30. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

384/2021 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, honako laguntza hauen oinarri arautzaileak eta deialdia onesten dituena 2022. urterako: basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako laguntzak (2014-2020 LGP-Landa Garapenerako Programaren 08.06.01 azpineurria). DDBN identifikazioa: 604263.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.

Eskumen horien artean Nafarroako mendi publikoen kudeaketa dago. Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak 2. eta 3. artikuluetan ezartzen ditu legearen helburuak, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira:

1. Basoetako ingurune naturala eta egoera ekologikoa zaindu eta hobetzea.

2. Nafarroako baso eremuetako zuhaiztien hedadura sustatzea, batez ere birsortzearen eta eboluzioaren ondorioz jatorrizko baso bilakatzen ahal diren landare-formazioak sortuz.

3. Toki-erakundeen lankidetza sustatzea, baso lurrak zaindu eta babesteko.

4. Mendiko produktuen lehen mailako transformaziorako jarduerak bultzatzea.

Helburu horiek erdiesteak berekin ekarriko du Nafarroako Foru Komunitateko baso sistemek irautea eta horiek hobetzea, horrek dituen onura zuzeneko eta zeharkako guztiekin, hasi landako populazioak finkatu eta lanpostuak sortzearekin eta buka baso suteen prebentzioarekin, higaduraren kontrako borrokarekin, gai berriztagarrien erabilerarekin (egurra, konparazio batera) eta menpekotasun energetikoa gutxitzearekin. Horiek guztiak onura publikokoak eta interes sozial handikoak dira.

Aurrekoa kontuan harturik, aipatutako arauaren 66. artikuluak hauxe dio hitzez hitz: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, dagozkion aurrekontuen mugen barnean, laguntza teknikoa eta ekonomikoa emanen die mendi edo baso lur publiko nahiz pribatuen titularrei, baso aprobetxamenduen titularrei, basogintzako elkarteei eta basogintzako industria eta enpresei”.

Halaber, 63.1 artikuluak honako hau dio: “Nafarroako Gobernuak basoko lan eta zerbitzuak egiten dituzten enpresen birmoldaketa eta hobekuntza sustatuko ditu, bai eta lehen transformazioko industriena ere; besteak beste, zerrategiak eta xaflak, oholak, orea, papera eta kortxoa lantzekoak”. Era berean, 63 bis.3 artikuluak dio ezen basoko produktuak merkaturatzeko baldintzak hobetzea sustatuko dela.

Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 70., 71. eta 72. artikuluek laguntzen mailaketari eta bateragarritasunari buruzko alderdi orokorrak ezartzen dituzte, baita dirulaguntzako baremoei buruzkoak ere. Otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Mendien Erregelamenduaren 104., 105. eta 107. artikuluetan zehaztu dira alderdi horiek. Erregelamendu horrek berak ezartzen du, 105.9 artikuluan, ebazpen batek garatuko duela artikulu horren edukia.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez ematen dena, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua; 21. artikuluan “Baso eremuak garatzeko eta mendien bideragarritasuna hobetzeko inbertsioak” izeneko neurria ezarri zuen, eta artikulu horren e) puntuan, azpineurri gisa, berriz, honako hau: basogintzako teknologietako inbertsioak eta basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako inbertsioak.

1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako gehieneko laguntzak finkatzen dira; kopuru horiek, nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatearen parametro soziekonomikoen arabera zehaztu beharko dira.

Nafarroako Landa Garapenerako Programak (Europako Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko azken 8143 (2015) Erabakiaren bidez onetsia) neurri hori biltzen du, eta, bereziki, 08.06.01 azpineurria, hots, basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako inbertsioak. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, basogintzaren sektoreari dagokionez.

Laguntza hauek bideratuko dira baso aprobetxamenduei aplikatutako teknologia eta zuraren lehen transformaziorako industrietan erabiltzen den teknologia hobetzeko jarduketei laguntzeko. Sostengu publiko horrek, gainera, Nafarroako Oihan Planean du jatorria. Izan ere, plan horretan aurreikusten da, sektore horretarako helburu berariazkoak aipatzen direlarik, Nafarroan basogintzaren industria-sektore egoki eta lehiakor bat garatzea eta, horretarako, enpresen modernizaziorako, berrikuntza teknologikorako eta proiekzio komertzialerako baldintzak sortzea; horrela, sektoreak toki nabarmena bereganatuko du Nafarroako ekonomian, landa-eremuetako bizitza dinamizatzen eta herrietako biztanleria aktiboa mantentzen lagunduko baitu, eta mendien baso-kudeaketa jasangarrian ere modu eraginkorrean lagunduko du.

Sostengu publikoak basogintzako sektoreko enpresen bideragarritasun ekonomikoa hobetzen lagunduko du, horrek baso aprobetxamenduen exekuzioa erraztuko baitu, ustiapen kostuak murriztu eta ustiategietako lanetan segurtasun eta osasun baldintzak hobetu.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena, Nafarroako testuinguruan, “Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak” lortzeari begira eta haietan parte hartzeari begira. Lehentasun horiek bideraturik daude Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera, hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile baterako, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Zehazki, neurri hau, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.5.c) artikuluari jarraikiz, Batasuneko landa garapena lortzeko lehentasun honi dagokio: “energia iturri berriztagarrien hornidura eta erabilera erraztea, baita azpiproduktuena, hondarrena, hondakinena eta jateko ez diren gainerako lehengaiena ere, bioekonomiaren garapena sustatzeko”.

Beraz, honako esparru juridiko honen barnean dago:

–1305/2013 (EB) Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen 2017ko uztailaren 10eko 2017/1242 (EB) Betearazpen Erregelamendua, aldatzen duena Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua. Azken horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezarri ziren, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu delegatua, zeinak osatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzak eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkieken zehapen administratiboak.

Basogintzako teknologietako inbertsioetarako laguntzak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren xedapenen menpe daude, baita Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 41. artikuluaren menpe ere (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta); izan ere, laguntza hauek ez daude tratatu horren 42. artikuluaren aplikazio eremuaren barrenean. Aurretik, laguntza honen berri eman zitzaion Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari. Organo horrek adierazi zuen Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren inprimakia jasoa zuela, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu, SA.43021 (2015/XA) laguntza zenbakiarekin.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Ebazpen hau ematen da babes harturik urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoa (foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta ezarri ziren haren antolamendua eta funtzionamendua). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barnean, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatzeko eta betearazteko, eta bereziki, arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzetarako.

