63. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

72/2022 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazioa egiteko jarraibideak 2021-2022 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldatutako testuaren arabera) 36 bis artikuluan aurreikusten du banakako ebaluazio bat egitea Batxilergoko etapa bukatutakoan.

Xedapen hori garatzeko, uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretua eman zen, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren amaierako ebaluazioak arautzen dituena. Dekretu horrek garai hartako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari agindu zion ebaluazio horretarako proben ezaugarriak, diseinua eta edukia zehazteko ikasturte bakoitzerako, ministro agindu baten bidez, bai eta lortutako kalifikazioak berrikusteko prozedurak ere.

Geroago, abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretuak, zeinaren bidez premiazko neurriak ezarri baitziren Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa ezartzeko egutegia zabaltzearren, 1. artikuluan, lege organiko horren azken xedapenetako bosgarrena aldatu zuen, eta 3. apartatuaren idazketa berrian xedatu zuen ezen, Hezkuntzarako Estatu Itun Sozial eta Politikoaren ondoriozko araudia indarrean sartu arte, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 36 bis artikuluan araututako Batxilergoaren ebaluazioa ez zela beharrezkoa izanen batxiler-titulua lortzeko, eta, horrenbestez, graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egin nahi dituzten ikasleei bakarrik eginen zaiela proba hori.

Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetako eta Memoria Demokratikoko Ministerioak, otsailaren 2ko PCM/58/2022 Aginduaren bidez, zehaztu ditu unibertsitatean sartzeko eginen den Batxilergoaren ebaluazioaren ezaugarriak, diseinua eta edukia, bai eta probak egiteko gehieneko epeak eta lortutako kalifikazioak berrikusteko prozedurak ebaztekoak ere, 2021-2022 ikasturterako.

Bestalde, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan onartzeko prozeduren oinarrizko araudia ezartzen duen ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuaren 7.1 artikuluan adierazten da unibertsitate publikoek honako hauek ezarriko dituztela: balorazio irizpideak, ikaspostuak esleitzeko lehentasun ordena ezartzeari begira aplikatuko dituzten arauak eta, hala behar denean, baita onartzeko prozedurak ere.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da zehaztea, Nafarroako Foru Komunitaterako, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko Batxilergoaren ebaluazio probak 2021-2022 ikasturtean izanen dituen ezaugarriak, horrela aipatutako araudian ezarritakoa osatzeko eta betetzeko.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazioa egiteko jarraibideak onestea 2021-2022 ikasturterako. Jarraibide horiek ebazpen honen eranskinean zehazten dira.

2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko martxoaren 2an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazioa egiteko jarraibideak 2021-2022 ikasturterako

1.–Xedapen orokorrak.

1. Jarraibide hauen helburua da 2021-2022 ikasturtean unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazio probaren ezaugarriak zehaztea, Unibertsitatean sartzeari buruzko otsailaren 2ko PCM/58/2022 Aginduan ezarritakoaren arabera.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoan eginen den probarako aplikatuko dira.

3. Ebaluazioaren xedea da ikasleen heldutasun akademikoa eta graduko unibertsitate ikasketak ongi segitzeko duten gaitasuna baloratzea eta ikasketa horietan onartuak izateko eskaerak ordenatzea, eskainitako ikaspostuak esleitzeko.

4. Proban, honako hauek bermatuko dira: aukera berdintasuna, diskriminaziorik ez dela izanen, eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako irisgarritasun unibertsala.

2.–Batxilergoaren ebaluazio proba unibertsitatean sartzeko.

2.1. Probaren egitura.

5. Batxilergoko bigarren mailako irakasgaien curriculumera egokitu behar da proba. Hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuan arautu da curriculum hori.

6. Proba bi fasetan egituratuta dago: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Nahitaezko fasea Batxilergoko 2. mailako lau enborreko irakasgai orokorrei buruzkoa izanen da. Borondatezko fasea edozein modalitatetako aukerako enborreko irakasgaiei buruzkoa izanen da. Fase horretan, ikasleek aukera izanen dute modalitateko enborreko irakasgai orokorren eta atzerriko hizkuntza bakar baten azterketa ere egiteko, baldin eta irakasgai horietan izena eman ez badute deialdi bereko nahitaezko fasean. Borondatezko fase horretara, nota hobetu nahi duten ikasleak aurkezten ahalko dira.

