60. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

52/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela arautzen duena Nafarroako Foru Komunitatean.

ZIOEN AZALPENA

Desgaitasuna duten pertsonen eskubideen gaineko Nazioarteko Hitzarmenak, Nazio Batuen Erakundearen biltzar nagusiak 2006ko abenduaren 13an onetsiak, erakundeko kide diren estatuak behartzen ditu legeria eta administrazio arloko eta bestelako arloetako neurriak hartzera, hots, hitzarmen horretan onartzen diren eskubideak gauzatzeko beharrezkoak direnak.

Estatuan, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina. Bizitza independentearen eta irisgarritasun unibertsalaren printzipioekin koherenteak izanik, testu bategin horren 30. artikuluan aurreikusten da udalek beharrezko neurriak hartuko dituztela, desgaitasuna dela eta, mugitzeko arazo larriak dituzten edo mugikortasun murriztua duten pertsonek beren ibilgailu automobilak errazago aparkatzeko.

Bestalde, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina. Testu bategin horretako 7. artikuluan udalerriei eskumena esleitzen zaie, zirkulazioaren gaineko udal ordenantzaren bidez, hiribideetan aparkalekuen banaketa ekitatiboa arautzeko eta, bereziki, arreta berezia jartzen die desgaitasuna duten pertsonen beharrei, hain zuzen ere mugikortasuna murriztuta izan eta ibilgailuak ibiltzen dituztenei, gizarteratzea errazteko xedez. Zehazki, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna berritzeko abenduaren 19ko 19/2001 Legeak udalerriak behartu zituen desgaitasuna izan eta mugitzeko arazo larriak dituzten pertsonei aparkatzeko txartela ematera. Txartel horrek Estatu osoan du balioa, Europar Batasunaren Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an emandako 98/376/EE Gomendioa kontuan izanik.

Halaber, abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuak desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela eman eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu zituen. Errege dekretu horren xedea da desgaitasuna izan eta mugikortasun mugatua duten pertsonen ibilgailu automobiletarako aparkatzeko txartelari aplikagarri zaion araubide juridikoaren oinarrizko baldintzak ezartzea. Hori guztia aparkatzeko txartelaren erabileran nazio osoan berdintasuna bermatzeko. Lehen xedapen iragankorrean esaten da administrazio publikoek urtebete izanen dutela arauak errege dekretu horren aurreikuspenetara egokitzeko, hura argitaratzen den egunetik hasita.

Bestalde, 1056/2014 Errege Dekretuak hiru alderdi esanguratsu berri ditu: lehena, nolabaiteko ikusmen-desgaitasuna duten pertsonek aparkatzeko txartela lortzeko eskubidea onartzea; bigarrena, desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiboan ari diren pertsona fisikoek edo juridikoek eskubide bera izatea (pertsona horiek norberaren autonomia sustatu eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko zerbitzu sozialak emanen dituzte, norberaren autonomia sustatzeari eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak aipatu bezala); eta, hirugarrena, aparkatzeko behin-behineko txartelaren aukera sartzea.

Behin-behineko txartel honek sei hilabeteko balioa izanen du eta salbuespenez beste sei hilabetetarako luzatzen ahalko da, arrazoi humanitarioak tarteko. Mugikortasun urria duten pertsonei emanen zaie, nahiz eta mugikortasun hori ofizialki erabaki gabe egon, muturreko larritasuneko eritasunagatik edo patologiagatik eta horrek berekin ekar dezakeenean bizi-itxaropena asko murriztea –bizi-itxaropen hori bere adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako arruntzat hartuta–, kontuan izan behar baita seguruenik ez dela astirik izanen aparkatzeko txartelaren eskabide arrunta tramitatzeko.

Nafarroan, orain arte ez da eskumenen berezko esparrurik garatu eta espezifikotasun bakarrak Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legearen 16. eta 34. artikuluetatik ondorioztatutakoak dira.

