32. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5628E/2021 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, dirulaguntza publiko batzuk emateko oinarri arautzaileak eta haien deialdiak ezartzen dituena. Dirulaguntza horien xedea da enplegua mantentzea eta autonomoek eta mikroenpresek ekonomia berde eta digitaleranzko aldaketak egin ditzaten ekonomia berde eta digitalerantz, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 603796.

Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez, nabarmen hartzen dute parte “Lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak” izeneko 23. osagaian. Osagai hori “Zaintzak eta enplegu politiken ekonomia berria” izeneko VIII. arlo politikoan dago kokatua. Osagai horren helburuetako bat da enplegu politika aktiboak erreformatzea eta bultzatzea, Enplegu Sistema Nazionalaren kohesioa hobetuz, pertsonak eta enpresak ardatz harturik, beroriek emaitza ebaluagarrietara bideratuz, ekoizpenaren berrikuntzarekin, jasangarritasunarekin eta eraldaketekin koherenteak izanen direnak, gaitasunen hobekuntzan eta enplegu zerbitzu publikoen eraldaketa digitalean bermatuz.

Era berean, Espainiako 2020ko Erreformen Programa Nazionalari buruzko Kontseilu Europarraren Gomendioak enplegua babesteko beharra jasotzen du, baita ikaskuntza digitalerako sarbidearen hobekuntza ere, pandemiaren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko beharra kontuan harturik. Halaber, Kontseiluaren 2019ko Erreformen Plan Nazionalari buruzko Gomendioa ere egokia da, non Espainiari gomendatzen baitzitzaion enplegu zerbitzuak laguntza eraginkorra emateko gai izatea.

Ekonomia garatuen zirkunstantziek eta, bereziki, jasangarritasunaren eta lehiakortasunaren erronka globalei erantzuteko lan-merkatuen ezaugarriek enplegu politika aktiboak indartzea eskatzen dute, eta enplegu zerbitzu publikoak ikuspegi berri bat hartzera behartzen dituzte, politikak sustatzeko garaian. Horrela, eraginkortasunez ezartzen laguntzen da Gizarte Eskubideen Europako Zutabea, bereziki I. kapitulua, eta Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Garapen Jasangarriari buruzko 2030 Agenda, batez ere 8. GJHaren bidez: hazkunde ekonomiko inklusibo eta jasangarria, enplegua eta lan duina sustatzea guztiontzat.

“Lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak” izeneko 23. osagaiak proposatzen dituen erreformen eta inbertsioen barruan sartzen da 4. inbertsioa, “Berrorekatzeko eta ekitaterako proiektu berriak”, zeinaren barruan baitago jarduketa hau: “Ekintzailetzarako eta mikroenpresentzako lurralde-proiektuak”. Jarduketa horren helburua da ekintzailetza eta enplegu kolektiboa erraztea, baita populazioa finkatzea ere, ekoizpeneko eraldaketari eta ekonomia berde eta digital baterantz aurrera egiteari arreta berezia jarriz.

Eraldaketa berdea lortzeko eta eraldaketa digitala erdiesteko bi erronka horiek, halaber, bat datoz Nazio Batuen Erakundeko estatu kideek onetsitako 2030 Agendako garapen jasangarriko 17 helburuekin. 2015eko irailean eginiko gailurrean onetsi zuten errandako Agenda hori, zeinak honako jomuga nagusi hauek dituen: pobrezia amaitzea, desberdinkeriaren kontra borrokatzea eta klima aldaketari aurka egitea.

Abuztuaren 19ko TES/897/2021 Aginduaren bidez, Suspertze eta Erresilientzia Bitartekoarekin finantzaturiko kredituak lurraldeka banatu dira, 2021eko ekitaldi ekonomikorako, lan-eremuan eskumenak berenganatuak dituzten autonomia-erkidegoek kudea ditzaten. Kredituak honako inbertsio proiektu hauek gauzatzera bideraturik daude: “Konpetentzia Digitalen Plan Nazionala” eta “Politika Publiko Berriak lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako”. Proiektuok Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean daude bilduta. Nafarroak funtsak jaso ditu programa hori garatzeko.

