58. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

456E/2022 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2022ko ekitaldirako gastua baimentzen baita enplegu inklusiboko programak egiteko dirulaguntzen deialdian eta haren oinarri arautzaileak aldatzen baitira.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak maiatzaren 14an eman 1657E/2021 Ebazpenaren bidez, enplegu inklusiboko programak egiteko oinarri arautzaileak eta dirulaguntzen deialdia onetsi ziren (DDBN identifikazioa: 566588).

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horrenbestez, bidezkoa da 2022rako enplegu inklusiboko programak egiteko dirulaguntzen gastua baimentzea.

Era berean, deialdi hori arautzen duten oinarri batzuk aldatu behar dira. Zehazki, honako hauek aldatzen dira: 2. oinarritik 10.era (biak barne), 13.a, 15.a eta 18.a.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 300.000 euroko gastua baimentzea enplegu inklusiboko programak egiteko dirulaguntzak emateko, araututa daudenak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 14ko 1657E/2021 Ebazpenaren bidez (566588 zenbakia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean). 2022ko Gastuen Aurrekontuaren kargura izanen da gastua, zehazki “Enplegu inklusiboko programak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950001 96100 4819 241110 aurrekontu-partidaren kargura.

2. 2022ko aurrekontuaren kargura heltzea 2021eko ekitaldian ebazteke gelditu ziren eskaerei, zeinak arautuko baitira aurkeztu zirenean indarrean zeuden oinarri arautzaileen arabera, hau da, haien jatorrizko idazketaren arabera.

3. Lehen aipatutako deialdiaren oinarri arautzaile hauek aldatzea (aldaketak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak):

–2.2.c) oinarria honela geldituko da idatzirik:

“c) Gutxienez urte bateko esperientzia izatea enplegagarritasuna hobetzera bideratutako orientazioko ekintzetan edo prestakuntzan edo lan aktibaziorako programetan eta, hala badagokio, norberaren kontura edo besteren kontura laneratzeko prozesuak garatzea, eskaera aurkezteko unean erakutsi beharko dena erantzukizunpeko adierazpenarekin.”

Aldatu gabe gelditzen dira 2. oinarriko gainerako paragrafoak.

–3. oinarrian, 3.3 eta 3.4 apartatuak aldatzen dira, eta honela geldituko dira idatzirik:

“3.3. Gutxienez, programan parte hartzen duten pertsonen %40 izan beharko dira langabezia, errenta bermatu, laneratzeko errenta aktibo, bizitzeko gutxieneko errenta edo antzeko beste laguntza batzuen ondoriozko prestazio edo subsidioen hartzaile.

Erakunde onuradunek berek biltzen ahalko dituzte arreta jaso beharreko pertsonak. Horretaz gain, Nafarroako Orientazio Sarea osatzen duten erakundeek bideratuak ere izan daitezke (NL-NEZ zerbitzuko teknikariak, lanbide orientazioko zerbitzuak ematen dituzten erakundeak, Auzo Oinarri/Unitateko Gizarte Zerbitzuak, Laneratu eta Gizarteratzeko Taldeak). Nolanahi ere, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bideratutako pertsonek izanen dute arreta jasotzeko erabateko lehentasuna.”

3.4. Ordezkapenak egiten ahalko dira, baldin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimentzen baditu.”

Aldatu gabe gelditzen dira 3. oinarriko gainerako paragrafoak.

–4. oinarria honela geldituko da idatzirik:

“4.–Programaren edukia.

