4. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

381E/2021 FORU AGINDUA, azaroaren 26koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2022ko hondakinen funtsaren banaketa.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez hondakinen funtsa eratu zen, haren bidez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea.

Hondakinen funtsa ingurumen arloan eskumena duen departamentuaren aurrekontuan txertatzen da, atal bereizi batean. Honako baliabide hauek ditu:

a) Hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zerga biltzearen ondoriozko zenbatekoak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hondakinen arloko araudia hausteagatik ezarritako zehapenetan bildutako zenbatekoak.

c) Nafarroako Ogasunean hondakinak kudeatzeko eratutako finantza bermeen zenbatekoa, behin foru lege honen 41. artikuluan ezarritako prozedura tramitatu ondotik.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aurrekontuan aurreikusten diren ekarpenak.

e) Beste erakunde batzuek emandako dirulaguntza eta laguntzak.

f) Partikularrek, enpresek edo instituzioek funtsari berariaz egiten dizkioten dohaintzak, jaraunspenak, ekarpenak eta laguntzak.

g) Nafarroako Gobernuari sustapen eta komunikazio jardueretarako zuzenean egindako ekarpenak, ontzien hondakinak kudeatzeko (edo, ekoizlearen erantzukizun zabalduaren esparruan, hondakinak kudeatzeko garatzen diren beste sistema batzuetarako) ezartzen diren sistemekin sinatzen diren hitzarmenen ondoriozkoak, eta, hala badagokio, toki entitateek helburu horietarako erabiltzen ez dituztenak.

h) Hondakinak kudeatzeko lanak finantzatzeko beste edozein ekarpen.

2022ko hondakinen funtsak 5.042.161 euro ditu, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergatik heldu direnak, baita 101.114 euroko diru sarrerak ere, zeinek jatorria baitute hondakinen arloko arau-hausteengatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dituen isunetan. Hortaz, guztirako zenbatekoa 5.143.275 eurokoa da. Diru sarrera horiek kalkulatzeko, kontuan hartu da 2020ko uztailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitarteko aldia, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.

Foru agindu honen bidez banatzen dira 2022ko hondakinen funtsaren diru sarrerak, eta, horrekin, zenbait agindu betetzen dira; zehazki, honako hauetan ezarrita daudenak: 49/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, Hondakinen Funtsa arautzen duena; eta 14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa. Izan ere, azken horren 43. artikuluan ezartzen denez, “hondakinen funtsa izeneko aurrekontu partida banatzeko modua ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuak erabakiko du urtero, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoari kontsulta egin ondotik, hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenetsiz eta helburuak betetzea eta ingurumen larrialdia kontuan hartuta, hondakinen fluxu bakoitzak hartarako egiten duen ekarpen ekonomikoaren proportzioan eta honako arlo hauen arabera (...)”.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren bidez, urteroko azterketa egin du, jakiteko zer egoeratan dagoen hondakinen kudeaketa Nafarroako Foru Komunitatean, eta proposamen bat egin du funtsa banatzeko. Hitzartutako proposamen hori 2021eko urriaren 19an helarazi zaie Hondakinen Partzuergoari eta Iruñerriko Mankomunitateari. Eta bi entitateek, aurrez hitzartutako hilabeteko epearen barruan egin dituzte I. eranskinean ageri diren iruzkinak. Artxibo horretan bertan daude, halaber, iruzkin horiei emandako erantzunak eta arrazoiak.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta jaso diren ekarpenak, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak proposatu du zenbatekoak proportzioan banatzea, hondakinen fluxu bakoitzaren diru ekarpenaren arabera, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan bildutako definizioekin, eta kontuan harturik Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluko arloak. Hona hemen banaketa hori:

a) Etxeko hondakinen fluxua. 2.740.945 euro, toki entitateei dirulaguntzak emateko, baldin eta entitate horiek esleituta badute etxeko hondakinen bilketa, garraio edo kudeaketarako eskumena, eta hondakinen funtsa eratzeko ekarpena egin badute kontzeptu horregatik. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluarekin bat, toki zerbitzu publikoak zuzenean nahiz zeharka kudeatu daitezkeenez, laguntza lerroetan sartuko dira zerbitzuak emateko eta pertsonifikatzeko eredu guztiak. Honela banatuko da kantitate hori, bat etorriz uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoarekin: 2.350.000 euro, prebentzioarekin eta gaikako bilketarekin zerikusia duten jarduketetarako, eta 390.945 euro, hondakinen kudeaketarekin loturiko jarduketetarako.

