260. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

169E/2022 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 2022ko "Merkataritza Modernizatzeko Programa: Funts Teknologikoa" deritzonerako dirulaguntzen deialdia, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 661892.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 EB Erregelamenduaren bidez ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) "Next Generation EU" programaren osagai nagusia da (programa hori tresna ekonomiko pizgarria da, Europar Batasunak finantzatua, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko).

SEM mekanismoan sartzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP) onartu zuen Espainiak, Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an hartutako erabakiaren bidez.

2022ko maiatzaren 9an, Merkataritzako Batzar Sektorialean, lurralde banaketaren irizpideak finkatzen zituen erabakia hartu zen, baita Merkataritza Modernizatzeko Programara bideratutako kredituaren ondoriozko banaketa ere, autonomia erkidegoetarako eta Ceuta eta Melilla hirietarako: Funts Teknologikoa, 100 milioi euroko guztizko zenbatekoarekin, 2022 eta 2023 ekitaldietarako.

Merkataritzako Estatuko Idazkaritzaren 2022ko maiatzaren 19ko Ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialaren 216. zenbakian argitaratu zen, 2022ko maiatzaren 27an.

Nafarroari dagokion funts esleipena 1.522.768 eurokoa da 2022-2023 aldirako, hots, 761.384 euro urte bakoitzerako. % 6ko ezarpen gastuak kendu ondoren (hori da programa hau kudeatzera bideratutako langile kudeaketa eta kontrataziorako onartzen den gehieneko zenbatekoa), gainerako funtsak (1.431.401,92 euro) 2022. eta 2023. urteetan dirulaguntza deialdi bana onesteko erabiliko dira, 715.700,96 euroko zenbatekoarekin bakoitza.

Ebazpen honek arautzen duen laguntza lerroa Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) 13. osagaian jasotzen da, "ETEak sustatzea" deritzonean, baita "Merkataritzarentzako laguntza" deritzon 4. inbertsioan ere, "Merkataritza Modernizatzeko Programa: Funts Teknologikoa" jarduketaren barruan (C.13.I4.1.2 azpineurria). Horretan, merkatari txiki eta ertainentzako laguntza lerro bat jasotzen da, banaka edo elkarteen bidez, enplegua eta gizarte kohesioa sortzeagatik, tokiko merkataritzari kontsumo ohitura berriei erantzuteko aukera emanen dioten eta saltegiaren beraren edo bere negozio ereduaren eraldaketa digitalean eta jasangarritasunean inpaktua duten teknologia berriak txertatzeko proiektuak finantzatzeko sektorean.

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoan eta SEEPen ezarritako helburuei jarraikiz, laguntza lerro honen berariazko helburua zera da, txikizkako merkataritzaren sektorea eguneratzeko eta modernizatzeko jarduerak garatzeko proiektuak sustatzea, kontsumo ohitura berrietara egokitze aldera, eta jasangarritasuna, efizientzia, birziklatzea eta saltegietako hondakinak berrerabiltzea hobetzeko lagungarriak izanen diren teknologia berriak eta soluzioak sustatzeko.

Bestalde, Suspertze Planean eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 21ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa betez, deialdi honetan finantzatutako jarduketa guztiek bete behar dute ingurumenari kalte nabarmena ez eragiteko printzipioa (DNSH deritzona).

Beste alde batetik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren irailaren 12ko 127E/2022 Ebazpenez, "Merkataritza Modernizatzeko Programa: Funts Teknologikoa" delakoa –Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatua– kudeatzeko plana onetsi da.

Aurrekontuko plan ekonomikoari jarraikiz, 2022ko dirulaguntza deialdi hau 715.700,96 euroko zenbatekoarekin onestea proposatzen da, kontuan hartuta 2023an beste dirulaguntza deialdi bat onetsiko dela 715.700,96 euroko zenbatekoarekin. Hartan sartuko dira 2022ko deialdia amaitzean ondorioztatzen diren kreditu ez konprometituak.

Adierazitakoagatik guztiagatik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. "Merkataritza Modernizatzeko Programa: Funts Teknologikoa" delakoaren 2022ko dirulaguntzen deialdia onestea, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetatik datozen konpromisoei aurre egiteko 715.700,96 euroko guztizko gastua baimentzea, zeina honela finantzaturik egonen baita:

AURREKONTUKO PARTIDA

2022ko ­EKITALDIA

2023ko ­EKITALDIA

ZENBATEKOA, GUZTIRA

830000-83000-7701-431400. (PEP: E-22/000514-01) SEM Merkataritzarako Funts Teknologikorako dirulaguntzak. ETEa

104.518,19

396.472,48

500.990,67

830000-83000-7819-431400. (PEP: E-22/000514-01) SEM Merkataritzarako Funts Teknologikorako dirulaguntzak. Merkataritzako kolektiboak

44.793,51

169.916,78

214.710,29

GUZTIRA

149.311,70

566.389,26

715.700,96

2023ko ekitaldiaren kargurako gastua aurrekontu kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko azaroaren 30ean.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

2022KO "MERKATARITZA MODERNIZATZEKO PROGRAMA: FUNTS TEKNOLOGIKOA" PROGRAMAREN DIRULAGUNTZA DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK, SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN ESPARRUAN

1. oinarria. Xedea eta helburua.

1. Deialdi honen helburua da, merkataritzako enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digital eta jasangarriaren bidez, lehiakortasuna eta modernizazioa bultzatzeko eta sustatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea.

2. Laguntza hauen xedea eduki teknologiko, berritzaile eta jasangarriko plan eta proiektuen garapena finantzatzea da. Plan eta proiektu horiek txikizkako merkataritzako enpresa txiki eta ertainek aurkeztuko dituzte, bai banaka, bai beren elkarteen bitartez, eta eragina izan behar dute merkataritza jardueraren kudeaketan eta negozio ereduan, bermatuz kontsumo ohitura berrietara, eta salmenta, kokapen eta banaketa modalitate berrietara egokitzen direla, enpresak lehiakorrago, erresilienteago eta jasangarriago eginez.

3. Deialdia 4. inbertsioan sartzen da, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko 13. osagaian (ETEak sustatzea), eta horri lotutako helburuak betetzen lagunduko du, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP) Estatuan zein Europan arautzen dituen araudiaren arabera.

4. Deialdia 210. helburua betetzeari lotuta dago: Funts Teknologikoaren laguntza jaso duten ETEak eta enpresa elkarteak, Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren terminologiari jarraikiz, Nafarroarako, zehazki, honako helburu hau ezarriz: 2022ko deialdi honen eta 2023ko deialdiaren artean gutxienez hiru ETE edo merkatari elkarte onuradun izatea.

5. Deialdiak ez du etiketa berderik ez digitalik elkartuta, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 Erregelamenduaren VI. eta VII. eranskinetan aurreikusitako moduan (2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena).

2. oinarria. Finantzaketa.

