45. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25E/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 14koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, 2022ko deialdia onesten duena toki-erakundeei eta entitate sozialei dirulaguntzak emateko, Europako eta mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatze aldera. DDBN identifikazioa: 610428.

Urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren eskumenen esparrua, antolaketa eta eskudantziak ezartzen ditu. Dekretu horren II. kapituluan, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala definitzen da, eta horien artean dago mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza-harremanak bultzatzea eta koordinatzea. Eskumen hori berariaz esleitzen zaio Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari.

2021-2024 Kanpo Ekintzaren Planak ezartzen du, helburu operatibo gisa, loturak indartu behar direla Nafarroako mugako kokapenari lotutako lankidetza-foroetan. Helburu operatibo horrekin bat egituratzen da Planaren 2. ardatza (Nafarroaren mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza). Hartan, azpimarratzen da Nafarroak parte hartzen duela administrazioen arteko mugaz gaindiko lankidetza-foroetan, non ahalbidetzen baita zerbitzu eta politika publikoak koordinatzea.

Foro horien helburua da mugaz gaindiko harremanen arazoak eta beharrak monitorizatzea eta konpontzea. Testuinguru horretan, ardatz honen helburua da eragileen arteko lankidetza sustatzea eta erraztea, baita lankidetzarako dauden oztopoak hautematea eta horiei aurre egitea ere.

Xedea izanik laguntza ematea aipatutako jarduerei eta biztanleengandik gertuen dauden entitateei, hau da, toki-erakundeei eta entitate sozialei, ezartzen da helburu horren (G3) ekintza ildoa dela deialdi hau onestea, helburu duena araubidea ezartzea Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak laguntzak eman ditzan toki-erakundeek eta entitate sozialek mugaz gaindiko proiektuak egiteko 2022an.

Horrenbestez, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2022ko ekitaldiko deialdia onestea toki-erakundeei eta entitate sozialei dirulaguntzak emateko, mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatze aldera.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B50002 B5120 4609 144100

Toki-erakundeentzako laguntzak, mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatzeko

2022

20.000,00

B50002 B5120 4819 144100

Entitate sozialentzako laguntzak, Europako eta mugaz gaindiko lankidetza proiektuak sustatzeko

2022

20.000,00

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko otsailaren 14an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

OINARRI ARAUTZAILEAK, 2022KO EKITALDIKO DEIALDIARENAK, TOKI-ERAKUNDEEI ETA ENTITATE SOZIALEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO, MUGAZ GAINDIKO LANKIDETZA JARDUERAK SUSTATZEKO

1.–Xedea eta helburua.

Oinarri hauen xedea da erregulazioa ezartzea toki-erakundeei eta entitate sozialei dirulaguntzak emateko, lankidetza jarduerak egiten badituzte mugaz gaindiko hartu-emanak sustatu eta garatzearren Nafarroako Foru Komunitatearen eta Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren artean 2022ko ekitaldian.

Toki-erakundeek edo entitate sozialek garatutako mugaz gaindiko lankidetza-proiektuak finantzatzeko erabiliko dira laguntzak, honako xede hauekin:

–Esperientziak trukatzea mugako bi aldeetan.

–Mugaz gaindiko sareak sortzea edo finkatzea.

–Herritarren joan-etorria erraztea mugako bi aldeetan.

–Informazioa eman eta hedatzea Europako eta mugaz gaindiko gaiei buruz.

–Traba juridikoak eta administratiboak atzematea mugaz gaindiko testuinguruan.

Aurkeztutako proiektuek mugaz gaindiko hartu-emanak garatu eta indartu beharko dituzte, besteak beste, arlo hauetan:

–Turismoa.

–Ingurumena.

–Garapen jasangarria.

–Tokiko ekonomia.

–Kultura.

–Gizarte ekintza.

–Gazteria.

–Kirola.

–Eleaniztasuna.

–Memoria historikoa.

–Zahartze aktiboa.

–Mugaz gaindiko interesa duen beste edozein.

