40. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

9E/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 26koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, 2022ko dirulaguntzen deialdia onesten duena museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan zabalkunde jarduerak eta jarduketak egiteko. DDBN identifikazioa: 607935.

1985az geroztik, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultura sektore horretako araudiaren eta dirulaguntzei buruzko legediaren aldaketen menpe egon dira. Bestetik, diruz lagundutako arloak instalazio horien funtzionamendua edo jarduerak izan dira, aldian aldikoak. Hori guztia interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.

Museoen Zerbitzuak aurkeztutako txostenean proposatu du 2022ko dirulaguntzen deialdia onestea Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorretan zabalkunde jarduerak eta jarduketak egiteko, horretarako 30.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdia onestea museoen eta bilduma museografiko iraunkorretan zabalkunde jarduerak eta jarduketak egiteko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzea, partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2300-4816-333100: Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak. Funtzionamendu eta jarduera gastuak

2022

30.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 26an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

DIRULAGUNTZEN DEIALDI PUBLIKOA, NAFARROAKO MUSEOEN ETA BILDUMA MUSEOGRAFIKO IRAUNKORREN ZABALKUNDE JARDUERAK ETA JARDUKETAK EGITEKO 2022. URTEAN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea 2022. urtean zabalkunde jarduerak eta jarduketak egiteko Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografikoen Erregistroan inskribaturik dauden museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan.

2.–Aurrekontua.

Deialdi honetara 30.000 euro bideratuko dira, 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak. Funtzionamendu eta jarduera gastuak” izeneko A20003-A2300-4816-333100 partidaren kargura.

3.–Laguntzen helburua.

Dirulaguntza hauen helburua honako arlo hauek hobetzeko jarduerak egitea da:

–Aldi baterako erakusketak egitea.

–Bitartekaritza eta zabalkunde lanak egitea.

–Bilduma iraunkorraren erakusketan hobekuntzak egitea.

–Erakusketa iraunkorraren diskurtso narratiboa eguneratzea.

–Erakundearen zabalkundea hobetzea arlo guztietan.

–Eginkizun kulturala, hezitzailea eta ludikoa sustatzea.

Gainera, entitate eskatzaileek bestelako proiektuak aurkezten ahalko dituzte, bat baldin badatoz beren eginkizun eta helburuekin.

4.–Gastu diruz lagungarria.

Gastu diruz lagungarritzat ulertuko da deialdi honetan araututako datetan egiten dena, baldin 3. puntuan adierazitako laguntzen helburua betetzeko bada inolako zalantzarik gabe. Museoen Atalaren beste bi deialdietan (museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako eta haietan inbertsioak egiteko dirulaguntzen deialdiak) sartzen ahal diren gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

5.–Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.

Proiektuek lortzen duten puntuazioaren arabera emanen dira dirulaguntzak, 12. puntuan jasotako balorazio irizpideak aplikatuz. Honela eginen da:

–Puntuazioaren ordenaren arabera, onartutako aurrekontuaren %70 emanen zaie onartzen diren proiektuei, gehienez ere 10.000 euro proiektuko, partidaren zuzkidura bukatu arte.

–Onartutako aurrekontuaren zenbatekoa kalkulatzeko, deialdian ezarritako gastu diruz ez lagungarriak kenduko zaizkio aurkeztutako proiektuari.

–Balorazio apalena duen proiektuari gerakina ematen ahalko zaio. Baldin eta 12.b) puntuko balorazioaren erdia lortzen badu (proiektuaren kalitatea).

6.–Proiektuak aurkeztea eta gauzatzea.

Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bat edo gehiago aurkezten ahalko ditu deialdi honetan, baina proiektu bakar bati emanen zaio dirulaguntza, hain zuzen, 12. puntuko irizpideak eta baremoa aplikatuta puntuazio handiena lortzen duenari. Proiektuen hurrenkerari jarraituko zaio. Entitate onuradun batek aurkeztutako beste proiektu bati dirulaguntza emanen zaio bakar-bakarrik behar adina diru badago aurrekontuetan behin dirulaguntzak emateko lehen fasea bukatuta, eta deialdiaren 12.b) puntuan (proiektuaren kalitatea) balorazioaren erdia (22,5 puntu) gainditu badu.

Bi museok edo bilduma museografiko iraunkorrek edo gehiagok jardueraren bat elkarrekin egiten badute, eskaera bakarra aurkeztuko da, eta, kasu horretan, guztien titularrek bete beharko dituzte 7. puntuan adierazten diren betebeharrak. Nolanahi ere, pertsona bat izendatu beharko da batasunaren ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin, entitate onuradun gisa batasunari dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalmenen jabe. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte. Eskabidean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak adierazi beharko dira, baita haietako bakoitzagatik aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere.

Entitate onuradunak erabaki dezake, proiektua gauzatzeko, hitzarmena egitea edo elkarlanean aritzea museo gisa edo bilduma museografiko iraunkor gisa aitorturik ez dauden erakunde edo kolektiboekin. Entitate eskatzaileak dirulaguntzaren xedeko proiektuaren edo jardueraren gastu eta diru-sarrera guztiak aurkeztuko ditu, entitate kolaboratzaile bakoitzak bere gain hartzen duen zatia adierazita. Dirulaguntza, nolanahi ere, erregistroan onartutako museoari edo bilduma museografiko iraunkorrari dagokion zatiarentzat izanen da bakarrik.

Proiektuek baliozkoturik egon beharko dute, eta horretarako proiektuen ardura profesionala hartzen duen pertsona edo enpresa batek izenpetu beharko ditu. Aurrekontu orokor bateratua erantsi beharko da, kontzeptuak xehakaturik. Kronograma bat ere eransten ahalko zaie, adierazteko nork hartuko duen eginkizun bakoitzaren ardura proiektuaren fase bakoitzean; plantillako langileek eginen badute lanaren zati bat edo lan osoa, adierazi beharko da lanaldiaren zer ehuneko emanen duten proiektu horretan lanean.

Proiektuak aurkezteko arauak 6. eranskinean zehazten dira.

Diruz lagunduko diren proiektuak gauzatzeko fasean edo bukatuak egon daitezke, baina, betiere, 2022. urtean egin eta bukatu beharko dira.

7.–Entitate onuradunak.

Dirulaguntza hauek eska ditzakete deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribatuta dauden museo eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek.

Kanpoan gelditzen dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako museoak.

–Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretan jarduerak egiteko partida izendunak dituzten museoak eta bilduma museografikoak.

8.–Betebeharrak.

Entitate eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak betetzea.

b) Egunean izatea tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

c) Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

9.–Dokumentazioa.

Entitate eskatzaileek eskabidea (1. eranskina) aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatuta, agiri hauekin batera:

–Entitate eskatzailearen IFZ (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

–Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio soilik).

–Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuraduna izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

–Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jardueraren memoria eta kontuak (gastuak eta diru-sarrerak), 2021. urteari dagozkionak.

Memoriak ondoko atal hauek jasoko ditu:

–Erakundearen jarduera: Genero ikuspegia (hizkera inklusiboa, autodiagnostikoa eta bilduma iraunkorraren berrikuspena ikuspegi horrekin); digitalizazioa (webgunea, online jarduera eta argitalpenak (erabiltzaileak), bisita birtualak, bildumako piezak ikusteko sarrera birtuala (Sketchfab, QR kodeak, sare sozialak eta podcastak); lurraldearekin eta komunitatearekin lotzeko proiektuak (Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak, beste toki erakunde batzuekiko lankidetza, lurraldetik kanpoko instituzioekiko lankidetza, obren mailegua); Museoen Nazioarteko Egunean parte hartzea; bildumaren balioa nabarmentzea (aldi baterako erakusketak, mintegiak eta hitzaldiak, kontzertuak eta proiekzioak, argitalpenak); aldi baterako erakusketak; bisita gidatuak; tailerrak; audiogidak; material didaktikoa.

