4. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CABANILLAS

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzeko enplegatuaren lanpostu bat, funtzionario araubidekoa

Alkatetzaren abenduaren 17ko 194/2021 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi ziren, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Cabanillasko Udalaren zerbitzuko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, funtzionario araubidekoa. Hala, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

OINARRIAK

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Cabanillasko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, funtzionario araubidekoa.

1.2. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginean eta Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan D mailari dagokion ordainsaria izanen du lanpostuak, bai eta Cabanillasko Udaleko plantilla organikoan jasotzen diren osagarriak ere, eta Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio.

1.3. Lanaldi osoa bete beharko da, zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.4. Gainditzen dutenekin zerrenda bat eginen da, lehen-lehenik, deialdiko lanpostuak betetzeko, hautatuak diren izangaiek lanpostua betetzen ez duten kasurako; eta, bigarrenik, itxaron zerrenda eratzeko, Udalak etorkizunean aldi baterako kontratuak egin behar dituen kasurako. Halakoetan, hautaprobak gainditu dituzten izangaien arteko puntuazio ordenari hertsiki lotuz eginen da kontratazioa.

1.5. Deialdi honen ondorioz izendatzen diren izangaiek beren mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizun eta lanak eginen dituzte, zehatz-mehatz ez bada ere, honako hauek:

Udalaren egoitzetan, eta horietatik kanpo ere, azpiegituraren mantentze- eta konpontze-lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa eta abar.

Udaleko langileei laguntzea kartelak jartzen eta dokumentuak banatzen.

Udalak programatutako jaiak eta kultura-ekitaldiak prestatzen laguntzea, edo Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan, batez ere herriko kultura-elkarteek prestatutako kultura-ekitaldietan.

Behar denean, lantaldearekin lankidetzan aritzea: jaietan eta ekitaldi publikoetan agertokiak, hesiak eta gainerako tresnak muntatzea eta desmuntatzea, hiri-altzariak, zutoinak, seinaleak, farolak, eserlekuak, iturriak, parkeak eta abar instalatzea eta mantentzea.

Zer zerbitzuri atxikitzen zaion, harexek berezko dituen makina, erreminta eta lanabesak erabiltzea eta haiek mantendu eta konpontzeko lanak egitea.

Udaleko gainerako zerbitzuekin lan egitea, hala eskatzen zaionean.

Bide eta espazio publikoen egoera zuzena berrikustea, baita udal-higiezinen egoera ere, beharrezkoak diren mantentze- eta/edo hobekuntza-lanak proposatuz eta aldiro jakinaraziz udal-azpiegitura, -bulego eta -ekipamenduetan antzemandako akatsak, matxurak eta kalteak, eta, orobat, zerbitzuen hobekuntza sustatzea eta horretan laguntzea, hobekuntza hori lortzen laguntzen duten ekintza eta aldaketa guztiak proposatuz.

Ibilgailuak gidatzea eta obra txiki eta ertainetako makineria maneiatzea.

Uren kontrol analitikoa.

Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak.

Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatzea eta begiratzea, eta ikuskapena egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta ea jasotzen eta betetzen ote den araudia honako hauen gainean: lizentziak eta obrak, eremu publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.

Bere maila eta kategoriaren barnean agintzen zaizkion gainerako lanak.

1.6. Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, izangaietatik bakar batek ere lanpostuan aritzeko behar bezalako jakintza maila, gaitasun edo prestakuntzarik ez duela iritziz gero.

2. oinarria. Izangaien betebeharrak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude. Era berean haien ondorengoek eta ezkontidearenek, legez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) B motako gidabaimena izatea.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.

3. oinarria. Eskaerak aurkeztea.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Cabanillasko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, 30 egun naturaleko epearen barnean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Aipatu eskabideak deialdian I. eranskin gisa argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta horiekin batera aurkeztuko dira honako agiri hauek:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Eskatzen den tituluaren kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Lehiaketaldian izangaiak baliatu nahi dituen merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia kautotuak.

d) Izangaiaren gidabaimenaren kopia; gutxienez B motakoa behar du.

