62. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

132/2022 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, etxebizitzetan energia eraginkortasuna hobetzeko jarduketak egiteko dirulaguntzen deialdia onesten duena, baita dirulaguntza horien oinarri arautzaileak ere. DDBN identifikazioa: 612227.

Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiaren helburu nagusia Espainian, Europako Batzordeak 2020ko urriaren 14ko Jakinarazpenean zehaztu zuen “Europarako berrikuntza olatua” aktibatzea da. Birgaitzearen sektore horrek epe laburrean enplegua eta jarduera sortzea ahalbidetuko du, eta epe ertain eta luzean eraikitako parkea modu jasangarrian berritzeko erritmoa bermatuko du. Helburu espezifiko gisa, Energiaren eta Klimaren Espainiako Plan Integratuaren helburuak aurreratzea ahalbidetuko duen birgaitze energetikoko tasa lortu nahi da, Espainiako eraikuntzaren sektorean energia birgaitzeko epe luzeko estrategiaren esparruan (ERESEE). Era berean, etxebizitza parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du eta, horrela, energia eraginkortasunaren hobekuntzarekin eta energia berriztagarriko iturriak integratzearekin batera, irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera segurtasuna hobetzea eta eraikinen digitalizazioa hobetzen da.

Aurrekoaren ildo beretik, Estatuko Administrazio Orokorrak 853/2021 Errege Dekretua, urriaren 5ekoa, onetsi du, bizilekuak birgaitzeko zenbait laguntza programa ezartzen dituena. Aipatutako programa horietako bat, 4. programa, “Programa de ayuda a las actuaciones de mejora de la eficiencia energética en viviendas” deritzona (aurrerantzean, “Etxebizitzetan energia eraginkortasuna hobetzeko jarduketetan laguntzeko programa”), C02.I01 inbertsioaren 2. osagaiaren barruan dagoena, Errege Dekretuaren V. kapituluan dago araututa (40.etik 49.era bitarteko artikuluak), eta 45. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoek programa horretako laguntzen deialdiak egin behar dituztela. Agindu horri jarraiki, oinarri hauek onetsi dira.

Laguntzak lehendik dauden etxebizitzak, familia bakarrekoak edo familia ugariko eraikinetakoak, hobetzeko edo birgaitzeko jarduketak egiteko erabiliko dira. Horietan, gutxienez, berokuntza eta hozte sistemen urteko energia eskari orokorra gutxienez % 7 murriztea edo energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa, gutxienez, % 30 murriztea lortu beharko da. Emanen den laguntzaren zenbatekoa jarduketaren kostuaren % 40 izanen da, 3.000 euroko mugarekin.

Dirulaguntzak emateko prozedura 853/2021 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, hots, banakako ebaluazioa, eskaerak aurkezteko ordenaren arabera. Dirulaguntzei buruzko Foru Legea betez, Nafarroako Gobernuak 2022ko urtarrilaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman da deialdi hau banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatzeko.

Ikusirik espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak, non agerian gelditzen baita, hurrenez hurren, bai deialdiaren egokiera eta interes soziala, bai oinarri arautzaileen legezkotasuna, eta urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, bertan ezartzen baita Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa,

EBAZTEN DUT:

1. Etxebizitzetan eraginkortasun energetikoa hobetzeko jarduketak egiteko dirulaguntzaren deialdia onestea (PREE programa), 853/2021 Errege Dekretuaren arabera, baita dirulaguntza horren oinarri arautzaileak ere. Horien testua ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. 1.000.000 euroko gastua baimentzea, “Birgaitze babesturako Europako funtsen MRR dirulaguntzak” deritzon 320000-32100-7800-261405 aurrekontuko partidatik, 2022ko gastu aurrekontutik, PEP E-21/000433-01 elementua.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, bai eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean ere.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Etxebizitza Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko otsailaren 24an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Eneko Larrarte Huguet.

ETXEBIZITZETAN ENERGIA ERAGINKORTASUNA HOBETZEKO JARDUKETAK EGITEN LAGUNTZEKO OINARRI ARAUTZAILEAK, 853/2021 ERREGE DEKRETUAN XEDATUTAKOARI JARRAIKIZ

Lehena.–Onura publikoko xedea eta helburua.

