33. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10E/2022 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, “2022ko Hondakinen Funtsa. Etxeko hondakinen urteko fluxua” izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 606152.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bidez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea. Halaber, zehazten du Nafarroako Gobernuak ezarriko dituela Hondakinen Funtsa kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak erregelamendu bidez. Tramite hori betetzat jo da Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretua argitaratzearekin batera.

2022ko hondakinen funtsak 5.042.161 euro ditu, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergatik heldu direnak, baita 101.114 euroko diru sarrerak ere, zeinek jatorria baitute hondakinen arloko arau-hausteengatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dituen isunetan. Hortaz, guztirako zenbatekoa 5.143.275 eurokoa da. Diru sarrera horiek kalkulatzeko, kontuan hartu da 2020ko uztailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitarteko aldia, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.

Aginduari men eginez, 2021eko urriaren 19an kontsulta egin zaie Hondakinen Partzuergoari eta Iruñerriko Mankomunitateari 2022ko Hondakinen Funtsa banatzeko Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuak ezartzen duenarekin bat etorriz. Bi erakundeek iruzkinak egin dituzte ezarritako epealdiaren barruan.

49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak egin ondoren, azaroaren 26an Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 381E/2021 Foru Agindua onetsi zen; haren bidez 2022ko Hondakinen Funtsa banatzen da, eta ezartzen da 2.740.945 euro erabiliko direla etxeko hondakinen fluxurako. Diru-kopuru hori zenbait jarduketaren artean banatzen da. Zehazki, 1.040.945 euro erabiliko dira 2022an jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin lotuta.

Deialdi honen ondoriozko obligazioei aurre egiteko proposatzen da baimena ematea 740.945,00 euro gastatzeko 2021eko gastuen aurrekontuko 740001-74100-4609-456205 partidaren kargura (Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki erakundeentzako dirulaguntzak) edo 2022ko gastuen aurrekontuan berariaz ezartzen den partidaren kargura (ezinbestekoa izanen da kreditu egokia eta nahikoa egotea) eta 300.000,00 euro gastatzeko 2021eko gastuen aurrekontuko 740001-74100-7609-456204 partidaren kargura (Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki erakundeentzako dirulaguntzak) edo 2022ko gastuen aurrekontuan berariaz ezartzen den partidaren kargura (ezinbestekoa izanen da kreditu egokia eta nahikoa egotea).

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. “2022ko Hondakinen Funtsa. Etxeko hondakinen urteko fluxua” izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean daude.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira 2021. urteko gastuen aurrekontuko partiden kargura edo 2022ko gastuen aurrekontuan berariaz ezartzen diren partiden kargura (ezinbestekoa izanen da kreditu egokia eta nahikoa egotea). Nolanahi ere, aldaketak egiten ahalko dira jasotzen diren eskaeren arabera:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

740001-74100-4609-456205: Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki erakundeentzako dirulaguntzak

2022

740.945,00

740001-74100-7609-456204: Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki erakundeentzako dirulaguntzak

2022

300.000,00

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabete iragan baino lehen. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalean, argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete iragan baino lehen; nolanahi ere, Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiten ahalko zaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezartzen den moduan eta bertan finkatzen diren epealdietan.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri hauen xedea da 2022an dirulaguntzak ematea etxeko hondakinen bilketa, garraio edo kudeaketarako eskumena esleituta duten toki erakundeei, hain zuzen ere Hondakinen Funtsa eratzeko ekarpena egin dutenei Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza horren helburua da laguntzea hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenesten eta hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 1.040.945 eurokoa da, guztira, eta hurrengo apartatuan zehazten diren jarduketa lerroen artean banatuko da.

2. oinarria. Proiektu diruz lagungarriak.