b) Arriskutsuak ez diren bestelako hondakinen fluxua. 1.412.840 euro, enpresei dirulaguntzak emateko, proiektuak gauzatu ditzaten industriako hondakinen arloko prebentzioan, berrerabiltzeko prestakuntzan eta birziklatzean.

c) Eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen fluxua, eta hondeatutako material naturalak. 629.460 euro, enpresei eta toki entitateei dirulaguntzak emateko, optimizatu eta hobetu daitezen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak birziklatzeko eta balorizatzeko sistemak, eta balorizatu daitezen hondeatutako material naturalak.

d) Jarduketa orokorrak eta ingurumen larrialdiko jarduketak. 360.030 euro. Ikerketetarako eta lan teknikoetarako diren 40.000 euroetatik 30.271 eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen eta industriako hondakinen azterketa teknikoen kontratuetarako dira; 216.747 kutsatutako lurrei buruzko lanak (enkarguak), karakterizazioak eta zati guztietarako hainbat lan egiteko dira; 52.982 euro datuen trazabilitate, kontrol eta teleizapidetze sistemak hornitzeko dira; eta 20.030 euro eremu degradatuak lehengoratzeko jarduketak egiteko dira.

Adierazitakoarekin bat, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilaria izendatzen duen abuztuaren 6ko 34/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

AGINTZEN DUT:

1. Onartzea 2022ko hondakinen funtsaren banaketa, foru agindu honen eranskinean biltzen diren esleipen irizpideekin bat, honela:

a) 2.740.945 euro, toki entitateei dirulaguntzak emateko, baldin eta entitate horiek esleituta badute etxeko hondakinen bilketa, garraio edo kudeaketarako eskumena, eta zergak ordaindu badituzte kontzeptu horregatik. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluarekin bat, toki zerbitzu publikoak zuzenean nahiz zeharka kudeatu daitezkeenez, laguntza lerroetan sartuko dira zerbitzuak emateko eta pertsonifikatzeko eredu guztiak. Zehazki, zenbateko hori da 2022an eta/edo 2023an jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen arloko prebentzioarekin, gaikako bilketarekin eta kudeaketarekin lotuta.

Deialdietako gastua deialdiak onestean baimenduko da, Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretako partida hauen eta 2023ko partida baliokideen kargura:

• 740001 74100 4609 456205 hondakinen funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak (740.945 euro).

• 740001 74100 7609 456204 hondakinen funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak (2.000.000 euro).

Partida horien artean funts mugimenduak egin ahal izanen dira gastu konpromisoa doitzeko, dirulaguntzetarako egiten diren eskaeren arabera eta, gehienez ere, bi partiden batura adina: 2.740.945 euro.

b) 1.412.840 euro, enpresei dirulaguntzak emateko, proiektuak gauzatu ditzaten industriako hondakinen arloko prebentzioan, berrerabiltzeko prestakuntzan eta birziklatzean, 2022an egin beharrekoak badira, betiere.

Deialdietako gastua deialdiak onestean baimenduko da, Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretako partida hauen kargura:

• 740001 74100 4701 456200 hondakinen funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak (412.840 euro).

• 740001 74100 7701 456202 hondakinen funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak (1.000.000 euro).

Partida horien artean funts mugimenduak egin ahal izanen dira gastu konpromisoa doitzeko, dirulaguntzetarako egiten diren eskaeren arabera eta, gehienez ere, bi partiden batura adina: 1.412.840 euro.

c) 629.460 euro, enpresei eta toki entitateei dirulaguntzak emateko, optimizatu eta hobetu daitezen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak birziklatzeko eta balorizatzeko sistemak, eta balorizatu daitezen hondeatutako material naturalak, 2022an egin beharreko lanak badira, betiere.

Deialdietako gastua deialdiak onestean baimenduko da, Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretako partida hauen kargura:

• 740001 74100 4609 456205 hondakinen funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak (229.460 euro)

• 740001 74100 4701 456200 hondakinen funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak (300.000 euro).

