48. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

43/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 18koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, dirulaguntza deialdia onesten duena inbertsioak egiteko honako plan honi lotutako jarduketetan: “Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia”. Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, “Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea” delakoaren barruan. DDBN identifikazioa: 611264.

2020ko abenduaren 22an, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean (EBAO) argitaratu zen Europar Batasunaren Suspertzerako Bitartekoa, zeinak, 750.000 milioi euroko zuzkiduraz, COVID-19ak eragindako krisiaren osteko susperraldiari lagundu nahi baitio. Bitarteko horretan hainbat laguntza-lerro daude jasota, eta horietako bat da Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM), maileguak eta dirulaguntzak emateko 672.500 milioi euro erabilgarri dituena, EBko herrialdeek abiarazitako berritze-lan eta inbertsioak laguntze aldera. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarri da Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren araubidea.

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako Europako funtsen kargura, 910,3 milioi euro eman zitzaizkion Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioari, 2021eko ekitaldiko aurrekonturako, zehazki Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren “Zaintzen ekonomia eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea” ardatzerako. Kopuru horretatik, 730,8 milioi euro autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek exekutatzekoak dira, gizarte-zerbitzuen arloko inbertsio mota jakin batzuetarako proiektuen bidez.

Abenduaren 30eko 36/2020 Errege lege-dekretuaren bidez, premiazko neurriak onetsi ziren administrazio publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko, eta zenbait tresna juridiko ezarri ziren Europako funtsen kargurako proiektuak gauzatzeko; tresna horietako bat dira lankidetza-hitzarmenak. Hori horrela, aipatu hitzarmenak esku hartzen duten administrazio publikoek erabiliko dituzten bitartekoak dira, proiektuak eta horien mugarriak eta helburuak eta bakoitzerako ezarriko den finantzaketa adosteko.

2021eko uztailaren 16an, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik (SEM) eratorritako Europako funtsen kargurako proiektuak gauzatzeko.

Hitzarmen horretan aditzera ematen denez, guztira 39.582.262 euro eman zaizkio Nafarroako Foru Komunitateari, 2021., 2022. eta 2023. urteetarako, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako Europako funtsen kargura, 22. osagaiari lotutako proiektuetarako. Proiektu horiek bat etorri beharko dute gizarte-zerbitzuen arloko inbertsio mota jakin batzuekin.

Horietako bat da 1. proiektua, “Egoitza-zentro soziosanitarioen eraberritzeak” izenekoa, guztira 19.610.169 euroko aurrekontua duena; hasiera batean, horietatik 6.758.561 euro urte anitzeko deialdi honetara daude bideraturik, xede baitu Nafarroako Foru Komunitateko zentro soziosanitarioen azpiegituretan berritze-lanak egitea, pertsonarengan zentratutako arreta-eredu batera egokitzeko, instalazioen efizientzia energetikoa hobetzeko eta zaintza-lanak digitalizatzeko. Barne hartuko da, halaber, azpiegitura berrietan inbertitzea, eguneko zentro berritzaileak sortzeari begira, batez ere halako baliabiderik ez duten Nafarroako eskualdeetan.

Deialdi hau eta gainerako proiektuak txertaturik daude Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren “Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea” izeneko 22. osagaiaren barruan. Osagai horren helburu nagusia da gizarte-zerbitzuak oro har modernizatzea eta indartzea; horrez gain, arreta berezia jartzen zaio iraupen luzeko zaintzarako ereduari, eta bultzada ematen zaio bai berrikuntzari bai pertsonarengan zentratutako arreta-ereduari. Espainiako estatuak eta Europako Batzordeak hitzartu duten helburuaren arabera, zaintza-ereduaren aldaketak 22.360 plazatan eduki beharko luke eragina, gutxienez, 2023. urtea amaitu aurretik. Foru Komunitateari dagokionez, deialdi honen bidez eta 2022an eta 2023an garatuko diren beste zenbait jarduketaren bidez eginen da helburu hori lortzeko ekarpena.

Deialdiak bere egiten ditu Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren berariazko kudeaketa printzipioak, Planari oro har zeharka aplikatzen baitzaizkio; kasu honetan, kudeaketa-txostenean hauei buruz adierazitako helburuak betetzeari dagozkio: etiketatze berde eta digitala, ingurumen-inpaktu negatibo nabarmena, iruzurraren prebentzioa, detekzioa eta zuzenketa, ustelkeria eta interesen arteko gatazka, Estatuko laguntzen araubidearekiko bateragarritasuna eta kostu bererako Europako finantzaketa bikoitza prebenitzea, funtsen amaierako hartzailea identifikatzea, eta, azkenik, plana gauzatzeari lotutako komunikazio-jarduketak.

Foru agindu honetan araututako laguntzak ez dira Estatuko laguntzatzat hartzen, bat etorriz Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1.I) artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira zenbait laguntza-kategoria, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat, baldin eta laguntza horiek ez badute eraginik Europar Batasuneko estatuen arteko merkataritza-jardunean.

“Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea” printzipioa betetzeari dagokionez, 22. osagaiaren 1 zenbakiko inbertsioak (osagai horren barruan dago deialdi honen xedeko jarduketa) bat egiten du eraikuntza- eta eraiste-lanetako hondakinei buruzko Europako helburuarekin, zeinaren jomuga baita azpiegitura-proiektuetan sortzen diren hondakin horien pisuaren %70 (LER 17 05 04 kodea dutenak bazter utzita) prestatu dadin berrerabilia edo birziklatua izateko, bestelako materialei balio handiagoa emateko edo betetze-lanetan beste material batzuen ordez erabiltzeko. Deialdiaren betekizuna da onuradunak eta funtsen amaierako hartzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat egitea, zeinean konpromisoa hartuko baitute ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko eta ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko. Funtsen hartzaileak edo azpikontratistak, halakorik bada, amaierako justifikazioarekin batera aurkeztu beharko du eraikuntza- eta eraiste-lanen hondakinak (EEH) entregatu izanaren ziurtagiria, emandako hondakinak zuzen kudeatu direla frogatzeko.

Bi modalitate ditu deialdiak: A) modalitatean sartuko dira eguneko zentro berriak eraikitzea edo amaitu gabeko obrei buru ematea, haietan adinekoei edo desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko zentroak –toki-erakundeen titulartasunekoak– martxan jar daitezen; B) modalitatean, bestalde, adinekoei edo desgaitasuna dutenei arreta emateko egoitza-zentroak edo eguneko zentroak –edozein titulartasunekoak– eraberritzeko proiektuak sartuko dira.

Dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, gehieneko kopuru batzuk mugatuta, onuradun askok eskuratu dezaten funtsen bidezko finantzaketa hori, eta, horrenbestez, ahalik eta eguneko zentro gehien abiarazi eta egoitza-zentro gehien eraberritu daitezen; izan ere, horren guztiaren helburua da zentroei laguntza ematea pertsonarengan zentratutako arreta-ereduari egokitu daitezen, hots, laguntza eta iraupen luzeko zaintza behar duten pertsonak eremu komun txikiagoak eta bizikidetza-unitateetan banaturiko logela eta komun indibidualak dituzten zentro irisgarrietan bizi daitezen.

