36. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

27E/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, aldatzen duena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak urtarrilaren 3an eman zuen 3E/2022 Ebazpena, zeinaren bidez Nafarroako Berdintasunerako Institutuak elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia onetsi baitzen, LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala sustatu eta bultzatzeko proiektuak gara ditzaten 2022an zehar Nafarroako Foru Komunitatean. DDBN identifikazioa: 604786.

Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuak ezartzen duenez, hari dagokio, besteak beste, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko politikak koordinatzea eta kudeatzea.

LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen xedea da oinarriak, bitartekoak eta neurriak ezartzea eta arautzea LGTBI+ pertsonen eskubideen egiazko berdintasun eraginkorra bermatzeko, eta, horretarako, sexu-joera, genero-adierazpena edota sexu- edo genero-identitatea direla-eta izan daitekeen diskriminazio oro prebenitzea, zuzentzea eta deuseztatzea, Nafarroako Gobernuak eta toki erakundeek eskumena duten esparru publikoetan eta pribatuetan.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, eta LGTBI+ pertsonen herritartasun osoaren garapena lagundu eta bultzatzeko legezko agindua betetzeko, baliabide ekonomikoak bideratzen ditu LGTBI+ pertsonen elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko entitateen arloko gizarte ekintzako proiektuetarako, Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasuna sustatu eta bultzatzeko proiektuak gara ditzaten 2022. urtean.

Berdintasuna eta sexu- zein genero-aniztasunarekiko errespetua sustatzeko ematen diren dirulaguntzak dira; funtsean, LGTBI+ pertsonen berdintasuna eta giza eskubideak lortzera bideratutako jarduketak egiteko dira, sexu-orientazioa, genero-adierazpena eta sexu- edo genero-identitatea edozein delarik ere berdintasuna, askatasuna eta sexu-aniztasunarekiko errespetua lantzen dituzten proiektuak eta jarduerak garatzeari begirakoak.

Aurreko urteetan ere egin da deialdi hau; izan ere, ondoko ibilbidea izan du, baimendutako gastuaz eta emandako zenbatekoez bezainbatean:

BAIMENDUA

EMATEKO PROPOSAMENA

MINORAZIOA

EMANDAKOA

2019

30.000,00

24.889,10

24.889,10

2020

30.000,00

28.897,22

28.897,22

2021

39.000,00

39.722,81

BAI

30.000,00

Erakunde honek informazioa eskuratu du deialdiak aurreko urteetan izan duen gauzatzeari buruz, bai eta onuradun izan daitezkeenengandik ere, eta horren arabera aurreikusi du aurten deialdi honetarako hasiera batean baimendu den zenbatekoa ez dela behar adinakoa izanen 2022ko eskaerei erantzuteko.

Dirulaguntza honen azken helburua behar bezala beteko bada, hots, LGTBI+ pertsonak gizartearen eremu guztietan bultzatu eta ikusarazteko, inolako diskriminaziorik gabe, eta deialdi honen konpromisoei erantzun ahal izateko, beharrezkoa da dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea, LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala sustatu eta bultzatzeko proiektuak gauzatuko direla bermatze aldera; horregatik, ahalik eta onuradun gehienengana iristeko Nafarroako Foru Komunitate osoan, diruz lagundutako proiektuak eta jarduerak babestu behar dira.

Horrenbestez, dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkidate Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak,

EBAZTEN DUT:

1. Aldaketa egitea Nafarroako Foru Komunitatean, 2022. urtean, LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala sustatu eta bultzatzeko proiektuak egiten dituzten elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko deialdian, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak urtarrilaren 3an emandako 3E/2022 Ebazpenaren bidez onetsitakoan. Hona aldaketaren xehetasunak:

1.1. 5.1 oinarria honela geldituko da idatzirik:

1. Deialdi honetarako, 29.000 euro bideratu dira guztira.

Salbuespen gisa, deialdi honetara bideratutako zenbatekoa handitzen ahalko da, 10.000 eurora bitarte handitu ere, aurkezten diren ahal bezain beste eskaerari erantzuteko, deialdian ezarritako berariazko helburuak betetze aldera. Zenbatekoa handitzeko, ebazpena eman beharko du Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak, deialdi berririk egin beharrik gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. 10.000,00 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berri bat hastea ere.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 31n.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.

Iragarkiaren kodea: F2201456