Deialdi honen xedetik kanpo gelditzen dira merkataritza edo irabaziak helburu dituzten jarduerak, edo erabilera profesionalekoak, bai eta beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten proiektuak eta jarduerak ere.

2.–Finantzaketa.

Aipatutako laguntzak partida hauen kargura finantzatuko dira, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen dituen 2022rako Gastu Aurrekontutik:

• 20.000 euro, B50002 B5100 4609 144100 partidaren kargura (Toki-erakundeentzako laguntzak, Europako eta mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatzeko).

• 20.000 euro, B50002 B5100 4819 144100 partidaren kargura (Entitate sozialentzako laguntzak, Europako eta mugaz gaindiko lankidetza proiektuak sustatzeko).

Baldin B50002 B5100 4609 144100 eta B50002 B5100 4819 144100 partidetan erreserbatutako kreditua agortzen ez bada eta beste partidan soberakinik badago, diru kopurua handitzen ahalko da kreditua agortu arte, betiere eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa bideratu ondotik.

3.–Entitate onuradunak.

Entitate hauek jaso ditzakete deialdi honen dirulaguntzak:

a) Nafarroako toki-erakundeak.

b) Entitate sozialak, frogatzen dutenak irabazi asmorik gabeko entitatearen legezko aitortza dutela eta egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituztela.

Ezin dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako inguruabarren batean dauden entitateak, edo zigor edo zehapenen bat jaso dutenak sexu edo generoa dela medio diskriminatzailetzat jo diren laneko jardunbideak izan edo baimentzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo epai judizial irmo bidez.

4.–Dirulaguntzak jaso ditzaketen gastuak, aldia eta laguntzaren zenbatekoa.

Itzuli beharrik gabeko laguntzak dira mugaz gaindiko jarduerak egiteko (Pirinio Atlantikoetako lurralde-eremua) deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.

Laguntza honako honetan datza: oinarri honetan zehazten diren gastuen %100 lagunduko da diruz proiektu bakoitzeko, gehienez ere 5.000 euro diruz laguntzen ahal den aurrekontutik (diruz lagungarriak ez diren gastuak kontuan hartu gabe).

Proiektu bati bakarrik emanen zaio dirulaguntza entitate bakoitzeko.

“Errepikatutako” proiektuak ez dira diruz lagunduko, hau da, deialdi berean aurreko urteetan finantzatutako ekintza eta izaera berekoak direnak. Proiektu berritzat joko da lurralde bateko edo bietako lankidetza handitzen badu, edo bere helburuak eta ekintzak aldatzen baditu.

Deialdi honen ondorioetarako, bidaia gastuak diruz lagungarriak izanen dira (ostatua eta mantenua), beharrezkoak badira aurreikusitako mugaz gaindiko jarduerak egiteko, baita proposamenean aurreikusitako jarduerak egiteko behar diren gastuak ere, baldin eta merkatuko prezioen araberakoak badira.

Gastu horiek 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitarte egin beharko dira, biak barne.

1. Bidaia gastuak:

Garraio publikoaren gastuak (hegazkina, trena edo autobusa), auto edo furgoneta bidezko garraio gastuak, ostatu hartzea (hotela) eta mantenua, EBren esparruan lagunduko dira diruz.

–Proposatutako jarduerak egiteko behar-beharrezkoak diren gastuak baino ez dira onartuko.

–Hegazkinez egindako joan-etorriak turista klasean eginen dira, eta gainerako garraiobideetan turista klasean edo horren baliokideetan.

–Turismo edo furgoneta moduko ibilgailua erabiliz gero, 0,32 euroko tarifa ordainduko da kilometroko.

–Hotelean igarotako gau bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa inoiz ez da izanen 150 euro baino altuagoa (BEZa kenduta).

Gastu horiek berariaz zehaztuta egon beharko dute, eta jaulkitako fakturek entitate onuradunen izenean egon beharko dute; ez da onartuko dirulaguntzaren onuradun ez den entitate edo pertsona bati jaulkitako fakturarik.