A) modalitateko jarduketa bakoitzari 400.000 euro arteko dirulaguntza emanen zaio, eta B) modalitateko bakoitzari, 200.000 euro artekoa, gehienez ere; nolanahi ere, kopuru horiek %30 bitarte handitzen ahalko dira.

Aurkeztutako proiektuak baloratutakoan eta dirulaguntza emateko hasiera bateko proposamena egindakoan, entitateek eskaerak birformulatzen ahalko dituzte, proiektuak finantzaketa aukera errealei doitzeko, hasiera batean emanen zaien dirulaguntza kontuan harturik. Dirulaguntza emateko ebazpenak honako hauek zehaztuko ditu: onuraduna, diruz lagundutako proiektua, proiektuaren kostua, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta hori nola banatuko den urtez urte.

Nafarroako Gobernuak, 2021eko abenduaren 29an egindako bilkuran, baimena eman zion Eskubide Sozialetako kontseilariari onespena eman diezaion honako plan honi lotutako jarduketetan inbertsioak egiteko dirulaguntza deialdiari: “Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia”. Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, “Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea” delakoaren barruan.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten ahalmenak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdia eta haren oinarriak onestea, foru agindu honekin bat, honako plan honi lotutako jarduketetan inbertsioak egiteko: “Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia”. Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, “Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea” delakoaren barruan.

2. Foru agindu honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, 6.758.561 euroko gastua baimentzea, ondoko partiden kargura edo 2022ko eta 2023ko ekitaldietarako PEP E-21/000356-01 elementuari lotuta gaitzen diren partida baliokideen kargura:

AURREKONTU-PARTIDA (BEZa barne)

2022

(euro)

2023

(euro)

920005 93100 7609 231B04 “SEM-Toki-erakundeentzako dirulaguntzak zentro soziosanitarioak eraberritzeko”

1.272.864,00

3.028.501,07

920005 93100 7709 231B00 “SEM-Irabazi-asmoko entitateentzako dirulaguntzak zentro soziosanitarioak eraberritzeko”

204.617,00

432.080,47

920005 93100 7819 231B00 “SEM-Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzak zentro soziosanitarioak eraberritzeko”

538.725,00

1.281.773,46

Ezarritako betekizunak betetzen dituzten entitate eskatzaileei emanen zaizkie dirulaguntzak, betiere muga gisa harturik ekitaldi bakoitzean eta modalitate bakoitzerako erabilgarri dauden aurrekontu-kredituen zenbateko globala.

Zenbateko osoa, egon litekeen gehikuntza barne, aurreikusitako kredituetan dago banaturik, eta banaketa hori estimaziozkoa da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.4 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Horregatik, banaketa hori aldatzen bada ez da deialdi berririk egiteko beharrik izanen; aldiz, bidezko diren aldaketak egin beharko dira gastu-espedientean, dirulaguntzak emateko ebazpena eman aurretik.

Bat etorriz 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 18/2021 Foru Legearen 58. artikuluan ezarritakoarekin (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari dagozkion gastu-kreditu exekutatugabeen txertaketak), deialdi honi esleitu baina 2022an exekutatzen ez den gastua 2023. urteari txertatzen ahalko zaio.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Inbertsio, Obra eta Hornidura Atalera eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2022ko otsailaren 18an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

DIRULAGUNTZA DEIALDIA, INBERTSIOAK EGITEKO HONAKO PLAN HONI LOTUTAKO JARDUKETETAN: “IRAUPEN LUZEKO LAGUNTZEN ETA ZAINTZEN PLANA: DESINSTITUZIONALIZAZIOA, EKIPAMENDUAK ETA TEKNOLOGIA”. PLAN HORI SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN 22. OSAGAIAREN BARRUAN DAGO, HOTS, “ZAINTZEN EKONOMIARAKO TALKA-PLANA ETA BERDINTASUN- ETA INKLUSIO-POLITIKEN INDARTZEA” DELAKOAREN BARRUAN. DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Deialdi honen xedea da dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean eguneko zentroak eraiki, handitu edo eraberritzea eta egoitza-zentro soziosanitarioak handitu edo eraberritzea jomuga duten inbertsioak diruz laguntzeko, horiek egokitu daitezen pertsonarengan zentratutako arreta-eredu berriari, bai efizientzia energetikoaren irizpideak bai zaintza-lanen digitalizazioa aintzat harturik.

2. Deialdi honek betearaziko du Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak izenpetutako lankidetza-hitzarmena, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari loturik eta Konferentzia Sektorialaren bidez finantzatuko diren neurrietarako funts-transferentziak hizpide dituena.

2. oinarria.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

1. Foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak hartan eta oinarri arautzaileetan ezarritakoaren arabera arautuko dira, eta honako hauekin bat: Dirulaguntzen Foru Legea eta aurrekontuen eta dirulaguntzen arloan aplikagarri diren gainerako foru-arauak zein Estatukoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua eta Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege lege-dekretua.

2. Laguntzek bete beharko dituzte, batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, haren bitartez ezartzen baita Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa, eta, bestetik, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatu, jarraitu eta kontrolatzeko aplikatu beharreko barne-arauak, hauek zehazki: abenduaren 30eko 36/2020 Errege lege-dekretua, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituena; irailaren 29ko HFP/1030/2021 Agindua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema taxutzen duena, eta irailaren 29ko HFP/1031/2021 Agindua, Estatuko, erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek hornitu beharreko informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien neurriei dagozkien mugarriak, helburuak eta aurrekontu zein kontabilitate arloan gauzatu beharrekoa betetzen dela jarraitzeko. Nahitaezkoa izanen da horien guztien aplikazioa.

3. Emandako dirulaguntzek Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluko 56. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Erregelamendu horren bidez barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira laguntza-kategoria jakin batzuk, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat.

3. oinarria.–Laguntzak emateko araubidea.

1. Foru agindu honetan araututako laguntzak norgehiagokako araubidean emanen dira, eta betiere printzipio hauei jarraikiz: publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza, helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.

2. Deialdi honen babespean emanen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izanen dira, deialdiaren xedeko jarduketetarako erabili beharrekoak, zeinetarako organo-emaileak ordainketak aurreratzen ahalko ditu, onuradunarekin adostuta, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Artikulu horretan ezarritakoarekin bat, toki-erakundeak salbuetsita daude bermeen eraketari buruzko betebeharretik, administrazio publiko diren aldetik. Gainerako entitateek justifikatu beharko dute dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsez hornitu beharra, eta aurrerakina 60.000 eurotik gorakoa denean bermeak eratu beharko dira, zuzenbidean ezarritako edozein bitarteko erabilita, ordainketa aurreratua jasotzeko.

4. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Foru agindu honen xedeko dirulaguntzen onuradun izaten ahalko dira hartan ezarritako betekizunak betetzeaz gain honako modalitateetako batean aipatzen diren entitate mota direnak:

A modalitatea.

–Nafarroako Foru Komunitateko toki-erakundeak.

B modalitatea.

–Nafarroako Foru Komunitateko toki-erakundeak.

–Irabazi-asmorik gabeko gizarte-entitateak, haien xede sozialaren helburuen artean gizarteari zerbitzu ematea dutenak eta Foru Komunitatean adinekoei edo desgaitasuna dutenei arreta emateko egoitza-zentroen edo eguneko zentroen titular direnak.