4.1. Aurkeztu beharreko proiektuek 7 pertsonatik 20 pertsona arteko taldeei zuzenduta egon beharko dute, eta esku-hartzearen ardatz nagusia izanen da enpleguko eta prestakuntzako ibilbide pertsonalizatuetan akonpainamendua egitea. Proiektuek, gutxienez, honako ekintza eta baldintza hauek bildu beharko dituzte:

4.1.1. Diagnostikoa, ibilbidea eta akonpainamendua egitea: 10 ordu parte-hartzaile bakoitzeko.

4.1.2. Prestakuntza ekintza osagarriak:

1. Zeharkako gaitasunen lantegiak: Banakako jarduketetan edo talde-jarduketetan (gehienez ere 20 pertsona jarduketa bakoitzeko) gauzatzen ahalko dira, eta honako gaitasun hauek eskuratzea edo hobetzea izanen dute helburu: autokonfiantza, komunikazioa, zereginak betetzea, arrazoitze matematikoa, ikasteko interesa, lorpenera bideratzea, denbora kudeatzea, trebetasun sozialak, sormena eta berrikuntza, ekimena eta talde-lana, arazoak konpontzea, malgutasuna, frustrazioarekiko tolerantzia. Gutxienez 25 ordu.

Bigarrena. Oinarrizko alfabetizazio digitala. Banakako jarduketetan edo talde-jarduketetan (gehienez ere 20 pertsona jarduketa bakoitzeko) gauzatzen ahalko dira, eta helburua izanen da enplegua modu aktiboan bilatzeko oinarrizko gaitasun digitalak eskuratzea eta oinarrizko administrazio-izapideak egitea: 26 ordu, honako aukeretako baten arabera:

–KODEA: FCOI06: Izena: Oinarrizko gaitasun digitalen hastapenak.

–KODEA: FCOI07: Izena: Enplegurako oinarrizko gaitasun digitalak.

–“Oinarrizko gaitasun digitalak” ikastaroa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatua, MIX edo emakume digitalak SEM programen bidez.

4.1.3. Parte-hartzen duten pertsonak berriro kualifikatzeko laneko gaitasun espezifikoak lortzea: gutxienez 40 ordu eta gehienez 80 ordu. Prestakuntza hori ez da, inolaz ere, profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzearekin lotuta egonen.

4.1.4. Laneratzea helburu duten ekintzak garatzea, hala nola enpresei bisitak egitea diruz lagundutako programaren helburuari buruzko informazioa zabaltzeko, enpresek langileak kontratatzeko dituzten beharrak atzematea, enplegu-eskaintzak lortzea eta, horiek betetzeko, erakundearen beraren bitartez orientazio-zerbitzua jaso duten hautagaiak sustatzea, etab.: 20 ordu.

4.2. Diruz lagundutako proiektuek gutxienez 60 puntu izanen dituzte, balioespenerako hurrengo irizpideak aplikatuz eskuratzen ahal direnak:

4.2.1. Aurkeztutako proiektua I. eranskinean aipatzen diren enplegua sortzeko sektoreetako bati zuzendua da: 5 puntu.

4.2.2. Aurkeztutako proiektua II. eranskinean aipatzen diren enplegu eskaria duten lanbide profil bati zuzendua da: 5 puntu.

4.2.3. Aurkeztutako proiektua eremu hauetan garatzen da: gehienez 10 puntu.

–Iruñeko Metropoli Eremua (IV. eranskina) eta Tuterako herria: 5 puntu.

–Lurraldeko gainerako eremuak: 10 puntu.

4.2.4. Gizarteratzearen ehunekoa: 5 puntu.

–Gizarteratearen ehunekoa programaren onuradunen %25 edo handiagoa denean.

4.2.5. Entitate onuradunak badu ezarrita berdintasun plan bat. 5 puntu.

4.2.6. Proiektuaren memoria: 70 puntu gehienez.

A) Proiektuaren deskribapena: (10 puntu).

a) Helburu orokorrak eta espezifikoak, eta adierazleak: (2 puntu).

b) Metodologia: (2 puntu).

c) Jarduketa aurreikusiak: (2 puntu).

d) Egutegiaren zehaztasuna (2 puntu).

e) Tresnak edota teknikak: (2 puntu).

