4. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

552/2021 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, proba libreetarako deialdia egiten duena 18 urtetik gorako pertsonek 2022. urtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskura dezaten Nafarroako Foru Komunitatean.

Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena eman du. Ebazpenaren helburua da 2022. urtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba libreetarako deialdia egitea eta probak egiteko jarraibideak ematea.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak egindako aldaketaren ondoren, helduen hezkuntzari eskaintzen dio I. tituluaren IX. kapitulua, eta 68.2 artikuluan ahalmena ematen die hezkuntza administrazioei, nork bere eskumenen esparruan, 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko probak antolatzeko aldian behin.

Deialdia indarreko araudian ezarritakoaren arabera egin behar da, bereziki, hurrengo xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz:

–24/2015 Foru Dekretua, apirilaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena. Haren bosgarren xedapen gehigarriak adierazten du pertsona helduek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzen ahalko dutela Hezkuntza Departamentuak antolatzen dituen probak gainditzen badituzte.

–562/2017 Errege Dekretua, ekainaren 2koa, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko graduatu tituluak lortzeko baldintzak arautzen dituena. Azken xedapenetako lehenbizikoan adierazten du 18 urtetik gorako pertsonek zuzenean eskuratzen ahalko dutela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen hiru jakintza esparruetan oinarritzen diren eta hezkuntza administrazioek antolaturiko proben bidez.

–3/2010 Foru Agindua, urtarrilaren 14koa, Nafarroako Foru Komunitatean hemezortzi urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba libreak arautzen dituena.

–10/2018 Foru Agindua, urtarrilaren 25ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena.

–984/2021 Errege Dekretua, azaroaren 16koa, Lehen Hezkuntzako ebaluazioa eta promozioa arautzen dituena, bai eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ebaluazioa, promozioa eta titulazioa ere.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek prozesuaren inprimakietan ematen dituzten datuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak tratatuko ditu, estatistika aldetik erabiltzeko eta prozedura honen ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko.

Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabiltzen ahalko dira Hezkuntza Departamentuko Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Horrenbestez, erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua eskuratzeko 2022. urtean eginen diren proba libreen bi deialdiak onestea.

2. Jarraibideak ematea, ebazpen honen eranskinetan xedatutakoarekin bat, deialdia egiteko eta proba horiek gauzatzeko.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, argitara daitezen, eta, orobat, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora, Eskolatze Bulegora eta “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2021eko abenduaren 13an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Jarraibideak, 18 urtetik gorako pertsonek 2022. urtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba libreetarako deialdia egiteko eta proba horiek gauzatzeko.

1. Betebeharrak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean lortzeko proba libreetan parte hartzen ahalko dute 2022. urtean hemezortzi urtetik gorakoak diren pertsonek edo urte horretan adin hori betetzen dutenek.

Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ofizialki egiteko matrikulatutako pertsonek, proba libreetan izena eman nahi badute, ikasketa haietako matrikulari uko egin beharko diote abenduaren 24a baino lehen, otsaileko deialdian parte hartu nahi badute, eta apirilaren 19a baino lehen, ekaineko deialdian parte hartu nahi badute.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulaturik dauden pertsonek ez dute zilegi izena ematea proba libreak egiteko.

Probak egiteko, beren nortasuna frogatzeko eskatuko zaie izangaiei, NANa, atzerritarren identifikazio zenbakia (AIZ) edo pasaportea aurkeztuz.

2. Probak egiteko eguna eta tokia.

Probak otsailaren 2an (1. deialdia) eta ekainaren 2an (2. deialdia) eginen dira.

Probak “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan (NHBHI) eginen dira (Bartolomé de Carranza kalea 5, Iruña).

Hezkuntza Departamentuak probak egiteko erraztasunak emanen dizkie inskribatutako presoei eta soldadu kuarteleratuei, aipatutako ikastetxera joateko zailtasun handiak baitituzte. Kasu horietan, departamentuko teknikari bat kartzelara edo kuartelera joanen da, ariketak eramanen ditu, ezarritako egun eta orduetan, eta behar bezala egin daitezen arduratuko da. Probak bukatutakoan, gutun-azal batean sartuko ditu eta epaimahaiburuari emanen dizkio.

3. Proba egiteko inskripzioa.

3.1. Alderdi orokorrak.

Otsaileko deialdirako izena emateko epea urtarrilaren 10etik 18ra artekoa izanen da, bi egunak barne. Ekaineko deialdirako, berriz, maiatzaren 11tik 18ra artekoa izanen da, biak barne.

Inskripzioak Iruñeko “Félix Urabayen” NHBHIko Idazkaritzan formalizatuko dira, Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak arautu zuen).