• 740001 74100 7609 456204 hondakinen funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak (50.000 euro)

• 740001 74100 7701 456202 hondakinen funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak (50.000 euro).

Partida horien artean funts mugimenduak egin ahal izanen dira gastu konpromisoa doitzeko, dirulaguntzetarako egiten diren eskaeren arabera eta, gehienez ere, guztien zenbatekoa, hau da, 629.460 euro.

d) 360.030 euro 2022an eginen diren jarduketa orokorretarako eta ingurumen larrialdiko jarduketetarako. Horietatik:

• 40.000,00 euro azterketak eta lan teknikoak egiteko dira. Diru kopuru hori 740001 74100 2276 456207 hondakinen funtsa aurrekontu partidaren kontura izanen da. Azterketa eta lan teknikoak, 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak.

• 30.271 euro eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen eta industriako hondakinen azterketa teknikoen kontratuetarako dira. Diru kopuru hori 740001 74100 2276 456210 hondakinen funtsa aurrekontu partidaren kontura izanen da. Jarduketa orokorrak eta ingurumen larrialdiko jarduketak. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen azterketa teknikoen kontratuak, 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak.

• 216.747 euro kutsatutako lurren azterketei buruzko lanak (enkarguak), karakterizazioak eta zati guztietarako hainbat lan egiteko dira. Diru kopuru hori 740001 74100 2276 456211 hondakinen funtsa aurrekontu partidaren kontura izanen da. NIK mandatua. Hondakinen funtsarentzako azterketa eta lan teknikoak; 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak.

• 20.030 euro eremu degradatuak lehengoratzeko jarduketak egiteko dira. Diru kopuru hori 740001 74100 2279 456200 hondakinen funtsa aurrekontu partidaren kontura izanen da. Sektore pribatuko jarduketa orokorrak eta ingurumen larrialdiko jarduketak, 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak.

• 52.982 euro datuen trazabilitate, kontrol eta teleizapidetze sistemak hornitzeko dira. 740001 74100 6091 456200 hondakinen funtsa. 2022ko Nafarroako aurrekontu orokorretako proiektu teknikoak.

2. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Epeak foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

3. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, Idazkaritza Tekniko Nagusira, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalera, Nafarroako Hondakinen Partzuergora eta Iruñerriko Mankomunitatera.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko azaroaren 26an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

DATA

AURKEZLEA

ALEGAZIO ZENBAKIA

AGIRIA

DESKRIBAPENA

ONETSI/EZETSI

JUSTIFIKAZIOA

2021/11/17

Iruñerriko Mankomunitatea

1

Urteko / urte anitzeko dirulaguntza

Zenbait ekarpen:

1.1

Ez gaude ados Ekonomia Zirkularreko eta Aldaketa Klimatikoko zerbitzuen hondakinen atalak proposatutako dirulaguntzen bi deialdietako 8 oinarriekin, ez baitute islatzen 2017/2027 Nafarroako Hondakinen Planeko helburuentzat zer nolako pisua duten Iruñerriko etxeetako hondakinak kudeatzeko eskumena duen toki entitate horren ekarpenek. d) irizpidea, prebentzioaren adierazleak jasotako balioen arabera: “Adierazle horren bidez gero eta hondakin gutxiago sortzen ari denari puntuak ematen zaizkio. Per capita sorkuntzak (kilogramoak biztanleko eta urteko) izandako murrizketaren ehunekoa kalkulatzen den gisan kalkulatzen da, inbentario baliozkotuak dituzten aurreko bi urteetan”. Etxeko hondakinen eta hondakin komertzialen inbentarioan, hondakinen prebentzioari buruzko datuak jasotzen dira, nahiz eta prebentzio adierazlea ez den balio horren bidez lortzen, toki entitate bakoitzaren hondakinen per capita sorkuntza balioaren bidez baizik. Azken horri mankomunitate bakoitzak egindako jarduketen bidez lortutako murrizketez gain, beste faktore batzuek ere eragiten diote. IM/IZSAk egindako ekarpen garbia erkidegoko handiena da, baina erabili den adierazleak ez du hala baloratzen, eskuratzen ahal diren 20 puntuetatik bat besterik ez baitu lortu. Materialak jasotzeko balioei dagokienez, deialdiak puntuazio ezberdina ezartzen du toki entitate bakoitzaren balorizazio ehunekoaren arabera, eta, hala, bat egiten du Nafarroako Gobernuak 2020ko hondakinen inbentario gisa argitaratutako irizpideekin. Ez da ezartzen herritar kopuruko koefizienterik, ezta berreskuratutako tona garbien kopururik ere. Gauzak horrela, IM/IZSAk, beste toki entitate batzuekin alderatuta, puntuazio baxuak eskuratu ditu, Nafarroako guztizko berreskuratzeari tona gehieneko ekarpena egiten dion toki entitatea izan arren.