Lege-esparru horretan, bada, foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasuna eta mugikortasun murriztua duten pertsonendako aparkatzeko txartelen jaulkipena normalizatzea eta homogeneizatzea, txartel horiek emateko baldintzak ezartzea, txartel horretan agertu beharreko edukiak zehaztea eta txartela erabiltzean izaten diren iruzur eta abusuen aurka borrokatzea, bai eta modu aktiboan eragoztea ere honelako txartelak erabil daitezen: baliogabeak, fotokopiatuak, osatugabeak, eskuz idatziak, zenbakirik gabeak, iraunkorrak, balio-datarik gabeak edo titularraren identifikaziorik gabeak.

Orobat, arau honen xedea da abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarritako erabilera-betekizunak eta -baldintzak garatzea, bai eta aparkatzeko txartelaren titularraren eskubideak eta betebeharrak ere. Berritasun hau sartzen du: txartela izateko eskubidearen titularren artean ere egonen direla hiru urtetik beherakoak, baldin eta etengabe badaude beren bizi-funtzioetarako ezinbestekoak diren laguntza-produktuen mende (gurpil-aulki bereziak, arnasgailuak...) eta aparatu horiek mugikortasuna nabarmen mugatzen badiete. Horrek esan nahi du txartelaren jabe izateko moduak zabaldu egin direla.

Foru agindu honetan arautzen dira, orobat, txartela lortzeko administrazio-prozedura, indarraldiaren araubidea eta txartela eskatzeko ereduak.

Foru agindu hau onetsi da Nafarroak eskumen esklusiboa duelako gizarte-laguntzaren eta berdintasun-politiken arloan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitatean gizarte-zerbitzuen gaineko erregelamendu- eta koordinazio-ahalak dituelako, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) eta 55.2 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da desgaitasuna izan eta mugikortasun murriztua duten pertsonendako ibilgailu automobilak aparkatzeko txartela arautzea.

2. artikulua. Desgaitasuna izan eta mugikortasun murriztua duten pertsonendako ibilgailu automobilak aparkatzeko txartela zer den definitzea.

Desgaitasuna izan eta mugikortasun murriztua duten pertsonendako ibilgailu automobilak aparkatzeko txartela, hemendik aitzina aparkatzeko txartela, agiri publiko bat da, aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten pertsonek ibilgailu automobilak aparkatzeko duten eskubidea egiaztatzen duena, ibilgailuarekin ahalik eta hurbilen geldi daitezen irteerako lekutik edo helmugatik.

3. artikulua. Eskubidearen titularrak.

Aparkatzeko txartela eskuratzeko eskubidea dute Nafarroako Foru Komunitateko udalerriren batean bizi direnek, baldin eta honako baldintza hauetako bat betetzen badute:

1. Desgaitasuna duen pertsonaren izaera ofizialki onartua duten pertsona fisikoak, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorreko testu bateginaren 4.2 artikuluan ezarritakoaren arabera (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), eta, horretaz gainera, ondoko egoera hauetakoren batean baldin badaude:

a) Mugikortasun murriztua izatea, Desgaitasun-maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren arabera. Mugikortasun murriztua dutela usteko da baldin eta ondoko egoera hauetakoren batean baldin badaude:

–Gurpil-aulkia nahitaez erabiltzen badu.

–Ibiltzeko makila-parea nahitaez erabiltzen badu.

–Ibil badaiteke ere, kontrolatzen zailak diren jokabide oldarkor edo jasangaitzak baditu, garraioko baliabide normalizatuak erabiltzea galarazten dioten desgaitasun psikiko astunak dituelako.

–Mugitzeko debekuak baditu eta gutxienez 7 puntukoak badira 1971/1999 Errege Dekretuko II. eranskineko mugikortasun murriztuko baremoan.

b) Begirik onenean 0,1eko ikusmen-zolitasuna edo hori baino txikiagoa izatea zuzenketarekin, edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikus-eremua izatea, desgaitasuna baloratzearen arloan eskumena duen unitateak hala erabakita.

2. Desgaitasuna duten 3 urtez beherako adingabeak, mugikortasuna modu larrian mugatzen duten laguntza-produktuak (gurpil-aulki bereziak, arnasgailuak...) etengabe behar dituztenak; aparatu horiek ezinbestekoak dira beren bizi-funtzioetan. Egoera hori onartu behar du desgaitasuna baloratzearen arloan eskumena duen unitateak eta egoera hori aitortu behar da desgaitasunaren arloan eskumena duen organoak emandako ebazpenaren bidez.