2. Proiektua egiteko zuzeneko gastuak:

Behar diren gastuak ekitaldiak antolatzeko, azoketara joateko eta azterlanak edo mugaz gaindiko jarduerak egiteko, artikulu honetan ekintza diruz lagungarri gisa zehazten direnak, baldin oinarri hauen 1. apartatuan adierazten diren kategorizazioa eta xedea betetzen badituzte. Berariaz sartzen dira jarduera horiek guztiak ekoizteko gastuak online formatuan.

Proposatutako jarduerekin lotura zuzena duten gastuak baino ez dira onartuko, ez badira erakunde horren ohiko gastuak.

Gastu horiek berariaz zehaztuta egon beharko dute, eta jaulkitako fakturek entitate onuradunen izenean egon beharko dute; ez da onartuko dirulaguntzaren onuradun ez den entitate edo pertsona bati jaulkitako fakturarik.

Ez dira diruz lagungarriak izanen langileei dagozkien gastuak edo erakundearen funtzionamendu arruntaren ondoriozkoak (zeharkako gastuak, hala nola alokairuak, garbiketa, fotokopiak, posta, telefonoa, etab.), ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

Balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa kenduko da, hura jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

Ekintza diruz lagungarriak:

–Kirolaren arloko ekintzak.

–Gazte trukaketak eta hezkuntza arlokoak oro har.

–Mugaz gaindiko esperientziak hedatzeko ekitaldiak.

–Azoka turistikoetan, merkataritzakoetan eta abarretan parte hartzea.

–Mugaz gaindiko trabak atzemateko azterlanak/txostenak.

–Mugaz gaindiko izaera duten jarduera guztiak, oinarri hauen 1. artikuluan adierazten diren kategorizazioa eta xedea betetzen badituzte.

5.–Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

5.1.a) Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.1.b) Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/subvenciones-a-entidades-locales-y-sociales-para-el-impulso-de-actividades-de-cooperacion-transfronteriza-2022 (hemendik aurrera, laguntza fitxa). Fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezteko, aurkezleak ziurtagiri digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskaerari eransten zaizkion fitxategiak, 20 Mb-koak gehienez ere, formatu hauetako batekoak izanen dira: CSV, DOC/DOCX, JPG/JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF/TIF, TXT, XLS/XSLX, ZIP.

Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatu ez bezalakoa bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko gero aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

5.1.c) Eskaerak egiteko lehenengo eranskinean dagoen eskabide inprimaki berariazkoa erabiliko da; laguntza fitxan ere eskuragarri dago. Inprimaki hori behar bezala beteta eta sinatuta egon beharko da. Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko.

5,1.d) Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerari (laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakiaren araberakoa betiere) erantsi behar zaion dokumentazioa agiri bereizietan eskaneatua aurkeztu behar da, eta behar bezala identifikatua. Hauxe da:

5.2.a) Entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

–Entitate eskatzailearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, azalduz ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan onuradun izateko ezarritako debekurik, ezta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakorik ere.

–Entitate eskatzailearen aitorpena, beste entitate batzuek edo partikularrek ekintza bererako emandako edo haiei eskatutako dirulaguntzen zenbatekoei buruzkoa; horrelakorik eskatu ez badu, horren berri eman beharko du.

–“Transferentzia bidez kobratzeko eskaera” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik lortu ez bada.

–Entitate sozialen kasuan:

  • Elkartearen edo entitatearen estatutuak.
  • Dirulaguntzak emateko prozeduretan Administrazio Publikoaren aurrean jarduteko, enpresa eskatzailearen izenean eta hura ordezkatuz diharduen pertsona fisikoaren ahalorde aski eta iraunkorraren eskritura, salbu eta ordezkatzeko ahalmena estatutuetan ageri bada.

Apartatu honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak dirulaguntza eskatzeko berariazko inprimakian sartuta daude.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, entitate onuradunak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori.

