53. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

40/2022 EBAZPENA, otsailaren 11koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, irakasleentzako banakako laguntzak onesten dituena euskara ikasteko edo hobetzeko.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, irakasleen prestakuntzaren inguruko gomendioak kontuan hartuta, eta indarreko legediari jarraikiz, bidezkotzat jotzen du irakasleen prestakuntza sustatzea, euskara ikasteko zein hobetzeko.

Hain zuzen, irakasleei dagokienez, ikusi da beharra dagoela euskara eta euskaraz ikasteko aukerak sortzeko, hezkuntza maila guztietan. Otsailaren 24ko 4/2015 Foru Legearen bidez, zati batean aldatu zen Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea, D eredua –euskarazko irakaskuntza– Nafarroa osora hedatzeko (2015eko martxoaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen foru lege hori, eta 2015eko apirilaren 28koan, haren akats zuzenketa; Estatuko Aldizkari Ofizialean, berriz, 2015eko martxoaren 20an argitaratu zen). Hedapen hori eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta ikasgeletan ematen den euskarazko irakaskuntza ahalbidetzeko, euskarazko gaitasuna duten profesional gehiago beharko dira. Horrenbestez, destinoko ikastetxean jarraitzeari uko egin gabe eredu horretan sartu nahi dutenen ikaskuntza erraztu beharko da, bai eta Nafarroa osoko irakasleen etengabeko ikaskuntza eta hobekuntza ere.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalak aldeko txostena egin du deialdi bat onets dadin banakako laguntzak emateko Nafarroako ikastetxeetan unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan ari diren irakasleei, euskara ikasteko ikastaroak egin edo buka ditzaten 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra; euskara hobetzeko ikastaroak egin eta buka ditzaten tarte horretako eskolarik gabeko aldietan eta oporraldietan; eta Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan (EIBZ) eta irakasleei laguntzeko zentroetan 2021eko urriaren 1etik 2022ko maiatzaren 30era eskaintzen ez diren euskara hobetzeko ikastaroak egin ditzaten. Ikastaro horiek, euskara ikastekoak nahiz hobetzekoak, zentro publikoetan (hizkuntza eskola ofizialak, unibertsitateak...) edo helduak euskalduntzeko zentro pribatuetan egiten ahalko dira.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia, bere oinarriak (ebazpen honen 1. eranskinean jasoak) eta eranskin guztiak onestea, Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan ari diren irakasleei banakako laguntzak emateko euskara ikas edo hobe dezaten, helduei euskara irakasten dieten zentro publikoetan (hizkuntza eskola ofizialak, unibertsitateak...) edo pribatuetan, 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitarte.

2. Gehienez 10.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko aurrekontuko 420001 42400 4809 321200 partidaren kargura (“Irakasleentzako euskarazko prestakuntzarako laguntzak”).

3. Ebazpen hau eta eranskinak www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio (“Berriak”-”Gaur-gaurkoa”) eta www.nafarroa.eus (“Tramiteak”) webguneetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Euskara Atalera eta Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegora.

Iruñean, 2022ko otsailaren 11n.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

1. ERANSKINA

Oinarriak, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleei euskara ikasteko edo hobetzeko banakako laguntzak emateko deialdia arautzen dutenak

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.

Hezkuntza Departamentuak banakako laguntzetarako deia egiten du Nafarroako ikastetxeetan unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan ari diren irakasleentzako, 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra euskara ikasteko ikastaroak egin edo buka ditzaten; tarte horretako eskolarik gabeko aldietan eta oporraldietan euskara hobetzeko ikastaroak egin ditzaten; eta tarte horretan Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan (EIBZ) eta Irakasleentzako Laguntza Zentroetan eskaintzen ez diren euskara hobetzeko eta eduki metodologikoko ikastaroak egin ditzaten. Ikastaro horiek, euskara ikastekoak nahiz hobetzekoak, zentro publikoetan (hizkuntza eskola ofizialak, unibertsitateak...) edo helduak euskalduntzeko zentro pribatuetan egiten ahalko dira.

Bigarren oinarria.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako eta itunduetako irakasleek eskatzen ahalko dituzte laguntzak, baldin eta ikasturtearen hasierako egunean eta/edo matrikula osorik edo partez egiten duten unean jarduneko zerbitzuan badaude edo administrazio edo lan kontratu bat badute, ikastetxe publikoen kasuan, edo lan kontratu bat, ikastetxe pribatu itunduen kasuan.

2.2. Prestakuntza jasotzen duten irakasleek eskubidea izanen dute 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitartean egindako edo bukatutako ikastaroen matrikularen zati bat ordain diezaieten (barnetegietan egiten diren ikastaroetan, ostatu eta mantenu gastuen zati bat ere bai), baldin eta gutxienez laguntzaren xede den ikastaroan eskolen %80tara bertaratu badira. Gutxieneko bertaratze hori ez baldin badute, deialdian parte hartzeko eskubidea galduko dute.