B) Azpiegitura: (10 puntu).

a) Giza Baliabideak: (5 puntu).

b) Baliabide materialak: (5 puntu).

C) Prestakuntza orduak berariazko lan-gaitasunetan: (20 puntu).

a) 40 ordutik gorako prestakuntzaren 10 orduko: 2,5 puntu eta, gehienez ere, 10 puntu;

b) Lanekoak ez diren praktikak egiteagatik: 10 puntu.

D) Prestakuntza ekintza osagarriak: (20 puntu).

a) Oinarrizko gaitasun digitalak eskuratzea: (10 puntu).

b) Enplegurako gaitasun pertsonalak garatzea: (10 puntu).

E) Parte-hartzaileak laneratzera bideratutako jarduketak garatzea: (5 puntu).

F) Programaren alderdi berritzaileak: (5 puntu).

4.3. Proiektu guztiek genero-ikuspegia jaso beharko dute, hala prestatzean nola gauzatzean.

4.4. Proiektuen iraupena gutxienez 4 hilabetekoa eta gehienez 6 hilabetekoa izanen da, eta ikasleak biltzeko eta programa garatzeko faseak barne hartuko dituzte.

–5. oinarrian, 5.1 eta 5.3 apartatuak aldatzen dira, eta honela geldituko dira idatzirik:

“5.1. “Eskatzaile artatuak” izanen dira, programan parte hartu ondoren, gutxienez deialdi honetako 4.1 oinarrian aurreikusitako jardueren %75 egin dituztenak.

5.3. Bi erakunde onuradunek ezin izanen diote pertsona berari aldi berean arreta eman, eta deialdi honen urtean inork ezin izanen du programa bat baino gehiago egin.”

Aldatu gabe gelditzen dira 5. oinarriko gainerako apartatuak.

–6. oinarria honela geldituko da idatzirik:

“6.–“Eskatzaile laneratu” kontzeptuarekin adierazitako programako hartzaileak.

6.1. “Eskatzaile laneratu” izanen da bere egoera modu hauetakoren batean hobetu duen programako parte-hartzaile oro:

Parte-hartzailearekin sinatutako lan-kontratua, gutxienez lanaldi osoan 3 hilabeteko denboran edo lanaldi partzialean haren baliokide den denboran, betiere, lanaldi erditik beherakoa ez bada. Laneratze konpromisoak justifikatzeko gehieneko epea 9 hilabetekoa izanen da proiektuaren amaiera-epetik zenbatzen hasita.

Laneratze modura zenbatuko dira, gehienez 9 hilabetean, proiektuaren amaiera-epetik zenbatzen hasita, hezkuntza sistemara itzultzen diren parte-hartzaile guztiak.

Altak langile autonomoen araubide berezian eta kuoten ordainketak, gutxienez hiru hilabetez. Laneratze hori justifikatzeko gehieneko epea 9 hilabetekoa izanen da, proiektuaren amaiera-epetik zenbatzen hasita.

6.2. Laneratutako pertsonatzat hartuko da lan-merkatuan sartzen dena (norberaren kontura edo besteren kontura, Gizarte Segurantzako dagokion araubidean kotizatuz) enplegagarritasun-diagnostikoa eta enplegua lortzeko dagokion ibilbidea eskuratzen dituen egunetik aurrera.

Parte-hartzaile bat laneratutakotzat hartzeko, kotizazio aldia gutxienez 90 egunekoa izanen da, egunak jarraituak izan ala ez. Laneratzea lanaldi partzialekoa bada, ezin da izan ohiko lanaldiaren %50 baino txikiagoa. NL-NEZek zehaztuko ditu egiaztapen-mekanismoak.”

