65. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

603/2022 EBAZPENA, 2022ko martxoaren 18koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, deialdia onesten da bi sari emateko nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetako ikasketa amaierako lan hoberenei, hots, 2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu diren eta “gainditua” kalifikazioa lortu duten graduko eta masterreko edozein titulaziotako lan hoberenei.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Taldearen Katedraren helburua da ezagutza sortzea Ingeniaritza eta Teknologiaren, Oinarrizko Zientzien eta Osasun Zientzien, Zientzia Ekonomikoen eta Juridikoen, eta Gizarte Zientzien arloetan. Horretarako, AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak finantzatutako katedra horrek ekintzak egiten ditu nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloko ikerketak eta jarduerak bultzatzeko, garatzeko, babesteko eta sustatzeko.

Hori dela eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Taldearen Katedrako Segimendu Batzorde Mistoak erabaki zuen 2022ko jarduera-programaren barruan honako deialdi honen oinarriak onestea: 2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu diren eta “gainditua” kalifikazioa lortu duten nekazaritza, nekazaritzako industria eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetako ikasketa amaierako lan hoberenei bi sari emateko deialdia.

Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak egindako akta eta proposamena.

Ikusirik Unibertsitateko Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2019ko uztailaren 3an emandako 1420/2019 Ebazpenaren bidez ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea 2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu diren eta “gainditua” kalifikazioa lortu duten nekazaritza, nekazaritzako industria eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetako ikasketa amaierako lan hoberenei bi sari emateko deialdia, ebazpen honen eranskin gisa ageri diren oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko. Gastua, 3.000,00 euro-koa gehienez, sarietarako izanen da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2022ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partidaren kargura ordainduko da:

30.31.11.3735 480.25 Katedren Sariak 3.000,00 euro.

Hirugarrena.–Deialdia egiten da ikasketa amaierako lan hoberenei 2.000 euro-ko sari bat eta 1.000 euro-ko beste bat emateko. PFEZari dagokionez, sari hauek jarduera profesionalaren errendimendutzat jotzen dira; beraz, aplikatuko zaien atxikipena % 15ekoa izanen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 78. artikuluaren arabera.

Laugarrena.–Ebazpen hau helaraztea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontuhartzailetzari.

Bosgarrena.–Agindua ematea ebazpen hau argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Taldearen Katedraren webgunean (www.unavarra.es/catedragrupoan) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2022ko martxoaren 18an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco Javier Arregui San Martín.

I. ERANSKINA

Oinarriak

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN AN TALDEAREN KATEDRAK EGINDAKO DEIALDIA IKASKETA AMAIERAKO LAN HOBERENEI SARIA EMATEKO. IV. EDIZIOA

Eranskina, 2022ko martxoaren 18ko 603/2022 Ebazpenarena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak, hau da, AN Taldearen Katedra osatzen duten entitateek, uste dute beharrezkoa dela ezagutza sortzea nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetan, unibertsitateko ikasleentzako eta sektoreko profesionalentzako prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak eginez.

Hori dela medio, AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak deialdia egiten du bi sari emateko 2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu diren eta “gainditua” kalifikazioa lortu duten ikasketa amaierako lan hoberenei. Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkez daitezke, baldin ikasketa amaierako lana ikasturte horietan eta arlo hauetan egin bazuten: nekazaritza, nekazaritzako industria eta nekazaritzako kooperatibismoa.

Horiek horrela, AN Taldearen Katedrako Segimendu Batzorde Mistoak deialdi hau egiten du.

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua sari hauek emateko prozedura arautzea da publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera: 2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu diren eta “gainditua” kalifikazioa lortu duten nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetako ikasketa amaierako lan hoberenentzako bi sari.

2.–Finantzaketa.

Deialdi honek 3.000 euroko aurrekontua du osotara. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2022ko gastuen aurrekontuko 30.31.11.3735 480.25 Katedren sariak izeneko partidaren kargura ordainduko dira.

AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak ematen du diru kopuru hori, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren finantzaketari egiten dion ekarpenaren parte gisa.

3.–Deialdiko sariak.

Deialdia egiten da 2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu diren eta “gainditua” kalifikazioa lortu duten nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetako ikasketa amaierako lan hoberenei honako sari hauek emateko:

–2.000 euroko sari bat. Epaimahaiak zilegi du kategoria honetan bi sari ex aequo ematea. Kasu horretan, erdi bana banatuko da saria bi irabazleen artean.

–1.000 euro-ko sari bat.

4.–Hautagai izateko baldintzak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkez daitezke, baldin eta ikasketa amaierako lana nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetan egin badute 2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan, hau da, ikasketa amaierako lanak defendatzeko deialdietan, 2019ko irailaren 30etik 2022ko irailaren 30era. Gainera, lanaren kalifikazioak “Bikain” edo “Ohorezko matrikula” izan behar du.

5.–Hautagaitzak aurkezteko epea.

Sarietara aurkeztu nahi dutenek inprimaki normalizatua bete behar dute; esteka honetan dago eskuragarri: http://bit.ly/2f4y0wO. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan edo Iruñeko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Tuteran duen Erregistroan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietako batean aurkeztu behar da.

Horretaz gainera, mezu elektroniko bat bidali behar dute catedra.grupoan@unavarra.es helbide elektronikora, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu baino lehen, eta gaian “IAL sariak-AN Taldearen Katedra” jarri behar dute, hautagaiaren izen-deiturekin, eta dokumentazio hau erantsirik:

–Ikasketa amaierako lanaren ildo nagusien laburpena (4 orri gehienez).

–Azalpen labur bat, aditzera ematen duena ikasketa amaierako lanak saria zergatik merezi duen eta zer ekarpen egiten dion proposatutako arloetakoren bati (orri bat gehienez).

–IALa dibulgatzeko azalpen-bideoa (2-3 minutukoa, horizontalki grabatua), hizkera errazekoa, ulerterraza eta jende guztiarengana iristeko modukoa.

Hautagaitzak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2022ko urriaren 15ean bukatuko da.

Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

6.–Saridunen betebeharrak.

1. Saridunek nahi bezala erabiliko dute jasotako diru kopurua, eta ordainketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak eta AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak antolatuko duten ekitaldi publiko batean eginen da.

2. PFEZari dagokionez, saria jarduera profesionalaren errendimendua izanen da, eta, beraz, Unibertsitateak %15eko atxikipena eginen du.

3. Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.

7.–Sariaren epaimahaia.

Honako lau kide hauek osatuko dute bi sariak emanen dituen epaimahaia:

–AN Kooperatiba Taldearen Fundazioaren presidentea edo hark eskuordetutako pertsona.

–AN Taldearen Katedraren zuzendaria, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle dena, edo hark eskuordetutako pertsona.

–Batzorde Mistoko bi kide, edo haiek eskuordetutako pertsonak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN taldearen Katedraren zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta, horretarako, epaimahaikideei dei eginen die. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketa-lanak eginen ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

8.–Saria ematea.

1. Epaimahaiak hautagaitzei buruzko lehen ebaluazio bat eginen du, kalitatearen eta inpaktuaren arabera, txosten arrazoituarekin batera, eta haien artetik 5 hoberenak proposatuko ditu ikasketa amaierako lanak jendaurrean azal eta defenda ditzaten. Hamargarren oinarrian jasotzen den bezala (“Argitaratzea” izenekoan), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren webgunean (www.unavarra.es/catedragrupoan) soilik emanen da ezagutzera deialdi honi buruzko informazioa.

2. Ikasketa amaierako lanen jendaurreko azalpena eta defentsa presentzialki edo online egiten ahalko da. Epaimahaiak alderdi hauek baloratuko ditu:

–Aztertutako gaiak zenbateko interesa duen eta zein neurritan egokitzen den deialdiaren edukietara.

