43. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

28/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 11koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, familia gurasobakarrei kontziliazioa errazteko laguntza ekonomikoen deialdi onetsi eta horretarako gastua baimentzen duena eta, horrekin batera, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 11ko 159/2020 Foru Agindua aldatzen duena, zeinaren bidez 2020tik 2023ra bitarte familia gurasobakarretan kontziliazioa errazteko laguntza ekonomiko batzuk emateko oinarri arautzaileak onetsi baitziren, besteak beste. DDBN identifikazioa: 610296.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 12ko 159/2020 Foru Aginduaren bidez, 2020tik 2023ra bitarte familia gurasobakarrei kontziliazioa errazteko laguntza ekonomiko batzuk emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren besteak beste.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, besteak beste, honako eginkizun eta helburu hauek ditu: Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko II. Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea, bai eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea, eta horien jarraipena egitea ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Gobernuaren 2020ko apirilaren 1eko erabaki baten bidez baimendu zen laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez ematea; hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-dirua agortzen denean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Aldatzea Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 12ko 159/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez 2020tik 2023ra bitarte familia gurasobakarrei kontziliazioa errazteko laguntza ekonomiko batzuk emateko oinarri arautzaileak onetsi baitziren. Horrenbestez, 3. eranskineko bigarren oinarriko 2. atala kentzen da, familia gurasobakarrentzako laguntzei buruzkoa.

2. Familia gurasobakarrei kontziliazioa errazteko laguntza ekonomikoak emateko 2022. urteko deialdia onestea, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 12ko 159/2020 Foru Aginduak onetsitako oinarri arautzaileen arabera.

3. 300.000 euroko gastua baimentzen da 2022ko gastu-aurrekontuko “Kontziliaziorako laguntzak” izeneko 920006 93300 4809 231507 partidaren kargura.

4. Dirulaguntza bakoitzari dagozkion zenbatekoak ezartzea. Honako hauek izanen dira 2022. urterako:

a) 800 euro, familia-unitatearen per capita errenta urteko OAEAP halako 1,5 adinakoa edo hortik beherakoa denean: 12.159,42 euro.

b) 500 euro, familia-unitatearen per capita errenta urteko OAEAP halako 1,5etik gorakoa denean (12.159,42 euro) eta urteko OAEAP halako 2tik beherakoa (16.212,56 euro).

5. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, 150.000 euro gehituz, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeraren bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitara dadila agintzea.

7. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentroari, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 11n.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2202276