45. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Udal ordenantza, Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2021eko abenduaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Vianako Udalaren Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.

Hasiera batez onesteko erabakia 2022ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 4an, eta jendaurreko epean inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Vianan, 2022ko otsailaren 18an.–Alkate udalburua, M.ª Blanca Yolanda González García.

VIANAKO UDALAREN ORDENANTZA FISKALA, ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Izaera.

Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga zeharkako tributua da eta haren zerga-egitatea da udal-mugartean zernahi eraikuntza, instalazio edo obra egitea, baldin hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra-lizentzia bat, lizentzia hori erdietsia izanik ala izan gabe, edo erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiko komunikazioaren aurkezpena eskatzen bada, baldin zerga ezartzen duen udalari badagokio lizentzia ematea, lizentzia emateari buruzko txostena (Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 39. artikuluan xedatua) edo kontrola; hori guztia, ezartzen den bezala Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko V. kapituluko 167-171 bitarteko artikuluetan.

2. artikulua. Zerga-egitatea.

Zerga honen zerga-egitatea da udal mugapean zernahi eraikuntza, instalazio edo obra egitea, baldin hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra-lizentzia bat, lizentzia hori erdietsia izanik ala izan gabe, edo erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren aurkezpena eskatzen bada, baldin zerga ezartzen duen udalari badagokio lizentzia ematea, lizentzia emateari buruzko txostena (Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 39. artikulua) edo kontrola.

3. artikulua. Salbuespenak

Zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

–Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea, baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak, edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin, zergapekoak direlarik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatu, dela eraikuntza berriko lana, dela kontserbatzekoa.

–Halaber, eraikuntza, instalazioa edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta etxebizitzen jabeak badira Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin eta, irabazi asmorik gabeko entitateei lagata egonik, arazo ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta bere helburuak betetzeko sortu dituen entitate juridikoak salbuetsita egonen dira ordaintzetik lurraren kontribuzioa, obra-lizentzien tasak eta Nafarroako toki-erakundeek haien jarduera, eraikuntza, instalazio edo obrengatik ordainarazten dituzten zergak, horiek erabilera edo zerbitzu publiko bati lotuta badaude.

–Foru lege bidez ezarritako beste guztiak.

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

Zerga honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisiko eta juridikoak eta Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, baldin eraikuntza, instalazio edo obraren jabe badira, hura egiten den higiezinaren jabe izan ala ez.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, eraikuntza, instalazio edo obraren jabetzat hartuko da hura egitearen gastuak edo kostua ordaintzen dituena.

Eraikuntza, instalazioa edo obra ez badu egiten subjektu pasibo zergadunak, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat joko dira kasuko lizentziak eskatzen dituztenak, kasuko erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkezten dituztenak, edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak.

Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.

5. artikulua. Zerga-oinarria.

Zerga-oinarria da eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa, eta holakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, haren exekuzio materialari dagokiona, proiektuan diren elementu guztiak barnean hartuta, eta lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren helburu den eraikuntzari, instalazioari edo obrari dagokionez berezitasun edo nortasun propiorik ez badute. Ondokoak ez dira zerga-oinarriaren zati izanen: balio erantsiaren gaineko zerga; araubide berezietako gisa bereko gainerako zergak; eraikuntzari, instalazioari edo obrari lotutako tokiko izaera publikoko gainerako ondare-prestazioak, prezio publikoak eta tasak; profesionalen ordainsariak; kontratistaren enpresa-mozkinak; eta aipatu exekuzio materialaren kostuaz bestelako edozein kontzeptu.

6. artikulua. Tributu-kuota eta karga-tasa.

Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikaturik ateratzen dena.

Karga-tasa izanen da 1. eranskinean ageri dena.

7. artikulua. Aukerako hobariak.

Eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak dituzten eraikuntzak, instalazioak edo obrak.

Ehuneko 95era bitarteko hobaria izanen dute likidatutako zergaren kuotan, adierazitako errenta-tarteen arabera, eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak txertatzeko obrek. Hobari hori aplikatuko zaio sistemak instalatu diren eta familia-unitatearen ohiko bizilekua den hiri-unitateari soilik.

Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

Hobari horren aplikaziorako, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.

Errenta tarteak eta hobariaren ehunekoa.

ERRENTA TARTEA

HOBARIA (%)

Per capita errenta < 10.000 euro

%95

Per capita errenta 10.000,01 - 15.000 euro

%60

Per capita errenta 15.000.00 eurotik gora eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 4tik behera, edo horren parekoa

%30

Errenta-tarteen araberako aurreko hobarien ehunekoak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira familiaren diru-sarrera gordinak (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta familia-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruarekin zatituko da.

Hobari hori, erregutua baita, ondasun higiezin bakar batean soilik aplikatuko du onura fiskal horren titularrak, eta eskatzen den ekitaldi beretik aplikatuko da, betiere obrak bukatu badira eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren behin betiko likidazioa egin bada.

Eskatzaileak dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:

a) Eskabide sinatua, adierazten duena eskatzen ari den hobariaren xedeko hiri-unitatean instalatu direla eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak, eta hura familia-unitatearen ohiko bizilekua dela.

b) Administrazio eskudunaren homologazioa, beroa sortzeko instalazioetako kolektoreei dagokiena.

c) Instalazioaren fakturak eta ordainketaren egiaztagiriak.

d) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

Subjektu pasiboa ez da beharturik egonen agiriak aurkeztera, baldin udalari lehendik eman badizkio beste izapide batzuetan. Kasu horretan, inguruabar hori eskabidean jaso beharko da, eta zer prozeduratan aurkeztu ziren adierazi.

Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.

Hobari hau izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.

8. artikulua. Sortzapena.

Zerga hau, eraikuntza, instalazioa edo obra hasten delarik sortzen da, hartarako lizentziarik lortu ez bada ere.

9. artikulua. Zergaren kudeaketa.

Aginduzko lizentzia ematen denean, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, edo, eraikuntza, instalazioa edo obra hasi bada, lizentzia eskatu, eman edo ukatu edota erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu baino lehen, konturako behin-behineko likidazio bat eginen da, eta honela zehaztuko da zerga-oinarria:

a) Interesdunek aurkeztutako aurrekontua aintzat hartuta, betiere dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia, hori aginduzko betebeharra denean.

b) Aurrekonturik ez dagoen kasuetan eta ordenantza fiskalak hala jasotzen duenean, horretarako ezartzen dituen indize edo moduluen arabera.

Ikusirik egiazki egin diren eraikuntzak, instalazioak eta obrak, baita horien benetako kostua ere, Udalak, dagokion administrazio egiaztapenaren bidez, aurreko apartatuan aipatutako zerga-oinarria aldatuko du, hala badagokio, dagokion behin betiko likidazioa eginez, eta subjektu pasiboari eskatuz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliz.

Udalak autolikidazio bidez eskatzen ahalko du zerga hau.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

KARGA-TASA

Karga hau ezartzen da 2022tik aurrera: %4.

Iragarkiaren kodea: L2202590