3.2. Minusbaliotasunen bat dutenek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar ditzaketen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, haien beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Cabanillasko Udaleko alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du, bai eta Cabanillasko Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan ere.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzita, Cabanillasko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du, bai eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan ere.

Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria. Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Gustavo Rodríguez Aguado (Cabanillasko Udaleko alkatea).

Ordezkoa: Raquel Paz Aperte (Cabanillasko Udaleko alkateordea).

1. epaimahaikidea: Carlos Carcavilla Rodríguez, udal-lantaldeko arduraduna.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

2. epaimahaikidea: José Ignacio Rodríguez Aguado.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

3. epaimahaikidea: M. Cristina Romero Paz, langileen ordezkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

Idazkaria: María Ortega Aicua, Cabanillasko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da, eta gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emango diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria. Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizioa. Ondotik, epaimahaiak behar den garaian emanen ditu argitara gainerako proben iragarkiak, Cabanillasko Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.

6.3. Oposizio-lehiaketan, gehienez, 100 puntu eskuratzen ahalko dira osotara; haietarik, 10 puntu lehiaketaldiari dagozkio eta 90 puntu oposizioaldiari.

7. oinarria. Oposizioaldia.

7.1. Oposizioan 90 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa (baztertzailea). Lanpostuarekin zerikusia duen test bat egin beharko da, III. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoa. Ariketa honetan gehienez ere 35 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 17,50 puntu erdietsi behar dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak.

–Bigarren ariketa: praktikoa (baztertzailea). Lanpostuarekin zerikusia duen proba praktiko bat egin beharko da, III. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoa. Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 20 puntu erdietsi behar dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak.

–Hirugarren proba: Proba psikoteknikoak egin beharko dira, neurtzeko izangaiak noraino egokitzen zaizkien lanposturako zehazturiko ezaugarri profesiografikoaren eskakizunei.

Proba hauek eginen dituzte Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Proba psikoteknikoei gehienez 15 puntu emanen zaizkie, eta ez dira baztertzaileak izanen.

7.2. Oposizioaldiko ariketa bakoitza burututakoan, azterketa gainditu duten izangaien eta haien kalifikazioen zerrenda argitara emanen du epaimahaiak, Cabanillasko Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan. Halaber, hurrengo ariketa noiz eta non eginen den zehaztuko da.

Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala edo, bestela, izangaiaren nazionalitatea eta nortasun datuak frogatzen dituen beste agiri baliokideren bat aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

8. oinarria. Lehiaketaldia.

8.1. Lehiaketaldian, 10 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

Behin oposizioaldia bukatuta, probak gainditu dituzten izangaiek alegatutako merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, II. eranskineko merezimenduen baremoari jarraikiz.

Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egitean aurkeztu eta egiaztatu beharko dira merezimendu guztiak. Agiri horiek jatorrizkoak edo behar bezala egiaztatuak izan beharko dute, bestela aurkeztu gabetzat joko dira.

9. oinarria. Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututa eta lehiaketaldiko balorazioa eginda, probak gainditu dituztenen zerrenda eginen du epaimahaiak, puntuazio handienetik txikienerako hurrenkeran antolatua, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratako puntuazioak batuta. Zerrenda Cabanillasko Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko da.

9.2. Epaimahaiak puntuazio handiena atera duen izangaia izendatzeko proposamen loteslea eginen dio alkateari. Proposamen hori argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Cabanillasko Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hamabost egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Udalaren Erregistro Orokorrean:

1.–Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin, eta karguari dagozkion beharkizunak zuzen beteko dituela.

2.–Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik, eta ez dela bereizia izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

3.–Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena. Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatzen badu, egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana, non azalduko baitute bateragarriak direla hura eta deialdi honetako xede den lanpostua.

9.4. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaturiko izangaiak ez baditu aurkezten aipatu agiri horiek, ezin izanen da izendatu eta, beraz, bere jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, galarazi gabe deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik legokiokeen erantzunbeharra.

9.5. Aitzineko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, epaimahaiburuak hutsunea beteko du gainditu dutenen zerrendan, 9.1 oinarrian aipatzen den horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin. Harekin ere aurreko apartatuetan adierazi den bezalaxe jokatuko da.