Ulertuko da entitate onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako inprimaki berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

5.2.b) Ekintzei buruzko dokumentazioa (ezarritako ereduekin bat etorriz, Interneten, Nafarroako Gobernuaren Atariaren zerbitzuen katalogoko kasuan kasuko fitxan eskuragarri daudenak):

–Proiektuaren azalpen memoria (2. eranskina), gai hauek jasoko dituena, besteak beste:

a) Parte hartu duten entitateen eta proiektuaren datuak.

b) Proiektuaren berariazko helburuak.

c) Frantziako Pirinio Atlantikoetako entitatearekiko lankidetzaren deskribapena.

d) Jardueren programa orientagarria, jardueren deskribapena eta egiteko egutegia.

e) Proiektuaren publizitate, hedapen eta iraunkortasun jarduerak.

–Gastuen aurrekontu xehakatua eta diru-sarreren aurreikuspena (3. eranskina).

–Proiektuan lankidetzan aritzeko konpromisoaren gutuna, Pirinio Atlantikoetako entitateak sinatua. Gutun horretan proiektuaren eta entitatearen identifikazio datuak jasoko dira, izaera eta jarduera, baita lankidetzaren edukiari eta interesari buruzko erreferentzia labur bat ere.

Dokumentazioa euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da. Artxibo digital horietan erantsitako elementu guztiek unitate kudeatzaileak dauzkan programa informatiko batekin edo batzuekin bateragarriak izan beharko dute: Libre Office 5.1., Microsoft Office 2003, Adobe Acrobat Reader DC 2015 eta Windows Media erreproduzigailua.

Eskabidea aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietan zehazten diren baldintzen onarpen formala eta berariazkoa. Laguntza kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2. artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, deialdi honen 5. apartatuan eskatzen diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte.

Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste edozein jarduketari dagokionez, lege hauetan ezarririkoa beteko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa; gaiari buruz gainerako legerian xedaturikoa ere bete beharko da.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6.–Ebaluazioa eta ebazpena.

6.1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat. Prozedura hau, funtsean, honakoan datza: aurkezturiko eskaeren konparaketa egitea, proiektuak baloratzea haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko, eta balorazio onena lortu dutenei dirulaguntzak esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

6.2. Prozeduraren organo kudeatzailea Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzua izanen da. Organo horrek eginen ditu prozedura sustatzeko eta espedientea tramitatzeko beharrezko jardunak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako legaltasunaren, publikotasunaren, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioen arabera.

6.3. Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuak ebaluatuko ditu aurkeztu diren proiektuak, deialdi honen 7. oinarrian zehazten diren irizpideen arabera.

Ebaluazioaren arabera, organo kudeatzaileak Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari helaraziko dio ebazpen proposamen bat. Proposamen horrek dirulaguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda jasoko du, esleituriko zenbatekoarekin.

Eskaerak betetzen ez baditu finkatutako baldintzak, edo osorik ez badago, kudeaketa egiten duen organoak entitate interesdunari errekerituko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, errekerimendua egiten zaionetik zenbatzen hasita, eta adieraziko dio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Egiaztatuta eskaera osorik eta zuzen bete dela eta 1. oinarrian adierazitako jarduketa bati dagokiola, espedientea ezarritakoaren baremoaren arabera baloratuko da.

6.4. Badago kreditu erabilgarri bat entitate onuradun bakoitzarentzat (hau da, toki-erakundeentzat eta entitate sozialentzat). Entitate onuradun mota bakoitzarentzat gordetako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste proiektuari zuzendutako zenbatekoari gehi dakioke, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.

7.–Proiektuen balorazioa.

7.1. Gehienez ere 100 puntu emanen dira proposamenak baloratzeko. Honako hauek dira balorazio irizpideak, ondotik zehazten den puntuazioarekin:

IRIZPIDEA

AZPI-IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1.–Aurkeztutako jardueren programaren kalitatea (50 puntu gehienez)

1.1.–Proiektua deialdiaren xedearekin bat etortzea

10,0

1.2.–Proiektuaren beraren eta haren jardueren berrikuntza edo berritasuna

10,0

1.3.–Aurreikusitako jardueren egokitasuna proiektuko helburuak lortzeko

20,0

1.4.–Proiektuaren hedapen eta publizitate neurriak

5,0

1.5.–Proiektuaren iraunkortasun neurriak

5,0

2.–Mugaz gaindiko dimentsioa. Lankidetzaren intentsitatea (25 puntu gehienez)