1. 715.700,96 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, honela zehaztuta, laguntza lerroaren arabera:

LAGUNTZA LERROA

AURREKONTUKO PARTIDA

2022ko ­EKITALDIA

2023ko ­EKITALDIA

ZENBATEKOA, GUZTIRA

A) ETEak

830000-83000-7701-431400. (PEP: E-22/000514-01) SEM Merkataritzarako Funts Teknologikorako dirulaguntzak. ETEa

104.518,19

396.472,48

500.990,67

B) Merkatarien enpresa elkarteak

83000-83000-7819-431400. (PEP: E-22/000514-01) SEM Merkataritzarako Funts Teknologikorako dirulaguntzak. Merkataritzako kolektiboak

44.793,51

169.916,78

214.710,29

GUZTIRA

149.311,70

566.389,26

715.700,96

2. Deialdi hau Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 EB Erregelamenduaren bidez ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (aurrerantzean SEM) finantzatzen du; hori "Next Generation EU" programaren osagai nagusia da (programa hori tresna ekonomiko pizgarria da, Europako Batasunak finantzatua, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko).

3. 2022. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 58. artikuluan xedatutakoaren arabera, aurreikusten da deialdi hau finantzatzen duten 2023ko ekitaldiko kontu sailetan 2022ko ekitaldiaren kargura konprometitu gabeko kredituak sartuko direla.

3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

Jarduketak 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitartean, biak barne, gauzatu beharko dira. Ondorio horietarako, gauzatu direla ulertuko da baldin epe horretan egin, fakturatu eta ordaindu badira.

4. oinarria. Laguntza lerroak eta proiektu diruz lagungarriak.

1. Bi laguntza lerro ezartzen dira, eskatzaile motaren arabera:

a) Txikizkako merkataritzako mikroenpresei, eta enpresa txiki eta ertainei zuzendutako lerroa.

b) Merkataritza sektoreko irabazi asmorik gabeko elkarteei zuzendutako lerroa.

2. Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Teknologia berrien proiektuak, merkataritza eta komunikazio estrategiaren, negozio ereduaren eta erosketa esperientziaren zenbait alderdi hobetzeko.

b) Teknologia berrien proiektuak, salgune fisikoak aldatzeko, nola kontsumitzaileen behar eta ohitura berrietara hala kudeaketa eredu berrietara egokitu daitezen.

c) Azken miliaren entregan efizientzia eta jasangarritasuna hobetzeko soluzio teknologikoen proiektuak.

d) Soluzio teknologikoak aplikatzeko proiektuak, energiaren eta baliabideen kontsumoan efizientzia hobetzeko.

5. oinarria. Onuradunak eta betebeharrak.

1.–Betebehar orokorrak.

Betebehar orokor hauek betetzen dituzten eskatzaileek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.

1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.3. Aurretik Administrazioak emandako edozein laguntza edo dirulaguntza itzultzeko betebeharrik ez izatea bete gabe, eta emandako laguntza edo dirulaguntzaren bat berreskuratzeko agindu baten mende ere ez egotea, agindua eman bada laguntza legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela deklaratu delako Europako Batzordearen Erabaki baten ondorioz, edo emateko erabakia hartzean ezarritako baldintzak, era batean edo bestean, bete ez direlako.

1.4. Krisi egoeran ez egotea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 eta 1.4.c) artikuluetan ezarritakoaren arabera (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

1.5. Eskatzaileek eratzen dutenean pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak konplitzeko.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko entitateen erroldan duen inskripzio agirian ageri diren partaidetza portzentajeak, salbu eskatzaileak bestelako erantzukizunpeko adierazpenik egiten badu dirulaguntzaren eskaera formularioan.

1.6. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, eta merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen mendeko eskatzaileen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko lege horretan aurreikusitako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak.

Egoera hori kontabilitate araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten sozietateek egiaztatu beharko dute, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Araudiaren (887/2006 Errege Dekretua) 26. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz. Kontabilitate araudiari jarraikiz, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ordaintzeko legezko epeak bete izana ziurtagiri bidez egiaztatzeko beharra ezarri da. Hori Kontu Ikuskatzaileen Erregistro Ofizialean izena emandako auditore batek eman beharko du, enpresa bezeroaren ordainketen epe eraginkorra aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.

Debeku hori automatikoki aintzatetsiko da eta bere horretan jarraituko du hura zehazten duten inguruabarrak gertatzen diren bitartean.

1.7. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera orrian jasotzen diren erantzukizunpeko adierazpenak eginen dira.

2.–Berariazko betebeharrak.

Eskatzaileek, gainera, berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Merkataritza sektoreko mikroenpresei, eta enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntza lerroa.

a) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

b) Nafarroan kokatutako saltegietan egitea jarraian adierazten diren jarduera ekonomikoetako bat, apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Jarduera Ekonomikoen 2009ko Sailkapen Nazionalaren (EJSN 2009) (aurrerantzean EJSN 2009) 47. dibisioan (Txikizkako merkataritza, ibilgailu motordun eta motozikletak izan ezik) sarturik daudenak:

4711.–Txikizkako merkataritza espezializatu gabeko saltegietan, elikagaiak, edariak eta tabako produktuak nagusi izanez.

4719.–Bestelako txikizkako merkataritza espezializatu gabeko saltegietan.

4721.–Fruta eta barazkien txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4722.–Haragiaren eta haragi produktuen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4723.–Arrain eta itsaskien txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4724.–Ogi eta okintza, gozogintza eta pastelgintzako produktuen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4725.–Edarien txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4729.–Elikagaien bestelako txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4741.–Ordenagailuen, ekipo periferikoen eta programa informatikoen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4742.–Telekomunikazio ekipoen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4743.–Audio eta bideo ekipoen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4751.–Oihalen txikizkako merkataritza, saltegi espezializatuetan.

4752.–Burdindegiko gaien, margoen eta beiren txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4753.–Alfonbren, moketen eta pareta eta zoruen estalduren txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4754.–Etxetresna elektrikoen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4759.–Altzarien, argiztatzeko gailuen eta etxean erabiltzeko beste artikulu batzuen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4761.–Liburuen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4762.–Egunkarien eta paperezko gauzen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4763.–Musika eta bideo grabazioen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4764.–Kiroletarako artikuluen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4765.–Jolas eta jostailuen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4771.–Jantzien txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4772.–Oinetakoen eta larruzko artikuluen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4774.–Osasun eta ortopediako artikuluen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4775.–Kosmetika eta higiene produktuen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4776.–Loreen, landareen, hazien, ongarrien, lagun egiteko animalien eta horientzako elikagaien txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4777.–Erlojugintzako eta bitxigintzako gaien txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4778.–Artikulu berrien bestelako txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4779.–Bigarren eskuko artikuluen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

Saltegietan egiten den jarduera ekonomiko nagusiak txikizkako merkataritza izan behar du eta, txikizkako merkataritzarekin batera beste jardueraren bat egiten bada saltegian, frogatu egin beharko da jarduera nagusia txikizkako merkataritzakoa dela. Horretarako, aurkeztu egin beharko dira jarduera ekonomiko bakoitzaren negozio edo salmenten zifren frogagiriak, edo egoera hori frogatzen duen beste edozein dokumentazio.

Diruz lagunduko diren jarduketek, edonola ere, frogatu beharko dute eragin zuzena dutela saltegi fisikoaren merkataritza jarduera hobetzen.

c) EJSN hauetan sartuta dagoen merkataritza ez egonkorreko jarduera ekonomikoren bat egitea:

4781.–Elikagaien, edarien eta tabako produktuen txikizkako merkataritza salmenta postuetan eta azoka txikietan.