Halaber, Nafarroako Enplegurako Plana (2021-2024) lerrokaturik dago Enplegua Aktibatzeko Espainiaren Estrategia berriarekin, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S3) Nafarroa Suspertu Planarekin eta 2030 Agendarekin, eta horrela lortzen da politika publikoak koordinatzea, Suspertzerako Europako Funtsaren aukerak ahalik eta gehien baliatzea eta Nafarroako arlo estrategikoen erresilientzia eta lehiakortasuna indartzea. Nafarroako Enplegu Planaren helburu estrategikoen artean dago enpresen arteko lehiakortasuna handitzea eta Nafarroako enpresa-sarea indartzea; helburu hori, gainera, enpresen lehiakortasunaren eta ekoizpen-sarea mantentzeko laguntzaren arloan garatu da, krisian dagoen sektoreei arreta berrezia jarriz. Bereziki aipatu beharra dago esku hartzeko 3. arloa, zeinak eraldaketa bikoitzaren alde egiten duen apustu Nafarroako enpresentzat, eraldaketa digitalaren eta ekonomia zirkular eta berdearen alde. Zentzu berean, enpleguko Politika Planak, Nafarroako Enplegu Planean txertaturikoak, indar berezia egiten du kalitatezko enplegua sustatzearen eta langabezia murriztearen alde; Azken horretarako, ekintzailetza eta lan autonomoa sustatzeko ekintzak eta enpresentzako zerbitzuak indartuko ditu.

Egoera horretan, aurreikusi da deialdi honekin jarduketak sustatzea ondare naturala babesteko politikekin, klima-aldaketaren aurkako borrokarekin eta erronka demografikoari eta despopulazioari aurre egiteko politikekin lerrokaturik. Negozioen digitalizaziorako trantsizioak oztopoak eta distantziak deusezten ditu, baita aldagai geodemografikoak eta enpresen lehiakortasunari eta negozioen garapenari loturikoak komunikazio okerragoko lurralde-eremuetan.

“Berrorekatzeko eta ekitaterako lurralde-proiektu berriak. Ekintzailetza eta mikroenpresak” proiekturako deialdia bi dirulaguntza-ildotan banaturik dago; haren xedea izanen da autonomoen eta mikroenpresen enplegua mantentzea: autonomoen eta mikroenpresen aldeko dirulaguntza-ildoen asmoa da enplegua mantentzea sustatzea beren ekoizpen-modua era jasangarriago eta modernoetara aldatu ahal izateko aztertzen duten enpresa-ekimenetan. Horretarako, langileen soldata-kostuen zati bat estaliko ditu, entitate onuradunak jarduketak egiten dituen bitartean ingurumena gehiago errespetatzen duen ekoizpenera edo ekoizpen digitalizatuagora jotzeko. Langile horien enpleguaren jarraitutasuna bultzatuko da, haiek kontratatzeari loturiko soldata-kostuak muga bat izan ez daitezen enpresa mantentzeko lanetarako, ezinbestean ekoizpen-modu berriei loturik dauden horietarako, bereziki COVID-19aren krisiak ekonomian izandako eragin negatiboaren ondoren. Horrela, lagundu eginen da Nafarroako Foru Komunitatean populazioa finkatzen.

Egin beharreko jarduketek eragina izanen dute autonomia-erkidegoko autonomoen eta mirkoenpresen negozioetan, haien ekoizpena berritu ahal izan dezaten digitalizaziorantz edo ingurumen-jasangarritasunerantz eraldatzean, aukera berriak topa ditzaten, ekoizpena handi dezaten, modernizatu egin daitezen eta abar, eta, era horretan, haiekin batera era jasangarrian laguntzeko etorkizunean aukera handiagoak izanen dituen populazioa finkatzen. Autonomo eta mikroenpresentzako deialdi horren bitartez, digitalizazioaren eta ingurumen-jasangarritasunaren alorrean beren negozioen abiapuntua aztertzen ahalko dute, aholkularitzako, laguntzako, ekintza-planen diseinuko, prestakuntza eta abarretako ekintzen bidez, eta, beharrezkoa izanez gero eta aipaturiko ekintza horien arabera komeni bada, dagokion inbertsioa egin ahalko dute.

