65. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MARTZILLA

Deialdia, udaltzain-agentearen lanpostu bat betetzeko oposizio bidez

Alkatetzak martxoaren 7an emandako 278/2022 Ebazpenaren bidez, deialdia egiten da, udaltzain-agentearen lanpostu bat betetzeko oposizio bidez, honako oinarri hauen arabera

OINARRIAK

1. oinarria.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen helburua da udaltzain-agentearen lanpostu bat betetzea oposizio bidez, Martzillako Udalaren zerbitzukoa, plantilla organikoan sartzeko, eta honako hauek izanen dira haren lanpostu zenbakia eta baldintzak:

LANPOSTUA

LANPOSTUAREN IZENA

ARAUBIDE JURIDIKOA

MAILA / TALDEA

04-01

Udaltzain-agentea

Funtzionarioa

C

1.2. Ordainsariak C mailari dagozkion oinarrizkoak izanen dira, zehazturik dagoen bezala Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta indarreko araudian, eta jasoko ditu Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak.

1.3. Lanaldia osoa izanen da. Lanaldia eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharrek hori eskatzen dutenean.

1.4. Izendatzen diren izangaiak beteko ditu udaltzain-agenteak dituen eginkizunak, eta izanen ditu dagozkion eskubide eta betebeharrak, zeinak ezarri baitira Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta lege hori garatzeko araudian; gainera, C mailan sailkatuko da, foru lege horretan ezarritako mailen artetik.

1.5. Aplikatu beharreko araudia. Deialdi hau honako arau hauen arabera eginen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 5eko 113/1985 Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honen oinarriak.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zerrenda eskatzen zaion unean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusia izatea eta erretiroko adina ez gainditzea, indarreko legediaren arabera.

c) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean edukitzea Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea deklaratutako bat, edo eskuratzeko egoeran egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean.

d) Deialdiaren xede den lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, eta ez izatea deialdiaren II. eranskinean zehazten diren bazterbide medikoetako bat.

e) B eta A2 motako gidabaimenak izatea, indarrean.

f) Kondenatua ez egotea dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko da.

h) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

Baldintza horiek denak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte, 2.e) oinarrikoa izan ezik. Horri dagokionez, bete beharko da oinarrizko prestakuntza-ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

Hogeita hamar egun naturalekoa izanen da hautapen-prozesu honetan eskabideak aurkezteko epea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Martzillako Udalari zuzenduko zaizkio, eta aurkeztuko dira Martzillako Udaleko Erregistro Orokorrean, aurrez aurre (Cava plaza, 1, 1.a, 31340 Martzilla) edo haren egoitza elektronikoan (www.marcilla.es), edo urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein baliabideren bidez (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea); kasu horretan, administrazio kontratatzaileari iragarriko zaio eskabidea igorri duela, faxaren bidez (948 757 013) edo posta elektronikoaren bidez (ayuntamiento@marcilla.es), eskabideak aurkezteko epea bukatzen den eguna eta ordua baino lehen.

Baldin eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik eta Martzillako Udalaren Erregistro Orokorrera igorri aurretik.

Eskabideak deialdiaren I. eranskinean dagoen ereduari lotu beharko zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.2. Eskabidea egokituko zaio deialdi honetan argitaratzen den ereduari, eta honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena egoera onean dagoela IV. eranskinean aipatutako proba fisikoak egiteko.

b) Justizia Ministerioaren menpeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena izangaiak ez duela erregistro horretan aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

c) Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

d) Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia.

e) Armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.

Baldin eta aurreko apartatuetan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

4. oinarria.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak onetsiko du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila. Egun horretatik aurrera, izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Udaleko alkateak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta web-orrian (www.marcilla.es), eta adieraziko ditu deialdi honetan aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia. 718/2003 Foru Dekretuaren 15. artikuluari jarraikiz, hautaprobak eginen dira deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gutxienez bi hilabete iraganda.

5. oinarria.–Epaimahaia: eraketa eta jarduketak.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Mario Fabo Calero. Martzillako Udaleko burua.

Ordezkoa: José Manuel Cantín García, Martzillako Udaleko zinegotzia.

–Lehen epaimahaikidea: José Javier García Magdaleno. Nafarroako Foruzaingoko inspektoreordea.

Ordezkoa: Nafarroako Foruzaingoak zehazten duena.