–Hala zuzendaritza-taldea nola kudeaketa-talde artistikoa osatzen dutenen sexuaren araberako banaketa.

–Jendearentzako ordutegiak: hilabetean osotara zenbat ordu irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.

–2021. urtean denera izandako bisitarien kopurua, publikoaren datuak biltzeko Museoen Atalaren eskuliburuan gomendatzen denaren arabera.

–Proiektuaren memoria xehatua (6. eranskina). Proiektuan jasota baldin badago, honako alderdi hauek adieraziko dira:

–Ohikoa ez den bisitarien parte-hartzea.

–Proiektuak edo jarduerak beste museo edo giza talde batzuekin edo kultura, hezkuntza, turismo edo gizarte arloko beste erakunde batzuekin dituen lotura bideak.

–Proiektuak edo jarduerak eskaintzen dituen berritasunak, museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren ibilbidearekin alderatuta.

–Genero-ikuspegia.

–Lurraldearekiko lotura.

–Irisgarritasun unibertsaleko neurriak.

–Jardueran erabiltzen dituen hizkuntzak.

–2022. urterako jardueren plana, adierazita zenbat orduz irekiko den, hilabetez hilabete, eta dohainik zein astegunetan irekitzen den.

–2022rako gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (3. eranskina). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten partida ekonomikoen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

–Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak jardueretarako dituen beste laguntza edo dirulaguntza batzuen gaineko adierazpen berariazkoa. Laguntza eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.

Bi erakundek edo gehiagok aurkeztutako lankidetza proiektuen kasuan, proiektuaren aurrekontu osoa zehaztuko da, bai eta erakunde bakoitzarena ere.

10.–Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da (larunbat eta jaiegunak barne), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Entitate eskatzaileek telematika bidez aurkeztuko dute eskaera Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuko Atariaren zerbitzuen katalogoan agertzen den tramiteen katalogoaren bitartez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

11.–Tramitazio faseak.

11.1. Zuzenketa eta aldez aurretiko ebaluazioa.

Museoen Atalak tramitatuko ditu eskaerak. Kultura eta Kirol Departamentuko Museoen Ataleko teknikariek eginen dute aurkezten diren eskaeren aurretiko ebaluazio teknikoa.

Dirulaguntza eskaera osorik ez badago edo akatsen bat baldin badu, Museoen Atalak errekerimendua eginen dio eskatzaileari zuzendu dezan, eta horretarako zazpi egun naturaleko epea emanen dio (larunbatak eta jaiegunak barne), akatsak zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Entitate eskatzaileak dokumentazioa epearen barrenean aurkezten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da eta bere espedientea artxibatuko da.

Jakinarazpena posta elektronikoaren bidez eginen da, eskabidean (1. eranskina) adierazten den helbide elektronikora.

11.2. Balorazioa.

Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, kide hauekin:

Batzordeburua:

–Celia Martín Larumbe andrea, Museoen Ataleko burua. Ordezkoa: Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko burua.

Batzordekide idazkaria:

–Pilar del Valle de Lersundi andrea, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Iñaki Urricelqui Pacho jauna, Karlismoaren Museoko museoetako goi mailako teknikaria.

Kideak:

–Iñaki Diéguez Uribeondo jauna, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa, Marta Arriola Rodríguez andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko museoetako goi mailako teknikaria.

–Susana García Romanos andrea, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea. Ordezkoa: Francisco Chocarro San Martín jauna, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea.

Batzordeak 12. puntuan ezarritako irizpideen arabera baloratuko ditu eskaerak, hamabost egun naturaleko epean gehienez, eskatutako azkeneko dokumentazioa jasotzen den egunetik hasita. Batzordearen irizpena loteslea izanen da. Museoen Atalak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari.