Beraz, ebazpen honek lagundu egiten du Kontseiluaren Betearazpen Aginduaren, Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesteari buruzkoaren (Council Implementing Decision - CID), 346. helburua betetzen, hau da, gutxienez 64.000 enpresek betetzea “Ekintzailetzarako eta mikroenpresentzako berrorekatzeko eta ekitaterako lurralde-programa”. Izan ere, Nafarroari dagokio 1.095 ekimen egitea 2021-2023 aldirako, abuztuaren 19ko TES/897/2021 Aginduaren II. eranskinari jarraituz.

Aurreikusi da dirulaguntzak moduluen araubidearen bidez eman eta justifikatzea, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 76. artikulutik 79. artikulura bitartean ezarritakoarekin bat etorriz. Moduluen araubide hori aplikatzeko, ebazpen honetan modulu gisa ezarri dira abuztuaren 19ko TES/897/2021 Aginduaren III. eranskinean ezarritako 23. osagaiko inbertsioen unitateko kostua osatzen duten zenbatekoak. Agindu horren bitartez lurraldeka banatu dira Suspertze eta Erresilientzia Bitartekoarekin finantzaturiko kredituak, 2021eko ekitaldi ekonomikorako, lan-eremuan eskumenak berenganatuak dituzten autonomia-erkidegoek kudea ditzaten. Kredituak honako inbertsio proiektu hauek gauzatzera bideraturik daude: “Konpetentzia Digitalen Plan Nazionala” eta “Politika Publiko Berriak lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako”. Proiektuok Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean daude bilduta.

Funts publikoak Europako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik datozenez, oinarri arautzaile hauei eta horiek aplikatuz argitaratuko diren deialdiei aplikagarri izanen zaie abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-Dekretua, presazko neurriak onesten dituena Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana egikaritzeko, hura izapidetzea azkartzen eta malgutzen lagunduko duten neurri guztietan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea eskatzen baita.

Foru-lege horrek xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar bezala justifikautako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimentzen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2021eko abenduaren 29an egindako saioan, erabaki zuen banakako ebaluazioko araubidea baimentzea enplegua mantentzeko eta autonomoek eta mikroenpresek beren ekoizpena ekonomia berde eta digitalerantz eraldatzea errazteko jarduketak egiteko dirulaguntzetarako.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea enplegua mantentzeko eta autonomoek eta mikroenpresek beren ekoizpena ekonomia berde eta digitalerantz eraldatzea errazteko jarduketak egiteko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak.

2. 2.000.000 euroko gastua baimentzea, NL-NEZaren 2021eko gastuen aurrekontuko 950001 96100 4709 241119 MRR Mikroenpresei eta autonomoei bideraturiko lurralde-proiektuak partidaren kargura, autonomoek enplegua mantendu ahal izan dezaten beren negozioak digitalizaziorantz edo jasangarritasunerantz eta ekonomia berderantz eraldatzen duten bitartean. Honela banaturik dago zenbateko hori:

–1.000.000 euro ekoizpena digitalizaziorantz eraldatzeko jarduketetarako, deialdiaren 3. oinarrian aurreikusitakoari jarraituz.

–1.000.000 euro ekoizpena jasangarraitsunerantz eta ekonomia berderantz eraldatzeko jarduketetarako, deialdiaren 3. oinarrian aurreikusitakoari jarraituz.

3. 1.421.677 euroko gastua baimentzea, NL-NEZaren 2021eko gastuen aurrekontuko 950001 96100 4709 241119 MRR Mikroenpresei eta autonomoei bideraturiko lurralde-proiektuak partidaren kargura, mikroenpresek enplegua mantendu ahal izan dezaten beren negozioak digitalizaziorantz edo jasangarritasunerantz eta ekonomia berderantz eraldatzen duten bitartean. Honela banaturik dago zenbateko hori:

–710.838 euro ekoizpena digitalizaziorantz eraldatzeko jarduketetarako, deialdiaren 3. oinarrian aurreikusitakoari jarraituz.

–710.839 euro ekoizpena jasangarraitsunerantz eta ekonomia berderantz eraldatzeko jarduketetarako, deialdiaren 3. oinarrian aurreikusitakoari jarraituz.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57.1 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2021eko abenduaren 31n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

ERANSKINA

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan ezartzea negozioetako ekoizpena ekonomia berde eta digitalerantz eraldatzea sustatzeko jarduketak egiten dituzten autonomoen eta mikroenpresen enplegua mantentzen laguntzeko dirulaguntzak.

