35. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LERIN

Udalaren ordenantza, arautzen duena etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen udal erregistroa. Behin betiko onespena

Leringo Udalak, 2021eko irailaren 29an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lerinen etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen udal erregistroa arautzen duen udal ordenantza; erabakia 242. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2021eko urriaren 19an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen), eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lerinen, 2022ko urtarrilaren 26an.–Alkatea, M.ª Consuelo Ochoa Resano.

LERINEN ETXEBIZITZA ESKATZEN ETA ESKAINTZEN DUTENEN ERREGISTROARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA

1.–Xedea.

Leringo udalerrian etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen erregistro publiko bat sortzea eta horren funtzionamendua arautzea.

Etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenek erregistro horretan izena emateko oinarriak eta prozedura ezartzea, berdintasunaren, publikotasunaren eta lehiaren printzipioak betez.

Etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen erregistro publikoa informazio eguneratua izateko tresna gisa eratzen da, Udalari eta Nafarroako Gobernuari ahalbidetuko diena herriko etxebizitza eta lurzoru politikak udalerrian dauden premietara egokitzea.

2.–Izaera, lurralde eremua, eskumena eta udal kudeaketa.

Etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen erregistro publikoa udalaren titulartasuna duen eta izaera publikoa duen fitxategi bat da, datuak tratatzeko erabiliko dena eta Leringo etxebizitzen eskaintza eta eskaria antolatzen lagunduko duena.

Datu pertsonalen babesari buruzko araudia zorrotz betetzeko egokituko da.

Erregistro horren eremua Leringo udalerriaren eremua da.

Etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen erregistro publikoaren kudeaketa eta administrazioa Leringo Udalari dagozkio.

3.–Erregistroari buruzko erantzukizuna, datuak lortzea eta jakinaraztea.

Etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen erregistro publikoa alkatetzaren eskumena da, baina eskuordetzen ahalko da.

Hauek dira etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen erregistro publikoan tratatzen diren datuak lortzeko bideak: etxebizitza bat eskatzen eta/edo eskaintzen dutenek aurkezten dituzten eskabideak eta jakinarazpenak, sustatzaileek eta/edo jabeek egiten dituzten eskabideak eta jakinarazpenak, eta erregistroak berak ofizioz, beste administrazio batzuen laguntzarekin.

Etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen erregistro publikoko datuak Nafarroako Gobernuaren eskura jartzen ahalko dira, datu base komun bat koordinatzeko, bereziki etxebizitza babestuaren erroldari eta alokairuko etxebizitza poltsari dagokienez. Bi horiek NASUVINSAk kudeatzen ditu.

Eskabideak eta jakinarazpenak euskarri telematikoan edo paperezko euskarrian eginen dira.

Etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen erregistro publikoan erregistratutako datuak Leringo Udaleko etxebizitza politika planifikatzeko eta betearazteko behar direnak izanen dira.

Etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen erregistro publikoan dauden datu ez pertsonalak etxebizitzak sustatzen dituzten erakundeei jakinarazten ahalko zaizkie, baina beren sustapenak dagoen eskaerara egokitzeko soilik.

Etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen erregistro publikoan erregistratzearen ondorioz dauden datuei buruzko ziurtagiri edo egiaztapen frogagarriak eta informazio oharrak Udaleko idazkaritzak emanen ditu edo hark eskuordetutako langileek, betiere hirugarrenen datu pertsonaletan eraginik ez badute.

Etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen erregistro publikoa doakoa da.

4.–Administrazioen arteko lankidetza.

NASUVINSAk kudeatzen dituen etxebizitza babestuaren erroldari eta alokairuko etxebizitzen poltsari dagokienez, udal erregistro honek Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eskura jarriko du, modu iraunkorrean, egindako inskripzioak biltzen dituen datu-basea.

Aurkeztutako inskripzioen eta inskripzio horien bitartez lortutako datuen arabera, udal erregistro honek eskuratzen ahalko ditu Foru eta/edo Estatuko Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eman behar dituzten ziurtagiriak.

Era berean, aurkeztutako inskripzioei dagokienez, udal erregistro honek etxebizitza eskatzen edo eskaintzen dutenen identitatea eta bizilekua, ondasun higiezinen titulartasunari buruz katastroan erregistratutako datuak ez ezik, egindako inskripzioei buruzko beste edozein datu ere egiaztatzen ahalko ditu.

5.–Etxebizitza eskatzen edo eskaintzen dutenen erregistroan inskribatzeko eskaera.

