-zuzen, eta hilobien artean 30 cm-ko tartea utziko da erdiko pasabidera ematen badute; goiko pasabidean, berriz, 60 cm-ko tartea utziko da edo proportzioan dagokiona.

19. artikulua. Lurrean ehorzteko hobietan onartuko da jartzea gurutzea, hileta ikurra, hilarria eta abar, bai eta hildakoaren izena duen epitafioa ere, heriotzaren eguna eta hilotza identifikatzeko beharrezko gainerako datuak biltzen dituena. Guztiz debekatuta dago horien inguruan panteoiak eraikitzea edo jartzea, bai eta itxiturak edo heskaiak edo bestelako landare elementuak ere. Sinbolo horien neurriak izanen dira: altuera 130 cm, zabalera 70 cm eta lodiera 10 cm.

20. artikulua. Kontzesioa edo luzapena amaitu arte mantenduko dira hobi orokorreko (lurpeko hobia) gurutze, ikur eta/edo hilarri horiek, baita epitafioak ere.

21. artikulua. Lurpeko hilobietan pertsona bakarraren gorpua soilik ehortziko da, edo zenbaiten gorpuak, legez ezarritako urteak errespetatuz (10 urteko aldearekin bakoitza), eta kontzesio horiek ez dira emanen pertsona hori hil aurretik. Lurperatutako gorpu bakoitzeko izanen dira tasak. Errausketa kanpo gelditzen da.

IV. KAPITULUA

Kolunbarioak

22. artikulua. Kolunbarioek zenbaki korrelatiboak izanen dituzte. Zenbaki horiei jarraituz okupatuko dira.

23. artikulua. Kolunbario horietan beste pertsona batzuen errautsak jar daitezke, baldin eta bigarren gradura arteko odol-ahaideak badira edo ezkontza bidezko lehen gradukoak, eta beren kutxatilak bateragarriak badira kolunbarioaren neurriekin. Plaka bat jarri ahal izanen da, lekua baino handiagoa ez dena eta alboetatik 5 cm-tik gora ateratzen ez dena. Era berean, debeku da inolako sinbolo edo apaindurarik jartzea kolunbarioaren egituran.

24. artikulua. Hilotz bat ehorzteko orduan, baimendu daiteke beste ahaide batzuen gorpuzkinak harekin batera jartzea –aurreko artikuluan adierazitako ahaidetasun mugen barrenean–, kolunbarioaren neurriek horretarako bide ematen badute.

25. artikulua. Aurreko artikuluetako ehorzketa egin ondoren, ezin da gehiagorik egin.

26. artikulua. Kolunbarioek aldi baterako kontzesioa dute, eta 20 urterako lagako dira, 10 urteko aldietan luzatzeko aukerarekin, aldez aurretik ordainduta eskaeraren unean indarrean diren tasak.

27. artikulua. Kolunbarioen kontzesiodunak, okupatu ondotik, behartuta daude hermetikoki ixtera, eta bi hilabeteko epean kasuan kasuko inskripzioa dakarren hilarria jarriko dute.

28. artikulua. Kolunbario bat borondatez husten denean, Udalaren esku geratuko da, kontzesiodunak eskubide oro galduta.

V. KAPITULUA

Panteoiak

29. artikulua. Gure artxiboetan jasotzen denez, 1894tik aurrerako panteoien salmenta-aktak daude, 1998ra arte.

–Gaur egun 11 panteoi ditugu.

30. artikulua. Ordenantza honi dagokionez panteoia da familia bateko kideendako zenbait ehorzketa unitate dituen eraikuntza.

Jaraunsleek edo edozein tituluren bidez subrogatutako pertsonek agertu behar dute eskualdaketa justifikatuz; titulartasun aldaketa lortu ahal izanen dute.