–Bigarren epaimahaikidea: María Soledad Ayensa Méndez. Sindikatuen ordezkaria.

Ordezkoa: legez ezartzen den pertsona.

–Idazkaria: Iranzu Munárriz González. Martzillako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: legez ezartzen den pertsona.

5.2. Epaimahaia hautaprobak baino lehenago eratuko da.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzerakoan eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

5.4. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da bertan izatea hura osatzen duten kideen gehiengo osoa.

5.5. Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat, epaimahaikideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Halaber, izangaiek mahaikideak errekusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.

6.1. Oposizioaren lehen fasean proba baztertzaileak eginen dira: ezagutzei eta egoera fisikoari buruzkoak, eta proba psikoteknikoa eta medikoa; bigarren fasean, berriz, oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditu beharko da.

6.2. Oposizioaldiko probak.

Oposizioaldiko proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan (www.marcilla.es), eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko ditu, eta horiek ere argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan; azalduko dira proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak, kasuen arabera, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

6.3. Oposizioaldiko probak honako hauek izanen dira:

Lehenbizikoa.–Proba teorikoa: test motako ariketa bat izanen da; 60 galdera izanen dira, III. eranskineko gai-zerrendari buruz. hiru aukera izanen dituzte, eta horietatik bakarra izanen da balioduna. Erantzun baliodun bakoitzak puntu bateko balorazioa izanen du, eta erantzun okerrek 0,50 puntuko balorazio negatiboa izanen dute. Proba honetan 60 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Bigarrena.–Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: lehenbiziko proban egin beharko dira deialdiko IV. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko. Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren.

Ariketa bakoitza “gai” edo “ez gai” gisa puntuatuko da, eta horietako bakoitza baztertzailea izanen da. “Gai” kalifikazioa lortzen ez duen izangaia bazterturik geldituko da.

Epaimahaiak eskatuz gero, izangaiak behartuak daude dopinaren kontrako kontrola egitera, proba fisikoak egin bitartean edo beste une batean. Kontrola egin daiteke ariketa batean lortutako sailkapenari jarraikiz, edo ausaz. Deia idatziz eginen da, horretarako erabiliz dopinaren kontrol ofizialerako inprimakia, zeina ezarria baitago Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziaren arauetan. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Izangaiak kontrol hori egiteari uko eginez gero edo trabak jarriz gero, edo adierazten zaion tokian eta orduan agertzen ez bada behar bezala justifikatu gabe, hautapen-prozesutik baztertu eginen da berehalakoan. Baztertzeko arrazoi izanen da, orobat, trabak jartzea dopin kontrola legeak aurreikusi bezala egiteko, kasurik ez egitea, bidegabeki luzatzea eta ezkutatzea, bai eta, egitez edo ez-egitez, kontrola egitea saihesten, eragozten, nahasten, edo oztopatzen duten gainerako jokabideak ere, eta, betiere, izangaiak nahita saihestea hartu beharreko laginak biltzea, egitez edo ez-egitez.

Horren ondorioetarako, debekatuta egonen dira Kiroletako Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2018ko abenduaren 21eko Ebazpenaren eranskinean jasotako substantziak, gai farmakologikoak, dopin-metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2018ko 315. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 31n).

Xedatutakoa galarazi gabe, bazterturik geldituko dira, halaber, kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

Hirugarrena.–Proba psikoteknikoa: proba psikoteknikoak eginen dira, zehazteko zenbateraino egokitzen diren izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen ditu, eta haien balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat (50 puntu gehienez); bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Arestian aipatutako hautapenaldietako proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udalaren ediktuen taulan izangaien zerrenda, dagokien kalifikazioarekin batera, adierazita gainditu dutenak eta baztertuak izan direnak.

6.4. Proba medikoak: oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek egin beharko dituzte beren gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko beharrezko diren proba medikoak, deialdi honen 3. oinarriaren d) letran ezarritako moduan.

Proba medikoetan, izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez duen izangaia bazterturik geldituko da.

6.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du prestakuntza-ikastaroa, gainditu egin beharko da, eta honako hauei jarraikiz eginen da: irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduak (foru dekretu horrek onesten du Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua) eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.

Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat, izangairen batek gainditu badu deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, frogatzen duena ikastaroen edukien berdintasuna edo baliokidetasuna eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori interesdunak eskatuko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Eskolak berak lehenago emanak direnean, edukiak baliokideak badira. Halakoetan, dagokion puntuazioa ere emanen du.

