46. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

38E/2022 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira nekazari gazteak beren gain jartzeko laguntzaren deialdia eta oinarri arautzaileak. 2022ko deialdia. DDBN identifikazioa: 600815.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 227E/2021 Ebazpenaren bidez, nekazari gazteak beren gain jartzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren. Deialdi hori 2022ko 25. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 14koan.

Laguntza eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi zen, eta 2022ko martxoaren 4an bukatuko da. Egiztatu da eskaerak aurkezteko epea murriztu egin dela ebazpenaren sinadura eta arauen argitalpena atzeratu direlako, eta, horrenbestez, aurtengo epea aurreko deialdietakoak baino laburragoa dela.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ebazpen zatiko 4. puntua aldatzea (Eskaerak aurkezteko epea). Honela geldituko da idatzita:

“Deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2022ko martxoaren 18an bukatuko”.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko otsailaren 24an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

Iragarkiaren kodea: F2202808