40. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

12/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zer tarifa aplikatuko zaizkien familiei 2022-2023 ikasturtean Haur Hezkuntzako lehen zikloko udal ikastetxeetan, ikastetxe horiek finantzatuak daudenean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez.

Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu, eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezarri ziren. Bertan ezartzen denari jarraikiz, Hezkuntza Departamentuaren eta toki erakunde interesdunen arteko hitzarmenen bidez sortuko dira haur eskolak, eta hitzarmen horietan ezarriko da, hala denean, finantzaketa araubidea.

Hezkuntza Departamentuak parte hartzen du udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako ikastetxeen kudeaketaren finantzaketan, eta horretarako, lankidetza-hitzarmenak sinatzen ditu.

Udal titulartasunekoak diren 0-3 urteko Haur Hezkuntzako ikastetxeen finantzaketa arautzen duen uztailaren 1eko 16/2014 Foru Legeak ezartzen du, bere artikulu bakarrean, Nafarroako Gobernuak berari dagokion zatiaren ehuneko ehun ordainduko diela udalei ekitaldi ekonomiko bakoitzean, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduak udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen kudeaketa finantzatzeari buruz ezartzen dituen oinarrietan xedatuarekin bat.

Abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduaren 4.4 artikuluak ezartzen duenaren arabera, Hezkuntza Departamentuaren dirulaguntza, oro har, honenbestekoa izanen da: aplikatzekoa den urteko modulua ken toki erakundeak egin beharreko ekarpena eta ken familiek, eskolatze-tarifengatik, egin behar duten ekarpena (familien tarifa arautzen duen aginduak ezartzen duenaren arabera).

Beraz, bidezkoa da foru agindu bat onestea ezartzeko zer tarifa aplikatuko zaizkien familiei 2022-2023 ikasturtean Haur Hezkuntzako lehen zikloko udal ikastetxeetan, ikastetxe horiek finantzatuak daudenean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez.

Haur Eskolen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena egin dio ezartzeari zer tarifa aplikatuko zaizkien familiei 2022-2023 ikasturtean Haur Hezkuntzako lehen zikloko udal ikastetxeetan, ikastetxe horiek finantzatuak daudenean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ezartzea zer tarifa aplikatuko zaizkien familiei 2022-2023 ikasturtean Haur Hezkuntzako lehen zikloko udal ikastetxeetan, ikastetxe horiek finantzatuak daudenean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez, bat etorriz foru agindu honen eranskinean ezarritako oinarriekin.

2. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka toki erakunde interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galaraziko aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Gainerako interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute foru agindu honen aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Foru agindu hau eta dagokion eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzako Familien Atalera, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora eta Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atalera.

Iruñean, 2022ko otsailaren 7an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Oinarriak, ezartzeko zer tarifa aplikatuko zaizkien familiei 2022-2023 ikasturtean haurrak Haur Hezkuntzako lehen zikloko udal ikastetxeetan eskolatzeagatik, ikastetxe horiek finantzatuak daudenean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez

Lehenbizikoa.–Tarifak ordaintzea.

Tarifak familiaren diru-sarreren eta aukeratutako ordutegi-modalitatearen arabera ordainduko dira, betiere Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxe horretarako onartua baldin badu. Familia bakoitzari aplikatu beharreko tarifa kalkulatzeko, eranskin honen bosgarren oinarrian agertzen direnen artean dagokion taula hartuko da erreferentzia gisa. Betiere, hileko gehieneko tarifak honako hauek izanen dira:

HILEKO GEHIENEKO TARIFAK

Eskolatzea

Ordutegi osoko unitateak

173 euro

Ordutegi murriztuko unitateak

161 euro

Eskolaldi erdiko unitateak

117 euro

Jantokia

95 euro

Bigarrena.–Familia-unitatearen kontzeptua.

1. Honako hauek dira familia-unitateko kide konputagarriak, foru agindu honen ondorioetarako:

–Haurraren aita eta ama, legez bananduak ez badaude, edo zaintza eta jagoletza partekatua duten guraso dibortziatuak edo bananduak ez badira, edo adingabearen legezko ordezkariak.

–26 urtetik beherako seme-alabak, familiaren egoitzan bizi direnak eta lan errentarik jasotzen ez dutenak, baldin eta egoera hori frogatzen bada hori frogatzen duen agiri ofizial baten bidez. Orobat, epai baten ondorioz ezgaitutako seme-alabak, guraso ahal luzatuaren edo birgaituaren mende daudenak.