Ikusita ebazpen proposamen honek badituela Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzarena.

Ikusita ebazpen proposamen honek baduela Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuaren aldeko fiskalizazioa.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Onetsi egiten dira 2022. urtean basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak, I. eranskinean jasotzen den moduan, baita ebazpen honen zati diren II.etik IV.era bitarteko eranskinak ere.

2. Deialdiaren onespena.

Onetsi egiten da 2022. urteko basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako laguntzen deialdia.

3. Aurrekontuko kredituak.

Guztira, 480.000 euroko gastua baimentzen da basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetako laguntzetarako, 2021eko gastu-aurrekontuaren “Eragile pribatuentzako dirulaguntzak. Basogintzako industria. Suspertu Plana, 2014-2020ko LGP, LGENF” izeneko 740002 74200 7709 456703 partidaren helburu bererako 2022. urtean gaitzen denaren kargura, betiere horretarako kreditu nahikoa badago.

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Laguntzak aplikatzeko baldintza.

Ebazpen honetan xedatutakoa aplikatzeko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren 08.06.01 neurriari buruz (Basoko produktuen transformazio, mobilizazio eta merkaturatzerako inbertsioak) xedatutakoa betetzea. Ildo beretik, Europako Batzordearen eskakizunei erantzuteko asmoz neurri horretan egiten den edozein aldaketak berekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzei buruzko oinarri arautzaileak egokitzea.

6. Eskualde behartsuak eta mendialdekoak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako Foru Aginduaren zerrendan agertzen direnak dira eskualde behartsuak eta mendialdekoak, edo, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren esparruan aplikatzearen ondorioetarako, foru agindu hori ordezten duten Nafarroako Foru Komunitateko xedapenetan aipatzen direnak, deialdi honek indarra hartzen duenean indarrean badaude.

7. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari (NGDDB) jakinaraztea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira.

8. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa jartzea.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko abenduaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK, 2022. URTEAN BASOGINTZAKO TEKNOLOGIETAN NAHIZ BASOKO PRODUKTUEN TRANSFORMAZIO, MOBILIZAZIO ETA MERKATURATZERAKO JARDUERETAN EGITEN DIREN INBERTSIOETARAKO

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan jasotzen diren “Basogintzako teknologietan eta basoko produktuen industrietan egiten diren inbertsioetarako laguntzak” arautzea, honako hauek ezartzen duten esparruan: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 21.1.e) eta 26. artikuluak (erregelamendu horrek landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez ematen dena, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua) eta bestetik, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren 41. artikulua (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

2. Azpineurri honi jarraikiz, basoko produktuak aprobetxatzeko, eraldatzeko, mobilizatzeko eta merkaturatzeko eta mendien balio ekonomikoa hobetzeko teknologiak, praktikak eta ekipamenduak hobetzea helburu duten jarduketak lagunduko dira.

Basoko produktuen mobilizaziotzat hartuko dira zutikako egurraren eta basoko beste produktu batzuen balioa nabarmentzeko praktika egokiak, baso kudeaketa jasangarri baten ondorioz haien aprobetxamendua ikusgarri izan dadin. Praktika hauek garatzen ahalko dira bai mendian, bai produktuak ekoizteko eta merkaturatzeko prozesuan.

2. oinarria.–Neurri hau aplikatzeko baldintza orokorrak.

1. Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza batez baliatu diren enpresek ezin izanen dute laguntzarik lortu, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jaso ere, harik eta enpresak itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion errekuperazio-interesak.

2. Krisian dauden enpresek ezin dute laguntzarik jaso. Horretarako, aintzat hartuko da nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014tik 2020ra bitarte aplikatu beharreko Europar Batasunaren zuzentarauen 35.15 puntuan dagoen definizioa (2014/C 204/01, hemendik aurrera Zuzentarauak). Kontrola egiteko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak dituen kontrol tresna informatikoetatik lortu beharreko altxortegi-koefizientearen balioak hartuko dira aintzakotzat edo interesdunek laguntzen eskabidean emandako beste datu batzuk. Gainera, enpresa eskatzaileak jardunean egon behar du. Aipatu tresnek jasotzen duten 2020. eta 2021. urteetako negozio-zifra garbiaren bidez egiaztatuko da hori.

3. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan eta Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko Batzordearen 702/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz, eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan zehaztutakoarekin bat, neurri honen azken helburua da baso eremuen garapenean inbertitzea eta basoen bideragarritasuna hobetzea, eta azpineurri honen helburua, bereziki, da Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan baso aprobetxamendurako, eraldakuntzarako, mobilizaziorako eta merkaturatzerako erabiltzen diren teknologiak, praktikak eta ekipamenduak hobetzeko jarduketetan inbertitzea.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira; izan ere, laguntzen dute, zalantzarik gabe, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatzen diren Europar Batasunaren lehentasunak lortzen, eta lagungarriak dira, orobat, basogintzaren sektorean behar bezala prestatutako langileak sartzeko eta, bereziki, belaunaldi aldaketa egiteko. Gainera, teknologia berritzaileen ezarpena eta basoen kudeaketa jasangarria sustatzen dute.

4. oinarria.–Onuradunak.

Basoen titular diren pertsona fisiko eta juridikoak, publikoak zein pribatuak, izan daitezke neurri honen onuradun, baita udalerriak, haien elkarteak eta ETEak (enpresa txiki eta ertainak) ere, Nafarroan kokatuta badaude eta basoak ustiatzeko lanetan eta lehen transformazioan aritzen badira, baldin eta eskatutako hasierako baldintzak betetzen badituzte eta hitz ematen badute oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eutsiko dietela.

