62. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

27E/2022 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak. Deialdiaren helburua da dirulaguntzak ematea toki entitateei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei, jasangarritasun proiektuak edo programak gauzatzeko zerbitzua eman dezaten, 2022. urtean, “Nafarroa Ezagutu Sareko” espazioetan eta ibilbideetan. DDBN identifikazioa: 613128.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 28. artikuluan ezartzen denez, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren eskumena da “lurraldea ardazten duten, aurrerapena ematen duten, erreferente moduan jartzen duten eta haren baliabideen kudeaketa jasangarria egiten duten proiektu estrategikoak” sustatzea, laguntzea eta haien jarraipena egitea, “zeharkakotasunez eta beste departamentu eta erakunde batzuekin koordinatuz”.

Lurralde antolamenduaren arloan eskumena duen departamentuaren ekimenez, naturaguneen, gune berezien eta ibilbide berdeen sare integratu eta dinamikoa eratu zen 2017an, xede honekin: kokatzen diren lurraldearen garapen jasangarriari laguntzea, aipatu guneei balioa emanez eta horien kudeaketa adimentsua eginez. Sare hori 2018ko ekainean mamitu zen, “Nafarroa Ezagutu Sarea” elkartea eratu zenean.

Nafarroa Ezagutu Sarea elkartearen jarduera interesekoa da Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren helburuak lortzeko. Gainera, ekarpen nabarmena egiten dio Nafarroako Lurralde Estrategiaren 4.5.5 gidalerroari (elementu naturalen eta kulturalen kudeaketa, kontuan hartuta lurraldearen artikulazio sozial eta ingurumenekoan duten eragina).

Abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen bidez onetsitako 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, kreditu bat dago idazpuruan adierazitako deialdia garatzeko:

–Kreditu bat, 65.000,00 eurokoa, gehienez, 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastuen partida honi aplikatua: 330000 33100 4609 921104 partida, “Dirulaguntzak Nafarroa Ezagutu Sareko lurralde jasangarritasuneko teknikarientzat”.

Hala ere, Nafarroa Ezagutu Sarea elkartearen bazkideak toki entitateak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak direnez, beste partida bat sortu da: 330000 33100 4819 921103 partida, “Dirulaguntzak Nafarroa Ezagutu Sareko lurralde jasangarritasuneko teknikarientzat (irabazi-asmorik gabeko erakundeak)”, eta aurreko partidako 25.000 euro esleitu dira dirulaguntza horretarako.

Dirulaguntza hori onuradun izan daitezkeen entitateen arteko norgehiagoka araubidean aplikatuko da, ebazpen honi erantsitako oinarrien arabera.

Horrenbestez, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea, toki entitateek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek jasangarritasun proiektuak edo programak gauzatzeko zerbitzua eman dezaten, 2022. urtean, “Nafarroa Ezagutu Sareko” espazioetan eta ibilbideetan.

2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Bi gastu hauek baimentzea: 40.000,00 euroko bat, 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastuen partida honi aplikatua: 330000 33100 4609 921104 partida, “Dirulaguntzak Nafarroa Ezagutu Sareko lurralde jasangarritasuneko teknikarientzat”; eta 25.000,00 euroko beste bat, 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastuen partida honi aplikatua: 330000 33100 4819 921103 partida,“Dirulaguntzak Nafarroa Ezagutu Sareko lurralde jasangarritasuneko teknikarientzat (irabazi-asmorik gabeko erakundeak)”.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko martxoaren 3an.–Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

OINARRI ARAUTZAILEAK, DEIALDI HONETARAKO: DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, TOKI ENTITATEEK
ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ERAKUNDEEK JASANGARRITASUN PROIEKTUAK EDO PROGRAMAK GAUZATZEKO ZERBITZUA EMAN DEZATEN, 2022. URTEAN, «NAFARROA EZAGUTU SAREKO» ESPAZIOETAN ETA IBILBIDEETAN

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea da. Dirulaguntza horiek jasangarritasun proiektuak edo programak gauzatuko dituen zerbitzu bat finantzatzeko dira, Nafarroa Ezagutu Sareko espazio eta ibilbideetatik hurbileneko lurraldeetaraino, hau da, espazio eta ibilbide horien eragin eremuetaraino.