Oinarri hauen xedea da bigarren oinarrian aurreikusitako azken hartzaileei banakako ebaluazioa araubideko dirulaguntzak ematea, etxebizitza familiabakarretan edo familia anitzeko eraikinetako etxebizitzetan energia eraginkortasuna modu egiaztagarrian hobetzeko, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko bizitegietarako eta gizarte etxebizitzetarako laguntza programak arautzen dituen urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz (853/2021 Errege Dekretua, aurrerantzean). Zehazki, V. kapituluan jasotakoaren arabera jardunen da (“Etxebizitzetan energia eraginkortasuna hobetzeko jarduketetan laguntzeko programa”).

Europako Kontseiluak, 2020ko uztailaren 21ean, irismen handiko neurri sorta bat adostu zuen, Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatzeko. Neurri horiek bat egiten dute 2021-2027 aldirako etorkizuneko urte anitzeko finantza esparruarekin (MFP) eta 2018ko prezio konstanteetan 750.000 milioi euroko balioa duen Suspertzerako Europako Tresna bat (“Next Generation EU”) abian jartzearekin. Espainiako Estatuak 140.000 milioi euro jasoko ditu transferentzietan nahiz maileguetan 2021-2026 aldian, Suspertzerako Europako Tresna horren bidez. Testuinguru horretan, 2020ko urriaren 7an, Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparru orokorra onetsi zen (aurrerantzean, SEEP). Horretan, Espainiako ekonomia modernizatzeko ibilbide orria zehaztu zen. Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana, ondoren, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Dekretuaren bidez arautu zen. Hori herrialdeko proiektua izan zen, eragile ekonomiko eta sozial guztien, gobernu maila guztien eta administrazio publikoaren baliabide guztien inplikazioa eskatzen duena.

Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiaren helburu nagusia Espainian, Europako Batzordeak 2020ko urriaren 14ko Jakinarazpenean zehaztu zuen “Europarako berrikuntza olatua” aktibatzea da. Birgaitzearen sektore horrek epe laburrean enplegua eta jarduera sortzea ahalbidetuko du, eta epe ertain eta luzean eraikitako parkea modu jasangarrian berritzeko erritmoa bermatuko du. Helburu espezifiko gisa, Energiaren eta Klimaren Espainiako Plan Integratuaren helburuak aurreratzea ahalbidetuko duen birgaitze energetikoko tasa lortu nahi da, Espainiako eraikuntzaren sektorean energia birgaitzeko epe luzeko estrategiaren esparruan (ERESEE). Era berean, etxebizitza parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du eta, horrela, energia eraginkortasunaren hobekuntzarekin eta energia berriztagarriko iturriak integratzearekin batera, irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera segurtasuna hobetzea eta eraikinen digitalizazioa hobetzen da.

Lehendik dauden eraikinek azken energiaren % 30 inguru kontsumitzen dute. Hortaz, eraikin parke horren birgaitze energetikoa lehentasunezko neurri bat da Energiaren eta Klimaren 2021-2030 Plan Nazional Bateratuaren arabera. Horregatik, plan horretako helburuetako bat da, 2030erako, 1.200.000 etxebizitzaren birgaitze energetikoa egitea. Helburu bera jaso da Espainiako eraikingintzaren sektoreak, birgaitze energetikoari dagokionez, epe luzerako duen estrategian. Era berean, eraikinen birgaitze energetikoa Nafarroako 2018-2028 Etxebizitza Planaren ildo estrategikoetako bat da.

Bestalde, COVID-19ak eragin duen krisiaren inpaktu ekonomikoaren ondoren, beharrezkoa da enpresa sektore batzuetan ekonomia suspertzea, gure herrialdeak behar duen trantsizio energetikorantz orientatzeko. Sektore horietako bat eraikingintza da. Ildo horretan, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren neurri espezifikoetako bat da etxebizitzak birgaitzeko jarduketak ugaldu beharra.

Aurrekoaren ildo beretik, Estatuko Administrazio Orokorrak 853/2021 Errege Dekretua, urriaren 5ekoa, onetsi du, bizilekuak birgaitzeko zenbait laguntza programa ezartzen dituena. 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen 17.50.99.260A.750 aurrekontu partidan, 2021erako, 1.151 milioi euro erabili ziren errege dekretu horretan araututako 1. laguntza programatik 5.era bitarteko dirulaguntzak emateko. Nafarroako Foru Komunitateak 15.883.800 euro jaso zituen. Aipatutako programa horietako bat, 4. programa edo “Etxebizitzetan energia eraginkortasuna hobetzeko jarduketetan laguntzeko programa” –“Bizileku inguruneen suspertze ekonomiko eta sozialerako birgaitze programa” C02.I01 inbertsioaren 2. osagaiaren barruan dagoena, 025bis esku-hartze eremua– Errege Dekretuaren V. kapituluan dago araututa (40.etik 49.era bitarteko artikuluak), eta 45. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoek programa horretako laguntzen deialdiak egin behar dituztela. Agindu horri jarraiki, oinarri hauek onetsi dira.