12.–Balorazio irizpideak.

Onartzen diren zabalkunde jarduera eta jarduketak egiteko gastuetarako eskaerak 100 punturekin baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (gehienez 25 puntu), honela: museoa, 10 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu; titulartasun publikoa, 10 puntu; titulartasun pribatua, 5 puntu; Nafarroako Museoen Sistemako museoa edo bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea eta nola egokitzen zaien museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren ezaugarriei, horien helburuei eta jarduketa-ildoei (gehienez 45 puntu).

–Proiektua edo jarduera (6. eranskina), gehienez 25 puntu: Helburuak: jarduera/proiektuak bilduma iraunkorrarekin eta instituzioaren misioarekin duen harremana; Metodologia; proiektua gauzatzeko kronograma; proiektuko partaideen ibilbide profesionala/CVa; aukeratutako profil profesionalen egokitasuna eta aurrekontu zehaztu eta xehatua.

–Proiektuak lurraldean izanen duen eragin sozioekonomikoa (biztanleriaren/tokiko enpresen enpleguari egiten zaion ekarpena): gehienez 4 puntu.

–Euskararen erabilera: gehienez 4,5 puntu.

–Gaztelania eta euskara ez diren hizkuntzak erabiltzea: gehienez 3 puntu.

–Proiektu edo jardueraren ikuspegi inklusiboa (irisgarritasun unibertsala), gehienez 4 puntu.

–Genero ikuspegia (hizkera inklusiboa bai proiektuan bai aparatu kritikoan), gehienez 4,5 puntu.

c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak 2021. urtean kultura arloan egindako bidea (gehienez 15 puntu), honen arabera:

–Erakundearen jarduera: gehienez 9 puntu. Alderdi hauek baloratuko dira: Genero ikuspegia (hizkera inklusiboa, bilduma iraunkorrari eta aldi baterako erakusketei aplikatutako genero ikuspegiaren metodologia); digitalizazioa (eguneratutako webgunea, online jarduera eta argitalpenak (erabiltzaileak), museorako bisita eta sarrera birtualak, sare sozialak); ekipamendua txertatua dagoen lurraldearekin eta komunitatearekin lotzeko proiektuak (beste toki erakunde batzuekiko lankidetza, lurraldetik kanpoko instituzioekiko lankidetza, obren mailegua); Museoen Nazioarteko Egunean parte hartzea; bilduma iraunkorraren balioa nabarmentzeko jarduerak; Museoen Zerbitzuak programatutako jardueretan parte hartzea; Museoen Zerbitzuak antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea; aldi baterako erakusketak; bisita gidatuak, tailerrak, audiogidak, material didaktikoa.

–Jendearentzako ordutegia: gehienez 3 puntu. Kontuan hartuko da hilabetean osotara zenbat orduz irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.

–Bisitari kopurua: gehienez 3 puntu, Museoen Atalaren Bisitarien Datuak Biltzeko Eskuliburuan agertzen diren gomendioen arabera.

d) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde garapenean egiten duen ekarpena (gehienez 15 puntu), honen arabera:

–5.000 biztanletik beherako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.

–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 10 puntu.

–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 5 puntu.

Ez dute laguntzarik jasoko deialdiaren 12.b) puntuan balorazioaren erdia (22,5 puntu) lortzen ez duten eskaerek.

13.–Ebazpena.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez emanen dira laguntzak, entitate eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

Deialdia eman gabe gelditzen ahal da, osorik edo partez.

14.–Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak epe bakarrean ordainduko dira, behin proiektuak bukatuta eta agiri hauek aurkeztuta 2022ko azaroaren 15a baino lehen, egun hori barne:

–2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean proiektuan edo jardueran eginiko gastuak eta sortutako diru-sarrerak justifikatzeko ordainagiriak, justifikatzeko epea bukatu aurretik ordainduta behar dutenak (azaroaren 15a baino lehen).