Onetsia

Deialdiaren 8. oinarriko i) puntuan ezarritako balorizazio adierazleari dagokionez, zeinetan IM/IZSAk 20 puntutik bat besterik ez baitu lortu, eta irizpide horrekiko beste mankomunitateen kasuak aztertu ondotik, erabaki da balorizazio adierazlea ezabatzea dirulaguntza emateko balorazio irizpideen artetik. Hala ere, mankomunitateko ekintzek eragin zuzena izan dezaten, adierazle horren ordez gaikako bilketaren adierazle orokor bat ezarriko da, errefusa murrizteagatiko beste bat.

1.2

Gure ustez, entitate hori gaikako bilketaren eta tratamenduaren arloan une honetan egiten ari den ahalegin bereziak errekonozimendua merezi duela; hots, itzultze handiagoa datozen urteetan isuri kanonaren kontzeptuan emandako kopuruan.

Ezetsia

Hondakinen funtsaren zenbatekoa erabili behar da 14/18 Foru Legearen 43. artikuluan ezarritako jarduerak ordaintzeko, betiere guztietan norgehiagoka erabiliz, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezartzen denez. Ez du axola zabortegira bidalitako hondakinen bidez funtsa osatzeko ekarpena zein izan den.

1.3

Proposatzen dugu kanonaren itzulketa entitate bakoitzak egindako ekarpenaren arabera ezartzea, lotura zuzena baitauka entitate bakoitzak behar dituen inbertsioen zenbatekoarekin.

Ezetsia

Aurreko erantzunaren ildoari jarraikiz, aintzat hartu beharra dago deialdietan ezartzen diren inbertsioen xedea dela NHPren eta sektoreko araudiaren helburuak betetzea, batez ere biohondakinei dagokienez. Eta, beraz, TMB instalazio berriak egiteko inbertsioen gisakoek, zeintzuek zuzeneko isurketa saihesten baitute, ez dute lekurik halako deialdietan. Gauza bera gertatzen da lehendik dauden TMB instalazioak hedatzeko inbertsioekin ere, TEEDMren Next Generation funtsak arautzeko oinarrietan ezarritako irizpideekin bat eginez.

2021/11/10

Nafarroako Hondakinen Partzuergoa

2

Urteko / urte anitzeko dirulaguntza

Zenbait ekarpen:

2.1

Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak uste du etxeko hondakinen fluxuari buruzko txostena behar duten dirulaguntzen oinarri arautzaileetan dirulaguntza jasotzen ahal duten entitateen artean sartu behar dela, (nola urteko deialdian hala urte anitzeko deialdian).

Onetsia

Behin zerbitzu juridikoaren kontsulta eginik, honakoa adierazi dute: “Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari dagokio zehaztea partzuergoa toki entitatea dela. Zerbitzu horrek adierazi badu partzuergoa toki entitatea dela, hark posible izanen du hondakinei dagozkien toki entitateentzako dirulaguntza deialdietan onuradun izatea”.

2.2

Deialdi horietan partzuergoak aurkezten ahal dituen proiektuak baloratzeko sistema gisa, Ingurumen Departamentuari proposatzen zaio mankomunitateek eta partzuergo entitate guztiek lortutako emaitza guztiak erabiltzea.

Hein batean onetsia

Diruz lagundutako jarduera eginen den mankomunitateetako puntuak zenbatuko dira.