10. oinarria. Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Hautapen prozesua bukaturik, eta izangaiak aurreko 9.3 oinarrian aipatutako agiriak aurkezturik, proposatutako izangaiak Cabanillasko Udaleko zerbitzu anitzetako funtzionario izendatuko du Alkatetzak.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Ezinbesteko kasuetan salbu, epe horretan jabetzarik hartzen ez bada, izendapenak lekarzkeen eskubide guztiak galduko dira, 9.4 oinarrian ezarritako moduan eta ondorio berekin. Halakorik gertatzen bada, 9.5 oinarrian xedatuari jarraituko zaio.

11. araua. Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin bat etorriz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra edo DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Cabanillasko Udala da.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zein helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo webgunearen bitartez, non informazio gehiago baitago eskura:

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

12. oinarria. Baliabideak.

Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat jartzen ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Gainera, kalifikazio epaimahaiaren erabakien kontra, posible da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Cabanillasko Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Cabanillasen, 2021eko abenduaren 22an.–Alkatea, Gustavo Rodríguez Aguado.

I. eranskina.–Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

Administrazio publiko batean lan egiteagatik, deialdiko lanpostuaren antzekoetan (oinarri hauetako 1.5 apartatuan espresuki aipatu diren eginkizunetako edozein eginez), betiere, hori frogatuko da kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiri baten bidez: 1 puntu urte oso bakoitzeko, eta, zati bakoitzeko, araberan.

Enpresa pribatuetan lan egiteagatik, deialdiko lanpostuaren antzekoetan (1.5 oinarrian espresuki aipatu diren eginkizunetako edozein eginez), baldin eta kasuan kasuko ziurtagiriaren bidez frogatzen bada: 0,5 puntu urte oso bakoitzeko, eta, zati bakoitzeko, araberan.

Apartatu honetan 0,5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten prestakuntza-ikastaroak egiteagatik, eta edukitzeagatik lanpostuarekin zerikusia duten LH2, gradu ertaina edo haren baliokidea den titulazioa, irizpide hauen arabera ateratzen diren puntuazioak emanen dira:

–Goi mailako gradua, LH2 edo baliokidea: espezialitate bakoitzeko puntu bat.

–Erdi mailako gradua, LH1 edo baliokidea: espezialitate bakoitzeko puntu bat.

–50 ordu bitarteko ikastaroak: ikastaro bakoitzeko 0,5 puntu.

–50 ordutik 100 ordura bitarteko ikastaroak, edo ordu gehiagokoak: ikastaro bakoitzeko puntu bat.

Goi mailako graduak edo baliokideak baztertu egiten du espezialitate bereko erdi mailako gradua edo baliokidea.

Ez dira baloratuko iraupen orduak zehaztuta ez dituzten ikastaroak.

Apartatu honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

Merezimendu guztiak agiri bidez eta egiaztatzeko moduan frogatu behar dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu aurkeztu gabeko edo agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik.

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. Cabanillas.

1.–Cabanillasko udalerriari buruzko kultura orokorra.

2.–Cabanillasko udalerria: kaleak, auzoak, alderdiak, errepideak eta abar.

3.–Cabanillasko udal instalazioak, eraikinak eta zerbitzuak, industria- eta abeltzaintza-eremuak.

4.–Cabanillasko Udala. Udal antolaketa. Osaera. Osoko Bilkura. Alkatea. Bilkuren araubidea.

5.–Hizkuntza eta ortografia, eskatzen den titulazioaren mailakoa.

6.–Informatika: Word eta Excel erabiltzaile mailan.

7.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionarioak.

8.–Elektrizitateko oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, aizturrak, aliketak, giltza motak, zerrak, eskuko daratulua...).

9.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala.

10.–Ohiko argien eta fluoreszenteen zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

11.–Iturgintzako oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea.

12.–Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai nagusiak.

13.–Zurgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta osagarriak: lixak, kolak...).

14.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, bonbinak eta pertsianak.

15.–Barruko instalazioak. Bulego bateko oinarrizko instalazioak (koadroa, kanalizazioak, eroaleak eta mekanismoak).

16.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: L2118026