29. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

2E/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Lurraldearen Antolamenduko kontseilariak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari; espedienteak 10. ordenantzako 19. artikuluari eragiten dio eta Berrikuntzaren Hiriaren kontserbaziorako hirigintza entitateak sustatu du.

Espedientearen xedea da “Ekohiriaren” aukera-eremuari buruzko 10. ordenantzaren 19. artikulua aldatzea, posible izan dadin lurzati bakoitzean zolatutako azaleraren gehieneko portzentajea %5 handitzea, %20tik %25era, baldintza hauek betetzen badira:

1.–Proposatutako zoladura atzeratu beharko da lurzatiaren aurrealdean, 20 metro gutxienez, eta 10 metro gainerako mugetan, alde batera utzita desgaitasuna dutenentzat gordetako toki egokituak.

2.–Proiektatutako zoladura egiteko, geogelaxka ekologikoak erabiliko dira, %100 birziklagarriak diren materialekin egindakoak, eta berariaz debekaturik egonen dira hormigoizkoak, zeramikazkoak edo metalezkoak.

2021eko irailaren 14an, Babes Zibilaren Zerbitzuak txosten bat eman zuen, eta ondorio hau jaso:

“Proiektatutako zoladura berria egiteko, SUDS sistemak sartzea proposatzen da, jariatze-ur gehiagorik joan ez dadin egungo hiri-sareak biltzen dituen uretara, sare horren neurriak aurreko baldintzetarako pentsatuta baitaude, eta sare hidrografikoan ere gehieneko emaria ez handitzeko.”

Txosten horretan xedatutakoa betetzeko, hortaz, SUDS sistemen aipamena gehitu beharko da 10. ordenantzako 19. artikuluaren testu aldatuan.

2021eko abenduaren 13an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak txosten bat eman zuen, eta ondorio hau jaso:

“UPSaren aldaketaren ezaugarriak ikusirik, ondorioztatzen da proposamena ez dagoela sartuta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2012 Legearen 6. artikuluan jasotako kasuetan.”

Aurrekoekin batera, espedientean Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak eta Iruñerriko Mankomunitateak emandako aldeko txostenak daude.

Agiri teknikoaren egokitasun teknikoa eta formala aztertzean, espedientea ebatzi aurretik hobetu beharreko gai bat hauteman da. Behin betiko onespenerako aurkezten den agiri teknikoan 1.3 ataleko paragrafo bat kendu beharko da, zehazki jendaurreko epean alegazioak onestea aipatzen duena (amaierako agirian ez duelako zentzurik).

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2021eko abenduaren 17ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta erabiliz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera ematea “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari; espedienteak 10. ordenantzako 19. artikuluari eragiten dio eta Berrikuntzaren Hiriaren kontserbaziorako hirigintza entitateak sustatu du.

2. Espedientea ebazteko baldintza gisa ezartzea SUDS sistemen aipamena egitea 10. ordenantzako 19. artikuluaren testu aldatuan.

3. Espedientea jendaurrean jartzea eta entzunaldia ematea ukitutako udalari. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren webguneko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

Bi tramiteetarako epea ebazpen hau argitaratu eta biharamunean hasiko da.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea orok jakin dezan, eta jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Eguesko Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Babes Zibileko Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari eta espedientearen sustatzaileari.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 17an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2200742