Horien bitartez, autonomoek eta mikroenpresek baliabideak izanen dituzte ekintzak aztertzeko eta abiarazteko beren negozioak indartzeko eta hazteko, ingurumen-jasangarritasunaren eta ekonomia eta digitalizazioaren zutabeak oinarri gisa hartuz.

2.–Diru-laguntzen entitate onuradunak.

1. Deialdi honen onuradun izan eta laguntzak eskatzen ahal dituzte hurrengo erakundeek:

a) Autonomoak.

b) Mikroenpresak.

Deialdi honen ondoreetarako, autonomotzat jotzen dira Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) edo Elkargo Profesionaleko Mutualitatean alta emanda daudenak.

Deialdi honen ondoreetarako, mikroenpresatzat jotzen dira hamar soldatapeko baino gutxiago dituztenak eta urteko negozio-bolumena (aldi jakin batean sarturiko diru-kantitatea) edo balantze orokorra (enpresaren aktiboaren eta pasiboaren egoera) 2 milioi eurotik beherakoa dutenak.

2. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

b) Ekonomia-jarduera gutxienez urtebetez egitea autonomo edo mikroenpresa egin zirenetik.

Autonomoentzat, jardueraren hasiera-datatzat jotzen da LAABeko alta-eguna.

Mikroenpresentzat, jardueraren hasiera-datatzat jotzen da eratze-data.

c) Autonomo eskatzaileek alta emana izan beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergan, ekonomia-jarduera egiten duten udalerrian. Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituztenean izaten ahalko dira laguntzen onuradun langile autonomoak edo beren konturakoak, baldin eta dirulaguntzak nork bere izenean eskatzen badituzte.

3. Ez dira onuradun izaten ahalko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipaturiko egoeraren batean dauden erakundeak edo pertsonak.

3.–Ekintza diruz lagungarriak.

1. Jarduketa diruz lagungarriak izanen dira honako hauetako ekintza bat edo hainbat egiten dituztenak dirulaguntza eman eta hurrengo lau hilabeteetan:

a) Premien diagnostikoa: Abiapuntuaren analisia, erdietsi beharreko helburuak ezartzea eta helburuak lortzeko egin beharreko ekintzak definitzea.

b) Ekintza-planak: planteaturiko helburuak erdiesteko estrategia diseinatzea eta egitea, kontuan hartuz jarduketa bakoitzerako beharrezko jarduketa-faseak, kronograma eta baliabideak.

c) Identifikaturiko irtenbideak ezartzeko lagun egitea eta tutorizazioa: behin diagnostikoa eginda eta ekintza-plana definiturik dagoenean, identifikaturiko irtenbideak aplikatzeko adituek lagun egitea edo tutorizatzea finantzatzen ahalko da.

d) Aholkularitza: onuradunei laguntza pertsonalizatua eta espezializatua ematera bideraturiko ekintzak, haien negozioak finkatzeko, honako gai hauen inguruan, esaterako: arrakastarako faktoreak, plangintzaren eraginkortasuna, kudeaketa finantzarioa eta eragiketakoa, produktuen garapena, zerbitzu ekoberritzaileak, salmentarako eta merkaturatzeko praktika egokiak eta abar. Aholkularitza aurrez aurrekoa, urrunekoa edo mistoa izaten ahalko da.

e) Prestakuntza ekonomia digital eta berdearen arloetan. Hartzaileen ekintzailetzako gaitasunak hobetzera bideraturiko prestakuntza-praktika, ekonomia berde eta digitaleranzko trantsizioan laguntzeko helburua duena. Prestakuntza aurrez aurrekoa, urrunekoa edo mistoa izaten ahalko da.

f) Inbertsioak: Laguntza honen bitartez, digitalizazio-prozesuan edo ekonomia berdeko irtenbideak ezartzeko prozesuan laguntzeko beharrezko inbertsioak egitea eskatzen ahalko du edozein enpresa edo autonomo eskatzailek. Inbertsiotzat joko dira ibilgetu material edo immaterialarekin zerikusia dutenak.

