5. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

290E/2021 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzeko laguntzen 2022ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 599607

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS3an) identifikatutako sektore estrategikoak hauek dira: automozioa eta mekatronika, elikakatea, energia berriztagarriak eta baliabideak, osasuna, turismo integrala eta sorkuntza industriak eta industria digitalak. Hori guztia, beste jarduera sektore batzuetatik etor litekeen edozein ekimen gutxietsi gabe.

Halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak, Nafarroako Gobernuaren 2017ko uztailaren 19ko Erabakiaren bidez onetsiak, zenbait aipamen egiten ditu ikerketarako talentuari bultzada irmoa eman beharraren gainean; hala, I+G+b-aren oinarria pertsonak direla iritzita, beharrezkotzat jotzen du talentu hori prestatu, mantendu eta erakartzeko aukera eskaintzea. Ildo horretan, ikertzaileak eta teknologiaren arloko langileak kontratatzeko laguntzen deialdia interes handiko tresnatzat jotzen du, ikerketako enpresa eta erakundeetan ikertzaileak sartzea sustatzen baitu.

Aurreko deialdietan, tituludunak enpresetako eta zentro teknologikoetako I+G+b-ko lanetan prestakuntzan aritzeko eman diren laguntzek emaitza onak izan dituzte, eta horregatik beharrezkoa da jarduketa ildo hori mantentzea.

Aurreko deialdiekin alderatuz gero dagoen berrikuntza nagusia da laguntzen onuradunak enpresak izan behar direla. Beraz, Nafarroako I+G+b-ko sistemako (SINAI) eragileak kanpoan geratzen dira, entitate horiek MMR Investigo Programaren laguntzen onuradun bakarrak direlako (laguntza horien helburua, orobat, ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzea da).

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzeko laguntzen 2022ko deialdi aurreratua onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontu-kreditua baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean:

AURREKONTU-PARTIDA HONEN BALIOKIDEA DEN PARTIDA:

ZENBATEKOA, EUROTAN

G20001-G2100-4701-467300: Suspertu Plana, ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzea, industria arloko doktoretzak, ikertzaileen mugikortasuna.

2023

700.000

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2021eko abenduaren 9an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1 oinarria. Xedea.

Laguntza hauen helburua da pertsona tituludunen prestakuntza hobetzea, enpresek garatzen dituzten I+G+b jardueretan ikertzaile eta teknologiako langile gisa parte hartuz eta jarduera horietan lagunduz.

2 oinarria. Entitate onuradunak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresa pribatu edo publikoak izan daitezke entitate onuradun:

a) Nafarroan lantoki bat izatea eta diruz laguntzen den kontratazioaren xedeko pertsonak jarduerak zentro horretan egitea.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan Nafarroako I+G+b Sistema (SINAI) gauzatzeko egiaztatutako eragileak.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Erakunde eskatzaileak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

4. Laguntzen eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

3 oinarria. Kontratatutako pertsonak egin beharreko jarduerak.

Dirulaguntzaren xedea da pertsona bat kontratatzea honako jardueraren batean aritzeko:

1) Entitatearen I+G proiektuak.

2) Berrikuntza jarduerak, honako arloren batean: prozesu edo produktuen berrikuntza; merkatu arloko berrikuntza (konponbide teknologiko bateko produktuak beste merkatu batzuetara zabaltzea); berrikuntza sozialeko metodologiak aplikatzea; ekodiseinua; entitatean 4.0 industria konponbideak txertatzea.

3) I+G+b jarduerei sostengu emateko lanak: proiektuen kudeaketa; jabetza industrialaren babesa; merkatu edo konkurrentzia azterketak; ziurtapenak (adibidez, EE marka lortzea).

4 oinarria. Dirulaguntzaren xedeko kontratazioa.

1. Kontratatzen den pertsonak baldintza hauek bete beharko ditu kontratazioaren unean:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu zerbitzu publiko batean inskribaturik egotea enplegu eskatzaile gisa.

b) Honako titulu hauetako bat izatea:

i) Unibertsitateko tituluak: doktoretza, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, masterra, gradua, diploma, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa.

ii) Goi mailako Lanbide Heziketa.

c) Deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den egunera arte, entitate onuradunarekin kontratu harremanik ez izatea, ez eta harekin lotutako edo elkartutako enpresekin ere (651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean agertzen diren definizioen arabera).