3. Desgaitasuna izan eta mugikortasuna murriztua duten pertsonen garraio kolektiborako soilik egokitutako ibilgailuen titularrak diren pertsona fisikoak edo juridikoak, baldin eta norberaren autonomia sustatu eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko gizarte-zerbitzuak ematen badituzte (gizarte-zerbitzu horiek aipatzen dira Norberaren autonomia sustatzeari eta mendekotasuna dutenei laguntzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean eta Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean –azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori–).

4. artikulua. Aparkatzeko txartelak non balio duen.

Foru agindu honetan aurreikusitako prozeduraren arabera eman den txartelak Nafarroako Foru Komunitatean balioko du, inolaz ere galarazi gabe hura Europar Batasuneko estatu kide guztietan erabiltzea, organo eskudunek ibilgailuen ordenazioari eta zirkulazioari buruz ezarritakoarekin bat.

5. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta baldintzak.

1. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak foru agindu honetako I. eranskinean zehaztutakoak dira.

2. Pertsona baten izenean eta haren onurarako emandako aparkatzeko txartela bakarra, pertsonala eta besterenezina izanen da eta, orobat, soilik erabiliko da titularra ibilgailua gidatzen ari denean edo hartan garraiatzen dutenean. Pertsona horrek 3. artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako baldintzak bete beharko ditu.

3. 3.3. artikuluan aipatutako pertsona fisikoaren edo juridikoaren izenean emandako aparkatzeko txartela bakarra, pertsonala eta besterenezina izanen da, eta mugikortasun murriztuko pertsonen garraio kolektiborako soilik erabiliko den ibilgailuaren matrikula-zenbaki bati lotuta egonen da eta eraginkorra izanen da soilik ibilgailuak 3. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak modu eraginkorrean garraiatzen dituenean.

4. Aparkatzeko txartelak balioko du txartelaren titularrak hura emateko eskatu ziren baldintzak betetzen dituen bitartean.

5. Nafarroan emandako aparkatzeko txartel guztiak foru agindu honetako ereduari egokitu beharko zaizkio eta argi adierazi beharko dute haren zenbakia, noiz arte erabil daitekeen eta titularra nor den, I. eranskinean ezarritako eredu estandarizatuaren arabera.

6. artikulua. Pertsona titularren eskubideak eta erabiltzeko mugak.

1. Aparkatzeko txartelaren titularrek eskubide hauek izanen dituzte, baldin eta txartela ibilgailuaren barnealdean ikusteko moduan jartzen badute:

a) Aparkatzeko tokia erreserbatzea etxetik edo lantokitik hurbil, kasuan kasuko administrazioari eskaera egin eta beharra justifikatu ondoren, autonomia erkidegoko edo tokiko administrazioek ezartzen dituzten baldintzen arabera. Aparkatzeko tokia mugikortasun murriztuko sinboloarekin seinaleztatuko da.

b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzea.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duten denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako gordetako tokietan gelditzea edo aparkatzea, udalek ezarritakoarekin bat, oinezkoei edo trafikoari kalterik egiten ez zaien bitartean.

e) Bidearen edozein tokitan gelditzea, arrazoi justifikatuak tarteko eta behar den denboraz, oinezkoei edo trafikoari kalterik egiten ez zaien bitartean eta agintaritzako agenteek emandako jarraibideak bete ondoren.

f) Bertako bizilagunendako zirkulazioa mugaturik duten bide, eremu nahiz guneetan sartzea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera badoaz.

2. Aparkatzeko txartela izateak ez du inolaz ere aparkatzeko baimenik ematen oinezkoendako gune edo pasabideetan, gelditzea debeku den toki eta kasuetan, ibiak edo larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten tokietan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan eta zirkulazio-erreiak murrizten dituzten espazioetan («bigarren ilarak»).

7. artikulua. Pertsona titularren betebeharrak.