2. a) eta e) bitarteko ekintzak garatzeko, entitate publiko edo pribatuetara jo beharko dute, edo teknikari espezializatuengana, beren jarduera profesionala eremu horietan garatzen dutenengana.

3. Baldin eta eskaturiko dirulaguntzaren xedea inbertsioak egitea bada, onuradunak justifikatu beharko du aurretik a) eta d) bitarteko ekintzaren bat egin duela, inbertsio horiek gomendatzen dituena. Ez da ezinbestekoa aholkularitza-ekintza horiek dirulaguntza-deialdi honen kargura finantzatzea.

4.– Lerro diruz lagungarriak.

Jarduketa diruz lagungarriak honako bi ildo hauetan multzokatuko dira:

1.– Digitalizazioa.

Asmoa da negozioetan teknologia digital berriak txertatzea, lan-prozesuak automatizatzeko, antolakuntza berritzeko eta eraldatzeko eguneroko eragiketak hobetzeko eta proiektuak teknologia berrietan oinarrituriko bezeroekiko eta hornitzaileekiko harreman-era berrietara jotzea lortzeko.

Digitalizazioaren eremuko jarduketek helburua izanen da enpresa-funtzioak, merkataritza-eragiketak, bezeroen kudeaketa-ereduak eta/edo komunikazio-prozesuak gaitzea, hobetzea edo garatzea, teknologia digitalak erabiliz.

Negozioen digitalizazioak eta haien eraldaketa digitalak berekin ekarriko du erakundea osatzen dutenen prestakuntza eta gaikuntza, harremanean egon beharko baitira lanpostuko tresnekin eta teknologiekin.

2.– Ekonomia berdea:

Ingurumena kontserbatzera, lehengoratzera eta hobetzera bideraturiko jarduketak dira. Negozioen ingurumen-inpaktua murriztea maila jasangarrietara heltzeko, energiaren, lehengaien eta uraren kontsumoaren efizientzia handituz, berotegi-efektuko gasen isurketak murriztuz, sorturiko hondakinak gutxituz eta ekosistemak eta biodibertsitatea lehengoratuz, horrela gizartearen eta ekonomiaren erresilientziari laguntzeko. Ekonomia zirkularra, hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Aurrezpen edo efizientzia energetikoa. Garraio eta mugikortasun jasangarria. Uraren kudeaketa. Birgaitze eta eraikitze jasangarriak.

Diruz lagundutako jarduketak eskaera egiten den unetik aurrera garatu beharko dira, eta gehienez ere lau hilabeteko epean amaitu beharko dira, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Onuradunak 5.000 euro jasoko ditu, abuztuaren 19ko TES/897/2021 Aginduaren III. eranskinean onetsitako moduluari jarraituz.

2. Eskatzaileek jarduketak aurreko oinarrian jasotako 1. edo 2. lerrora bideratu beharko dituzte.

3. Autonomo edo mikroenpresa bakoitzak dirulaguntza bakar bat jasotzen ahalko du deialdi honen kargura.

6.–Eskaerak egiteko modua eta aurkezteko epea.

1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.navarra.es/eu/), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

2. Eskaerak deialdia “Nafarroako Aldizkari Ofizialean” argitaratu eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko dira.

3. Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Halaber, eskaera aurkeztean baimena ematen zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko. Horren aurka berariaz egonez gero, dagokion dokumentazio aurkeztu beharko da.

4. Interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, baita Administrazioak berak eginak direnak ere, ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipaturiko agiriak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikotik jaso ditzan, salbu eta interesdunak berariaz aukera hori eragozten badu. Kasu horretan, berak aurkeztu behar ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzan eskatzen ahalko dio interesdunari.

7.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Dirulaguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahal da.

b) Eskabidearekin batera memoria bat aurkeztuko da, diruz lagundu beharreko jarduketak deskribatuko dituena, eta bertan zehaztuko da zein ildotakoak diren, digitalizaziokoak edo ekonomia berdekoak.

c) Mikroenpresak edo autonomoak kontrataturiko langileen justifikazioa, eskabidea aurkeztean halakorik badu.

d) Bigarren oinarrian eskaturiko baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa.

e) Europar Batasunaren betebeharrak ezagutzen dituela adierazten duen aitorpena, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren arabera.

f) Ingurumenari kalte nabarmenik ez egitearen printzipioaren inguruko erantzukizunpeko adierazpena, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa.

g) “Transferentzia bidez ordaintzeko eskariaren” inprimakia.