–Banandutako bikotekideek zaintza partekatua badute eta berriz ezkondu badira edo bikote egonkorra eratu badute, ezkontide edo bikotekide berria ez da familia-unitateko kidetzat hartuko ondorio hauetarako.

–Alargunak berriz ezkondu badira edo bikote egonkorra eratu badute, ezkontide edo bikotekide berria familia-unitateko kidetzat hartuko da ondorio hauetarako.

–Gurasoak banantzen edo dibortziatzen baldin badira eta gurasoetako batek edo legezko ordezkarietako batek baldin badu zaintza eta jagoletza, ez da kide konputagarritzat joko adingabekoaren zaintza eta jagoletza ez dituen gurasoa.

–Gurasoetako batek beste seme-alaba batzuen zaintza eta jagoletza partekatua badu, horien erdiak ere familia-unitateko kidetzat hartuko dira.

–Aplikatu beharreko tarifa kalkulatzeko soilik, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duen seme edo alaba bakoitza bitan zenbatuko da familia-unitateko kideen kopurua zehazteko.

–Harreran dauden adingabeen kasuan, harrerako familiari aplikatuko zaio aurreko puntuetan xedatu dena.

2. Aurreko puntuan aipatzen diren inguruabar guztiak behar bezala frogatu beharko dira erakunde ofizialek emandako dokumentuen bidez: familia-liburua, erroldatze-ziurtagiria (2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa), bizikidetza-ziurtagiria, banantze-demanda jarri izanaren frogagiria, epai judizialak, errenta aitorpena edo inguruabar horiek frogatzen dituzten beste agiri ofizial batzuk.

Baldin familia-liburuan ageri ez den seme-alabarik bada familia-unitatean, bestelako agiri ofizialen bidez frogatu beharko da; adibidez, jaiotza-agirien, banantze edo dibortzio epaien eta abarren bidez.

3. Aplikatu beharreko tarifa kalkulatzeko, familia-unitateko kidetzat hartuko dira bakarrik halakotzat akreditatuak daudenak matrikula egiten denean.

4. Matrikula egin eta gero, ez dira kontuan hartuko familia-unitateko kideen kopuruan izaten diren aldaketak, ikasturtea hasten den egunera arte gertatzen diren salbuespen hauekin: jaiotza, heriotza, adopzioa, harrera, ezgaitze judiziala edo guraso bakarreko familiaren akreditazioa edo gurasobakartasun-egoeraren akreditazioa. Edozein kasutan, egoera berria behar bezala frogatu beharko da. 5. Haur bati baja eman ondoan berriro matrikulatzen bada ikasturte berean, familia-unitatearen kide kopurua izanen da lehendabiziko matrikula egitean akreditatu zena.

Hirugarrena.–Familia-unitatearen eta per capita errentaren urteko errenta kalkulatzea.

1. Honako hau hartzen da PFEZaren aitorpena aurkeztu behar duen familia-unitateko kide bakoitzaren errenta indibidualtzat:

–Zerga-oinarriaren zati orokorra (507 laukia).

–Gehi kapital higigarriaren etekinen saldo positiboa (8810 laukia).

–Gehi ondare-eskualdaketen saldo positiboa (8808 laukia), salbu etxebizitza erosteko edo birgaitzeko jasotako dirulaguntzak (708 laukia),

–Gehi PFEZaren ondorioetarako salbuetsitzat jotzen diren gainerako errenta eskuratuak, hala nola ezintasun iraunkorreko pentsioak, baliaezintasun absolutukoak edo baliaezintasun handikoak, kalte-ordainak, loteria sariak, edo aitak edo amak seme-alaben mantenurako ematen dituen urteko sariak (529 laukia),

–Ken ezkontidearen aldeko konpentsazio pentsioagatik ordaindutako kopuruak eta elikagai-mantenurako urteko sariak, biak ere epailearen erabakiz ezarriak, eta bikotekide egonkorraren alde ordaindutako kopuru legez galdagarriak (511 eta 822 laukiak).

2. Familia-unitatearen urteko errentatzat hartzen da familia-unitatearen kide konputagarri guztiek 2021. urtean izan dituzten errenta edo diru-sarrera indibidual justifikatuen batura. Batura horri aurretiazko kuota diferentziala kenduko zaio, familia-unitateko kide konputagarrien PFEZaren aitorpenetakoa (578 laukia).

