28. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

1/2022 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, otsailaren 2koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, balio erantsiaren gaineko zerga eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga aldatzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horren barnean, aipatutako Hitzarmen Ekonomikoaren 31 bis eta 32. artikuluek ezartzen dute ezen energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga eta balio erantsiaren gaineko zerga ordainarazteko, Nafarroak aplikatuko dituela Estatuko lurraldean une oro indarra duten arau substantibo eta formal berak. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena eta ordainketak egiteko ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik funtsean aldendu gabe.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 53.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, baldin tributu-araubide erkideko aldaketa batek behartzen badu estatuan une horretan indarra duten arau substantibo eta formal berberak Foru Komunitatean aplikatzera Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak ematen ahalko ditu tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatutako legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnei, “tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie, 14/2004 Foru Legearen 53.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Estatuan, abenduaren 21eko 29/2021 Errege Lege-dekretuak, mugikortasun elektrikoa, autokontsumoa eta energia berriztagarrien hedapena sustatzeko premiazko neurriak hartzen dituenak, sektore elektrikoan hartutako zenbait tributu neurriren indarraldia luzatu du, bai eta COVID-19aren pandemiari aurre egiteko helburua duten zenbait neurri fiskalena ere.

Lehenik eta behin, sektore elektrikoari dagokionez, 2022ko lehen hiruhilekorako luzatu da energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren aldi baterako etenaldia.

Fiskalitate energetikoaren eta energiaren ekoizpenaren arloan eta uraren erregulazio kanona eta erabilera tarifa kudeatzearen arloan premiazko neurriak hartzen dituen ekainaren 24ko 12/2021 Errege Lege-dekretuaren bidez ezarri zen energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren aldi baterako etenaldia 2021eko lehen hiruhilekorako; izan ere, argindarraren prezioen bilakaera zela eta -une hartan gertatzen hasia zena- posible zen neurri hura hartzea sistema elektrikoaren jasangarritasun ekonomiko eta finantzarioa kaltetu gabe.

Ondoren, Gas eta elektrizitatearen txikizkako merkatuetan gas naturalaren prezioen gorakadaren inpaktua leuntzeko premiazko neurriei buruzko irailaren 14ko 17/2021 Errege Lege-dekretuaren bidez, etenaldirako neurri hori 2021eko bigarren seihileko osorako luzatu zen.

Argindarraren handizkako prezioen ezohiko egoerak, oso altuak baitira, 2022ko lehen hiruhilekoan ere bere horretan jarraituko duela ikusita, egoki jotzen da aipatutako neurria epe horretarako ere luzatzea eta, horrenbestez, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga etenda egonen da 2022ko ekitaldiko lehen hiruhilekoan.

Horrela, zergaren salbuespenari esker, argindarraren ekoizleek, tributu horren zergapekoak diren aldetik, prezio lehiakorragoak eskaintzen ahalko dituzte berriz, kontsumitzaileen mesederako, haien eragiketa kostuetako bat murriztuko baita. Sistemaren oreka bermatzearren, sistema elektrikoari konpentsazioa emanen zaio, neurri horren ondorioz diru-bilketan izanen duten jaitsiera adinako zenbatekoa izanen duena.

Bestalde, salbuespeneko neurri iragankor gisa, 2022ko apirilaren 30era arte mantenduko da balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) ehuneko 10eko tasa murriztuaren aplikazioa, faktura elektrikoaren osagai guztien gainekoa, 10 kW-etik beherako potentzia finkoa duten energia elektrikoaren kontratuetarako, baldin eta fakturazioaren aurreko hilabetean handizkako merkatuko hileko batez besteko prezioa 45 eurotik gorakoa izan bada MWh-ko.

