62. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

588/2022 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako suhiltzaile-ofizialordeen hamaika lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

Abenduaren 22ko 113/2021 Foru Dekretuaren bidez (2021eko 293. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 30ekoa), onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2021eko lan publikoaren eskaintza partziala, Estatuaren 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Eskaintza hartan, besteak beste, suhiltzaile-ofizialordeen hogeita lau lanpostu sartu ziren, funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak.

Gero, Barneko zuzendari nagusiaren otsailaren 1eko 7/2022 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi da suhiltzaile-ofizialordeen 11 lanpostu huts lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko. Hortaz, deialdi honetan bete beharreko lanpostuak izanen dira oraindik ebatzi gabe dagoen prozedura horren ondoriozkoak.

Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 54.4 artikuluak xedatzen du ezen suhiltzaile-ofizialordeen lanpostu hutsak kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez beteko direla, Nafarroako edozein administrazio publikotako suhiltzaile-sarjentuen artean, eta, prozesuaren barruan, Segurtasun Eskolak emanen duen prestakuntza ikastaro bat egonen dela.

Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Zuzendaritzak eskatu du deialdi bat egitea abenduaren 22ko 113/2021 Foru Dekretuaren bidez onetsitako lan publikoaren eskaintza partzialean sartutako hogeita lau lanpostuetatik hamaika betetzeko.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-ofizialordeen hamaika lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-ofizialordeen hamaika lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak ere.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 7an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (196/2019 Foru Agindua, abenduaren 18koa), Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra.

DEIALDIA, SUHILTZAILE-OFIZIALORDEEN HAMAIKA LANPOSTU KATEGORIAZ IGOTZEKO LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO

Hauek dira

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da suhiltzaile-ofizialordeen hamaika lanpostu betetzea kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez. Lanpostu horiek funtzionario araubidekoak dira, B mailakoak, eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari atxikiak daude. Beteko diren lanpostuak, zehazki, otsailaren 1eko 7/2022 Ebazpenaren bidez deitutako lehiaketan hutsik geratzen direnak izanen dira, eta lanpostu-zenbakiak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia baino lehen zehaztuko dira.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Hautapen prozedura hau honako arau hauek erregulatuko dute: Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen martxoaren 25eko 30/2005 Foru Dekretua; aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdiaren oinarri hauek.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea suhiltzaile-sarjentu lanpostuetan.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

c) C motako gidabaimena izatea.

d) Bigarren jarduerako egoeran ez egotea.

3.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean, lanpostuaren jabetza hartu arte.

Gidabaimenari dagokion baldintzari ez zaio aurreko lerroaldean ezarritakoa aplikatuko; izan ere, prestakuntza ikastaroan onartutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunean bete beharko da baldintza hori.

Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.

4.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.2. Izena ematea eta merezimenduak aurkeztea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, honako helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa, “Langile publikoentzako informazioa: promozioak, lekualdatzeak eta beste zerbitzu batzuk” atalean, deialdiaren aipamenean sartuta.

4.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera on line aurkeztearekin batera, hautagaiek telematikoki aurkeztu beharko dituzte alegatzen dituzten merezimendu guztiak frogatzen dituzten agiriak, deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera.

Hala ere, lehiakideek ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo deitzaileak epaimahaiaren esku jarriko baititu, balora ditzan:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako eta aitortutako zerbitzuak.

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nahiz Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen ikastaroak eta hizkuntzen ezagutza frogatzen duten agiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Pedro Zaro Loperena jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Martín Rodríguez Sanchez jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Gai Teknikoen, Logistikaren eta Ekipoen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: José Javier Boulandier Herrera jauna, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Elena Iribarren Gorriz andrea, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko Larrialdietako Prebentzio, Informazio eta Prestakuntza Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: José Aurelio Andueza Izquierdo jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-ofizialordea.

Ordezkoa: Juan Manuel Lobo Palanco jauna, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Suhiltzaileen eta Babes Zibileko zerbitzuetako Langileen Batzordearen ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Suhiltzaileen eta Babes Zibileko zerbitzuetako Langileen Batzordearen ordezkari bat.

–Idazkaria: Pilar Zapico Revuelta andrea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Olga Virginia López Vera andrea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Behin kalifikazio epaimahaia eratua denean, baldin epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badaude edo haien aldi baterako absentzia justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

6.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak izan ditzake proba teoriko-praktikorako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Lehiaketaren garapena.