2.1.–Mugaz gaindiko lankidetzaren balioa identifikatutako helburuak lortzeko (15 puntu gehienez)

2.1.1.–Mugaz gaindiko lankidetzaren premia proiektua gauzatzeko

7,5

2.1.2.–Lankidetzaren eragina kuantitatiboki eta kualitatiboki

7,5

2.2.–Lankidetzan parte hartzen dutenak (10 puntu gehienez)

2.2.1.–Parte hartzaileen ibilbidea mugaz gaindiko lankidetzan

5,0

2.2.2.–Kideen gaitasuna proposatutako jardueretan

5,0

3.–Proiektuaren jasangarritasun soziala (5 puntu gehienez)

3.1.–Generoaren ikuspegia txertatzea proiektuaren diseinuan, gauzapenean eta ebaluazioan

2,0

3.2.–Baztertzeko arriskuan dauden eta/edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen irisgarritasuna sustatzeko neurriak txertatzea

2,0

3.3.–Prestakuntza jarduketak/euskararen presentzia

1,0

4.–Proiektuaren aurrekontua (20 puntu gehienez)

Aurrekontuaren egokitasuna eta koherentzia jarduerak egiteko eta aurreikusitako emaitzak lortzeko

20,0

Ebaluazioaren ondoren guztira 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

8.–Laguntza emateko ebazpena.

8.1. Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du deialdi honen xedeko dirulaguntzak eman eta adjudikatzeko, diruz lagunduko den eskaera-kopurua adieraziz eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuz; halaber, prozedurak iraun artean gertatu diren gorabehera guztiak ebatziko ditu.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka edo berariazko edo ustezko ukoen aurka, administrazio publiko ez diren entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, administrazio publikoek deialdi honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean (29/1998 Legea, uztailaren 13koa, arautzen duena Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).

8.2. Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiaren ebazpen hau entitate interesdunei jakinaraziko zaie, deialdi honetara eskabideak aurkezteko azken egunetik hasi eta gehienez hiru hilabeteko epean. Epe hori ebazpena berariaz jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute entitate eskatzaileek.

8.3. Entitate onuradunen batek uko egiten badio emandako laguntzari, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak beste ebazpen bat eman dezake deialdian aurrekontuko diru erabilgarririk ez izateagatik laguntzarik gabe gelditu den hurrengo eskatzailearen alde. Kasu horretan, eta ez badago eskatzailerik entitate onuradun mota batean (toki-erakundeak edo entitate sozialak), gelditzen den diru-kopurua erabil daiteke bestearen zenbatekoa handitzeko, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa bideratu ondotik.

9.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

9.1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, entitate onuradunak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori.

Ulertuko da entitate onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako inprimaki berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

9.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, zerbitzuen katalogoaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat datorrena, hori guztia maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa, betez (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa). Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

9.3. Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari jakinaraztea, 10 egun balioduneko epean, dirulaguntzak emateko ebazpena jasotzen denetik aurrera, dirulaguntzaren xedeko ekintzaren baterako dirulaguntzari uko egiten zaiola, proiektua ez bada eginen edo ezin badira deialdian ezarritako epeak bete.

9.4. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

9.5. Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen diren ekintzen helburuak.

9.6. Dirulaguntzaren xedeko gastuak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan.

Egindako jarduketen justifikazioa 2022ko azaroaren 18a baino beranduago aurkeztuz gero, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

9.7. Dirulaguntzaren xede diren jarduketen gaineko informazio eta publizitate guztietan Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela adierazi beharko da. Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo dirua itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Nafarroako Gobernuko Atarian kontsultatu daitezke logotipoa jartzeko jarraibideak (https://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/), edo Argitalpen Atalaren bidez.

9.8. Jasotako funtsak justifikatzen dituzten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren artean.

9.9. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikatzeko modua.