3

Foru agindua

Partzuergoa etxeko hondakinen fluxuaren deialdietako dirulaguntzen onuradun izateko aukera duen entitatetzat har dadin aurrez azaldutakoari uko egin gabe, adierazi nahi dugu ulertzen dugula partzuergoa hartzen ahal dela, halaber, funtsaren banaketa atalean finantzatzen ahal den entitate gisa. Atal hori jarduera orokorrak eta ingurumen larrialdiko jarduketak finantzatzeko erabiltzen da.

Ezetsia

Jarduketa orokorrak eta ingurumen larrialdiko jarduketak Foru Komunitatearen eremu osoan egin beharreko jarduketetara bideratu behar dira. Horregatik, ingurumen arloko eskumenak dituen departamentuak baino ezin ditu kudeatu, 49/2020 Foru Dekretuaren 7.2 artikuluak ezartzen duen gisan. “Jarduketa orokorrak eta ingurumen larrialdiko jarduketak hondakinen fluxuen kargura eginen dira, jarduketaren xede diren hondakinen izaera kontuan hartuta. Ingurumen larrialdiko jarduketetarako eta jarduketa orokorretarako zenbatekoak ingurumen alorrean eskumenak dituen departamentuak ezarriko ditu, 5. artikuluan aurreikusitakoarekin bat”. Hala ere, Hondakinen Prebentzioko Bulegoaren funtzioei lotutako jarduketa orokorrak bulegoaren hitzarmena sinatzen duten beste guztiekin ere partekatzen dira.

2021/11/18

4

Urte anitzeko dirulaguntza

Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak uste du urte anitzeko dirulaguntzen deialdian sartzen diren proiektuak gauzatzeko epea luzatu egin behar dela, gutxienez, 2024ko abenduaren 31 arte; eta, ondorioz, inbertsioa justifikatzeko epea 2025eko martxoaren 31ra artekoa izan dadin proposatzen da.

Ezetsia

Zenbait proiektu diruz laguntzea aurreikusirik dago, eta aurrekontuan daukagun kreditua aintzat hartuta, ezin da proiektuak gauzatzeko epea hainbeste luzatu. Izan ere, ekitaldi bakoitzean eskaini ahal izanen diren kopuruak nahiko murritzak izanen baitira.

Izarbeibar

5

Partzuergoak eginiko proposamenean honako ekarpen hauek bildu dira:

5.1

Urteko dirulaguntza

8. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Gure aburuz, ez da bidezkoa adierazle hori txertatzea, balorizazio balorea hobetzea ez baitago mankomunitateen esku bakarrik, hondakinak bidaltzen diren azken tratamenduko instalazioen esku ere badago.

Onetsia

Adierazle hori ezabatu egiten da, hain zuzen ere, ez baitzaio zuzenean lotzen mankomunitatearen jarduerari; aitzitik, tratamendu instalazioen efizientziaren mende dago. Hala ere, mankomunitateko ekintzek eragin zuzena izan dezaten, adierazle horren ordez gaikako bilketaren adierazle orokor bat ezarriko da, errefusa murrizteagatiko beste bat.

5.2

Urte anitzeko dirulaguntza

4. Biohondakinak biltzeko kamioiak erostea.

5.2.1

2. oinarriaren 4. apartatuari buruz ari dela ulertzen dugu, ez zazpigarren apartatuari buruz.

Onetsia

Hala da; akats tipografiko bat da. Zuzendu egiten da.

5.2.2

Bestalde, zalantza bat dugu kamioiaren erabilerari eta diruz laguntzen ahal den alderdiari dagokionez. Gure mankomunitatean –entitate txiki bat da–, gaur egun astean hiru egunetan biltzen dira biohondakinak (astelehen, asteazken eta ostiraletan), eta, beraz, kamioi horrek biohondakinen % 100 biltzeko balioko luke. Hala ere, kamioi hori erabiltzen ahal da astearte eta ostegunetan ontziak edo papera eta kartoia biltzeko, adibidez? Kasu horretan dirulaguntza murriztu eginen litzateke? Eskuragarri dauzkagun elementuen erabilera optimizatu egin behar dela uste dugu, are gehiago mankomunitate txikien kasuan, baliabideak oso mugatuak eta urriak baitira.