Inskripzio-orria ebazpen honen II. eranskinean ageri den ereduaren araberakoa izanen da. Horrekin batera, agiri hauen fotokopia aurkeztuko da:

–NANa, AIZa edo pasaportea.

–Ikasketen ziurtagiria, hiru jakintza esparruetakoren batetik salbuetsia izan nahi dutenen kasuan, urtarrilaren 14ko 3/2010 Foru Aginduaren eranskinaren arabera.

–Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzetako matrikulari uko egin izanaren justifikazioa, irakaskuntza horiek egiten ari baldin bada.

–Minusbalioaren ziurtagiria, izangaiak egokitzapen neurriren bat behar baldin badu.

Aurreko puntuan adierazten diren egiaztagirien fotokopiak aurkeztu dituzten pertsonek jatorrizko egiaztagiriekin agertu beharko dute probetara, epaimahaiak, egiazta dezan, egokitzat jotzen badu, aurkeztutako kopiekin bat datozela.

Proba libreko ariketak gaztelaniaz edo euskaraz egin daitezke, izangaiak nahi bezala. Horretarako, inskripzio fitxan, aukeratzen den hizkuntza adieraziko da.

Komunikazioaren esparruko ariketak egiteko, ezin izanen da erabili gaztelaniazko edo euskarazko hiztegirik, ez eta atzerriko hizkuntzen hiztegirik ere. Zilegi izanen da oinarrizko kalkulagailu programaezina erabiltzea zientzia eta teknologiaren esparruko ariketetan. Atzerriko hizkuntzaren ariketa frantsesez edo ingelesez egiten ahalko da, izangaiak hala nahi badu. Horretarako, inskripzio fitxan, aukeratzen den hizkuntza adieraziko da.

Ez da zilegi sakelako telefonoa erabiltzea ezein ariketatan.

3.2. Proba librean inskribatzen diren pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

Behin-behineko zerrendak urtarrilaren 21ean (1. deialdiarena) eta maiatzaren 23an (2. deialdiarena) argitaratuko dira, “Félix Urabayen” NHBHIko iragarki-taulan eta tramiteen katalogoko “2022an DBHko graduatu titulua eskuratzeko probak” izeneko fitxan; www.nafarroa.eus atarian sartuta ikusten ahal da fitxa hori.

Zerrenda horietan adieraziko da inskribatu diren eskatzaileen artean zein onartu diren proba egiteko eta zein baztertu, baztertzeko arrazoiak adierazita. Zerrenda horietan, gainera, salbuetsia(k) d(it)u(z)ten jakintza esparrua(k) adieraziko d(ir)a, bai eta izangai batzuek probak egiteko eskaturiko egokitzapenak ere.

Izangaiek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren kontra, urtarrilaren 24an eta 27an (1. deialdian) eta maiatzaren 24an eta 27an (2. deialdian). Alegazioen idazkia III. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, eta ikastetxeko zuzendariari zuzenduko zaio. Erreklamazio horiek ikastetxeko Idazkaritzan aurkezten ahalko dira edo f.urabayen@educacion.navarra.es posta elektronikoaren bidez igortzen ahalko dira.

Behin betiko zerrendak urtarrilaren 28an (1. deialdiarena) eta maiatzaren 30ean (2. deialdiarena) argitaratuko dira, Félix Urabayen NHBHIko iragarki-taulan eta tramiteen katalogoko “2022an DBHko graduatu titulua eskuratzeko probak” izeneko fitxan; www.nafarroa.eus atarian sartuta ikusten ahal da fitxa hori.

Jakintza esparru bateko azterketak egitetik salbuesteko baliokidetasun irizpideak aplikatzearen ondorioz, matrikulatutako pertsonaren batek proba libreetako hiru jakintza esparruak gaindituak baldin baditu, azterketa egiteko finkatutako egunean eta orduan agertu beharko du. Hala, epaimahaiak izangaiei deitzeko ekitaldian jakinaraziko zaio ez duela probako ariketa bat bera ere egin beharrik, eta aktan jasoko da aurkezten dituen egiaztagirietako kalifikazioekin, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua emateko proposamenean ere agertuko da.

4. Probaren alderdi orokorrak.

4.1. Probak prestatzea.

Urtarrilaren 14ko 3/2010 Foru Aginduaren 5.4 artikuluarekin bat, jakintza esparru bakoitzeko ariketak prestatzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. “Félix Urabayen” NHBHIaren esku uzten da 2022ko bi deialdietako ariketak erredaktatzea. Inplikatzen diren pertsonek konfidentzialtasunez jokatuko dute uneoro. “Félix Urabayen” NHBHIak Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari bidaliko dizkio prestatutako ariketak, gainbegira ditzan.