Ikasleak onartzeko prozeduran, unibertsitateek borondatezko fasearen irakasgai bakoitzean lortzen den kalifikazioa kontuan hartzen ahalko dute.

7. Aipaturiko otsailaren 2ko PCM/58/2022 Aginduaren 3. artikuluarekin bat, Nafarroako Foru Komunitatean bosgarren ariketa bat ezarri da –nahitaezko fasearen barnean eta Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaiaren curriculumari lotua– Batxilergoko 2. maila “D” edo “A” hizkuntza ereduetan egin duten ikasleentzat, irakasgai hori egitetik salbuetsita ez badaude.

8. Azterketak egiteari dagokionez, honako alderdi hauek izanen dira kontuan:

a) Ebaluatu beharreko irakasgai bakoitzetik azterketa bat eginen da. Azterketa bakoitzean ikasleek proposamen bakarra izanen dute, zenbait galderarekin.

b) Antolaketa batzordeak igorritako jarraibideekin bat, epaimahaiak ezarriko du zenbat galdera erantzun behar diren, eta ikasleak berak aukeratuko ditu galderak. Galdera horien kopurua ezarrita egonen da halako moduan non ikasleak aukera izanen baitu azterketan puntuazio altuena lortzeko, edozein direla ere ikasleek, pandemiak sortutako egoeren ondorioz, irakaskuntza jasotzeko eta ikasten aritzeko izan dituzten baldintzak. Ezarritako gehieneko galdera kopuruari erantzuteko, ez da derrigorrezko galderarik edo gairik egonen.

c) Azterketa prestatzean, kontuan hartuko da ikasleak erantzun beharreko galdera kopurua bat datorrela azterketa egiteko dagoen gehieneko denborarekin, azterketa irakurtzeko denbora barne.

d) Unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazioko azterketa bakoitzak 90 minutuko iraupena izanen du. Azterketa batetik bestera gutxienez 30 minutuko atsedenaldia ezarriko da. Ez da atsedenalditzat hartuko hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei azterketa egiteko ematen zaien denbora gehigarria, neurri hori agindua dutenen kasuan.

9. Oro har, ikasleak bere hizkuntza ereduari dagokion hizkuntzan eginen du proba. Dena den, aldatzen ahalko du, eta aldaketak izena emandako irakasgai guztiak ukituko ditu, honako hauek izan ezik: Gaztelania eta Literatura II, Euskal Hizkuntza eta Literatura II eta Atzerriko Hizkuntza II.

2.2. Sarrera-probarako izen-ematea.

10. Hezkuntza Departamentuak eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuek Batxilergoko bigarren mailan matrikulatuta dauden ikasleen datuak bidaliko dizkiote Nafarroako Unibertsitate Publikoari, horrek ezarritako epean.

11. Horren ondoren, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarritako epean, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuek ikasle horien zerrenda ziurtatua aurkeztuko dute, dokumentazio ofizialean ageri den Batxilergoko batez besteko nota adierazita.

12. Ikasleek unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazio probarako izena emanen dute ebaluaziora aurkezteko aukera ematen dieten ikasketak bukatu dituzten ikastetxearen bitartez. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarritako bitarteko elektronikoen bidez eginen da izen-ematea. Batxilergoko edo goi mailako heziketa ziklo bateko ikasketak Nafarroako ikastetxe batean bukatu ez dituzten ikasleek zuzenean Nafarroako Unibertsitate Publikoan emanen dute izena.

13. Nahitaezko faserako, ikasleak izena emateko eskabidean Batxilergoko 2. mailan izan dituen irakasgaiak adieraziko ditu, eta egin dituen hizkuntzen artean (alemana, frantsesa edo ingelesa) zein izanen den atzerriko hizkuntzako ariketarena.

14. Borondatezko faseko azterketarako, ikasleak izena emateko eskabidean gehienez ere hiru irakasgai aukeratzen ahalko ditu, irakasgai izan dituenak nahiz izan ez dituenak, honako hauen artean: edozein modalitatetako aukerako enborreko irakasgaiak, beste modalitate batzuetako enborreko irakasgai orokorrak eta Batxilergoko 2. mailako atzerriko hizkuntza bat. Fase horretan hautatzen diren modalitateko enborreko irakasgai orokorrak eta atzerriko hizkuntza ezin dira bat etorri nahitaezko faseko izen-ematean adierazitakoekin. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ordutegiak prestatuko ditu ikasleak fase horretan gutxienez bi irakasgairen azterketa egin ahal izatea bermatzeko.