COVID-19aren eragina dela-eta, bidezkotzat jotzen da aurrez aurreko eskoletarako bertaratze portzentajea kalkulatzea osasun agintarien aginduz arrazoi horrengatik bertan behera utzitako saioak kenduta. Ez dira ontzat emanen saio horiek telematikoki segitzeko aukera izan bada.

Hirugarren oinarria.–Banakako laguntzen deskribapena eta zenbatekoa.

3.1. Ikastaroen ezaugarriak.

Diruz lagunduko dira euskara ikastea edo hobetzea helburu duten aurrez aurreko ikastaro estentsibo nahiz trinkoak, baita barnetegiak eta online ikastaroak ere. Hobekuntza ikastaroen helburua irakasleen euskarazko hizkuntz gaitasuna bera edo irakas-praktika hobetzeko metodologia lantzea izanen da.

Hortik kanpo uzten dira hobekuntza ikastaroak eta eduki metodologikoa dituzten prestakuntza ikastaroak; Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak (EIBZ) eta irakasleentzako laguntza zentroek doako prestakuntza eskaintzen baitute tarte horretan. Dena den, eskaeran sartzen ahalko dira zentro horietan aipatutako aldian ematen ez diren ikastaroak.

3.2. Zenbatekoa.

Laguntza, hasiera batean, matrikularen kostuaren %50 izanen da. Barnetegietako ikastaroen kasuan, ostatu eta mantenu gastuen %50 ere ordainduko da, gutxienez.

3.2.1. Ezarritako irizpideak aplikatu ondoren, aurrekontuan proposamen guztiei erantzuteko bezainbeste dirurik ez balego, hainbanaketa aplikatuko da guztietan, behar den portzentaje murrizketarekin.

3.2.2. Eskaera guztiei erantzun ondoan, helburu hori duen partidan diru erabilgarria gelditzen baldin bada, hainbanaketa aplikatuko da, eta behar den portzentajean gehituko dira laguntza guztiak.

3.2.3. Jasotzen den laguntzak ez dio inolako onura ekonomiko pertsonalik ekarriko adjudikaziodunari.

3.3. Laguntzen banaketa.

Laguntzen %75 sare publikoko irakasleentzat izanen da, eta %25, sare itundukoentzat.

Sare bakoitzean erreserbatutako laguntza guztiak esleitzea posible ez bada, esleitu gabekoak beste sarean emanen dira.

Laugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 2022ko irailaren 1ean hasi eta hilabete horren 16an bukatuko da, egun hori barne.

Bosgarren oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkeztea.

a) Ahal izatera, eskaera egiteko web-formulario bat erabiliko da. Eskaerak egiteko epea hasten denean (irailaren 1a) emanen da formulario horren URLa. Eranskin honen 5.2 puntuan dagoen dokumentazioa, TOEa izan ezik, eskaneatuta aurkeztu beharko da, eta euskaraatala@navarra.es helbide elektronikora igorri, gaian “Irakasleentzako laguntzak 2022” adierazita, edo web formulariora atxiki. Hautapen batzordeak agiri originalak eskatzen ahalko ditu, behar diren egiaztapenak egiteko, horrelakorik beharrezkotzat jotzen badu.

b) Bestela, Hezkuntza Departamentuko erregistroan ebazpen honen 2. eranskineko eskabidea eta dagokion dokumentazioa aurkeztuko dira.

Hala ere, arestian esandakoa galarazi gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako edozein moduren bidez ere aurkezten ahalko dira.

Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean sartuko dira, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkieten.

Deialdiaren prozesu osoa (eskabidea, agirien aurkezpena eta abar) modu telematikoan egiten ahalko da, webgune honen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa. Tramitatze elektronikoan beharrezkoa da NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala edukitzea.

Deialdi honetako laguntzetarako eskabideak Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.

5.2. Dokumentazioa.

–Web-formularioa edo eskabide orria (ebazpen honen 2. eranskina).

–Entitate antolatzaileak emandako ziurtagiria, eskatzaileak ikastaroan parte hartu duela esaten duena, honako hauek adierazita: parte-hartzailearen izena, ikastaroaren izena, maila, modalitatea (hirugarren oinarriko 1. puntua), prezioa, ikastaroa noiz hasi eta bukatu zen, ordu kopurua guztira, eta eskatzaileak guztira egindako ikastorduak, bertaratze portzentajearen kalkuluarekin (ikus bigarren oinarriko 2.2 puntua). Datu horiek guztiak nahitaezkoak dira laguntza ordaintzeko.

–Matrikula tasa ordaindu izanaren frogagiria (ez bada agertzen entitate antolatzaileak emandako ziurtagirian).