1. Dirulaguntzaren xede izanen dira gastu arrunten ekintzak (azterlanak edo proiektuak, ondasunen errentamendua, material suntsikorra, beste enpresa batzuek egindako lanak, publizitatea, jardunaldiak, liburuxkak, informazio kanpainak eta abar) edo kapital inbertsioak, baldin eta lotuta badaude etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin. Deialdi honetarako, diruz lagungarriak izanen dira honako jarduketa lerro hauek garatzen dituzten proiektuak:

a) 1. jarduketa lerroa: 210.000 euro, gehienez, etxeko hondakinak eta merkataritzako hondakinak murrizteko eta antolatzeko. Honako jarduketa hauetarako jasotzen ahal da dirulaguntza:

1. Elikagai hondakinak murriztea, elikagaiak alferrik galtzea saihesteko eta kontsumo arduratsua sustatzeko neurriak sartuz, hala nola iraungitako elikagaien kopurua gutxitzeko akordioak egitea saltegiekin, kontsumitzaileentzako jarraibideak ezartzea, jatetxeak eta jantokia duten jarduketak antolatzea soberako elikagaiak aprobetxatzeko, egoera onean dauden soberakinak aprobetxatzeko bideak sortzea gizarte ekimenen bidez (herri jantokiak, elikagaien bankuak, etab.).

2. Ontziak berriz erabiltzea sustatzea, esaterako Gordailu, Itzulketa eta Berrerabilera Sistemak erabiliz. Proiektuak eskolaumeekin, ekitaldi jasangarrien proiektuak, ekintzak eraikin publikoetan, eta beste batzuk. Honako hauek barne: askotan erabiltzen ahal den baxera, ur-iturriak, askotan erabiltzen ahal diren seinaleak, etab.

3.- Ostalaritza, sukaldaritza eta banaketa sektoreekin akordioak egitea, neurri hauek hartzeko: ontzi berrerabilgarrien erabilera sustatzea, ingurumen irizpideak eta hondakinen prebentzioari buruzkoak txertatzea material eta zerbitzuen kontratazioan, edo ontziratutako produktuen kontsumoa murrizteko neurriak. Honako hauek barne: ur-pitxerrak, askotan erabiltzen ahal diren edalontziak, janari-hondakinak edo ontzi gabeko erosketak gordetzeko tuperrak, etab.

Gastu diruz lagungarritzat jotzen dira prebentzio jarduketak egiteko behar diren materiala eta bestelako gastuak –ezarritako prebentzio jarduketei lotutako informazioa zabaltzeko kanpainak barne–, ekintzekin zuzenean lotutako ekipamenduak eta instalazioen egokitzapena.

Jarduketa lerro horretatik kanpo daude hondakinak bereizi, bildu eta tratatzeko ekipamendu eta elementuak, eraikuntza lanak eta prebentzioarekin zerikusirik ez duten eta/edo beharrezkoak ez diren sari eta opariak.

4. Gauzak berrerabiltzen ikasteko tailerrak, gauzak norberaren kontura konpontzen ikasteko eta trukatzen ikasteko tailerrak, etab. (langileen eta material finantzagarriaren gastua).

5. Etxeko eta merkataritzako hondakinak murrizteari buruzko azterlanak eta lan teknikoak.

b) 2. jarduketa lerroa: 440.000 euro, gehienez, udalak kudeatu beharreko etxeko eta merkataritzako hondakinak gaika biltzeko sistemak, trazabilitatea eta kudeaketa hobetzeko. Dirulaguntzarako onartuko dira gaika biltzen diren hondakinak gehitzeko zein biltzen diren hondakinen kalitatea hobetzeko jarduketak, batez ere hondakin organikoen esparruan. Honako hauek har ditzakete barnean proiektuek:

1. Diruz lagungarria den helburuari aplikaturiko aplikazio informatikoak garatzea edo informazioaren teknologiak erabiltzea. Adibidez, hondakinen trazabilitatea, kontrola, jarraipena edo garraioa hobetzen dutenak edo hondakinak sortzeagatik dirua ordaintzeko sistema ezartzeko bidean aurrera egitea sustatzen dutenak.

2. Biltzen diren hondakin-motak bereiztea, eta zehaztea kudeaketa-fluxuak, errefusak, etab.

3. Etxeko eta merkataritzako hondakinei buruzko azterlanak eta lan teknikoak: kudeatzeko programak edo planak, hondakin jakinen fluxuei buruzko azterlanak, industriek eta zerbitzuek sortzen dituzten antzeko hondakinei buruzko azterlanak, inbentarioei buruzko azterlanak, ardura-sistema kolektiboei buruzko azterlanak, hondakin-motak bereizteko metodoa, prozesuei buruzko azterlanak, etab. Aurrekoen barnean hondakinen bizi-zikloa sartzen ahal da, ingurumena, gizartea eta ekonomia aintzat hartuta. Ez da emanen dirulaguntzarik obren eta azpiegituren inguruko proiektuetarako.

c) 3. jarduketa lerroa: 390.945 euro, gehienez, etxeko hondakinak eta merkataritzako hondakinei buruzko prestakuntzarako, trebakuntzarako, informaziorako eta zabalkunderako.

3. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jarduketaren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean eta moduan egiten badira.

2. Justifikatutako eta diruz laguntzeko moduko gastuen zenbatekoaren gainean, erakunde onuradun bakoitzarentzako gehieneko laguntza 60.000 eurokoa izanen da. Lerroren batean soberako krediturik baldin badago, lerro horren onuradun izan direnen artean banatuko da, horietako bakoitzaren puntuazioan ezarritako ordenaren arabera eta aipatutako gehieneko laguntzarekin, diruz lagungarria den zenbatekora iritsi arte eta erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Oraindik soberako krediturik badago, gainerako lerroen artean banatuko da, lehentasuna ordena honetan emanez: 1., 2. eta 3. lerroak.

3. Onartutako proiektu bakoitzaren gehieneko zenbateko finantzagarritik, diruz lagungarriak diren inbertsio inbentariagarrien zenbatekoa % 70 izanen da gehienez.

4. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) 2021eko azaroaren 16a baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko nahitaezko arau indardunetara egokitzeko jarduketak.

c) Ingurumen kalitatea hobetzen ez duten produktu edo zerbitzuen aldizkako aldaketa arruntak.

d) BEZa eta zeharkako beste zerga batzuk, berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoak badira.

e) Finantza gastuak.

f) Zehaztu gabeko gastuak edo dirulaguntzaren xedea ez dutenak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

g) Lurrak erosteko eta industria nabeak eraikitzeko gastuak, proiektuaren ingurumen helburuak garatzeko behar-beharrezkoak ez direnean.

h) Azpiegituren alokairua.

i) Hondakin organikoak biltzeko pertzak eta/edo poltsak erostea, gai organikoen gaikako bilketa ezartzeko eta/edo in situ konposta egiteko proiektu batekin lotuta ez daudenak.

j) Erabilera bakarreko elementuak (poltsak, baxerak, etab.), materia organikoaren gaikako bilketarako erabilera bakarreko poltsa konpostagarriak izan ezik.

k) Beharrezkoak ez diren sariak.

l) Hondakinak kudeatzeko ekintza arruntek eragindako gastu guztiak –hala nola hondakinak biltzeko tasak, edo baimendutako kudeatzaileei arrazoi beragatik egindako ordainketak– edo kasuan kasuko jarduera ekonomikoa garatzeko aplikatu beharreko araudia betez egindako beste edozein gastu.

m) Obra zuzendaritzak, jarraipen eta koordinazio txostenak eta antzekoak, baita obra bukaerako ziurtagiria edo antzekoak ere.

n) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.

o) Diruz lagundutako proiekturako dedikazioa behar besteko ahalorde ziurtagiriaren bidez egiaztatzen ez duten langileen gastuak. Ziurtagiri horretan honako hauek adierazi beharko dira, banan-banan: gastua justifikatu nahi duen pertsona bakoitzeko, eginkizunak, horien hasiera eta amaiera, proiektuari eskainitako orduen kopurua, eta orduko kostua.

p) Dietak, mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak.

5. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo atzerriko beste erakunde publiko edo entitate pribatuen dirulaguntzekin batera, erakunde onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua baino handiagoa.

6. Hogei mila (20.000,00) eurotik gorako dirulaguntza baten onuraduna izanez gero, errekerimendua egin ondoren, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren barnean informazio publikoaren ardura duen unitateari jakinarazi beharko zaio Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea betetzeko informazioa.

4. oinarria. Entitate onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira etxeko hondakinak bildu, garraiatu edo kudeatzeko eskumena duten eta hondakinak Nafarroako tratamendu instalazio batera eramaten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak. Eta eskumen hori toki entitate batzuen elkarte bati eskuordetuta badago, azken hori izanen da funtsen onuradun potentziala.

Halaber, Nafarroako Hondakin Solidoen Tratamendurako Partzuergoak ere jasotzen ahal ditu laguntza hauek, gaur egun toki erakundea baita.