5. oinarria.–Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Neurri honen onuradun izan daitezke, aurreko artikuluan aipatutako pertsonak izanik, inbertsio hauetako bat egiten dutenak:

a) Zura lehengai gisa edo energia iturri gisa erabiltzearekin lotutako inbertsioak (adibidez, egurra txikitzeko edo zatikatzeko makinak), haren lehen tratamenduarekin lotuta badaude, hau da, bigarren transformazioaren aurrekoak, non ez baitira aldatuko zuraren ezaugarri kimikoak, eta, bakar-bakarrik, enpresaren tamainari begiratuta, produktua eskala txikian egiten bada, hots, ETE (enpresa txiki eta ertain) batek egina bada.

b) Zura prozesatzeko ekipamendu eta instalazio mugikorretan egiten diren inbertsioak, mozketa eremuen inguruetara eramateko diseinatuetan.

2. Aurreko puntuan adierazitako inbertsioak diruz lagungarriak izateko, gainera, onartua izateko honako irizpide hauek bete beharko dira laguntza-eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Eskatzaileak bere eskaera zehaztu eta baloratzeko dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du. Eragiketa diruz lagungarria izateko, aurrerapen teknologiko bat aurkeztu beharko da enpresaren jardunean gas kutsatzaileen emisioak murrizteari, lurzoruaren gaineko afekzioak murrizteari eta segurtasun eta osasun baldintzak hobetzeari buruzkoa.

b) Enpresa diruz lagungarriak ETE gisa sailkatuak egon beharko dira. Horren ondorioetarako, ETEtzat hartuko dira Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen dituzten enpresak. Erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

c) Jarduketa diruz lagungarriak bateragarriak izan behar dira Nafarroako Oihan Planarekin.

d) Zura lehengai gisa edo energia iturri gisa erabiltzearekin lotutako inbertsioak, betiere, zuraren bigarren transformazioaren aurreko eragiketetakoak izanen dira.

e) Jarduketek ingurumen baimena beharko dute, eta behar diren baimenak ere eduki beharko dituzte, jarduketa zein den.

f) Sarturik ez egotea laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

g) Foru Ogasunarekin bere zerga betebeharretan eta/edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluari jarraikiz.

6. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Honako hauek dira kostu diruz lagungarriak:

a) Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea. Lurretarako dirulaguntza besterik ez da emanen, kasuan kasuko eragiketaren guztirako kostu diruz lagungarrietatik %10 gehienez;

b) Makineria eta ekipamendu berria erostea, produktuaren merkatu-balioa gainditu gabe;

c) Goiko a) letran sartutako gastuei lotutako kostu orokorrak, hau da, arkitekto, ingeniari eta aholkularien zerbitzu-sariak, ingurumen eta ekonomia aldetiko jasangarritasunaren gaineko aholkularien zerbitzu-sariak, bideragarritasun azterlanak barne; bideragarritasun azterlanek diruz lagungarriak izaten segituko dute, nahiz eta, azterlan horien emaitzen ondorioak ikusita, ez egin a) letran adierazitako inolako gasturik.

Kostu orokorren %100 lagunduko da diruz, baina ezin izanen dute gainditu inbertsio diruz lagungarriaren %4.

d) Programa informatikoak eskuratu edo garatzea, eta inbertsioari lotutako patenteak, lizentziak, egile eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.

2. Kostuen moderazioa obra proiektuei aplikatuko zaie Nafarroako basolanen prezio ofizialen tarifak kontuan hartuta.

3. Gastu hautagarrietan ez da BEZa sartzen.

4. Basoko zerbitzuetarako den makineria ez da diruz lagunduko.

7. oinarria.–Inbertsio plana.

1. Eskaerarekin batera, egoki den inbertsio plana aurkeztu beharko da, eta hura izanen da laguntzarako eskubidea sortzeko oinarria.

2. Inbertsio plan horretan, besteak beste, honako hauek azalduko dira: enpresaren hasierako egoera, haren deskribapena, bere jarduera garatzeko behar dituen jarduketak eta laguntzaren xedeko inbertsioarekin zein egoeratan egotea aurreikusten den.

3. Inbertsio plana prestatzeko, deialdi honen II. eranskinean jasotzen den agiria erabiliko da, baita ezarrita dagoen eredua ere. Nafarroako Gobernuaren Atarian eskuratu daiteke eredu hori, laguntza hauen gaineko izapideen katalogoko web-orrian.

8. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Basogintzako enpresentzako eta basoko produktuen industrientzako laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.

2. Espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio diruz lagungarria 20.000 eurokoa izanen da (BEZa kenduta), salbu basoen ziurtapen sistemak ezartzeko kasuetan eta kudeaketa-programa informatikoen kasuan, horientzat ez baita gutxieneko inbertsiorik eskatuko.

Espediente bakoitzeko gehieneko inbertsio diruz lagungarria 325.000 eurokoa izanen da (BEZa kenduta), eta horren barnean sartzen da proiektuaren edo beste agiri tekniko batzuen kostua.

3. Laguntza kalkulatzeko, honako portzentaje hauek aplikatuko zaizkio onartzen den inbertsioaren zenbatekoari, BEZa kenduta. Onartzen den inbertsioaren zenbatekoa, BEZa kenduta, bi hauen arteko txikiena izanen da: batetik, onuradunak aurkezten duena, eta bestetik, instrukzio organoak onartzen duena, laguntza-eskaera ebaluatu eta kontrola aplikatu ondoren, bai laguntza emateko orduan, aurkeztutako inbertsioaren deskribapenaren eta justifikazioaren arabera, bai ordaintzeko orduan, egindako inbertsioaren arabera, eta betiere kostuen moderazioa aplikatuta bi une horietan.

Onartzen den zenbateko hori espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoa baino handiagoa izan beharko da (ikus oinarri honen 2. puntua). Hala ez bada, laguntza-eskaera ukatuko da.

Dirulaguntzaren portzentajea kalkulatzeko, eskaera egin aurreko urte naturalari edo Merkataritza Erregistroan egindako azken gordailuari dagokion enpresaren batez besteko tamaina aplikatuko da.