10.1. Dirulaguntza bukaeran ordainduko da; hau da, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea amaitzean. Eskatzaileek, 2022ko azaroaren 18ra arte (egun hori barne), honako hauek aurkeztu beharko dituzte: memoria ekonomikoa, finantzatutako proiektuaren gauzatze-memoria, behin betiko gastuen taula, BEZaren ziurtagiria eta egindako ekintzak justifikatzeko dokumentu-oinarria, deialdi honen 10.2 oinarrian deskribatutako baldintzetan, behin onetsita eta egiaztatuta aurkeztutako dokumentazioa bat datorrela gauzatu denarekin.

Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifika daitekeen gastutzat joko da justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen ordaindu dena (hau da, 2022ko azaroaren 18ra arte), baldin eta gastua proiektua gauzatzeko epearen barnean badago (hau da, 2022ko urriaren 31ra arte).

Ordainduriko laguntzaren zenbatekoa eginiko eta onarturiko gastu osoaren %100 izanen da.

10.2. Justifikatzeko modua.

Justifikazio hori modu telematikoan aurkeztuko da nahitaez, laguntza horren fitxan zehazten den bezala, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoan (https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/subvenciones-a-entidades-locales-y-sociales-para-el-impulso-de-actividades-de-cooperacion-transfronteriza-2022), bat etorriz hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin.

10.2 a) Diruz lagundutako jarduerak eginik, entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2022ko azaroaren 18an beranduenez:

–Diruz lagundu den proiektuaren gauzatze memoria xehakatua, barne hartuko duena aurreikusitako helburuen betetzearen balorazioa, ezarritako ereduarekin bat datorrena. Eredu hori eskuragarri dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan laguntzaren fitxan. Memoria horrekin batera dokumentu-oinarri bat aurkeztuko da, honako hauek bilduko dituena: sortutako emaitzak, argazkiak, bideoak/laburpena, ekitaldietan parte hartu izana frogatzen duten zerrendak, eta proiektuko ekintzak egin direla frogatzen duen beste edozer (4. eranskina).

–Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak, halakorik balego (norberaren diru-sarrerak nahiz erakunde publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak.

–Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Laguntzen onuradunek taula bat osatu beharko dute, eta bertan gastuen zerrenda bildu beharko dute, deialdi honen laugarren oinarrian adierazitako tipologiaren arabera, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoaren laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat etorriz (5. eranskina).

–BEZa aitortzeko betebeharra izatearen edo betebehar horretatik salbuetsita egotearen ziurtagiria.

10.2.b) Taula horretan hauek zehaztuko dira gastu bakoitzerako: zein kontzepturi dagokion; hartzekoduna; zenbatekoa guztira (BEZarekin eta BEZik gabe); proiektuari egozten zaion portzentajea; proiektuari esleituriko portzentajea eta ordainketa data. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren.

10.2.c) Gastu horiek justifikatzeko taula paperean eta euskarri informatikoan (Excel-5. eranskina) bidaliko da, eta horrekin batera karpeta bat aurkeztuko da fakturen fotokopiekin edo gastuak frogatzeko baliokideak diren bestelako dokumentuekin.

10.2.d) Fakturen eta gastuen gainontzeko frogagirien fotokopiak modu korrelatiboan zenbakitu beharko dira (1, 2, 3... dok.), eta gastuen justifikaziorako taulan agertzen diren ordena berdinean aurkeztu beharko dira. Fakturaren fotokopiarekin edo gastua frogatzen duen dokumentu bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

11.–Dirulaguntzaren itzulketa.

Dirulaguntza ordaindu baino lehen, egiaztatutako da ezarritako epeetan aurkeztutako justifikazio agiriak bat datozela diruz lagundutako ekintzekin, dokumentazioa zuzena dela alde guztietatik eta dirulaguntzaren xedea bete dela.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

12.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honen xedeko dirulaguntzak ez dira bateragarriak helburu berarekin jarduera berak garatzeko ematen diren beste dirulaguntza batzuekin, administrazio honek edo eskualdeko, tokiko, nazioko edo Europako beste administrazio publiko batzuek edo entitate publiko zein pribatuek eman.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

14.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Iragarkiaren kodea: F2202281