33. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

12/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 31koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, honako hauek aldatzen dituena: Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 177/2010 Foru Agindua (hirugarren pertsonekin egindako urteko aitorpenaren F-50 eredua onesten duena) eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren azaroaren 2ko 132/2017 Foru Agindua (zehaztapen normatibo eta tekniko batzuk arautzen dituena balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramateko modua garatzeko, eta, orobat, tributuen arloko beste arau batzuk aldatzen dituena).

Foru agindu honen lehenengo artikuluak aldatzen du Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak abenduaren 14an emandako 177/2010 Foru Agindua. Agindu horren bidez, hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenaren F-50 eredua onetsi zen. Aldaketak xede hauek ditu: batetik, 2. motako erregistro-diseinuan (aitortuaren erregistroa), “Europar Batasuneko operadorearen IFZ” eremuan beste kodifikazio gako bat gehitzea Europar Batasuneko estatuen Batasuneko IFZren osaeraren zerrendari, Ipar Irlanda identifikatzeko. Bestetik, behar diren aldaketak egiten dira ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarrien bidezko aitorpenen aurkezpena kentzeari dagokionez.

Eredu informatiboei buruzko egungo araudian aurreikusita dago ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarriaren bidezko aurkezpena. Baina euskarri fisiko jakin batzuk zaharkituta daudenez, eta, gainera, aurkezpen presentziala ere egin behar denez, aurkezpen mota horren ordez, beste inprimaki bat eskaintzen da, beren gehiegizko bolumena dela-eta ohiko inprimakiaren bidez aurkeztu ezin diren aitorpenetarako. Inprimaki berriak fitxategiak konprimitzeko aukera emanen die.

Bigarren artikuluak aldatzen du Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren azaroaren 2ko 132/2017 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez, zehaztapen normatibo eta tekniko batzuk arautu ziren balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramateko modua garatzeko, eta, orobat, tributuen arloko beste arau batzuk aldatu ziren. Aldaketa horrek etorkia du berriki Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legean egin diren aldaketetan. Horien bidez, leihatila bakarreko hiru araubide berezi berri sartu dira eta horietara aukeran biltzen ahalko dira enpresaburuak eta profesionalak, eskuarki finkatuak ez daudenak honako eragiketa hauek zergapeturik dauden EBko estatu berean: EBn ezarritako azken kontsumitzaileen alde egiten diren ondasun-emateengatik eta zerbitzu-prestazioengatik sortutako BEZa aitortzeko eta likidatzeko eragiketak.

2021eko uztailaren 1etik, aurreko araubideetan sartutako eragiketak balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro liburuetan jaso behar dira. Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 62.3 artikuluak (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia) aipatzen dituen subjektu pasiboek nahitaez balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro liburuak Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eraman behar dituztenez, beharrezkoa da fakturazio erregistroen hornidura elektronikoaren zehaztapen teknikoak moldatzea, araubide berrien arabera egiten diren eragiketak behar bezala jasotzeko.

Horregatik, egindako fakturen erregistro liburuan araubide bereziko gako berri bat sortzen da; horrek ahalbidetuko du araubide berezien arabera (abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen VIII. tituluko XI. kapitulukoak) egiten diren eragiketak dokumentatzeko fakturak erregistratzea.

69/2010 Foru Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenaren arabera baimena eman zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru dekretu hori garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan, eta urteko aitorpena ordenagailuan zuzenean irakur daitekeen euskarrian edo bide telematikoen bidez aurkezteko prozedura eta baldintzak ezartzeko ere bai.

Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 54. eta 55. artikuluek gaikuntza ematen diote Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren titularrari behar diren zehaztasunak ezar ditzan, foru agindu bidez, fakturen tipologiak identifikatzeko.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Lehenengo artikulua. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak abenduaren 14an emandako 177/2010 Foru Aginduaren aldaketa. Agindu horren bidez, hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenaren F-50 eredua onetsi zen.

Abenduaren 14ko 177/2010 Foru Aginduaren manu hauek honako testu hau izanen dute:

Bat.–4. artikulua.

“4. artikulua. F-50 eredua aurkezteko moduak.

F-50 eredua elektronika bidez aurkeztuko da, Internet baliatuta, 6. eta 7. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz”.

Bi.–5. artikulua kentzea.

Hiru.–6. artikulua.

“6. artikulua. F-50 ereduaren aurkezpen elektronikoa (Internet bidez) egiteko baldintza orokorrak.

1. F-50 ereduaren aitorpenen aurkezpen elektronikoa baldintza hauei jarraikiz eginen da:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du.

b) Aitortzaileak eduki beharko du identifikazio, kautotze eta sinadura elektronikorako sistema bat, eta ziurtagiri elektroniko kalifikatu bat erabili, Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko modukoa, arloan indarra duen legediarekin bat etorriz.