2.3. Kalifikazioak.

15. Nahitaezko faseko ariketa bakoitza 0tik 10era kalifikatuko da, bi dezimalekin. Fase horretako nota honela aterako da: ariketa guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa, hiru dezimalekin, milarenean biribildua. Nahitaezko fasea gainditzeak balio mugagabea izanen du.

16. Borondatezko faseko irakasgai bakoitza 0tik 10era bitarte kalifikatuko da, bi dezimalekin. Irakasgai bat gaindituko da 5 puntu edo gehiago lortzen direnean. Borondatezko faseko irakasgai bakoitzaren kalifikazioak hura gainditu eta ondorengo bi ikasturteetan balioko du unibertsitateetan onartua izateko.

2.4. Unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazioaren nota eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartua izateko nota.

17. Unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazioaren kalifikazioa Batxilergoko batez besteko notaren % 60ren eta nahitaezko faseko kalifikazioaren % 40ren arteko batezbesteko ponderatua izanen da. 0tik 10era adieraziko da, hiru dezimalekin, milarenean biribilduta. Unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazioa gaindituko da haztatze horren emaitza 5 puntukoa edo altuagoa denean, betiere nahitaezko fasean 4ko gutxieneko nota lortu bada.

18. Unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazioa gainditu ondoren, ikaslea borondatezko faseko edozein irakasgaitan eta/edo nahitaezko faseko irakasgai guztietan aurkezten ahalko da hurrengo deialdietan, kalifikazioa hobetzeko asmoz, eta, halakoetan, modalitateko enborreko irakasgai orokor bat eta atzerriko hizkuntza bat hautatzen ahalko ditu ikastetxean ikasi ez dituenetatik. Azken deialdian lortutako kalifikazioa hartuko da aintzat, baldin eta aurrekoan baino puntu gehiago lortu badira.

19. Graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan onartzeko prozeduren oinarrizko araudia ezartzen duen ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak graduko ikasketa ofizialetan ikasleak onartzeko eta ikaspostuak esleitzeko prozedurak jendaurrean jarriko ditu helbide honetan:

http://www.unavarra.es/eu/sites/estudios/acceso-y-admision/admision-en-estudios-de-grado/vias-de-acceso.html

2.5. Proba egiteko egunak.

20. Probak ekainaren 7an, 8an eta 9an izanen dira, ohiko deialdian; eta ekainaren 28an, 29an eta 30ean, ohiz kanpoko deialdian.

2.6. Batxilergoaren ebaluazioaren ariketetan lortutako kalifikazioak berrikustea.

21. Ikasleek eta, adingabeak badira, horien gurasoek edo legezko tutoreek ere, ebaluazioaren ariketa batean edo batzuetan lortutako kalifikazioa berrikustea eskatzen ahalko diote probaren antolaketa batzordeari.

Lortutako kalifikazioak berrikusteko eskaera aurkezteko epea hiru egun baliodunekoa izanen da, behin-behineko emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratzen diren egunetik kontatzen hasita. Hiru egun balioduneko epe horretan kalifikazioak berrikusteko eskaerarik aurkezten ez bada, antolaketa batzordeak behin-behineko emaitzak behin betiko bihurtuko ditu.

Behin betiko kalifikazio horien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, bi kasuetan ere errektoreak berrikuspen-prozedura ixteko ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Errekurtso horiek aurkezteak ez du inola ere ekarriko kalifikazioak berrikusteko fasean eskatu ez den bigarren edo hirugarren zuzenketa egitea.