–Merkataritza-entitateak, haien xede sozialaren helburuen artean gizarteari zerbitzu ematea dutenak eta Foru Komunitatean adinekoei edo desgaitasuna dutenei arreta emateko egoitza-zentroen edo eguneko zentroen titular direnak.

2. Eskatzaileak ezin izanen dira foru agindu honen babespean deitutako laguntzen onuradun izan baldin eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inguruabarren baten ondorioz onuradun izateko debekuak ukitzen baditu eta aplikagarri diren gainerako arauetan ezarritakoa ez betetzeagatik dirulaguntzak jasotzeko eskubideaz gabeturik badaude.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren modalitateak eta aurrekontu-kontsignazioaren banaketa.

1. Deialdi honek bi modalitate ditu:

A) modalitatea: Eguneko zentro berriak eraikitzea edo amaitu gabeko obrei buru ematea, adinekoei eta desgaitasuna dutenei arreta emateko eguneko zentroak abiarazteko; bi kasuetan zentroen titularrek toki-erakundeak izan behar dute.

Jarduketa horiek egitean irisgarritasuneko eta efizientzia energetikoko irizpideei begiratuko zaie, eta aintzat hartuko da erabiltzaileen zaintzari mesede egiteko teknologia txertatzea (sarbideen kontrola, domotika, konektibitatea).

B) modalitatea: Adinekoei eta desgaitasuna dutenei arreta emateko egoitza-zentroak eta eguneko zentroak eraberritzea.

Eraberritze-lanak espazioak egokitzekoak izanen dira funtsean, bizikidetza-unitateak eratzeari edo familia-giroa sortzeko bestelako jarduketei begirakoak, bat etorriz abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuarekin eta irisgarritasunari eta efizientzia energetikoari buruzko irizpideekin, eta aintzat hartuko da erabiltzaileen zaintzari mesede egiteko teknologia txertatzea (sarbideen kontrola, domotika, konektibitatea).

2. Adierazitako kategoriak abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuan jasotako zentro tipologiarekin eta arauekin bat doituko dira; izan ere, horrek arautzen ditu, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte-zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza-zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

3. Modalitate bakoitzerako funtsak, deialdiak barne hartzen duen ekitaldi bakoitzerako, honela banatuko dira:

–2022. urtea: Guztira, 2.016.206,00 euro.

  • A) modalitatea: 1.008.103,00 euro.
  • B) modalitatea: 1.008.103,00 euro.

–2023. urtea: Guztira, 4.742.355,00 euro.

  • A) modalitatea: 2.371.177,50 euro.
  • B) modalitatea: 2.371.177,50 euro.

6. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Foru agindu honetan ezarritako laguntzen jomuga da entitate onuradunek aurreko oinarrian deskribatutako modalitateei loturiko jarduketaren bat edo batzuk egiteko beharrezko diren gastu eta inbertsioen multzoa finantzatzea.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jarduketarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak badira eta 2020ko otsailaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitarte abiatu eta egindako jarduketekin bat badatoz, non eta ez diren epeak handitzen 23. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Ondorio horietarako, honako kontzeptu hauek sartzen ahalko dira:

–Proiektuaren idazketa-kostuak.

–Obraren zuzendaritza fakultatiboarenak.

–Jarduketari dagokion obra zibila gauzatzearen kostuak.

–Instalazioak muntatzearenak.

–Jarduketa diruz lagungarrien arabera beharrezkoak diren ondasunak edo ekipamenduak erostea.

Arkitekto edo aparejadorearentzako ordainsariek, proiektuak idazteagatik edo obrak zuzentzeagatik, gehieneko muga bat izanen dute, eta ezin izanen dute batera obraren guztizko kostuaren %10 gainditu (50.000 euro gehienez).

2. Egindako gastutzat joko da foru agindu honetan adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

3. Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoak gainditzen baditu Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritako kopuruak (12.000 euro hornidura- edo zerbitzu-kontratuen kasuan, eta 30.000 euro obra-kontratuen kasuan), entitate onuradunak gutxienez ere hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obra, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu baino lehen, salbu eta ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko edo obra egiteko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Hautatzen den eskaintza ez bada ekonomikoki onena, entitate onuradunak behar bezala arrazoitu beharko du egindako hautapena.

7. oinarria.–Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Ez dira ordainduko proiektua edo jarduketa gauzatzeari zuzenean loturik ez dauden gastuak edo beharrezkoak ez direnak, eta, nolanahi ere, ez dira inongo kasutan gastu diruz lagungarriak izanen honako hauek:

a) Entitatearen gastu propioak, izan horiek langileenak, funtzionamenduarenak edo gastu orokorrenak.

b) Finantza-gastuak, aholkularitza juridikoko edo finantzarioko gastuak, notario- eta erregistro-gastuak eta berariazko administrazio-gastuak.

c) Zeharkako zergak eta zerga pertsonalak.

d) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

8. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna eta Europako funtsen bidezko finantzaketa bikoitza prebenitzea.

Foru agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz besteko administrazio publikoek helburu bererako ematen dituztenekin, baita Estatuko edo nazioarteko beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo partikularrek ematen dituztenekin ere; aitzitik, ez da inolaz ere bateragarria izanen gastu beretarako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eta Europar Batasuneko beste programetatik finantzaketa bikoitza eskuratzea.

Diruz lagundutako jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduera horien kostuaren %100. Horretarako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da (eredu bat dago foru agindu honen eranskinetan).

Jasotako dirulaguntzek muga hori gainditzen badute, behar den murrizketa izanen dute deialdi honen babesean emandako laguntzek.

9. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Entitate interesdunek eskaera bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu diren ereduen araberakoa, eta horri Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra erantsiko diote. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuaren web-orrian dituzte eskuragarri entitate interesdunek.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortutako eta araututako Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

2. Entitate eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra:

a) Dirulaguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzeko agiria eta pertsona horren Nortasun Agiri Nazionala. Toki-erakundeen kasuan, erakundearen idazkariaren ziurtagiria, eskaera sinatzen duenaren kargua eta eskumena frogatzen dituena.

b) Entitatearen ordezkariaren helbide elektronikoa, jakinarazpen eta komunikazioetarako.

c) Entitatea irabazi-asmorik gabea edo merkataritzakoa izan, haren estatutuen kopiak, non jasota egonen baitira entitatearen xedea eta gizarte-zerbitzuen arloarekiko lotura, eta obraren xede den eraikinaren gaineko titulartasun nahikoa ziurtatzen duen dokumentazioa.

d) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartela.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuarekin banku-konturik eduki ezean.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, agerrarazten duena ezen ez entitateak, ez administratzaileek edo ordezkariek ez dutela dirulaguntzen onuradun izateko debekurik urratzen. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

g) Ordainketa aurreratua eskatzeko, entitateek banku-agiri batzuk aurkeztuko dituzte, non agertuko baita foru agindu hau argitaratu aurreko bi hilabeteetako banku-kontuek izan duten batez besteko saldoa. Toki-erakundeen kasuan nahikoa izanen da hasiera batetik frogatzea indarreko aurrekontuan ez dagoela deialdi honen xedeko jardueretarako aurrekontu-partidarik.

h) Entitatearen ordezkariak sinatutako baimena, Administrazioak behar den informazioa eskura dezan, kontsultatzeko entitateak egunean dituen indarreko xedapenek ezartzen dizkioten tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin, ez dago b), c), eta g) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioko organoek eman behar badute horien ziurtagiria edo Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira (dokumentu horietan aldaketarik egon ezean). Hala bada, entitate eskatzaileak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu zituen aipatu agiriak.

i) Entitateek I. eranskinetik VI.era bitarteko eranskinetako adierazpenak aurkeztu beharko dituzte.

