259. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

233/2022 FORU AGINDUA, abenduaren 13koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2023ko lan egutegia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat.

Behin zehaztu ondoren Nafarroako Foru Komunitatean ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2023ko jaiegunen egutegi ofiziala –Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 3ko 323/2022 Ebazpenaren bitartez–, onetsi behar dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2023ko aste barreneko jaiegunen egutegia eta haien lanaldiaren urteko lanordu kopuruaren banaketa, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeak ezarritako urteko lanordu kopuruaren arabera; izan ere, foru lege horren bidez aldatu zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan presako neurriei buruzko ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legea.

Foru agindu honetan arautzen dira, orobat, lanaldia betetzearekin lotura zuzena duten beste gai batzuk, konparazio batera, lanaldiko atsedenaldia eta norberaren arrazoiengatik lanera ez joatea eta lantokitik ateratzea.

Foru aginduaren edukia behar bezala negoziatu da Mahai Orokorreko sindikatuekin, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 83.6.h) artikuluarekin.

Horrenbestez, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Jaiegunak zehaztea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek jaiegun hauek izanen dituzte 2023an, igandeez gain:

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Apirilaren 6a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 7a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 10a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 6a: San Fermin bezpera. Iruñean lan egiten dutenek 12:00etatik aurrera jai izanen dute.

–Uztailaren 7a, 8a eta 10a: Sanferminak. Iruñean lan egiten dutenek jai izanen dute.

–Uztailaren 25a: Santiago eguna.

–Abuztuaren 15a: Ama Birjinaren Jasokundea.

–Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Azaroaren 29a: San Saturnino. Iruñean lan egiten dutenek jai izanen dute.

–Abenduaren 4a: San Frantzisko Xabierkoaren ondoko astelehena.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 8a: Ama Birjina Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

2. Iruñean lan egiten ez duten langileentzat, zer herritan lan egiten duten, jaieguna izanen da Nafarroako herrietako 2023ko jaiegunen ebazpenean ezartzen den herri hartako festa eguna. Gainera, zer herritan egiten den lan, herri horretako zaindariaren festak direla eta, jaiegun izanen dira festen hasierako eguna, 12:00etatik aurrera, eta hiru egun gehiago (horietako bat larunbata izanen da), Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez xedatzen duenari jarraikiz; ebazpen horren bidez xedatuko dira, herriko zaindariaren festak direla eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat jaiegun izanen diren astegunak.

3. Aurreko apartatuan xedatutakoaz salbuesten dira, herriko zaindariaren festei eta herriko festei dagozkien jaiegunen ondorioetarako, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan ari diren langileak, beren berezitasunengatik, eta zerbitzua honako herri hauetan ematen duten langileak: Antsoain, Atarrabia, Barañain, Berriozar, Burlata, Cordovilla, Elkano, Imarkoain, Mutiloa, Sarriguren, Zizur Nagusia eta Zizur. Izan ere, haientzako jaiegunak Iruñerako ezarritako berberak izanen dira, hots, uztailaren 7a, 8a eta 10a, eta azaroaren 29a.

Aurreko paragrafoko salbuespena ez zaie aplikatuko liburutegiaren sarean aritzen diren langileei; izan ere, langile horiek kasuan kasuko lantokiaren herriko festak eta zaindariaren festak izanen dituzte.

2. artikulua. Urteko lanorduen banaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, urtean benetan lan egin beharreko orduen kopurua 1.592koa da, honela banatuta:

1. Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, oro har, 7 ordu eta 25 minutukoa izanen da.

2. Ordutegi malgua ezarrita duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unitateetan, ordutegiaren zati finkoa 09:30etik 14:30era izanen da, eta gainerako lan denbora noiz egin langileek aukeratuko dute, malgutasunez, betiere 07:30etik 09:30era eta 14:30etik 17:00etara bitarte, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak onesten dituen Lehendakaritzako, Justiziako eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduan eta hura aldatzen duen Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren otsailaren 18ko 44/2022 Foru Aginduan ezarritakoarekin.

Ordutegi malgua ezarrita ez duten unitateetan, 08:00etatik 15:00etara egin behar da lan nahitaez; eta laneko gainerako 25 minutuak noiz egin langileek aukeratuko dute, malgutasunez, betiere 07:35etik 08:00etara bitarte eta 15:00etatik 15:25era bitarte.

3. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, zerbitzua Iruñean ematen duten langileek berezitasun hauek izanen dituzte:

A) Uztailaren 6a, San Fermin bezpera, ordutegi finkoa, 08:00etatik 12:00etara.

B) Uztailaren 11, 12a, 13a eta 14a: ordutegi finkoa, 9:00etatik 14:00etara.

C) 4 ordu eta 20 minutuko ordu-poltsa bat, urte osoan zehar erabiltzekoa, zerbitzuaren beharren arabera betiere.

4. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, zerbitzua Iruñean ematen ez duten langileek berezitasun hauek izanen dituzte:

A) 13 ordu eta 5 minutuko murrizketa, kasu bakoitzaren inguruabarren arabera banatua, herriko zaindariaren festetan, hots, zerbitzua Iruñean ematen duten langileek daukaten denbora bera.

B) Herriko zaindariaren festak iraun bitartean, goian aipatutako orduez gainera, betiere posible bada, gutxienez hiru egun oso ere eman beharko dira: horietatik bi egun astean zehar, Iruñean lan egiten duten langileek uztailaren 7an eta 10ean hartuko dituzten egunen baliokide gisa, eta beste egun bat, hirugarrena, larunbat batean, uztailaren 8an hartuko dutenaren baliokide gisa.