Deialdi honekin lotutako lurralde eremua Nafarroa Ezagutu Sareko espazio eta ibilbideena da.

Deialdi honen helburua da laguntzea Sareari lotutako espazioen lurralde garapen jasangarriari:

–Nafarroako lurralde oreka eta jasangarritasunaren printzipioak sustatzea (jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa) Sareko espazio eta ibilbideetan.

–Sustatzea ekintzailetza, enplegu berdea eta ekonomia soziala Sareko gune eta ibilbideen gainean.

–Natura eta kultura ondarearen balioa azpimarratzea, baita natura baliabide horien gertuko landaguneetako biztanleriaren jarduera ekonomikoa eta soziala ere.

–Espazio eta ibilbide horien inguruan bizi diren pertsonei dagokienez, ondarearen balioa nabarmentzea; eta gozamenerako eta osasun fisikorako erabiltzen duten pertsonei dagokienez, ondarea errespetatzea eta zaintzea.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

2.1. Entitate hauek izan daitezke dirulaguntzen onuradun:

2.1.1. –Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, Nafarroa Ezagutu Sareko kide badira.

2.1.2. –Irabazi-asmorik gabeko erakundeak edo elkarteak, egoitza Nafarroan badute eta Nafarroa Ezagutu Sareko kide badira.

2.2. Entitateak Nafarroa Ezagutu Sareko kidea dela egiaztatu beharko du deialdi honetara eskaera aurkezten duenean.

3. oinarria.–Entitate onuradunen baldintzak.

3.1. Toki entitateak:

3.1.1. Nafarroako toki entitate bat izatea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

3.1.2. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

3.1.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

3.2. Irabazi-asmorik gabeko elkarteak:

3.2.1. Nafarroa Ezagutu Sareko kide direnez, elkartearen estatutuetan zehaztutako betebeharrak betetzea.

3.2.2. Dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.

3.2.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

3.2.4. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

4. oinarria.–Eskaerak onartzeko irizpideak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten eskaerak izanen dira onartuak:

4.1. Espazioa edo ibilbidea dinamizatzeko proiektu edo programa bat aurkeztea jasangarritasunaren hiru ardatzetako batean oinarrituta, 2022. urtean Nafarroa Ezagutu Sareko espazioetan edo ibilbideetan egiteko.

4.2. Proiektu edo programa hori langile trebatuek garatzea, hau da, deialdi honen xedea lortzeko zereginak egiteko gaitasuna duten langileek.

Zehazki, zerbitzu hori emanen duten pertsonek titulazio hauetakoren bat izan beharko dute:

–Unibertsitateko titulua.

–Goi mailako heziketa zikloak.

–3. mailako profesionaltasun ziurtagiria.

4.3. Nafarroa Ezagutu Sareko espazio edo ibilbideak erabilera publikoko kudeaketa izan behar du, Nafarroa Ezagutu Sareko Idazkaritzak ezarritako irizpide teknikoen araberakoa.

4.4. Entitate eskatzaileak aurreko puntuko erabilera publikoaren kudeaketarekin zerikusia duen lankidetza ekonomikorako hitzarmena ezarria badu Nafarroako Gobernuarekin, ez da eskaera onartuko.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu hauek soilik lagunduko dira diruz: Nafarroa Ezagutu Sareko espazio eta ibilbideetan 2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean jasangarritasun proiektua edo programa gauzatzen eta zerbitzua ematen sortutako gastuak.

5.2. Honako kontzeptu hauek jasotzen ahal dute dirulaguntza:

5.2.1. Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.