–I. eranskina: Betekizunak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

–II. eranskina: Finantzaketari buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, non aditzera ematen baita dirulaguntzen edo hirugarrenen laguntzen bidezko finantzaketak ez duela obraren edo jarduketaren %100 gainditzen, eta ez dagoela Europar Batasuneko funtsen bidezko finantzaketa bikoitzik.

–III. eranskina: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzearekin loturiko adierazpenaren eredua, datuak lagatzeari eta tratatzeari buruz.

–IV. eranskina: Konpromiso-adierazpenaren eredua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari loturik, barne hartzen dituena ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko konpromisoa eta ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitekoa.

–V. eranskina: Berariazko sarbide-baimenaren eredua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren agintarientzat.

–VI. eranskina: Interes-gatazkarik ez dagoela deklaratzeko adierazpena.

3. Berariazko dokumentazioa.

a) Gauzatu beharreko proiektuaren memoria baloratua, planteatutako jarduketen helburu eta xedeari buruzko azalpen argi eta laburrak ematen dituena.

b) Proiektua gauzatzeko denborazko plangintza: txertatu beharko da obra gauzatzeko egutegia, non gauzatzearen faseak zatitzen ahalko baitira; halakorik eginez gero, adierazi beharko da dirulaguntza zein faserako eskatu den, horren xedea eta zenbatekoa, betiere gauzatze-epeak adierazita.

c) Aurrekontu xehea, finantzaketa-plana barne.

4. Ez badira eskaerarekin batera aginduzko agiriak aurkezten, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

10. oinarria.–Prozedura eta organo eskudunak.

1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaerak deialdi honetan ezarritako balorazio- eta banaketa-irizpideekin bat ebaluatuko dira, eskaeren lehentasunezko zerrenda bat osatze aldera, eta eskatutako zenbatekoa zerrenda horren ordenari jarraikiz esleitzen joanen da, kreditu erabilgarria agortu arte.

2. Dirulaguntza hauen prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko ardura Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzarena da, eta, horrenbestez, ofizioz egiten ahalko ditu egoki jotzen dituen nahi beste jarduketa, kasuan kasuko ebazpen-proposamena egiteko behar dituen datuak zehaztu, eskuratu eta egiaztatze aldera.

3. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

11. oinarria.–Balorazio irizpideak.

1. Inbertsio proiektuak baloratzeko irizpideak:

A) modalitatea: Gehienez ere 100 puntu eskuratzen ahalko dira, honako irizpide hauen arabera:

–60 puntu bitarte: Eguneko zentroa zer gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualdetan (GZOE) dagoen, hartan bizi diren 65 urtetik gorako biztanleen arabera:

  • Zentroa non dagoen, 2021eko urtarrilaren 1ean gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde hartan bizi diren 65 urtetik gorako biztanleen ehunekoa hartuko da, eta bi puntu emanen zaizkio portzentaje-unitate bakoitzari (biztanleriari buruzko datuak Nafarroako Estatistika Institutuak emandakoak izanen dira, EINek hari lagatakoak eta Errolda Jarraituaren Estatistikako datuak oinarri hartuta prestatuak).

Lortutako puntuazio horri koefiziente zuzentzaile bat aplikatuko zaio (biderketa eginen da); koefiziente horrek kontuan hartuko du zenbat zentro dauden –eguneko zentroak eta eguneko egonaldirako plaza baimenduak dituzten zentroak– kasuan kasuko gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde horretan, hau da, dirulaguntzaren xede den zentroarenean:

  • Ez badago eguneko zentrorik edo eguneko egonaldietarako zentrorik GZOE horretan, koefiziente zuzentzailea 1 izanen da.
  • Eguneko zentro edo eguneko egonaldietarako zentro bat badago GZOE horretan, koefiziente zuzentzailea 0,75 izanen da.
  • Eguneko edo eguneko egonaldietarako 2 zentro badaude GZOE horretan, koefiziente zuzentzailea 0,5 izanen da.
  • Eguneko edo eguneko egonaldietarako 3 zentro edo gehiago badaude GZOE horretan, koefiziente zuzentzailea 0,25 izanen da.

–30 puntu bitarte: Eguneko zentroa zer gauzatze- edo tramitazio-fasetan dagoen.

Ondokoen arteko puntuaziorik altuena emanen da egin beharreko gastu-kontzeptuaren arabera:

  • Obrak hasita dituzten zentroei: 30 puntu.
  • Prestatutako proiektua (amaitua) dutenei: 20 puntu.
  • Zentro berriak eraikitzeko: 10 puntu.
  • Zentroak handitu edo lekuz aldatzeko: 5 puntu.

–10 puntu bitarte: Udalerriko biztanle kopuruaren arabera:

Zentroa kokatuta dagoen udalerriak 10.000 biztanletik gora baditu, 10 puntu gehituko zaizkio proiektuari.

B) modalitatea: Gehienez ere 100 puntu eskuratzen ahalko dira, honako irizpide hauen arabera.

–40 puntu bitarte: Zentroak edo egoitzak 2022ko urtarrilaren 1ean baimenduta dituen plaza kopuruaren arabera:

Plaza bakoitzeko 0,1666ko balioa aplikatuko da, alderantzizko ordenan, hurrengo irizpidearekin bat. Gehieneko puntuazioaren balioa (40 puntu) aplikatuko zaie 20 egoiliar edo gutxiago dituzten egoitza-zentro eta eguneko zentroei, eta gutxieneko puntuazioa (10 puntu) 200 egoiliar edo gehiago dituzten egoitza-zentroei. Gainerako zentroei ondoko formula aplikatuko zaie, puntuazio tarte hori (10etik 40ra) oinarri harturik:

Puntuazioa = gehieneko puntuazioa-(egoitza-zentroaren plaza kopurua-gutxieneko puntuazioa) * plaza bakoitzeko balioa,

Alegia:

Puntuazioa = 40-(plaza kopurua-10) * 0,1666666...

–60 puntu bitarte: Jarduketa edo hobekuntza motaren arabera:

Zentroan egindako jarduketa edo hobekuntza guztiak baloratuko dira, jarduketa bakoitzeko honako puntuazio-baremo honi jarraikiz (gehienez ere 60 puntu arte):

JARDUKETA / HOBEKUNTZA

PUNTUAZIOA

Bizikidetza-unitatea sortzea

16

Igogailu irisgarri berria eraikitzea

10

Igogailuaren eraberritzea, irisgarria izan dadin

10

Gela bikoitzak banakako gela komunduna bihurtzea

5

Gela bikoitzak komun partekatuko banakako gela bihurtzea

3

Komun irisgarria eraikitzea

1,8

Familia-giroa sortzeko bestelako jarduketak

(inbertitutako 1.000 euroko)

0,2

Irisgarritasuna-oztopo fisiko eta/edo kognitiboak desagerraraztea

(inbertitutako 1.000 euroko)

0,2

2. Gertatzen bada puntuazio bera dutela dirulaguntza dagokion azken entitate onuradunak eta kreditu faltagatik onuradun ez den hurrengoak (edo ez diren hurrengoek), eman beharreko zenbatekoa entitate horien artean hainbanatuko da.