Orobat, lehen paragrafoan aipatutako entitateek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluaren babesean sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo apartatuan (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuta frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

5. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epealdia hilabetekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunaren egun baliokidean bukatuko da.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskabidea modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren webguneko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, eta zerbitzuen katalogoko fitxan behar bezala iragarriko. Gune horietan, aholku emanen zaie eskabideak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskabidea aurkezteko beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskaera-inprimakia (I. eranskina).

b) Memoria, proiektuaren azalpen zehatza eta norainokoa adierazten dituena eta egin beharreko ekintzak jasotzen dituena; ekintza horiek jarduketa lerroen eta horien zenbatekoen arabera taldekatuta agertuko dira, 2. oinarriarekin bat.

c) Proiektuaren aurrekontu xehakatua.

d) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten hedapen neurriak.

3. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio gehienez hamar egun baliodun iragan baino lehen zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria. Instrukzio organoa.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren bidez. Jasotako eskabide guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuko ditu atal horrek.

2. Eskabideak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta besterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskabideak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten administrazio espedienteak eta beharrezko dokumentazioa baloratu eginen dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez dituztenak edo behar den dokumentazioa ez dutenak tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du toki erakunde onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da erakunde onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

8. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Hona hemen dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Proiektuaren memoriaren koherentzia, kalitatea eta argitasuna (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): 35 puntu gehienez, honela banatuta:

1. Proiektuaren kalitatea memoriaren xehetasun tekniko eta deskriptiboaren arabera baloratuko da (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 15 puntu.

2. Proiektuaren koherentzia baloratzeko, kontuan hartuko dira ekonomia- eta ingurumen-bideragarritasuna, norainokoa eta jarraipena, eta helburuen planifikazioa, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean ezarritako helburuen ildotik: gehienez ere 10 puntu.

3. Proiektuaren argitasuna baloratzeko, kontuan hartuko dira espero diren ingurumen onurak lortzeko proiektatutako jarduketen ezagutza, azalpena eta justifikazioa: gehienez ere 10 puntu.

b) Jarduketaren eraginkortasuna, artatutako biztanle / euro ratioan (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa): gehienez ere 20 puntu.

c) Jarduketa lerro bakoitzean egiten diren jardueren arabera (2. oinarriko lehen jarduketa lerrorako bakarrik aplikatu beharreko puntuazioa):

1.–Lehen mailako jarduketak: 15 puntu.

2.–Bigarren mailako jarduketak: 10 puntu.

3.–Hirugarren mailako jarduketak: 5 puntu.

4.–Laugarren, bosgarren eta seigarren mailako jarduketak: 0 puntu.

d) Oinarri arautzaileen I. eranskinean zehaztutako prebentzio adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1.–Murrizketa-ehunekorik aurkeztu ez badute, 0 puntu.

2.–Murrizketa-ehunekoa 0 baino handiagoa eta % 1 baino txikiagoa bada, 5 puntu.

3.–Murrizketa-ehunekoa % 1 edo handiagoa eta % 2,5 baino txikiagoa bada, 10 puntu.

4.–Murrizketa-ehunekoa % 2,5 edo handiagoa eta % 5 baino txikiagoa bada, 15 puntu.

5.–Murrizketa-ehunekoa % 5 edo handiagoa bada, 20 puntu.

e) Oinarri arautzaileen II. eranskinean zehaztutako errefusen murrizketaren adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1.–Murrizketa-ehunekorik aurkeztu ezean, 0 puntu.

2.–Murrizketa-ehunekoa 0 baino handiagoa eta % 2 baino txikiagoa bada, 5 puntu.

3.–Murrizketa-ehunekoa % 2,5 edo handiagoa eta % 5 baino txikiagoa bada, 10 puntu.

4.–Murrizketa-ehunekoa % 5 edo handiagoa eta % 8 baino txikiagoa bada, 15 puntu.

5.–Murrizketa-ehunekoa % 8 edo handiagoa bada, 20 puntu.

f) Oinarri arautzaileen II. eranskinean zehaztutako hondakin organikoak biltzeko adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1.–Ehunekoa % 5etik beherakoa bada, puntu 1.

2.–Ehunekoa % 5 edo handiagoa eta % 10 baino txikiagoa bada, 5 puntu.

3.–Ehunekoa % 10 edo handiagoa eta % 25 baino txikiagoa bada, 10 puntu.

4.–Ehunekoa % 25 edo handiagoa eta % 50 baino txikiagoa bada, 15 puntu.