Luzatzen da, orobat, BEZaren ehuneko 10eko zerga-tasaren aplikazioa elektrizitatez hornitzeko kontratuen titularrei egindako horniduretan, titular horiek bono soziala jasotzen badute eta ahul larriaren edo gizarte bazterketaren arriskuan dagoen ahul larriaren izaera aitortua badute errege lege-dekretuaren indarraldian, handizkako merkatuan elektrizitateak duen prezioa kontuan hartu gabe.

Neurri horiek idatzizko prozeduraz jakinarazi zaizkio 2021eko abenduaren 16an BEZaren Batzordeari, Europar Batasuneko araudia betetzeko.

Horrez gain, 2022ko ekainaren 30era arte mantenduko da BEZaren ehuneko 4ko zerga-tasaren aplikazioa maskara kirurgikoen (erabili eta botatzekoak) entregetan, inportazioetan eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barrukoetan, pandemiaren iraupena dela-eta populazioak horiek erabiltzen segitu behar izan duelako. Luzatzen den neurria 2021eko abenduaren 31ra arte araututa dago Enpresen kaudimenari eta sektore energetikoari laguntzeko eta tributu arloko premiazko neurriei buruzko azaroaren 17ko 34/2020 Errege Lege-dekretuaren 7. artikuluan.

2022ko ekainaren 30era arte luzatzen da, halaber, balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 0ko tasaren aplikazioa COVID-19ari aurre egiteko osasun materialaren barne entregetan, inportazioetan eta eskurapenetan, baldin eta hartzaileak erakunde publikoak, irabazi-asmorik gabeko entitateak eta ospitaleak badira; neurri hori 2021eko abenduaren 31ra arte araututa dago apirilaren 27ko 7/2021 Errege Lege-dekretuaren lehen xedapen gehigarrian. Errege Lege-dekretu horren bidez, Europar Batasuneko zuzentarauen transposizioa egiten da, gai hauetan: lehia, kapitalak zuritzearen prebentzioa, kreditu entitateak, telekomunikazioak, tributu arloko neurriak, ingurumen kalteen prebentzioa eta oneratzea, langileen joan-etorriak nazioz haraindiko zerbitzuak ematean eta kontsumitzaileen defentsa.

Horrela, indarraldia luzatzen da osasun sistemak pandemiaren eta COVID-19aren aldaera berrien kontrolean erantzuten jarrai dezala bermatzeko.

Oinarri hartuta 2020ko apirilaren 3an Batzordeak hartutako 2020-491 (EB) Erabakia, zeinaren bidez inportazio eskubideen frankizia bat eta BEZaren salbuespena ematen baitira 2020an COVID-19aren agerraldiaren ondorioei aurre egiteko behar diren salgaien inportaziorako, Ekonomiari eta enpleguari laguntzeko premiazko neurri osagarriei buruzko apirilaren 21eko 15/2020 Errege Lege-dekretuaren 8. artikuluak, ikusirik lehentasunezko beharrak zirela COVID-19ak eragindako pandemiari aurre egitea eta osasun materialaren hornidura azkar eta eraginkortasunez egin zedin laguntzea, 2020ko uztailaren 31ra arte ezarri zuen balio erantsiaren gaineko zergan ehuneko 0ko tasaren aplikazioa mota horretako ondasunen barne entregetan, inportazioetan eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barrukoetan, hartzaileak erakunde publikoak, irabazi-asmorik gabeko entitateak eta ospitaleak direnean.