12. oinarria.–Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa.

1. Gehieneko zenbatekoa.

Zenbateko hauek emanen dira gehienez, zentro eta entitate bakoitzeko, oinarri honen 2. apartatuan ezarritakoa ezertan galarazi gabe:

–A) modalitatea: 400.000 euro arte.

–B) modalitatea: 200.000 euro arte.

2. Gehieneko kopuruak handitzeko aukera.

Modalitate bakoitzean emanen diren dirulaguntzen proposamena egin ostean soberako kreditua gelditzen bada, zenbateko horiek ezarritako gehieneko kopuruak gainditzen ahalko dituzte proiektuen lehentasun hurrenkerari jarraikiz, 120.000 euro arte A) modalitatean eta, 60.000 euro arte B) modalitatean.

13. oinarria.–Dirulaguntzak emateko hasierako proposamena, alegazioak eta birformulazioa.

1. Eskaerak baloratutakoan, instrukzio-organoak dirulaguntzak emateko hasierako proposamena eginen du.

2. Instrukzio-organoak dirulaguntza emateko hasierako proposamena jakinaraziko die entitate eskatzaileei, zeinek 10 egun balioduneko epea izanen baitute, jakinarazpenaren biharamunetik, egoki jotzen dituzten alegazioak aurkezteko, eta kasua bada, eskaera birformulatzeko.

Eskaera birformulatzen ahalko da proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eskaeran agertzen dena baino txikiagoa denean. Aipatutako epe hori iraganda ez da birformulaziorik onartuko, eta entitate onuradunak hasiera batean aurkeztutako guztizko aurrekontuari eutsi beharko dio.

Nolanahi ere, birformulazioetan, entitate onuradunek bere horretan mantendu beharko dute hasiera batean aurreikusitako ekarpen propioaren ehunekoa, bai eta proiektuaren xedea, baldintzak eta helburua ere.

Birformulazioaren bidez txertatzen dituzten aldaketek ezin izan dute inola ere aldaketarik eragin instrukzio-organoak egindako balorazioan.

Entitateak ez badu proiektuaren birformulaziorik aurkezten, egindako jarduketaren benetako kostuaren %100 justifikatu beharko du, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Alegazioak edo birformulazioak Eskubide Sozialetako Departamentuaren erregistro-bulegoan aurkeztu beharko dira, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

3. Aurkeztutako alegazioak ebatzi eta baloratutakoan, eta birformulatutako proiektuen bideragarritasuna ikusirik, kudeaketa-unitateak organo eskudunari igorriko dio dirulaguntzak emateko behin betiko proposamena.

14. oinarria.–Dirulaguntza emateko behin betiko proposamena.

1. Proposamena egintza bakarrean eginen da, eta aditzera eman beharko ditu onartu ez diren eskaeren zerrenda, dirulaguntza emateko proposatu diren entitateen zerrenda eta dirulaguntzaren zenbatekoa, lortutako puntuazioa zehaztuta, eta gainerako eskaerak ezesteko proposamen arrazoitua.

Proposamenari eransten ahal zaio, baita ere, onuradun izateko eskatutako baldintza administratiboak eta teknikoak bete arren dirulaguntzan ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik onartu ez diren eskaera guztien zerrenda ordenatua, ezarritako balorazio-irizpideen arabera bakoitzari eman zaion puntuazioa adierazita. Hori gertatuz gero, eta edozein kausa dela medio kreditu nahikoa askatzen bada, instrukzio-organoak proposatuko du dirulaguntza ematea puntuazio ordenari jarraikiz dirulaguntza jasotzea egokitzen zaien eskatzaileei.

2. Dirulaguntza emateko behin betiko proposamena Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari igorriko zaio, dirulaguntza emateko ebazpena eman dezan.

15. oinarria.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

1. Dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztuko dira entitate onuraduna, diruz lagundutako proiektua, haren kostua, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren urtez urteko banaketa, kasuan-kasuan, deialdi hau onesteko foru aginduaren 2. apartatuan ezarritako aurrekontu-aurreikuspenarekiko proportzionala izanen dena.

2. Prozeduraren gaineko ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek eskaerak ezetsi egin direla ulertuko dute. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Dirulaguntza emateko ebazpena helbide elektronikoaren bitartez jakinaraziko da, eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuaren web-orrian argitaratuko da; bertan adieraziko dira deialdia, dirulaguntza zer aurrekontu kredituri egozten zaion, entitate onuradunak, emandako zenbatekoak eta dirulaguntzaren helburua.

4. Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

16. oinarria.–Dirulaguntzen justifikazioa aurkezteko modua eta epea.

1. Gastua justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztu beharko da, Inbertsio, Obra eta Hornidura Atalari zuzendua, dirulaguntza emateko ebazpenean zehazten den moduan.

2. Hauek dira justifikazio epeak:

a) Justifikazio agiriak aurkezteko epea, 2022ko ekitaldiko zenbatekoari dagokionez, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen denean hasiko da, eta 2022ko urriaren 31n amaituko.

b) 2022an aurreratzen den zenbatekoari eta 2023ko ekitaldikoari dagokienez, justifikazio agiriak aurkezteko epea 2023ko urriaren 31n amaituko da.

c) 2023ko ordainketa aurreratuaren zenbatekoari eta justifikatu gabeko beste edozein kopururi dagokienez, 2024ko ekainaren 30ean amaituko da epea, eta orduan egin beharko da, baita ere, dirulaguntzaren amaierako justifikazioa.

17. oinarria.–Egindako gastuak justifikatzeko dokumentazioa.

1. Justifikazio partzialak.

2022. eta 2023. urteei dagozkien zenbatekoak ordaintzeko, entitate onuradunek egindako gastuen kopuruak justifikatu beharko dituzte, edo, kasua bada, aurreratutako kopuruen gastuak, honako agiri hauek aurkeztuta:

a) Toki-erakundeen kasuan, proiektuaren gauzatzeari lotutako kontratuen esleipen-prozedurak justifikatzeko agiriak (proiektua idazteko eta/edo obrak zuzentzeko kontratua, obren kontratua), Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat. Entitate pribatuek frogatu beharko dute kontratuen esleipena publikotasun- eta konkurrentzia-printzipioekin bat egin dela.

b) Proiektuaren martxa azaltzen duen txostena, egindako jarduketak eta aurreikusitako gauzatze-epeak bat datozen adierazita.

c) Jasotako dirulaguntzari aplikatu zaizkion gastuen zerrenda, kontzeptuka, non agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horrekin batera, dagozkion egiaztagiriak, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira, gastuen zerrendako hurrenkerari jarraituz. Gastuen zerrenda hori entitateek telematika bidez igorriko dute, entitatearen legezko ordezkariaren sinadura digitala duela, eta adierazirik gastuok dirulaguntza honetarako baizik ez direla aurkeztu. Egiaztagiri gisa, kontu-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen.

d) Halaber, organo kudeatzaileak eskatzen dituen agiriak igorriko dira.

Justifikazio agiriak aztertutakoan, kontratuaren unitate kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena eginen du, eta hari txosten bat erantsiko dio, frogatuko duena entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak kobratzeko eskubidea ematen dieten betebeharrak.