3. Ondorio praktikoetarako, familia-unitatearen urteko errenta kalkulatzeko, eragiketa hauek eginen dira 2021eko ekitaldiko PFEZeko laukiekin:

507 laukia + 8810 laukia + 8808 laukia - 708 laukia + 529 laukia - 511 laukia - 822 laukia - 578 laukia

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenerako aurkeztutako inprimakian 578 laukia agertzen ez bada, lauki horren balioa kalkulatuko da, kasua bada, 576 eta 577 laukien balioak batuz, betiere balio horiek positiboak badira.

4. Per capita errenta lortzeko, eragiketa hau eginen da: familia-unitatearen urteko errenta zati familia-unitateko kide guztien kopurua.

5. Pertsona fisikoen errentaren gaineko 2021eko zergaren aitorpena aurkeztuta justifikatuko dira familia-unitatearen urteko diru-sarrerak. Aitorpena egin beharrik ez bada, dagokion dokumentazio ofiziala aurkeztu beharko da, edo, besterik ezean, diru-sarrerei buruzko zinpeko aitorpena eta/edo ikastetxearen titularra den toki erakundeak familiaren 2021. urteko diru-sarrerak kalkulatzeko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak.

6. Interesdunek berek aurkezten ahal dute dokumentazioa, edo kasuan kasuko entitate titularrari baimena ematen ahal diote administrazio publikoen esku dauden beharrezko datuak biltzeko. Baimen hori eskabide baten bitartez eman beharko da, dokumentazioa aurkezteko ezartzen den epearen barrenean, eta adierazi beharko da agiria noiz eta zein organotan aurkeztu zen.

7. Ezartzen den epearen barrenean 2021eko errenta aitorpena edo diru-sarreren egiaztagiriak aurkezten ez dituztenei, matrikulatutako ordutegi motari dagokion kuota altuena aplikatuko zaie ikasturte osoan.

8. 2021ean aitortutako diru-sarrerak nabarmenki murrizten direnean errenta jasotzen zuen familia-unitateko kideren bat hil delako, horren berri ematen ahalko da ikasturtea hasi baino lehenago, hala dela frogatzen duten agiriak erantsiz betiere. Egun horretatik aurrera gertatzen diren aldaketak ez dira kontuan hartuko 2022-2023 ikasturteko tarifa kalkulatzeko.

Laugarrena.–Kuotaren salbuespena.

1. Kuota ordaintzetik salbuestea baloratuko da haurra arrisku sozialeko edo psikosozialeko faktoreen menpe dagoenean eta garapenean atzerapena duenean, egoera ekonomikoaren eta familiarraren arabera. Nolanahi ere, salbuespen hori onartzeko, dagokion udalaren gizarte zerbitzuetako taldearen eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Arreta Goiztiarreko Zerbitzuaren edo, hala badagokio, NHBBZko Arreta Goiztiarreko Taldearen aldeko txostenak beharko dira.

2. Salbuespen-eskaera dagokion udalaren gizarte zerbitzuek edo Eskubide Sozialetako Departamentuko Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak proposatu eta Hezkuntza Departamentuari igorriko diote, eta hark onartu edo ukatu eginen du, aurkeztutako txostenen arabera. Bidezkotzat joz gero, justifikazio zehatzagoa eska dezake igorritako proposamenari buruz.

3. Dagokion udalak eta Hezkuntza Departamentuak hartuko dute beren gain tarifa. Udalak jantokiari dagokion tarifa ordainduko du, eta Hezkuntza Departamentuak eskolatzeari dagokiona.

4. Ikasturtean zehar herri batetik bestera aldatzen bada haurraren bizilekua, udalerri berriko haur eskolan ere mantenduko da kuotaren salbuespena.

5. Kuota ordaintzeaz salbuetsita dagoen haur baten matrikula bere udalerrikoa ez den haur eskola batean egiten bada han haur eskolarik ez dagoelako edo haur eskolan ikaspostu hutsik ez dagoelako, Hezkuntza Departamentuak bere gain hartuko du jantokiari dagokion ordainketa.

Bosgarrena.–Murriztapenak.