Bigarrena.–Onuradunak.

1. Laguntzen azken hartzaileak izanen dira, egoitza fiskala Espainian baldin badute eta etxebizitzak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan kokatuta badaude:

a) Etxebizitzen jabe, usufruktudun edo maizter diren pertsona fisikoak.

b) Higiezinen jabetza eskubide publikoa duten administrazio publikoak, organismoak eta gainerako erakundeak.

Laguntzen azken hartzaileak pertsona fisikoak badira, Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batekoa, edo Suitzakoa. Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Espainian izan beharko dute legezko bizilekua.

Azken onuradun eta hartzaileek aplikagarri zaien Europako eta Estatuko araudia bete beharko dute, eta, bereziki, Ordezkaritza Organo Gorenaren Erregelamendua betetzearen ondoriozko betebeharrak, Estatuko Laguntzak zehazten dituen araudia eta Europako zein Estatuko gainerako araudi aplikagarria, bereziki iruzurra, ustelkeria, interesen arteko gatazka edo finantzaketa bikoitza saihesteko neurriak, Batasunaren finantza interesak babestuko badira.

2. Ezin dira laguntza hauen azken hartzaile izan uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren araudiko 21. artikuluan ezarritakoaren arabera dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez dituztenak. Testuinguru horretan, azken hartzaileak, laguntza eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du, non adieraziko baitu ez duela inolako dirulaguntza edo laguntza itzultzeko betebeharrik, edo, hala badagokio, horiek bete dituela, aipatutako 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Azken hartzaileak egiaztatu beharko du ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekuen artean, artikulu horietako e) letran zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izateari dagokion debekuaren kasuan izan ezik.

3. Azken hartzaileek jasotzen duten dirulaguntzaren zenbateko osoa diruz lagungarriak diren jarduketak ordaintzeko erabiliko dituzte eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan xedatutakoaren mende geratzeaz gainera, eskaera izapidetzen den bitartean ere, Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari berehala jakinarazi beharko dizkiote aintzatespena eragiten ahal duten, edo eragin duten, eta laguntza jasotzeko eskubidea bat-batean galtzea ekartzen duten baldintza aldaketak. Aldaketa horiek ez jakinaraztea behar adinako kausa izanen da hasiera emateko oker jasotako kantitateak itzultzeko espediente bati.

4. Birgaitu beharreko etxebizitzek jabe, usufruktudun edo maizterren, pertsona fisikoen, ohiko egoitza iraunkorra izan behar dute laguntza eskatzen den unean. Egoera hori egiaztagiri bidez edo errolda ziurtagiriaren bidez ziurtatzen ahalko da.

5. Hartzaileak pertsona fisikoak ez direnean, birgaitzeko etxebizitzak pertsona fisikoei alokatzera bideratuko dira, haien ohiko egoitza iraunkorra izan daitezen. Egoera hori egiaztatzeko, izenpetutako alokairu kontratuaren kopia usatzen ahal da.

Hirugarrena.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketak eta kostuak.

1. Laguntzak lehendik dauden etxebizitzak, familia bakarrekoak edo familia ugariko eraikinetakoak, hobetzeko edo birgaitzeko jarduketak egiteko erabiliko dira. Horietan, gutxienez, berokuntza eta hozte sistemen urteko energia eskari orokorra gutxienez % 7 murriztea edo energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa, gutxienez, % 30 murriztea lortu beharko da.

2. Halaber, dirulaguntzaren xede izanen dira inguratzaile termikoaren eraikuntza elementuak aldatzeko edo ordezteko jarduketak, haien ezaugarriak transmisio termikoaren eta airearekiko iragazkortasunaren muga balioetara egokitzeko, hala dagokionean, Eraikuntzaren Kode Teknikoko Energia Aurrezteari buruzko DB HE Oinarrizko Dokumentuaren 3.1.1.a-HE1 eta 3.1.3.a-HE1 tauletan ezarri bezala.