2. Kontratuak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Laguntzaren onuraduna den entitateak eta kontratatzen den pertsonak sinatuko dute.

b) Kontratuaren hasiera-data ezinen da izan laguntza eman baino lehenagokoa, ez eta 2022ko irailaren 30a baino geroagokoa ere.

c) Idatziz formalizatuko da, honako hau berariaz adierazirik:

I. Kontratatutako pertsonaren titulazioa.

II. Hasierako eguna eta bukaerako eguna (salbu eta kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko “proiektuen datak”, “obraren bukaera” eta horrelako aipamenak.

III. Beteko den lanpostua.

IV. Urteko soldata gordina, eurotan adierazia; ez dira onartuko “hitzarmenaren arabera” eta horrelako aipamenak.

V. Deialdi honen bidezko dirulaguntzaren aipamena.

d) Kontratua lanaldi osokoa izanen da, eta gutxienez 12 hilabetekoa.

e) Kontratatzen den pertsonak Nafarroan kokatutako lantokietan jardunen du, eta 6. oinarrian aipatutako eskaeran zehaztutako ikasketa-tituluekin bat heldu den lanpostu batean arituko da.

f) Kontratatua sartuta egonen da, Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, entitate onuradunak Nafarroan duen lantoki batean.

g) Honako hauek izanen dira Gizarte Segurantzako kotizazio taldeak, kontratatzen den pertsonaren titulazioaren arabera: 1. edo 2. taldea, unibertsitateko tituluen kasuan, eta 1. taldetik 7.era, goi mailako Lanbide Heziketaren kasuan.

h) Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira, eta urteko soldata gordina 18.000 eurokoa izanen da gutxienez.

i) Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko da.

3. Eskaera bakoitzean pertsona bakar baten kontratazioa aipatuko da, eta 3. oinarrian azaldutako jardueretakoren bat egiteko kontratazio baterako baino gehiagotarako laguntza eskatzen ahalko da, baina entitate bakoitzari gehienez kontratazio bat diruz lagunduko zaio. Nolanahi ere, eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, diruz lagundu daitezkeen kontratuen kopurua handitzen ahalko da: gehienez ere hiru kontratu entitate onuradun bakoitzeko.

4. Kontrataziorako dirulaguntzarik ez da emanen baldin eta kontratatzen den pertsona honako hauen ezkontidea, ondorengoa edo bigarren mailara arteko ezkontza- edo odol-ahaidea bada (ahaidetasun maila hori barne): entitate onuradunaren enpresaburua edo entitatearen kontrola bere gain daukaten pertsonak, entitatearen zuzendaritzako karguak betetzen dituztenak edo entitatearen administrazio organoetako kide direnak.

Inguruabar hori 10. oinarrian aipatutako kontratuarekin batera aurkeztu beharreko erantzukizunpeko adierazpenean jaso beharko da.

5 oinarria. Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarria kontratatzen den pertsonaren soldata kostuen portzentaje bat izanen da (Gizarte Segurantzarako ekarpenak barne). Laguntzek gehieneko muga bat izanen dute, kotizazio taldearen arabera, taula honetan adierazten denaren arabera:

ENTITATE ONURADUNA

GEHIENEZ (1. TALDEA) EUROTAN

GEHIENEZ (2. TALDEA) EUROTAN

GEHIENEZ (3. TALDETIK 7.ERA) EUROTAN

Enpresa handiak

50

17.000

15.000

13.000

ETEak

70

19.000

17.000

15.000

Ondorio horietarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) Enpresa handiak: 651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean enpresa txiki eta ertainerako emandako definizioarekin bat heldu ez direnak.

b) ETEak: enpresa txiki eta ertainak, aurreko letrako definizioaren arabera.

2. Entitate eskatzaileek laguntza osagarri bat jaso dezakete baldintza hauetakoren bat betetzen dutenean, eta halakoetan aurreko ataleko gehieneko kopuruak gainditzen ahalko dira:

a) 1.000 euroko laguntza osagarria, baldin eta emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat aplikatzen bada:

i) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatzea eta aplikatzea, non ez dauden hartara behartuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera, hau da, 100 langile baino gutxiago dituztenean.

ii) Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat izatea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarri ofiziala edo Amedna-ren “Reconcilia zigilua”, eta abar).

b) 1.000 euroko laguntza osagarria, baldin eta entitate onuradunaren guztizko plantillan 50 langile edo gehiago badaude eta horietatik %4k baino gehiagok desgaitasunen bat baldin badute. Eta gainerako entitateen kasuan, portzentaje hori plantillako langile guztien %2koa edo hortik gorakoa denean.