5.2.2. Langileen gastuak, besteak beste, soldatak, gizarte-aseguruak, eta beste lan-karga batzuk. Langileak, esan nahi baita: proiektua edo programa egiteko eta/edo koordinatzeko ardura duten langileak; proiektua gauzatzeko hautatutako langileak; eta/edo profesional edo laguntza tekniko baten kontratazio puntuala, diruz lagundutako proiektuan edo programan jasotako jarduera jakin bat egin dezan.

5.2.3. Bidaiak eta dietak. Langileen mugikortasunari lotutako gastuak dira, jarduerak egitearekin lotura zuzena dutenak, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa). Ez dira diruz lagunduko langileen dietak eta telefono gastuak.

5.2.4. Jasangarritasun programaren edo proiektuaren barneko ekintzak komunikatzeko edo/eta hedatzeko gastuak.

5.2.5. BEZa ez da diruz lagunduko entitate onuradunentzako gastu kengarria bada.

6. oinarria. Azpikontratazioa eta hornitzaileak hautatzea.

6.1. Entitate onuradunak hirugarrenak azpikontratatzen ahalko ditu dirulaguntzaren xede den jarduera osorik gauzatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Dirulaguntzaren xede den jarduera berez egin ahal izateko onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

Ez dira diruz lagunduko zerbitzu bera emateko kontratatutako beste kontzeptuak, aurreko oinarrian gastu diruz lagungarrien artean adierazita ez badaude.

6.2. Hala xedatzen baitu bere 28.3 artikuluan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, diruz lagundutako gastuak ekipo ondasunak hornitzeko edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu emateko baldin badira, eta 12.000,00 euro baino handiagoak badira, organo emaileari frogatu beharko diote hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela. Horretarako, irabazi-asmorik gabeko erakundeek helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsulta tramite horren gaineko dokumentazioa eta dagozkion eskaintzak gorde beharko ditu, eta kontu horiek guztiak agiri bidez frogatu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratuak indarra hartu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da. Toki entitateek, berriz, udal Idazkariaren ziurtagiria beharko dute, egiaztatzeko kontratisten aukeraketan Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 6ko 6/1990 Foru Legearen aginduak bete direla.

6.3. Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik, behar adina ez badira merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak.

7. oinarria.–Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

Deialdi honen zenbatekoa, guztira, 65.000 eurokoa da; entitate onuradunaren izaeraren arabera banatuko dira, partida hauei egotzita:

7.1. 40.000 euro erabiliko dira toki entitateek aurkeztutako jasangarritasun proiektu edo programetarako. Diru hori egotziko zaio 2022rako gastuen Aurrekontuko partida honi: 330000 33100 4609 921104, “Dirulaguntzak Nafarroa Ezagutu Sareko lurralde jasangarritasuneko teknikarientzat”.

7.2. 25.000 euro erabiliko dira irabazi-asmorik gabeko erakundeek aurkeztutako proiektu edo programetarako. Diru hori egotziko zaio 2022rako gastuen Aurrekontuko partida honi: 330000 33100 4819 921103, “Dirulaguntzak Nafarroa Ezagutu Sareko lurralde jasangarritasuneko teknikarientzat (irabazi-asmorik gabeko erakundeak)”.

7.3. Instrukzio organoak onartutako aurrekontuaren %80 lagunduko da diruz, eta puntuazioaren araberako beheranzko hurrenkeran emanen da, erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte.

7.4. Puntuazioari jarraikiz, azken erakundearentzat behar beste kreditu ez balego harentzat onartutako aurrekontuaren %80 emateko, erabilgarri dagoen aurrekontua esleituko zaio behin-behinekoz. Onuradunak uko egiten badio dirulaguntzari, zenbateko erabilgarriarekin gainerako onuradunei emandako dirulaguntza gehituko da, dirulaguntzaren zenbatekoaren proportzioan.

7.5. Erakunde bakoitzerako dirulaguntza ez da inoiz 12.000 eurotik gorakoa izanen. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen, 2022ko azaroaren 15a, benetan ordaindu dena.