Eskaera mota

ETEen (salbu mikroenpresak), pertsona fisikoen eta autonomoen portzentajeak

Mikroenpresen portzentajeak

1. transformazioa egiten duen industriaren ezarpen berria

%40

%40

1. transformazioa egiten duen industria handitzea/hobetzea

%25

%30

Baso ustiapenerako eta basolanetarako makineria erostea (1)

%25

%30

Baso ustiapenerako eta basolanen enpresetarako makineria berritzea (2)

%20

%25

Ziurtapen sistemak eta kudeaketa-programa informatikoak ezartzea

%40

%40

(1) Laguntza hau 5 puntuz igoko da kasu hauetako bakoitzean:

a) Enpresa ezarri berria denean.

b) Enpresak plantilla handitu baldin badu laguntzaren aurreko urtean (kontuan hartuko da igoera %5ekoa edo hortik gorakoa bada, eta 9. oinarriko 5) puntuan adierazi bezala egiaztatuko da).

(2) Ordeztutako makineria hondakinen kudeatzaile baimendu bati eman zaiola frogatuko da. Edo, hori saldu bada, horren balioa frogatuko da. Salbuespen gisa, behar den akreditazioarekin edo justifikazioarekin batera, eta Balorazio Batzordeak onartuz gero, baimentzen ahal da ordezten den makineria ez entregatzea hondakinak biltzeko kudeatzaile baimenduari, eta enpresaren esku gelditzea ustekabeko edo matxura kasuetan erabiltzeko.

4. Laguntzaren intentsitatea eta kostu diruz lagungarriak kalkulatzeko, ulertuko da erabiltzen diren zenbateko guztiak ezein kenkari fiskal edo karga aplikatu aurrekoak direla. Kostu diruz lagungarriak abalatzeko, frogagiri argiak, berariazkoak eta eguneratuak aurkeztu beharko dira. Espedienteren batean inbertsio kontzeptu bat baino gehiago sartuz gero (“Eskaera mota” gisa azaldutako sailkapenaren arabera), bakoitzari dagokion dirulaguntza-portzentajea aplikatuko zaio, enpresaren tamainaren/motaren arabera.

9. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera emandako puntuen baturaren arabera eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera:

Kontzeptua

Puntuazioa, gehienez ere

Aurrerapen teknologikoa dakarren makinerian inbertitzeko eskaera (1)

15 puntu

Instalazio berrietan edo instalazioak hobetzeko lanetan inbertitzeko eskaera (2)

25 puntu

Enpresak badu zaintza katearen ziurtagiri bat, edo laguntza eskatzen du hura ezartzeko baizik ez. (3)

10 puntu

Egoitza soziala mendialdean edo mendialdetik kanpo baina naturak mugatutako eskualde batean dago, azken 8629 C(2017) Erabakiaren bidez onetsitako 2014-2020 LGParen katalogazio berriari jarraikiz.

5 puntu

Enpresaren jarduera menditik hurbil dago. (4)

10 puntu

Enpresako eskulanaren profesionalizazio maila. (5)

10 puntu

Enpresak enplegua sortu du azken urtean. (6)

10 puntu

(1) Makinerian egindako inbertsioak aurrerapen teknologikoa dakarrela egiaztatzeko, makinaren sistemak deskribatzen dituzten ezaugarri teknikoak aurkeztuko dira, zehazki, gas kutsatzaileen isurketak eta lurzoruari egiten zaizkion afekzioak gutxitzekoak eta langileen osasuna eta segurtasuna hobetzekoak. Lehentasuna izanen dute aurreko kanpainetan laguntzarik jaso ez duten titular berrien inbertsioek, modu horretan profesionalizazioa, modernizazioa eta hobekuntza teknologikoa basogintzako enpresa mota gehiagotara eramateko. Irizpide hau aplikatuta 15 puntu lortzen ahal dira gehienez, graduazio honen arabera:

–15 puntu aurrerapen teknologikoa dakarren makineria erosteko, aurreko kanpainan laguntzarik jaso ez duten onuradunen kasuan.

-10 puntu aurrerapen teknologikoa dakarren makineria erosteko, aurreko kanpainan laguntza jaso duten onuradunen kasuan.

–5 puntu aurrerapen teknologikoa dakarren makineria erosteko, aurreko bi kanpainetan laguntza jaso zuten onuradunentzat.

(2) Basogintza sektoreari lotutako enpresa berrien instalazioa sustatu nahi da lehen transformazioaren esparruan, produkzio lerroak hobetzen dituzten jarduneko enpresen aldean lehenetsiz. Enpresa horiek enplegua sortzen dute landa eremuan, eta, horrela, landa ekonomiari eta basoetako baliabideen kudeaketari eusten laguntzen diote. Gehienez ere 25 puntu emanen dira, graduazio honen arabera:

–25 puntu lehen transformazioko enpresen instalazio berriak ezartzeko.

–20 puntu jada ezarritako instalazioak hobetzeko.

(3) Zaintza katea ziurtatzeko sistemak: PEFC, FSC edo antzeko beste arau bat aplikatuz eman direnak.

(4) Hori egiaztatzeko, salmenten guztizko bolumena Excel orri batean bilduko da. Orri horretan, gutxienez, eremu hauek agertuko dira, bereizita: faktura zenbakia, data, kontzeptua eta zenbatekoa. Atal honetan, puntuazio hau esleituko da (10 puntu gehienez):

–Enpresaren salmenten bolumen osotik mendiko lanetatik datorrena %50etik beherakoa bada: 3 puntu.

–Enpresaren salmenten bolumen osotik mendiko lanetatik datorrena %50etik %75era bitartekoa bada: 7 puntu.

–Enpresaren salmenten bolumen osotik mendiko lanetatik datorrena %75etik gorakoa bada: 10 puntu.

Laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ez badira irizpide honetarako faktura edo egiaztagiri guztiak, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak eskatzaileari eskatuko dio aurkez ditzala betebehar hau betetzen dela egiaztatzeko behar diren fakturak (aurkeztutako zerrendan daudenetatik). 50 fakturatatik bat aztertuko da gutxienez; hala, gehienez 29 faktura aztertuko dira, ausaz aukeratuak”.