Izangaiak, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, jasoko du C mailaren hasierako soldatari dagokion ordainsaria, bai eta, hala badagokio, familia-laguntza ere. Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, eta alta emanen zaio, salbu eta lehendik afiliatuta badago Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean; kasu horretan, horrexetan segituko du.

Nafarroako polizia izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duen izangaia izendatuko da Martzillako Udaleko praktiketako funtzionario, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aitzinetik Nafarroako administrazio publiko bateko funtzionarioa bada.

Praktiketako funtzionario izateak ez dakar berekin eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du galtzea oposizioan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera. Hori gertatzen bada, deialdia egin duen organoari komunikatuko zaio. Epaimahaiak emanen dio baja horren berri Udalari.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako mediku-azterketaz gain, ikastaroa bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek gainditu beharko dituzte agintzen zaizkien proba mediko guztiak, frogatzeko segitzen dutela betetzen deialdiaren 3.1.d) atalean aipatzen den baldintza. Proba horien bidez egiaztatzen bada badela baztertzeko arrazoirik, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen-prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duen izangaiak, eta hautapen-prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaio, praktiketako funtzionarioa izaten segituko du lanpostuaz jabetu arte.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.6. Azken kalifikazioa. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, batuko dira hautapen-prozesu guztiko puntuazioak –hautapenaldian eskuratutako puntuazioak, alegia– eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroko puntuazioa.

7. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

7.1. Izendapena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, osoko puntuazioaren arabera ordenatua, eta gainditu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko du.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukatu, eta izangaiak zin egin edo hitzeman beharko du Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko eta defendatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta zintzo beteko dituela karguari dagozkion betebeharrak.

Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, oposizioa gainditu duen izangaia izendatuko da Martzillako Udaleko funtzionario eta udaltzain-agente, txanden eta lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren arabera, baldin aurreko apartatuan ezarritakoa bete badute.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Behin prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, eta ikastaroa baliozkotu zaion izangaiak hautatutako polizian sartu ondoren, jabetza hartzeak berekin ekarriko du berariaz uko egitea une horretara arte edukitako lanpostuari, eta lanpostua gelditzea erreserbarik gabeko borondatezko eszedentziaren egoeran.

7.2. Jabetza hartzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.

Lanpostuaz jabetzeak berekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte Martzillako Udalean sartzeko, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Hautaprobak gainditu eta deialdiko lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu, eta hartan alta emanen zaio, salbu jadanik afiliaturik badago edo izena emanda badago Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean; orduan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko du babes araubide horretan segitzea edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

8. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintza onetsi zuen organoari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari, bi hilabeteko epean, egintza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Zuzenean gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Martzillan, 2022ko martxoaren 7an.–Alkatea, Mario Fabo Calero.

I. ERANSKINA

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/PNA/020_PNA_solicitud_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA

1. Ikusmena. Begien sistema:

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikuseremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikuseremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2. Entzumena. Entzumen sistema:

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3. Mintzamena:

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4. Giharren eta eskeletoaren aparatua:

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5. Digestio aparatua:

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.

–Uzki-esfinterreko inkontinentzia.

6. Sistema kardiobaskularra:

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta bihotzeko erritmoaren edo eroapenaren nahasmendu guztiak, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarraren blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 14 eta TADa > 90).

–Hipotentsio arteriala (TASa <90 eta TADa <45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7. Arnas aparatua:

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8. Nerbio sistema:

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.

9. Nahasmendu psikiatrikoak:

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Bulkaden kontrolaren eta nortasunaren nahasmenduak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10. Sexu eta gernu-aparatua:

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11. Sistema endokrinologikoa:

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12. Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak:

–Orbainak eta larruazalaren prozesu kronikoak, baldin poliziaren eginkizunetan aritzeko gaitasuna gutxitzen badute haien zabalerarengatik, ondorio funtzionalengatik eta kokapenarengatik.

13. Odola eta organo hematopoietikoak:

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14. Beste batzuk:

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio epaimahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15. Arau orokorrak:

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio epaimahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Edozein aparaturen eta sistemaren beste edozein afekzio, baldin ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea galarazten ahal duen eragin funtzionala badu.