2.–Dirulaguntzaren amaierako justifikazioak honako hauek hartu beharko ditu barne:

a) Lehenago aurkeztu ez bada, eta azken ordainketa justifikatzeko, kontzeptu bakoitzerako jasotako dirulaguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, justifikazio partzialetarako azaldu den bezalaxe prestatua.

b) Proiektuaren gauzatzeari buruzko memoria teknikoa eta obra-bukaeraren ziurtagiria, obraren zuzendari fakultatiboak izenpeturik.

c) Obra-harreraren akta, jabeak, obren zuzendari fakultatiboak eta obren kontratistak izenpeturik.

d) Obraren proiektu teknikoaren idazketa dagokion fakturaren bidez justifikatuko da.

e) EEHak entregatu eta berrerabili izanaren ziurtagiria, deialdi honen 25. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Obra baten proiektu teknikoaren idazketa dirulaguntzaren bidez ordaindu bada baina ez bada aurkezten obra horren gauzatzeari buruzko justifikazio agiririk, entitateak ordainketa hori itzuli beharko du.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzaren ordainketa.

1. Oro har, ordainketa eginen da entitate onuradunek egiaztatzen dutenean dirulaguntza zer helburutarako eman zen, hori bete dela, eta justifikatzen dutenean bai jarduera bai egindako gastua foru agindu honetan ezarritako epe eta baldintzetan egin direla.

Egindako gastuei dagozkien dirulaguntzen zenbatekoak ordaindu aurretik, egindako gastua justifikatu beharko da, “Dirulaguntzen justifikazioa aurkezteko modua eta epea” oinarriari jarraikiz.

2022. eta 2023. urteetako zenbatekoei dagokien ordainketa urtean ordainketa bakarra eginez ordainduko da; ordainketa hori aurreratua izan liteke, hurrengo apartatuan ezarritakoarekin bat, baldin eta aurreko urtean aurreratutako kopuruaren gastua, halakorik bada, jada justifikatu bada.

2. Dirulaguntzari atxikitako jarduketak egiteko beharrezkoa bada, dirulaguntzaren organo emaileak ordainketa aurreratzea erabakitzen ahalko du, entitate onuradunak hala eskatzen badio aurrez, betiere muga izanik urte bakoitzerako esleitutako kopurua. 2023ko aurrerakina eskatu ahal izateko beharrezkoa izanen da urtean jasotakoa justifikatu izana aurrez.

3. Entitate onuradunek 2022ko ekitaldian gauzatu ez duten gastua 2023ko ekitaldian sartzen ahalko dute, eta gauzatu bai baina 2023ko ekitaldian justifikatu ez dena, 2024ko ekitaldian.

19. oinarria.–Emandako dirulaguntzak aldatzea.

1. Dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

a. Bat-bateko gorabeherak direla medio proiektua gauzatzeko zailtasunak sortu eta ondorioz entitateak ezin badu helburua bete, proiektua gauzatu edo dirulaguntza emateko oinarria zen jarduera gauzatu diruz lagundutako jarduerarako ezarritako irizpide, baldintza eta epeetan.

b. Jakiten bada entitateak beste dirulaguntza edo laguntza motaren bat jaso duela dirulaguntzaren xede bererako eta ez duela horren gaineko aitorpenik egin, eta zenbateko guztiak batuta finantzatutako kopurua diruz lagundutako kostua baino gehiago bada, edo, kasua bada, dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren mugako ehunekoak baino handiagoa.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuetan, dirulaguntza ematen duen organoak hartuko du aldaketaren gaineko erabakia.

3. 2023ko ekainaren 30a da aldaketa eskatzeko mugaeguna.

20. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Foru agindu honen babespeko dirulaguntzen entitate onuradunek honako betebehar hauek dituzte:

a) Helburua betetzea, proiektua gauzatzea; dirulaguntza emateko oinarri den jarduera egitea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea bai deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak bete direla bai diruz lagundutako jarduera egin dela.

c) Organo emaileari jakinaraztea beste administrazioetatik edo entitate publiko zein pribatuetatik xede bererako eskuratutako edozein dirulaguntza mota.

d) Egindako gastu edo inbertsioen egiazkotasuna justifikatzea dagozkien agirien bidez, deialdian ezarritako epe eta baldintzetan.

e) Egunean edukitzea dagozkion tributu-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, eta ordaindu zain dagoen zorrik ez edukitzea Nafarroako Foru Komunitateko Ogasunarekin.

f) Organo emaileek egin ditzaketen kontrol- eta egiaztapen-jarduketei men egitea eta haietan laguntzea, aipatu jarduketak egiteko eskatzen dieten informazio eta dokumentazio guztia emanez.

g) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrolen xede izan daitezkeen bitartean.

h) Jasotako funtsak itzultzea, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

i) Organo emaileari jakinaraztea dirulaguntza emateko erabakigarri izan ziren baldintzak aldatzen dituen edozein gorabehera edo diruz lagundutako jarduera garatzea zailtzen duen edozein inguruabar, betiere hura gertatu eta hilabeteko epean.

j) Laguntza hauen xedeko inbertsioa bideratzea kasuan kasuko jarduerarako, eta entitatearen jabetzan edukitzea gutxienez 30 urtez, ondasun higiezinen kasuan, edo 10 urtez, ondasun higigarrien kasuan.

k) Entitate pribatuek, dirulaguntza emanen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, fitxa horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

m) Funtsen amaierako hartzaileak identifikatzea, dirulaguntzaren xedea kontratatzen den kasuan.

n) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere doitzen ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, dirulaguntza xedera bideratzeko betebeharra betetzen ez bada, emandako kopurua itzuli beharko da, proportzioan, betebeharra zenbat urtez bete den eta horren arabera.

21. oinarria.–Beste betebehar batzuk.

1. Dagokien laguntza onartutakoan, onuradunek Eskubide Sozialetako Departamentuarengandik zein bestelako organo edo agintari eskudunengandik jasotako jarraibideei men egiteko konpromisoa hartzen dute, berariaz, jarraibide horiek zerikusia dutenean hala Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa nola Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatu edo kudeatzeko onets litekeen edozein araurekin, izan Europar Batasunekoa edo Estatukoa. Horretarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikulua betetzeko eskatzen zaizkien datuak eta informazioa eman beharko dituzte.

2. Mekanismoak ezarri beharko dituzte bermatzeko garatu beharreko jarduketak lagungarriak direla Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren helburu eta konpromisoak lortzeari begira, eta kasuan-kasuan beharrezkoa den informazioa emanen dute, plan horren adierazle, mugarri eta helburuen balioa zehazteko.

3. Irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 6. eta 7. artikuluekin bat etorrita, neurriak hartu beharko dituzte iruzurra eta ustelkeria prebenitu, atzeman eta zuzentzeko, bai eta interes-gatazkak eta finantzaketa bikoitza (proiektuak gauzatzeko prozeduretan) ekiditeko ere.

4. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako proiektuaren dokumentazioa gorde eta zaindu beharko dute, Europar Batasunaren aurrekontu orokorrari aplika dakizkiokeen finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluari jarraikiz. Bere gain hartuko dute auditoretzako arrasto egokia mantentzeko ardura eta euskarri den dokumentazioa gordetzeko betebeharra.