8.–Instrukzioa eta tramitazioa.

1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz eginen da.

9.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du dirulaguntza eman edo ukatzen den.

Ebazpena gehienez ere bi hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkezturiko eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

3. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

4. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

10.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1. Dirulaguntza ordaintzeko, proiektua amaitu eta gehienez hilabeteko epean, entitate onuradunak jarduketak justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Memoria teknikoa: garaturiko jarduketen eta lorturiko emaitzen zerrenda eta deskribapen laburra.

b) Hirugarren oinarriaren 2. eta 3. puntuan adierazitakoa betetzearen agiri bidezko justifikazioa.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru sarreren xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, espedientea itxi eginen da, eta ez da ordainketarik eginen.

2. Onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, onuradunak jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko ditu, agiri elektronikoak barne, dagozkion egiaztatze- eta kontrol-jardueren xede izaten ahal diren bitartean, bai eta hala eskatzen duen estatuko arauditik edo Europar Batasunekotik eratorritako beste edozein betebehar ere.

Finantzaketari dagozkion egiaztagiriak eta gainerako agiriak gorde beharko dituzte, formatu elektronikoan, eragiketa egin eta 3 urtez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluan aurreikusitako baldintzetan (“Finantza erregelamendua”).

3. Agiri horiek aztertu ondoren, organo kudeatzaileak dirulaguntza ordaintzeko proposatuko du.

11.–Erakunde onuradunaren betebeharrak:

Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Bereziki, hauek:

a) Mikroenpresek eta autonomoek dirulaguntza jasotzean mugagabe eta aldi baterako kontrataturiko besteren konturako langileen enplegua mantentzea, eskaria egin eta hurrengo 18 hilabeteetan.

Langileen borondatezko bajak plantillaren partetzat joko dira, dirulaguntzaren xedea betetzearen ondoreetarako, hala entitate onuradunek ordeztu badituzte nola ordeztu ez badituzte.

Langiletzat joko dira dirulaguntzaren xedea betetzearen ondoreetarako kontratu-harremana kausa objektiboengatik edo diziplinazko kaleratzeagatik iraungitzen bada, bata edo bestea bidezkotzat jotzen edo aitortzen bada, langileak dimititu egin badu, hil egin bada, erretiratu egin bada, edo aldi baterako ezintasuneko, ezintasun iraunkor oso edo absolutuko edo baliaezintasun handiko kasuetan eta aldizkako kontratu finkoaren deialdia amaitu delako, kaleratzea ez bada, baizik eta etetea edo kontratuaren xede den obra edo zerbitzua eman delako edo adosturiko aldia bukatu delako, edo proba-aldian suntsiarazi egin delako.

b) Dirulaguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epean egitea.

c) NL-NEZak edo beste kontrol erakunde batzuek egin beharreko egiaztapen, jarraipen eta kontrol lanak onartzea.

d) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, nazionalek nahiz nazioartekoek, xede bererako emandako bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta dirulaguntzak emateko kontuan harturiko xedeak edo baldintzak aldatu diren ere.

e) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

f) Diruz lagundutako jarduerak izaera publikoa duela agerraraztea. Diruz laguntzen diren programen hedapen eta garapenarekin zerikusia duten jarduketa guztietan, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren ikurra sartu beharko da, eta NL-NEZarekiko lankidetza aipatu. Horiek guztiak lehentasunezko tokian jarriko dira, eta ez dira inola ere entitate onuradunaren ikurra baino txikiagoak izanen. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarrituriko irudia sustatu.

g) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea laguntzen jarraipena egiteko behar duen informazio guztia.