5.–Ehunekoa % 50 edo handiagoa bada, 20 puntu.

g) Oinarri arautzaileen II. eranskinean zehaztutako bildutako hondakin organikoen kalitatearen adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1.–Ehunekoa % 10etik beherakoa bada, puntu 1.

2.–Ehunekoa % 10 edo handiagoa eta % 50 baino txikiagoa bada, 5 puntu.

3.–Ehunekoa % 50 edo handiagoa eta % 75 baino txikiagoa bada, 10 puntu.

4.–Ehunekoa % 75 edo handiagoa eta % 90 baino txikiagoa bada, 15 puntu.

5.–Ehunekoa % 90 edo handiagoa bada, 20 puntu.

h) Oinarri arautzaileen II. eranskinean zehazten den gaikako guztirako bilketaren adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1.–Ehunekoa % 20tik beherakoa bada, punturik ez.

2.–Ehunekoa % 20 edo handiagoa eta % 30 baino txikiagoa bada, 5 puntu.

3.–Ehunekoa % 30 edo handiagoa eta % 40 baino txikiagoa bada, 10 puntu.

4.–Ehunekoa % 40 edo handiagoa eta % 50 baino txikiagoa bada, 15 puntu.

5.–Ehunekoa % 50 edo handiagoa bada, 20 puntu.

Proiektuaren onuraduna Nafarroako Hiri Hondakinen Partzuergoa bada, d) - h) bitarteko apartatuak baloratzeko kide guztien puntuazioen batez besteko haztatua kalkulatuko da.

9. oinarria. Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epealdi horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, eskumena duen jurisdikzio ordenari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

2. Dirulaguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, dirulaguntza ematen ahalko zaie aurrekontu-kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskaera batzuei, aurrekontuan behar adina diru egonez gero. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epealdia.

Finantzatzen diren proiektuak 2021eko azaroaren 16tik aurrera hasiko dira, eta amaituta egon beharko dira 2022ko azaroaren 15erako. Epealdi hau ez da luzatzen ahalko.

11. oinarria. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Dirulaguntza jasotzen duten jarduketak amaitu ondoren, eta 2022ko azaroaren 30a baino lehen, erakunde onuradunek honako justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Memoria, egindako jarduerak frogatzen dituzten agiriak biltzen dituena; gainera, egindako jarduerak azaldu beharko dira, eta lortutako emaitzak baloratu beharko dira, dirulaguntza jaso duten jardueren bidez lortu nahi izan diren helburuak kontuan hartuz.

Eskaeran adierazitako hedapen-neurrien betetze-maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5. oinarriko 2. apartatuko d letra). Neurri horien ordez, eskabidean proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.

b) Proiektuaren amaierako memoria.

c) Fakturak eta aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen transferentzia.

Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa apartatu honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio epea amaitu baino lehen egin beharko da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, erakunde onuradunak frogatuko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 2 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

d) Onuradunak balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzeko eskatzen badu, honako hauek aurkeztu beharko ditu:

d.1. Nafarroako Foru Ogasunaren ziurtagiria, zehazten duena eskatzen diren gastuen BEZa ezin dela berreskuratu ez konpentsatu.

d.2. Ahalorde egokia daukan pertsonak sinatutako ziurtagiria, honako hauek zehazten dituena:

–Fakturak (zenbakia, hornitzailea, zerga-oinarria eta BEZa).

–Faktura horiek Nafarroako Ogasunak ziurtatutako jardueretan egin diren ala ez.

–Balio erantsiaren gaineko zergaren kuotetan kenkaririk sortzen ez dutenen ehunekoa.

e) Ziurtatzea egin diren ekintzek Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak ezartzen duena betetzen dutela.

f) Gardentasun Legea betetzeko III. eranskina betetzea.

Dirulaguntza justifikatzen ez bada ezarritako baldintza guztiak betez, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak ezartzen duen moduan.

12. oinarria. Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Dirulaguntza Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero ordainduko da. Zerbitzu horrek ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko du Ingurumen Zuzendaritza Nagusira. Horrekin batera, erakunde onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

13. oinarria. Erakunde onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Nork bere gain hartzea diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga.

c) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

e) Ekipamendu ondasunak edo higiezinak diruz lagunduz gero, horiek erakunde onuradunaren ondarean egon beharko dute gutxienez 5 urtez, salbu eta erakunde onuradunari egotzi ezin zaion suntsipena edo galera gertatzen bada. Hala ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

f) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa ematera behartuta egonen dira.

2. Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru kopuru horiek askatzen badira, jarduketa lerro bereko entitate onuradunei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, beren proiektuen zenbatekoa oso-osorik jaso ezin izan badute.

4. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

14. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira bestelako dirulaguntzekin, esaterako, Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandakoekin.

Kasu horretan, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko entitate onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.

15. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.

16. oinarria. Emandako dirulaguntzak jakitera ematea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Dirulaguntza eskabidea (DOC).

III. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena(PDFa).

II. ERANSKINA

Adierazleen kalkulua

Adierazle hauen kalkulua banaka eginen da eskatzaile bakoitzarentzat, etxeko hondakinei buruzko txostenaren 2020ko datuekin (“Hondakinen fluxuen araberako txostenak” atalean), zeinak web-orri honetan argitaratuta baitaude:

https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Residuos/Inventarios+de+residuos.htm

Proiektuaren onuraduna Nafarroako Hiri Hondakinen Partzuergoa bada, d) - h) bitarteko apartatuak baloratzeko kide guztien puntuazioen batez besteko haztatua kalkulatuko da.

1. Prebentzio adierazlea:

Adierazle honen bidez, hondakinen sorrera murrizten ari denari puntuak ematen zaizkio.

Honela kalkulatzen da: per capita sorkuntzak (kilogramoak biztanleko eta urteko) izandako murrizketa-ehunekoa kalkulatzen da, inbentario baliozkotuak dituzten aurreko bi urteetan.

2. Errefusen murrizketaren adierazlea:

Honen arabera puntuak ematen zaizkie errefusen kopurua murrizten dutenei. Per capita sortutako errefusen murrizketaren ehunekoa kalkulatzen da (kilogramoak biztanleko eta urteko), inbentario baliozkotuak dauden aurreko bi urteak erreferentzia hartuta.

3. Bilketa adierazleak:

3.1. Hondakin organikoen bilketa garbia:

Adierazle honen bidez puntuak ematen dira mankomunitate bakoitzaren bilketa-ehunekoaren arabera.

Kalkulua honela egiten da:

a) Bilketaren pisu garbi baliokidea, GUZTIRA, kalkulatzen da, autokonpostajearen eta gaika bildutako gai organikoen (GBGO) pisu garbi baliokideen batuketa eginez.

Pisu garbi baliokidea kalkulatzeko, desegokien faktorea aplikatzen zaie bilketa gordinaren tonei, kontuan harturik autokonpostajeak ustez ez duela desegokirik.

b) BENETAKO GBGO kalkulatzeko, % 37,40ko ehunekoa aplikatzen da.

c) Aurreko bi balioen zatiketan bidez lortzen da mankomunitate bakoitzaren bilketa-ehunekoa.

3.2. Materia organikoaren kalitatea:

Adierazle honen bidez puntuak ematen dira gai organikoen kalitate faktorearen balio normalizatua auzokideen arteko hedapenaren ehunekoaz biderkatuz.

Kalkulua honela egiten da:

a) Desegoki baliokideen zenbatekoa honela kalkulatzen da: gaika bildutako gai organikoen ehunekoa, gai organikoen bilketa gordin (autokonpostajea eta GBGO) guztiarekin konparatuta. Autokonpostajeak ez du desegokirik sortzen.

b) Kalitate faktorea desegoki baliokideen balio tarteen normalizazioa da, % 25 zero delarik (txarrena baita, 25etik aurrera ulertzen delako gai nagusiak jada ez direla organikoak, eta beraz, ez direla zenbatzen), eta % 0, berriz, bata (onena baita, ez daukalako desegokirik).

c) Kalitate faktore baliokidea, portzentajean, honela kalkulatzen da: aurreko kalitate faktorea bider mankomunitateko biztanleen artean gai organikoen bilketak duen hedapena.

3.3. Guztira gaika bildutakoa:

Adierazle honen bidez puntuazio jakin bat ematen da guztirako gaika bildutakoaren ehunekoaren arabera, etxeko hondakin guztiak erreferentetzat harturik.

Kalkulua honela egiten da:

–Guztirako gaika bildutako tonen ehunekoa kalkulatzen da, erreferentziatzat hartuta etxeetan guztira sortutako hondakin guztiak.

Iragarkiaren kodea: F2200675