22. Antolaketa batzordeak irakasle batzuk izendatuko ditu berrikusteko eskaera jaso duten ariketen behin-behineko kalifikazioaren bigarren zuzenketa egin dezaten, honako irizpide hauen arabera:

a) Berrikusteko eskaera jaso duten probak lehen zuzenketa egin zuten irakasleez beste irakasle batzuek zuzenduko dituzte.

b) Bigarren zuzenketa egin baino lehen, ariketak berrikusiko dira, galdera guztiak ebaluatu direla ziurtatzeko eta azken kalifikazioaren kalkuluan akatsik ez dagoela egiaztatzeko. Akatsik edo omisiorik aurkitzen bada, hasierako kalifikazioa zuzenduko da.

c) Ariketak berriz zuzenduko dira. Lehen kalifikazioaren (behar denean, akatsa zuzenduta) eta bigarren zuzenketaren artean bi puntutik beherako aldea badago, bien batezbesteko aritmetikoa izanen da azken kalifikazioa. Bi kalifikazioen artean bi puntuko edo hortik goragoko aldea badago, ofizioz hirugarren zuzenketa eginen da, eta hiruren batezbesteko aritmetikoa izanen da azken kalifikazioa. Prozedura hori bost egun balioduneko epean egin beharko da, kalifikazioak berrikusteko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik zenbatzen hasita.

d) Berrikusketa amaitu ondoren, probaren antolaketa batzordeak behin betiko kalifikazioak jarriko ditu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen, edo hark eskuordetzen duen pertsonaren, ebazpen baten bitartez kalifikazioak berrikusteko prozedura amaitutzat emanen da. Ebazpen horrek amaiera ematen dio bide administratiboari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko webgunean argitaratzeak jakinarazpen pertsonala ordezkatuko du eta ondorio berberak izanen ditu.

Behin betiko kalifikazio horien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, bi kasuetan ere errektoreak berrikuspen-prozedura ixteko ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

23. Ezarritako berrikusketa prozesua guztiz amaitzen denean, ikasleek eta, adingabeak badira, horien gurasoek edo legezko tutoreek ere, berrikusi diren ariketak ikusteko eskubidea izanen dute, hamar egun balioduneko epean, berrikusketari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

2.7. Batxilergoaren ebaluazio probaren antolaketa batzordea.

24. Oro har, probaren antolaketa batzordeaz, batzorde horren eta batzordekideen eginkizunez, kalifikazio epaimahaien funtzionamenduaz eta, orobat, ebaluazioa antolatzeko beharrezkoak diren koordinazio lanez den bezainbatean, oinarrizko araudiaren aurkakoak ez diren heinean, urriaren 9ko 164/2009 Foru Aginduaren 8. artikulutik 15. artikulura bitartean xedatutakoari jarraikiko zaio, foru agindu horren bidez garatzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko sarrera probari buruzko alderdiak.

25. Nahitaezko eta borondatezko faseetako ariketen proposamenak arloko koordinatzaileak eta aholkulariak prestatuko dituzte elkarrekin.

3.–Unibertsitatean sartzeko probak aurreko urteetan gainditu zituzten ikasleak.

26. Aurreko urteetan unibertsitatean sartzeko proba gainditu zuten ikasleek aukera izanen dute unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazio probara aurkezteko, borondatezko faseko edozein irakasgaitan eta/edo nahitaezko faseko guztietan kalifikazioa hobetzeko. Azken deialdian lortutako kalifikazioa hartuko da aintzat, baldin eta aurrekoan baino puntu gehiago lortu badira.

4.–Batxilergoaren ebaluazio proba unibertsitatean beste titulazio batzuen bitartez sartzeko.

27. Halaber, borondatezko faseko edozein irakasgaitan aurkezten ahalko dira, onartua izateko nota hobetzeko, titulu hauetakoren bat dutenak: Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulu ofiziala, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariarena edo Kiroletako goi mailako kirol teknikariarena, edo ondorio akademikoetarako baliokidetzat aitortutako tituluak. Haien ikasketetako batez besteko nota erabiliko da nahitaezko faseko nota zehazteko.

28. Atzerriko hezkuntza sistemetan Batxilergoa egin duten eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartu nahi duten ikasleak unibertsitate horrek “Atzerriko hezkuntza sistemak” izeneko atalean horretarako ezarritako onarpen prozeduraren arabera onartuko dira, esteka hauetan kontsulta daitekeena:

http://www.unavarra.es/eu/sites/estudios/acceso-y-admision/admision-en-estudios-de-grado/vias-de-acceso.html

Iragarkiaren kodea: F2203393