–Nolakoa den lanaren kalitate zientifikoa eta teknikoa. Zenbateko zehaztasunez erabiltzen diren iturriak eta nolakoa den lanaren barne sendotasuna.

–Estiloa zuzena ote den, eta lana adierazteko eta aurkezteko modua argia ote den.

3. Jendaurrean azaldu eta defendatzeko ekitaldiaren ondoren, epaimahaiak lehenbiziko eta bigarren sariak emateko proposamena eginen du, txosten arrazoituan oinarrituta.

4. Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio lehenbiziko eta bigarren sariak emateko proposamena. Errektoreordeak dagokion ebazpena emanen du Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa amaierako lanik hoberenei lehenbiziko eta bigarren sariak emateko. Ebazpen horretan, saritutako hautagaien izena baino ez da agertuko, eta gainerako hautagaitzak atzera bota direla ulertuko da.

5. Epaimahaiak eman gabe utz litzake sariak, hala egitea egokia iruditu zaiolako edo hautagairik ez dagoelako.

6. Zilegi du, halaber, lehenbiziko saria ex aequo ematea, epaimahaiari hala egitea egokia iruditzen bazaio.

7. Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak emanen du ezagutzera sarien behin betiko esleipenaren ebazpena.

9.–Irudi eskubideak, datuak argitaratzeko eskubideak eta konfidentzialtasun betebeharrak.

Nabarmendu beharra dago deialdiko parte-hartzaileen bideoak webgunean, sare sozialetan eta Interneten zabaltzen ahalko direla. Datuen babesari buruzko araudiarekin eta 1/1982 Lege Organikoaren aginduekin bat etorriz, bideoak soilik zabalduko dira haien egileek horretarako baimena eman badute. Horretarako, deialdi honetan parte hartzeko eskabidearen inprimakian zabalkuntza hori baimentzeko borondatezko aukera gaituko da.

Enpresaren edo erakunderen batekin konfidentzialtasun hitzarmen edo betebehar bat sinatua eta indarrean daukaten ikasketa amaierako lanek, bai GALek eta bai MALek, akordio horretan ezarritakoa bete beharko dute. Nolanahi ere, hautagaien ardura izanen da beren eskabideetan eta defentsetan datu edo informazio konfidentzialik ez zabaltzea.

10.–Datuen babesa.

Parte-hartzaileek deialdi honetan ematen dituzten datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduaren gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (DBEO); eta 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

Datuen tratamenduaren xedea nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetan ezagutza sortzea da, eta, horretarako, NUPeko ikasketa amaierako lan hoberenei bi sari emateko deialdia egiten da. Hortaz, tratamenduaren oinarri juridikoa botere publikoa baliatzea eta interes publikoaren misioa betetzea da, DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera.

Datuen tratamenduaren arduradunak Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta AN Taldea dira. Interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk erabiltzeko ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es edo an@grupan.es helbideetara idatziz, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko Lege Organikoko 11. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera.

NUPek eta AN Taldeak datu hauek tratatuko dituzte: hautagaien identifikazio-datuak, harremanetan jartzekoak, sinadura eta ikasketa amaierako lanak, bai eta grabatu beharreko bideoko ahotsa, irudia eta bestelako edukiak ere. Horretaz gainera, zer hautagaitza proposatu diren eta saria nork irabazi duen argitaratuko da. Halaber, bankuko datuak ere tratatuko dira saridunei ordainketak egiteko.

11.–Argitaratzea.

Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Taldearen Katedraren webgunean (www.unavarra.es/catedragrupoan) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak eta AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak ziurtatuko dute ebazpen honen zabalpena.

Deialdi hau aplikatzeko emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren webgunean baino ez dira argitaratuko.

Bitarteko horiek izanen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak onartutako publizitate tresna bakarra; nolanahi ere, baliteke interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinarazpen bat bidaltzea modu osagarri eta ez-ofizialean.

12.–Errekurtsoak.

Interesdunek, deialdi honen eta bere oinarrien aurka, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, hilabeteko epean Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2204219