4.2. Epaimahaia.

Proba libre hau baloratzeko epaimahaian mahaiburu bat eta lau mahaikide izanen dira. Azken horietako bat idazkari arituko da. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu, “Félix Urabayen” NHBHIko zuzendariak proposaturik. Proposatutakoak ikastetxe horretan ari diren Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegoko edo irakasleen kidegoko irakasleak izanen dira. Horiekin batera, bost ordezko ere izendatuko dira. Epaimahaiak, bere ebaluazio lana ongi egiteko, zilegi izanen du aholkularien laguntza eskatzea, hala behar dela iruditzen bazaio.

Epaimahaia osatzean, Helduentzako Bigarren Hezkuntzako hiru esparruetatik gutxienez irakasle bana egon dadila bermatuko da.

2022. urteko bi deialdietan, hots, otsailekoan eta ekainekoan, epaimahai bera arituko da. Deialdiren batean 150 izangaik baino gehiagok ematen badute izena, bigarren epaimahaia izendatzen ahalko da.

Bi deialdi horietako batean epaimahai bat baino gehiago baldin badago, probak izangai guztientzat berdinak izanen dira, kontuan hartu gabe zer epaimahairi dagozkion, eta aldi berean eginen dira, egun bakar batean, goizez eta arratsaldez.

Epaimahaian parte hartzen duten irakasleek konpentsazio ekonomiko bat jasoko dute proba libreetako ebaluazio ariketak prestatzeagatik.

5. Probaren egitura, egiteko modua, ebaluazioa eta kalifikazioa, emaitzen argitalpena, erreklamazioak eta dokumentazioa.

Proba librearen helburua da 18 urtetik gorako pertsonei aukera ematea gure hezkuntza sistemako oinarrizko titulazioa zuzenean lortzeko, baldin eta erakusten badute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren helburuak eta behar diren gaitasunen eskuratze-maila egokia lortu dituztela.

5.1. Probaren egitura.

Proba libreek hiru zati izanen dituzte, hots, Helduentzako Bigarren Hezkuntzako hiru jakintza esparruetako bakoitzerako bat: komunikazioa; zientzia eta teknologia; eta gizarte gaiak.

Hiru jakintza esparruetako ariketek urtarrilaren 25eko 10/2018 Foru Aginduaren I. eranskinean agertzen den curriculuma izanen dute oinarri. Agindu horren bidez, Helduentzako Bigarren Hezkuntza irakaskuntzen curriculuma ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean.

Komunikazioaren esparruari dagokion zatiak ariketa hauek izanen ditu:

–Gaztelania: Gaztelaniaren moduluei buruzko edukiak izanen ditu.

–Euskara (proba euskaraz egiten dutenentzat bakarrik): Euskararen moduluei buruzko edukiak izanen ditu.

–Atzerriko Hizkuntza: Atzerriko Hizkuntzaren moduluei buruzko edukiak izanen ditu. Izangaiek Frantsesa edo Ingelesa aukeratzen ahalko dute.

Zientzia eta Teknologiaren esparruko ariketek Matematika-Teknologia eta Natura eta Osasuna moduluetako edukiak izanen dituzte.

Gizarte gaien esparruko ariketen erreferentzia Gizartea moduluetako edukiak izanen dira.

Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu eta behar diren baliabide teknikoak eta langileak jarriko ditu inskribatzeko unean desgaitasunen bat dutela agiri bidez egiaztatzen duten pertsonek probak baldintzarik egokienetan egin ditzaten.

5.2. Ariketak egiteko denbora.

Ariketak egun bakarrean eginen dira, goizez eta arratsaldez.

Otsaileko deialdian, goizeko saioa 10:00etan hasiko da, eta esparru zientifiko-teknologikoko ariketa egiteko izanen da. Ariketa horrek 3 ordu iraunen du gehienez.

Arratsaldeko saioa 16:00etan hasiko da, eta komunikazioaren eta gizartearen esparruetako ariketak egiteko izanen da. 3 ordu erabiliko dira gehienez: bi ordu hizkuntzaren esparruko ariketa egiteko, eta ordu bat gizartearen esparruko ariketa egiteko. Saio horrek 3 ordu iraunen du gehienez.

Ekaineko deialdian, goizeko saioa 10:00etan hasiko da, eta komunikazioaren eta gizartearen esparruetako ariketak egiteko izanen da. 3 ordu erabiliko dira gehienez: bi ordu hizkuntzaren esparruko ariketa egiteko, eta ordu bat gizartearen esparruko ariketa egiteko. Saio horrek 3 ordu iraunen du gehienez.

Arratsaldeko saioa 16:00etan hasiko da, eta esparru zientifiko-teknologikoko ariketa egiteko izanen da. Ariketa horrek 3 ordu iraunen du gehienez.