6 oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramiteen katalogoari dagokion webgunearen bidez (hemendik aitzina, laguntzen webgunea).

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta erakunde eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen webgunean eskura dauden ereduen arabera:

a) Eskabide telematikoa, 2. eta 17. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Lan eta prestakuntza plana, 7. oinarrian adierazitako balorazioaren xede izanen diren atalen arabera. Gainera, behar beste informazio aurkeztu beharko da organo kudeatzaileak egiaztatu ahal izan dezan kontratatuko den pertsonak eginen dituen jarduerak 3. oinarrian azaldutakoen artean daudela.

c) Eskatzailea enpresa txiki edo ertain bat bada, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko formularioa, eta, horrez gainera, azken 2 ekitaldietako kontuak, itxiak eta merkataritza-erregistroan gordailutuak, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresenak.

d) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko neurriak frogatzen dituen dokumentazioa, 5. oinarriko laguntza osagarria justifikatzeko. 2.a.

e) Alta egoeran dauden langileen txostena (ITA), Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana laguntza-eskaeraren egunaren aurreko hilabetean zehar, 5.2.b oinarriko laguntza osagarria justifikatzeko.

f) Entitateak, laguntzaren xedeko jarduera egin behar den lantokian, 2021. urtean izan duen batez besteko plantilla frogatzen duen agiria.

g) 7.2.B.6 oinarrian aipatzen den kluster batekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak artxibo bereizitan aurkeztu beharko dira, bakoitza behar bezala identifikatua bere izenarekin.

4. Eskaerak ez baditu betetzen oinarri honetan aipatu baldintzak, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. “Lan eta prestakuntza plana” aurkezten ez bada, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

7 oinarria. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira; hala, oinarri honen 2. ataleko irizpideen arabera baloratutako eskaerak konparatu eginen dira, horien arteko lehentasuna ezartzeko.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Energiaren arloko I+G+b Atalak, baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, irizpide hauen arabera:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

A. Lan eta prestakuntza plana

60

30

B. Balorazio estrategikoa: Diruz lagundutako jarduerek gizartearen helburuak lortzeko eta guztien onerako egiten duten ekarpena

40

-

GUZTIRA

100

30

A. Lan eta prestakuntza plana. 60 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

1) Kontratatzen den pertsonak egin beharreko eginkizunen deskripzioa. Eskatutako profila zenbatean egokitzen den jardueren helburuetara eta eginkizunetara. 15 puntu gehienez.

2) Aurreikusitako prestakuntza plana, esate baterako: prestakuntza egonaldiak ikerketa zentroetan, zentro teknologikoetan, beste enpresa batzuetan edo unibertsitateetan; prestakuntza arautua; aurreikusita dagoen beste prestakuntza motaren bat. 15 puntu gehienez.

3) Jarduerek entitate eskatzailearentzat duten eraginaren balorazioa; zenbateraino laguntzen duten entitatearen helburu estrategikoak betetzeko; zenbateko berrikuntza dakarten entitate eskatzailearentzat eta aplikazio sektorearentzat; merkatu aukerak; jardueren erronka teknologikoa, jarduera teknologikoen kasuan, edo erronka soziala edo merkatu mailako erronka, baldin eta berrikuntza sozialeko edo merkatua berriztatzeko jarduerak badira. 15 puntu gehienez.

4) Justifikatzea entitatea zenbateraino inplikatzen den jarduerekin eta kontratatzen den pertsonaren prestakuntzarekin. Laguntzeko giza baliabideak, baliabide ekonomikoak, entitatearen beste arlo batzuen sostengua. 15 puntu gehienez.

B. Balorazio estrategikoa: Jarduerek gizartearen helburuak lortzeko eta guztien onerako egiten duten ekarpena. 40 puntu gehienez.

1) Jarduerak kokaturik egotea Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS3) identifikatutako sektore estrategiko hauetako batean edo gehiagotan: 5 puntu gehienez.

–Automozioa eta mekatronika.

–Elikakatea.

–Energia berriztagarriak eta baliabideak.

–Osasuna.

–Turismo integrala.

–Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

2) Egin beharreko jardueretan aurreikusten diren emaitzen eragina eta ekarpena, Nafarroak Garapen Jasangarrirako Helburuak (https://ods-agenda2030.navarra.es/) lortzeari dagokionez eta trantsizio ekologikoari dagokionez. (5 puntu gehienez).

3) Lurralde kohesioa. 10 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

–Entitatea Iruñerrikoa ez den udalerri batean egotea: 5 puntu.