Panteoiak kalitate oneko materialekin eraiki beharko dira (harria, granitoa, marmola, burdina eta beste material noble batzuk) eta debeku izanen dira ongi kontserbatzeko bermerik ematen ez dutenak edo duintasun eta apaintasun publikoari kalte egiten diotenak, baita kolore minak edo nabarmenegiak. Honako ezaugarri hauek izanen dituzte:

a) Debeku dira tenplu txikien, kaperen edo mausoleoen tankerako panteoiak.

b) Zokaloaren gehieneko altuera 60 cm-koa izanen da, sestrako edozein punturen gainean.

c) Fatxadaren gehieneko altuerak (atzeko horma) ezin izanen du gainditu hilerriaren itxituren altuera eta material berak izanen ditu alderdi guztietan. Gehieneko altueraren barruan sartzen dira gurutzeak eta beste apaingarri batzuk.

d) Emandako lurretik edo lurzatitik kanpo ezin dira loreontziak edo landareontziak paratu. Zimentazioak ezin izanen dira atera zuinkaturiko lurzatiaren muga zehatzetatik.

31. artikulua. Ordenantza honetatik aurrera, ez da inoiz eta inola ere emanen epemugarik gabeko kontzesiorik.

32. artikulua. Panteoiak erabiltzeko kontzesioak ezin izanen dira luzatu, baldin eta amaitu aurreko hogeita hamar urtean horietan hilotzak edo gorpu-hondakinak ehortzi, hobitik atera edo lekualdatzen ez badira edo, titularra hilda edo haren nortasun juridikoa iraungita, titulartasun aldaketa baimendu ez bada beste pertsona baten alde.

Kontzesio epea iragateaz bestelako arrazoiren batengatik iraungitzen bada, hala deklaratu beharko da espedienteari amaiera ematen dion berariazko ebazpen batean, eta betiere eskubideen titularrei jakinarazi beharko zaie.

33. artikulua. Baldin eta iraungipena ekartzen badu aurri egoerak edo abandonatzeak, eta eskubidearen titularraren heriotza jasota baldin badago, interesdunei zitazioa eginen zaie, titulartasun aldaketarako duten eskubidea alega dezaten. Interesdunak ezezagunak baldin badira, zitazioa eginen da honako hauetan iragarkia argitaraturik: Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udaleko eta hilerriko ediktu-tauletan eta, gutxienez ere, tokiko bi egunkaritan.

Jaraunsleak edo edozein tituluren bidez subrogatutako pertsonak agertzen badira eta eskualdaketa justifikatzen badute, titulartasuna beren alde alda dezakete, baldin eta hilobia konpontzeko edo egokitzeko obrak gauzatzen badituzte horretarako ezartzen den epean.

34. artikulua. Iraungi ondotik, panteoia Udalaren esku geldituko da, eta eskubidearen azkentzeak ez du konpentsaziorik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Aitzinetik gaztigu eginda, dauden hondakinak hezurtegi orokorrera eramanen dira edo, bestela, erraustuko dira, salbu eta zenduaren ahaideek edo haien baimena duten beste pertsona batzuek eskatzen badute beste hilobi batera eramateko edo, pertsona ospetsuen hondakinak izanda, Udalak hilobian uztea erabakitzen badu.

VI. KAPITULUA

Ehorzketak

35. artikulua. Barasoaingo hilerrian ehorztera ekartzen diren hilotz guztiak lurperatuko dira, kasuan kasuko baimena badute, eta tasen eranskinean zehazten diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.

36. artikulua. Hilerrian ez da gorpurik ehortziko baldin eta ez badu kasuan kasuko epaitegiak edo agintariak emandako agindua edo lizentzia, ehorzketa egiaztatzeko indarreko legeekin bat, edo 24 ordu igaro ez badira heriotzatik, edo, epe hori iraganda ere, komenigarria ez bada, kasuan kasuko agintaritzak osasun arloan zehaztutako gorabeherengatik.

Epaitegi edo agintaritza eskudunaren agindua edo lizentzia ez duen gorpu oro gorputegian gordeko da.