4782.–Ehunkien, jantzien eta oinetakoen txikizkako merkataritza saltokietan eta merkatu txikietan.

4789.–Bestelako produktuen txikizkako merkataritza saltokietan eta azoka txikietan.

Merkataritza ez-egonkorraren jarduerek berariazko baldintza hauek bete behar dituzte:

–Modalitate hauek soilik onartzen dira: aldizkakotasun zehatzeko merkatu txikietan saltzea, aldez aurretik ezarritako tokietan, eta merkataritza ibiltaria denda-ibilgailuetan. Ez da onartuko azoketan edo festetan egiten den salmenta.

–Enpresaren jarduera nagusiak salmenta ibiltaria izan behar du. Ez da halakotzat joko ekoizleen salmenta zuzena, ezta geroago salduko diren produktuen ekoizpena edo elaborazioa ere.

d) Alta emanda egotea Ekonomia Jardueren gaineko Zergan, Nafarroako udalerriren batean, diruz lagungarriak diren ekonomia jarduerekin zuzeneko lotura duen txikizkako merkataritzari buruzko epigraferen batean. Edonola ere, egiten den jarduera nagusia zein den zehazteko, EJSN 2009 hartuko da kontuan.

Ekonomia Jardueren gaineko Zergari buruzko informazioa web esteka honetan egonen da:

https://hacienda.navarra.es/RegistroIAE.Web/Registro.aspx

e) Zer nolako heldutasun digitala duten zehazteko autoebaluazioko galdetegia egina izatea. Galdetegi hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak sustatutako Merkataritzan eta Artisautzan Eraldaketa Digitala Bultzatzeko Zentroaren (EDBZ) barruan ibilbidearekin jarraitzeko hasierako fasea da, eta onlineko plataformaren bitartez betetzen ahal da:

https://autodiagnosticocomercio.navarra.es/gnautoevalua/

Autodiagnostiko horrek derrigorrez eginda egon behar du laguntza eskaera aurkezten den egunean, eta deialdiko kudeaketa zerbitzuak betekizun hori egiaztatu eginen du EDBZren bulego teknikoarekin.

f) Plantillan 50 pertsona baino gehiago dituzten enpresek berdintasun plan bat eduki beharko dute erregistraturik, hala ezartzen baitu Berdintasun planak eta haien erregistroa arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuak, zeinak Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatu baitzuen.

2.2. Organo kudeatzaileak egiaztatuko du b), c), d) eta e) betekizun espezifikoak betetzen direla, baita a) betekizuna ere, horretarako aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenean oinarrituta; f) betekizuna egiaztatzeko, 9. oinarrian ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

2.3. Legez eratutako eta egoitza soziala Nafarroan duten zenbait merkatari elkartek osatutako elkarte erakundeei eta merkatari elkarteei zuzendutako laguntzen lerroa:

1. Helbidea Nafarroan duten merkatari elkarteek eta merkatari elkarte mistoek (betiere irabazi asmorik gabeak) honako hau bete beharko dute:

a) Inskribaturik egotea bi erregistro hauetakoren batean: Sindikatuen eta Enpresaburuen Elkarteen Erregistroan (Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentukoa), edo Elkarte, Fundazio eta Lanbide Elkargoen Erregistroan (Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentukoa).

b) Gutxienez 15 saltoki elkartu izatea, udal merkatuetako merkatari elkarteen kasuan izan ezik.

Ondorio horietarako, saltegi elkartu gisa zenbatuko dira txikizkako merkataritza jardueretan aritzera bideratutako saltegiak.

Saltegi berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago egiten bada aldi berean, establezimendu hori saltoki elkartutzat hartuko da baldin eta jarduera nagusia, negozioaren bolumenari dagokionez (salmenten zifra), txikizkako merkataritza jarduera bada.

c) Merkatari elkarte mistoetan (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak), merkatari diren bazkideek, gutxienez, elkarteko kideen % 35 izan behar dute.

2. Egoitza Nafarroan duten merkatari elkarte taldeek, irabazi asmorik gabekoek, lehen aipatutako erregistro ofizialen batean inskribaturik egon beharko dute.

3. Organo kudeatzaileak egiaztatuko du a) eta 2 berariazko betekizunak betetzen diren, eta, b) eta c) betekizunak frogatzeko, 9. oinarrian ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

6. oinarria. Jarduketa eta inbertsio diruz lagungarriak.

Jarduera diruz lagungarritzat hartuko dira, zalantzarik gabe, laguntzaren xede den jarduerarekin zerikusia duten eta hori gauzatzeko beharrezkoak diren jarduketa eta inbertsioak, proiektu onuradun bakoitzerako onetsitako exekuzio aldian hartu badira, justifikazio aldia amaitu baino lehen egiazki ordainduta badaude eta merkatuko prezioen araberakoak badira.

Diru laguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza jardueretan egin dituen gastu diruz lagungarriak aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa epeetan ordaindu behar izan dira edo, halakorik ezean, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

1. Honako inbertsio proiektu hauek diruz lagungarriak dira, eskatzaile motaren arabera:

a) Teknologia berrien proiektuak, merkataritza eta komunikazio estrategiaren, negozio ereduaren eta erosketa esperientziaren zenbait alderdi hobetzeko.

a.1) ETEek egindako inbertsioen lerroa.

–Bezeroen arreta, harremana eta ezagutza eta haien fidelizazioa hobetzea, analitika aurreratuko teknologia eta teknika berriak erabiliz.

–Merkataritza saltegien eraldaketa digitala, kanal digitalen bidezko salmentaren funtzionalitateak gehitu, mantendu edo hobetzeko, negozio ereduen kanal aniztasuna sustatzeko eta ingurune digitalean bezeroen erosketa esperientzia hobetzeko.

–Metrikak, merkatua, lehia aztertzeko edo web bilatzaileetan web baten posizionamendua hobetzeko tresnak (SEO).

–Zibersegurtasuneko soluzioak.

–Enpresaren barruko komunikazioa hobetzeko plataformak, edo lan egiteko modua, bezeroen arreta eta etorrera hobetuko dituzten ekintzak egiteko bestelako jarduketak.

–Produktuak estandarizatzea eta informazioa sortzea.

–Telefono mugikor adimendunetarako edo bestelako gailu edo baliabide digitaletarako aplikazio informatikoak garatzea, produktu eta zerbitzuak sustatzeko balioko dutenak.

a.2) Merkatari elkarteek egindako inbertsioen lerroa.

–Kontsumitzaileen arreta, harremana eta ezagutza eta haien fidelizazioa hobetzea, analitika aurreratuko teknologia eta teknika berriak erabiliz.

–Elkarteen eraldaketa digitala, kanal digitalen bidezko salmentaren funtzionalitateak gehitu, mantendu edo hobetzeko, kanal aniztasuna sustatzeko eta ingurune digitalean bezeroen erosketa esperientzia hobetzeko.

–Publizitatea, komunikazioa eta ikusgaitasuna hainbat bide edo euskarri digitaletan, teknologia berriak erabiliz.

–Metrikak, merkatua, lehia aztertzeko edo web bilatzaileetan web baten posizionamendua hobetzeko tresnak (SEO).

–Zibersegurtasuneko soluzioak.