1. Oro har, lehenbiziko oinarrian ezarritako tarifak murriztu eginen dira per capita errentaren arabera. Honako taula hauetan jaso dira ordaindu beharreko tarifak:

a) Ohiko familien kasuan:

PER CAPITA ERRENTAREN TARTEAK

ESKOLATZEA ESKOLALDI MOTA

JANTOKIA

ESKOLATZEA + JANTOKIA ESKOLALDI MOTA

Hemendik

Honaino

Osoa

(7 ordu)

Murriztua

(6 ordu)

Batez beste

(4 ordu)

Osoa

(7 ordu)

Murriztua

(6 ordu)

Batez beste

(4 ordu)

> 15.000

173

161

117

95

268

256

212

12.400,01

15.000

144

134

94

95

239

229

189

10.700,01

12.400

108

101

65

95

203

196

160

9.300,01

10.700

79

73

42

95

174

168

137

7.980,01

9.300

57

52

27

84

141

136

111

6.650,01

7.980

35

32

9

84

119

116

93

5,500,01

6.650

0

0

0

66

66

66

66

4.500,01

5.500

0

0

0

58

58

58

58

3350,01

4.500

0

0

0

56

56

56

56

< 3.350,01

0

0

0

52

52

52

52

b) Familia gurasobakarren eta gurasobakartasun-egoeran daudenen kasuan:

PER CAPITA ERRENTAREN TARTEAK

ESKOLATZEA ESKOLALDI MOTA

JANTOKIA

ESKOLATZEA + JANTOKIA ESKOLALDI MOTA

Hemendik

Honaino

Osoa

(7 ordu)

Murriztua

(6 ordu)

Batez beste

(4 ordu)

Osoa

(7 ordu)

Murriztua

(6 ordu)

Batez beste

(4 ordu)

> 15.000

154

149

82

84

238

233

166

12.400,01

15.000

127

125

66

84

211

209

150

10.700,01

12.400

95

93

47

84

179

177

131

9.300,01

10.700

69

67

31

84

153

151

115

7.980,01

9.300

0

0

0

66

66

66

66

6.650,01

7.980

0

0

0

66

66

66

66

5,500,01

6.650

0

0

0

52

52

52

52

4.500,01

5.500

0

0

0

42

42

42

42

3350,01

4.500

0

0

0

32

32

32

32

< 3.350,01

0

0

0

25

25

25

25

2. Haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe berean bi seme-alaba edo gehiago dituzten familiek –edo ikastetxe desberdinetan egonda, denak udal beraren titulartasunpekoak badira– %50eko deskontua izanen dute bigarren haurragatik dagokien eskolatze tarifan. Hirugarren seme edo alabarentzako eta hurrengoentzako eskolatze tarifa bigarrenarentzat ezarritako bera izanen da.

Bi anai-arrebak edo gehiagok jantokia erabiltzen dutenean, lehenengoak diru-sarreren arabera dagokion tarifa ordainduko du, eta hurrengoei gutxieneko tarifa dagokie.

3. Baldin eta, Hezkuntza Departamentuak (NHBBZ) eskatuta, hezkuntza-premia bereziak dituzten haurren matrikula bere udalerrikoa ez den haur eskola batean egiten bada, Hezkuntza Departamentuak bere gain hartuko du eskolatzearen eta jantokiaren ordainketa, kuota ordaintzetik salbuetsita egonez gero.

Seigarrena.–Hasierako kuota.

Toki erakunde bakoitzak nahitaezko hasierako kuota bat ezarriko du. Kuota hori matrikulazioa egitean ordaindu beharko da, eta familiari dagokion eskolatze-tarifa 0 eurokoa bada, azken hilekoan konpentsatu edo itzuli eginen zaio.

Zazpigarrena.–Tarifen doikuntza.

1. Tarifak ikastetxea 208 egunetan (10,6 hilabete) irekita egoteagatik sortuko dira.

Matrikula ikasturtea hasi ondoren egiten bada, eskolatze eta jantokiko tarifak haurra matrikulatzen denetik aurrera ordainduko dira, eta hilabete horri dagokion tarifaren zati proportzionala ordainduko da.

2. Haurrek jantoki zerbitzua erabiltzen badute, oso-osorik ordaindu beharko dute jantoki zerbitzuari dagokion kuota, salbu kasu hauetan:

a) Erabiltzailearen borondatetik kanpoko arrazoiak.

b) Egokitzapen aldian.

c) Hutsegite justifikatuak, betiere ikastetxeko zuzendaritzari haien berri eman bazaio menuaren hornidura eteteko behar adinako denborarekin.

Aipatutako kasuetan, familiek jantokiko laguntzaileei dagokiena ordainduko dute bakar-bakarrik; hau da, hileko tarifatik deskontatu beharko da menuaren edo cateringaren kostua, betiere familia bakoitzak ordaintzen duen tarifaren arabera kalkulatua.