–Entitatea 1.500 bizilagun baino gutxiagoko biztanlegune batean egotea: 5 puntu.

Irizpide hau NaStat-Nafarroako Estatistika Institutuaren webgunean eskuragarri dagoen informazioaren arabera baloratuko da, eskaerak aurkezteko epea ixten den eguneko datuak kontuan harturik.

4) Lantokiaren batez besteko plantilla 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31 bitarte. 10 puntu gehienez.

I. 10 langile baino gutxiago: 10 puntu.

II. 10 langiletik 49ra bitarte: 7 puntu.

III. 50 langiletik 249ra bitarte: 4 puntu.

IV. 249 langile baino gehiago: 0 puntu.

5) Plantillan sartzea aurreko deialdietatik (2017, 2018 eta 2020) heldu diren pertsonak: 5 puntu emanen dira, deialdi honen bidez aurreko edizioetan diruz lagundutako kontratua egin zaien pertsonen %50 gutxienez sartu bada plantillan eta, eskaera egiten duten egunean, plantillan segitzen badute.

6) Entitatea kluster baten barrenean egotea: 5 puntu.

3. A atalean gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten eskaerak ezetsiko dira.

4. Eskaera batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute, A atalean lortutako puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, eta hala ere puntu berdinketa hausten ez bada, A atalaren azpiataletan lortutako puntuazioari begiratuko zaio, A.1) azpiataletik hasi eta berdinketa hautsi arte.

8 oinarria. Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, adieraziko du onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Berrikuntzako zuzendari nagusia da. Ebazpena gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da entitate onuradunen gaitutako helbide elektronikoan (aurrerantzean GHEa), eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, eta aurrekontuan nahikoa diru badago, laguntza ematen ahalko zaie aurrekontu kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.

9 oinarria. Kontratatu beharreko pertsonak hautatzeko prozedura.

1. Entitate onuradunek lan eskaintza bat eginen dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, eta bertan nahi luketen profil akademikoa, prestakuntzakoa eta lanekoa zehaztuko dute, eskabidean eta lan eta prestakuntza planean ezarritakoari jarraituz.

NL-NEZek hasierako hautaketa bat eginen du, zehaztutako profila betetzen duten eta enplegu eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonen artean.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik ez dauden pertsonak kontratatzea onartuko da baldin eta pertsona hori agertzen bada Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako hasierako hautaketan. Horretarako, entitate onuradunak aurrez hautaturiko pertsonaren datuak jakinarazi beharko dizkio NL-NEZi, egiaztatzearren betetzen dituela lan eskaintzaren betebeharrak, enplegu zerbitzu publiko batean inskribatua egoteari dagokionez eta haren profil akademikoari, prestakuntzakoari eta lanekoari dagokionez.

2. Entitate onuradunek, betiere Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurretik egindako hautaketatik abiatuta, hautatuko dute horien artetik nor kontratatu, lanpostura nola egokitzen den neurtzeko proba egokiak egin ondoren, hala badagokio. Ez da onartuko aipatutako hasierako hautaketa horretatik ez datozen pertsonak kontratatzea.

3. Kontratazioak bat egin behar du eskabidean eta lan eta prestakuntza planean zehaztutako tituluarekin eta kotizazio taldearekin. Agiri horietan zehaztutakoa nola edo hala aldatuz gero, laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinarazi beharko zaio, aldaketa onets dezan kontratua sinatu baino lehenago.

10 oinarria. Kontratua aurkeztea.

1. Kontratua sinatzen denetik maiatzaren 31ra arte, egun hori barne, entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte modu telematikoan, laguntzen webgunearen bidez:

a) Sinaturiko kontratuaren kopia.

b) Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuan egindako lan eskaintza edo eskaintzaren identifikazioa.

c) Idc txostena (Kotizaziorako datuen txostena-Besteren kontura ari diren langileak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia).

d) Behar diren egiaztagiriak, edo entitatearen arduradun batek sinatutako adierazpen bat, egiaztatzeko ezen, deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den egunera arte, kontratatu den pertsonak ez duela kontratu harremanik izan entitate onuradunarekin, ez eta harekin lotutako edo elkartutako enpresekin ere (651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean agertzen diren definizioen arabera).

e) Behar diren egiaztagiriak, edo entitatearen arduradun batek sinatutako adierazpen bat, egiaztatzeko ezen kontratazioaren xedeko lanpostuan ez dela enplegurik deuseztatu, deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den egunera arte.

f) Sinatutako aitorpen bat, egiaztatzeko kontratatzen den pertsonak ez duela honako harremanen bat enpresaburuarekin, entitatea kontrolatzen duten pertsonekin, entitatearen zuzendaritzako karguak betetzen dituztenekin edo haren administrazio organoetako kide direnekin: ezkontidea izatea, ondorengoa edo bigarren mailara arteko ezkontza- edo odol-ahaidea (ahaidetasun maila hori barne).