–Enpresa elkartuen arteko barne komunikazioa hobetzeko plataformak, edo elkarren onura ekarriko duten eta lan egiteko modua, bezeroen arreta eta etorrera hobetuko dituzten baterako ekintzak egiteko bestelako figura interesgarri batzuk.

–Produktuak estandarizatzea eta informazioa sortzea.

–Telefono mugikor adimendunetarako edo bestelako gailuetarako aplikazio informatikoak garatzea, produktu eta zerbitzu kolektiboak sustatzeko balioko dutenak.

b) Teknologia berrien proiektuak, salgune fisikoak aldatzeko, nola kontsumitzaileen behar eta ohitura berrietara hala kudeaketa eredu berrietara egokitu daitezen.

b.1) ETEek egindako inbertsioen lerroa.

–Merkataritzako kudeaketa digitalizatzea, negozioaren barne kudeaketako eragiketa bat edo gehiago optimizatuz, integratuz edo automatizatuz, hornitzaileekiko zein azken bezeroarekiko harremana barne.

–Tresna teknologikoak eskuratzea negozioaren bideragarritasunari, erabakiak hartzeari, transmisio potentzialari edo belaunaldien arteko erreleboari buruzko autodiagnostikoak egiteko.

–Merkataritza ibiltariaren eta merkaturatze kanal laburren eraldaketa digitala.

–Hobekuntzak salmenta prozesuan, teknologia berriak erabiliz, eskaerak jasotzea erraztuko dutenak, kanal anitzeko formulen bitartez saltegian edo merkataritza eremuan.

–Saltegian teknologia berriak aplikatzea erositako produktuen ordainketa prozesua hobetzeko eta eguneratzeko, ilarak eta pilaketak saihesteko merkataritza saltegietan, eta txanden kudeaketa eta aurretiazko bisiten erreserba hobetzeko.

–Saltegi fisikoan erosketa esperientzia hobetzeko altzari teknologikoak erostea.

–Harreman marketineko edo bezeroekiko harremana hobetzeko teknikak erabiltzea.

b.2) Merkatari elkarteek egindako inbertsioen lerroa.

–Merkataritza ibiltariaren eta merkaturatze kanal laburren eraldaketa digitala modu kolektiboan.

–Hobekuntzak salmenta prozesuan, teknologia berriak erabiliz, eskaerak jasotzea erraztuko dutenak, kanal anitzeko formulen bitartez.

c) Azken miliaren entregan efizientzia eta jasangarritasuna hobetzeko soluzio teknologikoen proiektuak.

c.1) ETEek egindako inbertsioen lerroa.

–Dendak eta kontsumitzaileek saltegietan egiten dituzten intsumoen kontsumoa murrizteko inbertsioak, eta horiek ingurumena gehiago errespetatzen duten beste batzuekin ordezkatzeko inbertsioak.

–Produktuen edo, hala dagokionean, hondakinen eskualdeko banaketa, entrega eta itzulketa eragiketen optimizazioa, kostuak eta ingurumen inpaktua murriztuko dituzten teknologia berriak eta lankidetza ekosistemak onartuz, azken milian arreta berezia jarriz.

–Entrega puntu adimendunak instalatzea.

–Tokiko ekoizleen, merkataritzako ETEaren eta banatzailearen lankidetza plataformak, horien arteko elkarreragina eta lankidetza bermatzeko.

–Txikizkako merkataritzako enpresen merkataritza elektronikoko webguneetan inbertsioak, tokiko edo Km 0 hornitzaileak integratzeko.

–Produktuaren trazabilitatea edo bestelako ezaugarri batzuk banaketa kanal guztian zehar (bai linealean eta bai bidalketa eta banaketan) ezagutzeko aukera ematen duten teknologia berrietako inbertsioak.

c.2) Merkatari elkarteek egindako inbertsioen lerroa.

–Dendak eta kontsumitzaileek egiten dituzten intsumoen kontsumoa murrizteko inbertsioak, eta horiek ingurumena gehiago errespetatzen duten beste batzuekin ordezkatzeko inbertsioak.

–Produktuen edo, hala dagokionean, hondakinen eskualdeko banaketa, entrega eta itzulketa eragiketen optimizazioa, kostuak eta ingurumen inpaktua murriztuko dituzten teknologia berriak eta lankidetza ekosistemak onartuz, azken milian arreta berezia jarriz.

–Jasangarritasuna, klima aldaketara egokitzea eta efizientzia areagotzera bideratutako beste jarduera eta soluzio kolektibo batzuk, ekonomia erresiliente eta karbonotan baxurako bidean aurrera egitea, hondakinen sorkuntza murriztea, produktuak berrerabiltzea, ekonomia zirkularra eta hondakinak barne.

–Tokiko ekoizleen, merkataritzako ETEaren eta banatzailearen lankidetza plataformak, horien arteko elkarreragina eta lankidetza bermatzeko.

–Banatzaileen merkataritza elektronikoko webguneetan tokiko edo Km 0 hornitzaileak sustatzeko gastuak.

–Produktuaren trazabilitatea edo bestelako ezaugarri batzuk banaketa kanal guztian zehar (bai linealean eta bai bidalketa eta banaketan) ezagutzeko aukera ematen duten teknologia berrietako inbertsioak.

d) Soluzio teknologikoak aplikatzeko proiektuak, energiaren eta baliabideen kontsumoan efizientzia hobetzeko.

d.1) ETEek egindako inbertsioen lerroa.

–Merkataritza saltegietan energiaren eta bestelako horniduren kontsumoaren efizientzia hobetzeko soluzio teknologikoak, oinarri teknologikoko prozesuak ezartzea, ekoefizienteak izanen direnak edo hondakinak (biohondakinak, papera, plastikoa, beira eta abar) behar bezala bereizteko balioko dutenak, horiek ondoren birziklatu eta balorizatzeko.

–Energia iturri berriztagarriak instalatzea eta, erabilera komertzialeko saltegiak girotzeko, berokuntza ahalmen handiko gas hozgarri fluoratuak erabiltzen dituzten teknologiak erabiltzea, giroa berotzeko ahalmen gutxiko edo nuluko beste teknologia batzuk erabili ordez.

–Jasangarritasuna, klima aldaketara egokitzea eta efizientzia areagotzera bideratutako beste jarduera eta soluzio batzuk, ekonomia erresiliente eta karbonotan baxurako bidean aurrera egitea, hondakinen sorkuntza murriztea, produktuak berrerabiltzea, ekonomia zirkularra eta hondakinak barne.

d.2) Merkatari elkarteek egindako inbertsioen lerroa.

–Merkataritza saltegietan energiaren eta bestelako horniduren kontsumoaren efizientzia hobetzeko soluzio teknologiko kolektiboak, oinarri teknologikoko prozesuak ezartzea, ekoefizienteak izanen direnak edo hondakinak (biohondakinak, papera, plastikoa, beira eta abar) behar bezala bereizteko balioko dutenak, horiek ondoren birziklatu eta balorizatzeko.

3. Diruz lagungarriak dira soluzio teknologikoak behar bezala ezartzeko ezinbestekoak diren gastu arrunteko jarduketak, aukera ematen dutenak hasierako egoera ezagutzeko, eginen diren jarduketen egokitasuna aztertzeko eta ekintza plana diseinatzeko, eskatzaileak egin beharreko ekintzak hobeki hautatu eta egokitzeko, bereziki, aholkularitzako, ikuskapeneko, prestakuntza espezializatuko eta antzeko jarduketei dagokienez.