37. artikulua. Panteoi batean, horrenbeste gorpu edo gorpu-hondakin egonik, ezin bada ehorzketa gehiagorik egin, debekatuko da bertan ehorztea, eta debeku horrek indarrean jarraituko du hura ekarri duten arrazoiek irauten duten bitartean.

38. artikulua. Hezurtegi orokorrean biltzen diren hezurren kopurua handia denean, legeetan xedatutakoari jarraituko zaio.

VII. KAPITULUA

Hobitik ateratzea

39. artikulua. Hilotzak hobitik ateratzea legeen arabera egiaztatuko da, haietan ezarritako moduan eta epeetan, tarifen eranskinaren arabera ezarritako eskubideak pagatu ondoren. Udala ez da inola ere hobitik ateratzeko lanez arduratuko.

40. artikulua. Behar den bermeekin eta errespetuz aterako dira hilotzak hobitik, higienearen eta osasunaren arloetan komeni diren ardura guztiak hartuta.

41. artikulua. Hilotzak hobitik ateratzea egiaztatzeko, legeek agintzen dituzten pertsona guztiak egonen dira.

42. artikulua. Hilotz bat hobitik ateratzen denean hilerri bereko beste panteoi batera eramateko, destinoko panteoitik hurbilen dagoen puntutik eginen da, edo irteerako atetik hurbilen dagoen puntutik, beste hilerri batera eramateko bada.

43. artikulua. Ez da baimenduko ateratako hilotza gorputegira eramatea.

44. artikulua. Bisita orduetatik kanpo aterako dira hilotzak hobitik, hezurrak hezurtegira eramanen eta jendearen bistarako edo erosotasunerako desatseginak izan daitezkeen beste lan batzuk eginen. Ekainetik irailera bitarte ez da hilotzik batere aterako, agindu judiziala izan ezean.

45. artikulua. Osasun baimena beharrezkoa izanen da gorpuak edo gorpu-hondakinak beste hilerri batera eraman nahi direnean, arauetan ezarritako kasuetan.

46. artikulua. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera dauden hilobi, kolunbario eta panteoi guztiak berrikusiko dira, zehazteko zenbat urte dituzten, eta altxatuko dira inolako identifikaziorik ez dutenak, urte gehien daramatzatenak, eta senideekin edo hurbilekoekin harremanetan jartzeko modurik izan ez badugu.

Pixkanaka, lan eginen da lurreko hilobiek ordena bat izan dezaten, lauki-sarearen arabera.

VIII. KAPITULUA

Tarifak

47. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 12. eta 100. artikuluetan eta hurrengoetan xedatu denari jarraikiz, udal honek erabaki du tasa ezartzea hilerrian zerbitzuak eman eta lanak egiteagatik.

48. artikulua. Zerga-egitatea hilerrian zerbitzuak ematea da, bai kolunbarioak eta lurreko hilobiak adjudikatzeari edo emateari dagokionez, bai hilerrian haiekin batera egiten diren gainerako zerbitzu osagarriak emateari dagokionez ere.

49. artikulua. Ordaintzeko betebeharra sortzen da kargari loturiko zerbitzuak egiten hasten direnean, hau da, zerbitzuak eskatzen direnean.

50. artikulua. Subjektu pasibo eta zergapekoak dira baimena emateko edo zerbitzua egiteko eskatzen dutenak eta, halakorik bada, emandako baimenaren titularrak, baita jaraunsleak edo legatudunak ere, ordaindu gabeko tributu betebeharrei dagokienez, ezertan ukatu gabe legedia zibilak jaraunspena eskuratzeko ezartzen duena.

51. artikulua. Salbuetsirik egonen dira honelakoetan egiten diren zerbitzuak:

a) Ongintzako erakundeetatik heldu diren ehorzketetan.

b) Agintaritza judizialak agintzen dituen ehorzketetan.

52. artikulua. Ordenantza honen tarifen eranskinean jasotako kopuruei jarraikiz, zerga-oinarria finkatuko da honako kontzeptu hauei dagozkien zerbitzu moten arabera:

1. epigrafea.–Lurreko hilobien, kolunbarioen eta panteoien kontzesioa.