(5) Irizpide hau frogatzeko, deialdiaren aurreko urtean jardunean zeuden langileen 1. edo 2. mailako Lanbide Heziketaren titulua edo erdi mailako edo goi mailako unibertsitateko heziketa zikloen titulua aurkeztuko da. Ikasketa horiei dagokienez, nahitaezkoa izanen da ikasketa planean jasotzea basoen ustiapenari, egurraren teknologiari edo egurraren transformazio prozesuei buruzko prestakuntza. Langilearen jardun denborari dagokionez, berriz, batez besteko plantillaren gaineko txostena begiratuko da, Gizarte Segurantzak emandakoa, eta lan kontratua ere aurkeztu beharko da. Puntuazio hau emanen da:

–Plantillako %15ek baino gehiagok badu prestakuntza hori: 3 puntu.

–Plantillako %35ek baino gehiagok badu prestakuntza hori: 7 puntu.

–Plantillako %60k baino gehiagok badu prestakuntza hori: 10 puntu

(6) Laguntza eskatu aurreko urtean plantillan izandako hazkundea egiaztatzeko, 2021eko eta 2020ko batez besteko plantillaren gaineko txostenak aurkeztuko dira, Gizarte Segurantzak emanak. Urte berean plantillaren txosten bat baino gehiago aurkeztuz gero, hazkundea baloratzeko, txosten horien batezbestekoa hartuko da aintzakotzat. Bi urteotan gertatzen den igoera portzentualaren arabera honako puntuazio hau emanen da, balorazio hau kontuan hartuta:

–%5etik beherakoa: 0 puntu.

–%5 eta %10 artekoa: 5 puntu.

–%10etik gorakoa: 10 puntu.

10. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, 9. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta laguntza emanen zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

2. Espedienteen gehieneko puntuazioan berdinketa gertatuz gero, lehen transformazioko industrien instalazioak sortzea edo hobetzea eskatzen dutenak lehenetsiko dira makineria erosteko eskaeren aurretik. Berdinketak jarraitzen badu, 1. irizpidean puntuaziorik handiena lortu duen espedientea lehenetsiko da, eta horrela eginen da bata bestearen atzetik oinarri honetan ezarritako irizpideak bukatu arte. Irizpide guztiak aplikatu ondoren berdinketak jarraitzen badu makineria erosteko inbertsioetarako, enpresei aurrerapen teknologikoa dakarkieten eskaerak lehenetsiko dira, hau da, makineria erosteko egindako inbertsioak ordenatuko dira jarraian zehazten den lehentasun ordenari jarraituta:

1. Prozesagailua.

2. Autokargagailua.

3. Skidderra.

4. Basolanetarako kamioia.

5. Zura zatitzeko makina mugikorra.

6. Erdiatoia eta garabia.

7. Garabia.

8. Basolanetarako bestelako makina mugikorrak.

Amaitzeko, aintzakotzat hartuko da, beharrezkoa bada, motorraren watteko (W) potentzia, potentzia txikiagoko makineria nagusituta; izan ere, haren eraginak potentzia handiko makinek eragindakoak baino txikiagoak izanen dira.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 25 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Laguntza hauen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Inbertsioak egin beharko dituzte Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz, eta deialdian ezartzen den epearen barrenean. Zilegi da jarduketa berean aldaketa partzialak egitea hasieran eskatutakoaren gainean, baldin eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak onesten baditu eta Nafarroako Oihan Planarekin bateragarriak badira.

b) Ordainketa ebatzi arte, bosgarren oinarrian ezarritako betebeharrei eutsi behar zaie, baita bederatzigarren oinarrian jasotako balorazio irizpideen ondoriozkoei ere.

c) Behar diren argibideak eman beharko dituzte inbertsioaren alderdi tekniko eta ekonomikoei buruz, baita neurri hauen esparruan jasotako laguntzei buruz ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

d) Laguntza ongi eman dela, inbertsioa ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartu behar dira.

e) Dirulaguntza jaso duten inbertsioak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, nolanahi ere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren kontura edo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentutik ematen direnekin.

f) Dirulaguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan sarturik ez egotea, eta, zehazki, bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

g) Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko langileei baimena ematea dirulaguntzen xede diren instalazioetan sar daitezen edo erositako makineria lokaliza dezaten, lanak gainbegiratzeko eta, bidezko bada, inbertsioak hurrengo bost urtean (edo ondasunen balio-bizitza osoan, bizitza laburragoa badute) mantentzeko konpromisoa bete ote den ikuskatzeko.

h) Diruz laguntzen den inbertsioa basolanetarako baizik ezin izanen da erabili edo bideratu.

i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

j) Guztira 50.000 eurotik gorako laguntza publikoa (BEZa kenduta) duten inbertsioen kasuan, onuradunak proiektuaren edo eragiketaren deskribapena egiten duen erakusgarri bat jarri beharko du, gutxienez haren %25 hartuko duena. Gainera, Europako ikurra agertuko da, helbide honetan dauden arau grafikoen araberakoa: http://europa.eu/about-eu/basic-information/symbols/flag/index_es.htm. Harekin batera, goiburu hau: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

k) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

l) Diruz laguntzen den inbertsioan ezbeharren bat gertatuz gero, onuradunak horren berri eman beharko dio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari, eta ezbeharra eragin duten zergatien berri eman, zerbitzuak behar diren neurriak har ditzan inbertsioei eustea egiaztatzeari buruz.

12. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira onuradunak bere gain hartzen dituenak, laguntza likidatzen duen ordainketa-ebazpenaren egunetik hasita bost urtez haiei eusteko konpromisoa hartuta.

2. Espediente eta onuradun guztientzat, gerora bete beharreko konpromisoa da inbertsioaren izaerari edo gauzatzeko baldintzei eragiten ez dien inolako aldaketa garrantzitsurik ez egitea. Konpromiso hori ez zaie aplikatuko basolanak bertan behera uzten badira iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.

3. Horren ondorioetarako, honako hauek dira gerora bete beharreko konpromisoak:

a) Basolanak egiteari ez uztea.

b) Inbertsioaren xedeko ondasunen jabetza aldaketak saihestea, baita errentan ematea edo erabilera hirugarrenei lagatzea ere. Hala ere, Administrazioak baimena ematen ahalko du inbertsioaren titulartasuna eskualdatzeko, baldin eta titular hori oinarri arautzaile hauetan ezarritako betebehar eta konpromisoetan subrogatzen baldin bada.

c) Funtsezko aldaketarik ez egitea, horren ondorioz eragiketaren izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak halako moduz ukitzen badira non jatorrizko helburuak kaltetzen diren.

d) Diruz lagunduriko inbertsioak abian mantentzea epe horretan, salbu eta ezinezkoa bada behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, besteak beste: onuradunaren eritasun luzea, makineriak funtzionaltasuna galtzea titularrari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik (behar bezala eta behar den epean jakinarazten baldin bazaio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari) eta inbertsioen funtzionaltasunari kalte egiten dioten hondamendi naturalak.

13. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/Zerbitzuak). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori eskuratzen ahal da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus).

2. Eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen, eragiketa honek eragin pizgarria izan nahi duelako, Zuzentarauen I) zatiko III. kapituluaren 3.4 puntuan eta Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan erabakitakoarekin bat, salbu eta seigarren oinarriaren 1. puntuko c) atalean aurreikusitakoari lotutako kostu orokorrak.

3. Eskaerarekin batera III. eranskinean (“Laguntza-eskaerari atxiki beharreko inprimakiak”) zehazten diren agiriak aurkeztuko dira:

a) Laguntza eskatzeko inprimakia.

b) Enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

c) Zinpeko aitorpena eta eskatzaileak hartzen dituen konpromisoak.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzekoa.

–Makineria erosi eta programa informatikoak, patenteak, lizentziak, egile eskubideak edo marka erregistratuak eskuratu edo garatuz gero, proformako hiru faktura gutxienez erantsi behar dira, katalogoekin batera (makinei dagokienez), eskatutakoaren ezaugarri teknikoak egiaztatu eta, horrenbestez, hiru eskaintzak erkatu ahal izateko. Hornitzailea aukeratzeko erabakiaren justifikazioa aurkeztuko da. Proformako fakturek produktu bera edo antzeko prestazioak dituzten produktuak erakutsi beharko dituzte. Hiru faktura aurkezteko modurik ez badago, hornitzailearen ziurtagiri baten bidez justifikatu beharko da, markaren esklusibotasuna baldin badago, edo antzeko beste agiri baten bidez. Beharrezkoa bada, Balorazio Batzordeak jakinaraziko du ea eskatutakoaren kostuak bat datozen merkatuko kostuekin, haren irizpide teknikoaren arabera.

–Obra zibilaren kasuan, inbertsioa justifikatzen duen proiektua aurkeztu beharko da, elkargo ofizialak zigilatua. Gainera, proiektuak bereiz gauzatzea aurreikusten duen atal bakoitzeko, sustatzaileak hiru eskaintza erantsi beharko ditu, eta enpresa aukeratzeko erabakiaren justifikazioa.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, beste banku helbideratze batean kobratu nahi bada eta Administrazioak haren daturik ez badu. Agiri hori helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

f) IFKren kopia, enpresa berrien kasuan.

g) Eskatzailearen nortasuna frogatzen duen agiria (sozietatea eratzeko eta geroko aldaketen eskrituraren kopia) eta ordezkatzen dituen pertsona fisikoaren ahalmena frogatzen duena. Baldin dokumentazio hori 2021. ekitaldia baino lehenagoko laguntza-eskaeran aurkeztu bazen, ez da beharrezkoa izanen berriz aurkeztea, Administrazioak jada izanen baitu, salbu agiri horietan aldaketak izan badira.

h) Egoera ekonomiko finantzarioa: ez da beharrezkoa izanen inolako agiririk eranstea basoetako ziurtapen sistemak edo programa informatikoak ezartzeko eskaeretan, ezta kontu gordailuak aurkeztu beharra duten enpresei dagokienez ere. Gordailu horiek aurkeztu beharrik ez duten enpresek PFEZaren eta BEZaren aitorpenak aurkeztuko dituzte, azkeneko bi urteotakoak.

Departamentuak horretarako gaituta dituen kontrol sistemetan enpresari buruzko daturik ez badago, horri buruzko informazioa eskatzen ahalko da espedientea tramitatzean.

i) Ebazpen honetako 9. oinarriko “Balorazio irizpideak” izeneko puntuan ezarritako puntuazioak lortu ahal izateko eskatzen den dokumentazio beharrezkoa. Balorazio irizpideak horretarako behar den dokumentazioaren bidez frogatu ezean, dokumentazio hori zuzentzeko modukoa ez dela iritziko da, eta horrek berekin ekarriko du dagokion irizpideari punturik ez ematea.

j) Inbertsioa eginen den lurren jabetza ziurtatzen duen eskrituraren kopia, baita hura Jabetza Erregistroan inskribaturik dagoela ziurtatzen duen agiria ere, eta, hala behar izanez gero, hirigintzako agiria, bertan eraikitzen ahal dela ziurtatzen duena.

k) Obretako udal lizentzia, behar baldin bada.

l) Irekitzeko lizentzia edo, horrelakorik ezean, jarduera sailkatuarena, bidezkoa bada.

m) Inbertsio plana (II. eranskina).

4. Eskabidearekin batera aipatutako dokumentazioa aurkeztu ezean, dagokion instrukzio unitateak eskatzaileari eskatuko dio hamar eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

5. Kudeaketa organoaren errekerimenduei emandako erantzunak erregistro elektronikoaren bidez tramitatuko dira.

6. Onuradunak eskaera bakar bat aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

14. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari dagokio; atal hori Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari atxikita dago.

15. oinarria.–Balorazio Batzordea.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txostena bi hilabete baino gutxiagoko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen batzordekidea: Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Ataleko burua.

Bigarren batzordekidea: Basoak Kudeatzeko Ataleko burua.

Hirugarren batzordekidea: Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Ataleko teknikari bat.

Idazkaria: Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Ataleko teknikari bat.

3. Batzordeko kide bakoitzak Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utz dezake bere ordezkaritza.

4. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko langileek aurretiazko landa-bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduketa eginen dituzte eskatu diren inbertsioak egokiak diren erabakitzeko.

5. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik egokiak ez diren ekintzetarako dirulaguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

16. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiari igorriko dio.

2. Txosten hori egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitateko Administrazioan edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunekin.