Jarduketa horiengatik, inbertsio diruz lagungarriaren guztizko zenbatekoaren % 20 onartuko da mugatzat.

Halaber, egindako jarduketen justifikazioan, aipatu muga hori aplikatuko da onetsitako inbertsio justifikatuaren zenbatekoaren gainean.

4. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

a) Dirulaguntza eskatzen duen enpresak edo elkarteak berak egindako lanak, ezta enpresa edo elkarte eskatzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jardueraren emailea, edo autofakturazioa ekartzen ahal duen antzeko kasuren bat gertatzen denean ere.

b) Garraio elementuak.

c) Europar Batasunaren klima eta ingurumen arloko arau eta lehentasunak eta "kalte esanguratsurik ez eragiteko" printzipioa erabat errespetatzen ez dituzten proiektuak, inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren, 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen duenaren, 17. artikuluaren arabera. Zehazki, ez dira diruz lagunduko honako jarduketa hauek:

–Erregai fosilekin zerikusia duten inbertsioak (geroagoko erabilera ere barne).

–Berotegi efektuko gasak isurtzeko eskubideen merkataritza araubidearen esparruko jarduerak, proiektatutako berotegi efektuko gasen emisioak doako esleipenerako ezarritako erreferentzia balioak baino nabarmen txikiagoak ez direnean.

–Tratamendu mekaniko-biologikoan (TMB), errausketaz edo isurpenez sortutako hondakinen tratamendua.

–Hondakinak epe luzera ezabatzeak ingurumenari epe luzera kalteak eragiten ahal dioten jarduerak (adibidez, hondakin nuklearrak).

–Era berean, hautagai izateko nahitaezko baldintza izanen da jarduera horiek estatuko nahiz Europako ingurumen legedia betetzea.

d) Administrazio baimenak, lizentziak, baimenak, abal eta/edo fidantzen kostua, isunak, tasak, zergak edo ordainak.

e) Kudeaketei, kontratazioei, kontsultei edo administrazio tramiteei lotutako edozein gastu, nahiz eta beharrezkoak izan baimenak edo lizentziak lortzeko.

f) Finantza gastuak, pasiboen berregituraketenak edo birfinantzaketenak, edozein eragiketa motatako banku gastuak.

g) Saltegien errentamendu gastuak.

h) Merkataritza jarduera COVID-19ra moldatzearekin erlazionatutako gastuak.

i) Jarduketen mantentze lanetako gastuak edo soluzio teknologiko baten ezarpenaren ondoko funtzionamendu eta hobekuntzarekin zerikusia duen beste edozein gastu.

j) Harpidetutako aseguruak, zehapen penalei lotutako kostuak eta prozedura judizialen gastuak.

k) Funtzionamendu gastu arruntak.

l) Erakunde onuradunen mendeko lan harremana duten langile finkoen edo behin-behineko lan kontratudunen ordainsari arruntei dagozkien gastuak.

7. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko dirulaguntza eta gutxieneko gastu diruz lagungarria.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko dirulaguntza eta jarduketa diruz lagungarrien gutxieneko zenbatekoa (zerga oro kanpo utziz) honako hauek dira:

ONURADUN

MOTA

ETEAREN TAMAINA

PROIEKTU BAKOITZEAN DIRUZ LAGUNGARRIA DEN GUTXIENEKO ZENBATEKOA

DIRULAGUNTZA

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA PROIEKTUKO

A

ETEak

Mikroenpresak (<9 enplegatu)

3.000

% 90

20.000

Enpresa txikiak (10 eta 49 enplegatu bitartean)

5.000

% 85

40.000

Enpresa ertainak (50 eta 249 enplegatu bitartean)

8.000

% 80

80.000

B

Merkatari elkarteak eta merkatari elkartez osatutako elkarte erakundeak

15.000

% 100

100.000

2. ETEen kasuan, % 10ean areagotuko dira lehen adierazitako dirulaguntza ehunekoak, baldin eta honako egoera hauetakoren bat egiaztatzen bada eskaera aurkezten den datan:

­ EDBZren plataforman (prestakuntza, aholkularitza teknikoa eta aholkularitza teknikoa) definitutako ibilbidea egina izatea.

­ Iruñeko Udala zati den Interreg Poctefa CORE proiektuko tutoretza prozesua osatuta izatea (kontsultategia eta aholkularitza).

8. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko otsailaren 28an bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak eta komunikazioak aurkezteko modua.

a) Eskaerak bide telematikotik aurkeztu beharko dira nahitaez, administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-del-programa-de-modernizacion-del-comercio-fondo-tecnologico-2022), (hemendik aurrera, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

b) Laguntza hauekin loturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematikoki eginen dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala eta gaitutako helbide elektroniko (GHE-DEH) bat izatea.

c) Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatu ez bezalakoa bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du esan nahi gero ez denik bide telematikotik aurkezten ahalko. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

d) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira izapidetze telematikoa egiten denean, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.

e) Interesdunek eskaera eta gainerako dokumentazioa aurkeztuko dute, ordezkaritza ahalmen aski duen pertsonaren sinadura elektronikoarekin. Eskaeraren sinadura elektronikoaren bidez, eskaerarekin batera aurkeztutako agirien kopia digitalizatuen jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatuko da.

f) Eskatzaile edo onuradunak ordezkatuz agiriak sinatzen dituzten edo aurkezpen elektronikoa egiten duten pertsona fisikoek jarduketa bakoitzerako beharrezkoa den ordezkaritza izan beharko dute, Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen 5. artikuluan ezarritako moduan.

Eskaera sinatzen duen pertsonak egiaztatu beharko du eskaera aurkezten den unean eskubidea duela pertsona juridiko eskatzailearen izenean eta hura ordezkatuz jarduteko, horretarako aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez. Betebehar hori ez bada betetzen, ez zuzenduz gero, ondorioztatuko da eskaerari uko egiten zaiola, Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen 68. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Eskaerak ez baditu adierazitako betebeharrak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazten den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen 68. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Eskatutako zuzenketak nahitaez aurkeztuko dira elektronikoki.

9. oinarria. Eskaerak formalizatzea eta aurkeztea.

1. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du proiektu bakoitzeko.

2. Merkatari elkarteek edo merkatari elkartez osatutako elkarte erakundeek aurkeztutako eskaeren kasuan, merkatarien kolektiboak bultzatu eta sustatutako proiektuak bakarrik onartuko dira, eta haiek hartuko dute beren gain proiektuaren kudeaketa eta finantzaketa, abian jartzeko hartutako konpromisoak beteko dituzte eta inbertsioa mantentzeaz arduratuko dira.

Proiektua ez da hartuko merkatari elkarteentzako eta merkatari elkartez osatutako elkarte erakundeentzako ezarritako laguntza lerroko proiektutzat, baldin eta ETE elkartuen banakako zenbait proiekturen batura baino ez badira, eta elkarteak soilik horien laguntza eskaera kudeatzeaz arduratzen badira; kasu horretan, ETEak izan behar dira, banaka, ETEetarako ezarritako laguntza lerroko eskaera aurkeztu behar dutenak.