2. Betebehar hau betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

11 oinarria. Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute laguntzen webgunearen bidez:

a) Kontratatutako pertsonaren partaidetza izan duten jarduerak justifikatzeko memoria, webguneko laguntzen fitxan dagoen ereduaren araberakoa. Zehazki, adierazi beharko da zenbateraino bete den eskabidearekin batera aurkeztutako lan eta prestakuntza plana.

b) Nominen eta horien ordainagirien kopia, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak langileari buruz egindako kalkulu globalak (Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuaren Likidazio Zuzenerako Sistema).

c) Deialdi honetan diruz laguntzen diren kontzeptuengatik beste dirulaguntza batzuk jaso ez izanaren adierazpena.

2. 1. atalean aipatzen den dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2023ko uztailaren 31 izanen da. Mugaegun horretatik salbuetsirik daude honako kasu hauek:

a) Entitate onuradunari laguntza ematea baterako emakida egin ondoren, edo kontratatutako pertsona ordezkatzea 14.3 oinarriaren arabera. Justifikazioa aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, kontratuaren lehen urtea bukatzen denetik hasita. Nolanahi ere, beranduenik, 2023ko urriaren 31n aurkeztu beharko da.

b) Kontratua azkentzen bada 14.2 oinarrian adierazitako ordezkapena egin gabe. Kasu horretan, 2 hilabeteko epea ezartzen da azkentze hori gertatzen denetik, eta muga-eguna, betiere, 2023ko urriaren 31 izanen da.

3. Ordainketa justifikatzeko dokumentazioa hiru artxibo digitaletan aurkeztuko da, behar bezala identifikatuak eta kronologikoki ordenatuak. Hiru artxibo horiek honela multzokatuko dira: nominak, ordainagiriak eta langilearen kalkulu globalak.

12 oinarria. Hasierako baldintzak aldatzea.

1. Diruz lagundutako kontratazioa oinarri hauetan eta laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu beharko da. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik, laguntzen fitxaren bitartez, eta organoak eskaera onartu edo ezesten ahalko du.

2. Honako aldaketa hauek baimentzen ahalko dira:

a) Kontratazioa hasteko eguna; gehienez hilabete bateko luzapena baimentzen ahalko da, baina ezin da inola ere 2022ko irailaren 30etik haratago joan.

b) Egiaztagiriak aurkezteko epea; ezin da inola ere 2023ko azaroaren 15etik haratago joan.

c) Kontratatu beharreko pertsonaren profila.

d) Kontratatu beharreko pertsonaren kotizazio taldea.

e) Aurreikusitako jarduerak.

13 oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkezten den dokumentazioa aztertuko du, eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da.

2. Ordaintzeko ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, 11. oinarrian adierazitako agiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori eten eginen da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta onuradunek frogatzen badute diru-funtsak behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, betiere Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.

14 oinarria. Kontratua etetea, azkentzea eta kontratatutako pertsonak ordeztea.

1. Etetea.

Deialdi honen babesean sinatzen diren kontratuak arrazoi hauengatik eteten ahalko dira:

a) Aldi baterako ezintasun egoera batengatik, gutxienez 2 hilabetez jarraian.

b) Amatasunagatik eta aitatasunagatik.

c) Haurdunaldiko arriskuagatik.

d) Bederatzi hilabetetik beherako adingabe baten edoskitzealdi naturalean dagoen arriskuagatik.

e) Adopzioagatik edo harreragatik, prozesuak iraun bitartean.

Kasu horietan, laguntzen webgunearen bidez, entitate onuradunek eska dezakete epe horretan laguntza ere eten dadila, eta, ondorioz, epe horretan ez dira diruz lagunduko entitate onuradunak dituen soldata-gastuak. Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen txostenak eska ditzake.

Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

2. Azkentzea.

Kontratua azkentzen bada, erakunde onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari eta horren frogagiriak aurkeztu beharko ditu laguntzen webgunearen bidez, kontratua azkendu eta hamabost eguneko epean gehienez.