3. Aurreikusitako jarduketek honako printzipio hau errespetatuko dute: “ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea” (do no significant harm-DNSH printzipioa) eta printzipio hori aplikatzeko araudia, eta honako hauek bereziki: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena; 2020/852 (EB) Erregelamendua, Inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzkoa (Taxonomia Erregelamendua), eta Europako Batzordearen Gida Teknikoa (2021/C 58/01) printzipio horren aplikazioari buruzkoa.

4. Laguntzek izaera pizgarria dutenez, 2022ko urtarrilaren 1az geroztik abiarazitako laguntzen azken hartzaileen jarduketak bakarrik onartuko dira, eta ez da diruz lagungarritzat joko aurretiaz fakturatu ez den inolako kosturik.

5. Laguntzak emateko, gainera, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Jarduketaren gutxieneko kostua 1.000 euro edo gehiago izanen da etxebizitza bakoitzeko.

b) Ez dira diruz lagungarriak izanen jatorri fosileko erregaia erabiltzen duten sorgailu termikoetan egindako inbertsio jarduketak.

6. Oinarri hauetan araututako dirulaguntzak eskuratzeko bete beharreko baldintzak dirulaguntzaren eskaera aurkezten den datan bete behar dira. Halaber, laguntzaren xede diren jarduketek, eskaera aurkezten den unean, bete egin behar dute aplikatzekoa zaien indarreko araudia; halaber, nahitaezko administrazio lizentziak eta baimenak izan behar dituzte, behar izanez gero. Eraikinak Ebaluatzeko Txostena eginda izatea ziurtatu eginen da, eskatzekoa bada.

7. Diruz laguntzen ahal diren kostutzat hartuko dira deialdi honetako helburu energetikoak lortzeko beharrezkoak direnak, eta honako hauek jasotzen dira, besteak beste:

a) Teknikari eskudunak ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan aurreikusitako energia eraginkortasunaren ziurtagiria egiteko ordaindutako ordainsari profesionalak.

b) Laguntza eskaeraren kudeaketaren kostuak.

c) Laguntzaren xede den jarduketari lotutako proiektuak idazteko kostuak.

d) Jarduketen zuzendaritza fakultatiboaren kostuak.

e) Lanak eta/edo instalazioak gauzatzeko kostuak.

f) Ekipoetan eta materialetan egindako inbertsioa.

g) Laguntza hauek eskatzeko eta justifikatzeko beharrezkoak diren txostenak eta gainerako dokumentazioa idazteko kostuak.

h) Jarduketak egin izanaren justifikazioaren kudeaketa gastuak.

i) Beste partida beharrezko batzuk (osagarriak edo ez), jarduketa mota bakoitzerako espezifikoa.

Lizentzia, tasa, zerga edo ordainketei dagozkienak ez dira diruz laguntzen ahalko. Alabaina, BEZa edo zeharkako zerga baliokidea, hautagarritzat har litezke, baldin eta erabat edo zati batean ezin direnean berreskuratu edo konpentsatu.

Diruz laguntzen ahal diren kostuak obrak edo lanak egiten dituzten pertsona edo entitateei ordaindu beharko zaizkie kreditu edo zordunketa txartelaren, banku transferentziaren edo txeke izendunaren bidez, edo kreditu entitateetako kontuetan sarrera eginez. Ezein kasutan ez dira justifikatutzat ulertuko legezko dirua entregatuz ordaindutako kopuruak.

Laugarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

1. Deialdira, hasiera batean, 1.000.000 euro bideratu dira. Diru hori 2022ko edo dagokion ekitaldiko gastu aurrekontuaren “MRR Birgaitze babestuko Europako funtsen dirulaguntzak” deritzon 320000-32100-7800-261405 partidaren kargura ordainduko da.

2. Eskaerei erantzuteko, aurkezpen ordenari jarraikiko zaio zorrotz, aurrekontua agortu arte. Aurrekontua agortutzat joko da aipatutako diru kopuru osoa (1.000.000 euro) bukatzen duen azken laguntza eskaera erregistratzen den unean. Esleitutako aurrekontua agortuz gero, eta baldin eta programaren indarraldia bukatu ez bada, eskaera gehiago erregistratzen ahalko dira behin-behineko erreserba zerrendarako; eskaera horiek zein ordenatan aurkezten diren, horren arabera erantzunen dira beti, baldin eta lehenago aurkeztutako laguntza eskaeraren bat atzera botatzeagatik edo ezespen bat gertatzeagatik aurrekontua askatzen bada, edo deialdirako aurrekontua handitzen bada. Eskaera behin-behineko erreserba zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte.