Ondoren, Batzordeak 2020/1101 (EB) Erabakia onetsi zuen, 2020ko uztailaren 23koa, zeinaren bidez aldatzen baita 2020/491 (EB) Erabakia, inportazio eskubideen frankizia bat eta BEZaren salbuespena ematen dituena 2020an COVID-19aren agerraldiaren ondorioei aurre egiteko behar diren salgaien inportaziorako, zerga-tasa horren aplikazioa urriaren 31ra arte luzatzeko; erabaki hori zela-eta, Urrutiko lanari buruzko irailaren 22ko 28/2020 Errege Lege-dekretuaren bidez, egun horretara arte luzatu zen neurriaren aplikazioa. Geroago, Batzordeak 2020/1573 (EB) Erabakia onetsi zuen, 2020ko urriaren 28koa, zeinaren bidez aldatzen baita 2020/491 (EB) Erabakia, inportazio eskubideen frankizia bat eta BEZaren salbuespena ematen dituena 2020an COVID-19aren agerraldiaren ondorioei aurre egiteko behar diren salgaien inportaziorako; horren ondorioz, azaroaren 17ko 34/2020 Errege Lege-dekretuaren 6. artikuluaren bidez, 2021eko apirilaren 30era arte luzatu zen neurriaren eragina.

Geroago, Batzordeak 2021/660 (EB) Erabakia onetsi zuen, 2021eko apirilaren 19koa, zeinaren bidez aldatzen baita 2020/491 (EB) Erabakia, inportazio eskubideen frankizia bat eta BEZaren salbuespena ematen dituena 2020an COVID-19aren agerraldiaren ondorioei aurre egiteko behar diren salgaien inportaziorako, ondorioak 2021eko abenduaren 31ra arte izateko; Europar Batasuneko arauaren babesean, apirilaren 27ko 7/2021 Errege Lege-dekretuaren lehen xedapen gehigarriaren bidez, neurriaren aplikazioa luzatu zen, indarraldi bera emanez.

Europako Batzordeak beste erabaki bat hartu ondoren, 2022ko ekainaren 30era arteko ondorioak izanen dituena, eta neurriaren eraginkortasuna egiaztatuta dagoenez, komenigarria iritzi zaio haren aplikazioa 2022ko lehen seihilekora ere luzatzeari.

Lehen esan bezala, Estatuan onetsi zen abenduaren 21eko 29/2021 Errege Lege-dekretuak zenbait tributu neurri luzatzen ditu, honakoak zehazki: energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren aldi baterako etenaldia; balio erantsiaren gaineko zergan (BEZa) ehuneko 10eko tasa murriztuaren aplikazioa elektrizitate hornidura batzuetan; BEZaren ehuneko 4ko tasa murriztuaren aplikazioa maskara kirurgikoen (erabili eta botatzekoak) entrega, inportazio eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barrukoetan; eta BEZaren ehuneko 0ko tasaren aplikazioa COVID-19ari aurre egiteko osasun materialaren barne entregetan, inportazioetan eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barrukoetan, horien hartzaileak erakunde publikoak, irabazi-asmorik gabeko entitateak eta ospitaleak direnean. Neurri horien guztien indarraldia abenduaren 31ra artekoa da.

Luzatzen diren neurri horiek hartzea justifikatu zuten arrazoiek dirautela ikusita, hau da, batetik, elektrizitatearen amaierako fakturaren kostuak murriztea, 2022ko lehen hiruhilekoan ere elektrizitatearen handizkako prezioek ohi baino garestiagoak izaten jarraituko dutelako, horrek argindarraren kontsumitzaileei eragiten dizkien kalteekin, eta, bestetik, bermatzea osasun sistemak erantzun egokia ematen diola COVID-19ak eragindako pandemiari, egokitzat jotzen da neurriei eustea, hasiera batean salbuespenekoak eta iragankorrak izan baziren ere.

Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, bi neurri horiek, alegia energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga aldi baterako etetea, eta argindar hornidura batzuetan balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 10eko tasa murriztuaren aplikazioa, araututa daude Tributu Harmonizazioari buruzko uztailaren 14ko 3/2021 Legegintzako Foru Dekretuaren 1. eta 2. artikuluetan (legegintzako foru dekretu horren bidez balio erantsiaren gaineko zerga eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga aldatzen dira) eta Tributu Harmonizazioari buruzko irailaren 22ko 5/2021 Legegintzako Foru Dekretuaren artikulu bakarrean (legegintzako foru dekretu horren bidez energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga aldatzen da).

