28. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

1/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 14koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, irailaren 27ko 554/2019 Errege Dekretua Nafarroan aplikatzeko modua arautzen duena. Errege dekretu horren bidez ezartzen dira, batetik, behi-aziendaren infekzio-errinotrakeitisaren prebentzio, kontrol eta desagerrarazteko lanetarako oinarriak, eta, bestetik, eritasun horren kontrako borondatezko programa nazional bat.

Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen xedea da neurri juridiko eta administratiborik egokienak ezartzea abereen osasuna hobetzeko, eta horretarako, gaixotasun infekto-kutsakorrak eta parasitarioak prebenitu eta kontrolatzea, gizakiei kutsatzeko modukoak izan ala ez, Nafarroako Foru Komunitateko ingurumenari eta etxe-abereei eragiten baitiete.

Foru legearen 33.1 artikuluaren arabera, honako hauek hartzen dira abereen gaixotasunak kontrolatu eta desagerrarazteko programatzat: osasun ekintza bereziak, Nafarroako Foru Komunitatean nahitaez egin beharrekoak, baldin eta abereen prozesu patologikoak kontrolatu edo desagerrarazteko albaitaritzako epizootiologiako teknika berariazkoak erabili behar badira, prozesu patologiko horiek prebalentzia handia dutelako abereen eta gizakien populazioan, edo abeltzaintzako ustiategien bideragarritasun ekonomikoa kolokan jar dezaketelako. Era berean, aipatu foru legearen 33.2 artikuluan ezartzen denez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak emanen duen eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den foru agindu baten bidez ezarriko dira abereen gaixotasunak kontrolatu eta desagerrarazteko programak.

Patologia honen kasuan, kontrolerako araudi nazionala irailaren 27ko 554/2019 Errege Dekretuak ezartzen du, zeinak, batetik, behi-aziendaren infekzio-errinotrakeitisaren prebentzio, kontrol eta desagerrarazteko lanetarako oinarriak ezartzen baititu, eta, bestetik, eritasun horren kontrako borondatezko programa nazional bat. Esandakoa dela eta, arau hori Nafarroan aplikatzeko neurri batzuk hartu behar dira, kontuan hartuz bertako abeltzaintzaren berezitasunak, hala nola herri-lurren kontrola, txertaketa-datuen kudeaketa edo aplikazioaz arduratuko diren albaitarien erregistroa.

Horrenbestez, arau berri bat argitaratu beharra dago, haren bidez zenbait neurri ezartzeko, eritasun hau desagerraraztea lortu duten abere-taldeak babesten laguntzeko.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Behi-aziendaren infekzio-errinotrakeitisa prebenitu, kontrolatu eta desagerrarazteko borondatezko programa Nafarroan aplikatzeko arauak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jasotzen dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 14an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Behi-aziendaren infekzio-errinotrakeitisa (IBR) prebenitu, kontrolatu eta desagerrarazteko programa Nafarroan aplikatzeko arauak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

1. Foru agindu honen xedea da behi-aziendaren infekzio-errinotrakeitisa prebenitu, kontrolatu eta desagerrarazteko borondatezko programa nazionalaren zenbait neurri osagarri ezartzea, IBRaren birusa Nafarroan zabaltzeko arriskuak ahalik eta gehien murrizteko.

2. artikulua. Borondatezko programari atxikitzea. Programaren aplikazioaz arduratuko den albaitariaren identifikazioa.

Programari atxikitzeko, abeltegiaren arduradunak programari atxikitzen zaiola jakinarazi beharko dio Abeltzaintza Zerbitzuari. Programa hau nahitaezkoa izanen da osasun defentsarako elkarteetako bazkide diren abeltegientzat.

Programarekin bat egiten duten abeltegiek jakinarazi beharko diote Animalien Osasunaren Atalari aplikazioaz arduratuko den albaitariaren edo albaitaritza-taldearen identifikazioa. Izendatutako albaitaria edo albaitaritza-taldea arduratuko da abeltegian jartzeaz kontrol ofizialaren menpe dauden eritasunen txerto guztiak.