5. Ebaluazioa ikusirik, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du, eta laguntzak esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak. Proposamenak honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

17. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen gaineko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, kasua bada, espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik, hau da, esleitutako aurrekontu-baliabideak mugatuak izatearen ondorioz, “Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak” izeneko 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera horietako bakoitzari emandako puntuazioa adieraziz. Horrela, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak, deialdi berri bat egin behar izan gabe, zilegi izanen du puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

Ondorio horietarako, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak egoera horren berri emanen die interesdunei, adieraz dezaten dirulaguntza jasotzeko proposamena onartzen ote duten, hamar eguneko epe luzaezinean, komunikazioa jaso eta biharamunetik hasita. Epe horretatik kanpo aurkezten bada laguntzen ukoa, betiere justifikazio teknikorik gabe, edo ezinbesteko arrazoiek eraginda ez bada, enpresak ezin izanen du xede bererako laguntzarik eskatu hurrengo kanpainan. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du, interesdunei jakinaraziko die eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko du, dirulaguntza kanpainaren prozesuaren emaitzarekin batera.

4. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

18. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

Eskaerak aldatzen ahalko dira, baldin eta eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hamabost eguneko epearen barnean aurkezten badira, eta, horiek onesteko, eskaeren instrukzio organoak baloratu beharko ditu. Aldaketek honako irizpide hauek beteko dituzte:

–Ez dira nabarmenak izanen, hau da, ez da onartuko ekintza berririk gehitzea, kalkulu errore material bati erantzun gabe eskatutako aurrekontua gorantz aldatzen duenik, ezta hasierako eskaeran aipatutako makina motak ordeztea ere (adibidez, ez da onartzen prozesagailu baten ordez autokargagailu bat hartzea).

–Proiektua teknikoki hobetzeko aldaketak baizik ez dira onartuko, eskatutako inbertsioaren helburuari eta izaerari kalte egiten ez dietenak.

19. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2022ko urriaren 14a izanen da 2022ko kanpainako laguntza eskaerentzat.

2. Laguntza jasotzeko, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2022ko urriaren 31a baino lehen:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia (IV. eranskina).

b) Jatorrizko fakturak edo horien kopia konpultsatuak, laguntza-eskaeraren ondotik datatuak.

c) Fakturak banku transferentziaren bidez ordaindu izanaren frogagiriak. Bankuko karguak izanen dira, datu hauek agertuko dituztenak: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura zenbaki eta guzti. Salbuespen gisa, ordainketa frogatzeko, enpresa hornitzaileak egindako ordainagiriak onartuko dira, 2.500 eurotik gorakoak ez badira. Gauzatan egindako ordainketak ez dira onartuko.

Fakturen ordainketen frogagirien bidez inbertsio osoa ordaindu dela frogatu beharko da.

d) Inbertsioen liburua edo emaitzen kontu nagusia, lagundutako inbertsioen kontabilizazioa egiaztatzeko.

e) Salerosketaren eskritura publikoaren bidez frogatu beharko da ondasun higiezinen erosketa.

f) Proposatutako kostuen moderazioa egin beharko da 2017/1242 EB Betearazpen Erregelamenduaren 1. artikuluaren 2. puntuan ezarritakoarekin bat (erregelamendu horren bidez 80972014 EB Betearazpen Erregelamendua aldatu zen). Kostu horiek ebaluazio sistema egoki baten bidez ebaluatuko dira, esate baterako, eskaintzak konparatuz, edo deialdiaren 15. oinarrian ezarritako Balorazio Batzordeak esku hartuz.

g) Kontratista batekin azpikontratatutako lanen zenbatekoak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta 60.000 eurotik goitikoa denean, idatzizko kontratu bat egin beharko da, ordainketa egiteko gainerako dokumentazioarekin batera aurkeztuko dena.

h) Langileek lan ekipoak erabiltzeko segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ezartzen dituen uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretua betetzeari buruzko egiaztagiriak. Makineria erosiz gero, EEEko adostasun adierazpena eta makinaren jarraibideak.

3. Laguntzen ordainketen gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

4. Salbuespen gisa, eta justifikatuz gero, inbertsioa bukatzeko eta ordainketa-eskaera aurkezteko luzapen bat eskatzen ahalko da, baina, betiere, 2022ko azaroaren 10etik harago joan gabe. Eskaera 2022ko urriaren 15a baino lehenago egin beharko da, eta laguntzak kudeatzen dituen unitateak onetsi beharko du.

20. oinarria.–Laguntzak ordaintzeko eskaera aurkezteko modua eta epeak.

1. Dirulaguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, behin frogatu ondoren esleipena eragin zuen inbertsioa burutu dela eskaera aurkeztu zenetik gehienez hiru hilabeteko epean. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik, harik eta haren bukaeraren ziurtapena amaitu arte eta ordainketen frogagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko dira, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko da.

3. Laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahal zaizkie onuradunei, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa-eskaerarekin alderatuta, 21. oinarrian (Murrizketak eta bazterketak ordainketetan) aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira ordainketan.

6. Ez da onartuko hasieran baimendutako aurrekontuak gora egitea, non ez dauden egitatezko akatsak eskaeran edo ez diren baso administrazioak eskatuta sartutako arrazoizko aldaketak.

7. Laguntzak emateko ebazpenean aurreikusitako ekitaldi bakoitzari dagozkion laguntzak eskuratzeko, onuradunak ordainketa-eskaera aurkeztu beharko du. Ordainketa-eskaera deialdian zehazturiko datak baino lehen aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez; eredua Nafarroako Gobernuaren web-orriko izapideen katalogoan dago eskura (www.nafarroa.eus). Hala aurkeztu ezean, dagokion urtekoa galduko da.

8. Fase edo tarte bakoitzeko jarduketak egin edo bukatu direla justifikatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira, eta konpromisoak bete izanarena. Deialdian, oinarri arautzaileetan eta laguntzak emateko ebazpenean xedatutakoaren ondoriozko frogagiriak erantsi beharko dira.

21. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Inbertsioa 19. oinarriko 1. puntuan adierazitako egunerako bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galduko da.

2. 11. oinarriaren b) letran bildutako konpromisoa azkeneko ordainketa baino lehen betetzen ez bada, laguntza galduko da.