2. epigrafea.–Ehorzketak eta ehorzteko eskubideak.

3. epigrafea.–Hobitik ateratzeak.

53. artikulua. Subjektu pasiboek zerbitzuak egiteko eskatuko dute kasu bakoitzean. Zerbitzu bakoitza banaka likidatuko da; likidazioa zerbitzua egin ondotik jakinaraziko da, diru-sarrera zuzenean egin dadin kontzejuaren diru-kutxan, Tributuei buruzko Foru Legeak ezarritako moduan eta epeetan.

Tasa honen likidazioak behin betikotzat joko dira sortzapena ekarri duen zerbitzua edo jarduera egin ondoan.

54. artikulua. Tributu arloko arau-hausteei eta haien kalifikazioari dagokien orotan, baita arau-hauste horiei dagozkien zehapenei dagokien orotan ere, Tributuei buruzko Foru Legeko arauak aplikatuko dira. Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta honako arau hauetan xedatutakoari ere: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak. Zehapenak ezarrita, ez dira inoiz bertan behera geldituko sortutako eta preskribatu gabeko kuoten likidazioa eta kobrantza.

55. artikulua. Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legea izanen da arau osagarria.

56. artikulua. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, 10 urte baino gutxiagoko hilobiak, kolunbarioak eta panteoiak dauden bezala errespetatuko dira.

Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira, baina ordenantza honi atxiki beharko zaizkio arauei dagokienez.

IX. KAPITULUA

Erregistroa

51. artikulua. Ordenantza hau onetsi ondoren, Udalak hilerrian dauden hilobien erregistro bat sortuko du.

Hilobiei zenbakiak esleituko zaizkie eta horretarako eginen den hilerriaren plano batean ezarriko da emaitza, hobeki zehaztu eta kudeatzeko hilerrian egiten diren ehorzketak, hilobitik ateratzeak, berrehorzketak eta lekualdatzeak.

57. artikulua. Datuak babesteko araudian ezarritakoarekin bat,

a) Ordenantza hau indarrean jartzen denean datu pertsonalen tratamendua eginen da, pertsonen eskaerak erregistratu eta erantzuteko, hilobien banaketari eta kontzesioei dagokienez.

b) Hilobien eskaera egiteko interesa dutenek Udalari jakinarazi beharko dizkiote ordenantza honetan adierazten diren datuak.

c) Udalak ordenantza honetan adierazten diren betebeharrak betetzea izanen da erregistroaren helburua, eta Barasoaingo Udalak baino ezin izanen du erabili erregistro hori.

d) Tratamendua legitimatzen duen oinarri juridikoa honako hau da: Batzarrak onetsitako tokiko ordenantzak eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legetik eratorritako botere publikoak erabiltzea.

e) Interesdunen datu pertsonalak zer helbururekin jaso ziren, horiek betetzeko behar den denboran gordeko dira, Udalaren eskumen eta eginkizunak erabiliz eta, betiere, legeak kontserbaziorako, preskripziorako eta egon daitezkeen erantzukizunak zuritzeko ezartzen duen epean. Bestalde, bete beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

f) Datuen hartzaileak. Erregistroan jasotzen diren datu pertsonalak ez zaizkie emanen Udal honetakoak ez diren hirugarrenei, ez bada eskatutako zerbitzua emateko beharrezkoak direla, gaian eskumena duten administrazio publikoei emateko, beharrezkoa denean edo agintari publiko eskudunek eskatzen dituztenean, bat etorriz une bakoitzean aplika daitezkeen legezko eta erregelamenduzko xedapenekin.

g) Nahitaezkoa da ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea. Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da eskaera.

h) Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

i) Artxiboan erregistratuta daudenek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko edo eramangarritasun-eskubidea erabiltzeko, Datuak Babesteari buruzko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean araututakoaren arabera. Horretarako, Barasoaingo Udalera jo behar da posta arrunta erabiliz (Konstituzio plaza, 1, 3139 Barasoain) edo posta elektronikoaren bidez (secretaria@barasoain.net).