7.1. Lehiaketak bi fase izanen ditu. Lehenbiziko fasean, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktiko bat, proba psikotekniko bat eta merezimenduen balorazioa eginen dira; eta bigarren fasean, trebakuntza ikastaro bat egin beharko da, suhiltzaile-ofizialordeen lanposturako.

Kategoriaz igotzeko lehiaketan, epaimahaiak elementu hauek baloratuko ditu, hurrenkera honetan eta elkarren segidan:

a) Suhiltzaile-ofizialordeen lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

b) Proba psikoteknikoa: gehienez ere hamabost (15) puntu.

c) Merezimenduak:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.

–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

–Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita sei koma berrogeita hamar (26,50) puntu.

7.2. Lehiaketako lehenbiziko fasea.

Lehenbiziko fasean elementu hauek izanen dira:

7.2.1. Suhiltzaile-ofizialordeen lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa:

Proba 2022ko ekainetik aurrera hasiko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean proba hau egiteko tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.

Proba praktikoan, epaimahaiak planteatutako kasu praktiko operatibo bat edo batzuk garatu eta idatziz ebatzi beharko dira. Helburua izanen da hautagaien gaitasuna baloratzea suhiltzaile-ofizialordeen lanpostuaren edukiari eta eginkizunei dagokienez, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

–Baliabideak mobilizatzea eta antolatzea esku-hartze batean.

–Esku-hartzea zuzentzea, kudeatzea eta gainbegiratzea.

–Esku-hartzearen segurtasun globalaren kontrola.

–Laneko arriskuen prebentzioaren kontrola, bai ohiko jardueran, bai esku-hartzeetan.

–Txosten tekniko operatiboak edo ohiko jarduerari buruzkoak egitea.

–Zerbitzuko parkeen, unitate tekniko eta operatiboen eta giza baliabideen kudeaketa eta funtzionamendua koordinatzea, antolatzea eta planifikatzea.

Proba hau egiteko hiru ordu izanen dira gehienez.

Plika sistemaren bidez eginen da.

Proba egiteko, ez da inolako testurik edo dokumentaziorik kontsultatzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik edo gailu elektronikorik erabili ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

Proba honetan 25 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 12,50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

7.2.2. Proba psikoteknikoa:

Galdetegi batzuk erantzun beharko dira izangaien nortasun orokorra eta lanerako gaitasunak eta/edo trebetasunak ezagutzeko, eta elkarrizketa pertsonalak eta/edo talde-lanekoak eginen dira; haien bidez zehaztuko da izangaiak zenbateraino diren egokiak lanpostuaren profil profesiografikoak eskatzen dituen ezaugarrietarako.

Proba hau Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen du, eta haren balorazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Proba hau ez da baztertzailea izanen eta 0tik 15 puntura baloratuko da.

7.2.3. Merezimenduen balorazioa:

Suhiltzaile-ofizialordeen lanpostuaren eginkizunei eta edukiei buruzko proba praktikoa gainditzen duten lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduak baizik ez ditu baloratuko epaimahaiak.

Alegatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Merezimendu horiek frogatzeko agiriak telematika bidez aurkeztuko dira online eskaeran, 4.3 oinarrian adierazitako helbidearen bitartez, eta, horiekin batera, zerrenda bat aurkeztuko da, adieraziz zer merezimendu alegatzen diren.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio altuagorik eman atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

7.2.4. Proba guztiak bukatuta eta merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioa argitaratuko du deialdiaren aipamenean, 11. atalean ezarritakoaren arabera, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek puntuazioaren edo merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

Erreklamazioen epea igarota eta horiek ebatzita, epaimahaiak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu.

8.–Lanpostuak aukeratzea.

8.1. Probak bukatuta eta merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak lehiaketaren lehenengo fasea gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du deialdiaren aipamenean, 11. atalean ezarritakoaren arabera, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, handienetik txikienera.

Berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzurako lanetan antzinatasun onarturik handiena dutenen alde joko da. Horrekin ere berdinketak baldin badirau, izangai zaharrenaren alde joko da.

8.2. Lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia prestakuntza ikastaroa hasi baino lehen eginen da.

8.3. Barneko Zuzendaritza Nagusiak eginen du lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia, eta lanpostuak hautatzeko epea adieraziko du. Horretarako, argitara emanen ditu hautatu daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta izangaien zerrenda, lanpostu hutsak aukeratzeko duten lehentasun-hurrenkerari jarraituz, puntuazio-hurrenkeraren arabera.

Informazio hori jendaurrean jarriko da deialdiaren aipamenean, 11. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, zer suhiltzaile-ofizialorde lanpostu huts nahiago duten.