–7. oinarria aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“7.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

7.1. Hauek izanen dira erakunde onuradunak jasotzeko zenbatekoak:

a) Artatutako pertsona bakoitzeko jaso beharreko zenbatekoak 1.200 euroko erreferentzia-zenbatekoa izanen du gehienez ere, eta zenbateko horri 515 euro gehitzen ahalko zaizkio, gehienez, artatutako pertsona bakoitzeko, behar bezala justifikatutako beste gastu batzuetarako, honela banatuta:

–400 euro, bertaratze-bekak. Erakunde onuradunek 400 euro ordainduko dituzte pertsona onuradun bakoitzeko programa amaitutakoan, baldin eta onuradunak ibilbide pertsonalizatuan bildutako jarduera guztiak bete baditu.

–115 euro, behar bezala justifikatutako gastuak egiteko, erakunde kudeatzaileak baloratu beharko dituenak, hala nola:

  • Materialak, teknikoak, publizitatekoak.
  • Parte-hartzaileei arreta ematen dieten langileen prestakuntza.
  • Sentsibilizazio kanpaina
  • Programaren ondoriozko beste batzuk.
  • Orientazio, akonpainamendu, aholkularitza eta abarreko jardueretarako, 25 euro/orduko modulu bat hartuko da kontuan.

Apartatu honen lehen paragrafoan adierazitako zenbatekoaren kargura finantzatzen diren prestakuntza jardueretarako, ezin izanen da gainditu 960 euroko zenbatekoa pertsona bakoitzeko, 12 euro/orduko modulua kontuan hartuta.

b) Laneratutako pertsona bakoitzeko, 7. oinarrian aurreikusitakoaren arabera, 2.500 euro gehituko dira baldin eta lan-merkatuan besteren edo norberaren kontura sartzen bada, edo 6.000 eurora arte, baldin eta besteren konturako jarduera bat kontratu mugagabearekin hasi badu. Erakunde onuradunari gehienez ere proiektuan aurkeztutako laneratzeari dagokion zenbatekoa ordainduko zaio.

Dirulaguntzaren guztizko zenbatekoak ez du inola ere gaindituko 2.565 euroko kostu unitarioa parte-hartzaile bakoitzeko.

Zenbateko horiek modulutzat hartzen dira dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko eta justifikatzeko.

Eskatzaile laneratu izateko betekizunak betetzen baldin badira, erakunde onuradunaren aldetik horretarako aurreikusitako kopuruak jasoko dira eta, gainera, eskatzaile laneratu izateagatik aurreikusitako kopuruak.

Eskatzaile laneratu izateko betekizunak betetzen ez badira, erakunde onuradunaren aldetik eskatzaile artatu izatearen ondorioz aurreikusitako kopuruak jasoko dira, betiere, proiekturako aurreikusitako iraunaldiaren %75ean parte hartu baldin badu.

7.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa artatzeko parte-hartzaile kopuruaren eta erakunde onuradunak bere proiektuan proposatutako pertsona laneratuen portzentajearen arabera zehaztuko da.

7.3. Erakunde bat, gehienez, 3 proiekturen onuradun izanen da urte natural bakoitzean.”

–8. oinarrian 8.1. eta 8.2. apartatuak aldatzen dira eta 8.5. apartatua gehitzen da. Oinarri hori honela gelditzen da idatzirik:

“8.–Eskaerak eta aurkezteko epea.

“8.1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.navarra.es/eu/), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

8.2. Eskaerak dagokion gastu-baimena ofizialki argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu beharko dira, eta, beranduenez, deialdia indarrean dagoen urte bakoitzeko ekainaren 30era arte.

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Proiektuaren memoria (III. eranskina).

b) Enpresaren erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazten duena (V. eranskina).

c) Helburu bererako lortu edo eskatutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen adierazpena edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpen espresa. Halaber, enpresa eskatzaileak idatziz jakinarazi beharko du laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman zaizkiola edo berriz eskatu dituela, edo horren gainean sortzen ahal diren egoera berriak jakinarazi beharko ditu. Orobat, “de minimis” araubidearen barnean dauden adieraziko da (VI. eranskina).

d) Gardentasun betebeharrei buruzko adierazpena (VII. eranskina).

e) 2. oinarri arautzailearen 2.2 apartatuko erantzukizunpeko adierazpena (VIII. eranskina).

f) Titulazio akademikoari eta lan-esperientziari dagokienez teknikariei eskatzen zaizkien hizkuntza-eskakizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa: titulazio akademikoa, curriculum vitaea eta egindako funtzioen enpresa-ziurtagiria.”