8. oinarria.–Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

Eskaerak diruz lagunduko dira balorazio irizpide hauen arabera, lortzen duten puntuazioak ezarritako ordenan:

–Programa edo proiektua gauzatuko duten langileei dagokienez, alderdi hauek hartuko dira kontuan:

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA: 10 p.

Lurraldearekin duen lotura maila:

1

Espazioaren edo ibilbidearen ezagutza maila: zer erabiltzaile joaten diren bertara; zer ekintza egiten dituzten; tokiko biztanleei, inguruko natura eta kultura ondareari, lurraldeko eragileei eta abarri buruzko ezagutza.

1

Esperientzia eta/edo ezagutza akademikoa lurralde jasangarritasunari buruzko gaietan.

1

Esperientzia eta/edo ezagutza akademikoa baliabideen, naturaguneen eta/edo ibilbide sareen kudeaketa jasangarriari buruz.

1

Ingurumen gaiei buruzko ezagutza eta sentsibilitatea.

1

Parte hartu izana lurralde jasangarritasunari buruzko ikastaro, tailer, mintegi eta prestakuntza saio ez-formaletan.

1

Teknologia Berriak erabiltzen jakitea.

1

Hizkuntzak jakitea.

1

Sarean lan egiteko gaitasuna izatea.

1

Bidezkotzat jotzen diren beste alderdi batzuk.

1

Puntuak guztira

–Lurralde jasangarritasunera bideratutako edukia duen proiektuari edo programari dagokionez:

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA: 10 p.

Deialdiaren xedearekiko eta helburuarekiko egokitasun maila (1. oinarrian jasotakoak).

2

Ekintzen deskribapenaren argitasun maila.

2

Programaren edo proiektuaren ekintzei lotutako garapen jasangarrirako helburuen aniztasun maila.

2

Programaren edo proiektuaren edukia jasangarritasunaren ikuspegitik justifikatzea. Horretarako, argi eta garbi azaldu beharko da zer-nolako lotura duen proiektuaren edo programaren barnean proposatutako jarduera edo ekintza bakoitzak 2030 Agendak ezartzen dituen 17 Garapen Jasangarrirako Helburuetako batekin. Ekintza horiek jasangarritasuna sustatzen ahal dute nola natura baliabidean bertan, hala hurbileko lurraldean.

2

Ekintzen egokitasun maila, edo hartu beharreko neurriak ahalik eta inklusiboenak izan daitezen.

2

Puntuak guztira

–Espazioari edo ibilbideari eta haien kudeatzaileei dagokienez:

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA: 10 p.

Bisitari kopurua entitateak kudeatzen duen espazioan edo ibilbidean, azken urtean.

2

Dirulaguntzaren xede den espazioa edo ibilbidea gobernatzeko gaitasuna:

–Espazioa edo ibilbidea norbaitek kudeatzea.

–Ekipatuta egotea edo harrera gunea izatea.

–Beste eginkizun batzuetarako langileak egotea.

–Aparkalekua eta erreserbak kontrolatzea.

2

Bisitarien datuak hartzea, Nafarroa Ezagutu Sarearen ereduarekin bat:

–Nafarroa Ezagutu Sarearen idazkaritzara datuak noiz bidali ziren zehaztea

2

Dirulaguntzak barne hartutako aldiaren ondoren, zerbitzua denbora luzeagoan mantentzeko konpromisoa hartzea norberak finantzatuta:

–Diruz lagundu gabeko aldian proiektuak edo programak zer eduki izanen dituen aurkeztea

–Kronograma

–Erakundeak finantzatu beharreko zenbatekoa

2

Sarean lana egiteko gaitasuna: Aintzat hartuko da aurkeztutako proiektua edo programa Nafarroa Ezagutu Sareko zenbait erakunderen artean egitea, eta programa edo proiektu horretako ekintzak gauzatzeko langileak partekatzea.

2

Puntuak guztira

–Erabiliko den ebaluazio prozedurari dagokionez:

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA: 4 p.

Programa edo proiektu jasangarria gauzatzeko zerbitzua emanen duten langileen lana ebaluatzeko prozesuaren deskribapena.