Gorde beharko dituzte egindako jarduketaren eta jasotako funtsen erabilerari buruzko jatorrizko frogagiriak, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren neurrian. Kontabilitate-agiriak, erregistroak eta dirulaguntzaren baldintzak betetzearekin zerikusia duten agiriak oro, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14.1.g) artikuluan aipatzen direnak, hamar urtez gorde beharko dira, dirulaguntza noiz eman eta hortik aitzina.

5. Onuradunek men egin beharko diete Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, Europako Funtsen Idazkaritza Nagusiak, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak, Kontuen Auzitegiak eta Europako Batzordeko kontrol- eta fiskalizazio-organoek egin ditzaketen bestelako egiaztapen-jarduketei eta finantza-kontrolekoei, edo Estatuko zein Europar Batasuneko kontrol-organo zein -agintari eskudunek egin ditzaketenei, betiere bat etorriz Europako funtsekin kofinantzatutako laguntzen kudeaketari aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin; horretarako, eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute, eta ahalegin guztiaz jardunen dira, elkarlanean, hala Estatuko nola Europar Batasuneko finantza-interesak babestearen alde, eta aipatu organo eta agintari horiei informazioaren gaineko eskubidea eta sarbidea emanen diete.

Dirulaguntza emateko nahitaezkoa izanen da onuradunek konpromisoa hartzea, idatziz, informazioaren gainean behar diren eskubideak eta sarbideak lagatzeko, bermatze aldera Europako Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta Estatuko agintaritza eskudunek beren egitekoak egin ditzaketela, hori guztia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. apartatuaren e) letran ezarritakoarekin bat. Horretarako, eskatzaileek foru agindu honen V. eranskina bete beharko dute, eta eskaerarekin batera aurkeztu.

6. Onuradunek bete beharko dituzte agintari eskudunek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzaketari loturik ezartzen dizkieten informazio- eta publikotasun-betebeharrak, eta, zehazki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34.2 artikuluan ezarritako informazio-, komunikazio- eta publikotasun-betebeharrak, eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoa, deialdi honen 27. oinarrian adierazitakoarekin bat.

7. Funtsen erabilerari lotutako auditoretza- eta kontrol-ondorioetarako, eta Euspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan eraberritze-jarduketetara eta inbertsio-proiektuetara bideratutako neurriei loturik, onuradunek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren esku jarri beharko dute funtsen amaierako hartzailearen datuen informazioa, onuraduna bera ez denean, eta kontratisten gaineko informazioa, amaierako hartzailea adjudikazio-boterea denean, hori guztia betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. apartatuan eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluan xedatutakoa. Informazio horrek irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 10. artikuluarekin bat etorrita egon beharko du eskuragarri.

22. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

1. Oinarri hauek hizpide dituzten dirulaguntzek Dirulaguntzei buruzko Foru Legean laguntzak itzultzeko ezarritako araubideari eta Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen dirulaguntzei aplika dakizkiokeen gainerako xedapenei jarraituko diete.

2. Jasotako dirua itzuli beharko da, kasuan kasuko berandutze-interesarekin, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako inguruabarretako bat gertatzen bada.

Halaber, deialdi honetan jasotako funtsak itzuli beharko dira Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren printzipioak eta betebeharrak edo haren ondoriozko edozein alderdi betetzen ez bada, baita aplikagarri diren Europar Batasuneko gainerako arauetan ezarritakoa betetzen ez bada, eta, bereziki, “kalte nabarmenik ez eragitea” printzipioa urratzen bada.

3. Dirulaguntza itzultzeko, dirulaguntzaren organo emaileak ebazpena eman beharko du, dagokion espedientearen instrukzioaren bitartez; horrek ekarriko du jasotako dirulaguntza itzultzea, bai eta kasuan kasuko berandutze-interesak ordaintzea ere, dirulaguntza ordaindu denetik hura itzultzea bidezkoa dela erabaki arteko epeari dagozkionak.

4. Entitate onuradunaren betetze-maila nabarmen gerturatzen zaionean jardueraren erabateko betetze-mailari, onuradunak argi eta garbi frogatzen badu hartutako konpromisoak betetzeko ahaleginak egiten ari dela, jaso beharreko zenbatekoa, edo, kasuan-kasuan, itzuli beharrekoa, instrukzio-organoak aurrez emanen duen txostenaren bidez zehaztuko da, betiere proportzionaltasun-irizpidearekin bat.

Betetze-maila nabarmena dela ulertuko da jardueraren %70 gutxienez egina dagoenean eta 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaitzean denean, baldin eta gauzatze-epearen desbideraketa hori ezin bazaio onuradunari egotzi eta frogatzen bada dirulaguntzaren xedeko kontratua edo jarduera beranduenez 2023ko abenduaren 31n amaitu behar dela.

23. oinarria.–Epeak luzatzea.

Dirulaguntza honen xedeko jarduketak gauzatzeko eta justifikatzeko epeak luzatzen ahalko dira, baldin eta aldaketak egiten badira Estatuak eta Europako Batzordeak Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko adostu dituzten epeetan, zehazki 22. osagaiari (Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea) dagozkion horietan.

24. oinarria.–Toki-erakunde onuradunek eta funtsak gauzatuko dituzten entitateek egin beharreko funtsen kudeaketa.

Dirulaguntzen toki-erakunde onuradunek bete beharko dituzte funtsak gauzatuko dituzten entitateentzat irailaren 29ko HFP/1030/2021 eta HFP/1031/2021 aginduetan ezarrita dauden baldintzak. Agindu horietako lehenaren bitartez Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema taxutzen da, eta bigarrenaren bidez, Estatuko, erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek hornitu beharreko informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen da, jarraipena egiteko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien mugarri eta helburuei zein neurrien aurrekontu eta kontabilitatearen betetze-mailari.

25. oinarria.–“Kalte nabarmenik ez eragitea” printzipioa betetzea. Hondakinen kudeaketa zuzenaren ziurtagiria.

1. Diruz lagundutako proiektuek bermatu beharko dute goitik behera betetzen dituztela, batetik, “ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea” printzipioa (do no significant harm –DNSH–), eta, bestetik, helburu klimatiko eta digitalak, hala ezarrita baitago Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean (ministroen kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onetsia), Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen otsailaren 12ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduan, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 5. artikuluan, eta azkenik, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren proiektuak diseinatu eta gauzatzeko ebaluazioa onesten duen Kontseiluaren Gauzatze Erabakiaren Proposamenean.

2. Nolanahi ere, entitate onuradunek aurreikusiko dituzte, alde batetik, “kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (do no significant harm printzipioa, DNSH) betetzen dela egiaztatzeko tresnak, eta, bestetik, printzipio hori ezartzen dela bermatzeko neurri zuzentzaileak, eta horren berri jasoko dute dirulaguntzaren justifikazio-memorian.

3. Amaierako justifikazioarekin batera ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, EEHak transferitu eta tratatzeko gunearen ordezkariak sinatuta, frogatuko duena hondakinak zuzen kudeatu direla, bat etorrita Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 2.D eranskinean ezarritakoarekin. Foru Dekretu horrek garatzen du otsailaren 1eko 108/2008 Errege Dekretua.

