43. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

33E/2022 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan ureztapenetarako ez diren inbertsioak egiteko laguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 603412.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 247E/2021 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan ureztapenetarako ez diren inbertsioak egiteko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren. Deialdi hori 2022ko 25. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 3koan.

Laguntza eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi zen, eta 2022ko apirilaren 1ean bukatuko da. Egiztatu da eskaerak aurkezteko epea murriztu egin dela ebazpenaren sinadura eta arauen argitalpena atzeratu direlako, eta, horrenbestez, aurtengo epea aurreko deialdietakoak baino laburragoa dela. Hortaz, bidezkoa da epea 2022ko apirilaren 13ra arte luzatzea, laguntza eskatzaileei kalterik ez eragiteko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Ebazpen zatiko 5. puntua aldatzea (Eskaerak aurkezteko epea). Honela geldituko da idatzita:

“Deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2022ko apirilaren 13an bukatuko”.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko otsailaren 15ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

Iragarkiaren kodea: F2202473