–Diruz lagundutako proiektuaren edo jardueraren memoria, 7. eranskina barne.

–Museoen Atalak kontzesioaren ostean ematen dituen taula normalizatuak, gastuak eta diru-sarrerak justifikatzen dituen konturako, behar bezala beteta.

15.–Gastuen eta diru-sarreren justifikazioa eta epea.

Honela justifikatuko dira gastuak eta horien ordainketak, bai eta diru-sarrerak ere:

–Museoen Atalak kontzesioaren ostean ematen dituen taula normalizatuak, gastuak eta diru-sarrerak justifikatzen dituen konturako, beteko dira, eta horiei fakturak eta bankuko ordainagiriak erantsiko zaizkie, PDF formatuan, modu ordenatu eta korrelatiboan.

–Frogagiriek 2022ko data izan beharko dute, eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen ordainduak (azaroaren 15era arte, egun hori barne). Gainera, fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera bete beharko dira.

–Onuradunak funts berekiak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.

–Langileria gastuak justifikatzeko honako hauek aurkeztu beharko dira: langileen nominak, interesdunek sinatuak, bakoitzari dagozkion TC inprimakiak, eta PFEZaren ordainketak egunean dituela frogatzeko agiriak. Ez da inola ere onartuko diruzkoa ez den ekarpenik, lan-kontratuan berariaz aipatzen ez bada.

15.1. Justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko prozedura normalizatua:

Dokumentazioa kapituluka edo kontzeptuka bereizita aurkeztuko da PDF formatuko fitxategietan, fakturak eta ordainagiriak modu ordenatu eta korrelatiboan multzokatuta. (Adibidez: 1. zenbakiko faktura/1. ordainketa-frogagiria, eta abar)

Museoen Atalak kontzesioaren ostean emandako taula normalizatuak bete beharko dira, gastuen eta diru-sarreren justifikazio konturako.

Zeharkako zergak ez dira diruz lagunduko, entitate eskatzaileak horiek berreskuratu edo konpentsatzeko aukera baldin badu, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere (PFEZa).

Toki erakundeek udal idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, proiektuaren edo jardueraren gastuak noiz egin diren adierazita kontzeptuz kontzeptu, baita bakoitzaren zenbatekoa eta ordaindu direla konfirmatzeko egunak ere, kontuan hartuz gastuak eta ordainketak dirulaguntzaren indarrean dagoen bitartean eginak izan beharko direla (gastuak: urtarrilaren 1etik urriaren 31ra; ordainketak: 2022ko azaroaren 15era arte, egun hori barne). Diruz lagunduriko proiektuak edo jarduerak diru-sarrerarik eragin baldin badu, horien ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

Langileria gastuak eta horien ordainketa udal idazkaritzaren ziurtagiri baten bidez ere justifikatzen ahalko dira, kontzeptu hauek zehaztuta: lanpostuak, dagozkien soldatak eta lan arloko beste gastu batzuk.

Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori justifikatzeko, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

Proiektuko gastu guzti-guztiak frogatu beharko dira. %70 aplikatuko zaio behar bezala justifikatzen den eta Museoen Atalak onartzen duen gastu osoari (oinarri arautzaile hauen 5. puntuan ezartzen den bezala), emakidan ezarritako gehieneko mugarekin.

Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik ez dauden entitateekin lankidetzan egiten diren proiektuei ematen zaizkien laguntzen kasuan, entitate onuradunak proiektu osoari dagozkion gastu, sarrera eta ordainketen justifikazioa aurkeztu beharko du.

Amaierako ebaluazioa (7. eranskina), behar bezala betetako justifikazio taulak eta ordaindutako gastuen eta diru-sarreren frogagiriak aurkezteko epea 2022ko azaroaren 15era artekoa izanen da, egun hori barne. Entitate onuradunak ez baditu frogagiriak epe horretan aurkezten kontzesioa indarrik gabe utziko da.

