63. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21E/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 7koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako udalerriei “Artea eta Kultura 2022” programako arte eta kultur jarduerak egiteko dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 614549.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatzen da Nafarroako udalerriei “Artea eta kultura” programaren barruko kultur jarduerak egiteko dirulaguntzak emateko deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, 553.764 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen helburua, baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako udalerriei “Artea eta Kultura 2022” programako arte eta kultur jarduerak egiteko dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4609-334100: Udaletako kultur ekintzetarako laguntzak

2022

553.764,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko martxoaren 7an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO UDALERRIEI “ARTEA ETA KULTURA 2022” PROGRAMAKO ARTE ETA KULTUR JARDUERAK EGITEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea eta helburua.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako udalerrietan arte eta kultur jarduerak sustatzeko laguntzak arautzea. Jarduera horiek 1.2 puntuan deskribatutako arloetakoak izan beharko dira, eta 2021eko azaroaren 8tik 2022ko azaroaren 6ra bitarte egin beharko dira, bi egun horiek barne.

1.2. Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek hartzen dira arte eta kultur jardueratzat: arte bisualetako ikuskizunak eta proiektuak (arte plastikoak, instalazioa, esku-hartzea, bideoartea, arte ekologikoa, arte efimeroa, besteak beste), Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekintza Zerbitzuak honako sektore hauetan egin ohi dituen jarduerekin lotuta daudenak: antzerkia, dantza, zirkua, musika, literatura eta hitza, arte bisualak, zinema eta ikus-entzunezko arteak, eta herri-kultura eta kultura tradizionala.

1.3. Jardueren programazioaren asmoa da eragin positiboa izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean. Eragin hori, hain zuzen, 11.1.e) oinarrian adierazitako generoari buruzko memorian jaso beharko da.

1.4. Jardueren programazioaren bidez eragin positiboa sortu nahi da Nafarroako kulturgintzako eragileetan, eta horiei laguntzea Covid-19aren eraginari aurre egiteko.

2. Toki erakunde onuradunek bete beharrekoak.

Laguntza hauen onuradun izan nahi duten erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak eta, horiez gainera, honako hau: une honetan ez egotea ez administrazio zehapen edo kondena-epai irmo bat betetzen sexuan edo generoan oinarritutako lan praktika diskriminatzaileak izateagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiengatik ezarritako zehapen edo kondena epai bat betetzeko zain ere.

2.2. 40.000 biztanletik beherako populazioa duten Nafarroako udalerriak izatea.

2.3. Udalerriek beren kultur jarduerak zuzenean kudeatzeko baliatzen dituzten erakunde edo entitateak ere izaten ahalko dira onuradunak, hala badagokio, bai eta haiek osatutako fundazioak ere.

3. Aurrekontuko egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (553.764 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Oinarrizko dirulaguntza bat ezarriko da udalerriko biztanle kopuruaren arabera, IV. eranskinari jarraikiz (Nafarroako udalerriek 2021eko urtarrilaren 1ean zuten populazioaren datu ofizialak, Nafarroako Estatistika Institutuak emandakoak).

Deialdian baimendutako zenbatekoa txikiagoa bada herriei, biztanleriaren arabera, dagozkien zenbatekoen batura baino, zenbatekoa proportzionalki gutxituko da.

3.3. Behin eskaerak azterturik eta aurreko atalaren arabera laguntzak kalkulaturik, deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortu ez bada, 7 puntu edo gehiago dituzten udalerrien artean banatuko da (deialdi honen oinarri arautzaileetako 7. atalean ezarritako irizpideen arabera).

Irizpide hau aplikatuz eginen da banaketa: 7 puntu edo gehiago lortu dituzten udalerri eta erakundeen puntuazio guztiak batuko dira eta gerakina zati puntuazio hori eginen da, puntu bakoitzaren balioa kalkulatzeko.

Puntua bider lortutako puntuazioa eginen da, eta horrela lortuko da herri bakoitzari dagokion diru kopurua.

3.4. Laguntzak onartutako aurrekontuaren % 50ekoak izanen dira gehienez ere.

4. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.navarra.es).

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea modu elektronikoan. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

4.3. Laguntza eskabideak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

4.4. Eskabide eredua eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

4.5. Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo erakunde eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueren ezaugarriak biltzen dituztenak, eta, ondorio horietarako, hauek dira diruz lagungarriak:

a) Talde profesionalen eta talde amateurren ikuskizunak kontratatzeagatiko gastuak, BEZa barne, erakundeak ezin badu konpentsatu.

b) Arte bisualen proiektuak programatu eta kontratatzeak sortutako gastuak (arte plastikoak, instalazioa, esku-hartzea, bideoartea, arte ekologikoa, arte efimeroa, besteak beste), BEZa barne, erakundeak ezin badu konpentsatu.

c) Egile-eskubideak kudeatzen dituzten erakundeek sortutako gastuak, BEZa barne, erakundeak ezin badu konpentsatu.

d) Programatutako jarduerak gauzatzeak eragindako gastuak, BEZa barne, erakundeak ezin badu konpentsatu.

e) Programatutako jardueren zabalkunde gastuak, BEZa barne, erakundeak ezin badu konpentsatu.