3. Jantoki zerbitzua egun zehatzetan erabiltzeagatiko tarifa: 5 euro eguneko, gehieneko tarifaren (95 euro) eta hileko zerbitzu-egunen (19 egun) arabera kalkulatua.

4. Jantoki zerbitzua behin ikasturtea hasita erabiltzen hasten bada, jarraitzeko konpromisoarekin, arrazoi justifikatuengatik eta Hezkuntza Departamentuak oniritzia emanik: araudiaren arabera dagokion tarifa aplikatuko da.

5. Familiek ekartzen duten janaria besterik hartzen ez duten umeek ez dute jantokiko kuota ordainduko aldi horretan.

Zortzigarrena.–Bajak.

1. Baja emanen da nahitaez kasu hauetan:

a) Ikasturtea hasi eta hamabost egun natural jarraian iraganik, haurra ikastetxera ez azaltzea; orobat, ikastetxean hasi eta, jakinarazpen edo frogagiririk gabe, hamabost egun naturalean jarraian ez agertzea. Entitate titularrak familiari idatziz jakinarazi beharko dio haurrari baja eman diola ikastetxean. Jakinarazpen hori egin eta hamabost egunera formalizatuko da baja. Familiak eskolatze kuota eta jantoki zerbitzukoa (menua eta, kasua bada, jantokiko laguntzailea) ordaindu beharko ditu baja formalizatzen den egunera arte, eta, horrez gainera, eragindako gastuak konpentsatzeko hilabete bateko kuota.

b) Haurraren familiak bi hileko kuota ez ordaintzea.

Halako kasuetan, ez da hasierako kuota itzuliko.

2. Ikasturtean zehar borondatezko bajaren bat gertatzen bada, justifikatua izan edo ez, idatziz jakinarazi beharko zaio ikastetxeko zuzendaritzari hamabost egun natural lehenago. Kasu horietan, familiak baja formalizatzen den egunera arteko kuota ordainduko du; eskatzen denetik hamabost egun naturalera formalizatuko da baja.

Ikasturtean zehar baja justifikaturen bat gertatuz gero (semea edo alaba gaixotzea, bizilekua aldatzea, langabezia, ustekabeko diru-premia larria suertatzea edo ikastetxeko entitate titularrak horien antzekotzat jotzen duen bestelakoren bat), ordaindutako hasierako kuota itzuliko da.

Justifikatu gabeko bajen kasuan, familiak hileko kuota bat ordaindu beharko du, sortutako gastuak konpentsatzeko. Itxaron-zerrenda badago eta ikaspostu hutsa berehala betetzen bada, familiak ez du sortutako gastuak konpentsatzeko hileko kuota hori ordaindu beharko.

3. Jantokiko zerbitzua erabiltzeko borondatezko bajaren bat gertatzen bada, justifikatua izan ala ez, familiak jantokiko laguntzaileari dagokion zati proportzionala ordaindu beharko du baja formalizatzen den egunera arte (eskaera egin eta 15 egun naturalera).

Baja hartu ondoren jantoki zerbitzua berriz erabili nahi bada, ikastetxeak bitarte horretan mantendu duen laguntzailearen zati proportzionala ordaindu beharko da.

Bederatzigarrena.–Ikaspostua mantentzea.

Ikastetxean matrikula eginda ume bat ezin bada eskolara joan gaixo dagoelako edo bere gurasoetako bat, legezko ordezkarietako bat edo anai-arrebetako bat gaixo dagoelako, eskubidea izanen du eskolan ikaspostua gordetzeko, eskolatze-kuota ordainduz eta ezinbestekoa den denboran jantokiko laguntzaileari dagokion kuota ordainduz, betiere arrazoia dokumentu bidez frogatzen bada.

Eskolara ez joateko arrazoia desagertu ondoren haurra ikastetxera itzultzen ez bada, baja emanen zaio, eta itxaron-zerrendan dagoen lehenbizikoari eskainiko zaio postu hutsa.

Toki erakundeak eskumena izanen du familiak alegatzen duen arrazoia justifikatutzat edo ez-justifikatutzat hartzeko, baita ikaspostua erreserbatzeko denborari buruz erabakitzeko ere.

Hamargarrena.–Ordaindu gabeko kuotak.

Erakunde titularreko arduradunek bidezko lege-prozeduren bidez eskatuko dituzte familiek ordaindu gabe utzitako kuotak.

Iragarkiaren kodea: F2201974