Ziurtagiriak, EEHen kudeaketan erabateko trazabilitatea bermatzeko aukera ematen duenak, honako informazio hau emanen du gutxienez:

–EEHen sortzailearen edo jatorriko kudeatzailearen izena.

–Jatorrizko obraren deskribapena eta lizentzia-zenbakia, beharrezkoa bada.

–Jasotako kopurua, tonatan.

–Egindako eragiketaren kodea (D edo R, dagokiona).

4. Eraikuntza- eta eraberritze-lanez arduratzen diren eragileek hondakinen hierarkia printzipioari jarraituko diote, eta lehentasuna emanen diete prebentzioari, berrerabiltzeko prestaketari, birziklapenari, balorizazio energetikoari eta, azkenik, ezabatzeari, baldin eta ingurumenaren ikuspuntutik posible bada.

Jarduera garatzeko erabilitako osagaiek eta eraikuntza-materialek ez dute amiantorik edukiko, ezta substantzia oso kezkagarririk ere. Substantzia horiek 1907/2006 (EE) Erregelamenduaren XIV. eranskineko baimenaren menpeko substantzien zerrendan daude identifikaturik.

EBko hondakinak kudeatzeko protokoloan proposatutako neurriak gauzatuko dira, eraikuntza-lanetan hondakinen sorrera mugatzeko. Eraikinen diseinuek eta eraikuntza-teknikek zirkulartasunaren alde eginen dute, eta, zehazki, ISO 20887 arauari edo eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko beste arau batzuei erreferentzia eginez, erakutsiko dute nola diseinatuta dauden baliabideen erabilerari dagokionez eraginkorragoak izateko, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak, gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko.

5. Eraikinen eta instalazioen eraikuntza eta eraberritzeetan, kontuan hartu beharko dira eraikinen energia-eraginkortasunari buruzko 2018/844 (EB) Zuzentarauan jasotako jarraibideak, ia energia-kontsumorik ez duten eraikinak izan daitezen. Aplikatu beharreko ingurumen-araudiari men eginen zaio. Ingurumen-ebaluazioko prozedurak errespetatuko dira beti, indarreko arauekin bat aplikagarri direnean, bai eta ingurumen arloko araudiari jarraikiz egin beharreko bestelako eragin-ebaluazioak ere.

26. oinarria.–Iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, atzemateko eta zuzentzeko neurriak.

1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren edozein fasetan parte hartzen duten pertsona guztiek, baldin eta edozein organoren, laguntzen entitate kudeatzailearen, gauzatzailearen edo onuradunaren menpe edo haren ordezkari gisa jarduten badira, zinpeko deklarazio bat egin beharko dute, zein bere esparruan, aditzera emateko dirulaguntza honen xedeko funtsak aplikagarri diren arauekin bat erabili direla, zehazki iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitu, atzeman eta zuzentzeari dagokionez.

2. Dirulaguntza eskatu duten toki-erakundeak eta irabazi-asmorik gabeko zein irabazi-asmoko entitateak zeintzuk diren jakiten denean, instrukzio-unitateak espedientearen tramitazioan eta kudeaketan parte hartuko duten langile publikoak interpelatuko ditu, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezarritako arrazoiren batek ukitzen baditu, eta, hortaz, abstenitu beharra badute.

Instrukzio-organoaren ondorengo bileretara bertaratzen den parte-hartzailerik badago, haiek ere interpelatuko dira.

Administrazioaz kanpoko teknikariak izendatu badira instrukzio-organoari aholku emateko, teknikari horiek abstenitzeko arrazoirik ezari buruzko adierazpen bat aurkeztu beharko diote espedientearen arduradunari edo idazkari-lanetan dabilenari.

3. Balizko interes-gatazka dagoela ulertuko da, eta, hortaz, abstenitzeko beharra, honako inguruabar hauek gertatzen direnean, gutxienez:

a) Laguntza edo finantzaketa jaso izana, aurreko bi urteetan, ikerketa baterako edo ikerketa baten esparruan.

b) Lan-harremana edukitzea, edo azken bi urteetan eduki izana, aholkulari-lanetan, kasuan kasuko osasun-industriako konpainia batekin.

c) Akzioduna izatea edo interes ekonomikoak edukitzea kasuan kasuko entitate onuradunen batean, edo aurreko bi urteetan akzioduna izandakoa izatea.

d) Laugarren gradurainoko odol-ahaidetasuna izatea, edo bigarren gradurainoko ezkontza-ahaidetasuna, prozeduran esku hartzen duten interesdunekin, entitate interesdunen administratzaileekin, aholkulariekin, mandatariekin edo, legezko ordezkariekin.

4. Eztabaida eta bozketa zehatz batean parte hartzeari begira, espedientearen tramitazioan eta kudeaketan parte hartzen duen edozeinek zalantzarik badu abstenitzea bidezko egiten duten inguruabarren existentziari buruz (aurreko puntuan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezarritakoak), horren berri ematen ahalko dio idazkari-eginkizunetarako izendatutako pertsonari, instrukzio-organoari jakinaraz diezaion eta organo horrek erabaki dezan.

27. oinarria.–Emandako laguntzen publizitatea.

Deialdi honen ondoriozko jarduketen publizitatea egitean, edozein dela bitartekoa, bai eta entitate adjudikaziodunek erabiltzen duten dokumentazio guztian ere, berariaz adierazi beharko da jarduketak finantzatuak izan direla Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kargura, bat etorriz Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema taxutzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoarekin.

Hori horrela, zerbitzu horren esparruan sortzen den edozein euskarri fisiko edo digitaletan gutxieneko publizitatea egin beharko da, eta honakoa agertu, zuzen eta nabarmen:

Europar Batasunaren ikurra, finantzaketari buruzko deklarazio egokiarekin (tokiko hizkuntzetara itzulita, beharrezkoa denean), hauxe esanen duena: “Europar Batasuna-NextGeneration EU”k finantzatua, esteka honetan dagoena: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren logoa, esteka honetan eskuragarri: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual.

Entitate onuradunek betebehar hori bete izana justifikatzeko konpromisoa hartuko dute, eta horretarako aurkeztuko dute dokumentazioa, egiaztatzen duena egindako hedapen-kanpainetan ikusgarritasuna eman zaiela Nafarroako Foru Komunitateari, Espainiako Gobernuari eta NextGenerationEU Suspertzerako Europako Bitartekoari.

Halaber, jarduketek behar bezala identifikaturik egon beharko dute, bat etorriz Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4. artikuluan aintzat hartzen diren informazio-, komunikazio- eta publizitate-betebeharrekin.

28. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

29. oinarria.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Betekizunak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

II. eranskina.–Finantzaketari buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, non aditzera ematen baita dirulaguntzen edo hirugarrenen laguntzen bidezko finantzaketak ez duela obraren edo jarduketaren %100 gainditzen, eta ez dagoela Europar Batasuneko funtsen bidezko finantzaketa bikoitzik.

III. eranskina.–Datuak laga eta tratatzeko adierazpenaren eredua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzearekin loturik.

IV. eranskina.–Konpromiso-adierazpenaren eredua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari loturik, barne hartzen dituena ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko konpromisoa eta ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitekoa.

V. eranskina.–Berariazko sarbide-baimenaren eredua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren agintarientzat.

VI. eranskina.–Interes-gatazka ezari buruzko adierazpena.

Deskargatu I. eranskinetik VI.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2202560