58. artikulua. Hona hemen erregistro horrek izanen dituen datuak:

a) Hilobiaren, kolunbarioaren edo panteoiaren identifikazioa.

b) Ehorzketa eguna.

c) Hildakoaren izen-abizenak.

d) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adierazita: zein gorpu eta/edo gorpu-hondakin den, pertsona horren izen eta abizenak, eta jarduketa noiz izan den.

e) Tasa mota.

f) Gorabeherak eta erreklamazioak.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez eta akatsa argi eta garbi adierazita.

Neurri iragankorrak.

1. Indarrik gabe gelditzen dira lur eta panteoien betiereko kontzesio guztiak, baldin 99 urtetik gorako antzinatasuna badute.

2. Indarrik gabe geldituko dira gaur egun dauden itxitura guztiak, antolamendu eta erregelamendu berriarekin bat ez badatoz.

3. Lurreko hilobien, kolunbarioen eta panteoien lagapenek hogei urteko indarraldia izanen dute, eta 10 urteko aldietan luzatu ahal izanen dira, eskaera egiten den egunean indarrean dauden tasak ordaindu ondoren. Espazioaren beharrik ez badago.

4. Gaur egun dauden ehorzketa guztiei dagokienez, hogei urte baino gehiago badituzte, eta egoera berean jarraitu nahi badute, lagapena luzatzeko eskaera aurkeztu beharko dute Udalean, ordenantza honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, eta lurrean, kolunbarioan eta panteoian ehorzteko ezarritako tasa ordaindu beharko dute.

5. Udal zerbitzuek kendu eginen dute gaur egun hogei urtetik gora dituen ehorzketa kontzesio oro –lurreko hilobia, kolunbarioa edo panteoia–, baldin eta dagokionak ez badu kontzesioa berritzeko eskaerarik aurkezten behar den epean; lur hori etorkizunean erabiltzeko libre geldituko da.

6. Lurraren antolamendu berriarekin bat ez datozen ehorzketek edo itxiturek ez dute inolako aukerarik izanen berritzeko, eta hogei urterako bakarrik errespetatuko dira, azken ehorzketatik hasita.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartzen duen egunean Barasoaingo hilerrian dauden hilobiak ordenantzaren esanera jarriko dira, eta hilobiak erabiltzeko ehorzketa eskubideak luzatu beharko dituzte, ordenantza honetan ezarritako epeetan.

Barasoaingo Udalak, ukituak diren hilobien familietako kideei jakinaraziko die, epeak bete ahala, heriotzak gertatu diren egunetik zenbatzen hasita, aipatu luzatzeak eskatzeko beharra dutela.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean. Indargabetuta geratzen da Barasoaingo udal hilerriaren erabilera eta kudeaketa, eta eskubideak eta zerbitzuen tasak arautzen dituen udal ordenantza. Ordenantza hori 2002ko 28. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 6an.

TARIFEN ERANSKINA

5. ARTIKULUKO APARTATUAK

HOBI BERRIA

HOBI ZAHARRA

BERRITZEA

KOLUNBARIOA

PANTEOIA

Administrazio kontzesioak eta ehorzketa eskubideak

A

100 euro

100 euro

100 euro

100 euro

200 euro

B eta C

200 euro

200 euro

200 euro

200 euro

300 euro

D

300 euro

300 euro

300 euro

300 euro

400 euro

Hobitik ateratzeak eta ehorzketak

A, B, C, D

Interesdunaren kargura

Interesdunaren kargura

Interesdunaren kargura

Interesdunaren kargura

Interesdunaren kargura

Hobitik ateratzea

A, B, C, D

100 euro

100 euro

100 euro

100 euro

100 euro

2. ERANSKINA

Eskabidea, ehorzketa eskubideen administrazio kontzesiorako (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2203466