3. Inbertsioa bukatu ondoren, gauzatu denaren kostua onetsitako inbertsioaren %70etik beheitikoa bada, ordainketa doituko da benetan gauzatu den inbertsioaren arabera, betiere %10eko penalizazioa aplikatuta doikuntzaren ondoriozko laguntzaren gainean, baina, bakar-bakarrik, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko teknikarien iritziz, inbertsioak bere funtsezko ezaugarriei eusten badie eta laguntzaren xedeko helburuak betetzen segitzen badu.

4. Inbertsioa gauzatu ondoren, onartutako zenbatekoa txikiagoa bada espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio lagungarria baino (8. oinarriko 2. puntuan adierazia), espediente horri ez zaio laguntzarik ordainduko.

5. Kudeaketa organoak egindako kontrolen ondotik onuradunak eskatutako ordainketaren zenbatekoa %10 handiagoa bada onuradunari ordaindu beharrekoa baino, zehapen bat ezarriko da, eskatutako zenbatekoaren eta zehaztutakoaren arteko aldea adinakoa, eta ez da izanen laguntza osoa kentzetik haragokoa.

6. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo egiaztagiriak aurkezten baditu, gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak frogatzen dituztenak. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:

a) Hondamendi natural larria, diruz lagunduriko instalazioa edo makineria nabarmen kaltetzen duena.

b) Inbertsioa nahi gabe hondatzea onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari.

c) Onuradunaren eritasun luzea.

7. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko aitorpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

8. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak aldatu direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

9. Onuradunak, konpromisoaren aldian, hartutako konpromisoak bete gabe uzten baditu bi urtez jarraian, laguntzaren %100 itzuli beharko du, eta ezin izanen ditu laguntza berak eskatu bigarren ez-betetzea gertatu eta hurrengo kanpainan.

22. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1. Oinarri arautzaile hauetan azaldutako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzak itzuli beharko dira osoki edo partez, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.

2. Konpromiso horiek bete ezean jasotako laguntzaren portzentaje bat itzuli beharko da, baita legez ezarritako berandutze-interesak ordaindu ere. Bosgarren oinarriko 2. puntuan ezarritakoa ez dela bete egiaztatzen bada, hartan finkatutako salbuespenak kenduta, ondorio hauek izanen dira:

–Basolanen jarduera uzten bada: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

–Diruz lagunduriko inbertsioen jabea aldatzen bada eta onuraduna ez bada jada ondasunaren erabiltzaile bakarra, salmenta, lagapen, alokatze edo antzeko beste sistema baten ondorioz: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

–Funtsezko aldaketa bat gertatzen bada, inbertsioaren izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak ukitzen dituena, eta horrek jatorrizko helburuei kalte egiten badie: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

3. Konpromiso horiek bete gabe utzi direla ez da ondorioztatuko baldin eta ezinbesteko arrazoi hauetako bat gertatzen bada:

a) Hondamendi natural larria, diruz lagunduriko instalazioa edo makineria nabarmen kaltetzen duena.

b) Inbertsioa nahi gabe hondatzea onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari.

c) Onuradunaren eritasun luzea.

4. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar eguneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

23. oinarria.–Laguntzak metatzea.

Laguntza hauek metatzen ahalko dira:

1. Batasunaren organoek kudeatutako laguntzak eta landa garapenerako estatu laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, baldin eta gainditzen ez badira Batasunaren Zuzenbidearen arau aplikagarrietan laguntzetarako ezarritako gehieneko intentsitate portzentajeak.

2. Landa garapenerako estatu laguntzak (kostu diruz lagungarri identifikagarriak badituzte) eta estatuko beste laguntza batzuk, baldin eta kostu diruz lagungarriak ezberdinak badira edo, kostu diruz lagungarriak berdinak izanda ere, bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu laguntzetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo laguntzarako gehieneko intentsitate portzentajeak.

3. Estatuak landa garapenerako ematen dituen laguntzak, kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak, eta Estatuko beste edozein laguntza, azken horrek kostu diruz lagungarri identifikagarriak baditu.

4. Landa garapenerako estatu laguntzak (kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak) eta estatuko beste edozein laguntza, azken horrek ere kostu diruz lagungarri identifikagarriak ez baditu, baldin eta bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu laguntza handienarentzat ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitate portzentajeak.

5. Nekazaritza sektorearentzako landa garapenerako estatu laguntzak eta LGENFren laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, izan LGENFrekin batera finantzatzen ahal direnak, izan finantzaketa nazionala baizik ez dutenak, eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu laguntzentzat ezarritako gehieneko laguntza edo gehieneko intentsitatea.

6. Landa garapenerako estatu laguntzak eta kostu diruz lagungarri berberetarako gutxieneko laguntzak, baldin eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu laguntzarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitatea.

Laguntza hauek ezin dira metatu:

1. Basogintzako sektoreko ekoizleen erakunde eta batasunentzako landa garapenerako hasierako laguntzak eta ekoizleen erakundeak eta batasunak sortzeko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 27. artikuluan ezarrita dauden laguntzak.

2. Nekazari gazteentzako eta ustiategi txikiak garatzeko hasierako laguntzak eta 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 19.1 artikuluko a) letraren i) eta iii) tartekietan nekazari gazteentzako enpresak sortzeko edo ustiategi txikiak garatzeko aipatzen den laguntza, bien batura 702/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako kopurua baino handiagoa baldin bada.

24. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Onuradunei emandako dirulaguntzak argitaratu eginen dira, jarraikiz Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 111. artikuluari. Batasuneko eta haren estatuetako auditoretza eta ikerketa organismoek tratatzen ahal dituzte horien datuak, Batasunaren finantza interesak babestearren.

2. Datu pertsonalak direnean, Batasuneko estatuek haien eskubideak jakinaraziko dizkiete onuradunei, datuen babeserako arauekin bat eta eskubide horiek erabiltzeko aplikagarriak diren prozedurekin bat, edo, halakorik ezean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin bat. Aipatu erregelamenduaren bidez pertsona fisikoen babesa arautu zen datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez (Datuen babeserako erregelamendu orokorra).

Deskargatu II. eranskinetik IV.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2200046