C) 4 ordu eta 20 minutuko ordu-poltsa bat, urte osoan zehar erabiltzekoa, zerbitzuaren beharren arabera betiere.

Herri bateko festen iraupena edo banaketa dela-eta ezinezko bada A) eta B) apartatuetan ezarritako konpentsazio osoa hartzea, atal honetan aurreikusitako ordu-poltsan sartuko dira adierazitakoari jarraikiz hartu ezin diren murrizketa-orduak.

5. Aurreko apartatuetan ezarritako lanaldi banaketa ez zaie aplikatuko zerbitzuko beharrak direla-eta lanaldi berezia dutenei edo ordu konpentsazioren bat dutenei (lana txandaka egitea, gauez, etab.), ez eta ikastetxeei eta osasun zentroei atxikita daudenei ere, horiek berariazko lan egutegia izanen baitute.

Urteko lanorduen kopurua banatzeko oro har ezarritakoaz beste erregimen bat dagoen kasuetan, berariazko lan egutegi horrek, betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz, indarrean dagoen erregimenari eutsiko dio, bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako erregimenak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek hala aholkatzen dutenean, Mahai Orokorrean edo kasuan kasuko mahai sektorialean negoziatu ondoren.

6. Zerbitzuaren beharrak direla-eta hala komeni denean, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, horretan interesa duen departamentuak proposaturik, baimena ematen ahalko du zenbait kasu edo administrazio unitatetan foru agindu honetan ezarritako lan ordutegiaz bestelako bat izateko, Mahai Orokorrean edo kasuan kasuko mahai sektorialean negoziatu ondoren, eta, betiere, ezarritako urteko lanordu kopurua errespetatzen bada.

3. artikulua. Lanaldiko atsedenaldia.

Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez 30 minutuko atsedenaldia izanen dute. Lanaldia lau ordu eta erditik gorakoa eta sei ordutik beherakoa bada, aipatutako etenaldia hamabost minutura murriztuko da. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta, orokorrean, 10:00etatik 14:00etara hartzen ahalko da.

Langileak 16:00ak arte edo beranduago arte lanean jarraitzen badu, aurreko paragrafoko etenaldia 10:00etatik 15:00etara bitartean hartzen ahalko da.

Ordutegi malgua duten unitateetan, baldin eta egiten den atsedenaldia luzeagoa bada ezarrita dagoena baino, gehiegizko denbora langilearen saldo negatibora gehituko da; nolanahi ere, langile guztiek kasuan-kasuan ezarritako lanaldiaren derrigorrezko tarteari dagozkion benetako lanordu guztiak egin beharko dituzte.

4. artikulua. Norberaren arrazoiak direla-eta lanera ez joatea eta lantokitik ateratzea.

1. Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea bidezkoa izanen da arrazoia jasota badago Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamenduan (otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsia), bai eta langileak osasun laguntza behar duen egoeretan ere.

2. Baimen eta lizentziak ematen direnean, kasuan kasuko baimenaren edo lizentziaren xedea betetzeko behar-beharrezkoa den denbora eman beharko da. Denbora tarte horretan, honako hauek sartuko dira: lantokitik kontsultara edo baimenaren edo lizentziaren xedeko egintza egin behar den lekura joan eta etortzeko langileak behar duen denbora, bai eta, adinagatik edo mugikortasun arazoengatik ahaideren bati lagundu behar zaion kasuetan, hura etxetik edo antzeko batetik hartu eta bertara itzultzeko behar den denbora ere.

Langilea zuzenean joaten bada kontsultara edo baimena eragin duen gertaera egiten den lekura lanpostutik igaro gabe, baimenean arrazoizko denbora bat sartuko da bidaia hori egiteko, langileak medikuaren kontsultatik edo gertaera eragilea gertatu den lekutik lantokira itzultzeko erabiltzen duen denbora adinakoa. Era berean, baimena eragin duen gertaera bukatu ondoren edo kontsultaren ondoren langilea bere lanpostura itzultzen ez bada, baimenean arrazoizko denbora bat gehituko da, lanpostutik medikuaren kontsultara edo gertaera eragilea egiten den lekura joateko erabiltzen den denbora adinakoa.

Ordutegi malgua duten langileen kasuan, langileak bere lanpostutik igaro gabe zuzenean joaten denean edo baimena eragin duen gertaera bukatutakoan lanera itzultzen ez denean, baimen edo lizentzia ordaindu horiek emateagatik baimenduta zeukan absentzia-denbora osoa ez da zenbatuko hamar orduko poltsa positiboa sortzearen ondorioetarako.

3. Aurreko apartatuetan adierazitako kasuak alde batera utzita, langileak arrazoi partikularrengatik lanera huts egiten badu edo lantokitik atera nahi badu goian adierazitako arrazoi berariazkoak tartean izan gabe, norberaren aferetarako baimen ordainduko orduak erabili beharko ditu nahitaez, edo foru agindu honen 2. artikuluan ezarritako ordu-poltsakoak, eta halakoetan, lanera huts egiteak edo ateratzeak baimentzeko, lehentasuna emanen zaie lan bizitza eta familiako bizitza bateragarri egitearekin lotutako betebeharrak betetzeko kasuei.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko abenduaren 13an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2216908