12.–Gardentasun-betebeharrak mikroenpresentzat.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipaturiko erakundeak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik goitiko laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira, betiere 5.000tik goitiko kopurua bada.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinaturik aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu behar du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu behar dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu behar du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zuen.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, kasua bada, kobraturiko zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, onuradun guztiak beharturik daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskaturikoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

13.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetan arauturiko dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea. Hala ere, dirulaguntza hauek bateraezinak dira inbertsio-proiektu berberak gauzatzeko Europar Batasunaren beste funts batzuk jasotzearekin, eta ez dute finantzaketa bikoitza izaten ahalko. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Bitartekoak finantzaturiko inbertsio-proiektuek Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jasotzen ahal dute, baldin eta laguntza horrek ez badu estaltzen programa honen dirulaguntzak artikulu honetan zehazturikoaren arabera finantzatzen duenaren kostu bera. Onuradunak organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio beste dirulaguntza edo laguntza batzuk lortu dituela helburu bererako, kostu beraren gainean finantzaketa bikoitzik izan gabe, beste edozein administrazio edo erakunde publikotatik, nazionaletik edo nazioartekotik.

14.–Onetsiriko proiektuen aldaketak.

1. Proiektuak edo diru-laguntzak ematerakoan kontuan harturiko baldintzak aldatu badira, aitzinetik horren berri eman beharko zaio NL-NEZ zerbitzuari, haietarako baimena eman dezan.

2. Aldaketa egiteko eskaeretan behar bezain ongi azaldu beharko da aldaketarako arrazoia, edo zer arazo sortu den proiektua hasieran pentsatu bezala ez egiteko. Horrelako eskaerak proposatu nahi den aldaketa hasi baino gutxienez 5 egun natural lehenago aurkeztu beharko dira.

3. Funtsezkotzat hartzen diren aldaketen kasuan, NL-NEZk behar den ebazpena emanen du.

4. Ez da posible 1. lerroko (digitalizazioa) eta 2. lerroko (ekonomia berdea) ekintzen esleipena aldatzea.

15.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. NL-NEZak beharrezko zeregin guztiak eginen ditu proiektuak ebaluatu eta haiei jarraipena egiteko. Entitate onuradunek behar diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko.

Zehazki, NL-NEZak dagokion jarraipena eginen dio enplegua mantentzearen alderdiari. Horretarako, entitate onuradunari dagokion justifikazioa eskatuko zaio, mugagabe edo aldi baterako kontrataturikoena, eskaritik 18 hilabete igaro ondoren. NL-NEZak ebatziko du espedientea ixtea edo itzulketa-espediente bat hasiko du, betebehar hori bete den edo ez.

2. Dirulaguntza hauek Berreraikitze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezarritako jarraipen, kontrol eta ebaluazio prozedurak bete beharko dituzte, bai eta barne araudiak eta Europar Batasunak EBko Suspertze eta Erresilientzia Bitartekorako ezartzen dituen eta nahitaez aplikatu beharko diren betebehar espezifikoak ere, hain zuzen ere informazioari eta publizitateari, kontrolari, egiaztapenari, jarraipenari, ebaluazioari eta gainerako betebeharrei buruzkoak.

3. Erakunde onuradunak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharreko egiaztapen-jarduketen mende jarriko dira, bai eta, hala badagokio, Estatuko Administrazio Orokorraren Kontu-hartzailetza Nagusiari dagozkion finantza-kontrolen eta Kontuen Auzitegiaren legerian aurreikusitakoen mende ere, eta Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak, Iruzurraren kontrako Europako Bulegoak, Europako Auditoretza Bulegoak eta, bidezkoa denean, Europako Fiskaltzak ere egin ditzaketenen mende.

Agindu honetan arauturiko dirulaguntzak, halaber, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezartzen diren jarraipen, kontrol eta ebaluazioaren mende egonen dira, bai eta barne araudiak eta Europar Batasuneko araudiak ezarritako informazio eta publizitate, kontrol, egiaztapen, jarraipen, ebaluazio betebehar espezifikoen eta gainerako betebeharren mende ere, baldin eta Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Bitartekorako ezartzen badira eta horien aplikazioa nahitaez bete beharrekoa bada, “ingurumenari kalte nabarmenik ez egiteko printzipioa” barne (“do no significant harm-DNSH” printzipioa).

