65. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

64/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 18koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean adinekoentzako egoitzen eta eguneko zentroen, etxeko laguntza zerbitzuen eta telelaguntza zerbitzuen esparruan gutxieneko funtsezko zerbitzuak arautzen dituena, 2022ko martxoaren 24ko 7:00etatik martxoaren 25eko 7:00etara egitekoa den greba dela eta.

ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek greba-deialdia egin dute 2022ko martxoaren 24ko 7:00etatik martxoaren 25eko 7:00etara bitarteko lanaldietarako, Nafarroako Foru Komunitateko zahar egoitzen, eguneko zentroen, etxeko laguntza zerbitzuen eta telelaguntza zerbitzuen esparruan.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Adinekoen zainketen arloan eta gizarte zerbitzuen arloan, oro har, zerbitzu jakin batzuek (egoitza zentroak, etxebizitzak, eguneko arretarako zentroak eta etxeko laguntza zerbitzuak, besteak beste) berehalako erantzuna ematen dute zainketa beharra dagoen egoera batzuetan; izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eta laguntza indibiduala, familiarra edo kolektiboa eskaintzen diete egoera ahulean dauden gizarte taldeei, konparazio batera, mendekotasuna duten pertsonei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei.

Grebaren eragina jasoko duten adinekoentzako laguntza zerbitzu horien instalazioetan, batzuetan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendeari arreta ematen zaio, eta beste batzuetan, hainbat zerbitzu, tratamendu, programa eta laguntza eskaintzen dira bertan. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak finkatzean, ezinbestekoa da erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko nahitaezkoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.

Azpimarratu beharra dago gizarte baliabide horien erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan sartzen direla haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak, hala nola elikadura, baina, baita ere, zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutakoak.

Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiak beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Proposamena greba-deialdia egin duten sindikatuei igorri zaie, Greba Batzordearen ordezkariak diren aldetik.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–2022ko martxoaren 24ko 7:00etatik martxoaren 25eko 7:00etara egitekoa den greba dela eta, grebaren xedeko esparruetan gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da greba eskubidea:

Gizarte zerbitzuen arlo guztietako etxeko laguntza zerbitzuetan, adinekoentzako eguneko arretarako zentroetan eta egoitza-arretarako zentroetan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzea xede duten zerbitzu guztiak eman beharko dira: zainketa pertsonalekoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babestekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.

Hori helburu, zerbitzu horiek ematen direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek egon beharko dute jardunean. Horretarako, hauxe kalkulatu da:

–Adinekoentzako egoitza zentroak: jaiegunetan zuzeneko arretarako izaten den langile kopuru bera, betiere deitutako grebak hartzen dituen lanaldiei zegokien kopurua gainditu gabe.

–Adinekoentzako eguneko arretarako zentroak: gutxienez zaintzaile bat sei erabiltzaileko, teknikariak alde batera utzita, eta beharrezkoa baldin bada, sukaldeko zerbitzua bermatzeko behar diren langileak. Garraio zerbitzua ere mantendu beharko da.

–Etxeko laguntza zerbitzuak: Elikadura eta banaketa bermatuko dira, baita ezinbesteko arreta pertsonala ere.

2.–Aurreko zenbakian jasotako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek eginen dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan istiluak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3.–Foru agindu hau ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuei jakinaraztea, Greba Batzordearen ordezkariak diren aldetik, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 18an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2204139