5.2. Dirulaguntzen deialdi honen xedetik kanpo daude, berariaz, honako hauek:

a) Bidaien, otorduen, ostatuen eta dieten gastuak.

b) Ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, sariak eta lehiaketetako epaimahaikideei egindako ordainketak.

c) Toki erakundeek herriko festak edo herriko zaindariaren festak direla-eta antolatu edo babesten dituzten kultur jarduerak.

d) Eguberrietako festen inguruan antolatzen diren jarduerak.

e) Herriko arte eta/edo kultur entitateen parte-hartzea duten jarduerak.

f) Kultur jarduerak egiteko antzokiak edo lokalak alokatzea.

g) Udalak diruz laguntzen dituen beste entitate batzuen jarduerek sortutako gastuak.

h) Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

BEZa duten gastuen kasuan, erakundeak ezin badu konpentsatu, gastuaren barruan zenbateko hori adieraziko da.

Erakundeak konpentsatzen ahal badu, gastuaren barruan ez da BEZaren zenbatekoa adieraziko.

Erakundeak BEZaren hainbanaketa aplikatzen badu, hainbanaketa horren arabera dagokion BEZaren zenbatekoa sartuko da.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atala izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

6.2. Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.3. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Lorenzo García Echegoyen jauna, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria. Batzordeko burua izanen da. Ordezkoa: Joaquín Llanso San Juan jauna, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

–Patrick Ullate García jauna, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: Jesús Arana Palacios jauna.

–Amalia Jiménez Atienza andrea, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: María José Redín Armañanzas andrea.

–Estefanía Munárriz Nuin andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua. Batzordeko idazkaria izanen da, hitza eta botoa dituela. Ordezkoa: María Soledad Martínez Caspe andrea, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua.

a) Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da.

Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusi ondoren, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

b) Kultur Ekintza Zerbitzuak eskatuta, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak (10 puntu).

7.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzen zenbatekoa finkatzeko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Jardueren programazioa (6 puntu gehienez).

a.1) Jardueren kopurua, diziplinen arabera (antzerkia, dantza, zirkua, musika, literatura eta hitza, arte bisualak, zinema eta ikus-entzunezko arteak, eta herri-kultura eta kultura tradizionala). (0,5 puntu gehienez).

–1 eta 5 diziplina bitarte hartzen dituzten jarduerak: 0,25 puntu.

–6 eta 8 diziplina bitarte hartzen dituzten jarduerak: 0,50 puntu.

a.2) Jarduera kopurua (arte bisualetako jarduerak zenbatu gabe). (gehienez ere puntu 1).

–4 jardueratik 9 jarduera bitarte: 0,25 puntu.

–10 jardueratik 16 jarduera bitarte: 0,50 puntu.

–17 jardueratik 24 jarduera bitarte: 0,75 puntu.

–24 jarduera baino gehiago: puntu bat.

a.3) Arte bisualetako jardueren kopurua (gehienez 0,5 puntu).

–1 jardueratik 4 jarduera bitarte: 0 puntu.

–5 jardueratik 10 jarduera bitarte: 0,25 puntu.

–10 jarduera baino gehiago: 0,50 puntu.

a.4) Nafar sortzaileekin programatutako jarduerak (profesionalak eta amateurrak) (gehienez ere 2 puntu).

–1etik 3ra (baldin eta haien % 50 sortzaile profesionalak badira): 0,50 puntu.

–4tik 6ra (baldin eta haien % 50 sortzaile profesionalak badira): puntu bat.

–6 baino gehiago (baldin eta haien % 50 sortzaile profesionalak badira): 2 puntu.

a.5) 2021eko deialdian onartutako gastu guztiaren justifikazioa (puntu 1).

(Barne egiaztapen bat eginen da, eskatzaileek 2021eko deialdian emandako eta Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalera igorritako datuak aztertuz).

a.6) Euskaraz programatutako jarduerak (puntu 1 gehienez).

–Jarduera 1etik 3 jarduera bitarte: 0,25 puntu.

–4 jardueratik 5 jarduera bitarte: 0,50 puntu.

–6 jardueratik 10 jarduera bitarte: 0,75 puntu.

–10 jarduera baino gehiago: puntu bat.

b) Aurrekontu-eginahala, populazioarekin alderatuta (3 puntu gehienez).

(Hau ulertzen da aurrekontu-eginahaltzat: Artea eta Kultura 2022ko deialdi honetan onartutako aurrekontua zati herriko biztanle kopurua).

• 0 eurotik 2,00 eurora: 0 puntu.

• 2,01 eurotik 4 eurora: 0,25 puntu.

• 4,01 eurotik 6 eurora: 1,00 puntu.

• 6,01 eurotik 8 eurora: 1,50 puntu.