3. Gehienez ere 13.000.000 euroko kreditu erabilgarria aurreikusi da, eta ez da deialdi berririk egin beharko. Horren eskuragarritasuna jasotako Estatuko funtsen helmuga berriaren bidez finantzatutako kreditu sorrerak emanen du.

Zenbateko gehigarri horren eraginkortasuna kreditu gehigarrirako baimena izatearen mende dago, lehen adierazitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.

Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar berez eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere. Edozelan ere, berariaz baimentzen ahalko da, kasu horretan, eskaerak aurkezteko epea zabaltzea.

4. Jarduketa mota honetarako programaren barruan emanen diren laguntzak kontraprestaziorik gabeko diruzko laguntzak izanen dira.

5. Emanen den laguntzaren zenbatekoa jarduketaren kostuaren % 40 izanen da, 3.000 euroko mugarekin.

Bosgarrena.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak banakako ebaluazio sistemaren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko ordenari zorrozki jarraikiz, 853/2021 Errege Dekretuaren 45.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta osoki ordainduko dira baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte.

2. Laguntzaren azken hartzailea jarduera ekonomiko edo komertzialak egiten dituen pertsona fisiko bat bada, Estatuko laguntzen arloko honako araubide hau aplikatuko zaio:

a) Azken 3 urte fiskaletan emandako laguntzen zenbatekoaren eta deialdi honetan eskatutako laguntzaren zenbatekoaren batura 200.000 eurotik beherakoa bada, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoan, xedatutakoa aplikatuko da.

b) Azken 3 urte fiskaletan emandako laguntzen zenbatekoaren eta deialdi honetan eskatutako laguntzaren zenbatekoaren batura 200.000 euro edo gehiago bada, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan, xedatutakoa aplikatuko da. Horretan, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntza kategoria jakin batzuk aitortzen dira. Halaber, dagokion salbuespena aplikatzen zaie energia eraginkortasuneko neurrietara zuzendutako inbertsio laguntzei (38. artikulua).

Aurrekoaren ondorioetarako, laguntzen azken hartzaileek aurkeztu beharko dute erantzukizunpeko adierazpena emandako laguntza guztiei buruzkoa, zehaztuz ezarritako mugak betetzen direla, uneko zerga ekitaldikoak eta aurreko bi zerga ekitaldietakoak. Halaber, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, esanez enpresa ez dagoela krisian, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan ezarritako “krisian dagoen enpresa” definizioaren arabera.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1. Laguntza eskaerak eredu normalizatuan aurkeztuko dira (I. eranskinean dago), behar bezala beteak, eskatzaileak eta, hala badagokio, bere ordezkariak ere sinatuak. Laguntzaren azken hartzaileak egindako jarduketak justifikatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu beharko du, bat etorriz 853/2021 Errege Dekretuaren 45.7. artikuluan eta oinarri hauen II. eranskinean ezarritakoarekin. Aurkezten diren agiriak behar bezala izendatuak eta ordenatuak egonen dira, II. eranskineko ataletako zein letrari dagozkion aipatuta.

2. Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, goizeko 09:00etan, eta 2022ko abenduaren 31n bukatuko.

3. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduak, pertsona fisikoen kasuan izan ezik.

4. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

5. Pertsona fisikoak ez diren eskatzaileen kasuan, dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratzen ahal da gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza bertan egiteko aukera ere badago. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

6. Eskaerak instrukzio organoaren aurrean egin behar dira, jarduketak amaitu eta hiru hilabeteko gehieneko epean. Horiek eskaeraren aurreko hamabi hilabeteetan egin behar izan dira.

Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozedura antolatzeko eta izapidetzeko eginkizunak. Eskaeren ebaluazioa ofizioz eginen du, oinarri hauetan ezarritakoari jarraikiz.

Zortzigarrena.–Ebazpena eta laguntzaren ordainketa modua.

1. Laguntzaren azken hartzaileak jarduketa gauzatu duela eta aurreko apartatuetan eskatutako dokumentazio guztia ezarritako epean entregatu duela egiaztatutakoan, dirulaguntzak Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikulua, honako hauei jarraikiz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua). Ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epe maximoa hiru hilabetekoa izanen da, dagokion eskaeraren sarrera datatik zenbatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskaera ezetsita geldituko da. Berariazko edo isiltasun administratiboaren bidezko ezespenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua.