Udalerrian bizi nahi duten pertsona fisiko guztiek, baldin eta adin nagusikoak badira, eskatzen ahalko dute etxebizitzaren eskatzaile gisa inskribatzea etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen Leringo erregistro publikoan. Hainbat pertsonak familia edo bizikidetza unitate bat osatzen badute, eskaera bakar bat aurkeztuko dute eta eskaera hori adin nagusiko guztiek sinatu beharko dute.

Leringo udal mugartean dagoen jabari osoko edozein etxebizitzaren edo oruberen titular diren pertsona fisiko edo juridiko guztiek eskatzen ahalko dute etxebizitza eskaintzen duen pertsona gisa inskribatzea etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen Leringo erregistro publikoan.

Inskribatzeko eskabideak urteko edozein unetan aurkeztuko dira, euskarri telematikoan edo paperezko euskarrian, eta etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen Leringo erregistro publikoan (Leringo udalean dago) edo udalaren web-orrian (www.lerin.es).

Eskabidean argi eta garbi zehaztu beharko da onartzen dela datu pertsonalei emanen zaien erabilera datuak babesteko araudia betez. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, kentzeko eta aurkaratzeko eskubideak udal erregistroaren eskumena duen pertsonak gauzatzen ahalko ditu.

Eskabidea dagokion eredu normalizatuaren bidez aurkeztuko da; bertan, eskatzailearen datuak eta beharrezkoak diren datuak jarriko dira, etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen Leringo erregistro publikoa eratzeko ezarritako helburuetarako:

–Izen-abizenak, edo, behar bada, sozietatearen izena, baita datu pertsonalak edo sozietatearen datuak ere.

–Pertsona fisikoen eskabideen kasuan, familia edo bizikidetza unitatea eratzen dela edo ez egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

–Pertsona juridikoen kasuan, sozietateko kideen erantzukizunpeko adierazpena eta kideen partaidetza kuotak.

–Etxebizitza edo orubea eskatzen duen edo eskaintzen duen pertsona gisa sartuta dagoela egiaztatzen duen dokumentazioa.

–Etxebizitzaren alorreko babes bereziko talde gisa foru araudian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa, hala badagokio.

–Etxebizitza eskatzen dutenen kasuan, eskatzaileek, aurreko ekitaldian, eskaera egin zen egunean, lortutako urteko diru-sarrerak eta beste edozein etxebizitzaren edo oruberen jabari osoko titulartasunaren erantzukizunpeko adierazpena.

–Aukeratu duen eskuratze erregimena: jabetza, alokairua edo erosteko aukeradun alokairua; baita eskatzen duen gelen kopurua eta etxebizitza bere inguruabar pertsonaletara egokitzeko premia ere.

Honako hauek izanen dira inskripzio eskabidea ukatzeko kausak:

–Eskatutako datuak aurkezten ez direnean. Ukapenaren aurretik, antzemandako akatsak jakinaraziko zaizkie eskatzaileei,10 egun balioduneko epean zuzendu ditzaten. Ezarritako epean zuzentzen ez badituzte, eskabidea artxibatu eginen da izapide gehiago egin gabe.

–Eskatzailea etxebizitza eskatzen duen pertsona gisa jada inskribatuta dagoenean, dela modu indibidualean, dela beste familia edo bizikidetza unitate bateko kide gisa. Behar bezala inskribatzeko, aurreko inskripzioa baliogabetu beharko du berriari ekin aurretik. Dagozkion ondorioetarako, bere eskabidea aldatzen duen pertsonarekin lotura duten gainerako pertsonen inskripzioek indarrean jarraituko dute eta egindako ezerezte partzialaren berri emanen zaie.

6.–Eskabidea inskribatzeko prozesua eta horren ondorioak.

Etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen Leringo erregistro publikoak eskatzaileei eskatu zaien dokumentazioa egiaztatzen duenean, betiere eskatzaileek eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte, udal erregistro horretan inskribatuko dira; nolanahi ere, datu hauek jasoko dira:

–Aurreko artikuluan eskatutako datuak.

–Etxebizitza eskatzen edo eskaintzen duen pertsonaren sailkapena etxebizitza eskuratzeko edo eskaintzeko talde batean edo batzuetan, bere inguruabarren arabera (diru-sarrerak, edukitze erregimena eta logela kopurua, etxebizitza eskatzen dutenen kasuan; eta jabetza mota, ezaugarriak eta eskaintza erregimena, etxebizitza eskaintzen dutenen kasuan).

–Etxebizitza eskatzen edo eskaintzen duen pertsona gisa inskripzioa egiten den eguna. Pertsona bakoitzari elkarren segidako zenbaki bat esleituko zaio, inskripzioa etxebizitza eskatzen duen pertsona gisa edo eskaintzen duen pertsona gisa egiten den bereizita; beraz, erregistro bakoitzean, zenbaki txikienak erregistroan antzinatasun handiena duela adieraziko du.