1. Aparkatzeko txartelaren titularra behartuta dago:

a) Txartela behar bezala erabiltzera, 6. artikuluan ezarritako erabilera-baldintzen arabera eta betiere foru agindu honetan ezarritako txartel-formatua erabiliz.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aurreko panelean paratzera edo aurreko haizetakoaren barnean itsastera, txartelaren aurrealdea kanpotik argi ikusteko moduan utziz.

c) Bere burua identifikatzera agintaritzaren agente batek hala eskatzen dionean, bere nortasuna egiaztatzeko erakutsiz, hartara, nortasun-agiri nazionala, identifikazio fiskalaren zenbakia, bizileku-txartela edo bestelako identifikazio-agiri ofizialen bat. Halakorik ez badu, ez du aparkatzeko txartela erabiltzen ahalko. 14 urtetik beherako adingabeek nortasuna egiazta dezakete desgaitasun-maila onartzen duen agiria erakutsiz.

d) Agintaritzako agenteekin elkarlanean aritzera, ahalik eta gehien saihesteko aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak gauzatzean gerta daitezkeen trafiko-arazoak.

e) Txartela eman duen erakundeari adieraztera aparkatzeko txartela emateko eskaturiko betebeharretan gertatutako edozein aldaketa, hala nola bizileku-aldaketa, txartela hondatu edo galdu denean, edo lapurtu badute. Hala gertatu bada, behar den salaketa jarri beharko da.

f) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2. Betebehar hauek betetzen ez badira aparkatzeko txartela aldi baterako erretira daiteke (6 hilabete arte) eta betebehar horiek behin eta berriz betetzen ez badira, aparkatzeko txartela ken daiteke, ordenamendu juridikoan aurreikusitako zehapenak galarazi gabe.

3. Pertsona fisikoek zein juridikoek aparkatzeko txartela iruzur eginez erabiltzen badute, hura ezereztatuko da, ordenamendu juridikoan aurreikusitako zehapenak galarazi gabe.

4. Txartela ezereztatzen bada, titularrak ez du berriz beste txartel bat eskatzen ahalko, ezereztatzen den egunetik hasita urtebeteko epean.

8. artikulua. Aparkatzeko txartela eman eta egiteko prozedura.

Txartela eman eta egiteko prozedura hauxe izanen da:

1. Espedienteari hasiera emateko, interesdunak edo haren legezko ordezkariak eskaera egin beharko dio udalerriko toki erakundeari, erroldatuta dagoen hari.

2. Hasierako eskaera horrek ez baditu exijitutako betekizunak betetzen, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, gehienez ere 10 egun balioduneko epean. Ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela joko dela, aginduzkoa den ebazpena eman ondoren; ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eman beharko da.

3. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Karneterako bi argazki. Toki entitateak baliabideak jar ditzake argazkiak egiteko, interesdunak aldez aurretik baimena eman ondoren.

–Nortasuna egiaztatzen duten agiriak.

–Herrian erroldaturik egotearen ziurtagiria.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

–Eskabidea desgaitasuna duten pertsona fisikoek egiten dutenean, egiaztagiri ofiziala, zeinetan adieraziko den desgaitasuna duen pertsona dela, mugikortasuna murriztua duela edo begirik hoberenean ikusmen zolitasuna 0,1ekoa edo gutxiagokoa duela zuzenketarekin edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikus-eremua duela. Egiaztagiri hori desgaitasun-maila kalifikatu eta onartzeko talde multiprofesionalek emanen dute.

–Txartela eskatzen dutenean pertsona fisikoek eta juridikoek desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiboa egiteko, norberaren autonomia sustatu eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko gizarte-zerbitzuak ematen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, balioztatu beharko duena eskatzailearen bizilekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak.

4. Aurrekoa gorabehera, interesdunak ez dira behartuak egonen beste administrazio publiko batzuek prestatutako agiriak aurkeztera, baldin eta horiek kontsultatzeko edo jasotzeko baimena ematen badute, ezta dagoeneko Administrazioaren esku dauden agiriak aurkeztera ere; azken kasu horretan, zein unetan eta zein administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren adierazi beharko dute.