Ezetsia

Funtsa banatzeko irizpideak urtero egiten den txostenean oinarrituta daude; bertan, egungo egoera zein den jasotzen da eta hurrengo ekitaldirako helburuak ezartzen dira. Hori guztia lortutako emaitzekin eta 2017-2027 NHP zein sektoreko araudian aurreikusitako helburuekin bat. Hizpide dugun kasuan, ezarritako helburua da materia organikoaren gaikako bilketa eta tratamendua sustatzea, 2027an hondakin horien % 70 bildu dadin (2020an % 38 besterik ez da). Helburu garrantzitsu horrek eskatzen du lehentasuna ematea biohondakinen fluxura bideratutako inbertsioei. Gauzak horrela eta eskuragarri dagoen aurrekontua zein den jakinik, BBZOen (Bereizitako Bilketaren Zati Organikoa) gaikako bilketa egiteko ibilgailuak bakarrik finantzatuko dira, osorik edo partzialki.

5.3

Urte anitzeko dirulaguntza

8. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Gure aburuz, ez da bidezkoa adierazle hori txertatzea, balorizazio balorea hobetzea ez baitago mankomunitateen esku bakarrik, hondakinak bidaltzen diren azken tratamenduko instalazioen esku ere badago.

Onetsia

Adierazle hori ezabatu egiten da, hain zuzen ere, ez baitzaio zuzenean lotzen mankomunitatearen jarduerari; aitzitik, tratamendu instalazioen efizientziaren mende dago. Hala ere, mankomunitateko ekintzek eragin zuzena izan dezaten, adierazle horren ordez gaikako bilketaren adierazle orokor bat ezarriko da, errefusa murrizteagatiko beste bat.

5.4

Urte anitzeko dirulaguntza

9. oinarria. Dirulaguntza ematen da eta 10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea

Puntu horretan ulertzen dugunaren arabera, kamioi bat esleitzeko plegua, esaterako, EZIN izanen da hasi dirulaguntza emateko ebazpena BAINO LEHEN, zeina 9. oinarriaren arabera, eskaria egiten denetik hiru hilabete arteko epean eman baitateke. Kamioien entrega epea, gutxi gorabehera, zortzi hilabeteren bueltan ibiliko da une honetan, COVIDak eragindako material horniduraren arazoa tarteko; eta horri ebazpenen epea gehitzen bazaio are gehiago. Ez al dago aukerarik kamioien esleipen prozesua data hori baino lehen has dadin? 2021eko azaroaren 16tik aurrera, esaterako, hondakinen funtsaren beste oinarri batzuekin egiten den gisan. Hala egin ezean, data horiek ikusirik, ez genuke kamioirik izanen 2023ra arte (hori dirulaguntza jasotzen badugu).

Ezetsia

COVID-19ak eragindako salbuespen egoera onartuta eta mundu mailako hornidura arazoak ikusirik ere, uste dugu deialdi hau 2021ekoa egin den datak baino lehenago aterako dela, eta horrek ahalbidetu eginen duela inbertsioaren entrega epea aurreikusitako amaiera data (2023/12/31) baino lehen betetzea.

5.5

Urte anitzeko dirulaguntza

NON SARTZEN AHAL DIRA BIRZIKLATZEKO ETXOLATXOAK?

Ezetsia

Halako inbertsiorik ez dago aurreikusita, EEM-Ministerioaren dirulaguntzetan txertatuta baitaude.

Bortziriak

6

Partzuergoak eginiko proposamenean honako ekarpen hauek bildu dira:

6.1

Urteko dirulaguntza

Egiten ahal diren inbertsio asko urte anitzeko dirulaguntza deialdian sartuta daude. Ez dakigu arrazoia zein den, baina mankomunitate honen iritziz, edukiontziak hobeki zeuden urteko dirulaguntzen deialdian, komenigarria baita aldian-aldian erostea, beti eskuragarri izateko.

Ezetsia

Urte anitzeko dirulaguntzak urtero deituko dira, eta, beraz, inbertsio horiek egin beharra dagoela ikusten bada, aintzat hartuko dira.

6.2

Urte anitzeko dirulaguntza

Finantzaketaren xede diren proiektuak hasiko dira dirulaguntza eman dela jakinarazten den egunetik aurrera, eta gauzatzeko epea 2023ko abenduaren 31n bukatuko da. Ez al da posible 2022ko urtarrilaren 1ean hastea?

Ezetsia

Ezin da dirulaguntza eman baino lehenago hasten diren epe luzerako inbertsiorik finantzatu.