3. artikulua. Txertoaren erregistroa.

Programa aplikatzearen ardura duen albaitariak jakinarazi beharko du txertoa jarri izana, banakako identifikazioa zehaztuta, eta, horretarako, Albaitaritzako Kudeaketa Telematikorako tresna erabiliko du. Jakinarazteko epea hamabost egun naturalekoa da txertaketa egin eta biharamunetik hasita.

4. artikulua. Herri-larreak, IBRaren kontrola.

Larreak beste abeltzain batzuekin batera erabiltzen dituzten behi-ustiategiek eritasun honen kontrako txertaketa programa bete beharko dute, salbu eta IBR 4 kalifikazioa dutenek edo IBR 3 kalifikazioa dutenek, kalifikazio prozesuan badaude, irailaren 27ko 554/2019 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat (behi-aziendaren infekzio-errinotrakeitisaren prebentzio, kontrol eta desagerrarazteko lanetarako oinarriak eta eritasun horren kontrako borondatezko programa nazional bat ezarri zituen errege dekretua alegia).

Larrean sartzen diren 6 hilabetetik gorako abereek immunizatuta egon beharko dute sarrera egunean, erabilitako txertoaren erabilera-orrian zehazten den txertaketa-pautarekin bat.

5. artikulua. Abere lehiaketak, enkanteak.

Ustiategi bateko baino gehiagoko behi-azienda elkartzen duten abere lehiaketetan, enkanteetan eta txapelketetan parte hartzen duten abereek txertaketa programa betetzen duten abeltegietakoak izan beharko dute, salbu eta IBR 4 kalifikazioa dutenek edo IBR 3 kalifikazioa dutenek, kalifikazio prozesuan badaude, irailaren 27ko 554/2019 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat (batetik, behi-aziendaren infekzio-errinotrakeitisaren prebentzio, kontrol eta desagerrarazteko lanetarako oinarriak, eta, bestetik, eritasun horren kontrako borondatezko programa nazional bat ezarri zituen errege dekretua alegia).

Parte hartzen duten abere guztiek immunizatuta egon beharko dute delako lehiaketa, enkantea edo txapelketa egiten den egunean, erabilitako txertoaren erabilera-orrian zehazten den txertaketa-pautarekin bat.

6. artikulua. Zezenketetarako ganadutegien lehiaketak.

Ganadu-etxeen lehiaketetan parte hartzen duten abereek txertaketa programa betetzen duten abeltegietakoak izan beharko dute, salbu eta IBR 4 kalifikazioa dutenek edo IBR 3 kalifikazioa dutenek, kalifikazio prozesuan badaude, irailaren 27ko 554/2019 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat (batetik, behi-aziendaren infekzio-errinotrakeitisaren prebentzio, kontrol eta desagerrarazteko lanetarako oinarriak, eta, bestetik, eritasun horren kontrako borondatezko programa nazional bat ezarri zituen errege dekretua alegia).

Parte hartzen duten abere guztiek immunizatuta egon beharko dute delako lehiaketa, enkantea edo txapelketa egiten den egunean, erabilitako txertoaren erabilera-orrian zehazten den txertaketa-pautarekin bat.

7. artikulua. Kalifikazioa lortu eta mantentzeko behar diren laginketak egitea.

Nafarroan, IBR kalifikazioa mantentzeko beharrezkoak diren laginak tuberkulosia desagerrarazteko programako ohiko saneamendu-laginketarekin batera hartuko dira IBR 0 ez den kalifikazioa duten abeltegi guztietan.

Titular batek egin nahi badu IBR 3 edo IBR 4 kalifikazioa lortu ahal izateko behar den azterketa, horretarako eskaera-orria aurkeztu beharko du Animalien Osasunaren Atalean. Azterketa hori kostu gehigarririk gabe eginen da tuberkulosia desagerrarazteko programaren bisita baliatuz. Titularrak eskatzen badu lagina hartzea tuberkulosia desagerrarazteko programaren bisitarena ez den egun batean, titularrak ordaindu beharko du kalifikazioa mantendu edo lortzeko azterketa.

Iragarkiaren kodea: F2200642