50. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

31/2022 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, 2022. urtean Lanbide Heziketako heziketa zikloetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetan sartzeko probetarako deia egin eta proba horien egutegia ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak emandako idazkeran, ezartzen du 41. artikuluan ezen Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetako heziketa zikloetan sartzeko baldintza bat dela sarrera proba bat gainditzea; 52. artikuluan, berriz, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako erdi eta goi mailetako zikloetan sartzen ahal direla, baldintza akademikoak bete ez arren, sarrera proba gainditzen dutenak; eta, azkenik, 64. artikuluan ezartzen du Kirol Irakaskuntzetako erdi eta goi mailetan sartzen ahal direla, eskatzen diren titulu edo ziurtagiriak izan ez arren, sarrera proba bat gainditzen dutenak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa garatuz, erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko modua honako hauetan dago arautua: uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretua, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretua, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duena, eta urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretua, araubide bereziko Kirol Irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duena. Horietan guztietan ezarrita dago zilegi izanen dela ziklo horietan sartzea hezkuntzako administrazioek araututako sarrera proba bat gaindituz.

Ebazpen honen bidez deialdia egiten da 2022. urtean hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako heziketa zikloetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako heziketa zikloetan eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetan sartzeko probetarako, eta proba horien egutegia ezartzen da.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko. Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabili ahal izanen dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du ebazpen bat eman dadin, batetik, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetan eta araubide bereziko Kirol Irakaskuntzetan sartzeko proben 2022ko deialdia onesteko, eta bestetik, proba horien egutegia ezartzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko 2022ko probetarako deia egitea eta horien egutegia ezartzea, ebazpen honen eranskinetan ageri diren oinarrien arabera; proba horiek hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzei, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzei eta araubide bereziko Kirol Irakaskuntzei dagozkie.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura; era berean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzura eta Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzura; Ikasketak Antolatzeko Atalera, Inklusio Atalera, Arte Ikasketen Atalera, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Orientazio Bulegora eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2022ko otsailaren 22an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

ZIKLOETAN SARTZEKO PROBEN DEIALDIA 2022. URTEA

Deialdia

1. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko probetarako deia egiten da, 2022. urterako, Nafarroako Foru Komunitatean.

Deialdia zuzendurik dago ezarritako inskripzio-baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei; bete beharreko baldintza horiek dira Nafarroan 2021. urteko sarbide proben deialdia arautu zuen otsailaren 24ko 11/2021 Ebazpenaren 1. eranskinean ezarritakoak.

2. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko probarako deia egiten da, zehazki, honako modalitate hauetarako: ‘Zientziak eta Ingeniaritza’, ‘Osasun Zientziak’, ‘Gizarte Zientziak’, ‘Giza Zientziak’ eta ‘Arteak’.

Inskripzioa

3. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko probetan inskripzioa egiteko epea 2022ko martxoaren 14an hasiko da, eta martxoaren 18ko 14:00etan amaituko.

4. 2022. urteko proben deialdian aplikagarri izanen da, honako alderdi hauei dagokienez, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak otsailaren 24an emandako 11/2021 Ebazpenaren bidez 2021. urteko deialdirako ezarritakoa: inskripzio-eskaeren aurkezpena, proba egiteko egokitzapenak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, inskripzio-tasak eta onartutakoen behin-behineko zerrendei erreklamazioak.

5. Inskripzio-prozesurako eta onartutakoen behin-behineko eta behin betiko zerrendetarako egutegia ezarrita dago ebazpen honen 2. eranskinean.

Proben egutegia

6. 2022. urteko proben deialdian aplikagarri izanen da, honako alderdi hauei dagokienez, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak otsailaren 24an emandako 11/2021 Ebazpenaren bidez 2021. urteko deialdirako ezarritakoa: sarbide proben koordinazio epaimahaia eta ebaluazio epaimahaiak, sarbide proben egitura eta edukia, kalifikazioa, proben emaitzen aurkako erreklamazioak eta probak gainditu izanaren ziurtagiriak eta horien ondorioak.

7. Probak garatzeko eta horien emaitzetarako egutegia ezarrita dago ebazpen honen 2. eranskinean.

Zikloetan sartzeko probetako salbuespenak

8. Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak otsailaren 24an emandako 11/2021 Ebazpenaren 3. 4. eta 5. eranskinetan ezarritako salbuespenak aplikatuko dira.

2. ERANSKINA

2022AN NAFARROAN ZIKLOETAN SARTZEKO PROBEN DEIALDIAREN EGUTEGIA

JARDUKETA

EGUNAK

Inskripzio-eskabideak aurkezteko epea

2022ko martxoaren 14tik 18ra

(14:00ak arte)

Azken eguna ikastetxeek inskripzioak EDUCAn sar ditzaten

2022ko martxoaren 25a

Azken eguna koordinazio epaimahairi igortzeko bai probarako egokitzapenaren eskaera, desgaitasuna dela-eta (inskripzioa egiten den ikastetxeak), bai berariazko zatian salbuespena eskatzekoa, lan-eskarmentua edukitzeagatik

2022ko martxoaren 30a arte

Onartutakoen eta egokitzapenen behin-behineko zerrenden argitalpena

2022ko apirilaren 7a

Behin-behineko zerrendei (onartutakoak eta egokitzapenak) erreklamazioak egiteko epea

2022ko apirilaren 8tik 12ra

(14:00ak arte)

Onartutakoen behin betiko zerrendaren eta egokitzapenen ebazpenaren argitalpena

2022ko apirilaren 26a

Informazio argitalpena webgunean: izangaien gelaz gelako banaketa

2022ko maiatzaren 4a

(erdi eta goi mailako zikloak)

Erdi mailako zikloetan sartzeko proba: Ariketak egiteko eguna

2022ko maiatzaren 17a

09:30 - Komunikazioaren eta gizartearen esparrua

15:30 - Esparru zientifiko-teknologikoa

Goi mailako zikloetan sartzeko proba: zati orokorreko zein berariazko zatiko ariketak egiteko eguna (salbu Arteak modalitateko berariazko zatia)

Kirol Irakaskuntzetako goi mailako zikloetan sartzeko proba

2022ko maiatzaren 18a

09:30 - Zati orokorra

15:30 - Berariazko zatia

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko proben behin-behineko emaitzen argitalpena

2022ko maiatzaren 24a

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko proben behin-behineko emaitzen aurkako erreklamazioak egiteko epea

2022ko maiatzaren 25etik 27ra

(14:00ak arte)

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko probaren behin betiko emaitzen argitalpena

2022ko ekainaren 2a

2022ko ekainaren 24a

2021-2022 ikasturtean lantegi profesional bateko ikasketak edo antzekoak ikasten ari diren ikasleen kasuan

Proba gainditu izanaren ziurtagiriak (inskripzioa egiten den ikastetxean jaso behar dira)

2022ko ekainaren 13tik aurrera

2022ko ekainaren 24tik aurrera

2021-2022 ikasturtean lantegi profesional bateko ikasketak edo antzekoak ikasten ari diren ikasleen kasuan

Ziurtagiri partzialak (Hezkuntza Departamentuan jaso behar dira)

2022ko urriaren 24a

Iragarkiaren kodea: F2202725