3. Honako agiri hauek aurkeztu behar dira laguntza eskatzeko:

3.1. Eskaera formularioa, eskatzaile motaren arabera, laguntzaren fitxako ereduei jarraikiz.

3.2. Eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

a) Baldintza orokorrak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, helburu eta xede bererako beste administrazio edo erakunde batzuetatik eskatu edo jaso diren laguntzei eta haien zenbatekoari buruzkoa, baita dirulaguntza horiek izapidetzean eskatzen edo lortzen ahal diren bestelako dirulaguntzen berri emateko konpromisoari buruzkoa eta azken bi ekitaldietan jasotako de minimis laguntzei buruzko adierazpena ere.

c) Administrazioarekin laguntza, mailegu edo aurrerakinen itzulketan zorrik ez duela egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpena, eta berreskuratze agindu baten zain ez egotea Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpoko eta barne merkatuarekin bateraezin deklaratzeko erabakia hartu ondoren.

d) Krisi egoeran ez egotearen erantzukizunpeko adierazpena, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 eta 1.4.c) artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

e) Eskatzaileak aplikatzekoa den Estatuko eta Europar Batasuneko araudi guztiak beteko dituelako erantzukizunpeko adierazpena (zehazki, obra, hornidura eta ingurumenaren arloko eskumen, kontratazio eta esleipenari dagokionez), eta proiektua gauzatzeko beharrezko lizentzia edo baimenak eskuratzeari buruzko adierazpena.

f) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko (SEEP) jarduketak gauzatzeari buruzko adierazpenak, laguntzaren fitxako I. eranskineko ereduaren arabera.

g) ETE adierazpena, ETEen kasuan.

h) Merkatari elkarteen eta merkatari elkarteen elkarte erakundeen kasuan, inskribatuta dagoen Erregistro Ofizialari buruzko adierazpena.

i) Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Ekonomia eta Ogasun Departamentura zuzendua (Diruzaintza Atala), soilik bete behar dena eskatzaileak lehenbizikoz kobratzen dituenean laguntzak, edo abonatzeko kontua aldatu nahi izanez gero.

j) Plantillan 50 pertsonatik gora dituzten enpresen kasuan, Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroak emandako ebazpenaren ziurtagiria edo kopia, edo, bestela, deialdia argitaratu baino lehen erregistroan izena emateko eskaera egin dela frogatzen duen agiria.

k) Oinarri hauetan aurreikusitako aurrerakina eskatuz gero, erakundearen diruzaintza egoerak, finantzaketa beharra edo diruzaintzaren likidezia falta egiaztatzen duten finantza entitateen dokumentazioa, edo antzeko dokumentazioa.

l) Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena eman dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak:

–Ziurtagiri bat, Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak egunean dituela dioena.

–Ziurtagiri bat, Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela dioena.

Eskaera orrian goian aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak daude jasota, eta oinarri arautzaile hauetan adierazitako eranskin guztiak daude eskuragarri laguntzaren web fitxan.

3.3. Entitatearen nortasunaren egiaztagiriak, ETEen kasuan.

a) Sozietateen kasuan: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak; behar bezala egon behar dute inskribaturik Merkataritza Erregistroan.

b) Sozietate irregularren edo zibilen kasuan, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetan: Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen dokumentuaren kopia.

c) Pertsona fisikoen kasuan: nortasun agiri nazionalaren kopia.

Ez da beharrezkoa agiri hori aurkeztea; izan ere, organo kudeatzaileak telematikoki egiaztatuko du eskatzailearen NANa, salbu eta eskatzaileak eskaera orrian berariaz azaltzen badu uko egiten diola egiaztapen hori egiteari. Kasu horretan, aurkeztu beharko du.

3.4. Merkatari elkarteen eta merkatari elkarteen elkarte erakundeen kasuan, nortasunaren egiaztagiriak.

a) Laguntza eskatzea erabakitzen den elkartearen edo elkarte erakundearen organo eskudunen akordioa.

b) Merkatari elkarteen kasuan, elkartutako ETE guztien zerrenda eguneratua, honako hauek zehaztuta: negozioen izen komertziala, titularraren izena, posta helbidea, udalerria eta saltegi bakoitzean egiten den jarduera ekonomiko nagusiari dagokion Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren epigrafea, laguntzaren fitxako ereduaren arabera.

c) Merkatari elkarte taldeen kasuan, talde horiek osatzen dituzten elkarte guztien zerrenda eguneratua, honako hauek zehaztuta: izena, posta helbidea, udalerria eta jarduketa eremua (eremukoa, gremiokoa, sektoriala, udal merkatuak, etab.), laguntzaren fitxako ereduaren arabera.

3.5. Dirulaguntza zer jarduketatarako eskatzen den, horiexei buruzko dokumentazioa.

a) Dirulaguntzaren xede diren inbertsioak eta ezarri beharreko soluzioak adierazten dituen memoria, plana eta/edo auditoretza. Horretan, dirulaguntzaren xede den proiektua deskribatzen duen informazioa jasoko da, honako alderdi hauek zehaztuz:

­ Enpresaren edo merkatarien elkartearen aurrekariak, inbertsioak egitea gomendatzen duten arrazoiak eta proiektua gauzatzearekin lortu nahi diren helburuak.

­ 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitarte egindako jarduketen edo epe horretarako aurreikusitakoen azalpena.

­ Laguntza eskatzea eragin duen jarduketaren osagai teknologikoaren justifikazioa, baita deialdiaren helburuekiko koherentziarena ere.

­ Proiektua gauzatzeko faseak, zenbat gauzatu den dirulaguntza eskaera aurkezten denean, eta aurreikusitako egutegia.

­ Egindako eta/edo aurreikusitako inbertsioen eta soluzio teknologikoak ezartzeko ezinbestekoak diren egindako eta/edo aurreikusitako gastu arrunteko jarduketen zenbateko zehatzak.

­ Bertan jasotako informazio ekonomiko guztia BEZik gabe adierazi behar da.

­ ETEen kasuan, saltegian egindako jarduera ekonomiko guztien deskribapen zehatza, edo merkataritza ez-egonkorrean aritzen den enpresak egindakoena, Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren zer epigrafetan dagoen alta emanda, horiek betez.

b) Aldi diruz lagungarrian egindako eta aurreikusitako inbertsio eta gastu arrunten zerrenda baloratu eta xehakatua.

c) Aurrekontuak edo, horiek ezean, jarduketa horiek zenbatesteko bide ematen duten proformako fakturak edo fakturak; ez dira inolaz ere onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

Gainera, merkataritza sektore bateko irabazi asmorik gabeko elkarteek inbertsioaren hornitzailearekiko aurretiazko kontratua aurkeztu beharko dute, edo, zenbatekoa zehazteaz gainera, proiektua elkartutako ETEentzat banaka baino baldintza onuragarriagoetan eginen dela egiaztatzen duen beste edozein dokumentazio.

d) ETEen kasuan, eta 7. oinarrian aurreikusitako dirulaguntza igoera aplikatze aldera:

­ EDBZren plataforman zehaztutako ibilbidea amaitu bada, eskaera formularioan jasota dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, eta organo kudeatzaileak EDBZren bulego teknikoarekin egiaztatuko du baliozkoa den.

