26. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

29E/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 2koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aukera ematen baitzaie 195E/2021 Foru Aginduaren bidez onetsitako deialdian parte hartuko duten izangaiei azterketa aurtengo otsailaren 6aren ondotik egiteko, baldin eta COVID-19aren ondorioz konfinaturik badaude, osasun agintaritzak gomendatuta, eta ezin badira joan deialdiaren oposizioaldiko ariketa egitera. Osasuneko kontseilariak irailaren 10ean emandako 195E/2021 Foru Agindu horren bidez, deialdi bat onetsi zen Osasun Departamentuaren erakunde autonomoetarako erizainen 424 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Osasuneko kontseilariak irailaren 10ean emandako 195E/2021 Foru Aginduaren bidez, deialdi honen testua onetsi zen: deialdia, batetik, Osasun Departamentuaren erakunde autonomoetarako erizainen 424 lanpostu huts oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautaproben bitartez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

Deialdi horren 6.3.3 oinarrian honako hau ezartzen da: “Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agertzen ez dena oposizioalditik eta, beraz, lehiaketatik baztertua geldituko da”.

Gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak urtarrilaren 14an emandako 21E/2022 Ebazpenaren bidez, gorago aipatutako deialdian onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi zen (deialdiaren xedea zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan erizainen 424 lanpostu huts oposizio-lehiaketa bidez betetzea). Ebazpen horretan adierazi zen oposizioaldiko ariketa 2022ko otsailaren 6an hasiko dela, 16:00etan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasgelategian (Katalunia kalea, z.g., 31006 Iruña).

Aurrekoa gorabehera, bizi dugun pandemia-egoera kontuan hartuta eta antolamendu arrazoiengatik, bermatu nahi da aipatutako deialdian parte hartzen duten guztiek berdintasunez egin ahal izatea proba, berma dadin enplegu publikoan sartzeko eskubidea. Eta, horretarako, beharrezkoa da COVID-19aren ondorioz –eta osasun agintaritzak hala gomendatuta– konfinaturik dauden izangaiei aukera ematea azterketa beranduago egiteko.

Beraz, 2022ko otsailaren 6an, 16:00etan, COVID-19aren ondorioz –eta osasun agintaritzak hala gomendatuta– konfinaturik dauden izangaiei beste egun batean eginen zaie azterketa, deialdi berezi baten bidez. Epaimahaiak iragarriko ditu deialdiaren web-orrian data eta ordu berriak.

Azaldutakoaren arabera, bidezkoa da aukera ematea 195E/2021 Foru Aginduaren bidez onetsitako deialdian parte hartuko duten izangaiei azterketa beranduago egiteko, baldin eta COVID-19aren ondorioz konfinaturik badaude, osasun agintaritzak gomendatuta, eta ezin badira joan deialdiaren oposizioaldiko ariketa egitera. Osasuneko kontseilariak irailaren 10ean emandako 195E/2021 Foru Agindu horren bidez, deialdi bat onetsi zen Osasun Departamentuaren erakunde autonomoetarako erizainen 424 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Eta dagozkidan ahalmenak erabiliz, hala ematen baitizkit otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituenak,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea aukera ematea 195E/2021 Foru Aginduaren bidez onetsitako deialdian parte hartuko duten izangaiei azterketa aurtengo otsailaren 6aren ondotik egiteko, baldin eta COVID-19aren ondorioz konfinaturik badaude, osasun agintaritzak gomendatuta, eta ezin badira joan deialdiaren oposizioaldiko ariketa egitera. Osasuneko kontseilariak irailaren 10ean emandako 195E/2021 Foru Agindu horren bidez, deialdi bat onetsi zen Osasun Departamentuaren erakunde autonomoetarako erizainen 424 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

2. Agintzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalari argitara eman ditzala deialdiaren web-orrian azterketa beranduago egin ahal izateko baldintza zehatzak, bai eta izangaiak eskatutako baldintzak betetzen dituela frogatzeko eta jakinarazteko modua ere.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Foru agindu honen kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 126.1.a) artikuluan xedatutakoarekin.

Iruñean, 2022ko otsailaren 2an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2201492