8.4. Suhiltzaile-ofizialorde lanpostu hutsetatik zein nahiago duten adieraztearekin batera, izangaiek C motako gidabaimena dutela frogatu beharko dute, eta horren kopia aurkeztu, eskatzen zaienetik hamar eguneko epean.

9.–Prestakuntza ikastaroa - Lehiaketako bigarren fasea.

9.1. Behin lanpostu hutsak aukeraturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio prestakuntza ikastaroan onartu diren izangaien zerrenda. Onartutako izangaien kopurua ezin da izan deialdiko lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa. Nafarroako Gobernuaren web orrian ere argitaratuko du zerrenda hori.

Horrekin batera, eta aldi berean, epaimahaiak behar den komunikazioa igorriko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari, zehaztu ditzan oinarrizko prestakuntza ikastaroa hasteko eguna, ordua, tokia eta bestelako jarraibide batzuk.

9.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikiko dizkio.

Ikastaroak iraun bitartean, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikitako izangaiek dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, indarreko araudiarekin bat.

9.3. Prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, baztertzailea izanen da, eta irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz garatuko da (Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesteko foru dekretua).

Ikastaroaren kalifikazioa “gai” edo “ez gai” izanen da.

Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarentzat.

Ezin dira izendatu “ez gai” kalifikazioa lortzen dutenak.

Prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak izangaien kalifikazioen zerrenda igorriko dio epaimahaiari, prestakuntza ikastaroan “gai” kalifikazioa lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena egin dezan.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du hautapen prozeduran jarraitzeko eskubidea galtzea. Hori gertatuz gero, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio berehala.

9.4. Kalifikazio epaimahaiak izangaiek prestakuntza ikastaroan lortutako kalifikazioak jaso eta espedientean bilduko ditu, ikastaroa gainditu dutenen zerrenda onetsiko du (kategoriaz igotzeko lehiaketan ateratako guztizko puntuazioaren arabera) eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari izendapen proposamena igorriko dio.

Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren aipamenean ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat, eta izangaiei eskatuko zaie beharrezkoa den dokumentazioa aurkez dezatela.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-ofizialorde izendatuko ditu kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditzen duten izangaiak, aurreko oinarrietan ezarritakoaren arabera.

10.2. Izangaiei Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean alta emanen zaie eta bertan afiliatuko dira, araubide horren babesean, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako araubidean afiliatuak badira; kasu horretan, izendatu aitzin, erabakitzen ahalko dute babes araubide horretan jarraitzea edo aipatutako Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatzea.

10.3. Izendapenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izangaiek lanpostuaren jabetza hartuko dute hartan adierazten den egunean.

Behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez duten izangaiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izaera eskuratzeko eta suhiltzaile-ofizialorde lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei eta balorazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa, “Langile publikoentzako informazioa: promozioak, lekualdatzeak eta beste zerbitzu batzuk” atalean, deialdiaren aipamenean.

12.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdien, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoa zer egintzaren kontra jarri nahi den, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

A) Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.

1) Deialdi honetan eskatutako mailako/taldeko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: Urte bakoitza: 1,50 puntu.

2) Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: Urte bakoitza: 0,37 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

3. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo antolaketa-unitate bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

B) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: Zero koma hamar (0,10) puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere hamar (10) puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko (1) balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza jardueretan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barrenean antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: hiru (3) puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den: tokikoa, eskualdekoa, estatukoa edo nazioartekoa.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere bi (2) puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Deialdian eskatutako mailan sartzeko eskatzen ez diren beste titulazio eta espezialitate akademiko batzuk: gehienez ere lau (4) puntu.

5) Doktore, lizentzia edo unibertsitate gradua: gehienez ere bi (2) puntu.

6) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere lau (4) puntu.

Oharrak B) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira suhiltzaile-ofizialorde lanpostuarekin zerikusia izanez gero. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko edo gora egiteko prestakuntza ikastaroak.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa hogeita bost (25) puntukoa izanen da gehienez.

C) Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita sei puntu eta berrogeita hamar (26,50).

–Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira: 5 puntu bakoitzagatik, gehienez ere.

–Euskaraz jakiteagatik: plantilla organikoaren arabera lanpostu horietan aritzeko euskaraz jakitea nahitaezkoa ez bada, 11,5 puntu bitarte emanen dira destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetan sartu nahi denean.

Oharrak C) atal osorako:

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila edo baliokidea izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 maila izanez gero, 2/5; B1 maila izanez gero, 3/5; eta, B2 maila izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Iragarkiaren kodea: F2203612