6.3

Urte anitzeko dirulaguntza

Deialdien argitalpena aurreratzea. Deialdien argitalpena aurreratzea. Bestalde, joan den urtean, uztailean argitaratu ziren oinarriak. Inbertsioen urteko plangintzan, oso berandu da hori. Gainera, hilabete hori oso korapilatsua da izapideak egiteko. Izan ere, langileek udako oporrak hartzen dituzte garai horretan, eta horrek eskabideak aurkeztu ezin izatea eragiten du, langileak oporretan daudelako edo oporretan dauden lankideen hutsunea betetzen ari direlako.

Hein batean onetsia

Ahalegina eginen dugu epe hori mozteko, baina faktore askok eragiten dute horretan. Dena dela, azpimarratu beharra dago, aurretiaz egiten den kontsultan oinarri arauemaileak ematen direla, eta kudeaketa horiek aurreratzen ahal direla, oinarriak argitaratzen direnean (azaroan bidalitakoekiko aldaketa txikiren batekin) egin daitezkeen izapide guztiak martxan jarri ahal izateko.

6.4

Urte anitzeko dirulaguntza

Akatsa: Bestalde, oinarrien idazketan eginiko akats bat dirudiena aipatzen da: “e) 2. oinarriaren zazpigarren apartatuko inbertsioak dauzkaten eskarientzat, ziurtatu beharko da...”

Onetsia

Bai, akats bat da.

6.5

Urteko / urte anitzeko dirulaguntza

Deialdien ebazpenak emateko epeak murriztea.

Ezetsia

Adierazitako epea kontu juridiko bat da, eta ez du mugatzen, inolaz ere, deialdiak ahalik eta azkarren ebazten saiatzea.

Ezka-Zaraitzu

7

Partzuergoak eginiko proposamenean honako ekarpen hauek bildu dira:

7.1

Kamioen dirulaguntza edozein hondakin motara zabaltzea proposatzen da, ez materia organikora soilik. Entitate txikien kasuan, bereziki.

Ezetsia

Materia organikorako izanen da soilik, horretan bete behar baitira 2017-2027 NHPan eta sektoreko araudian aurreikusitako helburuak. Aurreko atal batean adierazi den gisan, ezarritako helburua materia organikoaren gaikako bilketa eta tratamendua sustatzea, 2027an hondakin horien % 70 bildu dadin (2020an % 38 besterik ez da). Helburu garrantzitsu horrek eskatzen du lehentasuna ematea biohondakinen fluxura bideratutako inbertsioei.

7.2

Aurreko guztietan egin den gisan, epeen gaia errepikatzen du, baita deialdiak lehenago onartu eta argitaratzeko beharra ere. Hala egiten ez bada, ia ezinezkoa da proiektuak epean gauzatzea.

Hein batean onetsia

Eskuragarri dauden baliabide guztiak erabiltzen dira oinarri arautzaileak onartzeko eta dirulaguntzak emateko epeak ahalik eta motzenak izan daitezen.

II. ERANSKINA

2022ko hondakinen funtsa banatzeko irizpideak

2021EKO FUNTSAREN BANAKETA

GUZTIRA (eurotan)

EHUNEKOA

Etxeko hondakinen fluxua.

Gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin lotutako jardueretarako dirulaguntzak, norgehiagokako araubidean

2.740.945

% 53,29

Jarduketa orokorrak eta ingurumen larrialdiko jarduketak

206.308

% 4,01

GUZTIZKO PARTZIALA

2.947.253

% 57,30

Eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen fluxua, eta hondeatutako material naturalak

Dirulaguntzak, norgehiagokako araubidean

629.460

% 12,24

Jarduketa orokorrak eta ingurumen larrialdiko jarduketak

47.379

% 0,92

GUZTIZKO PARTZIALA

676.839

% 13,16

Arriskutsuak ez diren bestelako hondakinen fluxua.

Dirulaguntzak, norgehiagokako araubidean

1.412.840

% 27,47

Jarduketa orokorrak eta ingurumen larrialdiko jarduketak

106.343

% 2,07

GUZTIZKO PARTZIALA

1.519.183

% 29,54

GUZTIRA

5.143.275

Iragarkiaren kodea: F2117041