8.3. Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Halaber, eskaera aurkeztean baimena ematen zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko. Horren aurka berariaz egonez gero, dagokion dokumentazio aurkeztu beharko da.

8.4. Interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, baita administrazioak berak eginak direnak ere, ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikotik jaso ditzan, salbu eta interesdunak berariaz aukera hori eragozten badu. Kasu horretan, berak aurkeztu behar ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzan eskatzen ahalko dio interesdunari.

8.5. Proiektuak, nolanahi ere, urte bakoitzeko azaroaren 30a baino lehen amaitu beharko dira.”

–9. oinarrian, gizarteratzeko gutxieneko helburua %25etik %20ra murrizten da, eta idazketa berria hauxe da:

“9.–Gizarteratzearen helburua.

Programan parte hartzen duten pertsona artatu guztiak kontuan hartuta, gutxienez %20 gizarteratuko direla bermatu beharko dute proiektuek. Ehuneko hori aplikatu ondoren dezimalak ateratzen badira, gertuen dagoen zenbaki osoaren arabera borobilduko da, gorantz edo beherantz, eta digitua 5 bada, goiko zenbaki osoaren arabera borobilduko da.”

–10. oinarrian, 10.1 eta 10.3.b) apartatuak aldatzen dira, eta honela geldituko dira idatzirik:

“10.1. Dirulaguntza eskatzen duten erakundeek, eskaera aurkezten dutenean, deialdi honetan aipatutako jarduerak egiteko behar diren giza baliabideak izan beharko dituzte, eta horrela frogatu beharko dute, baita enpresak aztertzeko, enplegu-eskaintza potentzialak lortzeko eta enpresetan dauden langile-premiak hautemateko ekintzak egitekoak ere.

10.3.b) Gutxienez frogatzeko moduko sei hilabeteko lan-esperientzia izatea lanbide hauetako edozeinetan:

–Lanbide orientazioko edota enpleguaren kudeaketako teknikaria.

–Giza baliabideen teknikaria.

–Enplegu-prospekziogilea.

–Teknikaria prestakuntza-programetan (Lantegi Eskola, Enplegu Lantegia) edota enplegua sustatzeko programetan (Enplegu eta Tokiko Garapenerako Eragileak, Enplegu Zentro Bereziak, Laneratzeko Enpresak).

Langileen aldaketak onartuko dira soilik aldi baterako ezintasunagatik, amatasunagatik edo erakundearekin lan-harremana bukatzearen ondoriozko baja bat ematen denean. Kasu horietan, erakunde onuradunak NZ-NEZ zerbitzuari jakinaraziko dio Erregistro Telematikoan aurkeztutako idatzi bidez, egoera hori gertatu eta hurrengo 15 egunen barruan, teknikariaren titulazio akademikoa eta lan-esperientzia egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztuz, ordeztu den pertsonaren antzeko profil batekin. NZ-NEZ zerbitzuak aurkeztutako dokumentazioa egiaztatu eta baliozkotu eginen du.”

10. oinarriko gainerako apartatuak ez dira aldatzen.

–13. oinarrian jasotako epea aldatzen da, eta honela gelditzen da idatzirik:

“13.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du dirulaguntza eman edo ukatzen den.

Ebazpena gehienez ere bi hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.”

Aldatu gabe gelditzen dira 13. oinarriko gainerako paragrafoak.

–15. oinarria aldatzen da, eta honela gelditzen da idatzirik:

“15.–Entitate onuradunaren betebeharrak.