2. Ebazpen horretan bertan, dirulaguntza ordainketa bakar batean ordaintzeko aginduko da, funtsen jatorriari buruzko berariazko aipamena eginez, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa (edo une bakoitzean etxebizitzaren arloan eskumena duen ministerioa) aipatuz, baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduak (2021eko otsailaren 12koa) eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak (EB) ezarritako Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzea ere.

3. Egindako jarduketen eta lanen multzo ordezkagarri bat obra tokian bertan egiaztatzeko prozedura bat gauzatuko da (guztira emandako dirulaguntzen % 70ean, gutxienez), eta laguntzen azken hartzaileek aitortzen duten kostuaren ehuneko ehun aztertu eta baliozkotuko da administrazioaren aldetik.

4. Laguntza ukatu eginen da, baldin eta 853/2021 Errege Dekretuko 43. artikuluan ezarritakoa baino txikiagoa bada energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoan edo berokuntza eta hozte eskari globalean aurreztutakoa, azkenean, jarduketaren aurretik eta ondoren eraikinaren energia eraginkortasunerako ziurtagirien arteko konparazioaren bidez lortutakoa, biak ziurtagiri programa onartu berarekin eginda, edo baldin eta errege dekretu horretan ezarritako beste edozein eskakizun betetzen ez bada.

Bederatzigarrena.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

1. Deialdi honen azken hartzaileek laguntza hauek bateragarri egin ditzakete bai auzoetako birgaitze jarduketen programarekin, bai eraikinen birgaitze integraleko programarekin (biak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuan jasoak), baldin eta egiaztatzen bada ez dela kostu bera diruz laguntzen. Laguntza eskaeran berariaz adieraziko da, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, ez dela jarduketa bererako laguntzarik eskatu lehen aipatutako programetan.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak izanen dira, diruz lagunduko den jarduketa babesgarria berbera denean, honako hauekin: Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan aurreikusitako birgaitze babesturako dirulaguntzekin; Etxebizitzako zuzendari nagusiak urriaren 16an emandako 234/2020 Ebazpenean xedatutakoekin –ebazpen horren bidez, lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikorako jarduketetarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak onartu ziren, abuztuaren 4ko 737/2020 Errege Dekretuan–; eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak azaroaren 3an emandako 2723/2021 Ebazpenean xedatutakoekin –ebazpen horren bidez, 691/2021 Errege Dekretuari jarraikiz demografia arazoak dituzten udalerrietako eraikinetan energia birgaitzeko jarduketetarako dirulaguntzen deialdia onetsi zen–.

3. Deialdi honetan parte hartzen duen etxebizitza bakoitzeko, laguntza bakarra ematen ahalko da, nahiz eta laguntzaren 3.000 euroko zenbateko maximora ez iritsi.

Hamargarrena.–Itzulketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 5eko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, bidezkoa izanen da eskatzea laguntzen azken hartzaileak edo onuradunak jasotako zenbatekoak itzul ditzala, baita berandutze interesa ere, dirulaguntza ordaindu zen unetik aurrerakoa.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri arautzaile hauen aurka eta dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Hamabigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Laguntzen xede den jarduera edozein hedabidetan aipatzeko, Programaren Irudi Eskuliburuan agertzen diren baldintzak bete beharko dira. Eskuliburu hori Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren (http://www.mitma.es) webgunean egonen da eskuragarri. Halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduaren (2021eko otsailaren 12koa, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena) publizitate neurrietan ezarritakoa ere bete beharko da.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak urtero ematen diren dirulaguntzak argitaratuko ditu etxebizitza gaietarako informazio webgunean (www.vivienda.navarra.es), behar bezala identifikaturik onuradunak (IFZ eta izen-deiturak), etxebizitzen kokapena eta bakoitzak hartutako diru kopurua.

3. Oinarri hauen babesean ematen diren dirulaguntzei buruzko informazioa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igorriko da, nola eta, komunikazio betebehar hori gauzatzeko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 20. artikuluan ezarrita dagoen bezala, kontuan hartuta, orobat, betebehar hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoa.

Hamahirugarrena.–Gardentasun betebeharrak.

Entitate onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharrak betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarriak daudenak, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, baldintza horiek betetzen dituzten erakunde onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute beren eskaerarekin batera, erakundearen legezko ordezkariak sinatuta.