III. ERANSKINA

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atarikoa. Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. III. titulua: Gorte Nagusiak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala.

2.–Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak. VII. titulua: Nafarroako toki-erakundeen zerbitzurako langileak. X. titulua: Biztanleria handiko udalak antolatzeko araubidea. XI. titulua: Zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-erakundeetan.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren barnean: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea, 1. kapituluko 1. atala eta 2. atala: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza eta koordinazioa. V. titulua: udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena eta seigarrena.

5.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. IV. kapitulua. Administrazio karrera. V. kapitulua. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.

6.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. III. titulua. Zigorrak.

7.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. VII. titulua. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.

8.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa. I. eta II. tituluak.

9.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, onesten duena Prozedura Kriminalaren Legea: II. liburua: I. titulua: salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua: zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea. VIII. titulua: I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. IV. liburua: prozedura bereziak, II. titulua: prozedura laburtua, II. kapitulua: polizia judizialaren eta Fiskaltzaren jarduketak. III. titulua: delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura.

10.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, “Habeas Corpus” prozedura arautzen duena.

11.–23/20018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziari buruzkoa.

12.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

Atarikoa: I. kapitulua: xedapen orokorrak, II. kapitulua: dokumentazio eta identifikazio pertsonala, eta III. kapitulua: herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak, V. kapitulua: zehapenen araubidea.

13.–Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.

14.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –onetsi zena martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.

15.–5/2012 Legea, uztailaren 6koa, Gai Zibil eta Merkataritzakoetako Bitartekaritzari buruzkoa.

16.–Martzillako Udaleko udal ordenantza ez fiskalak:

–Ordenantza, arautzen duena eremu publikoen garbitasuna.

–Ordenantza, arautzen dituena aisiarako eta biltoki gisa erabiltzen diren lokalak (piperoak).

–Ordenantza, arautzen dituena terrazak eta beladoreak ezartzea eta erabiltzea.

–Ordenantza, arautzen duena merkataritza ez-egonkorra.

–Udal ordenantza, arautzen duena edukitzea etxeko animaliak, eta bereziki zakurrak.

–Udal ordenantza, arautzen duena desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak ematea.

–Ordenantza, hilerria arautzen duena.

–Ordenantza, bide publikoari buruzkoa.

–Zirkulazioari buruzko ordenantza.

17.–Etika eta deontologia poliziala:

–Jokabide kodea, legea betearazi behar duten funtzionarioendako (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

–Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko estatuei emandako 2001/10 Gomendioa, Poliziaren Etikaren Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak emana 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).

18.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, arautzen duena Adingabeen Erantzukizun Penala: Atariko titulua. I. titulua: legearen aplikazio esparrua. III. titulua: prozeduraren instrukzioa.

19.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, arautzen dituena ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak.

20.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, arautzen duena ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.

21.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, onesten duena establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa eta arautzen dituena enpresen eta lokalen erregistroak.

22.–33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, baldintzak arautzen dituena aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko, eta ezartzen dituena sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak.

23.–Martzillako geografia eta kale-izendegia (Udalaren web-orriko testuaren eta planoaren arabera).

24.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

IV. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak (gaitasun fisikoa):

1.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba.

–Deskripzioa: banku batean etzanda, ahoz gora, eta oinak euste-zoruan dituela, izangaiak pisu bat goratu beharko du 60 segundoan ahal duen aldi guztietan. Pisua 38 kilokoa izanen da gizonentzat, eta 20 kilokoa emakumeentzat. Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz heldu eta hatzak itxirik (eskuen arteko distantzia 80 cm izanen da gehienez, neurtuta barrarekin kontaktuan dauden hatz erakusleen arteko tartea). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da eskularrurik erabili, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ezta jantzia kendu ere bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Honelakoetan, ariketa bukatutzat emanen da:

  • Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.
  • Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

–Puntuazioa: “gai” edo “ez gai” kalifikazioa egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK

EZ GAI

Gizonak

30 baino gutxiago

Emakumeak

25 baino gutxiago

2.–Uretako trebetasun proba (50 metro estilo librean).

Baloratuko da arnasa hartzeko mekanismoen kontrola eta ur ingurunean nola egokitzen den.

–Deskripzioa: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Igerileku ertzetik atera behar da, irteera-plataformara igo gabe.