­ Interreg Poctefa CORE proiektuan zehaztutako ibilbidea amaitu bada, eskaera formularioan jasota dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, eta organo kudeatzaileak Iruñeko Udalarekin egiaztatuko du baliozkoa den.

e) Gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, kontsultategiek edo laguntza teknikorako enpresek ekipo ondasunak hornitzeko edo zerbitzuak emateko kasuetan, eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez, eskaera orriko "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" apartatuan.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua.

Eskatzaileak hautatutako aukera ez bada ekonomikoki abantailatsuena aurkeztutako hiruren artean, eta eskaintza bakarra aurkeztea baino ez denean posible, inguruabar horiek eskaera formularioan bertan justifikatu beharko ditu.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

10. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira, eta, beraz, eskaerei aurkezpen hurrenkeraren arabera erantzunen zaie, horretarako aurrekontu kreditu egokia eta nahikoa dagoen heinean, 2. oinarri arautzailean erakunde onuradun mota bakoitzarentzat ezarritako kredituei jarraikiz.

Prozedura hori Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betetzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 62. artikuluan aurreikusitakoa da. Halaber, ez da beharrezkoa Nafarroako Gobernuaren baimena, apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuaren 12.2. artikuluari jarraikiz. Foru lege-dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean premiazko neurriak hartu ziren Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko.

11. oinarria. Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.

1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta izapidetzeko kudeaketa organo eskuduna.

2. Izaera orokorrarekin, eta iruzurraren prebentziorako ezarritako arauei jarraikiz, onuradunen hautaketa prozesuan eta baldintzak betetzen direla egiaztatzean parte hartzen duten pertsona guztiek xede horrekiko inplikazioa indartuko dute, interes gatazkarik ezaren adierazpen baten bitartez. Hori eguneratuta mantentzeko konpromisoa hartuko dute, haien egoera aldatzen baldin bada jatorrizko adierazpenarekiko. Arrazoi horrek eragotzi eginen die prozeduran parte hartzea.

3. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari.

Dagozkien dirulaguntzak lehen adierazitako oinarriari jarraituz esleitu ondoren, eskaerak artatzeko aurreikusitako aurrekontu baliabideak agortzen badira, gainerako eskaerak berariaz ezetsiko dira.

4. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Dirulaguntza emateko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta, epe hori iraganik berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

12. oinarria. Aurrera eramandako jarduketak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Edozein unetan aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2023ko ekainaren 30ean, egun hori barne.

Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Justifikazioa ezarritako epea bukatu ondoren egiten bada, baina hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza % 5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Halaber, laguntza justifikatzeko dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu ezean, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Laguntza kobratzeko eskubide galera deklaratzen denean, onuradunak esleitutako dirulaguntzaren aurrerakinen bat jaso badu, ordaindutako aurrerakina itzultzea eskatuko zaio, berandutze interesekin batera.

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa elektronikoki aurkeztuko da, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.

Egiaztagiriak prestatzeko laguntzaren fitxan dagoen formulario berariazkoa erabiliko da; halaber, fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora joateko.

Aurkezpen elektronikoak ez ditu salbuesten onuradunak gastu eta ordainketen jatorrizko egiaztagiriak, auditoretza txostenak eta bestelakoak gordetzetik bost urtez, ordainketa egin ondoren, geroago segimenduaren arduradun den instrukzio organoak eskatuz gero edo, legez aurreikusitako kontrol jarduerak egitean, Estatuko Administrazioaren Esku Hartze Orokorrak, Kontuen Auzitegiak, Batzordeak, Iruzurraren aurkako Europako Bulegoak, Europako Kontuen Auzitegiak edo Europako Fiskaltzak eskatuz gero.

3. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

a) Azken memoria zehatza, egindako jarduketa guztiak eta proiektuaren exekuzioaren azken kostua xehetasunez deskribatzen dituena, baita hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

c) Egindako inbertsio eta gastu arruntei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa izanen eskaerarekin batera erantsitako fakturak berriro ere aurkeztea.

d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.

Ordainketa onuradunak eginen du, banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainketaren egiaztagiritzat hartuko da adierazten duena ordainketa finantza entitate baten bidez egin dela eta enpresaren kontuan kargatu dela. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak ez dira onartuko.

e) Adierazpena, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: adierazi behar dira dirulaguntza honetaz aparte jarduketak finantzatu dituzten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

f) Argazkiak, frogagiriak edo web estekak, jarduketak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela iragartzeko betebeharra bete dela frogatzen dutenak.

4. Egiaztagiri gehigarriak eskatzen ahalko dira egindako gastua justifikatzeko, baita Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa eta segimendu sistema egoki betetzeko ere.

13. oinarria. Aurrerakinen aurreikuspena.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2) artikuluan ezarritakoaren arabera, emandako dirulaguntzaren % 75eko aurrerakina ematen ahalko da, baldin eta erakunde onuradunak justifikatzen badu dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak behar dituela, eta aurrerakina ez da 60.000 eurotik gorakoa izaten ahalko.

Ondorio horietarako, erakunde onuradunak erakundearen diruzaintza egoerak edo finantza entitateen agiriak aurkezten ahalko ditu, finantzaketa beharra edo diruzaintzako likideziarik eza egiaztatuko dutenak, edo bestelako edozein txosten edo dokumentazio antzeko, laguntza eskaerarekin batera.

Aurrerakina dirulaguntza ematen den unean ordainduko da eta erakunde onuradunak egindako jarduketen justifikazioa aurkezten duenean erregularizatuko da.

14. oinarria. Dirulaguntza ordaintzea.

1. Egindako jarduketen frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jarduketa horiei dagokien ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, eta txosten bat gehituko du, frogatzen duena erakunde onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.

2. Laguntza ordaintzeko ebazpena 2023ko irailaren 30a baino lehen emanen da.

3. Onuradunak oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntza aurrerakina jaso badu, honela erregularizatuko da:

–Horretarako behar den zenbatekoa ez bada justifikatzen, eskatuko da ordaindutako dirulaguntzaren soberakinari dagokion dirulaguntza itzultzeko.

–Horretarako behar den zenbatekoa justifikatzen bada, falta den zenbatekoa ordaintzeko ebazpena emanen da.

15. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridikoek, dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.

Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

Dirulaguntzaren aurrerakin bat ematea eskatzen bada, adierazpen hori dirulaguntza eskaerarekin batera aurkeztuko da eta, ez bada aurkezten, eskatutako aurrerakina ordaintzea eragotziko da.

b) Diruz laguntzen diren jarduketak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.

c) Diru laguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza jardueretan egin dituen gastu diruz lagungarriak aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa epeetan ordaindu behar izan dira edo, halakorik ezean, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

d) Dirulaguntza eskatu ondoren beste administrazio edo erakunde publiko edo entitate pribatu baten laguntza, diru sarrera edo baliabideren bat lortuz gero xede bererako, laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinarazi beharko diote. Inguruabar hori jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.