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzeko jasotako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean ordaindutako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Erakunde onuradunek gardentasun betebeharra bete behar ez badute, lehen deskribatutako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko dute eskaerarekin batera.

Hamalaugarrena.–Finantzaketa bikoitza eta informazioa eskuratzeko eta hornitzeko betebeharrak.

1. Debekatuta dago finantzaketa bikoitza, eta onuradunak betebehar hau du: diruz laguntzen ahal diren kostuak finantzatzeko beste edozein kanpoko funts –publiko zein pribatu– ere baliatu dela jakinez gero, jakinarazi egin behar du.

2. Onuradunak bete beharrekoak:

–Foru Komunitateko Administrazioari sarbidea ahalbidetzen eta baimentzen dio, baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotzen diren organo guztiei ere (haren arabera ezartzen da Erresilientzia eta Berreskuratze Mekanismoa), JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortutako Titulartasun Errealen Erregistroan jasotako informazioa eskuratzeko, edo titular errealei buruzko datu horiek hornitzen ahal dituzten Administrazioaren beste datu base batzuetan sartzeko.

–Sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean informazioa trukatzea ahalbidetzen eta baimentzen du, aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

–Beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak ematen ditu Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela bermatu dadin, bat etorriz SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. zenbakiko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin. Hala, laguntza ematea I. eranskinean jasotako baimen hori egotearen mende geratzen da.

3. Onuradunak laguntza emateko beharrezkoa den eta eskatzen zaion informazio guztia hornituko du, eta laguntza emateko betekizunak zein SEMean xedatutakoa beteko ditu. Laguntzen azken hartzaileari buruzko datuak ematera behartuta egonen da, azken hartzailea bera ez denean; halaber, hala badagokio, kontratisten eta azpikontratatuen datuak eman beharko ditu, azken hartzailea adjudikazio-emaile bat baldin bada.

Hamabosgarrena.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan berariaz ezarrita ez dagoen orotan, honako hauek aplikatuko dira: urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua, Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen dituena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

I. ERANSKINA

Etxebizitzetan energia eraginkortasuna hobetzeko jarduketetarako eskaera (DOC).

II. ERANSKINA

Dirulaguntza eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak

Laguntzaren xede diren jarduketak egiteko azken hartzaileek instrukzio organoaren aurrean (Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atala) eskatu eta justifikatu beharko dituzte laguntzak. Horretarako, laguntzen azken hartzaileak eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa bete beharko du (2021eko otsailaren 12ko Erregelamendua, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena). Horretan, honako hau ezartzen da: “Europar Batasuneko funtsen hartzaileek finantzaketa horren jatorria aipatuko dute, eta zainduko dute ikusgarri egiten dela Batasunaren ikurraren bidez eta finantzaketa behar bezala adieraziz, hala dagokionean. Hain zuzen ere, “Europar Batasunak finantzatua –Next Generation EU” adieraziko da, batez ere ekintzak eta emaitzak sustatzen dituztenean, eta zenbait hartzaileri zuzendutako informazio koherentea, eraginkorra eta proportzionatua emanen da, hedabideak eta publikoa barne”.

Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (pertsona juridikoen kasuan, nahitaezkoa) aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

a) Eskatzailearen datuak, izen-abizenak edo arrazoi soziala adieraziz, baita IFZaren kopia ere. Hala dagokionean, ordezkariaren datuak, izen-abizenak eta IFZaren kopia adieraziz, baita ordezkaritzaren ziurtagiria ere, aplikatzekoa den araudi espezifikoari jarraikiz.

b) Birgaitu beharreko etxebizitzaren jabetza, usufruktua, alokairua edo antzeko eskubideak frogatzeko agiriak. Jabetza, usufruktua eta eskubide errealak jabetza erregistroko ziurtagiriaren edo ohar soilaren bidez frogatuko dira. Birgaitze lana eragotziko lukeen beste inolako karga edo eskubide errealik ez dagoela adierazi behar da agiri horretan. Sustatzailea maizterra izanez gero, alokairu kontratua edo beste agiriren bat aurkeztu beharko du maiztertza frogatzeko, baita jabeak birgaitze obrak egiteko emandako baimena ere.

c) Hala dagokionean, laguntzaren eskatzaile diren pertsona fisikoen errolda agiria, edo ohiko egoitza iraunkorrerako etxebizitzaren alokairu kontratuaren kopia.