Ezin izanen da erabili ez neoprenozko jantzirik, ez urpeko betaurrekorik, ez eta urpekaritzako beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Ezin izanen da proba igerileku barnetik hasi.

–Nola eginen den: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretara bota eta 50 metro igerian eginen ditu (25 metroko tarte bat joateko eta 25 metro itzultzeko). Igerilekuaren ertzetik irten beharko da, zutik jarrita (bi oinak lurrean), uraren arrasetik eta geldirik egonda. Irteteko, ez da igoko inolako irteera-plataformatara edo euskarritara.

Saio bakarra eginen da. Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:

  • Kortxo-ilarak edo igerilekuko alboko kaleak erabiltzen baditu euskarri moduan edo bulkatzeko.
  • Igerilekuaren ertzei heltzen badie atseden hartzeko.
  • Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz bulkada hartzen badu.
  • Kalez aldatzen bada.
  • Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.
  • Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.

–Puntuazioa: “gai” edo “ez gai” kalifikazioa ondoko eskalaren arabera emanen da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

Gizonak

45” edo gehiago

Emakumeak

50” edo gehiago

3.–Erresistentzia-proba (Cooperren testa).

–Deskripzioa: lasterka, 12 minutuan ahalik eta tarterik luzeena egin beharko da.

–Hasierako posizioa: zutik, irteera-lerroaren atzean.

  • Gizonezkoak: 2.340 metro baino gutxiago (bederatzi aldiz zirkuitua), ez gai; 2.340 metro baino gehiago (bederatzi aldiz zirkuitua), gai.
  • Emakumezkoak: 2.080 metro baino gutxiago (zortzi aldiz zirkuitua), ez gai; 2.080 metro baino gehiago (zortzi aldiz zirkuitua), gai.

–Puntuazioa: “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen da zehaztutako denboran egindako distantziaren arabera, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK DISTANTZIA

EZ GAI

Gizonak

2.340 metro baino gutxiago

Emakumeak

2.080 metro baino gutxiago

4.–Behe-atalaren indar- eta potentzia-proba (luzera-jauzia).

–Deskripzioa: ariketa honen helburua da gorputzaren behe-atalaren indarra eta potentzia baloratzea.

–Jarrera: izangaia jarriko da lurrean markatutako marra baten atzeko aldean; metro bat luze eta 0,05 metro zabal izanen du.

–Nola eginen den: prest dagoenean, izangaiak beheko atala flexionatuko eta luzatuko du azkar, bi oinak lurzoruan bermatuz gorputza aurreraka proiektatzeko, eta ahalik eta distantzia handiena egiteko. Baimendurik dago oinaren punta-orpoetan kulunkatzea, edo orpoa altxatzea jauziaren aurretik, eta erortzean tokian mantendu behar da, orekari eutsiz, eta bermatu ondoren oinak mugitu gabe.

–Neurketa: neurtuko da irteera-marratik atzeren dagoen oinaren orporaino (irteera-marratik hurbilen dagoeneraino). Metrotan eta zentimetrotan neurtuko da.

Gehienez ere hiru saio egiten ahalko dira, ondoren azaltzen den moduan. Aurreneko bi saioak libreak izanen dira, eta egiten ahalko dira lehenbizikoa ez baliogabetu arren; horietatik, distantzia luzeena zeinetan lortu den, horixe hartuko da kontuan. Hirugarrena ez da horien jarraian eginen, eta lehenbiziko biak baliogabetu baldin badira soilik eginen da.

Baliogabetzeari dagokionez, hauek hartuko dira aintzat:

  • Abiada hartzeko urratsak egitea, jauzi egin aurretik.
  • Lurzoruan oinak ez bermatzea batera, baizik lehenik bat eta gero bestea.
  • Behin oinak lurretik bereizirik, ezin izanen dira berriz bermatu azken bulkada hartzeko.
  • Debeku da marra zapaltzea bulkada hartzeko unean.
  • Jauzia baliogabetu eginen da baldin izangaiak oinak mugitzen baditu erori ondoren.
  • Jauzia baliogabea izanen da baldin izangaiak eskuak lurrean bermatzen baditu erori ondoren.

–Puntuazioa: “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen da egindako distantziaren arabera, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK DISTANTZIA

EZ GAI

Gizonak

1,80 metro baino gutxiago

Emakumeak

1,60 metro baino gutxiago

Iragarkiaren kodea: L2204029