5. Txartela eman aurretik, udalak egokitzat jotzen duenean, arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari txosten bat eska diezaioke, zeinetan egiaztatuko baita eskatzaileak betetzen dituela txartela izateko eskubidea ematen duten baldintzak; bai eta, orobat, eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren inguruko edozein argibide ere.

6. Eskumena duen udalak eskabidea ebatziko du eta interesdunari jakinaraziko dio gehienez ere hiru hilabeteko epean, aparkatzeko txartela eskuratzeko eskaera behar den erregistroan sartu den egunetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea onartutzat jo beharko da, berariazko ebazpena emateko betebeharra galarazi gabe; ebazpen hori beti eskabidea ontzat emateko izanen da.

7. Eskabideari uko egiten bazaio, ebazpena eman beharko da eta hartan adierazi kasu bakoitzean zer inguruabar dagoen, eta zein diren gertatutako egitateak eta aplikatu beharreko arauak.

8. Aparkatzeko txartela eman ondoren, hura eman dela adieraziko zaio Eskubide Sozialetako Departamentuari, aparkatzeko txartela editatu eta eman dezan I. eranskinean ezarritako formatu homogeneo eta normalizatuan. Txartelarekin batera, txartela Europar Batasuneko estatu kideetan nola erabili ere adieraziko da.

9. artikulua. Aparkatzeko txartelaren indarraldia eta berritzea.

1. Mugikortasun edo ikusmen zolitasun murriztua duten pertsona fisikoei emandako aparkatzeko txartelek eta garraio kolektiborako egokitutako ibilgailuetako aparkalekuetako txartelek bost urteko balioa izanen dute.

Epe hori bukaturik, txartela berritu beharko da, desgaitasunaren balorazioan gerta daitezkeen aldaketak gorabehera (aldaketa horiek berekin ekar dezakete txartelaren indarraldia galtzea).

2. Aparkatzeko txartela haren indarraldiaren barnean berritzeko eskaera aurkezten bada, aurretik emandakoaren baliozkotasuna luzatzen du prozedura ebatzi arte. Eskaera aurkezten bada luzatutako azken txartelaren indarraldia bukatu eta hurrengo laurogeita hamar eguneko epearen barnean, uste izanen da indarraldi horrek bere horretan dirauela txartela berritzeko behar den prozedura ebatzi bitartean.

3. Dena dela, aparkatzeko txartelak balioko du txartelaren titularrak hura emateko eskatu ziren baldintzak betetzen dituen bitartean.

10. artikulua. Aparkatzeko txartelen datu-basea.

1. Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak desgaitasuna eta mugikortasun murriztua duten pertsonen aparkatzeko txartel guztien datu-base eguneratua izanen du txartelen numerazio korrelatiboekin eta haien indarraldiarekin. Datu-basearen xede bakarra iruzurra saihestea da, datuak babestearen arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera betiere.

2. Datu-base hori eskura eta eskuragarri izanen dute Nafarroako eta udaletako agintaritzako agente guztiek eta haren xedea izanen da aparkatzeko txartel baten benetako baliozkotasuna parekatu eta in situ egiaztatzea.

3. Txartela eman ondoren izandako aldaketen berri emanen die datu-baseak toki-entitateei. Aldaketak izan daitezke titularrak baldintzak betetzen ez dituelako edo arau-aldaketaren bat jazo delako.

4. Administrazio-unitate eskudunak sexuaren arabera bereizita erregistratuko ditu emandako txartelak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Aparkatzeko behin-behineko txartela ematea

1. Arrazoi humanitarioak tarteko, salbuespenez emanen zaie ibilgailu automobilak aparkatzeko behin-behineko txartela mugikortasun murriztua duten pertsonei, nahiz eta mugikortasun hori ofizialki aitortua ez egon, muturreko larritasuneko eritasunagatik edo patologiagatik eta horrek berekin ekar dezakeenean bizi-itxaropena asko murriztea –bizi-itxaropen hori bere adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako arruntzat hartuta–, kontuan izan behar baita seguruenik ez dela astirik izanen aparkatzeko txartelaren eskabide arrunta tramitatzeko.