Eskumen esparru horretan berean, BEZaren ehuneko 4ko tasa murriztua maskara kirurgikoen (erabili eta botatzekoak) entrega, inportazio eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barrukoetan, aplikatzeko neurriak araututa daude Tributu Harmonizazioari buruzko urtarrilaren 13ko 1/2021 Legegintzako Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian (legegintzako foru dekretu horren bidez Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen da).

Azkenik, COVID-19ari aurre egiteko osasun materialaren barne entregetan, inportazioetan eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barrukoetan, BEZaren ehuneko 0ko tasa aplikatzeko neurriak, hartzaileak erakunde publikoak, irabazi-asmorik gabeko entitateak eta ospitaleak direnean, araututa daude apirilaren 29ko 4/2020 Foru Lege-dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian (foru lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak onesten dira koronabirusaren (COVID-19a) osasun krisiak sortutako inpaktuari erantzuteko), abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian (foru lege-dekretu horren bidez ohiz kanpoko neurriak onesten dira Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko), Tributu Harmonizazioari buruzko urtarrilaren 13ko 1/2021 Legegintzako Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian (legegintzako foru dekretu horren bidez Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen da), eta Tributu Harmonizazioari buruzko ekainaren 23ko 2/2021 Legegintzako Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrean (legegintzako foru dekretu horren bidez Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen da).

Horregatik guztiagatik, tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu hau eman behar da, aipatutako zergei dagokienez Foru Komunitatean aplika daitezen Estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berak.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko otsailaren bian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Tributu neurri batzuen luzapena.

1. 2022ko apirilaren 30era arte luzatzen da balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 10eko tasa energia elektrikoaren entrega, inportazio eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barrukoetan, aplikatzeko neurria, Tributu Harmonizazioari buruzko uztailaren 14ko 3/2021 Legegintzako Foru Dekretuaren 1. artikuluan aurreikusitakoa (legegintzako foru dekretu horren bidez balio erantsiaren gaineko zerga eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga aldatzen dira).

2. 2022ko ekainaren 30era arte luzatzen da balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 4ko tasa maskara kirurgikoen (erabili eta botatzekoak) entrega, inportazio eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barrukoetan, hau da, Medikamentuen Prezioei buruzko Ministerioen arteko Batzordearen 2020ko azaroaren 12ko Erabakian aipatzen direnetan, aplikatzeko neurria, Tributu Harmonizazioari buruzko urtarrilaren 13ko 1/2021 Legegintzako Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa (legegintzako foru dekretu horren bidez Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen da), bai eta balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 0ko tasaren aplikazioa ere, Tributu Harmonizazioari buruzko ekainaren 23ko 2/2021 Legegintzako Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrean jasota dagoena, haren eranskinean aipatzen diren ondasunen entrega, inportazio eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barrukoetan. 2/2021 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen da.

2. artikulua. Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria eta ordainketa zatikatuak zehaztea 2022ko zergaldirako.

2022ko zergaldian, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria hau izanen da: energia elektrikoa ekoizteagatik eta sistema elektrikoan sartzeagatik zergadunak instalazio bakoitzeko eta zergaldi bakoitzean eskuratu beharreko zenbatekoa, hura zentraleko barretan neurtua, kenduta lehenbiziko hiruhileko naturalean sistemara sartutako elektrizitatearengatik jasotako ordainsariak.

Ordainketa zatikatuak kalkulatuko dira zergaldiaren hasieratik urteko hiru, sei, bederatzi edo hamabi hilabetera bitarte ekoiztutako energia elektrikoaren balioaren arabera, energia hori zentraleko barretan neurtua, kenduta lehen hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateagatik jasotako ordainsariak, aplikatuta Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen dituen martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen zortzigarren artikuluan aurreikusitako zerga-tasa, kenduta aurretik egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoa.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2022ko otsailaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2201564