Egiaztatze-jarduketak betetze aldera, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.f) artikuluan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, dirulaguntzen onuradun diren erakundeek, Suspertze eta Erresilientzia Bitartekoaren funtsen azken hartzaileak diren aldetik, honako hauek gorde beharko dituzte: finantzaketari dagozkion frogagiriak, datu estatistikoak eta gainerako dokumentuak, baita erregistroak eta dokumentuak ere, formatu elektronikoan, hiru urteko epe batez.

Era berean, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak datuen kategoria bateratuak bilduko ditu, funtsen erabileraren auditoretza eta kontrola egiteko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan erreformak eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurriei dagokienez, formatu elektronikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan zehazturikoarekin bat etorriz, 2021eko otsailaren 12ko araudiaren arabera, eta aplikatzekoa den araudiak zehazten duen moduan.

16.–Dirulaguntzen publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Nafarroako Enplegu Atarian argitaratuko ditu onarturiko dirulaguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzetan, eta, orobat, egiturazko funtsei buruzko xedapenak ezartzen dituen 1303/2013 EB Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. atalean ezarritakoa betez (Informazioa eta komunikazioa).

Entitate onuradunek sustapen eta zabalkunde jarduketa guztietan agerrarazi beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela.

Erakunde onuradunek ikusgaitasuna eman beharko diote jasotako funtsen jatorriari, eta beraz, dokumentazioan eta hedabideetan jarri beharko dute “Europar Batasunak-Next Generation EU”k finantzatua, dirulaguntza horiekin finantzatzen diren jarduketen kasuan. Ikusgaitasun hori agertuko da bereziki ekintzak eta haien emaitzak sustatzen direnean, informazio koherentea, eraginkorra eta proportzionatua emanez, askotariko hartzaileei zuzendua, hedabideak eta jendea, oro har, barne.

17.–Datuen babesa

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

18.–Betebeharrak ez betetzea eta dirulaguntzak itzultzea.

1. Harturiko zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Ezarritako epean justifikatu ezean, kobraturikoa itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne.

3. Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori NZ-NEZ zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, diru-laguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne, ezartzen ahal diren zehapena galarazi gabe.

Entitate onuradunak dirulaguntza emateko aintzat harturiko baldintzen edo programen aldaketa jakinarazi eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartu badu, dirua itzultzea beharrezkoa bada, ez da berandutze-interesik eskatuko.

4. Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatzen ahalko dio dirulaguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko. Borondatezko itzulketetan, eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatua kontuan harturik, berandutze-interesak aplikatu behar badira, itzulketa gertatu arte kalkulatuko dira.

5. Enplegua 11. oinarrian deskribaturiko moduan mantentzen ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, ez-betetzearen proportzioan, berandutze-interesak barne.

19.–“De minimis” araubidea.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedaturikoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

2. Horretarako, enpresek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan harturiko bestelako de minimis laguntzak aitortuko dituzte.

20.–Ingurumenari kalte nabarmenik ez egiteko konpromisoa.

1. Dirulaguntza hauen onuradun diren entitateek bermatu beharko dute, proiektuen diseinu- eta exekuzio-fase guztietan eta banaka jarduketa bakoitzerako, osotara betetzen dela “kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (do no significant harm, DNSH printzipioa), bai eta klima arloko etiketatzea eta etiketatze digitala ere, honakoetan aurreikusitakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia planaren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakia (Council Implementing Decision-CID), eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua eta hura garatzeko araudia.

Horretarako, entitate onuradunek aurreikusiko dituzte, alde batetik, “kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (do no significant harm printzipioa, DNSH) betetzen dela egiaztatzeko tresnak, eta, bestetik, printzipio hori ezartzen dela bermatzeko neurri zuzentzaileak, eta horren berri jasota utziko dute dirulaguntzaren justifikazio-memorian.

21.–Arau osagarriak.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta aplikagarri den gainerako araudi administratiboa aplikatuko dira.

Zehazki, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketari dagokionez, hauxe izanen da erreferentziazko araudia:

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 17koa, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei buruzko xedapen komunak ezartzen dituena.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1304/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 13koa, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa.

–Azpiidazkaritzaren Ebazpena, 2021eko apirilaren 29koa, zeinak argitaratu egiten baitu Ministroen Kontseiluaren 2021eko apirilaren 27ko Erabakia, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana onestekoa.

22.–Zehapen araubidea.

Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

23.–Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2200894