5.3. Kalifikazioa.

Probaren kalifikazioa orokorra izanen da hura osatzen duten hiru esparruetako bakoitzean. Emaitzak honela jasoko dira: Gutxiegi (G), Nahikoa (N), Ongi (O), Oso ongi (OO) eta Bikain (B). Kalifikazio horrekin batera, batetik hamarrera bitarteko adierazpen zenbakizkoa ere emanen da, dezimalik gabe, baliokidetasun hauen arabera:

–Gutxiegi: 1, 2, 3 edo 4.

–Nahikoa: 5.

–Ongi: 6.

–Oso ongi: 7 edo 8.

–Bikain: 9 edo 10.

Gutxiegi kalifikazioa (G) negatiboa izanen da, eta gainerako laurak positiboak.

Izangaiak salbuetsiak dituen esparruetan Salbuetsia (SALB) adieraziko da, eta horrekin batera agertuko dira salbuespena egitea ahalbidetu duten irakasgaien, esparruen, moduluen edo multzoen batezbesteko aritmetikoaren ondoriozko kalifikazioa eta zenbakizko nota.

Aurreko deialdietan gainditutako esparruak ADG letren bidez adieraziko dira, eta horrekin batera, kalifikazioa eta zenbakizko nota jasoko dira. Gai kalifikazioa Nahikoaren baliokidea izanen da, beharrezkoak diren ondorioetarako.

Komunikazioaren esparruaren kalifikazioa aterako da zatien batezbesteko ponderatua aplikatuz, ehuneko hauen arabera:

–Proba gaztelaniaz egiten bada: Gaztelania %75 eta Atzerriko Hizkuntza %25.

–Proba euskaraz egiten bada: Gaztelania %37,5, Euskara %37,5 eta Atzerriko Hizkuntza %25.

Probaren hiru esparruetako kalifikazioak eman ondoren etaparen oinarrizko gaitasunak eta helburuak lortzen dituzten izangaiek etapa hori gaindituta izanen dute eta Epaimahaiak proposatuko ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua eman dakien.

5.4. Emaitzen argitalpena. Erreklamazioak.

Epaimahaiak aditzera emanen du, ariketak egiten direnean, emaitzak noiz jarriko diren jendaurrean, zein diren erreklamazioak egiteko epeak, eta ziurtagiriak noiz eta nola jasoko diren.

Probak ebaluatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu emaitzak “Félix Urabayen” NHBHIko iragarki-taulan eta tramiteen katalogoko “2022an DBHko graduatu titulua eskuratzeko probak” izeneko fitxan; www.nafarroa.eus atarian sartuta ikusten ahal da fitxa hori.

Proben kalifikazioekin ados ez badaude, izangaiek idatzizko erreklamazioak (III. eranskineko ereduaren arabera) egiten ahalko dizkiote epaimahaiburuari, emaitzak argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun balioduneko epean.

Izangairen bat ez badago ados erreklamazioaren emaitzarekin, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du Hezkuntza Departamentuari zuzendua, hilabete bateko epean.

5.5. Dokumentazioa.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak ebaluazio akta beteko du, ebazpen honen IV. eranskinean agertzen den ereduari jarraikiz, eta jendaurrean jarriko ditu, proben behin betiko emaitzak ezagutzera emateko.

Proben ebaluazio aktak probak egiten diren ikastetxeko idazkaritzan artxibatuko dira.

Epaimahaiak behin-behineko ziurtagiria eginen die proba librea gainditzen duten pertsona guztiei, V. eranskinean agertzen den ereduari jarraikiz.

Proba librea gainditu ez eta, horrenbestez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua jasotzeko proposatu ezin diren izangaiei, jakintza esparruren bat gainditzen baldin badute, gainditu duten esparrua edo esparruak ziurtatzeko agiri bat eginen zaie, lortutako kalifikazioa eta zenbakizko puntuazioa adierazita, VI. eranskinean agertzen den ereduari jarraikiz. Izangaiei kalifikazioak gordeko zaizkie hurrengo deialdietarako, eta Espainiako lurralde osorako balioko dute.

Proba egiten den ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Departamentura igorri beharko du deialdi bakoitzean proba librea gainditzen dutenei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua emateko proposamena.

Ikastetxeak, orobat, deialdi bakoitzeko aktaren kopia bat eta ebazpen honen VII. eranskinean agertzen den emaitzen estatistikarako fitxa igorriko ditu Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora.

Parte-hartzaileek egiten dituzten ariketak ikastetxean artxibatuta gordeko dira 3 hilabetez gutxienez, erreklamazioren bat jartzen denean izan ezik. Kasu horretan, prozesua ebatzi arte gorde beharko dira.

Aurkeztu beharreko agiriak:

Deskargatu II. eranskinetik VII.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2117579