2

Programa edo proiektu jasangarria osatzen duten ekintza guztiak ebaluatzeko prozesuaren deskribapena.

2

Puntuak guztira

–Komunikatzeko eta hedatzeko prozedurari dagokionez:

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA: 8 p.

Kontratatutako langileek espazioa/ibilbidea dinamizatzeko egindako programa edo proiektuaren komunikazio eta hedapen plana. Plan horretan, besteak beste, alderdi hauek deskribatu eta justifikatuko dira: zer motatako komunikazioa eta hedapena eginen den, zenbat komunikazio eta hedapen ekintza aurreikusten diren, zer biztanleria talderentzat izanen diren, eta zer bitarteko mota erabiliko diren komunikatzeko eta hedatzeko.

2

Komunikazioarekiko eta hedapenarekiko sentsibilitate maila: kontuan hartzea erabili beharreko baliabide eta materialen ekoizpen eta kontsumo arduratsua, informazioaren eskuragarritasun unibertsala, hizkuntzaren genero berdintasuna…

2

Programa edo proiektu jasangarriaren ekintzak norentzat izanen diren aurreikustea, eta pertsona onuradun horiek deskribatzea eta zenbatzea.

2

Lurralde jasangarritasunerako proiektua edo programa gauzatzeko zerbitzua ematen duten pertsonek egindako lanaren ondorioz zer inpaktu maila edo emaitza espero diren zehaztea, segurtasunari, inklusioari, erresilientziari eta jasangarritasunari dagokienez.

2

Puntuak guztira

9. oinarria.–Eskaerak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epealdia eta modua.

9.1. Eskaerak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus atariaren bitartez, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Deialdi honetako I. eranskineko inprimakiaren arabera aurkeztu beharko dira agiriak.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran ematen duen gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

9.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, toki entitateari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da, eta, horrez gain, abisu bat bidaliko da eskabide ereduan Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbide elektronikoaren bitartez.

9.3. Proiektua deskribatzeko dokumentazioa ezin da zuzendu.

9.4. Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa. Kasuan-kasuan, eranskinetan eskura dauden ereduei egokituta daude:

9.4.1. I. eranskineko eskabide inprimakia.

9.4.2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

9.4.3. Memoria tekniko deskribatzaileak honako hauek jaso beharko ditu:

a) Lurralde jasangarritasunaren ardatzekin lotutako proiektuaren edo programaren ekintzak non garatuko diren: espazioaren edo ibilbidearen eta haren eragin eremuaren deskribapena.

b) Giza baliabide guztien deskribapena eta justifikazioa: zerbitzuan arituko diren hautagaiak aukeratzeko fasean parte hartuko duten pertsonak, baita lurralde jasangarritasunerako programa edo proiektua prestatu eta abian jartzen arituko direnak ere.

c) Baremoaren proposamena, 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraiki.

d) Jasangarritasun programaren edo proiektuaren proposamena, aurreikusitako jardueren kronograma barne, 8. oinarrian dagokion ataleko irizpideei jarraiki.

e) Programa edo proiektua abian jarri eta garatzeko beharrezkotzat jotzen diren materialen deskribapena eta justifikazioa.

f) Ebaluazio plana.

g) Komunikazio eta hedapen plana. Plan horrek hau jaso behar du: espazioa/ibilbidea zenbat pertsonak erabiltzen duten gutxi gorabehera, eta kopuru hori kalkulatzeko zer informazio iturri erabili diren, ondoren egiaztatu ahal izateko, 8. oinarrian adierazitakoaren arabera.

9.4.4. Memoria ekonomikoak honako hauek jaso beharko ditu:

a) Kontratatutako giza baliabideen zerrenda. Zerrendak bat etorri behar du memoria tekniko deskribatzailean azaldutakoarekin eta, gainera, hauek adierazi behar ditu: batetik, langileen profil profesionala eta akademikoa; eta bestetik, proiektua edo programa garatzeko zenbat ordu ematea aurreikusten den eta zer kostu izanen duen gutxi gorabehera.

b) Finantzatuko den programa edo proiektuko ekintza bakoitzaren kostuen aurrekontu zehatza, eta, hala badagokio, azpikontratazioak eta materialak.

c) Aurrekontu osoa, behar denean zenbatekoa zehaztuz BEZarekin eta BEZik gabe.