–Etxebizitza eskatzen duten edo eskaintzen duten pertsonak Leringo erregistro publikoan inskribatzeak ez ditu inskribatutako pertsonak kasu bakoitzean aplikagarria den udalaz gaindiko araudiaren araberako baldintzak betetzetik salbuesten.

7.–Indarraldia, datuak aldatzea eta inskripzioa ezereztea.

Inskripzioa hiru urtez egonen da indarrean inskripzioa egin zenetik edo inskribatutako pertsonak datuak eguneratu edo aldatu zituen azken alditik. Adierazitako indarraldia amaitu aurreko hiru hilabeteetan, interesdunak eskatzen ahalko du egindako inskripzioa berritzea. Ondorio horietarako, etxebizitza eskatzen edo eskaintzen dutenen Leringo erregistro publikoak inskripzioaren muga-eguna jakinaraziko die eraginpeko eskatzaileei muga-egunaren hiruhilekoan, beren eskabidea berritzeko eskubideaz baliatzeko adierazitako epean.

Erregistro honetan inskribatutako pertsonek eskubidea dute inskribatuta daudela adierazten duten datuei buruzko informazioa eskatzeko eta lortzeko dohainik. Informazioa datu horiek ikusiz edo idatzizko dokumentu irakurgarriaren bidez lortzen ahalko dira.

Inskribatutako pertsonek eskubidea dute inskripzioko datu okerrak, osatugabeak edo aurreko inskripziotik aldatu direnak aldatzeko, zabaltzeko eta/edo zuzentzeko.

Inskribatutako pertsonek, dagokion dokumentazioa aurkeztuz, behartuta daude inskripzioa egiteko nahitaezkotzat hartutako datuetan izandako edozein aldaketaren berri ematera etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen Leringo erregistro publikoan; horretarako, hiru hilabeteko epea izanen dute datu horiek aldatu zirenetik aurrera.

Etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen Leringo erregistro publikoak dauden datuen egiazkotasuna eta zehaztasuna bermatuko ditu; beraz, aldizkako eguneratzeak egiten ahalko ditu. Eguneratze horretan aldaketaren bat egiten bada inskribatutako edozein pertsonari egindako inskripzioan, aldaketa horren berri emanen zaio.

Kausa hauengatik gertatuko da etxebizitza eskatzen eta eskaintzen duten Leringo erregistro publikoan ezereztea:

Erregistroko inskripzioa amaitu delako eta inskripzioa berritu ez delako.

Inskribatutako pertsonak ezerezteko eskubidea erabili duelako. Ezereztea eskatu duen pertsona familia edo bizikidetza unitate bateko kide denean, ezereztea eskatzaileari soilik eginen zaio, gainerako kideek inskribatuta jarraituko dute, etxebizitza eskatzen dutenen erregistroaren kasuan. Ezereztea eskatu duen pertsona etxebizitza edo orube baten jabekidea bada, ezerezteak jabari horretan inskribatuta dauden pertsona guztiak hartuko ditu eraginpean, etxebizitza eskaintzen dutenen erregistroaren kasuan.

Erregistroan inskribatzea eragin zuen etxebizitzaren eskaerari edo eskaintzari erantzuten zaionean.

8.–Informatzeko prozesua.

Leringo udal-mugartean etxebizitza eskaintzari buruzko informazio oro, betiere Udalak eskuratzen duena bada, modu frogagarrian jakinaraziko zaie etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen erregistro publikoan inskribatuta dauden eta eskainitako etxebizitzaren ezaugarriak interesatzen zaizkiela espresuki adierazi duten pertsona guztiei.

Leringo udal-mugartean etxebizitza sustatzen duen orok etxebizitza eskatzen duten pertsonen zerrenda ordenatua eskatzen ahalko du, betiere sustapenaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa egiaztatzen bada. Dena den, sustapena bideragarritzat hatuko da Administrazio eskudunaren adostasuna badu.

Edozein pertsonak idazkiaren bidez adierazten badu Leringo udalerrian bizi nahi duela eta eskatzen badu, etxebizitza eskatzen eta eskaintzen dutenen erregistro publikoan dauden datuak eskuratzen ahalko ditu. Orube edo etxebizitza horiek salerosteko edo alokatzeko prozesua zuzenean kudeatuko da orube edo etxebizitza horien jabearen eta horietan interesa dutenen artean, eta Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen prozesu horietan.

Iragarkiaren kodea: L2201267