Baimenduta dauden ziurtapen zerbitzuak eta ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; atal horretara Interneteko helbide honen bidez iritsiko da: https://hacienda.navarra.es.

c) Zergapekoak pertsona fisikoak direnean, Cl@ve sistema erabiliz ere egin daiteke aurkezpena, zeina identifikazio, kautotze eta sinadura elektronikoaren sistema baita, komuna dena Estatuko Administrazio Sektore Publiko osorako, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako eta harekin bat egiten duten beste autonomia erkidego eta toki entitateetarako, eta araututa dagoena PRE/1838/2014 Aginduan. Hari esker, herritarrak harreman elektronikoa izan dezake zerbitzu publikoekin gako itunduen bidez, hartan erabiltzaile gisa izena eman ondoren.

Nafarroako Foru Ogasunak zehazten dituen kasuetan, gako itundu bidezko beste identifikazio sistema batzuk onar daitezke pertsona fisikoentzat.

d) Aurkezlea baldin bada aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat, eduki beharko du Nafarroako Foru Ogasunak onetsitako ziurtagiri elektroniko kualifikatua edo Cl@ve sistema, zeinak aurreko b) eta c) letretan aipatu baitira, hurrenez hurren; halaxe xedatu baita Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan, zeinaren bidez kanpo-lankidetzarako ituna onetsi baitzen aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk aurkezteko hirugarren pertsonen izenean eta telematika bidez, eta zerga zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko.

e) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko laguntza programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza programa hori Nafarroako Foru Ogasunak F-50 ereduaren aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia II. eranskinean ezartzen diren erregistro diseinuen araberakoa izanen da.

f) Aitortzaileek bete beharko dituzte aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak, zeinak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ikusgai dauden, Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidean.

2. Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan”.

Lau.–7.1 artikulua.

“1. Aurkezpen elektronikoa Internet bidez egiteko, eredu informatiboen inprimaki osagarria erabiliz, prozedura hau erabiliko da:

1. Eredu informatiboen inprimaki osagarrian sartzea Ogasunarekiko tramiteen zerbitzuaren bitartez, Nafarroako Atarian.

2. Egin beharreko aitorpenaren eredua hautatzea.

3. Transmititu beharreko fitxategia eranstea”.

Bost.–II. eranskina. Sinadura aldatzea eta A) letra kentzea, euskarri magnetikoen ezaugarriak dituena. “Diseinu logikoak”, lehen B) letra zuenak, A) letra izanen du aurrerantzean.

“F-50 EREDUA TELEMATIKA BIDEZ AURKEZTEKO SORTZEN DIREN FITXATEGIEN DISEINU LOGIKOAK”.

Sei.–II. eranskina. 0 motako erregistro diseinuak, aurkezpen kolektiboa, 124 idazgunea:

124

Alfabetikoa

EUSKARRI MOTA

Gako honekin beteko da: “T”: transmisio telematikoa.

Zazpi.–II. eranskina. 1. motako erregistro diseinuak (aitortzailearen erregistroa), 58 idazgunea:

58

Alfabetikoa

EUSKARRI MOTA

Gako honekin beteko da: “T”: transmisio telematikoa.

Zortzi.–II. Eranskina. 2. motako erregistro diseinua (aitortuaren erregistroa), 264-28 idazguneak “Europar Batasuneko operadorearen IFZ” eremuan beste kodifikazio gako bat gehitzen zaio Europar Batasuneko estatuen Batasuneko IFZren osaeraren zerrendari:

“Ipar Irlanda XI 5, 9 edo 12 karaktere alfanumeriko”.

Bigarren artikulua. Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak azaroaren 2an emandako 132/2017 Foru Aginduaren aldaketa (foru agindu horren bidez, zehaztapen normatibo eta tekniko batzuk arautu ziren balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramateko modua garatzeko, eta, orobat, tributuen arloko beste arau batzuk aldatu ziren).

Araubide bereziko gako berri bat gehitzen da Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren azaroaren 2ko 132/2017 Foru Aginduaren I. eranskinaren L 3.1 taulan:

“Balioa: 17.

Azalpena: Zergaren Foru Legearen VII. tituluko XI. kapituluan aurreikusitako araubideetako baten araberako eragiketa (OSS eta IOSS)”.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

1. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. Lehenengo artikuluan xedatutakoa 2022ko otsailaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpenei aplikatuko zaie lehen aldiz, 2021eko informazioari dagokionez.

3. Bigarren artikuluan xedatutakoak 2021eko uztailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 31n.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2201451