9.4.5. Hala badagokio, azpikontratatutako zerbitzuen kontratua, garatu beharreko proiektu edo programaren eginkizunak jasotzen dituena.

9.4.6. II. eranskina: beste dirulaguntza batzuen Aitorpena egiteko inprimakia.

10. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren balorazioa.

10.1. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari dagokio.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

10.2. Eskaerak 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako langile batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

10.3. Eskaerak ezesten ahalko dira baldin eta gutxienez 21 puntu lortzen ez badituzte balorazio irizpideen aplikazioan.

10.4. Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.

11. oinarria.–Ebazpena.

11.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hilabete bateko epean, gehienez ere. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hilabeteko epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.

11.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako gastuak eta onuradun bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

11.3. Dirulaguntzak emateko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

12. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntzen ordainketa, honekin bat:

Dirulaguntza ordainduko da aurkeztutako proiektua gauzatu eta dirulaguntzaren xedea bete dela frogatu ondoren.

Dirulaguntzaren xedeko ekintzak bukatutakoan, eta betiere 2022ko azaroaren 15era arte, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Jasangarritasunaren eta Informazioaren Atalean (Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua):

1. Memoria Tekniko Deskribatzailea. Honako hauek jaso behar ditu:

a. Proiektua edo programa gauzatu duen langileen profil profesionala eta akademikoa.

b. Espazioaren edo ibilbidearen eta haren eragin eremuaren lurralde jasangarritasunari lotutako proiektua edo programa. Egiaz egin diren ekintzak deskribatuko dira, ekintza edo jarduera horien helburua, kronograma edo egutegia, nork gauzatu zituen, non egin ziren...

c. Programa edo proiektuaren ebaluazio orokorra (ahal bada, adierazle eta guzti). Horretarako, programaren edo proiektuaren ekintza bakoitzaren ebaluazioa jasoko da: zenbat parte hartzaile izan diren, generoaren, biztanleria taldearen, jatorriaren... arabera sailkatuta. Ekintza bakoitzaren ondoren parte hartzaileek betetako gogobetetasun inkestak jasoko dira.

d. Langileei buruzko ebaluazioa, ekintzetan parte hartutako pertsonek edo espazio/ibilbideko erabiltzaileek erantzundako gogobetetasun inkesten bidez. Halaber, espazio/ibilbidearen kudeatzaileak egindako ebaluazioa aurkeztuko da, zerbitzua eman duen pertsonaren edo pertsonen lana ebaluatzeko.

e. Egindako komunikazio eta hedapen jarduera guztien deskribapen xehea, 8. oinarrian azaldutako alderdiak barne.

f. Justifikatzea langileak kontratatzeak zer-nolako inpaktua izan duen (batere izan badu) espazioaren, natura baliabidearen edo ibilbidearen jasangarritasunean eta hurbileko inguruan, alegia, ondoko herrian.

2. Memoria Ekonomiko zehatza eta xehakatua:

Memoriak bereizita jaso beharko ditu baliabideen jatorria (sarrerak) eta destinoa (gastuak), argi adieraziz sarrera eta gastu kontzeptu guztiak.

Memoria ekonomikoak gastu hauek jaso beharko ditu:

–Zerbitzua eman duten langileen gastua, haien egutegia eta lan-ordutegia xehakatuta.

–Zerbitzua emateko beharrezko materialen gastua.

–Jasangarritasun proiektuaren edo programaren komunikazioaren eta publizitatearen gastua.