–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (TOE). Eskaera egiten duten irakasleek jatorrizko “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (TOE)” erregistratu beharko dute, banketxeak bete eta zigilatu ondoren eta eskabidearen epearen barruan. Hori honako kasu hauetan egin beharko dute:

a) Lehendik ez badute halakorik egin.

b) Lehendik egin badute ere, kontu zenbakia aldatu badute.

Agiri hori helbide honetan ere jasota dago:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

Modu hauetan erregistratzen ahalko da:

1. Erregistro Orokor Elektronikoa:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Hartzailea: Ekonomia eta Ogasun Departamentua. Diruzaintza Atala.

2. Jatorrizko inprimaki ofiziala, banketxeak sinatu eta zigilatu ondoren, postaren bidez igorriko dena edo honako helbide honetan entregatuko dena:

Ekonomia eta Ogasun Departamentua

Diruzaintza Atala

Karlos III.aren etorbidea 4, 2. solairua

31002 Iruña

Bidalketa hori egin izana eta horren data Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, posta elektronikoz (euskaraatala@navarra.es).

Seigarren oinarria.–Bateragarritasuna.

2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra zentro publiko edo pribatuetan euskara ikasteko edo hobetzeko prestakuntza ikastaroak egiteko edo bukatzeko beste administrazio publikoen laguntzarik jaso bada, zenbateko hori egiaztatzen duen administrazio emailearen ziurtagiria aurkeztu beharko da. Horrela, Hezkuntzako Departamentuaren laguntzaren eta gainerako laguntzen baturak inola ere ezinen du gainditu matrikularen zenbatekoa (edo matrikula gehi ostatuarena, barnetegietako ikastaroen kasuan). Edonola ere, eskatzaileak Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio jaso edo eskatu dituen laguntza guztiak.

Zazpigarren oinarria.–Hautapen batzordea.

Hautapen batzordea kide hauek osatuko dute:

–Euskara Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.

–Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegoko burua.

–Euskara Ataleko teknikari bat.

Hautapen batzordeak eskaera guztiak baloratu eta esleituko ditu, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera.

Zortzigarren oinarria. Deialdiaren ebazpena.

Hautapen batzordeak esleipen prozesuaren behin-behineko emaitzak zerrenda batean argitaratuko ditu, web-orri hauetan (“Berriak” menua-“Gaur-gaurkoa” atala):

–https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/actualidad (gaztelaniaz)

–https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actualidad (euskaraz).

–Nafarroako Ataria (www.nafarroa.eus).

–Interesdunei informazio hori bidaliko zaie eskabidean adierazitako helbide elektronikora.

Zerrenda horretan honako hauek agertuko dira:

–Behin-behinean esleitu diren eskaeren zerrenda.

–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den zehaztuta.

–Falta den dokumentazioa edo, hala bada, zuzendu behar den akatsa.

Eskatzaileek gehienez 10 egun naturaleko epea izanen dute falta zaien dokumentazioa aurkezteko edo akatsa zuzentzeko, aipatutako behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita. Halakorik egiten ez badute, eta epea iraganik, eskaerari uko egin diotela ulertuko da.

Orobat, hautagaiek hautapen batzordearen aurrean erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, aipatutako behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hiru egun balioduneko epean . Epe hori iraganik, erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, eta dokumentazioa aurkezteko eta zuzentzeko epea iraganik, batzordeak esleitutako laguntzen behin betiko zerrenda argitaratuko du, eta adjudikaziodunei ebazpena jakinaraziko die .

Hezkuntzako zuzendari nagusiak gehienez hiru hilabeteko epean ebatziko du deialdi hau, batzordearen proposamenarekin bat, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Bederatzigarren oinarria.–Laguntzen ordainketa.

Deialdi honetan adierazitako baldintzekin bat, esleitutako laguntza osoa jaso aurretik bosgarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu behar dira.

Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketak berekin ekartzen ahalko du laguntza emateko ebazpena aldatzea.

Laguntza hauen onuradunak Hezkuntza Departamentuari eskatzen dien informazio guztia ematera derrigortuta daude, eta behar diren finantza kontrolerako jarduketen menpe geldituko dira. Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Hamargarren oinarria.–Egiaztapena.

Euskarazko eduki metodologikoa duten ikastaroen kasuan, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak ikastarora joan izanaren ziurtagirian zehazten den ordu kopuru bereko prestakuntza aldia aitortuko die irakasleei, eta horri izaera ofiziala emateko ziurtagiria eginen du.

Hamaikagarren oinarria.–Errekurtsoak

Deialdi honen eta honetatik sortzen diren egintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, horiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

2. eranskina.–Parte hartzeko eskabidea (DOC).

3. eranskina.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2202707