Halaber, dirulaguntza emateko kontuan izan den inguruabarren bat (objektiboa nahiz subjektiboa) aldatzen bada, horren berri eman beharko dute.

e) Laguntza esleitu zaion proiektua ezin izanez gero gauzatu, dirulaguntzari uko egitea ez-gauzatzea ziurra den unean jakinarazi behar da eta, edonola ere, 2023ko maiatzaren 30a baino lehen; hala badagokio, dirulaguntzaren aurrerakina borondatez itzuliko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, dagozkien berandutze interesekin batera.

f) Kudeaketa zerbitzuaren baimena eskatzea diruz lagundutako jarduketetan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen eginen da. Zerbitzu horrek baimendu ahalko du jarduketaren gauzatzean izaten den edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatutako aldaketak eskuratuko ditu, baldin eta errespetatzen badira bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den ekintzaren helburuak, baita deialdian ezarritako gainerako baldintzak ere.

g) Dirulaguntzaren xede diren ondasunak dirulaguntzaren helburu zehatzari atxikita mantentzea hiru urteko epean, proiektua amaitzen den unetik zenbatzen hasita, edo haren balio bizitzan zehar, hori txikiagoa bada.

Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, laguntzak kudeatzen dituen organoaren irizpideari jarraituko zaio, eta, ETEen kasuan, besteak beste, jarduera ekonomikoen gaineko zergako alta mantentzea hartuko da aintzat.

h) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen duen irudirik jarduketetan, publizitate euskarrietan eta diruz lagundutako jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

i) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

j) Laguntza eskaerarekin eta deialdi honi aplikatzekoa zaion araudi guztiarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenetan hartutako konpromiso guztiak betetzea.

k) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzen onuradunek bete behar dituzten betebeharrak betetzea, laguntzaren fitxaren II. eranskinean jasotzen direnak.

l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat partzialki betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriz doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioa aplikatuta, edo, kasua bada, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Laburbilduz, betebehar hauek:

a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:

–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta laguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

–Informazio hori ezarritako epetik kanpo, baina laguntza justifikatzeko epearen barruan, aurkezteak ordaintzekoa den dirulaguntzaren % 10eko murrizketa ekarriko du berarekin. Aipatu epearen ondoren aurkeztuz gero, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira (ezarritako epean gauzatu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren % 50etik % 75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren % 50.

–Diruz lagundutako jarduketaren % 50etik beherako prezioan egiten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat eginen ez dela jakinarazteko komunikazioa epearen barruan aurkezten bada, oinarri arautzaile honen 1.d) apartatuan adierazi bezala, jarduketa hori ez da kontuan hartuko exekuzio maila zehaztearen ondorioetarako.

Era berean, justifikatzen den inbertsio diruz lagungarria ezin da izan ezarritako gutxieneko inbertsioa baino gutxiago. Izan ere, gutxiago bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdutzat joko da.

c) Oinarri honen 1.f) apartatuan (jarduerari eustea) ezarritako epea betetzen ez bada, zenbat denbora falta den betetzeko, horren araberako zuzeneko proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.

16. oinarria. Emandako laguntzen publizitatea eta informazioa.

1. SEM mekanismoak finantzatutako dirulaguntzen onuradunek publizitate eta hedapen betebehar hauek bete behar dituzte:

Jarduketei buruzko informazio eta komunikazio neurrietan (informazioa emateko kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, webguneak, prentsako iragarki eta tartekatzeak, ziurtagiriak eta abar), honako logotipo hauek erakutsi beharko dira:

a) Europar Batasunaren enblema, "Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU" testuarekin batera. "SEEPen marka eskuliburuan" jasotako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan, honako webgune honetan kontsultatzen ahal direnak: Nortasun bisuala | Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Gobernua. (https://planderecuperacion.gob.es).

b) Suspertze Planaren logotipoa, esteka honetan eskuragarri:

http://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala (2030 Agendarekin), esteka honetan eskuragarri:

https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala

2. Kartel eta plaka informatiboak egiten badira, leku ikusgarrian, jendeak erraz ikusteko moduan, jarriko dira, testua Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan idatzirik.

3. Diruz lagundutako jarduketei buruzko edozein hedapen egiten denean, adierazi beharko da Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak eta Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuak finantzatu dituztela.

4. Betebehar hori guztiz ez betetzeak berarekin ekarriko du ordaindutako aurrerakina itzultzea, berandutze interesekin, eta esleitutako dirulaguntza ordaintzea eragotziko du, hala badagokio.

17. oinarria. Iruzur arriskuaren ebaluazioa.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren apirilaren 27ko 69E/2022 Foru Aginduaren bidez onetsi da iruzurraren aurkako neurrien plana, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) kargura finantzatutako proiektuen kudeaketaren esparruan.

Aipatutako Planean jasotzen denaren arabera, oinarri arautzaile hauek onartzeko espedientean jasoa dago iruzur arriskuaren ebaluazioa (bandera gorrien egiaztapen zerrenda) eta, orobat, "Interes gatazkarik ezaren adierazpena" (IGEA), haren prestaketan eta tramitazioan parte hartu duten pertsona guztiei dagokiena, eta halaber, onuradunak hautatu eta baldintzak betetzearen egiaztapen prozeduran parte hartzen duten guztiek sinatu eta eguneratu beharko dute, eguneratuta mantentzeko konpromisoarekin, egoera aldatzen bada jatorrizko adierazpenaren aldean, horrek galaraziko dielako prozeduran parte hartzea.

Gainera, laguntza eskatzen dutenek beren IGEA aurkeztuko dute, non jasoko den 9. oinarrian aipatzen den adierazpena.

18. oinarria. De minimis laguntzak, dirulaguntzaren bateragarritasuna eta finantzaketa bikoitzik eza.

1. Laguntza hauek, izaera orokorrarekin, de minimis atalaseen mendekoak dira, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean 13. osagairako (ETEen bultzada), Cl3.I4 neurrirako (Merkataritzari laguntza) eta Merkataritza Arloko Batzarraren 2022ko maiatzaren 9ko Akordioaren seigarren artikulurako ezartzen denari jarraikiz. Inguruabar hori esleipen ebazpenean jakinaraziko zaie onuradunei.

Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan aurrikusitakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa) (352. EBAO, 2013ko abenduaren 24koa) enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan.

2. Laguntza horiek bateragarriak dira xede bera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuetakoekin, finantzaketa bikoitzaren kasuan izan ezik, azken horrek bateraezin bihurtzen baititu laguntza hauek eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik edo Europar Batasunaren gastu beretarako beste programa batzuetatik datozen bestelako laguntzak.

3. Diruz lagundutako jarduerak egiteko emandako laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza edo berezko baliabide batzuekin batuta, egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Ondorio horietarako, eskatzaileek, eskaera aurkezten dutenean, eta onuradunek, justifikazioa aurkezten dutenean, jakinaraziko dute diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste laguntza, dirulaguntza, diru sarrera edo baliabide batzuk lortu dituztela, eta de minimis laguntzen kasuan, gainera, baita dagokion zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan jasotakoak ere.

4. Finantzaketa bikoitzari dagokionez, SEM mekanismoa ezartzen duen 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, mekanismoaren esparruan emandako laguntza erantsiko zaio Europako bestelako programa eta tresnen baitan emandakoari. Berrikuntzek eta inbertsio proiektuek Europar Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jasotzen ahalko dute, laguntza horrek kostu bera estaltzen ez badu.

19. oinarria. Emandako dirulaguntzak jakitera ematea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri dagokion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzaren fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

20. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2216152