–Gastu horiek guztiak justifikatzeko, 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitarteko jatorrizko fakturak edo horien fotokopiak aurkeztuko dira. Egindako gastua benetan ordaindu dela frogatzearren, bankuetako frogagiriak erantsi beharko zaizkie ordainagiriei.

3. Egindako jarduketaren edo jarduketen argazkiak.

4. Izandako gastuen eta ordainketen zerrenda, zeina ziurtatuko baitu udaleko idazkariak edo kontu-hartzaileak (toki entitateen kasuan) eta elkartearen idazkariak/diruzainak/kontu-hartzaileak (irabazi-asmorik gabeko erakundeen kasuan). Halaber, egindako gastuaren eta haren ordainketaren fakturak edo bestelako frogagiriak aurkeztuko dira. 600 eurotik beherako zenbatekoa duten fakturetarako, eskudirutan ordaintzea onartuko da, baldin eta behar bezala frogatzen bada zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez.

5. Toki-entitateen kasuan, kasuko idazkariaren ziurtagiria, honakoak jasotzen dituena:

a. Toki entitateak betetzen dituela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan aurreikusitako betebeharrak.

b. Kontratistak aukeratzean bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 6ko 6/1990 Foru Legearen aginduak, baldin eta gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 euro baino handiagoa bada, obra exekuzioaren kostuari dagokionez, edo 12.000 euro baino handiagoa kontsulta edo laguntza enpresek emandako ekipo ondasunen hornidurari edo zerbitzuei dagokienez.

6. Elkarteen kasuan, erantzukizunpeko adierazpena, honakoak jasotzen dituena:

a. Betetzen direla Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako gardentasun betebeharrak, baldin eta, urtebeteko epean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte eta laguntza horiek haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

b. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedatutakoarekin bat, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada obraren exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du enpresa efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

7. Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuak parte hartu duela jakitera emateko betebeharra, hau da, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu dela ekintzen publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian, eta testu hau ere erantsi dela: “Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza”, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuz. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

8. Berariazko adierazpena, azaltzen duena dirulaguntza honen xede diren ekintzek bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duten. Hala bada, zehatz-mehatz adieraziko da zer zenbateko jaso duten eta nondik, guztia deialdi honetako II. eranskineko inprimakiari jarraikiz.

Oinarri honetan aipatzen diren baldintzak ez betetzeak dirulaguntza itzuli beharra ekarriko du, 18. oinarrian adierazitakoarekin bat.

13. oinarria.–Entitate onuradunaren publizitate-betebeharrak.

Deialdi honetako dirulaguntza jasotako ekintza guztiak iragartzerakoan, Nafarroako Gobernuak kofinantzatu dituela adierazi beharko da.

Oro har, deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, bat etorriz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuarekin. Horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena. Logotipoa erabili aurretik, dirulaguntzaren onarpena tramitatu duen instrukzio unitateari jakinarazi beharko zaio. Garapen Jasangarriaren Helburuen logoak ere egon beharko du.

14. oinarria.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren entitateek beste laguntza batzuk ere jasotzen ahalko dituzte; alegia, Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko Erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak, haiek, guztira, diruz lagundutako gastuen zenbatekoaren %100 gainditzen ez badute.

15. oinarria.–Jarraipena eta kontrola.

Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak izanen du, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiko Jasangarritasun eta Informazioaren Ataleko teknikarien bitartez, ekintzen jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

16. oinarria.–Eginbeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a. Deialdiaren helburua eta eskakizun guztiak betetzea.

b. Dirulaguntzaren xede den edozein ekintza dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, eta aurkeztutako proposamenaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru sarrerak edo baliabideak lortzea barne.

c. Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako ekintzak egin direla, eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d. Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.

e. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

17. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek ekarriko dute jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak pagatzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, %20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete ez diren ikusita.

19. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

20. oinarria.– Arau osagarriak

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Laguntza eskatzeko inprimakia eta erantzukizunpeko adierazpena.

II. eranskina.–Beste dirulaguntza batzuen aitorpena egiteko inprimakia.

Deskargatu I. eta II. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2203377