2. Aparkatzeko behin-behineko txartela eskuratzeko, aurreko apartatuan adierazitako egoerak egiaztatu beharko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko sendagile fakultatiboek emandako ziurtagiriaren bitartez; eskatzailearen bizilekuari dagozkion osasun-zerbitzuetako ikuskatzailetzak baliozkotu beharko du ziurtagiri hori.

3. Aparkatzeko behin-behineko txartela duten titularrek arau honetako eskubideak, beharkizunak eta erabilera-baldintzak izanen dituzte, emakidak irauten duen bitartean.

4. Aparkatzeko behin-behineko txartela gehienez ere sei hilabeterako emanen da eta urtebete luzatzen ahalko da, gehienez ere.

5. Txartelaren eredua I. eranskinekoa da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru agindu honen aurretik emandako aparkatzeko txartelen araubidea

Foru agindu honek indarra hartu aurretik emandako ibilgailu automobiletarako aparkatzeko txartelek urtebetez indarra izaten segituko dute, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita eta, hartara, epe horretan eskatu beharko dute foru agindu honetan ezarritako txartela.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arauen indargabetzea

Indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honen edukiaren kontra doazen maila bereko edota baxuagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko martxoaren 7an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela: eredua, betebeharrak eta ezaugarriak

1. Europar Batasuneko ereduaren arabera, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren neurri zehatzak honako hauek dira:

Luzera: 106 mm.

Zabalera: 148 mm.

2. Aparkatzeko txartela kolore urdin argikoa izanen da. Aldiz, gurpil-aulkiaren sinboloa zuria izanen da, hondo urdin ilunean jarria. Sinbolo hori esmalte holografikoarekin bernizatuta egonen da.

3. Aparkatzeko txartel guztiak luzatuko dira numerazio korrelatiboarekin eta serie zehatzak esleituko zaizkie egite-hurrenkera korrelatiboetan, txartelaren titularra identifikatzeko xedez.

4. Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela plastifikatua egonen da kapsulatze-teknikaren bitartez.

5. Desgaitasuna duten pertsonen aparkatzeko txartelak atzealdea eta aurrealdea izanen ditu eta alde horietako bakoitza erdibituta egonen da, bertikalki.

6. Aurrealdeko ezkerreko erdian agertuko dira:

–Aulki gurpildunaren sinboloa, zuriz, hondo urdin ilunaren gainean.

–Aparkatzeko txartela zer egunetan iraungitzen den.

–Aparkatzeko txartelaren zenbakia.

–Txartela eman duen agintariaren edo erakundearen izena.

–Nafarroako Gobernuaren logotipoa.

7. Aurrealdeko eskuineko erdian agertuko dira:

«Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela», hizki larriz, gaztelaniaz eta euskaraz.

Jarraian, behar bezala bereizita eta hizki txikietan, «Aparkatzeko txartela» idazkuna agertuko da, Europar Batasuneko gainerako hizkuntzetan.

«EUROPAKO ERKIDEGOEN EREDUA» idazkunaren ordez «EUROPAR BATASUNEKO EREDUA» agertuko da.

Hondoan, Espainiaren adierazgarria: E, Europar Batasunaren sinboloaren barnean (hamabi izarreko zirkulua).

8. Atzealdeko ezkerreko erdian agertuko dira:

–Titularraren argazkia.

–Titularraren deiturak.

–Titularraren izena.

–Titularraren NANa.

9. Atzealdeko eskuineko erdian ohar hauek agertuko dira gaztelaniaz eta euskaraz:

Txartel honek titularrari baimena ematen dio une bakoitzean dagoen Estatu kidean indarrean dauden eskubideak baliatzeko.

Txartel hau erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean jarri beharko da, txartelaren aurrealdea argi eta garbi ikusteko moduan, kontrolatzeko.

10. Garraio kolektiborako soilik erabilitako ibilgailuen pertsona fisiko edo juridiko titularren eredua eranskin honetako aurreko letretan azaldutakoaren antzekoa izanen da. Nolanahi ere, atzealdean «Garraio kolektiboa» eta ibilgailuaren matrikula agertuko dira, titularraren argazkiaren ordez.

Txartel ereduak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2203403