15.1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

15.2. Zehazki, beranduenez ere programa hasten den egunean, honako hauek bidali beharko dituzte NL-NEZera:

a) Proiektuaren xedea den jardueraren hasiera jakinarazteko komunikazioa. Ezarritako epean ez jakinarazteak penalizazio bat ekarriko du berekin: emandako zenbatekoa murriztea, hasiera jakinarazi behar zen egunetik jakinarazi gabe iragan diren egunen zati proportzionalaren baliokidea.

b) Proiektuari atxikitako langileen lan-kontratuak aurkeztea, bai eta titulazio akademikoaren egiaztagiria eta esperientziaren frogagiria ere.

c) Proiektua hastean, proiektuan zehar egin beharreko jarduera osoaren plangintza eta egutegi zehatza aurkeztea.

15.3. Aldez aurreko betebehar horiez gain, erakunde onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epean egitea.

b) Lehenbailehen jakinaraztea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari parte hartzaileen artean izan diren altak eta bajak.

c) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak edo beste kontrol erakunde batzuek egin beharreko egiaztapen, jarraipen eta kontrol lanak onartzea.

d) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, estatukoek nahiz nazioartekoek, xede bererako emandako bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta dirulaguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere.

e) NL-NEZi behar bezala justifikatzea laneratze konpromisoak bete egin direla.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

g) Diruz lagundutako jarduerak izaera publikoa duela agerraraztea. Diruz laguntzen diren programen hedapen eta garapenarekin zerikusia duten jarduketa guztietan, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren ikurra sartu beharko da, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin lankidetza aipatu. Horiek guztiak lehentasunezko tokian jarriko dira, eta ez dira inola ere entitate onuradunaren ikurra baino txikiagoak izanen. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

k) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea laguntzen jarraipena egiteko behar duen informazio guztia.

l) Jarduketak SISPE/Orientasare/IRISen grabatzea.

m) Istripu aseguruko poliza bat izenpetzea, proiektuak hasi baino lehen. Poliza hori gauzapen aldiari, egin asmo diren jarduketei eta eguneroko ordutegiari egokituko zaizkie. In itinere istripu gastuak eta ikasleek enpresetara eta beste establezimendu batzuetara egiten dituzten bisiten ondoriozko arriskuak estali beharko ditu, eta jarduketen garapenari euskarri eman beharko diote.

Polizak hirugarrenen aurreko erantzukizun zibila ere estali beharko du, programa gauzatu bitartean parte-hartzaileek eragindako kalteak estaltzeko eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua horren gaineko erantzukizun orotik salbuesteko. Aseguru poliza kolektibo bat sinatzen ahalko da, adierazitako baldintzekin, parte-hartzaile guztiak estaltzeko.

Parte-hartzaileek ezin izanen dute proiektua hasi istripu aseguruko poliza sinatu ez bada. Polizak, gutxienez, honako estaldura hauek izanen ditu:

–Heriotza, istripuagatik.

–Ezintasun iraunkorra (partziala, osoa edo absolutua) eta Ezintasun handia, istripuagatik. Baremoaren araberakoa izanen da.

–Osasun laguntza mugagabea, istripuagatik.”

–18. artikulua aldatzen da, eta honela gelditzen da idatzirik:

“18.–Azpikontratazioa.

Erakunde onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte, osorik edo partez, 4. oinarriko 4.1.2 eta 4.1.3 jarduera diruz lagungarriak, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin.

Langileen kontratazioa ez da azpikontrataziotzat hartuko, kontratazio zuzena edo autonomoena bada.

4. oinarrian deskribatutako 4.1.1 eta 4.1.4 ekintzei dagokienez, ezin da hirugarrenekin azpikontrataziorik egin.”

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3. artikuluari jarraikiz.

Bestalde, interesdun diren administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 23an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2203296