16.–Kultur mezenasgoa: diruz lagundutako jardueren interes soziala.

16.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira. Ondorio horretarako, entitate eskatzaileek 5. eranskina beteko dute, laguntzen emakida egin ondoren.

16.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, entitate onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekoak deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

16.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

17.–Entitate onuradunen betebeharrak.

–Laguntza hau zertarako eman den, helburu hori betetzea, bat etorriz dirulaguntza ematean Museoen Atalak ezarritako jarraibide teknikoekin.

–Eskumena duten kontrol organoek finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.

–Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Museoen Atalari, justifikazioa egiten den egunean.

–Hasierako proiektuan egiten diren aldaketa guztien berri ematea Museoen Atalari, haren adostasuna beharko baita.

–Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea diruz lagundutako proiektua hedatzeko erabiltzen diren euskarri guztietan, aurretik testu hau duela: Laguntzailea.

Nafarroako Museoen Sistemaren barrenean dauden museoek beren logotipoa ere erabili beharko dute.

–Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.

–Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaitutakoan. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako proiektuaren memoria xehatuan jasotakoarekin alderatuta (6.eranskina).

–Deialdi honen dirulaguntzaren xedeko jarduerek, bai eta horien zabalkundeak ere, aintzat hartu beharko dituzte Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren aldetik baztertzailea ez den hizkerari buruz argitaratutako gomendioak:

http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

–Dirulaguntza emanen dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztea gardentasunari buruzko betebeharraren edo betebehar ezaren gaineko adierazpena (4. eranskina). Betebeharra badago, PDF formatuan erantsiko da eskatutako informazioa, salbu eta lehendik Nafarroako Gobernuaren beste dirulaguntza batzuetarako aurkeztu bada (zer dirulaguntzatarako adierazi beharko da).

–Gastuen eta ordainketen frogagiriak, diru-sarrerenak eta jardueraren edo proiektuaren memoria aurkeztea ezarritako epeetan.

18.–Baldintzak ez betetzea.

17. puntuan adierazitako betebeharrak betetzen ez badira, emandako dirulaguntza ez da ordainduko.

19.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntzekin, baldin haien baturak ez badu gainditzen diruz lagunduriko jardueraren kostua. Deialdi honen bidez ematen den zenbatekoa eta beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuetatik edo jardueraren berezko funtsetatik datorrena baturik jardueraren kostua gainditzen bada, ordaindu beharreko dirulaguntzari muga bat ezarriko zaio, jarduerak ez dezan superabitik izan.

20.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

1. eranskina.–Eskabidea.

2. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

3. eranskina.–2022ko aurrekontua.

4. eranskina.–Gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena.

5. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu 1. eranskinetik 5.era bitartekoak (DOC).

6. ERANSKINA

Proiektuak idazteko arauak

–Proiektuaren izena.

–Helburuak.

–Jarduerak/proiektuak bilduma iraunkorrarekin eta erakundearen misioarekin duen harremana.

–Egiteko tokia eta egunak.

–Metodologia (helburuak betetzeko prozesuak eta tresnak).

–Proiektua gauzatzeko kronograma (ekintzak eta ekintza bakoitza beteko duten teknikariak).

–Proiektuan parte hartzen dutenen ibilbide profesionala/CVa.

–Jarduera/proiekturako hautatutako profil profesionalen egokitasuna.

–Aurrekontua, zehaztua eta ekintzen arabera xehatua, adierazita proiektuaren finantzaketa osorik eta izanen dituen dirusarrerak.

7. ERANSKINA

Proiektuaren azken ebaluazioa

Lortutako helburuen balorazioa.

Lurraldean/tokiko komunitatean izandako inpaktuaren balorazioa.

Bisitarien balorazioa.

Iragarkiaren kodea: F2201668