3. Langileak ordeztea.

a) Erakunde onuradunek kontratatu duten pertsona ordezten ahalko dute kontratua arrazoi hauetako batengatik azkentzen denean: probaldia ez gainditzea, lanpostua borondatez uztea, heriotza edo baliaezintasuna.

b) Aurreko atalean aurreikusi ez diren kasuetan, kontratua azkentzen denetik hasita, entitate onuradunek hamabost egun naturaleko epea izanen dute jakinarazteko zehazki zer egoerak ekarri duen kontratuaren azkentzea. Laguntzak kudeatzen dituen organoak erabakiko du kontratatutako pertsona ordezteko baimena ematen duen ala ez.

c) Ordezkapena egitea bidezkoa denean, kontratazio berria 9. oinarrian ezarritako prozedurarekin bat eginen da. Kontratuak, orobat, 4. oinarrian ezarritako baldintzak bete beharko ditu, hasteko egunari dagokiona izan ezik.

Eta 10.1 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, laguntzen webgunearen bidez.

d) Hasieran kontratatutako pertsona ordezten bada, emandako dirulaguntza ez da inola ere handituko.

e) Ordezkapen kontratua aurreko kontratua azkentzen den egunetik hilabeteko epearen barruan hasiko da. Epe hori gehienekoa da, eta ez da inola ere luzatuko.

f) Diruz laguntzen den kontratu bakoitzeko ordezkapen bat bakarra onartuko da.

4. Kontratua azkentzen denean ordezkapena bidezkoa izan gabe edo baimendu gabe, 2. eta 3. ataletan xedatutakoari jarraituz:

a) Dirulaguntza osoa kobratzeko eskubidea galdutzat joko da baldin eta kontratua azkentzen bada haren iraunaldiko lehenengo seihilekoaren barruan, edo langileak jarduera uzten badu bidegabetzat aitortu edo deklaratutako kaleratze baten ondorioz.

b) Dirulaguntzaren zati proportzionala kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da baldin eta kontratua azkentzen bada haren iraunaldiko bigarren seihilekoa osatu gabe.

15 oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntza hauen onuradun diren entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen webgunearen bitartez, webgune horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Kontratatu beharreko pertsona 9. oinarrian ezarritako prozeduraren arabera hautatzea.

c) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea, 10. eta 11. oinarrietan adierazten den moduan.

d) Jasotako dirulaguntzaren kontabilitatea bereiz eramatea.

e) Kontratuaren etetea, azkentzea eta, hala denean, ordezkapena egiaztatzea, 14. oinarrian adierazitako moduan eta epean.

f) Kontratatzen den pertsonak parte hartzen duen I+G+b jardueretan eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Entitate onuradunek betetzen ez badute dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko dute, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

Gerta litezkeen ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Helburuak edo jarduera zehatz batzuk hein batean ez betetzeak berekin ekarriko du jarduera horien irismenaren arabera galtzea dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza kobratzeko eskubidearen galera.

16 oinarria. Emaitzen publizitatea eta zabalkundea.

1. Entitate onuradunek eta kontratatutako pertsonek argitalpenen bat edo aipamen publikoren bat egiten badute diruz lagundutako kontratazioaren gainean edo kontratatutako pertsonak parte hartzen duen I+G+b proiektuaren gainean, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela adierazi beharko dute.

2. Betiere, diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haien zabalkundea egiteko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.

17 oinarria. De minimis laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. (L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

1407/2013 Erregelamenduarekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Ondorio horietarako, entitate onuradunek aitortu beharko dituzte, laguntzen eskaerarekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zerga ekitaldi horretan eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak.

18 oinarria. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta entitate onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramiteen katalogoan, dagoen laguntzen webgunearen bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen gaineko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira (GEH), bai eta herritarren karpetan ere:

https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm

Gaitutako helbide elektronikoa Lurralde Politikako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

19 oinarria. Bateragarritasun araubidea.

1. Deialdi honetan ezarritako laguntzak ez dira bateragarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio edo entitate batek (publikoa nahiz pribatua izan) xede bererako ematen duen beste edozein dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin.

2. Entitate onuradunek aditzera eman beharko diote Energiaren arloko I+G+b Atalari proiektuari lotutako beste laguntza batzuk lortu dituztela, laguntzen eskabidean berean, edo kanpoko laguntza jaso bezain laster, eta, betiere, 11. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.

20 oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, erakunde onuraduna eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntzak zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaizkien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

21 oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2117372