d) Hobekuntza jarduketak egiten diren etxebizitzaren datuak: egoitza eta katastro erreferentzia. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, Eraikinen Ebaluazio Txostenaren erregistro kodea badagoela eta identifikatuta dagoela adierazten duena, birgaitu beharreko etxebizitzak hori derrigorrez izan behar badu.

e) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete direla frogatzeko jarduketa memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena, laguntza emateko oinarri hauetan eskatutakoari jarraikiz. Memoria hori teknikari tituludun eskudun batek egin eta sinatuko du eta, halaber, jarduketen hasiera eta amaiera data adieraziko ditu. Bertan, nahitaez bete beharreko araudia bete dela adieraziko da, eta jarduketaren kostuaren zenbatekoa (diruz laguntzen ahal den kostutzat jotzen diren ordainsariak eta kudeaketa gastuak barne) eta eskatutako laguntza jasoko dira.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak edo haren ordezkariak halakorik sinatu badu, non zehatz-mehatz adieraziko baita jarduketaren eskatzaileak:

1. Ez daudela azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoera bakar batean ere, aipatu artikulu horien e) letran aurreikusitako debekuan izan ezik, alegia, zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izateko betebeharrari buruzkoan, eta berariaz aipatu beharko da ez dutela beste dirulaguntza edo laguntza batzuk itzultzeko betebeharrik, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

2. Ez dutela beste laguntzarik eskatu edo jaso jarduketa edo helburu bererako. Beste laguntzaren bat eskatu badute, eskatutako –edo, kasua bada, jasotako– laguntzaren zenbatekoa adierazi behar da, eta, hala badagokio, baita laguntza eman duen administrazio, organismo edo erakunde publikoa ere.

g) Lehendik dagoen etxebizitzaren efizientzia energetikoaren ziurtagiria hasierako egoeran, ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan eskatutako edukiarekin, teknikari eskudunak sinatuta eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren (edo hura ordezkatzen duen organoaren) erregistroan erregistratuta. Halaber, diruz lagundutako jarduketak egin ondoren lortutako efizientzia energetikoaren ziurtagiria, esku-hartzeaz aurreko ziurtagirirako erabilitako egiaztapen programa onetsi berarekin egina, teknikari eskudun batek sinatua, laguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duena. Eman direnetik eskaera aurkezten den egunera arte bi urte baino gehiago iragan ez badira soilik izanen dira baliozkoak ziurtagiriak.

h) Instalazio termikoaren ziurtagiria, hala dagokionean, instalazioaren zuzendariak edo instalatzaile baimenduak izenpetua, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren erregistroan erregistratua (edo hura ordezkatzen duen organoan).

i) Laguntzaren xede diren elementuen erreportaje fotografikoa, koloretan ahal dela, jarduketaren aurretik, baita egindako obrena ere.

j) Egokitasunaren aldeko ebaluazioa edo “ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” betetzen dela dioen erantzukizunpeko adierazpena gehitu beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6) apartatuan ezarritakoaren ildoan (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du erregelamendu horrek).

k) Gauzatutako jarduketaren fakturen eta banku ordainagirien zerrenda eta kopia. Eskatutako laguntzaren zenbateko berria jasoko da, hura txikiagoa bada.

l) Eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak berreskuratu edo konpentsatzen ahal ote diren adierazteko erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, baita diruz lagundu den jarduera finantzatu duten bestelako sarrera edo dirulaguntza batzuen xehetasunak ere, haien zenbatekoa eta jatorria adieraziz.

m) Azken hartzaileei emandako laguntzen kasuan, jarduera komertziala edo merkataritzakoa egiten duten pertsona fisikoak badira, bosgarren oinarriko 2. puntuan aipatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

Aurreko guztia gorabehera, Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalak, instrukzio organoa den aldetik, egiaztatzeko eta justifikatzeko jarraibide osagarriak egin ditzake, jarduketaren konplexutasunak edo laguntzaren zenbateko handiak hala eskatzen duen kasuetan. Halaber, erantzukizunpeko adierazpenak edo justifikazio txostenak aurkeztea eska dezake, onesten diren jarraibide eta ereduen arabera. Horiek eguneratuta argitaratuko dira Nafarroako etxebizitza arloko informaziorako www.vivienda.navarra.es webgunean.

Iragarkiaren kodea: F2202872