58. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

129/2022 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2022. urtean abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, abereen gaitzei aurrea hartu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik. DDBN identifikazioa: 612858.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 5eko 230/2015 Foru Aginduaren bidez (otsailaren 28ko 93/2017 Foru Aginduaren bidez aldatua), arauak onetsi ziren abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko, abereen gaitzei aurrea hartu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen osasun programen gutxieneko edukia finkatu zen.

Arau hori onetsi aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi zuen jasoa zuela Nafarroako Foru Komunitateko agintariek igorritako informazio laburtuaren idazkia, eta goian aipatutako arau proiektua erregistratu zuen, SA.41575 (2015/XA) laguntza zenbakiarekin.

Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei abereen gaitzei aurrea hartu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik ematen zaizkien laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluan kokatzen dira; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Kontuan harturik Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direla eta laguntzen araubide honen indarraldia 2020ko abenduaren 31ra artekoa dela, bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin, zeinaren bidez barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen baitira nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Aplikazio aldia gorabehera, kontuan harturik NPEa berritzeko legegintza prozedura ez dela bukatu, eta denbora pixka bat joan dela esparru juridikoa onartu arte (horren ondoriozko ekintza eskuordetuak eta betearazleak barne), 2022ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko abenduaren 8ko 2020/2008 (EB) Erregelamenduaren indarraldia (erregelamendu horren bidez 702/2014 (EB) Erregelamendua aldatu zen, aplikazio aldiari dagokionez).

Nafarroako Foru Komunitateak, ikusirik luzatu direla 2020ko abenduaren 31n iraungitzen ziren estatuko laguntzetarako tresna eta araubideak, asmoa du 2022ko ekitaldian behar den deialdia egitea abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko, abereen gaitzei aurrea hartu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea 2022. urtean abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko, abereen gaixotasunei aurrea hartu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik.

Bigarrena. Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onestea, esteka honetan eskuratu daitekeena:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

4. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

5. Ebazpen honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 70.000,00 euroko gastua baimentzen da, 2022ko gastu-aurrekontuen “Zenbait espezieren osasun defentsarako elkarteen sustapena” izeneko 710004-71300-4819-412203 partidaren kargura.

Seigarrena. Deialdi honi foru agindu honetan ezarritako arauak aplikatuko zaizkio: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 5eko 230/2015 Foru Agindua, otsailaren 28ko 93/2017 Foru Aginduaren bidez aldatua. Izan ere, agindu horren bidez arauak onetsi ziren abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko, abereen gaitzei aurrea hartu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen osasun programen gutxieneko edukia finkatu zen.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko martxoaren 1ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2203195