• 8,01 eurotik 10 eurora: 2,00 puntu.

• 10,01 eurotik 12,00 eurora: 2,50 puntu.

• 12,01 eurotik 14,00 eurora: 2,75 puntu.

• 14 eurotik gora: 3,00 puntu.

c) Udalerrian kultur kudeaketako teknikari bat egotea, funtzionarioa nahiz kontratuduna, edo kulturako zerbitzuak kontratatzea enpresa baten bidez. (gehienez ere puntu 1).

–1 puntu, A edo B mailarekin parekatutako funtzionarioa edo kontratuduna badago edo enpresa pribatu baten zerbitzuak kontratatzen badira.

–0,5 puntu, C mailara parekatutako funtzionarioa edo kontratuduna badago.

8. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

Gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio eskabidean adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka, pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean ezarritako baldintza eta betebeharrak bete beharko dituzte, baita Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritakoak ere, foru agindu horren bidez onetsi baitzen kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua.

10. Toki erakunde onuradunen betebeharrak.

10.1. Kultur jardueren kudeaketa toki erakundeak berak zuzenean egiten ez badu, kudeaketa egiten duten erakunde autonomoek, patronatuek, fundazioek, enpresa entitate publikoek edo merkataritza sozietateek, dirulaguntza eman dela posta elektronikoaz jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jardueretarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Diruz lagundutako jarduerak egin direla eta egindako gastuak justifikatu beharko dira Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean.

10.4. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinarazi beharko zaio jarduerak gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako jardueretan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du ofizioz, baldin eta aldaketak diruz lagundutako jarduerak funtsean aldatzen ez baditu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.5. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea programan, kartelean edo edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da (publicaciones@navarra.es), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.

10.6. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak jarduerak bete direla ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

10.7. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.8. Ez erabiltzea inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan, hizkera edo irudi sexistarik. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da (horretarako, honako lan hau kontsulta dezakete onuradunek: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin ondoren ordainduko dira emandako laguntzak, ordainketa bakar batean, baldin eta dokumentazio hau aurkezten bada 2022ko azaroaren 14a bitarte, egun hori barne:

a) Laguntza jaso duen programaren datu orri bat, V. eranskin gisa atxikirik dagoen ereduaren araberakoa (datuak SICNAn sartu behar dituzten udalek ez dute aurkeztu beharko).

b) Gastuak justifikatzeko taula (VI. eranskina), Excel formatuan, eremu guztiak beteta.

–Jarduera.

–Kontratatutako talde artistikoa eta/edo entitatea.

–Lana.

–Gastuaren kontabilizazio agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren data.

–Faktura zenbakia (toki erakundeei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira. Dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).

–Fakturaren data.

–Zenbatekoa (BEZa barne, erakundeak ezin badu konpentsatu).

c) Kontu-hartzailearen edo idazkari-kontu-hartzailearen ziurtagiria, alkateak ontzat emana (III. eranskina) edo, bestela, erakundeko idazkariarena, kudeatzaileak edo buruak ontzat emana; ziurtatu behar du erakundeak emandako informazioan ageri diren datuak egiazkoak direla.

d) Mezenasgo eta babesletzarako dauden modalitateen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira, halakorik bada, eta horiek diruz lagundutako proiektuaren garapenean izandako eragina ebaluatuko da.

e) Generoari buruzko memoria (VII. eranskina), honako hauek zehazten dituena:

–Programatutako jarduera bakoitzean izandako parte-hartzea, sexuaren arabera bereizita:

  • Jardueraren zuzendaria/koordinatzailea (gizonezkoa edo emakumezkoa den). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.
  • Jarduera edo programaren hartzaile den publikoaren partaidetza erregistratua edo estimatua, sexuaren arabera bereizita.

–Genero-berdintasunean eragina duten gaiak dituzten jarduerak: justifikazio laburra.

–Diruz lagundutako proiektuaren eta entitatearen autobalorazioa, genero-dimentsioari dagokionez.

11.2. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatu beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatzen ez bada, proportzioan murriztuko da laguntza.

11.3. Justifikazioaren edukia egoki haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

12. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo jarduera horretarako beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Laguntza itzultzea.

Erakunde onuradunak behar bezala justifikatu ezean onartutako programa gauzatu dela, ordaindutako laguntza osorik edo zati batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

17. Eredu edo txantiloien zerrenda.

Honako dokumentu hauek eskuragarri egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-atariaren esteka honetan:

I. eranskina.–Eskabidea.

II. eranskina.–Jardueren taula.

III. eranskina.–Ziurtagiri eredua.

IV. eranskina.–Dirulaguntzen zerrenda populazioaren arabera.

V. eranskina.–Jardueren datuak.

VI. eranskina.–Gastuak justifikatzeko taula.

VII. eranskina.–Generoari buruzko memoria.

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/laboral/1018/Entidades-locales/Subvenciones-y-financiacion

Iragarkiaren kodea: F2203690